Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2022ko otsailaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
817

130/2022 EBAZPENA, otsailaren 2koa, Bilbo-Basurtuko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bilbo-Basurtuko Erakunde Sanitario Integratuan Ospitale-barneko Kanpo-kontsultetako Gainbegirale lanpostu bat izendapen askez betetzeko deialdia egiten den.

Bilbo-Basurtuko ESIko Ospitale-barneko Kanpo-kontsultetako Gainbegiralea lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako oinarri hauen arabera

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea B1 lanbide-taldean.

b) B1 lanbide-taldeari dagokion titulazioa edukitzea.

c) Gutxienez 3 urteko lan-esperientzia edukitzea.

d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetzako Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.

2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.

– Osasun Kudeaketan esperientzia eta/edo prestakuntza izatea.

– Prozesuen araberako kudeaketa-eredu bidez taldeak antolatu eta kudeatzen esperientzia eta/edo prestakuntza izatea.

– Prestakuntza eta ezagutzak arlo hauetan: kudeaketa-tresnak, kalitate-ereduak, prozesuak, segurtasun klinikoa, etengabeko hobekuntza, ISO eta KAE.

– Ofimatikako ezagutzak: Word, Excel, Access, PowerPoint.

Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

3.– Euskararen ezagutza.

Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

4.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.

Interesdunek Osakidetzako Bilbo-Basurtuko ESIko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak (Montevideo etorbidea 18, 48013 Bilbo). Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran.

Interesdunek Bilbo-Basurtuko ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea (Montevideo etorbidea 18, 48013 Bilbo), beren datu pertsonal guztiak eta curriculum vitae dokumentatuarekin batera.

Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Baloratu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango.

6.– Hautaketa prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedura amaitzeko ebazpena.

Honen bidez hasitako prozedurari amaiera emango zaio (lanpostua esleitzea edo betetzeke uztea), Osakidetzako Bilbo-Basurtuko ESIko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta baita Osakidetzaren intranetean zein web-orri korporatiboan ere argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bilbo, 2022ko otsailaren 2a.

Bilbo-Basurtuko ESIko zuzendari-gerentea,

JESÚS MARÍA LARRAÑAGA GARITANO.


Azterketa dokumentala