Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

260. zk., 2021eko abenduaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
6442

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 7koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baitira kontsumitzaileen erakundeei 2022ko ekitaldian dirulaguntzak emateko oinarriak eta deialdia.

Kontsumitzaileen erakundeak irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira, eta euren helburua kontsumitzaileen eskubide eta interes legitimoak babestea eta kontsumitzaileei informazioa, prestakuntza eta hezkuntza ematea da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10. artikuluan jasotakoarekin bat etorrita, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa da kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestea.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko 6/2003 Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak izango dira kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak aldezteko unean ordezkaritza eskaini eta parte hartuko dutenak. Halaber, xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek kontsumitzaileen asoziazionismoa sustatuko dutela, bakoitzari dagokion eremuan.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua 9/2007 Legearen bidez sortu zen, eta haren helburua da Jaurlaritzaren politikak zehaztea, planifikatzea, bultzatzea eta betearaztea kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldeztearen eta babestearen arloan; eta bere eginkizunen artean daude, besteak beste, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsarako eta babeserako elkarteen eta erakundeen garapena bultzatzea eta sustatzea, eta elkarteekin lankidetzan jardutea, aktiboki eta ekonomikoki, aholkularitza-, defentsa- eta informazio-eginkizunetan.

2021eko urriaren 18an, Kontsumobideren zuzendariaren ebazpen baten bidez, erakunde autonomo horren Dirulaguntzen 2022-2024 aldirako plan estrategikoa onartu zen, betiere Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren artikuluan ezarritakoa beteta. Plan estrategiko hori erakunde autonomoaren web-orrian argitaratu zen.

Azaldutakoak oinarritzat hartuta, eta kontuan izanik Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, Dirulaguntzen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Dirulaguntzen xedea eta helburua.

Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen erakundeei, ondorengo jarduera hauek egiten dituztenei, dirulaguntzak ematea arautzea.

«Kontsumitzaileei arreta ematea» 1. lerrorako, diruz lagunduko dira kontsumitzaileen erakundeen funtzionamendu orokorraren ondoriozko gastuak lagunduko dira diruz, jarduera hauek egiteko:

– Kontsumitzaileek aurkeztutako kontsultei erantzutea.

– Erreklamazioak kudeatzea eta kontsumo-harremanei dagozkien gatazketan bitartekotza-lanak egitea.

– Kontsumitzaileei zuzendutako prestakuntza- eta informazio-ekintzak.

«Laguntza juridikoa» 2. lerrorako, diruz lagunduko dira erakundeek kontsumitzaileei emandako laguntza juridikotik eratorritako gastuak:

– Elkarteko aholkulari juridiko batekin izandako kontsultak.

– Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren epaiketetan kontsumitzaileen eskubideak eta interesak defendatzea.

– Kontsumitzaileen multzoari zuzendutako orientazio juridiko orokorrak.

– Bertan behera uzteko akzioak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 431.000 eurokoa da; horietatik, 323.250 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 107.750 euro programan aurreikusitako 2023ko konpromiso-kredituari.

Ebazpen honetan arautako laguntzak emateko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa honela banatzen da, 1. artikuluan ezarritako diruz laguntzeko moduko kontzeptu bakoitzerako:

«Kontsumitzaileei arreta ematea» 1. lerroa finantzatzeko: 276.000 euro bideratuko dira; horietatik 207.000 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 69.000 euro 2023ko konpromiso-kredituari.

«Aholkularitza juridikoa» 2. lerroa finantzatzeko: 155.000 euro bideratuko dira; horietatik 116.250 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 38.750 euro 2023ko konpromiso-kredituari.

3.– Diruz lagundu daitezkeen lerroak finantzatzeko baliabide ekonomikoei dagokienez, lerro bateko kreditua agortzen ez bada, geldikina beste lerro bateko laguntzak finantzatzeko erabili ahal izango da.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten kontsumitzaileen erakundeak izan daitezke ebazpen honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradun:

Beren helburu bakarra Kontsumobideren eskumeneko kontsumo-eremuetan kontsumitzaileak defendatzea izatea.

