Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

6. zk., 2022ko urtarrilaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
119

AGINDUA, 2021eko azaroaren 22koa, Hezkuntzako sailburuarena, Portugaleteko udalerrian (Bizkaia) dagoen CAED «Escuelas Ceneted» KIIB Kirol Irakaskuntzako Ikastetxearen Bilboko (Bizkaia) egoitza irekitzeko eta jardunean jartzeko baimena emateko dena.

«2010 Escuelas y Servicios Deportivos, S.L.» entitatearen ordezkariak aurkeztutako baimen-eskaera aztertu da, zeinaren bidez baimena eskatzen baita Portugaleten egoitza nagusia duen Kirol Irakaskuntzako Ikastetxearen Bilboko (Bizkaia) egoitza irekitzeko eta azken honetan Futboleko espezialitatea irakasteko.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena eman dute.

Arau hauek ikusi dira: urriaren 24ko 1367/2007 Errege Dekretua, araubide bereziko kirol-irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duena (azaroaren 8ko BOE); martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretua, «futbola» eta «areto-futbola» espezialitateetako kirol-teknikariaren eta goi-mailako kirol-teknikariaren tituluak ezarri, dagozkien gutxieneko irakaskuntzak onartu eta irakaskuntza horiek egiteko sarbide-probak eta -baldintzak arautzen dituena (martxoaren 29ko BOE); ekainaren 29ko 129/2004 Dekretua, futbol eta areto-futboleko espezialitateetako kirol-teknikariaren eta goi-mailako kirol-teknikariaren tituluei dagozkien curriculumak ezartzen dituena (abenduaren 2ko EHAA), eta gai horretan aplikatu beharreko indarreko araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematen da ondoren zehazten den kirol-irakaskuntzako ikastetxe baimenduari Bilboko egoitza irekitzeko eta honetan Futboleko espezialitatea irakasteko 2021-2022 ikasturtetik aurrera:

Kode-zenbakia: 48018907 eta 015775.

Izen generikoa: Kirol Irakaskuntzako Ikastetxe Baimendua.

Izen espezifikoa: «Escuelas Ceneted».

Titularra: 2010 Escuelas y Servicios Deportivos, S.L.

Helbidea: Alberto Palacio kalea, 2.

Udalerria: Portugalete.

Lurralde Historikoa: Bizkaia.

Bilboko egoitza:

Kode-zenbakia: 48018907 eta 015775.

Izen generikoa: Kirol Irakaskuntzako Ikastetxe Baimendua.

Izen espezifikoa: «Escuelas Ceneted».

Titularra: 2010 Escuelas y Servicios Deportivos, S.L.

Helbidea: Marcelino Menéndez y Pelayo 25.

Udalerria: Bilbao.

Lurralde Historikoa: Bizkaia

Baimentzen diren irakaskuntzak:

– Kirol-irakaskuntzak:

• Modalitatea: Futbola:

– Erdi-maila: 2 talde.

– Goi-maila: 2 talde.

Edukiera: maila bietan eduki teorikoak irakasteko, gela bakoitzeko 35 ikasle egongo dira gehienez, eta kirol-instalazioetan edo -espazioetan egiten diren irakaskuntza praktikoko saioetarako, berriz, 24.

2. artikulua.– Ikastetxeak indarreko araudia bete beharko du, bai ikaspostuen kopuruari dagokionez, bai agindu honen bidez baimendutako irakaskuntzak emateko behar den irakasleen titulazioari dagokionez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.

3. artikulua.– Ikastetxeak bete egin beharko ditu martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuaren VI. eranskinak segurtasun eta erantzukizunaren alorrean eta irakaskuntzarako kirol-ekipamenduaren alorrean ezarritako baldintzak. Ikastetxearen titularrarena izango da baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna.

4. artikulua.– Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoaren 23. artikuluaren arabera, emandako baimena baliogabetu egingo da, ikastetxeak baimena emateko indarreko araudian ezarritako gutxieneko baldintzaren bat betetzen ez duenean.

5. artikulua.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxearen titularraren erantzukizuna izango da baldintza horiek betetzea.

6. artikulua.– Ikastetxeak indarreko araudia bete beharko du, eta dagokion berrikuspena eskatu, agindu honetan adierazitako daturen bat aldatu behar denean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez du esan nahi hezkuntza-itunen araubidearen edo dirulaguntzen deialdien bitartez laguntzarik lortuko denik.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 22a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala