Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

260. zk., 2021eko abenduaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
6443

1423/2021 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez Osakidetzaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko Kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa argitaratzen den, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ohiko deialdiei dagozkien antolaketa- eta gauzatze-jarduerak kudeatzeko.

Osakidetzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) aipatutako akordioa sinatu dute. Beraz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta behar bezalako zabalkundea emate aldera, honako hau

EBATZI DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Osakidetzaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko Kudeaketa-gomendioari buruzko akordioaren testua, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ohiko deialdiei dagozkien antolaketa- eta gauzatze-jarduerak kudeatzeko. Aipatutako testua eranskin gisa dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 2a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

ERANSKINA
OSAKIDETZAREN ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKO KUDEAKETA-GOMENDIOAREN AKORDIOA, HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO OHIKO DEIALDIEI DAGOZKIEN ANTOLAKETA- ETA GAUZATZE-JARDUERAK KUDEATZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 13a.

ALDERDIEK

Alde batetik, Maria Rosa Pérez Esquerdo, Osakidetzako zuzendari nagusia, Administrazioko Kontseiluaren 2020ko urriaren 23ko Erabakiaren bidez izendatua (EHAA, 216. zk., 2020ko azaroaren 2koa), Ente Publikoaren Estatutu Sozialen 11. artikuluak emandako ahalmenak direla bide jardunez.

Beste aldetik, Egoitz Laburu Rodríguez jauna, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria, erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz, eta 2021eko maiatzaren 4ko 133/2021 Dekretuak –Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta funtzioak arautzen ditu– emandako eskumenak erabiliz

ADIERAZI DUTE:

I.– 1983ko uztailaren 27ko 16/1983 Legeak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (aurrerantzean, IVAP) araubide juridikoari buruz dihardu; erakunde hori izaera administratiboa duen erakunde gisa eratzen du, funtzio publikoari lotutako gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza Sailari atxikia, eta zenbait xede esleitzen dizkio administrazio publikoen giza baliabideei, antolaketari, ikerketari eta hizkuntza-normalizazioari dagokienez.

II.– 1997ko ekainaren 26ko 8/1997 Legean –Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzkoa–, 20. artikuluan, Osakidetza Ente Publikoa sortzen da (aurrerantzean, Osakidetza), zuzenbide pribatuko ente publikoaren izaera juridikoarekin eta osasun-arloan eskumena duen Administrazio Orokorrerako Sailari atxikia, eta haren mendeko zerbitzu-erakunde publikoen bidez osasun-zerbitzuak emateko xedea ezartzen zaio.

III.– Administrazio publikoetako euskararen normalizazio linguistikoari dagokionez, IVAPen ardura da, xede espezifiko gisa, Administrazioan euskara sartzea, hedatzea, aplikatzea eta normalizatzea, baita administrazio-hizkera finkatzea ere, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legean ezarritakoa betez.

Xede horiek zehazteko, uztailaren 6ko 6/1989 Legeak IVAPi egozten dio hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ebaluazio-proben edukia eta forma zehazteko lana, zeinak euskal administrazio guztietan berdinak eta nahitaez bete beharrekoak izango baitira.

1997ko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak EAEko administrazio publikoetan euskara normalizatzeko prozesua arautzen du, eta 33. artikuluan ezartzen du IVAPek gutxienez sei hilabetean behin deitu behar duela EAEko administrazioen zerbitzura dauden langileek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proba espezifikoetara; ezartzen da, halaber, EAEko edozein administrazio publikok hala eskatzen dionean ere egin behar dituela IVAPek administrazio horrek arbitratutako deialdiei dagozkien probak.

IV.– Euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez, 8/1997 ekainaren 26ko Legeak –Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzkoa–, 28. artikuluko bosgarren arau komunean agintzen du Osakidetza ente publikoak plan berezi bat ezarriko duela hizkuntza politikari buruz, Autonomia Erkidegoko organo eskudunak xedatzen dituen gidalerroen arabera, eta plan horretan zehaztuko direla entearen pertsonalarentzat aplikagarri diren hizkuntza-helburuak eta helburuok ondo betetzeko hartu beharreko neurriak.

Arau komun horren arabera, 2003ko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretua onartu zen, Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko. Dekretu horren 25. artikuluan ezartzen da Osakidetzako langileen hizkuntza-eskakizunen egiaztapena egingo dela bai langileak hartzeko hautaketa-prozesuetan, lanpostuak betetzeko prozesuetan eta Osakidetzaren aldi baterako lanerako zerrendetako langileentzat berariaz egiten diren probetan, eta bai Osakidetzak helburu horretarako egindako ohiko zein ohiz kanpoko deialdietan. Dekretu horretan ezartzen da, halaber, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak IVAPek xedatutakoaren arabera egingo direla.

V.– Euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan, lau hizkuntza-eskakizun ezartzen dira haren aplikazio-eremurako; haien erregimen juridikoak IVAPek egiaztatzen dituen hizkuntza-eskakizunetarako ezarritakoari egiten dio erreferentzia, eta IVAPek egiaztatzen dituen izen bereko hizkuntza-eskakizun bakoitzarekin duten baliokidetza adierazten da.

VI.– Sektore publikoaren araubide juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak ezartzen du Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo entitateen gomendio utz daitezkeela, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago.

VII.– IVAPek Osakidetzaren beharrizanei erantzuteko antolaketa, esperientzia eta beharrezko baliabideak ditu.

VIII.– IVAPek Euskadiko administrazio publikoen multzo osoan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzen egin duen ibilbidea kontuan hartuta, lan horietara bideratutako baliabide publikoak arrazionalizatzeko eta bi erakunde publikoen arteko sinergia handiena lortzeko, bi erakundeek Kudeaketa-gomendio hau sinatzea erabaki dute, jarraian adierazten diren klausulen arabera.

KUDEAKETA-GOMENDIOAREN AKORDIOA

Lehenengoa.– Akordioaren xedea.

Akordio honen xedea da Osakidetzak IVAPi agindua ematea Osakidetzako zuzendari nagusiak onartutako hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko deialdien kudeaketa egiteko.

Bigarrena.– Gomendioaren helburua eta nondik norakoa.

1.– Kudeaketa-gomendio honen xede diren jarduerak egitean, bermatu egingo da zorrotz errespetatzen direla parte hartzen duten aldeei ordenamendu juridikoak egozten dizkien eskumenak. Beraz, Kudeaketa-gomendio honetan ez dira lagatzen ez eskumenaren titularitatea ez haren jardueraren funtsezko elementuak, eta Osakidetzaren ardura dira, agindu honetako hizkuntza-eskakizunen egiaztapen-prozesua deitzen duen organoa den aldetik, gomendioaren xede den jarduera material zehatzaren euskarri diren edo jarduera horietan sartzen diren egintza edo ebazpen juridiko guztiak ematea.

2.– Kudeaketa-gomendio honen xedea diren jarduerak, 1., 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesua gauzatzeko behar diren lanak kudeatzeko eta gauzatzeko izango dira. Prozesu hori Osakidetzako zuzendari nagusiak onartutako deialdietan parte hartzen duten pertsonentzat izango da.

Hirugarrena.– Zerbitzuak planifikatzea eta ematea.

1.– Osakidetzaren ardura izango dira, hizkuntza-eskakizunen egiaztapen-prozesua deitzen duen organoa den aldetik, antolamendu juridikoak egozten dizkion egintzak gauzatzea, eta bereziki, honako hauek:

a) Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ohiko deialdiak onartzea eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta bere egoitza fisiko zein elektronikoetan argitaratzea.

b) Eskaerak jasotzea, deialdietan xedatutakoaren arabera.

c) Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietan onartutako pertsonen behin betiko zerrenda bidaltzea IVAPi, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik 10 egun balioduneko epean, Akordio honen I. eranskinean zehazten den fitxategi-ereduaren arabera. Halaber, Osakidetzak IVAPi bidaliko dio gomendioaren xede diren deialdietan idatzizko azterketa egitetik (ez, aldiz, ahozkoa egitetik) salbuetsita dauden pertsonen zerrenda, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko Osakidetzako zuzendari nagusiaren aurreko Ebazpenak araututako ohiko deialdian proba hori gainditu zutelako, baina ez ahozko proba.

d) Deialdi bakoitzeko epaimahai jardulea izendatzea. Epaimahai hori osatzen duten pertsonek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko IVAPen seihileko bereko deialdian jarduten duen epaimahaia osatzen duten berberak izan beharko dute.

e) Prozesuetan onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratzea Osakidetzaren egoitza fisiko zein elektronikoetan.

f) Probetarako onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenaren aurka jar daitezkeen gora jotzeko errekurtsoak aztertu eta ebaztea.

g) Deialdi bakoitzeko behin-behineko emaitza orokorrak argitaratzea.

h) Deialdi bakoitzeko behin betiko emaitza orokorrak argitaratzea.

i) Behin betiko emaitza orokorren aurka jar daitezkeen gora jotzeko errekurtsoak aztertu eta ebaztea.

j) Hizkuntza-eskakizunen ziurtagiriak egitea.

k) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizunak Osakidetzaren hizkuntza-eskakizunen erregistroan erregistratzea, eta egiaztatze horien berri ematea Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuari (ETZEB).

l) Gutxienez deialdiaren proba batera aurkeztu diren pertsonei gogobetetze-inkestak bidaltzea.

2.– IVAPi esleitzen zaizkio egiaztapen-prozesuaren alderdi hauen kudeaketa eta erantzukizuna:

a) Proba-ereduak sortzea eta proba horiek baliozkoak direla eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuan ezarritako mailen araberakoak direla egiaztatzea.

b) Proben egutegia onartzea, bai eta probak egiteko lekuak hautatzea ere, eskaera kopuruaren eta behar diren baliabideen arabera.

c) Deialdietako epaimahaiari aholkularitza eta laguntza teknikoa eta administratiboa ematea, proben zuzenketari eta ebaluazioari dagokienez. Horretarako, IVAPek izendatuko ditu Osakidetzako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdi bakoitzerako epaimahaiari aholkularitzan eta arlo tekniko eta administratiboan lagunduko dioten pertsonak. Halaber, deialdian egingo diren idatzizko eta ahozko probak zuzentzeko eta ebaluatzeko pertsonen egokitasuna eta fidagarritasuna bermatuko du.

d) Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egiteko behar diren azpiegitura materialak eta giza baliabideak kontratatzea eta prestatzea.

Hala ere, IVAPek laguntza teknikoa eskatu ahal izango dio Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboari probak egiten diren egunetako laguntza-gestioetarako eta zaintzarako.

e) Epaimahai jarduleak onartutako deialdiaren emaitza partzialak argitaratzea IVAPen webean.

f) Deialdi bakoitzeko epaimahaiari aholkularitza eta laguntza teknikoa eta administratiboa ematea, deialdiaren behin-behineko emaitzen aurkako erreklamazioak aztertzeari eta baloratzeari dagokionez.

g) Osakidetzak eman behar dituen behin betiko emaitzen aurkako errekurtsoak ebatzi aurreko txostena bidaltzea, baldin eta errekurtsoaren edukia honako alderdi hauetako bati badagokio:

– Probak antolatzea eta aplikatzea.

– Proben edukia eta forma.

– Proben kalifikazioak.

h) Inkestak prestatzea, gutxienez dagokion deialdiaren proba batera aurkeztu diren pertsonen gogobetetze-maila ezagutzeko. Era berean, IVAPek gogobetetasun-inkesten emaitzak aztertuko ditu, eta horren berri emango dio Osakidetzari.

i) Prozesu bakoitzean parte hartu duten Osakidetzako langileen idatzizko eta ahozko azterketak eta dagozkien ebaluazio-fitxak gordetzea eta zaintzea, behar den denboraz.

Laugarrena.– Jarduteko printzipioak.

1.– Euskara-ezagutzaren ebaluazioa, 1, 2, 3 eta 4 hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeari dagokionez, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren B1, B2, C1 eta C2 mailen arabera egingo da.

2.– Osakidetzak ohiko deialdi bi egingo ditu urtean. Deialdi horiek noiz egin erabakitzeko orduan, kontuan hartuko da prozesuaren faseak seihileko berari dagokion IVAPeko hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ohiko deialdiarekin batera egin ahal izatea. Egin beharreko probak antolatzeko eta gauzatzeko aplikatuko da hori, bereziki.

3.– IVAPek kontuan hartuko ditu Osakidetzari dagokion asistentzia-eremuaren berezko ezaugarriak eta Osakidetzak bere zerbitzuak behar bezala ematea bermatu beharra duela. Hori, bereziki, azterketarako datak eta orduak jartzean eta proben ezaugarriak edo baldintzak zehaztean aplikatuko da.

Bosgarrena.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ohiko deialdien prozesuen garapena.

Osakidetzako zuzendari nagusiak onartutako ohiko deialdien ondorio diren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesuak ekintza-ordena honen arabera garatuko dira:

1.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko Osakidetzaren deialdiak onartzea.

2.– Deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

3.– Eskaerak jasotzea, dagokion deialdian ezarritakoaren arabera.

4.– Osakidetzak hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko deialdietan onartutako pertsonen behin betiko zerrenda bidaltzea IVAPi. Halaber, Osakidetzak dagokion deialdian idatzizko azterketa egitetik, ez, aldiz, ahozkoa egitetik, salbuetsita dauden pertsonen zerrenda bidaliko dio IVAPi, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko Osakidetzako aurreko deialdian proba hori gainditu zutelako, baina ez ahozko proba.

5.– Prozesu bakoitzean onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratzea Osakidetzako egoitza fisiko eta elektronikoetan.

6.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdi bakoitzean jardule izango den epaimahaia izendatzea.