Eskabidea aurkezteko unean izena emanda egotea EAEko Kontsumitzaileen Erakundeen Erroldan (uztailaren 30eko 249/1985 Dekretuan zehazten da zein den errolda hori), bat etorriz, betiere, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 30. artikuluan ezarritakoarekin.

Beren jardun-eremuak Euskal Autonomia Erkidego osoa hartzea.

Kontsultak egiteko, arreta emateko eta kontsumitzaileek aurkeztutako erreklamazioak kudeatzeko zerbitzu bat izatea.

Zuzenbideko lizentzia edo gradua duten pertsonek emandako aholkularitzako eta laguntza juridikoko zerbitzu bat izatea.

Ezingo dituzte deialdiaren xede diren dirulaguntzak eskuratu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean daudenak, honako kasu hauetan, esaterako:

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

Ordainduta ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penal bat izatea, edota horretarako legezko debeku bat.

Eskabidea aurkezten denetik emango den dirulaguntza likidatzen den arte bete beharko dira baldintza horiek.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Honako gastu hauek lagundu daitezke diruz lerro bakoitzean:

1. lerroa: Kontsumitzaileei arreta ematea.

Lokalen alokairuak; erakunde eskatzaile bakoitzak hiru alokairu izan ahalko ditu gehienez, eta publikoari irekitako bulegoekin bat egin beharko dute.

Langileen gastuak.

Finantza-gastuak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.7 artikuluan ezarritakoarekin bat datozenak.

Eskabidearen aurrekontu-apartatuan behar bezala zehaztutako beste gastu orokor batzuk (zerbitzu profesionalak, bulegoko materiala, kontserbazioa eta garbiketa, aseguruak, hornidurak, kanpoko kontratazioak eta beste batzuk...).

2. lerroa: Laguntza juridikoa.

Aholkularitza juridikoko funtzioak betetzen dituzten langileak.

Aholkulari juridiko profesionalen minutak.

Ikuskatzeak egitea.

Bertan behera uzteko akzioetatik eratorritako bestelako gastuak.

Osoki azpikontratatu ahal izango da 2. lerroko jardueren exekuzioa, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzen Erregelamenduaren 68. artikuluan ezarritako baldintzak errespetatuz.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen muga kuantitatiboa merkatuaren balioa izango da, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea; amaitu, berriz, 2022ko otsailaren 17an.

2.– Prozedura honetako izapide guztiak izapidetze elektronikoarekin egingo dira. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Elektronikoki aurkeztu beharko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta 7. artikuluan eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztuko dira eskabideak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028307

4.– Eskabideren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa. Prozeduran, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2 eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Izapidetzea ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

6. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.

1.– Kontsumobidek ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak EAEko Kontsumitzaileen Erakundeen Erroldan inskribatuta daudela. Halaber, ofizioz egiaztatuko da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eskatzaileak berariaz baimena ukatzen ez badu. Kasu horretan, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako baldintza hauek betetzen direla ziurtatu beharko da:

Eskatzailearen helburu bakarra Kontsumobideren kontsumo-eremuetan kontsumitzaileak defendatzea dela.

Bere jardun-eremuak Euskal Autonomia Erkidego osoa hartzen duela.

Aholkularitza-zerbitzua eta laguntza juridikoarena eskaintzen duela.

Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez duela, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere.

Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako gainerako debekurik ez duela.

Eskatzailea inongo itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sartuta dagoen edo ez.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar ditu.

Edozein unetan egiaztatu ahal izango da erantzukizunpeko adierazpenean jasotako datuak egiazkoak direla. Adierazpen horrek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako betekizunak bete behar ditu.

Erakunde eskatzaileak edo horren ordezkari gisa jarduten duen pertsonak bere erantzukizunpean adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean jasotako datuak, indarrean dagoen legediak eskubidea jasotzeko ezarritako eskakizunak betetzen dituela eta hori egiaztatzen duten dokumentuak dauzkala, eta, dirulaguntza eskuratuz gero, horri dagokion denboraldian zehar eskakizun horiek betetzen jarraituko duela.

7. artikulua.– Agiriak.

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpena barne, honako agiri hauekin batera aurkeztu beharko da. Oro har:

2021eko abenduaren 31ko egoera ekonomikoaren balantzea, baita emaitzen kontua ere, honako alderdi hauek jasoko dituena: a) bazkide-kuotengatik sartutako zenbatekoaren xehetasuna, ordaindutako kuota motaren arabera banatuta, eta b) bazkide-kuotetatik ez datozen beste diru-sarrera propio batzuk.

Erakundeak 2021ean egindako jardunaren memoria zehatza.

2020ko abenduaren 31n eta 2021eko abenduaren 31n beren kuotak egunean dituzten bazkideen kopuruaren txostena, bazkide-maila desberdinak eta dagokion tarifa zehaztuta.

Horrez gain, 1. lerroko eskabideetarako:

Aurrekontua.

Deialdiaren urtean eskaini nahi den kontsumitzaileentzako arreta-zerbitzuaren memoria zehatza, zeinak nahitaez eman beharko baititu haren ardura hartuko duten langileen zerrenda, eskaini behar diren orduak eta jardueraren deskribapena. Prestakuntza-jardueren kasuan, prestakuntza-plan bat aurkeztu beharko da. Plan horren barnean hitzaldiak eta ikastaroak sartuko dira, eta horietako bakoitzean gutxienez 8 pertsona bertaratzea eskatuko da.

Horrez gain, 2. lerroko eskabideetarako:

Aurrekontua.

Deialdiaren urtean eskaini nahi den zerbitzu juridikoaren memoria zehatza, honako hauek jasota: zein diren haren ardura hartuko duten langileak, zenbat ordu jardungo duten eta jardueraren deskribapena.

Txosten bat, 2021ean kontsumitzaileen eskubideen defentsa egiteko aurkeztutako demanda-kopurua jasoko duena. Txosten horri aurkeztutako demanda judizialak izapidetzea onartu dela egiaztatzen duen frogagiria erantsi beharko zaio, bai eta dagozkion epaien kopia ere, egonez gero.

2021ean gauzatu diren eta deialdiaren urtean gauzatzea espero diren bertan behera uzteko akzioei buruzko txostena eta kopia.

8. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzen dezan; halaber, jakinaraziko zaio, agindutakoa bete ezean, eskabidean atzera egin duela esan nahiko duela, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan.

9. artikulua.– Dirulaguntza emateko prozedura.

Emate-prozedura norgehiagokaren bidezko prozedura arrunta izango da, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 22. artikuluarekin bat.

10. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, eta pertsona hauek izango dira batzordekideak:

Lehendakaria: María Olga Santamaría Navaridas, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria.

Nazareth Holgado Freixo, Plangintza, Azterketa, Informazio eta Prestakuntzarako Unitatearen arduraduna.

Arrate Martinez de Gereñu Ortuoste, Erreklamazioetarako, Bitartekaritzarako eta Arbitrajerako Unitatearen arduraduna.

Fernando Valdés Larrañaga, Zerbitzu Orokorretako Unitatearen aholkulari juridikoa.

Batzordeburuak izendatuko du kide anitzeko organoko idazkaria.

2.– Batzordeak, garaiz eta behar bezala aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta eskabideak ebaluatu ondoren, txosten bat egingo du ebaluazioaren emaitza zehazteko.

3.– Batzordeak, beharrezko irizten badio, informazio eta agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkie erakunde eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak hobeki ulertu ahal izateko.

11. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Erakunde onuradunek gehienez jaso ahal izango dituzten kopuruak hauek izango dira:

1. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100; gehienez, 102.000 euro.

2. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100; gehienez, 92.000 euro.

12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Ebazpen-proposamen bat garatze aldera, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1.– 1. lerroa: Kontsumitzaileei arreta ematea.

2021ean kudeatutako erreklamazioen kopurua: 20 puntu gehienez; 0,05 puntu erreklamazio bakoitzeko. Soilik hartuko dira kontuan Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako kontsultak. Ez dira onartuko bikoiztasuna edo irregulartasuna dakartenak.

2021ean jaso eta artatutako kontsulten kopurua: 15 puntu gehienez; 0,01 puntu kontsulta bakoitzeko. Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako kontsultak soilik onartuko dira.

Kontsumobiden aurkeztutako eta zehapen-izaerako administrazio-prozedurak eragin dituzten salaketen kopurua: puntu 1 salaketa bakoitzeko, 5 puntu gehienez.

