Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2022ko urtarrilaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
318

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 17koa, Kulturako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaio Eibarko (Gipuzkoa) Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen BOJ eraikina babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, monumentu kategorian, espediente hori jendaurrean jarri eta interesdunen entzunaldia irekitzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Aipatutako eskumena baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Eibarko (Gipuzkoa) Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen BOJ eraikinaren ondare-interesa ikusita, eta EAEko Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea Eibarko (Gipuzkoa) Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen BOJ eraikina babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, aintzat hartuta ebazpen honen I. eranskinean ezarritako mugaketa, II. eranskinean jasotako deskribapena eta III. eranskinean jasotako babes-araubide partikularra.

Espediente horri hasiera emateak berekin ekarriko du Eibarko (Gipuzkoa) Matsaria kaleko 21 zenbakian dagoen BOJ eraikinari berehala eta behin-behinean aplikatzea babes-araubide partikularra, bai eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean babes ertaineko kultura-ondasunetarako aurreikusitako araubide erkide eta espezifikoa ere.

Bigarrena.– Jendaurrean jartzea, aldi baterako, Eibarko (Gipuzkoa) Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen BOJ eraikina babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko hasitako espedientea, oinarri hartuta I. eranskinean agertzen den mugaketa, aintzat hartuta II. eranskineko deskribapena, eta babes-araubide partikular gisa III. eranskinean agertzen dena ezarrita. Hartara, alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izango dira, 20 eguneko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea EAEko Euskal Kultura Ondarearen Zentroan egongo da ikusgai (Donostia-San Sebastián kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Eibarko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailari eta Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Sailari jakinaraztea prozedura hau hasteak eten egiten dituela eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, bai eta lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubide partikularrean ezarritakoaren arabera. Finkan ezinbestean obraren bat egin behar bada, eta obra geroraezina bada, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena beharko da nahitaez.

Laugarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea indarrean diren xedapenen arabera.

Bosgarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea Eibarko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailari eta Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Sailari, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari eta Santiago Olañeta Aramberri jaunari.

Seigarrena.– Ebazpen hau argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, herritar oro jakitun izan dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 17a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

Mugaketak eraikina bera baino ez du hartzen; izan ere, hiri-lurzoru batean dago, eta eraikitako ingurune bat du. Beraz, mugaketa-eremua eraikinaren perimetroak dituen mugek zedarritzen dute.

Eibarko Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen eraikinaren ingurumen balioak eta balio bisualak babestu beharrak justifikatzen du proposatutako mugaketa (egun, BOJ Olañeta, S.L.U. enpresaren jabetza da - BOJ eraikina). Mugaketa hori beharrezkoa da ondasuna behar bezala babestu, haren garrantzia nabarmendu, eta eraikinaren izaera propioa gorde ahal izateko. Horregatik, eta hiri-ingurunea denez, eraikinaren beraren mugaketa nahikoa dela jotzen da.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Eibarko Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen eraikina (egun, BOJ Olañeta, S.L.U. enpresaren jabetza da - BOJ eraikina) industria-eremu batean integratuta dagoen orube batean dago, Eibarko hiri-ehunaren iparraldean.

1937an eman zion hasiera bere jardunari, Eibarko Jardiñetas kaleko tailer batean. Ondoren, Matsaria kalera aldatu zen, eta, han hasi ziren etxeko tresna txikiak fabrikatzen; haietako batzuek ezarpen handia eta ospe aitortua lortu dute, hala nola kortxo-ateratzeko tresna ospetsua (palanka bikoitzeko kortxo-ateratzekoa, edo hontza izenez ezagunagoa) edo papergaineko-dortokak, besteak beste. Enpresak oinarri familiarra du, eta, egun, fundatzailearen bilobak zuzentzen du.

Raimundo Alberdi arkitektoak egin zuen BOJ eraikinaren proiektua, Eibarko Matsaria kalean. Francisco Errasti obra-kontratista arduratu zen eraikuntza egiteaz, eta 1940an amaitu zituen lanak.

Eraikinak oinplanta angeluzuzeneko orube bat hartzen du, baina gela nagusiek «L» forma dute. Fatxada nagusia Matsaria kalean dago. Patio-aldean, bolumen gehigarri bat du erantsita, biltegi moduan erabiltzen dena.

Eraikinak hormigoizko egitura eta itxiturak dauzka, eta estalki zuzena.