7.– Probak egitea eta proba horiek baliozkoak direla eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuan ezarritako mailen araberakoak direla egiaztatzea.

8.– Osakidetzako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdirako epaimahaiari aholkularitzan eta arlo tekniko eta administratiboan lagunduko dioten pertsonak izendatzea.

9.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egiteko behar diren azpiegitura materialak eta giza baliabideak kontratatzea eta prestatzea.

10.– Proben zuzenketan, ebaluazioan, eta proben behin-behineko emaitzen aurka egindako erreklamazioen azterketan epaimahaiari aholkularitza ematea eta alderdi tekniko eta administratiboan laguntzea.

11.– Prozesuaren behin-behineko eta behin betiko emaitza orokorrak argitaratzea Osakidetzaren egoitza fisiko eta elektronikoetan.

12.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesuaren behin betiko emaitza orokorren aurka jartzen diren errekurtsoak aztertzea eta ebaztea.

13.– Inkestak bidaltzea eta aztertzea, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesuan gutxienez deialdiaren proba batera aurkeztu diren pertsonen gogobetetze-maila ezagutzeko.

14.– Hizkuntza-eskakizunen egiaztagiriak ematea eta bidaltzea, eta Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura (ETZEBra) helaraztea.

Seigarrena.– Finantzaketa.

1.– Akordio honetan aipatzen den hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ohiko deialdien kudeaketatik eratorritako kostuak IVAPek ordainduko ditu, Erakundearen aurrekontuetan xede horietarako esleitutako aurrekontu-sailen kontura.

2.– Hala ere, Osakidetzak bere gain hartuko ditu deialdietako fase orotan Osakidetzako langileen jardueragatik sortzen diren gastu eta kalte-ordain guztiak.

Zazpigarrena.– Jarraipen Batzordea.

1.– Jarraipen Batzorde bat sortuko da Kudeaketa-gomendio hau kudeatzeko eta interpretatzeko, baita Kudeaketa-gomendioari dagozkion alderdi guztietan sor litezkeen gorabeherak ebazteko ere.

2.– Jarraipen Batzordea IVAPeko eta Osakidetzako ordezkariek osatuko dute, honela:

a) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aldetik (IVAP):

– IVAPeko Euskara zuzendariordea.

– IVAPeko Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzuko burua.

– IVAPeko Euskalduntze Zerbitzuaren Ebaluazio arloko arduraduna.

b) Osakidetzaren aldetik:

– Osakidetzako Garapeneko eta Prestakuntzako zuzendariordea.

– Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboaren arduraduna.

– Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboko ordezkari bat.

Jarraipen Batzorde honetan, unean-unean egokitzat jotzen diren teknikariak sartu ahal izango dira, betiere batzordeko kideek hala adosten badute.

3.– Jarraipen Batzordeak eginkizun hauek izango ditu.

– IVAPen eta Osakidetzaren arteko elkarrizketa gauzatzea, Kudeaketa-gomendio honetan zehazten diren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdiak egikaritzeko.

– Deialdiak behar bezala joan daitezen beharrezkoak diren baliabideen aurreikuspenak egitea.

– Deialdietan parte hartzen dutenentzat eta zerbitzu publikoa behar bezala emateko egokiena izango den egutegia proposatzea.

– Proba-ereduak hobetzeko, eta proben edo deialdiei lotutako beste alderdi batzuen zuzenketa eta ebaluaziorako benetako edo deialdiei dagozkien beste alderdi batzuk hobetzeko benetako beharrak aztertzea, eta egiaztapen-prozesua hobetzeko ekintzak proposatzea, langilearekiko edo erabiltzailearekiko orientazioa oinarrizko premisatzat hartuta.

– Informazioa trukatzeko prozesuak aztertzea eta sor daitezkeen arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.

– Gomendio honetan sartzen diren zerbitzuen erabiltzaileen gogobetetze-inkesten emaitzak aztertu ondoren beharrezkotzat jotzen diren hobekuntza-neurriak proposatzea eta gauzatzea.

– Oro har, Kudeaketa-gomendioarekin lotuta sor litezkeen gorabeherak eta arazoak aztertzeko eta konpontzeko neurriak proposatzea eta ezartzea.

4.– Jarraipen Batzordea Akordio hau sinatu duten aldeetako edozeinek eskatzen duenean elkartuko da. Hala ere, Batzorde honen eginkizunen ohiko garapenean, baliabide material eta teknologiko arin eta eraginkorrenen bidez egin ahal izango da bi erakundeen arteko komunikazioa.

Zortzigarrena.– Indarraldia.

