Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 2022ko urtarrilaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
265

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 27koa, Lanbide Heziketako sailburuordearena, zeinen bidez esleitzen baitira Hezkuntzako sailburuaren 2021eko azaroaren 9ko Aginduan deitutako dirulaguntzak, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan makineria eta/edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko.

2021eko azaroaren 17an, Hezkuntzako sailburuaren agindu bat argitaratu zen. Haren bidez, makineria eta/edo ekipamendua erostetik edo errentan hartzetik eta makineria eta/edo ekipamendu hori instalatzetik eratorritako gastuak finantzatzera bideratutako dirulaguntzak emateko prozeduraren deialdia egin zen, bi jarduketa-eremuren arabera:

– 1. eremua: aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzat, heziketa-ziklo bakoitzerako ezarritako makineria eta/edo ekipamendu espezifikoa eguneratzeko eta ikaskuntza-metodologia eta -tresna aurreratuak ezartzea ahalbidetuko duten espazioak egokitzeko, II. kapituluan ezarritakoari jarraikiz.

– 2. eremua: aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatu integratuentzat, 4.0 ingurunearen erronkei erantzuteko eta lanbide-heziketako eraldaketa digitalaren eta jasangarritasunaren planak abiatzeko, III. kapituluan ezarritakoari jarraikiz.

Deialdi honen bidez iragartzen diren dirulaguntzen zenbatekoa bi milioi bederatziehun eta hamazortzi mila ehun eta sei (2.918.106) eurokoa da.

1. eremuari dagokionez, 21.4 artikuluak ezartzen du azkenean emango den zenbatekoak ezin izango duela inola ere gainditu diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 100. Irizpide horiek aplikatuta ateratzen den zenbatekoa handiagoa bada diruz lagundu daitekeen kopuru osoa baino, dirulaguntzaren zenbatekoa horren baliokidea izango da, eta soberakina proportzionalki banatuko da inguruabar hori ez duten eskabideen artean, irizpide guztiak aplikatu ondoren lortutako azken emaitzaren arabera. Banaketa-irizpide guztiak aplikatu ondoren, hainbat eskabideren kopurua handiagoa izan da diruz laguntzeko moduko zenbateko osoa baino; beraz, soberakina adierazitako moduan banatu da.

Bestalde, aginduaren 27.2 artikuluak ezartzen duenez, 2. eremuan onuradun bakoitzeko eman beharreko zenbatekoa ez da 18.000 eurotik beherakoa izango, ez eta 150.000 eurotik gorakoa ere. Eskabideak baloratu eta 2. eremurako zenbatekoak esleitu ondoren, 17.448,23 euroko soberakina geratu da. Aginduaren 3.3 artikulua aplikatuz, 1. eremuari esleitutako kopurua handitu egin da, aipatutako zenbatekoan.

2021eko azaroaren 9ko Aginduaren 8. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta jarduketa guztietan kontuan hartuta dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko ezarritako prozedura, bai oinarri arautzaileetan, bai indarreko araudian, Balorazio Batzordeak aurkeztutako eskabideak ebaluatu zituen. Batzorde hori artikulu horren arabera izendatu zen, eta behin-behineko ebazpen-proposamena egin zuen, behar bezala arrazoituta. Ebazpen-proposamen hori pertsona onuradunei jakinarazi zitzaien, 2021eko abenduaren 10ean, bitarteko elektronikoen bidez, eta, era berean, 10 egun naturaleko epea eman zitzaien, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

Jakinarazpena egin eta alegazioak aurkezteko epea amaitu ondoren, honako erakunde hauek aurkeztu dituzte alegazioak:

– Salesianos Urnieta.

– Bitoriano Gandiaga Fundazioa.

– Ibar Ezkerra Ikastola S. Coop.

– Cebanc SA.

– Centro de Formación de Administración y Hostelería SL.

– Peñascal S. Coop.

– Centro de Peluquería Hermanos Larrinaga Sociedad Limitada.

Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak prozeduraren ebazpen-proposamena onartu zuen, eta Plangintza eta Antolaketako zuzendariak, organo instrukzio-egilea den aldetik, Lanbide Heziketako sailburuordeari helarazi zion, 2021eko abenduaren 21eko aktan jasota dagoen bezala.

Proposamena Lanbide Heziketako sailburuordeari helarazi ondoren, eta Aginduaren 9. artikuluan xedatzen den bezala, sailburuordeari berari dagokio aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpena ematea eta erakunde interesdunei jakinaraztea.

Adierazitakoagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Hezkuntzako sailburuaren 2021eko azaroaren 9ko Aginduaren 22. artikuluan ezarritako irizpideen eta 21.4 artikuluan ezarritako mugaren arabera, eta Balorazio Batzordeak proposatuta, dirulaguntzak ematea aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei –zehazki, I. eranskinean zerrendatzen direnei, bertan zehazten diren zenbatekoen arabera–, heziketa-ziklo bakoitzerako ezarritako makineria eta/edo ekipamendu espezifikoa eguneratzeko eta ikaskuntza-metodologia eta -tresna aurreratuak ezartzea ahalbidetuko duten espazioak egokitzeko (1. eremua).

2. artikulua.– Hezkuntzako sailburuaren 2021eko azaroaren 9ko Aginduaren 28. artikuluan ezarritako irizpideen eta 27.2 artikuluan ezarritako mugen arabera, eta Balorazio Batzordeak proposatuta, dirulaguntzak ematea aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatu integratuei –zehazki II. eranskinean zerrendatzen direnei, bertan zehazten diren zenbatekoen arabera–, 4.0 inguruneen erronkei erantzuteko eta lanbide-heziketako eraldaketa digitalaren eta jasangarritasunaren planak abiatzeko (2. eremua).

3. artikulua.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, herritar oro jakitun egon dadin.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Gainerako baldintzetarako, kontuan hartuko da Hezkuntzako sailburuaren 2021eko azaroaren 9ko Aginduan xedatutakoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau onuradunei jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 27a.

Lanbide Heziketako sailburuordea,

JORGE ARÉVALO TURRILLAS.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana