Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2022ko urtarrilaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
314

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 7koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusi egiten baita Bilbaina de Alquitranes SA sozietateari emandako ingurumen-baimen integratua, produktu kimiko organikoak fabrikatzeko, Barakaldoko udal-mugartean (Bizkaia).

Honako hauek ikusirik: Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 30eko ebazpenaren bidez, Bilbaina de Alquitranes SAri Barakaldoko udalerrian (Bizkaia) produktu kimiko organikoak fabrikatzeko jarduerarako ingurumen-baimen integratua eman zitzaion.

Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko ekainaren 7ko ebazpenaren bidez aldatu eta eraginkor egin zen Bilbaina de Alquitranes SAri Barakaldoko udalerrian (Bizkaia) produktu kimiko organikoak fabrikatzeko jarduerarako eman zitzaion ingurumen-baimen integratua.

Ingurumeneko sailburuordearen 2019ko urtarrilaren 2ko Ebazpenaren bidez, ofizioz berrikusi zen erreferentziako ingurumen-baimen integratua, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako betebeharrak sartzeko.

2007ko urriaren 24an Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean.

2008ko abenduaren 23an, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretua, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen garapen partzialerako erregelamendua onartzen duena, argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean.

2016ko abenduaren 31n Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

2016ko ekainaren 9an, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2016ko maiatzaren 30eko 2016/902 Betearazpen Erabakia (EB), zeinaren bidez ezartzen baitira teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren esparruan (sektore kimikoko hondakin-urak eta -gasak tratatzeko eta kudeatzeko sistema komunetarako zuzentaraua).

2017ko abenduaren 7an, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2017ko azaroaren 21eko 2017/2117 (EB) Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren esparruan (ekoizpen-bolumen handiko industria kimiko organikoari buruzkoa).

2017ko urriaren 30ean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen APM/1040/2017 Agindua, urriaren 23koa, Ingurumen Erantzukizunaren urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jardueretan –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 1. eta 2. lehentasun-mailakotzat sailkatuetan– nahitaezko finantza-bermea eratzea noiztik eska daitekeen ezartzen duena eta aipatutako agindu horren eranskina aldatzen duena.

2020ko urtarrilaren 22an eta otsailaren 4an, hurrenez hurren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ziren 209/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, zeinaren bidez garatzen baita Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea, eta 2020ko urtarrilaren 23ko Agindua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez jarraibide tekniko bat onartzen baita, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzkoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotua.

2020ko urtarrilaren 27an, 4/2020 Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.

2020ko ekainaren 19an, Estatuko lurraldean hondakinen garraioa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean.

2020ko azaroaren 2an, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak aurretiazko kontsultak hasi zituen erakunde eskudunekin, eta, horren ondorioz, AAI00129_REV_2020_001 administrazio-espedientea ireki zen.

2021eko otsailaren 24an, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak, baimena berrikuste aldera, Bilbaina de Alquitranes SAri eskatu zion deskribatzeko instalazioak izandako funtzionamendua, ondorioetan deskribatutako teknika eskuragarri onenekin alderatuta, eta konparazioa igortzeko, bai eta zenbait ingurumen-alderdiren eguneraketa ere.

2021eko martxoaren 24an Bilbaina de Alquitranes SAk ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatutako dokumentazioa aurkeztu zuen.

Aurkeztutako agiriak aski zirela egiaztatu ondoren, 2021eko apirilaren 30ean, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko apirilaren 7ko Iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, zeinaren bidez jendaurrean jarri baitzen aipatutako espedientea.

Ez zen alegaziorik aurkeztu espedientea jendaurrean egon zen denboraldian.

Organismo eskudunei txostenak eskatu zitzaizkien 2021eko maiatzaren 12an eta ekainaren 28an: Barakaldoko Udala (Bizkaia), URA-Uraren Euskal Agentzia, Osasun Publikoaren Zuzendaritza eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa.

2021eko ekainaren 25ean Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren txostena jaso zen.

2021eko azaroaren 23an, Bilbaina de Alquitranes SAk aldaketa bat aurkeztu zuen, baina aldaketa hori ez zen funtsezkoa: zarata-kontrolen epea aldatu, eta bost urtekoa izatera igaro zen.

2021eko abenduaren 2an, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak aipatutako espedientea eta ebazpen-proposamena Bilbaina de Alquitranes SAren esku jarri zituen, entzunaldi-izapiderako.

2021eko abenduaren 3an, Bilbaina de Alquitranes SAk alegaziorik ez zuela egingo jakinarazi zuen.

Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

2090/2008 Errege Dekretuan jasotako eskakizunak ingurumen-baimen integratuan jasotzea egokitzat jo denez, ingurumeneko finantza-bermea eratzeari buruzko puntu bat gehitu behar da.

Ingurumen-baimen integratuan aipatutako 4/2015 Legean ezartzen diren eskakizunak jasotzea egokitzat jo denez, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 209/2019 Dekretuak eta 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduak araututako moduan, lurzorua babesteko baldintzak aldatu egin behar dira.

Bilbaina de Alquitranes SAri emandako ingurumen-baimen integratuan zehaztuta daude zaraten arloan bete beharreko muga-balioak eta horiek kontrolatzeko prozedura, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen 22. artikuluan xedatutakoa betez, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen baitu.

Horrez gain, ingurumen-baimen integratuak xedatzen duenez, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira araudi berria indarrean jartzean, betiere, esku hartzen duten sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea aholkatzen badu, edo sustatzaileak horrela eskatzen badu ingurumena zaintzeko programak lortutako emaitzak ikusita.

Hori gorabehera, organo honetan Bilbaina de Alquitranes SAri dagokion ingurumen-baimen integratuaren espedientean jasota dagoen dokumentazioan jardueran egindako hainbat neurketa daude, eta neurketok Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan finkatutako balioak betetzea egiaztatzen dute.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 7. artikuluan xedatuta kontuan hartuta (1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, onartu zuen), emisioen muga-balioak zehazteko, 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenean Bigarren C.3 apartatua aldatu behar da, hori guztia dagokion udal-agintaritzak bere garaian egiten duen zonakatzeak dakartzan ondorioak alde batera utzi gabe.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan (1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, onartu zuen) eta 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren Hirugarrena.G apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, egokia da ingurumen-baimena egokitzea, airearen kalitatea babesteari, lurzorua babesteari eta zaratarekin lotutako baldintzei buruzko apartatuen idazketa eguneratzeko, baita ontziak merkaturatzeari buruzko apartatu berri bat sartzeko ere.

Era berean, kontuan hartuta ingurumen-baimen integratua eman zenetik ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu dela, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren baldintzak, ofizioz, aipatutako Ebazpenaren Hirugarrena.G apartatuan ezarritakoari jarraikiz eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Orobat, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan xedatzen denez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen eraginpeko enpresek aukera dute jarduera aldi baterako eteteko, eta, beraz, berariazko apartatu bat erantsi behar da, etenaldiak dirauen bitartean ingurumen-baimen integratua betetzen dutela bermatzeko baldintzak ezartze aldera.

4/2020 Dekretuak, urtarrilaren 21ekoak, indargabetu egin zuenez irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzekoa, eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortu eta arautzekoa, ingurumen-baimen integratuko zenbait apartatu aldatu egin behar dira.

Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 15.9 artikuluarekin bat etorriz, berrikuspen-ebazpena testu bakar gisa txertatuko da ingurumen-baimen integratuan.

Ingurumen-organo honek ebazpen hau emateko eskumena du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoan) aurreikusitakoari jarraikiz.

Honako xedapen hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteari buruzkoa; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoaren ondorioetarako, ez-funtsezko aldaketatzat kalifikatzea Bilbaina de Alquitranes SA enpresaren espedientean jasotakoak. Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteari buruzko Lege Orokorrean (3/1998, otsailaren 27koan) ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedurari aplika dakiokeen araubide juridikoari dagokionez ezartzen dena eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legean (21/2013, abenduaren 9koan) ezartzen dena kontuan hartuta, ez da beharrezkoa hizpide ditugun aldaketen gaineko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura egitea.

Bigarrena.– Aldatzea eta berrikustea Barakaldoko (Bizkaia) Aita Olaetxea Apezpikua kaleko 49. zenbakian dagoen Bilbaina de Alquitranes SA sozietateari (IFK: A48435309; NIMA: 4800001521; eta erregistro-kodea: 16–I-01-000000000129) produktu kimiko organikoak fabrikatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua, baimenaren baldintzak egokitzeko Batzordearen 2016ko maiatzaren 30eko 2016/902 Betearazpen Erabakira (EB) (zeinaren bidez ezartzen baitira teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren esparruan, sektore kimikoko hondakin-urak eta -gasak tratatzeko eta kudeatzeko sistema komunetarako) eta Batzordearen 2017ko azaroaren 21eko 2017/2117 (EB) Betearazpen Erabakira (zeinaren bidez ezartzen baitira teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren esparruan, ekoizpen-bolumen handiko industria kimiko organikoari dagokionez).

Hirugarrena.– Ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak eta eskakizunak ezartzea produktu kimiko organikoak fabrikatzeko jarduera ustiatzeko eta eteteko; Bilbaina de Alquitranes SAk sustatzen du jarduera hori, Barakaldoko udal-mugartean (Bizkaia).

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murriztu badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteagatik gehiegizko kosturik sortu gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

e) Aplikatu beharreko araudi berria jartzen bada indarrean.

f) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

g) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

h) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

Bosgarrena.– Baimen hau iraungitzeko arrazoi izango da Bilbaina de Alquitranes SA sozietatearen nortasun juridikoa azkentzea, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

Seigarrena.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, produktu kimiko organikoak fabrikatzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Bilbaina de Alquitranes SAk ingurumen-organoari, azken horrek onar dezan.

Zazpigarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zehapenak ezartzea ekar dezake.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Bilbaina de Alquitranes SAri, Barakaldoko Udalari (Bizkaia), ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 7a.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.

ERANSKINA, BILBAINA DE ALQUITRANES SA-K BARAKALDOKO UDAL-MUGARTEAN (BIZKAIA) SUSTATUTAKO PRODUKTU KIMIKO ORGANIKOAK FABRIKATZEKO JARDUERARAKO BALDINTZEI BURUZKOA

Bilbaina de Alquitranes SAk honako baldintza eta eskakizun hauek bete beharko ditu jarduera ustiatzeko eta eteteko:

A) Jardueraren deskribapena.

Bilbaina de Alquitranes SAk Barakaldoko udal-mugarteko (Bizkaia) Aita Olaetxea Apezpikua kaleko 49. zenbakian du egoitza soziala.

Produktu kimiko organikoak fabrikatzeko jarduera abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenaren) 1. eranskineko 4.1.a) kategorian dago jasota: «Produktu kimiko organikoak fabrikatzeko instalazio kimikoak, bereziki honako hauek fabrikatzen dituztenak: Hidrokarburo sinpleak (linealak edo ziklikoak, aseak edo asegabeak, alifatikoak edo aromatikoak).

Instalazioan egiten den jarduera mundrunaren destilazio zatikatua da. Horretarako, destilazio jarraituko unitate bat eta destilazio eteneko beste unitate bat daude (horien ekoizpen-ahalmena 110.000 t/urte ingurukoa da), bai eta Ansioko kaian dagoen lehengaia deskargatzeko instalazioa ere.

Hasiera batean, itsasotik (% 90 inguru) edo lehorretik (% 10 inguru) jasotako mundruna deshidratatu egiten da, eta ondoren destilazio jarraituko edo eteneko unitatera bidaltzen da.

Destilazio-prozesua prozesu fisiko bat da; eta horren bidez, mundrunean (lehengaia) dauden produktuen osagaiak edo frakzioak bereizi egiten dira tenperatura ezberdinak ezarriz.

Bilbaina de Alquitranes SA enpresaren prozesuen ondorioz, produktu batzuk lortzen dira:

– Break, batez ere aluminioaren eta grafitoaren industriarako.

– Mundrun bereziak; iragazgaiztekoak, erregogorrak, pinturak, estaldurak eta abarrak lortzeko.

– Olioak (naftaleno-olioa, kriseno-olioa, olio arina, olio fenolikoa, olio astuna, olio jarraitua, etab.), batez ere kearen beltza eta beste deribatu batzuk fabrikatzeko.

– Zuraren tratamenduan biozida gisa erabilitako kreosotak.

– Naftalenoa; anhidrido ftalikoa (erretxinen sektorea), naftaleno sulfonatua (eraikuntzaren sektorea), koloragarriak, agente zurratzaileak eta abarrak fabrikatzeko.

Destilazio-prozesutik likido-forman ateratzen dira produktu edo frakzio guztiak, baina brea eta naftalina –azken hori naftaleno-oliotik lortua–, produktu solido bihurtzen dira horretarako unitateetan:

– Brea-solidogailua.

– Naftalina-solidogailua.

Honako prozesu industrial hauek gertatzen dira instalazioan aurretik adierazitako produktuak lortzeko:

– Destilazio jarraitua.

– Destilazio etena.

– Brea solidotzea.

– Produktuak nahasteko eragiketa.

– Naftalina kristalizatzea eta solidotzea.

– Kreosota kristalizatzea.

Bi lurrun-galdarak eta gas naturalez elikatutako olio termikoko bi galdarak ematen dute biltegiratutako produktuak egoera likidoan mantentzeko behar den beroa eta destilazio-prozesu industrialetarako behar den energia (gutxi gorabeherako batez besteko kontsumoa: 95.000.000 kWh/urte). Hala ere, honako hauek ere erabiltzen dira energia-iturri gisa: energia elektrikoa (gutxi gorabeherako batez besteko kontsumoa, 6.200.000 kWh/urte), eta gasolioa barne-garraioko ibilgailuetarako (gutxi gorabeherako batez besteko kontsumoa, 9.500 l/urte).

Produkzio-prozesuan eta prozesu osagarrietan (hozte-sistemak, garbiketa, osasun-zerbitzuak, etab.) erabilitako ur guztia udal-saretik dator (gutxi gorabeherako batez besteko kontsumoa, 75.000 m3/urte).

Emisio atmosferikoei dagokienez, Bilbaina de Alquitranes SA enpresaren gune nagusiak gas naturaleko zenbait erregailurekin lotuta daudela nabarmendu behar da (lurrun-galdaretan, olio termikoko galdaretan, brearen tratamendu termikoko ekipoan eta destilategiko labeetan), eta, beraz, atmosferara isurtzen diren kutsatzaile nagusiak gas naturalaren errekuntza-gasetatik datoz. Gainera, 2007an, lerro amaierako tratamendu-gune bakarra ezarri zen, eta bertara konektatu ziren produktu likidoen biltegiratze-, prozesu- eta karga-tangen haizatzeak; tratamendu-foku horrek oxidatzaile termiko bat dauka Teknologia Erabilgarri Onena gisa, Karbono Organikoaren Guztizkoaren (KOG) emisioen mugak minimizatu eta betetzeko.

Bilbaina de Alquitranes SAk sortutako emisioei dagokienez, nabarmendu behar da hondakin-uren zenbait fluxu daudela, eta horiek, tratatu ondoren, kolektorera isurtzen direla. Industriako hondakin-urak tratamendu-instalazio batera bidaltzen dira, eta bertan olioak eta koipeak, zianuroak, sulfuroak, amoniakoa eta fenolak deuseztatzen dituzte. Halaber, 2006an abian jarritako euri-uren araztegian tratatzen dira euri-ur guztiak eta hozte-zirkuituen purgaketak; araztegi horretan solido esekiak, olioak eta koipeak deuseztatzen dira. Azkenik, ur sanitarioak bide independente batez daude konektatuta saneamendu-sistemara.

Gehien sortutako hondakin arriskutsuak solido kutsatuak eta hidrokarburoak dituzten harea xurgatzaileak dira. Sortutako hondakin ez-arriskutsuen artean, berriz, zura, papera, inprimatzeko tonerra, tintak eta abarrak daude; instalazioaren zerbitzu orokorretatik datoz guztiak.

Ekoizpen-prozesuek teknika erabilgarri onenak dituzte, Batzordearen 2017ko azaroaren 21eko 2017/2117 (EB) Betearazpen Erabakian jasotakoak (zeinaren bidez ezartzen baitira ekoizpen-bolumen handiko industria kimiko organikorako teknologia erabilgarri onenei buruzko ondorioak). Badituzte, orobat, Batzordearen 2016ko maiatzaren 30eko 2016/902 (EB) Betearazpen Erabakian jasotakoak (zeinaren bidez ezartzen baitira teknologia erabilgarri onenei buruzko ondorioak, sektore kimikoko hondakin-urak eta -gasak tratatzeko eta kudeatzeko sistema komunetarako). Hori horrela, betetzen dira, oro har, ingurumena zaintzeko helburuak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko indarreko araudian xedatutakoarekin bat.

Instalazioak baditu bi erabaki horiek betetzeko behar diren bitarteko tekniko eta antolaketako bitarteko egokiak. Bi erabaki horietatik, ondorio hauek dira aplikagarriak:

Ekoizpen-bolumen handiko industria kimiko organikorako teknika erabilgarri onenak (TEO) (2017/2117 (EB) Betearazpen Erabakia): TEO 1, TEO 2, TEO 3, TEO 4, TEO 5, TEO 6, TEO 8, TEO 9, TEO 10, TEO 13, TEO 14, TEO 17, TEO 18 eta TEO 19.

Sektore kimikoko hondakin-ur eta -gasen tratamendurako eta kudeaketarako sistema komunetarako teknika erabilgarri onenak (TEO) (2016/902 (EB) Betearazpen Erabakia): TEO 1, TEO 2, TEO 3, TEO 4, TEO 5, TEO 6, TEO 7, TEO 8, TEO 9, TEO 10, TEO 11, TEO 12, TEO 13, TEO 15, TEO 16, TEO 19, TEO 20, TEO 21, TEO 22, TEO 23.

B) Ingurumeneko finantza-bermea.

Bilbaina de Alquitranes SAk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua onartzen duena), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 24. artikuluaren arabera. Obligazioa izanez gero, 1. eta 2. lehentasun-mailako operadoreek, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera, finantza-bermea izan beharko dute. Bestalde, 3. lehentasun-mailako operadoreek, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera, finantza-bermea eduki beharko dute urriaren 10eko TEC/1023/2019 Aginduaren 2. artikuluan ezarritako epeetan. Hala badagokio, finantza-bermea eratu ondoren, eta betiere adierazitako data baino lehen, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta hark IV.2 eranskinean jasotako informazioa jaso beharko du gutxienez. Erantzukizunpeko adierazpen hori Eusko Jaurlaritzak emandako prozedura telematikoaren bidez bakarrik aurkeztu behar da.

– Ingurumen-erantzukizuna.

Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik egon gabe ere, Ingurumen-arloko erantzukizunari buruzko Legean adierazten den bezala.

– Ingurumenaren finantza-bermea kontrolatzea (ingurumena zaintzeko programari dagokio).

Operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan, eta, aldiro, jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera.

Urteko ingurumena zaintzeko planarekin batera finantza-bermea eratu beharra izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-bermearen motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ingurumen-arriskuen analisiaren eguneraketak ere aurkeztu beharko dira.

C) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean ingurumen-organo honi eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Bilbaina de Alquitranes SAk aldaketa horien berri emango dio organoari.

D) Sustatzaileak ingurumen-organo honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean den araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz:

D.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

D.1.1.– Baldintza orokorrak.

Bilbaina de Alquitranes SAren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira emisio atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar aireratzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Emisio ez-konfinatuek ez dute arau orokor hori bete beharrik izango, horiek biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez bada, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen bada.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisiorik ez egiteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Instalazioaren titularrek abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak (Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituena) 5. artikuluan jasotako eskakizunak bete beharko dituzte.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta guneen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek gune berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

D.1.2.– Guneak identifikatzea. Katalogazioa.

Bilbaina de Alquitranes SA enpresaren jarduera produktu kimiko organikoak fabrikatzea da, eta airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoan jasota dago. Instalazio horren jarduera urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskineko 04 05 22 05 kodeari dagokio. Errege-dekretu horren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu zen, eta oinarrizko xedapenak ezarri ziren:

(Ikus .PDF)

FE03 «Oxidatzaile termikoa» emisio-guneak bypass sistema bat du segurtasun-elementu gisa. Bypass hori urtean bi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatuko balitz, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala izanik, edo, maiztasuna edozein dela ere, instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, emisio-gune gisa araupetzeko eskatu beharko da.

Gune ez-sistematiko horietako bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago iraungo balu, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupena orokorrean hartuta instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada, emisio-gune sistematiko gisa araupetu beharko da.

Urte jakin batean gune sistematiko batek gune ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da gune horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

Honako hauek errekuntza-instalazio ertainak dira (EIE), abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretuak arautuak: Destilategi jarraituko labeko gas naturaleko erregailua (1. gunea), destilategi eteneko labeko gas naturaleko erregailua (2. gunea), Sugimat labeko olio termikoko galdarako gas naturaleko erregailua (7. gunea), 1. lurrun-galdarako gas naturaleko erregailua (8. gunea) eta 2. lurrun-galdarako gas naturaleko erregailua (9. gunea). Ekipamendu horiek EAEko Errekuntza Instalazio Ertainen Erregistroan inskribatzeko eskabidea egin beharko dute 2023ko abenduaren 31 baino lehen. Ezin izango da abian jarri EIEen erregistro horretan aurrez inskribatu eta baimendu gabeko EIE berririk.

D.1.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ez dira gaindituko emisioen muga-balio hauek:

3. gunea:

(Ikus .PDF)

Isurtzeko muga-balioak baldintza hauei buruzkoak dira: 273.ºK-ko tenperatura eta 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

CO eta NOx-aren kasuan, emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da.

KOHen kasuan (KOG gisa neurtuta), emisioen muga-balioak betetzen direla ulertuko da honako kasu hauetan:

a) Eguneko batez besteko balio batek ere ez baditu emisioen muga-balioak gainditzen, eta,

b) Urtean erregistratutako batez besteko orduko balioen ehuneko 95ak ez du gainditzen emisioen muga-balioa.

Gehieneko emisio-balioetan zehaztutako 100eko 95eko konfiantza-tartearen balioak ez ditu emisioen muga-balioaren honako ehuneko hauek gaindituko: karbono organiko totala, 100eko 30.

Balidatutako batez besteko ordu-balioak jardun-egoeran zehaztuko dira, baliozko orduko batez besteko balioak oinarri hartuta, eta aurretik zehaztutako konfiantza-tartearen balioa kendu ondoren.

Baliozkotutako eguneko batez besteko balioa baliozkotutako orduko batez besteko balioetan oinarrituta kalkulatuko da.

Erregistro-denbora ez-baliozkotzat jotzen dira neurketa-ekipoen mantentze-lanak, matxurak edo funtzionamendu okerra.

Ikusten bada emisioen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren zuzenketa-neurriak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, zuzenketa-neurrien eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

1., 2., 4., 5., 6., 7., 8. eta 9. gunea.

(Ikus .PDF)

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da.

Ikusten bada emisioen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren zuzenketa-neurriak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, zuzenketa-neurrien eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

1., 2., 7., 8. eta 9. guneen emisioek, Errekuntza Instalazio Ertainenak (EIE) direnez, bat etorri beharko dute abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretuaren 6.3 artikuluan ezarritako emisioen muga-balioekin, artikulu horretan ezarritako epeetan.

D.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Guneetako hondar-gasak husteko tximiniak D.1.2. apartatuan ezarritako kotara baino garaiago batera helduko dira. Tximiniek atmosferaren industria-jatorriko kutsadura prebenitzeari eta zuzentzeari buruzko Industria Ministerioaren 1976ko urriaren 18ko Aginduan ezarritako baldintzak betetzeko behar diren bitartekoak izango dituzte, eta, besteak beste, sarbide seguruak eta errazak jarriko dituzte laginak hartzeko puntuetara iristeko.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusten diren zuloen kokapen eta ezaugarriei dagokienez, egokitu behar dira laginak hartzeko gunetik fluxuaren noranzkoaren eta kontrako noranzkoaren arabera (L1 eta L2 parametroak) neurketa-gunea baino lehenago dagoen fluxu gaseosoko edozein perturbaziora arteko distantziak, 1976ko urriaren 18ko Aginduaren III. eranskinean ezarritakoaren arabera. L1 = 8D eta L2 = 2D distantziak betetzen ez dituzten guneetarako, inoiz ez dira L1 < 2D eta L2 < 0,5D balioak onartuko. Kasu horietan, neurketen txostenean laginketa-gunearen baliozkotasuna justifikatzea eskatuko da.

Halaber, neurketa eta irakurketa ofizialak aldez aurretik abisatu gabe egiteko beharrezko gutxienekoak izango dituzte (elektrizitatea eta beste batzuk).

Ekoizpen-instalazioen barruan lehengaiak eta produktuak kargatzeko eta deskargatzeko prozesuetan gasen eta lurrunen emisio lausoak minimizatzeko, karga-beso itxien sistemak daude, eta horiek gasak eta lurrunak oxidatzaile termikora bideratzen dituzte produktu guztien karga-puntuetan.

D.1.5.– Usainei buruzko baldintzak.

Instalazioaren titularrak usainek eragindako eragozpenak minimizatu beharko ditu. Hala badagokio, eskumena duen organoak egoki iritzitako prozesuen emisioak hartzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari.

D.2.– Saneamendu-sarera isuria egiteko baldintzak.

D.2.1.– Isurketen jatorria eta kokapena.

(Ikus .PDF)

D.2.2.– Isurketa-bolumenak.

Isurketa-bolumenak honako hauek dira:

– Industria-urak.

(Ikus .PDF)

– Erabilera sanitarioko urak.

(Ikus .PDF)

– Hozte-dorreen eta galdaren purgaketak, eta garbiketak.

(Ikus .PDF)

– Euri-urak.

(Ikus .PDF)

D.2.3.– Emisioen muga-balioak.

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketen muga-balioak lortzeko.

D.2.4.– Arazketa- eta hustuketa-instalazioak.

Hondakin-urak arazteko instalazioak edo neurri zuzentzaileak enpresa eskatzaileak aurkeztu dituen eta espedientean jasota dauden agirietara egokitzen dira. Funtsean, honako jarduketa hauek dira:

– Prozesuko hondakin-urak tratatzeko instalazioa ezartzea. Honako etapa hauek izango ditu: amoniakoa murriztea (stripping dorrean edo oxidazio kimiko bidez egindako aukerako prozesua), olioak eta koipeak deuseztatzea, zianuroak, sulfuroak eta amoniakoa deuseztatzea (oxidazio kimiko bidez egindako aukerako prozesua), fenolak deuseztatzea, lohiak dekantatzea eta neutralizatzea.

– Euri-urak eta hozte-dorreen eta galdaren purgaketak tratatzeko instalazioa ezartzea: jariatze-urak biltzeko edukiera nahikoa duen biltegia; solido esekiak deuseztatzeko dekantagailua; olioak eta koipeak deuseztatzeko flotazio-upela; ponpatzeko-sistema, ezarritako mugak bete ezean urak biltegiratzeko eta prozesuko uren instalazioan tratatzeko.

Instalazioak erraz sartzeko moduko kontrol-estazio bat du, laginak hartu ahal izateko.

D.3.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira, euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, lehentasunez instalazio haietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan deuseztatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatu egingo dira, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda deuseztatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –ebazpen honetan daude jasota–, orientagarriak dira soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko-likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita 2008/98/EE Zuzentarauaren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarenaren, III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu edo galdu egingo balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa ingurumen-organo honetan eta Barakaldoko Udalean (Bizkaia).

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 553/2020 Errege Dekretua, ekainaren 2koa, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, hondakinen lekualdaketak direla-eta, 1013/2006 Erregelamenduan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarenean, 2006ko ekainaren 14koan, ezarrita dagoena bete beharko da.

Eraikuntza- eta eraiste-hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraiste-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Errege Dekretuan aurreikusitakoa bete beharko da.

D.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Honako hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

1. prozesua: Hondakin-uren tratamendua.

1. hondakina: «Araztegiko opilak».

Identifikazioa: A48435309/48994/1/1.

Hondakinaren kodea: Q8//R13//P30//C51//HP5//A551//B0019.

EHZ: 190813.

Urtebetean sortutako kantitatea: 200 kg.

Prozesuko uren araztegitik dator. Kanpoko eremu estali batean biltegiratzen dira kudeatzaile baimendu bati eman arte.

2. prozesua: Zerbitzu Orokorrak.

1. hondakina: «Erabilitako olioak».

Identifikazioa: A48435309/48994/2/1.

Hondakinaren kodea: Q7//R13//L8//C51//HP5/6//A551//B0019.

EHZ: 130208.

Urtebetean sortutako kantitatea: 75 kg.

Ekipamenduen mantentze-lanekin lotutako jardueretan sortzen dira eta kanpoko eremu estali batean biltegiratzen dira, kudeatzaile baimenduari eman arte.

2. hondakina: «Disolbatzaile agortuak».

Identifikazioa: A48435309/48994/2/2.

Hondakinaren kodea: Q7//R13//L5//C41//HP3/4/5/14//B0005.

EHZ: 140603.

Urtebetean sortutako kantitatea: 275 kg.

Makineria garbitzearekin lotutako jardueretan sortzen dira. Disolbatzailea agortutakoan, kudeatzaile baimendu baten bidez kudeatzen da, eta beste batekin ordezten da.

3. hondakina: «Substantzia arriskutsuen hondarrak dauzkaten metalezko ontziak».

Identifikazioa: A48435309/48994/2/3.

Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C51//HP5/14//A551//B0019.

Q5//R13//S36//C51//HP7/14//A551//B0019.

EHZ: 150110.

Urtebetean sortutako kantitatea: 1.000 kg.

Laginen lata hutsak dira; ontzi erabiliak biltzeko azpiprozesuan sortzen diren substantzia arriskutsuak biltegiratzeko erabiltzen dira lata horiek. Kanpoko eremu estali batean biltegiratzen dira aldi baterako, kudeatzaile baimenduari eman arte.

4. hondakina: «Kutsatutako plastikozko ontzi hutsak».

Identifikazioa: A48435309/48994/2/4.

Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C51//HP5/14/A551//B0019.

Q5//R13//S36//C51//HP7/14//A551//B0019.

EHZ: 150110.

Urtebetean sortutako kantitatea: 2.000 kg.

Laborategiko erreaktiboak, galdara, hozte-dorre eta abarretarako gehigarriak eduki dituzten ontziak dira; ontzi erabiliak biltzeko azpiprozesuan sortzen dira horiek. Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkio, kanpoko eremu estali batean aldi baterako biltegiratu ondoren.

5. hondakina: «Solido kutsatuak».

Identifikazioa: A48435309/48994/2/5.

Hondakinaren kodea: Q5//R12/13//S36//C51//HP5/14//A551//B0019.

Q5//R12/13//S36//C51//HP7/14//A551//B0019.

EHZ: 150202.

Urtebetean sortutako kantitatea: 0-50 t (1).

Batez ere, hondakin hauek dira: babes-arropa eta -eskularruak, bustitako paperak eta trapuak edo kristalezko ontziak, eta solido kutsatuak biltzeko azpiprozesuan sortzen dira. Mantentze-lan orokorren azpiprozesuan ere sortzen dira, aparteko garbiketen eta jardueren ondorioz; kantitatea aldakorra izango da, mota horretako lanen arabera. Kanpoko eremu estali batean biltegiratzen dira, kudeatzaile baimendu bati eman arte.

6. hondakina: «Hidrokarburoak dituzten harea xurgatzaileak».

Identifikazioa: A48435309/48994/2/6.

Hondakinaren kodea: Q8//R12/13//S9//C51//HP5/14//A551//B0019.

Q8//R12/13//S9//C51//HP7/14//A551//B0019.

EHZ: 150202.

Urtebetean sortutako kantitatea: 2.500 kg.

Zerbitzu orokorrekin lotutako jardueretan sortzen dira. Kanpoko eremu estali batean biltegiratzen dira, kudeatzaile baimendu bati eman arte.

7. hondakina: «Berunezko bateriak».

Identifikazioa: A48435309/48994/2/7.

Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C18/23//HP8//A551//B0019.

EHZ: 160601

Urtebetean sortutako kantitatea: 100 kg, 5 urtean behin.

Mantentze-lanen azpiprozesuan sortzen dira, makineriaren mantentze-lanetan. Kanpoko eremu estali batean biltegiratzen dira, kudeatzaile baimendu bati eman arte.

8. hondakina: «Lohi hidrokarburatuak».

Identifikazioa: A48435309/48994/2/8.

Hondakinaren kodea: Q8//R12/13//P9//C51//HP5/14//A551//B0019.

Q8//R12/13//P9//C51//HP7/14//A551//B0019.

EHZ: 160708.

Urtebetean sortutako kantitatea: 0-700 t (1).

Mantentze-lan orokorren azpiprozesuan sortzen dira, aparteko garbiketen eta jardueren ondorioz, hala nola biltegietako hondoak garbitzearen ondorioz. Instalazioen mantentze- eta garbiketa-lan orokorraren ondorioz ere sortzen dira. Sortutako kantitatearen arabera, zuzenean kudeatzaile baimenduari bidaltzen zaizkio instalazioetan biltegiratu gabe, edo kanpoan eta estalpean biltegiratzen dira kudeatzaile baimenduari eman arte.

9. hondakina: «Hodi fluoreszenteak».

Identifikazioa: A48435309/48994/2/9.

Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//HP6/14//A551//B0019.

EHZ: 200121.

Urtebetean sortutako kantitatea: 100 kg.

Mantentze-lan orokorretako azpiprozesuan sortzen dira, instalazioen mantentze-lanetan. Kanpoko eremu estali batean biltegiratzen dira, kudeatzaile baimendu bati eman arte.

10. hondakina: «Pilak eta bateriak».

Identifikazioa: A48435309/48994/2/10.

Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C5/11//HP14//A551//B0019.

EHZ: 200133.

Urtean sortutako kantitatea: unean uneko hondakina.

Mantentze-lan orokorretako azpiprozesuan sortzen dira, instalazioak garbitzeko lanetan. Kanpoko eremu estali batean biltegiratzen dira, kudeatzaile baimendu bati eman arte.

11. hondakina: «Ekipamendu elektrikoak eta elektronikoak».

Identifikazioa: A48435309/48994/2/11.

Hondakinaren kodea: Q14//R4//S40//C6/18//HP6/14//A551//B0019.

EHZ: 160213.

Urtean sortutako kantitatea: unean uneko hondakina.

Mantentze-lan orokorren azpiprozesuan sortzen dira, lan-ekipamenduak birjartzeko lanetan. Estalkipean biltegiratzen dira kudeatzaile baimendu bati eman arte.

12. hondakina: «Zuntz-zementua».

Identifikazioa: A48435309/48994/2/12.

Hondakinaren kodea: Q7//D13//S40//C25//HP7//A551//B0019.

EHZ: 170605.

Urtean sortutako kantitatea: unean uneko hondakina.

Mantentze-lan orokorren azpiprozesuan sor litezke, eraikin zaharren estalki batzuk hondatzearen ondorioz (eguraldi txarraren ondorioz haustea, etab.).

13. hondakina: «Baztertutako produktu kimiko inorganikoak».

Identifikazioa: A48435309/48994/2/13.

Hondakinaren kodea: Q3/R13/L40/C23/C24/HP4/HP8/HP13/A551/B00019.

EHZ: 160507*.

Urtean sortutako kantitatea: unean uneko hondakina.

Laborategiko mantentze-lan orokorren azpiprozesuan sor daitezke (laborategiko analisi-produktu iraungiak).

14. hondakina: «Baztertutako produktu kimiko organikoak».

Identifikazioa: A48435309/48994/2/14.

Hondakinaren kodea: Q3/R13/L20/C23/C24/HP5/A551/B00019.

EHZ: 160508*.

Urtean sortutako kantitatea: unean uneko hondakina.

Laborategiko mantentze-lan orokorren azpiprozesuan sor daitezke (laborategiko analisi-produktu iraungiak).

(1) Urtean sortutako kantitateak aldaketa handiak izan ditzake biltegiak eta instalazioak garbitzeko beharren eta aparteko jardueren arabera.

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020rako Ingurumeneko IV. Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo deuseztatze-kodeak balorizatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketarik gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiagoz biltegiratu. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko direla bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzea. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Organoari bidaliko zaio hondakina lehenengoz atera aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Bilbaina de Alquitranes SAk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraiobideak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Bilbaina de Alquitranes SAk industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan (gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzkoa) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak; besteak beste, lanpara fluoreszenteenak. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan (pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa) xedatutakoa bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Bilbaina de Alquitranes SAk PCB eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen Errege Dekretuaren (abuztuaren 27ko 1378/1999) baldintzak eta Errege Dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretukoak.

k) Bilbaina de Alquitranes SAk Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009/EE Erregelamenduak –ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzkoak– adierazten dituen substantziak baditu, berreskuratu egingo dira, alderdiek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Bilbaina de Alquitranes SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

m) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, Bilbaina de Alquitranes SAk laburpen-memoria bat aurkeztu beharko dio urtero ingurumen-organoari, honako hauek adierazita: ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta adierazpenaren xede den ekitaldiaren amaieran zeintzuk dauden aldi baterako biltegiratuta. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

n) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Organoari, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

o) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea baita, Bilbaina de Alquitranes SAk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio ingurumen-organo honi, lau urtetik behin gutxienez, 22/2011 Legeak, uztailaren 28koak, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoak, 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legea garatzen duen araudiak ez badu Bilbaina de Alquitranes SA hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

p) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Bilbaina de Alquitranes SA, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

q) Amiantoa duten hondakinak atzemanez gero, Bilbaina de Alquitranes SAk 108/1991 Errege Dekretuaren (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan) 3. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

Instalazioan sortutako hondakin arriskutsuak egoki kudeatzen direla kontrolatzea.

r) «D.3.1.– Hondakin arriskutsuak» apartatu honetan adierazitako agiriak ingurumen-organoari bidaliko zaizkio, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

– Baimendutako kudeatzaileak onartzeko agiri bidezko konpromisoa (kudeatzaileak EAEn daudenean).

– Identifikazio-dokumentua (kudeatzaileak EAEn daudenean).

– Hondakinen urteko aitorpena.

– Laburpen-memoria.

– Artxibo kronologikoa.

s) Jarduera kontrolatzeko sortutako dokumentazioa Ingurumen Organoari helaraziko zaio, E) Ingurumena Zaintzeko Plana atalean adierazitakoa kontuan hartuta.

D.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Bilbaina de Alquitranes SAk hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei dagokienez D.3 apartatuan xedatutakoaren arabera, hondakinak balorizaziora bideratu beharko dira, eta balorizatzaile baimendun bati eraman beharko zaizkio horretarako. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balorizatzeari.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika eta behar bezala bereizi, eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati.

c) Hondakin horiek deuseztatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizatzea denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Bilbaina de Alquitranes SAk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak zabortegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoa) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.

f) Balorizatzeko edo deuseztatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

g) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Bilbaina de Alquitranes SA, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Bilbaina de Alquitranes SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin ez-arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

i) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Organoari, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Instalazioan sortutako hondakin ez-arriskutsuak egoki kudeatzen direla kontrolatzea.

j) Aurreko apartatuetan adierazitako agiriak ingurumen-organoari bidaliko zaizkio, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

– Baimendutako kudeatzaileak onartzeko agiri bidezko konpromisoa (kudeatzaileak EAEn daudenean).

– Hondakina zabortegian utzi behar bada, identifikazio-dokumentua (kudeatzaileak EAEkoak badira).

– Hondakinak beste autonomia-erkidego batera eramateko identifikazio-agiria, horiek balorizatu edo deuseztatzeko.

– Laburpen-memoria.

– Artxibo kronologikoa.

k) Jardueraren kontrolean sortutako dokumentazioa ingurumen-organoari igorriko zaio «E. Ingurumena zaintzeko programa» atalean adierazitakoaren arabera.

D.4.– Ontziak merkaturatzea.

Sustatzaileak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituenez, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, Ontzien Gaineko Urteko Adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

Era berean, sustatzaileak ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Sustatzaileak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta ontzi hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997) lehen xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta sustatzaileak, urte natural batean zehar, merkaturatzen baditu ontziratutako produktuak edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak, hain justu ere jarraian zehaztutako kantitateetan baino handiagoetan:

– 250 tona, beira bada bakarrik.

– 50 tona, altzairua bada bakarrik.

– 30 tona, aluminioa bada bakarrik.

– 21 tona, plastikoa bada bakarrik.

– 16 tona, egurra bada bakarrik.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soil-soilik badira.

– 350 tona, zenbait material badira eta, banaka, bakoitzak aurreko kopuruak gainditzen ez baditu.

Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.

D.5.– Lurzorua eta lurpeko urak babesteko baldintzak.

D.5.1.– Lurzoruaren egoerari buruzko txostena eta oinarrizko txostena.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko txostenarekin bat etorriz, eta horretan bildutako gomendioak jarraituz, Bilbaina de Alquitranes SAk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtean behin, Lege hori indarrean jartzen denetik kontatzen hasita.