Kudeaketa-gomendioaren akordio honek eragina izango du 2021eko urriaren 13tik 2021eko abenduaren 31ra arte. Epealdi hori bukatutakoan, urterik urte luzatuko da aldeetako edozeinek Gomendio hau bertan behera utzi nahi duela jakinarazten ez badu. Hori gertatuz gero, bermatu behar da hasita dauden jarduerak amaituko direla. Gomendioaren indarraldia erabaki hori idatziz jakinarazi eta hiru hilabetera amaituko da.

Bederatzigarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Osakidetzak IVAP gaitzen du Gomendioa behar bezala betetzeko behar diren datu pertsonalak trata ditzan.

Datu pertsonalen babesari buruzko legeria (2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa indargabetzen dituena) eta informazioaren segurtasuna betetzeari dagokionez, honako hauek aplikatuko dira:

1.– Datu pertsonalen tratamendua.

Datu pertsonalen tratamendutzat hartzen da datu pertsonalen gainean edo datu pertsonalen multzoen gainean egiten den edozein eragiketa edo eragiketa multzo, prozedura automatizatuen edo automatizatu gabeen bidezkoa, esate baterako: datuak biltzea, erregistratzea, antolatzea, egituratzea, gordetzea, egokitzea edo aldatzea, ateratzea, kontsultatzea, erabiltzea, transmisioz jakinaraztea, zabaltzea edota sarbidea beste edozein modutan gaitzea, alderatzea edo interkonektatzea, mugatzea, ezabatzea edo suntsitzea.

Gomendio hau betetzeko, IVAPek Datu Pertsonalen Tratamenduaren Enkargua Eranskinean zehazten den moduan tratatu beharko ditu Osakidetza tratamenduaren arduradun gisa duten datu pertsonalak.

Ondorioz, IVAPek tratamenduaren enkargatu gisa jardungo du, eta unean-unean indarrean dagoen araudia bete beharko du, datu pertsonalak behar bezala tratatuz eta babestuz.

IVAPek datuak beste helburu baterako erabiliko balitu edota Gomendioaren edo indarreko araudiaren xedapenak bete gabe jakinaraziko edo erabiliko balitu, bera ere joko da tratamenduaz arduratzen den organotzat, eta berak erantzungo die egin dituen arau-hausteei.

Datu Pertsonalen Tratamenduaren Enkargua izeneko Eranskinean zehatz-mehatz azaltzen da zein diren babestu beharreko datu pertsonalak, bai eta IVAPek egin beharreko tratamendua eta ezarri beharreko neurriak ere.

Gomendioa betetzearen ondorioz Datu Pertsonalen Tratamenduaren Enkargua Eranskinean ezarritakoa aldatu behar bada inoiz, IVAPek modu arrazoituan eskatuko ditu aldaketak. Tratamenduaren arduraduna ados badago eskatutakoarekin, Datu Pertsonalen Tratamenduaren Enkargua Eranskina eguneratu beharko du eta, eranskin horretan, zehatz-mehatz jasoko du tratamenduaren xehetasuna.

2.– Estipulazioak tratamenduaren enkargatu gisa.

Klausula honetako betebeharrak eta dokumentu honetako Datu Pertsonalen Tratamenduaren Enkargua Eranskinaren edukiak osatzen dute 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duen datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (aurrerantzean, DBEO) 28.3 artikuluan Tratamenduaren Enkarguaren Kontratua deritzona, tratamenduaz arduratzen den organoaren eta IVAPen artekoa, non IVAP tratamenduaren enkargatua den.

Behar horiek betetzeko prestazioak dokumentu honetan eta eranskinetan ezarritakoaren arabera soilik ordainduko dira, eta Gomendio honen iraupen bera izango dute. Dena dela, Gomendioa amaitzean, sekretu-betebeharrak indarrean jarraituko du, denbora-mugarik gabe, hura gauzatzen parte hartzen duten pertsona guztientzat.

Gomendio honen xedea betetzeko, ez da beharrezkoa IVAPek tratamenduaz arduratzen den organoaren ardurapeko beste datu pertsonal batzuk eskuratzea, eta, beraz, ez du baimenik izango Datu Pertsonalen Tratamenduaren Enkargua Eranskinean zehaztutakoak ez diren beste datu pertsonal batzuk atzitu edo tratatzeko.

Gomendioa gauzatzen ari den bitartean gorabeheraren bat gertatzen bada eta, horren ondorioz, Datu Pertsonalen Tratamenduaren Enkargua Eranskinean jasota ez dagoen istripuzko sarbideren bat gertatzen bada tratamenduaz arduratzen den organoaren ardurapeko datu pertsonaletan, IVAPek ahalik eta lasterren eta bidegabeko luzamendurik gabe jakinarazi beharko dio organo horrek adierazitako pertsonari, eta pertsona hori jakinaren gainean dagoela ziurtatu beharko du. Helaraziko duen informazioak datu pertsonalen segurtasunaren urraketaren izaera, eragindako pertsonen gutxi gorabeherako kopurua eta eragindako datu pertsonalen erregistroen gutxi gorabeherako kopurua deskribatuko ditu. Era berean, datu pertsonalen segurtasuna urratzeak izan ditzakeen ondorioak deskribatuko ditu, baita datu pertsonalen segurtasuna urratzea konpontzeko hartutako neurriak ere.

Datu Pertsonalen Tratamenduaren Enkargua Eranskinean zehaztutakoaz gain, IVAPek betebehar hauek bete eta bermatuko ditu, DBEOaren 28. artikuluan ezarritakoaren arabera:

a) Datu pertsonalak dokumentu honetan eta Gomendioa gauzatzeari aplika dakizkiokeen gainerako dokumentuetan jasotako jarraibideen arabera tratatzea, baita, hala badagokio, tratamenduaren arduradunak unean-unean idatziz ematen dituen jarraibideen arabera ere.

IVAPek berehala jakinaraziko dio tratamenduaren arduradunari uste duenean jarraibide bat unean-unean aplikagarria den datu pertsonalak babesteko araudiaren aurkakoa dela.

b) Datu pertsonalak Gomendioaren xedearena ez den helburu batekin ez erabiltzea edo aplikatzea.

c) Datu pertsonalak segurtasun-irizpideen eta DBEOaren 32. artikuluan ezarritako edukiaren arabera tratatzea, eta isilpekotasuna bermatzeko eskura dituen datu pertsonalen konfidentzialtasuna, sekretua eta osotasuna bermatzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren segurtasun-neurri teknikoak eta antolakuntzakoak hartzea.

Bereziki, eta izaera mugatzailerik gabe, Datu Pertsonalen Tratamenduaren Enkargua Eranskinean zehaztutako arrisku- eta segurtasun-maila babesteko neurriak aplikatzera behartzen du bere burua.

d) Erabateko konfidentzialtasuna gordetzea Gomendioa gauzatzeko eskura dituen datu pertsonalen inguruan, baita tratamenduaren ondorioz eskuratzen dituen datuen inguruan ere, edozein euskarritan eskuratu dituela ere. Betebehar hori datu pertsonalen tratamenduaren edozein fasetan parte hartzen duen pertsona ororentzat da, eta IVAPen betebeharra izango da bere mendeko pertsonei jakinaraztea sekretu-betebehar hori dutela eta betebehar horri bete behar dutela baita zerbitzua ematen amaitu ondoren edo zerbitzuarekiko lotura amaitu ondoren ere.

e) Plegu honen xede diren datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonen zerrenda bat edukitzea; bermatzea pertsona horiek konfidentzialtasuna errespetatzeko eta dagozkion segurtasun-neurriak betetzeko konpromisoa berariaz eta idatziz hartzen dutela eta pertsona horiei dagokion informazioa ematea. Gainera, tratamenduaren arduradunaren eskura jarriko du dokumentazio egiaztatzaile hori.

f) Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek datu pertsonalak babesteari buruz behar duten prestakuntza jasotzen dutela bermatzea.

g) Datu pertsonalak hirugarrenei ez jakinaraztea (ez lagatzea) eta ez zabaltzea, ezta gordetzeko ere, salbu eta, kasuan-kasuan, tratamenduaz arduratzen den organoaren aldez aurreko baimen esplizitua badago.

h) Eskuratu dituen datu pertsonalak, tratamenduaren ondorioz IVAPek sortutako datuak eta datu horiek biltzen dituzten euskarriak eta dokumentuak itzultzea edo suntsitzea plegu honen xede den prestazioa amaitu ostean, baldin eta Datu Pertsonalen Tratamenduaren Enkargua Eranskinean jasotako tratamenduaz arduratzen den organoak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, ez dira suntsituko legez edo Europako Erkidegoko zuzenbideko arau baten bidez datuok mantentzea baimentzen edo eskatzen bada.