Itxura bolumetrikoari eta kanpoko itxurari dagokienez, eraikinaren fatxada nagusia «L» formako bolumen zuzen bat da, bi altuerakoa, forma angeluzuzen etzana duena. Beiradun leiho zabalak ditu, ardatz horizontalekoak eta dekorazio gutxikoak. Gorputz horrekin eta haren osaerarekin kontrastean, Matsaria kalean eraikina errematatzen duen bolumen kurbatu bertikala dago, altuera bat gehiago duena; altuera horretatik sartzen da estalkira. Gorputz bertikal horrek eraikineko sarrera hartzen du; gainera, nolabait monumentu-itxura ematen dio multzoari, eta, aldi berean, kaleko morfologiari egokitzen zaio. Leiho bertikal zabala du, eta han ikus daiteke eraikineko solairuak komunikatzen eta artikulatzen dituen eskailera helikoidala. Fatxada kurbatu horretan nabarmentzekoak dira, halaber, gainerako bao erregularretatik bereizten diren okuluak, fatxadan erritmoa sortzen dutenak. Bi gorputzen multzoa, Matsaria kalean, harrizko zokalo baten gainean altxatzen da. Halaber, jatorrizko burdinazko arotzeria kontserbatzen da, neurri handi batean, bulegoetan izan ezik, han aldatu baitziren aluminiozkoak jarrita.

Eraikin-multzoaren hegoaldean, eskaileraren gorputz bertikalari itsatsita, beste bolumen bat dago, jatorrizko proiektuan ez zegoena. Beheko solairuan, kamioientzako igarobide bat dago. Patioan, eraikin nagusiak beste eranskin bat du: hasiera batean, altuera bakarrekoa zen, baina, gero, handitu zen, beste solairu bat eta karga-jasogailu bat jarrita.

Barne-antolamendua programa funtzional bat da. «L» formako gorputz nagusiak tailerretarako beheko solairua dauka, eta bulegoetarako eta museorako goiko solairua. Patioko bi altuerako bolumena biltegi bat da, eta eskailera duen bolumenari atxikitako solairuartean, berriz, bulegoak daude. Eskailera helikoidalak eraikin-multzoaren solairuak komunikatu eta artikulatzen ditu.

Egun, eraikinak industria-erabilerari eusten dio, eta ondo kontserbatuta dago.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Babes-araubide partikular hau Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluan ezarritako beharrarekin justifikatzen da, eta helburu du Eibarko Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen BOJ eraikina (egun, BOJ Olañeta, S.L.U. enpresaren jabetza) monumentu-kategoriarekin babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko prozedurari hasiera ematea.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

Jarraian zehazten den den babes-araubide partikularra I. eta II. eranskinetan hurrenez hurren ezarritako mugaketa eta ezaugarriak kontuan izanda aplikatuko da.

3. artikulua.– Kultura-balioak.

1.– Eibarko Matsaria kaleko 21. zenbakian dagoen eraikinaren (aurrerantzean, BOJ eraikina) kultura-baliotzat hartzen dira, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, kultura-ondasunari izaera nabarmena ematen diotenak, eta ondorioz interesgarri bihurtzen dutenak, belaunaldiz belaunaldi hura aintzat hartu eta transmititzeko.

2.– Hauek dira monumentuaren kultura-balioak, ikuspegi historiko, antropologiko, teknologiko eta industrialetik:

– Eibarrek 1937ko apirilean jasan zuen bonbardaketaren ondoren eraikita, hiriaren industria-ekimenaren adibide erakusgarria da. Gainera, industria-enpresa familiarra da, eskala txikikoa, Eibarko tradiziozko industria-ereduaren prototipoa eta ikur nabarmena.

– Teknologia-arloan, tresna ugariren garapenean nabarmentzen da; izan ere, horietako batzuek oihartzun handia izan dute estatuan zein nazioartean, hala nola: palanka bikoitzeko kortxo-ateratzekoa, hontza izenez ezagunagoa.

3.– Hauek dira monumentuaren kultura-balioak, ingurumen- eta paisaia-arloko ikuspegitik:

– Eraikina kokalekua –Matsaria kaleko aldaparen hasieran– bikain egokitzen zaie kale horren morfologiari eta perfilari, bai eta orografiari ere.

4.– Hauek dira monumentuaren kultura-balioak, ikuspegi artistiko eta arkitektonikotik:

– Lerro arkitektoniko arrazionalisten eta funtzionalen estiloa, Art Decó ukituekin, izkinako bolumen kurbatu bertikalarekin konbinatua, zeinak berezitasuna eta nolabaiteko monumentu-itxura ematen baitio eraikinari.

– Bolumen soil eta haien artean konektatuen osaera, komunikazio-ardatz nagusitzat eskailera helikoidal eskultoriko bat duena.

– Konposizio-elementu arkitektonikoak, non lerro horizontalak nagusi diren, inolako edergarririk gabe. Horizontaltasun hori nabarmenagoa da bolumen angeluzuzeneko «L» formako gorputzean, osaera horizontalaren bidez, eta kontrastea egiten du izkinako gorputz kurbatuaren lerro bertikal nabarmenarekin eta okuluekin; kontrasteak, hartara, erritmoa ematen dio.fatxadari.

– Estalki lau ibilgarria mugimendu modernoaren arkitekturaren ohiko ezaugarria da.

– Bolumen angeluzuzen etzanaren funtzionaltasun neurritsua, kontrastea egiten duena izkinan eratutako beste gorputzarekin. Horrek keinu-indarra eta adierazkortasuna ematen du, eta multzoari mugimendua eta dinamikotasuna eransten dio.

4. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-erregimen partikular honetako preskripzioak lotesleak dira, eta araubide horren arabera kontserbatu beharko da higiezina. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnak lotzen dituzte; tresna horiek araubide honekin bat etorri beharko dute, eta babestutako kultura-ondasunaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko zehaztapenak jaso beharko dituzte, EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak xedatzen duenaren arabera. Aipatutako lege-manua betez, tresna horiek kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aldeko txostena izan beharko dute.

5. artikulua.– Arau orokorrak.

1.– Babes-araubide partikular honek babesten duen ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide partikular honen menpe dagoen ondasunaren jabeek, edukitzaileek eta eskubide errealen gainerako titularrek hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-betebeharrak bete beharko dituzte, ondasun horren osotasuna bermatzeko eta haren galera, suntsipena edo narriadura saihesteko.

3.– Babestutako kultura-ondasunaren titularrek behar den informazioa eta ondasunerako sarbidea eskuratuko diete agintari eskudunei edo ardura duten funtzionarioei, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea bete dezaten. Titular horiek, orobat, ondasuna aztertzeko aukera eman beharko diete Gipuzkoako Foru Aldundiak horretarako baimendutako ikertzaileei, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.2 artikuluan zehaztutako baldintzetan. Halaber, babestutako kultura-ondasunean bisita publikoak egiteko aukera eman beharko dute haren legezko jabeek edo edukitzaileek, aipatutako legearen 32.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

4.– Babestutako ondasuna osorik edo partez eraitsi ahal izateko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

II. KAPITULUA
ESKU-HARTZE ERREGIMENA
1. ATALA
ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBAZIOKO IRIZPIDE KOMUNAK

6. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide partikular honi lotutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek, oro har, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura-arloko organo eskudunaren baimena beharko dute. Era berean, lege horren 46. artikuluak ezartzen duenaren arabera, baimena nahitaezkoa izango da hirigintzako lizentziak eman aurretik.

7. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.

Babestutako ondasunaren gaineko esku-hartzeetan, haren ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta haren balioa nabarmentzeari begirako birgaitzea bermatuko dira, zientzia eta teknikaren bitarteko guztien bidez, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan, babes-araubide partikular honetan zehaztu ez den orori dagokionez.

8. artikulua.– Erabilera onartuak eta debekatuak.

1.– Monumentuaren babespeko edozein kultura-ondasuni ematen zaion erabilerak haren kontserbazioa eta balioa bermatu beharko ditu, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen V. eta VI. tituluetako zehaztapenak inoiz urratu gabe.

2.– Aurreko puntuaren ondoreetarako, honako hauek dira BOJ eraikinaren erabilera nagusiak: hirugarren sektorekoa eta industriala.

3.– Ez dira onargarritzat joko babestutako kultura-ondasunari kalteak eragiten dizkioten edo 3. artikuluan zehaztutako balio kulturalen baten aurka egiten duten erabilerak.

9. artikulua.– Sektoreko araudia eta irisgarritasunari buruzkoa aplikatzea.

1.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide partikular honetan ezarritako jarduera-mugekin, eta, betiere, babestutako ondasunaren kultura-balioei kalterik ez egiten saiatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Irisgarritasunari dagokionez, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16.g) eta 32.4 artikuluetan ezarritakoa betez, arrazoizko doikuntza eta proposamen batzuk egin ahalko dira mugikortasun murriztuko pertsonak modu autonomoan sar daitezen, baldin eta gauzatzen diren jarduerak bat badatoz ondasunaren kultura-balio babestuekin. Ildo horretatik, egun dagoen karga-jasogailuaz gain, eskailera-plataformak instalatzea proposatzen da, hain zuzen ere gorputz nagusiko bulegoen eta eskalera helikoidalari erantsitako bolumeneko bulegoen arteko desnibelak komunikatzeko; izan ere, egun, eskailera-tarte txiki batzuen bidez baino ez daude komunikatuta.