Era berean, aurreko lerrokadan aipatutako araudian, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan ezarrita dauden lurzorua babesteko betebeharrak betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

– Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta aldizkakotasunak beteta.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde ezagun batek egina, eta aipatutako txostenak jasoko ditu (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak). Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

D.5.2.– Lur-mugimenduak.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denarekin bat etorriz, induskatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzemango balitz, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko akreditatutako erakunde batek egindako indusketa selektiborako plan bat aurkeztea. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura gauzatu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketaren pertsona fisiko edo juridiko sustatzailearen eta jarduketa burutuko duen kontratudunaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean lurzatia eta jarduketa-eremua zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, baita zolatak ere.

– Ingurumen-jarraipeneko lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa noiz hastea aurreikusten den.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurzoruen karakterizazioaren emaitzak eta horien azken helmuga adierazi beharko dira. Horrez gain, induskatutako materiaren berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-CD1F-4503-BAFA-F54FA80D9A44&Cod=945C8D73-130B-4E34-AC67-5AB96DFB55AE&Idioma=eu-ES

f) Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

g) Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako B-EBA (industria-erabilera) balioaren azpikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

h) 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako A-EBA ebaluazioko balio-adierazleak eta TPHtarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-arloko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

D.5.3.– Jakinarazteko betebeharra.

Horrez gainera, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 22. artikuluaren 2. apartatuan dioenaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Organoari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz betiere.

D.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen, behar diren neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 metroko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko behar den garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun modu bat baldin badago, jardun modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.

c) Jardueraren funtzionamendutik, zuzenean nahiz zeharbidez, eratortzen diren efektu gehituek gainditzen dituztenean 1367/2007 Errege Dekretuak, urriaren 19koak, 37/2003 Legea, azaroaren 17koa, Zaratari buruzkoa, garatzen duenak 14. eta 16. artikuluetan zehazten dituen kalitate akustikoko helburuak zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokionez, behar besteko neurriak hartu beharko ditu jarduerak gainditze hori gerta ez dadin.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da Ingurumena Zaintzeko Programa:

E.1.– Emisio atmosferikoak kontrolatzea.

a) Bilbaina de Alquitranes SAk emisioak kontrolatu beharko ditu informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Urtero, ingurumena zaintzeko programaren barruan, «Oxidatzaile termikoa» FE03 guneko bypass balbularen irekiera-datuak jasotzen dituen txosten bat bidali beharko dute.

c) Urtero, ingurumena zaintzeko dagokion programaren barruan, «Stripping dorrea» FE04 gunearen funtzionamendu-erregistroa igorri beharko dute.

d) Kontrol-erakunde baimendu (KEB) batek egin beharko ditu a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak (zortzi ordutan hartutako hiru neurketa, gutxienez ordubetekoa bakoitza), eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenak Ingurumen Organo honek prestatutako «KEBen gutxieneko txostenean» ezarritakora egokitu beharko du. Nolanahi ere, emisioen kontrol eta baldintzek Ingurumen Organoaren jarraibide teknikoetan eskatzen diren betekizun guztiak bete beharko dituzte.

e) Arestian eskatutako parametro guztien neurketen KEB txostenak bidaliko dituzte. Neurketa berriak egin beharko dira baldin eta parametroen neurketarik ez badago edo egindako neurketak ebazpen honetan kontrol-maiztasuna ezarri aurretik egindakoak badira. Atmosferara egiten diren emisioen ondorengo kontrolak, egindako azken neurketarekiko adierazitako maiztasunarekin egingo dira.

E.1.2.– Neurketa jarraitua.

Bilbaina de Alquitranes SAk neurketa jarraituak egin beharko ditu Oxidatzaile Termikoari buruzko 3. gunean.

Neurketa-sistema jarraitua Euskal Autonomia Erkidegoko airearen kalitatea zaindu eta kontrolatzeko sarera kateatu beharko da.

Emisioak etengabe neurtzeko sistemen (EENS) instalazioa, kalibrazioa, kontrola, mantentze-lanak eta jakinarazpenak, eta ekipamenduen, neurketa-sekzio eta -tokien ezaugarriak UNE-EN 14181 arauan eta ingurumen-arloko eskumenak dituen Sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritako baldintzen araberakoak izan beharko dute.

Sustatzaileak neurketa-sistema jarraikia mantentzeko prebentziozko mantentze-plan bat izan beharko du, datuen fidagarritasuna eta lortzen den gutxieneko datu kopurua bermatuko duena. Edonola ere, datuen fidagarritasuna eta kopuruaren ardura sustatzailearen gain geratzen dira.

Instalazioen titularrek izango dute EENSaren datuak eskuratzeko, tratatzeko eta jakinarazteko ardura, eta EENSak erregistratutako datuak gutxienez 10 urtez gorde beharko dira.

Neurketarako ekipamenduen erabilgarritasuna, hau da, baliozko erregistroak lortzeko aldien ehunekoa, gutxienez urteko jardunaren % 90ekoa izango da, Ingurumen Organo honek berariazko baimen puntualik ematen ez badu behintzat.

EENSa ondoz ondoko 15 egunetan baino gehiagotan ondo ez badabil, Ingurumen Lankidetzako Erakunde batek aldizkako kontrolak (hamabostean behin) egin beharko ditu, gertaera hasi denetik isuriak etengabe neurtzeko sistema behar bezala ibili arte.

Instalazioen titularrak EENSaren funtzionamenduari buruzko urteko txosten bat igorri beharko du, betiere ingurumen-arloko eskumenak dituen Sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoaren arabera.

E.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldian egingo dira beti.

c) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da puntu honetako a) letran ezarritako kontrol-parametro guztiek Hirugarrena D.2.3 atalean ezarritako mugak betetzen dituztenean.

E.3.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira bost urterik behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Izandako emaitzen arabera, aurrerantzean neurketak egiteko beste maiztasun bat erabaki ahal izango da.

b) Aurreko apartatuan adierazitako ebaluazio guztiak ENAC erakundeak espazio- eta denbora-laginketarako egiaztatutako akustikaren esparruko entsegu-laborategiek egin beharko dituzte. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak ingurumen-organo honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

d) Jarduera garatzen den lurzatiko kanpo-baldintza akustikoak a) apartatuan ezarritako maiztasunez kontrolatuko dira, batez ere zarata etxe barruetara sartzeko arriskurik handiena dagoen aldean.

E.4.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Urtero, sustatzaileak jardueraren gaineko honako parametro-adierazle hauen jarraipena egingo du, ingurumenean duten eragina aztertzeko:

(Ikus .PDF)

E.5.– Ingurumenaren finantza-bermea kontrolatzea ingurumena zaintzeko programaren barruan (IZP).

Honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira IZP horretan, IZP entregatzeko prozedura telematikoan xede horretarako gaitu diren dokumentuak erabilita:

– Ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) eta erantzukizunpeko adierazpena.

– Finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-bermearen motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

– Ingurumen-zaintzarako bermea eratu behar ez izanez gero, eta eragileek eragindako 300.000 eta 2.000.000 euro bitarteko zenbatekoarekin konpon daitezkeen kalteak eragiten ez badituzte (26/2007 Legearen 28.b artikulua, urriaren 23koa, ingurumen-arloko erantzukizunari buruzkoa), erakunde independenteek emaniko ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da; horiek etengabe atxikirik egon beharko dute Batasunaren Ingurumen Kudeaketako eta Ikuskaritzako Sistemari (EMAS) edo indarrean den UNE-EN ISO 14001 Ingurumen Kudeaketarako Sistemari.

Operadoreak Ingurumen Arriskuen Azterketa (IAA) eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan, eta jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera. IAAren eguneratzeak dagokion IZPren dokumentazioaren barruan aurkeztuko dira.

E.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Organo honetara bidaliko dira. Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 30 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisiak, epe horretan izandako gorabehera nagusiak bereziki aipatuta eta haien kausak eta konponbideak azalduta; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez egin ez bada.

E.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du. Bertan bildu beharko ditu aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta Ebazpen honetan jasotakoak, baita Ingurumen Idazkaritza Nagusiaren 2000ko azaroaren 16ko Ebazpen bidez egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako betebehar guztiak ere. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

F) Ezohiko egoeretan, funtzionamendu-baldintzak eta prebentzio-neurriak.

F.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-lanetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak D.3 apartatuan ezarritakoari jarraituz kudeatu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

F.2.– Jarduera etetea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa («Produktu kimiko organikoak fabrikatzea»), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Bilbaina de Alquitranes SAk jarduera bertan behera uztearen berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Bilbaina de Alquitranes SAk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, Ebazpen honen D.3 apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

F.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako utziko dela jakinaraziz gero, Industriako Isurketen Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretuaren (815/2013, urriaren 18koaren) 13. artikuluan arautu bezala, Bilbaina de Alquitranes SAk, aldi baterako uztearen jakinarazpenarekin batera, dokumentu bat bidali beharko du, instalazioa jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.

F.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriez eta funtzionamendu-baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen mantentze-lan prebentiboak.

Mantentze-lan prebentiboen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ezusteko jarioak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskaritza eta kontrolerako programa bat barne hartu beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, ahal diren tangen barnealdearen begi-bidezko ikuskaritzak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, zorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurre hartzeko.

Halaber, atmosferara eta ingurune urtarrera egindako emisioengatik atmosfera eta ingurune urtarra kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

c) Era berean, ustiapenari buruzko eskuliburu bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

d) Besteak beste, brea, naftalina, mundruna, kreosotak, olioak, erregaiak eta gasolioa erabiltzeak lurzorua eta ura kutsa dezake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen azalera guztiak irazgaiztuko dira.

e) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak, ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

f) Biltegiratzeko instalazioek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudia betetzen dutela egiaztatu beharko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Organo honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

g) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta efikaziaz esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta norbera babesteko ekipamendu bereziak.

h) Zolatak nabeen barruan garbitzen direnean sortzen diren urak tratamendu-lineara bidaliko dira.

i) Andel edo putzuen hondoan pilatzen diren solidoak ez dira ibilgura hustuko aldizkako garbiketa-lanetan zehar; behar bezala kudeatuko dira, edo zabortegi baimendura eramango.

j) Arazketa-prozesuan sortutako hondakin solidoak eta lohiak aldizka aterako dira instalazioa behar bezala ibil dadin. Gorde egingo dira hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazgaitzetan.

k) Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen eremuetan.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

m) Arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta istripuen ondoriozko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian jartzeko behar diren bitarteko egokiak jarriko ditu titularrak. Kasu honetan, baldintza hauek azpimarratu behar dira:

– Ebazpen honen D.5 apartatuan ezarritako jardunez gain, gasolioa biltegiratu eta manipulatzeko instalazioak behar bezala isolatuko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen haustura edota gainezkaldiengatik isuriak atxikitzeko.

– Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko isuri edo ihesen ondoriozko kutsadurari aurre egiteko eskuragarri dauden segurtasun-neurriei dagokienez.

– Prozesua ustiatzeko eta zuzen funtzionatzen duela zaintzeko eskuliburu bat izango da; han, aldizka egindako mantentze- eta kontrol-eragiketak jasoko dira, bai eta ikusitako gertakariak ere; alde horretatik, gomendatzekoa da enpresa espezializaturen baten laguntza izatea.

– Era berean, nahitaez plan bat sinatzea eskatzen da industriako hondakin-uren araztegiaren mantentze-lanetarako, eta prozesuaren, errendimenduaren eta arazketaren, ekipo elektromekaniko eta sentsoreen funtzionamendu egokia ikuskatzeko.

– Hondakin-ura ezingo da «bypass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

n) Gorabehera gertatuz gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri berehala eman beharko dio ingurumen-organoari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren), horretarako ezarritako helbide elektronikoaren bitartez: ippc@euskadi.eus. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Halakorik badago, epe laburrera aurreikusitako jarduketak.

Gertakari edo arazo larriren bat edo istripuzko isuri edo emisioren bat egonez gero, SOS Deiak eta Barakaldoko Udala (Bizkaia) jakinaren gainean jarri behar dira berehala. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio ingurumen-organoari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Istripuzko isuria izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barnean hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak benetan aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egin badiezaioke, titularrak berehala etengo du isurketa hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

o) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saihesteko neurri gisa, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Organoari honako gertaera hauetakoren bat jazo dela:

1.– Analizagailuan modu jarraituan neurtutako orduko datu balidatu baten kontzentrazioak % 200ean emisioen muga-balioa gainditzen badu, jakinarazpena gehienez hori gertatu eta 24 orduko epean egingo dute, lanegunetan, edo hori gertatu ondorengo lehen lanegunean, lanegunetatik kanpo.

2.– Etengabeko neurketa-ekipoek 24 ordu baino gehiagoz datu fidagarririk ez ematea eragiten duten matxurak edo akatsak gertatzea. Gorabehera gertatu eta gehieneko 24 orduko epean egingo da jakinarazpena, lanegunak direnean, edo lanegunak ez direnean, gorabehera gertatu den egunaren osteko lehen lanegunean jakinaraziko da.

3.– Gutxienez 15 egun lehenago jakinaraziko dira instalazioaren prozesu jarraitu batean aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, aurreikusitako prebentzioko mantentze-lanak barne. Instalazioa 15 egun baino gutxiagoko epean gelditzea aurreikusten bada, geldialdiaren berri izan bezain laster jakinaraziko da.

Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

G) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

H) Urtean behin, martxoaren azken eguna baino lehenago, eta jarduerak errekuntza-instalazio handitzat jotako fokuren bat badu, ,martxoko azken eguna baino lehen, Bilbaina de Alquitranes SAk aurreko urteko emisio atmosferikoei eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio ingurumen-organoari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

I) Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, Ingurunet aplikazio informatikoan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da derrigorrean, organo honi onarpena eskatzeko, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategineko 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak 14.2 artikuluan xedatzen duenaren arabera, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.


Azterketa dokumentala