Astean gutxienez 15 orduz publikoari irekitako bulego bakoitzeko, zeinetan 2021. urtean gutxienez 50 erreklamazio izapidetu baitira: 5 puntu; 15 puntu gehienez.

2021ean kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko aurkeztutako bertan behera uzteko akzio judizialen kopurua: 20 puntu gehienez; 5 puntu akzio bakoitzeko.

Elkarteko kuota ordaindua duten bazkideen kopurua 2021ean. Ordainketak eginda dauzkan bazkidetzat joko da elkartearen urteko kuota ordainduta duen pertsona fisikoa edo familia-unitatea.

200 eta 400 bazkide bitartean: 5 puntu.

401 eta 600 bazkide bitartean: 7 puntu.

601 eta 800 bazkide bitartean: 10 puntu.

801 bazkide baino gehiago: 15 puntu.

2020arekin alderatuta bazkide kopurua igotzeagatik:

% 10era arteko igoera: 2 puntu.

% 20ra arteko igoera: 4 puntu.

% 40ra arteko igoera: 6 puntu.

% 50era arteko igoera: 7 puntu.

Erakunde eskatzaileak deialdiaren aurreko urtean izandako diru-sarrerak: 1 puntu emango dira erakundearen 4.000 euroko diru-sarrera bakoitzeko, 15 puntu gehienez. Ez dira kontuan hartuko Kontsumobidek emandako dirulaguntzetatik eratorritako diru-sarrerak, ezta bazkideen kuotetatik eratorritakoak ere.

Prestakuntza- eta informazio-jardueren ondoriozkoak:

Hitzaldiengatik, betiere gutxienez 8 pertsona bertaratu badira, puntu 1: 5 puntu gehienez.

Ikastaroengatik, betiere gutxienez 4 orduko iraupena izan badute eta 8 pertsona bertaratu badira, 3 puntu; 9 puntu gehienez.

Hitzaldiak eta ikastaroak egin aurretik, ezinbestekoa izango da Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutura deialdia bidaltzea.

Komunikazio-akzioengatik, 3 puntu; 15 puntu gehienez.

Puntuazio guztia batu ondoren, 100 eskalara egokituko da, hirukotearen erregela aplikatuz.

2.– 2. lerroa: Laguntza juridikoa.

2021ean kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko aurkeztutako bertan behera uzteko akzio judizialen kopurua: 20 puntu gehienez; 5 puntu akzio bakoitzeko.

2021ean kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko aurkeztutako demanda judizialen kopurua: 80 puntu gehienez; puntu 1 demanda bakoitzeko.

3.– 1. eta 2. lerroen kalkulua.

Eskatzaile bakoitzak lerro bakoitzean lortutako puntuazioa lerro bakoitzaren ataletan lortutako puntuazio guztien batura izango da. Lerro bakoitzean puntuazio handiena lortu duen eskatzaileari aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100eko dirulaguntza esleituko zaio, 11. artikuluan jasotako mugak kontuan izaki. Gainerako eskatzaileei dirulaguntzaren ehunekoa proportzionalki kalkulatuko zaie.

4.– Behin aurkeztutako eta onartutako aurrekontuen balorazioan eskuratutako ehunekoak aplikatuta, eta 2.2 artikuluko lerroetako bakoitzarentzat aurreikusitako mugak kontuan hartuta, eman beharreko dirulaguntzen guztirako zenbatekoak eskuragarri dagoen aurrekontu-kreditua gainditzen badu, kontsumitzaileen erakunde onuradun guztiei dagokien banaketa proportzionala aplikatuko zaie.

13. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1.– Deialdi honetan ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek mota bereko gastuak finantzatzeko emandako edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, bai eta helburu bera duen beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere.

2.– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 19.3 artikuluaren arabera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen bada, beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, edo deialdi honetan ezarritako finantzaketa publikoaren gehieneko ehunekoa gainditzen bada, jaso beharreko dirulaguntza dagokion kopurura murriztuko da.

3.– Gainfinantzaketa itzulketa-betebehar bera aurreikusita duten beste laguntza batzuekin konkurrentzian sortzen bada, itzuli beharreko kopurua proportzionala izango da diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean emandako laguntzaren ehunekoarekiko.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Eskabideak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendariak ebatziko ditu, balorazio-batzordeak proposatuta.

2.– Emango den ebazpenak zehaztutako du eskatutako dirulaguntzak emango diren edo ukatuko diren. Ematea erabakiz gero, honako hauek zehaztuko dira: erakunde onuradunaren izena, diruz lagundutako proiektua eta emandako zenbatekoa, urtez urteko banaketarekin. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, erakunde eskatzailearen izena eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren balioa izango du.

4.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

5.– Sei hilabetekoa izango da prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota aurreko apartatuan ezarritako jakinarazpenik egin ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

6.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Esleitutako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

Emandako zenbatekoaren % 75, aldeko ebazpena hartzen den unean; betiere, 17.1.a) artikuluan aipatzen den epea igaro ostean.

Gainerako % 25a, ebazpen honen 4. artikuluan jasotako gastuen guztizkoa justifikatu ondoren.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenentzat emandako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, onuradunak fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan balioa duten edo eraginkortasun administratiboa duten froga-balio baliokidea duten dokumentuak aurkeztu beharko ditu, bai eta ordainketaren frogagiriak ere. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza ere aurkeztuko du, zenbatekoa eta jatorria adierazita. Justifikatzeko azken eguna 2023ko martxoaren 15a izango da.

A) Horretarako, emandako dirulaguntzen lerro bakoitzerako:

Kontsumitzaileei arreta emateari dagokion (1. lerroa) justifikazio-dokumentazioa:

Egindako ekintzen memoria.

Jardueren memoria ekonomikoa, jardueraren gastuak eta inbertsioak bilduko dituena. Honako hauek zehaztuko dira: hartzekoduna, bere IFZ, bere zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data, hala badagokio. Gastuak eta inbertsioak honela sailkatuko dira: a) zerbitzu profesionalak; b) lokalen alokairua; c) bulegoko materiala; d) kontserbazio- eta garbiketa-gastuak; e) aseguruen primak; f) hornidurak (telefonia, ura, elektrizitatea); g) kanpoko kontratazioak; h) finantza-gastuak, eta i) beste batzuk.

Langileen gastuak egiaztatzeko, dokumentazio hau aurkeztuko da, dagokion ordainketa-frogagiriarekin: a) nominen eredu ofiziala; b) Gizarte Segurantzako kotizazioaren frogagiriak, eta c) dagokion zerga-eredua, langile bakoitzaren banakapena adierazita.

Aldi baterako lankidetzak justifikatzeko, ordainagiriak aurkeztu behar dira, datu hauek jasoko dituztenak: a) hartzailearen datuak; b) hartzailearen NANa; c) zer kontzepturengatik ordaintzen zaion, eta d) PFEZari dagokion atxikipena, hala badagokio.

Laguntza juridikoari dagokion (2. lerroa) justifikazio-dokumentazioa:

Egindako ekintzen memoria.

Jardueren memoria ekonomikoa, datu hauek biltzen dituena: jardueraren gastuak, hartzekodunaren identifikazioa, bere IFZ, zenbatekoa, jaulkipen-data, ordainketa-data eta ordainketa-dokumentua, hala badagokio. Gastuak honela sailkatu beharko dira: a) aholkularitza juridikoko eginkizunak dituzten langileak; b) zerbitzu profesionalak, eta c) beste gastu batzuk.

Laguntza juridikoko zerbitzuak betetzen dituzten langileei dagozkien gastuak justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da: a) nominen eredu ofiziala; b) Gizarte Segurantzako kotizazioaren frogagiriak, eta c) dagokion zerga-eredua, langile bakoitzaren banakapena adierazita, baita ordainketa-frogagiria ere.

Aldi baterako lankidetzak justifikatzeko, ordainagiriak aurkeztu behar dira, datu hauek jasoko dituztenak: a) hartzailearen datuak; b) hartzailearen NANa; c) zer kontzepturengatik ordaintzen zaion, eta d) PFEZari dagokion atxikipena, hala badagokio.

Fakturak eta dokumentazioa digitalizatuta bidaliko dira. Erakundearen buru denaren adostasuna eta zigilua agertuko dira fakturetan eta dokumentazioan. Jatorrizkoak erakunde onuradunak gordeko ditu. Data ez da 2022ko abenduaren 31 baino geroagokoa izango.

Jasotako finantzaketa behar bezala argitara emateko, egiaztatu beharko da erakundeak Kontsumobideren logoa jarri duela webguneetan, idatzizko jakinarazpenetan eta abarretan. Pantaila-argazkia erantsiko da eta zuzeneko esteka bidaliko da, egiaztatzeko. Idatzizko bitartekoetan, publizitatea jasotzen duen dokumentazioaren kopia, eta beste material edo baliabide batzuetan, publizitatearen argazkia.

2.– Kontsumobidek egoki irizten dien adina egiaztapen egin dezake emandako dirulaguntzaren inguruan, eta laguntza justifikatzeko jatorrizko agiri guztiak aztertu ahal izango ditu.

3.– 4. artikuluan aipatutako gastuak justifikatzerakoan dirulaguntza emateko onartutako aurrekontutik % 8tik gorako eta % 25eko edo hortik beherako desbideratzea eman dela ikusten bada, emandako dirulaguntza gutxitu egingo da aldaketak egiteko ebazpen baten bitartez; hain zuzen ere, benetan gastatutako zenbatekoari aplikatuko zaion ehunekoa dirulaguntza kalkulatzeko aurrekontuari aplikatu zitzaion berbera izango da.

4.– 4. artikuluan aipatutako gastuetan % 25etik gora desbideratzeak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du, ebazpen honen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, non eta ez den justifikatzen dirulaguntza esleitzeko helburu guztiak bete direla. Horrela gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa aurreko lerrokadan aurreikusitako moduan gutxituko da.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Betebehar hauek izango dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak jasotzen dituzten kontsumitzaileen erakundeek:

Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, dirulaguntza onartzen dutela ulertuko da.

Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea; gainera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –dirulaguntzen inguruko eginkizunetan jardutean– eskatutako argibideak ematea.

Kontsumitzaileen elkarteen bulegoetan Kontsumonet informazio-aplikazioaren bitartez jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak kudeatzea (erregistratu, izapidetu eta ebatzi). Kontsumoari buruzko informazio-zentroen sarean dauden zentro guztien jarduerak biltzen ditu Kontsumonet informatika-aplikazioak.

Diruz lagundutako jarduerak garatzeko, Kontsumobideren laguntza jaso izanaren jakinarazpena bermatzea, dagokion logoa jasoz. Logo horren ondoan, honako hau jarriko da: «Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak diruz lagundutako programa. Haren edukia elkarte onuradunaren erantzukizun esklusiboa da». Logoa eta legenda ikusgai egongo dira bulegoetan, bai eta argitalpen eta material guztietan ere.

Elkartearen jarduerak sustatzean eta horien berri ematean, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.

Erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak dirulaguntzaren helburuarekin lotutako harremanen eremuan bete direla bermatzea.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektiboren aldaketa jakinaraziko zaio Kontsumobideri.

Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso direla adierazi behar du erakunde eskatzaileak, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

Dirulaguntzaren erakunde onuraduna, behar baino zenbateko handiagoak jasotzen baditu, horiek itzultzera behartuta dago. Horretarako, bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaion egunetik aurrera, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarri bezala. Hain zuzen ere, dekretu horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta berak ezartzen ditu horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14., 18. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan aurreikusitako gainerako betebeharrak beteko dituzte.

2.– Dirulaguntza eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, amaituta eduki behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezartzen diren kasuetan, dirulaguntzak kendu egingo dira, eta ondorioz, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko ditu antolakunde onuradunak. Halaber, horrela jokatuko da baldin eta: antolakunde onuradunak betebeharrak konplitu gabe uzten baditu, gastuak justifikatzen ez baditu, eskabidean esandakora gabe beste zerbaiterako erabiltzen badu, edota, oro har, Ebazpen honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako betekizunen bat bete gabe uzten badu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Xedapen hauek arautuko dituzte ebazpen honetako dirulaguntzak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta horren erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako araudia.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 7a.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,

MARÍA OLGA SANTAMARIA NAVARIDAS.


Azterketa dokumentala