3.– Aurreko puntuan ezarritako esku-hartzea gauzatzen bada, proiektu tekniko baten bidez zehaztu eta justifikatu beharko da. Proiektu horrek jarduketa horren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa egiaztatuko du, bai eta ondasunaren kultura-balioei eutsiko zaiela ere. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio proiektuaren edukia zehaztea eta esku-hartzea baimentzea.

10. artikulua.– Esku hartzeko proiektua eta memoria.

1.– Babes-araubide partikular honi lotutako ondasunaren balioei eragiten dieten esku-hartzeek ondasunaren izaerari eta esku-hartzeari berari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunaren titularrak proiektu hori aurkeztu beharko dio Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailari, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 35.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Esku-hartzea bukatutakoan, hura egiaztatu eta erregistratze aldera, memoria bat aurkeztu beharko du ondasunaren titularrak, Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailean.

3.– Babestutako ondasuna zaharberritzeko egin beharreko lanak ondasunaren azterketa historiko-arkitektonikotik abiatu beharko dira. Proiektua eta esku-hartzearen memoria profesional eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte, zeinek egiaztatu beharko duten proiektua eta memoria berme osoz gauzatu ahal izateko behar den gaitasun teknikoa dutela, eta, esku-hartzearen izaerak hala eskatzen duenean, ondasunaren premiei egokitutako diziplinarteko talde batek ere parte hartuko du. Nolanahi ere, obrak ondasunaren balioak errespetatzera eta hobetzera mugatu behar dira.

2. ATALA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDE PARTIKULARRAK

11. artikulua.– Esku hartzeko irizpide partikularrak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 43.1 artikuluan ezarritakoa betetzeko, babes-araubide honi lotutako ondasunaren gainean egiten diren esku-hartzeek eraikuntza-sistema guztiak zaharberritzea izango dute helburu. Halaber, edozein erabilera-aldaketa onartuko da, betiere ondasunaren balio babestuei eragiten ez badie eta kontserbatzeko eta balioa emateko baldintza hobeak ekartzen baditu, babes-araubide partikular honen 8. artikuluan ezarritako baldintzetan.

12. artikulua.– Kultura-ondasun babestuan zaindu beharreko elementuak.

Kontuan izanda babes-araubide partikular honen 3. artikuluan deskribatutako kultura-balioak, jarraian aipatzen dira kultura-ondasun babestuan zaindu beharreko elementuak:

– Egungo bolumenaren konfigurazioa, haren solairu, fatxada eta estalki (estalki lau ibilgarria) guztiekin, eta honako hauek osatua: «L» formako eraikin nagusia; bolumen kurbatu bertikala, sarbide nagusia eta eskailera helikoidala hartzen dituena; patioaren inguruko instalazioen gorputz erantsia; bulegoak hartzen dituen eranskin gehigarriaren bolumena, eta patioa.

– Eraikuntza-multzoaren lerrokadurak, sestrak eta antolaketa kokalekuan.

– Fatxaden eta estalkien egungo osaera: bao-kopurua eta haien antolaketa, materialak, baliabide estetiko-konpositiboak, apaingarriak eta jatorrizko arotzeriak.

– Hormigoi armatuzko egituraren armazoia.

– Eraikinaren jatorrizko antolamendu espazial globala: sarbidea eta komunikazio bertikalaren ardatza, eskailera helikoidalaren bidez antolatua; tailerren antolamendu eta banaketa orokorra; bulegoak; museoa, eta biltegiak.

13. artikulua.– Kultura-ondasun babestua itsusitzen duten elementuak.

Honako hauek hartzen dira kultura-ondasunaren balio babestuen elemengu itsusgarritzat:

– Jatorrizkoak ez diren PVCzko eta aluminiozko arotzeriak.

– Matsaria kale aldera, fatxada nagusiari atxikitako instalazioak (jatorrizkoak ez diren kolektore eta zorrotenak, kableak, kutxak eta ageriko eroapenak).

– Estalkian, airea girotzeko instalazioak eta dorre elektrikoak.

14. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean esku hartzeko zehaztapen espezifikoak.

1.– Orokorrean, honako esku-hartze hauek galaraziko dira, babestutako higiezinaren kultura-balioei eta zaindu beharreko elementuei kalteak edo galerak ekar diezazkietenak, bai eta babes-araubide partikular honen edozein zehazpenen aurka doazenak ere. Bestalde, esku-hartzeak baimentzen dira, eraikinaren elementu tipologiko, formalak eta egiturazkoak errespetatzen direnean.

2.– Horretarako, ondoren, babestutako ondasunean eta zaindu beharreko elementuetan aplikatu beharreko esku hartzeko araubidearen zehaztapen espezifikoak aipatzen dira, babes-araubide partikular honen 12. artikuluan definitutakoak:

a) Ez dago baimenduta eraikinean bolumen- eta azalera-aldaketak egitea, aldaketa horiek berekin badakarte jatorrizko eraikinari eraikin gehiago eranstea edo eraikinaren oina luzatu edo zabaltzea. Estalkiaren jatorrizko antolamenduan ere ez da aldaketarik onartuko.

b) Fatxaden gaur egungo osaera eta materialak, fatxadak osatzen dituzten elementuak, apaingarriak eta fatxadako baoen kopurua mantendu behar dira, eta haien jatorrizko forma, tamaina eta proportzioei eutsi behar zaie. Fatxadetan egiten den edozein esku-hartzeren helburua fatxadak eta haien konposizio- eta apaindura-elementuak lehengoratu eta zaharberritzea izango da. Nolanahi ere, fatxadetan aldaketa partzialak egin daitezke, baldin eta osaera orokorra funtsean aldatzen ez badute eta balio artistiko bereziko elementuak errespetatzen badira.

c) Ezin da garbiketa-tratamendurik egin, eraikineko elementuen kanpoko testura edo akabatuen osaera atzera-bueltarik gabe aldatzen duenik.

d) Jatorrizko arotzeriako elementuak zaharberritu behar dira, hala fatxadako baoetan nola ateetan, eta arotzerien jatorrizko materiala berreskuratu behar da, baldin eta jatorrizkoa ez den beste material batera aldatu badira.

e) Kultura-ondasunaren egituraren antolamendu orokorrari eutsiko zaio, zeina hormigoi armatuzko armazoi batek osatzen baitu.

Hala behar izanez gero, baimena emango da berreskuratu ezin diren atalak puntualki ordezkatuz kontsolidatzeko, egitura-eskema edo elementu nagusien posizioa edo kotak aldatu gabe. Horri dagokionez, egoera txarrean dauden egiturazko elementuak berriekin ordezkatzea onartuko da, betiere jatorrizko materiala mantentzen bada, eta behar bezala justifikatutako kasu berezietan soilik baimenduko dira materialen aldaketa partzialak, itzulgarriak eta egituraren material generikoa errespetatzen dutenak.

f) Barne-banaketa orokorrei eutsi behar zaie, kokapenari, neurriei eta zirkulazio- eta interkonexio-eskemei dagokienez.

g) Barneko banaketan eta antolaketan eraberritze puntualak onartzen dira, erabilera berrien premiei erantzuteko, betiere eraikuntza-multzoaren egiturazko antolaketa orokorraren ezaugarriei, fatxadei eta horien bolumetriari eragiten ez bazaie.

h) Baimena ematen da garrantzi arkitektoniko edo kultural nabarmena duten barneko espazioak zaharberritzeko obrak egiteko, jatorrizko dekorazio-elementu arkitektonikoei eutsiz, eta baimena ematen da, orobat, aldatutako elementuak, zatiak edo materialak lehengoratzeko. Elementu arkitektoniko nabarmenen artean, eskailera helikoidala dago.

i) 13. artikuluan zehaztutako elementu itsusgarriak edo 3. artikuluan zehaztutako kultura-balioak eta 12. artikuluan definitutako kultura-ondasun babestutik zaindu beharreko elementuen balioak kaltetzen dituzten elementuak desagerrarazteko esku-hartzeak baimenduko dira. Halaber, hirigintzako legeria aplikagarriak eraikinen kontserbazio-betebeharrari buruz baimentzen dituen esku-hartzeak baimenduko dira.

j) Beharrezko diren instalazioak ahalik eta modu diskretuenean sartu beharko dira, eta erregistroak integratuta geratuko dira, 12. artikuluan zehaztutako zaindu beharreko elementuak ahalik eta gehien errespetatuz.

k) Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 50. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, debekatuta dago babestutako kultura-ondasunean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten elementuak instalatzea, monumentua ikustea eragotziz, zailduz edo desitxuratuz eta haren testuinguru-balioak hondatuz.


Azterketa dokumentala