Hala ere, tratamenduaren enkargatuak datu pertsonalak gorde ahal izango ditu tratamenduaz arduratzen den organoarekin daukan harremanetik erantzukizunak erator daitezkeen bitartean. Datuak blokeatuta eta gutxieneko denboran gordeko ditu, eta modu seguruan eta behin betiko suntsituko ditu aipatutako epe hori amaitzen denean.

i) Datu pertsonalak tratatzea tratamendu-sistema eta -gailu eskuzkoetan eta automatizatuetan eta Datu Pertsonalen Tratamenduaren Enkargua Eranskinean zehazten diren kokapenetan. Ekipamendu hori tratamenduaz arduratzen den organoaren kontrolpean egon daiteke, enkargatuaren kontrolpean zuzenean zein zeharka edo tratamenduaz arduratzen den organoak aldez aurretik eta idatziz baimendutako beste batzuen kontrolpean, aipatutako eranskinean ezarritakoaren arabera eta Gomendioaren xedea zertzeko izendatutako erabiltzaileek edo profilek baimenduta.

j) Datu pertsonalak Europako Esparru Ekonomikoaren barruan edo aplikatzekoa den araudiak segurtasun-eremu baliokidetzat jotzen duen beste eremu batean tratatzea, eta ez tratatzea espazio horretatik kanpo, ez zuzenean, ez baimendutako azpikontratisten bidez, plegu honetan edo kontratuaren gainerako dokumentuetan ezarritakoaren arabera, salbu eta horretara behartuta badago aplikagarria zaion Europar Batasuneko edo Estatu Kideko zuzenbidearen arabera, Datu Pertsonalen Tratamenduaren Enkargua Eranskinean beste zerbait adierazten bada edo tratamenduaz arduratzen den organoak espresuki hala agintzen badu.

Zuzenbide nazionalaren edo Europar Batasuneko zuzenbidearen ondorioz IVAPek datu pertsonalen nazioarteko transferentziaren bat egin behar badu, legezko eskakizun hori idatziz jakinaraziko dio tratamenduaz arduratzen den organoari tratamendua egiteko behar besteko aurrerapenarekin, eta tratamenduaz arduratzen den organoari aplika dakiokeen legezko baldintza guztiak betetzen direla bermatuko du, salbu eta aplikatu beharreko zuzenbideak hala debekatzen badu interes publikoko arrazoi garrantzitsuengatik.

k) Tratamenduaren ardura duen organoari behar ez den atzerapenik gabe jakinaraztea bere ardurapeko datu pertsonalen segurtasunaren edozein urraketa, organo horrek adierazitako pertsonari, eta horretarako, honako hauek helarazi beharko dizkio, DBEOaren 33. artikuluaren arabera: gorabeheraren dokumentaziorako eta komunikaziorako garrantzizko informazio guztia edo informazioa tratatzeko eta kudeatzeko sisteman gertatu den edo gerta litekeen edozein akats, zeina arriskuan jartzen duen datu pertsonalen segurtasuna, osotasuna edota eskuragarritasuna, bai eta jasotako informazioen balizko urraketa ere, datu konfidentzialak ezagutzean eta gauzatzean, eta Gomendioa betetzean lortutako datuak eta informazioa hirugarrenei jakinaraztearen ondorioz konfidentzialtasunaren balizko urraketa oro, are gehiago, zer interesdunen datuen konfidentzialtasuna galdu den zehaztu behar da.

l) Tratamenduaz arduratzen den organoari ahalik eta lasterren jakinaraztea interesdun batek organoarekiko dituen eskubideren bat baliatu duela, hala nola datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, haiei aurka egiteko eta haien tratamendua mugatzeko eskubideak edota aplikatzekoa den araudiak aitortutako beste eskubide batzuk eta banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko eskubidea.

Jakinarazpenean, eskubidea nork baliatzen duen adieraziko da, modu frogagarrian identifikatuta, eta, hala badagokio, eskaera ebazteko garrantzitsuak izan daitekeen dokumentazioa eta bestelako datuak erantsiko dira.

Tratamenduaz arduratzen den organoari lagunduko dio, ahal den guztietan, eskubidea baliatzen duen pertsonaren eskubidea bete dezan eta erantzun diezaion.

m) Tratamenduaz arduratzen den organoarekin lankidetzan aritzea segurtasun-neurrien arloan dituen betebeharrak betetzeko, agintaritza eskudunei edota interesdunei segurtasun-neurrien arrakalak jakinarazteko (burutuak eta saiakerak), datu pertsonalen babesari buruzko inpaktu-ebaluazioak egiteko eta agintaritza eskudunei inpaktu horiei buruzko aurretiazko kontsultak egiteko, tratamenduaren izaera eta eskura duen informazioa kontuan hartuta.

