Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

20. zk., 2022ko urtarrilaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
491

2/2022 DEKRETUA, urtarrilaren 28koa, lehendakariarena, zeinaren bidez luzatzen baita abenduaren 28ko 51/2021 Dekretuaren indarraldia, prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dituena, osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioaren esparruan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.

2021eko abenduaren 3ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (242. zenbakia) argitaratu zen lehendakariaren abenduaren 2ko 44/2021 Dekretua, COVID-19aren pandemiaren ondoriozko EAEko osasun-larrialdiko egoera deklaratzen duena, eta argitaratu zen egunetik beretik ditu ondorioak.

Osasun-larrialdiko egoera deklaratuta, eta COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, COVID-19aren pandemiaren kudeaketan laguntzeko, Labi-ren Aholku Batzorde berri bat eratu da ezohiko eran, hargatik eragotzi gabe Planaren zuzendaritzak beste batzuk izendatzea edo mantentzea legez ezarritako beste helburu batzuetarako.

COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluak arautzen du osasun-larrialdiko egoeraren adierazpena, eta bigarren puntuan, lehendakariari ahalmena ematen dio, osasun-larrialdiko egoerak irauten duen artean, bere gain hartzeko ekainaren 24ko 2/2021 Legean jasotako larrialdi-jardueren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa, bai eta COVID-19a hedatzearen ondoriozko osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean Labi-Euskadiko Babes Zibileko Planean aurreikusitako jarduerak ere.

Abenduaren 28ko 51/2021 Dekretuak prebentzio-neurri espezifikoak zehazten ditu, osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioaren esparruan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko (2021eko abenduaren 28ko EHAA, 259. zk); bada, dekretu horren azken xedapenetako lehenean xedatzen denez, dekretu horretan aurreikusitako neurriek 2022ko urtarrilaren 28a arte iraungo dute, eta etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaie, egoera epidemiologikoaren garapenera egokitzen direla bermatzeko, eta, horretarako, luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira.

Zirkulazio epidemikoaren intentsitateak eta horren ondoriozko ospitaleko oheen okupazio-indize kezkagarriak beharrezko egiten dute osasun publikoa zaindu eta kontrolatzeko prebentzio- eta euste-neurriak ezartzea eta egungo egoerara egokitzea, COVID-19ren pandemiaren aurrekoa kontuan hartuta, harik eta behin betiko amaitzen den arte, eta horregatik luzatzen dira dekretu horretan jasotako neurriak.

Neurriok, era berean, aldatzen dira, eta eranskineko 6. eta 7. puntuak ezabatzen, puntu horietan Eguberrietarako berariazko neurriak jasotzen baitziren, eta, noski, egun ez baitira eragingarriak.

Horregatik, 51/2021 Dekretuan ezarritako prebentzio-neurriak eguneratzen eta luzatzen dira, aipatutako eranskineko 6. eta 7. puntuak izan ezik, eta eranskin berri batean biltzen dira neurri guztiak.

Azaldutakoagatik, lehendakariaren abenduaren 28ko 51/2021 Dekretuaren azken xedapenetako lehenak ematen didan ahalmena erabiliz (dekretu horren bidez prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dira, osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioaren esparruan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko), hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Lehendakariaren abenduaren 28ko 51/2021 Dekretuan ezarritako neurriak luzatzen eta aldatzen dira.

1.– Lehendakariaren abenduaren 28ko 51/2021 Dekretuan barne hartutako neurrien indarraldia luzatzen da, 2022ko urtarrilaren 29tik 2022ko otsailaren 13ra (dekretu horren bidez prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dira, osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioaren esparruan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko). Neurri horiei etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaie, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko, eta, horretarako, luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira neurriok.

2.– Aurreko dekretuaren eranskinean barne hartutako neurriak aldatzen dira, eta dekretu honen eranskinekoek ordezkatuko dituzte.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den unetik aurrera jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan ezarritakoarekin.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko urtarrilaren 28an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

ERANSKINA
NEURRIAK

1.– 2022ko otsailaren 13ra arte, beranduenez 01:00ean itxiko dira merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak, bai eta ostalaritza- eta jatetxe-establezimendu eta antzekoak ere. Beren jarduerarako arauz ezarritakoaren arabera lehenago itxi behar diren establezimenduak eta tokiak dagokien araudian ezarritako orduan itxiko dira.

Lurralde historiko bakoitza baino eremu txikiagoko garraio publikoak 02:00etan abiatuko dira beranduenez.

2.– Oro har, 2022ko otsailaren 13ra arte, % 60ko edukiera-muga ezartzen da mota guztietako establezimendu eta barrualdeko esparruetan.

3.– Gainera, ekitaldien esparruan, aldi bererako honako edukiera-muga hauek ezartzen dira:

– Gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietarako esparruetan, gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barrualdean, eta 800 pertsona kanpoaldean.

– 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, gehienez 800 pertsona bildu ahal izango dira barrualdean, eta 1.200 pertsona kanpoaldean.

– 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko aforoa % 50ekoa izango da, hargatik eragotzi gabe estatu osorako ezarritako beste muga bat aplikatu behar izatea.

4.– Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan, diskoteketan eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduetan, debekatu egiten da zutik kontsumitzea, eta mahai bakoitzeko edo mahai-multzo bakoitzeko bezero-taldeak gehienez ere 10 lagunera mugatzen dira, bai barrualdean bai terrazetan. Era berean, mahaien edo mahai-multzoen arteko distantzia gutxienez 1,5 metrokoa izango da.

Ostalaritza-establezimenduei aplikatzen zaien araubide bera aplikatuko zaie txokoei, gazte-lokalei edo elkarte gastronomikoei.

5.– Aldi bererako, hau zehazten da: barrualdeko instalazioetako kirol-jarduera 10 pertsona arteko taldeetan egituratu beharko da; aldagelen erabilera % 50eko okupaziora mugatuko da, eta dutxak banaka erabiliko dira, edo pertsonen artean bi metroko distantzia gorde beharko da.


Azterketa dokumentala