Era berean, tratamenduaz arduratzen den organoaren esku jarriko du, hark hala eskatuta, klausula hauetan eta kontratuaren gainerako dokumentuetan ezarritako betebeharrak betetzen direla frogatzeko behar beste informazio, eta lagundu egingo du, hala badagokio, tratamenduaz arduratzen den organoak edo hark baimendutako beste auditore batek egiten dituen auditoretzak eta ikuskapenak gauzatzen.

n) DBEOaren 30.5 artikuluan ezarritako kasuetan, idatziz jasotzea, formatu elektronikoan izan liteke, tratamenduaz arduratzen den organoaren kontura egindako tratamendu-jardueren kategoria guztien erregistroa. Erregistro horrek, gutxienez, DBEOaren 30.2 artikuluan aipatzen diren inguruabarrak jasoko ditu.

o) Datu pertsonalak babesteko araudia eta erantzukizun aktiboko betebeharra betetzen dituela frogatzen duten ebidentziak izatea, hala nola betetze-mailari edo auditoretzen emaitzei buruzko aurretiko ziurtagiriak, zeinak tratamenduaz arduratzen den organoaren esku jarri beharko baititu hark hala eskatuz gero. Horrez gain, Gomendioa indarrean dagoen bitartean, tratamenduaz arduratzen den organoaren esku jarriko ditu une bakoitzean egindako informazio, ziurtagiri eta auditoretza guztiak.

p) Interesdunei informazioa emateko eskubidea erraztea, tratamenduaren arduradunak ezartzen duen moduan. IVAPek ez du informazio-eredu propiorik erabiliko eta tratamenduaren arduradunak emandako ereduetara jo beharko du edo eskatu beharko ditu, baldin eta datuak biltzeko bitarteko edo kanalen batean halako ereduak behar badira.

q) Datuak babesteko printzipioak aplikatzea modu lehenetsian ezarritako datuen diseinu eta babesetik Gomendioaren xede diren zerbitzu, produktu edo aplikazioen garapenean, diseinuan eta eragiketan.

3.– Azpikontratazioei lotutako tratamenduaren azpienkarguak.

Gomendio honek aukera ematen du idatzizko azterketen zuzenketa eta hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ahozko azterketen garapena eta ondorengo zuzenketa azpikontratatzeko.

Azpikontratistek IVAPekiko soilik izango dute betebeharra, eta, beraz, hark hartuko du bere gain Osakidetzarekiko Gomendioa gauzatzeko erantzukizun osoa, artikulu honetan ezarritakoaren arabera. Besteak beste, adierazitako beharra betetzea ere hartuko du bere gain, datuen babesari buruzko Estatuko eta Europar Batasuneko araudiarekin bat.

Osakidetzak jakin arren IVAPek azpikontratuak sinatu dituela edo ezarritako legezko kasuetan baimena ematen dion arren, ez da aldatuko enkargatu nagusi horren erantzukizun esklusiboa.

Nolanahi ere, bi baldintzak hauek bete beharko dira tratamenduaz arduratzen den organoak baimena eman dezan:

1) Azpikontratistak datu pertsonalez egiten duen tratamenduak bat etorri behar du indarreko legeriarekin, plegu honetan jasotakoarekin eta tratamenduaz arduratzen den organoaren jarraibideekin.

2) IVAPek eta enpresa azpikontratistak datu pertsonalen tratamendurako enkargu-kontratu bat sinatu behar dute, gutxienez plegu honetan ezarritako baldintzen murriztapenak betez. Tratamenduaz arduratzen den organoak hala eskatzen badu, haren esku jarriko da kontratua, hura egon badagoela eta kontratuaren edukia egiazta dezan.

4.– Datuak babesteari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikulua betetzeko, alderdien ordezkarien datu pertsonalak goiburuan adierazitako erakundeek tratatuko dituzte, hurrenez hurren, eta, horretarako, erakunde horiek modu independentean jardungo dute datuon tratamenduaren arduradun gisa. Datu horiek hitzarmen honetan jasotako eskubide eta betebeharrak betetzeko tratatuko dira. Datu horien tratamenduaren oinarri juridikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legetik (VI. kapitulua) eratorritako legezko betebeharrak betetzea da, eta helburu hori ezinbestekoa da Gomendio hau betetzeko.

Datu horiek hemen hitzartutako lankidetza indarrean dagoen bitartean mantenduko dira, baita lankidetzaren xedea betetzeko eta egon daitezkeen erantzukizunak zehazteko behar den denboran ere.

Bi sinatzaileek beharrezkotzat jotzen dituzten koordinazio-neurriak hartuko dituzte hitzarmen hau betetzen dela bermatzeko.

Eta ados daudela adierazteko, bi aldeek Kudeaketa-gomendioaren hitzarmen hau sinatzen dute, Vitoria-Gasteizen, 2021eko urriaren 13an.

Osakidetzaren aldetik:

Osakidetzako zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aldetik:

IVAP-eko zuzendaria,

EGOITZ LABURU RODRÍGUEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala