Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2021eko abenduaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
6157

EBAZPENA, 2021eko azaroaren 17koa, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariarena, Euskal Eskubaloi Federazioaren Estatutuetan aldaketak onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzen dituena.

Euskal Eskubaloi Federazioa EAEko Kirol Elkarteen eta Federazioen Erregistroan inskribatu zen, 1986ko maiatzaren 12an 101 zenbakiarekin. Federazioaren Estatutuen aldaketak aurkeztu dira orain.

Euskal Eskubaloi Federazioak, 2021eko uztailaren 3an egindako Ezohiko Batzar Orokorrean, bere Estatutuen artikuluak moldatzeko erabakia hartu zuen eta onarpen hori agiri bidez frogatu da.

Estatutuen aldaketak bat datoz urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan eta Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean xedatutakoarekin.

Ondorioz, nire eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Euskal Eskubaloi Federazioaren Estatutuen artikuluen aldaketak onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea.

Bigarrena.– Legez ezarritako epean jakinarazteko agindua ematea.

Hirugarrena.– Ebazpen hau euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Laugarrena.– Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio bidea eta, bere aurka, pertsona interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 17a.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria,

JON REDONDO LERTXUNDI.

eranskina
EUSKAL ESKUBALOI FEDERAZIOA
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna duena, eta kirolariak, teknikariak, epaileak, klubak eta kirol-elkarteak biltzen ditu Euskadin eskubaloi-modalitatea praktikatzeko, sustatzeko eta antolatzeko. Kirol-modalitateak honako diziplina hauek ditu:

Eskubaloia,

Hondartzako eskubaloia,

2. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioa Euskal Herriko Kirolari dagokion ekainaren 11ko 14/1998 Legeak zuzentzen du; Euskal Herriko kirol federaziotako urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuari, eta Legeari dagozkion gainerako garapen-xedapenei jarraiki; estatutu eta arautegi zehatz hauei, hala nola dagozkion organoek baliozkotasunez hartutako hitzarmenei jarraiki.

3. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioaren helbidea ondorengoa da: Anoeta Pasalekua, 7 – 20014 Donostia - Lurralde historikoa: Gipuzkoa.

4. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioak eremu autonomikoan kirol modalitateari dagozkion jarduera eta lehiaketa ofizialak sustatzen, kalifikatzen, baimentzen, agintzen eta antolatzen ditu.

5. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioa euskal kirol federatuaren ordezkaria da estatu mailan.

6. artikulua.– Bere eginkizunak betetzeko, Federazioak ondorengo funtzioak izango ditu:

a) Estatuan dagokion kirol modalitatea ordezkatzea, eta, hala dagokionean, federazioa beste erakunde batzuetara atxikitzeko araubidea zehaztea.

b) Bere barne dauden lurralde federazioen jarduera koordinatzea.

c) Autonomia erkidegoan kirol modalitatearen lehiaketa ofizialak eta jarduerak antolatzea.

d) Parte hartzeko eta lehiatzeko arau propioak ezartzea; betiere bere eremuaz gaindiko lurraldeko federazioek ezarritako arauen aplikazioari dagokionean kalterik eragin gabe, hala dagokionean.

e) Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan bere estamentu guztien partaidetza antolatzea.

f) Dagokion kirol modalitatearen federazio lizentziak ematea.

g) Bere jarduera garatzean sortutako kirol gatazkak ezagutu eta konpontzea; organo judizial eta arbitraje-organoen eskumenari kalterik egin gabe.

h) Bere arauak betetzen direnaz arduratzea, eta horiei jarraiki, duen diziplina ahalmena burutzea.

i) Administrazioarekin kirolean debekatuta dauden substantzia, talde farmakologiko eta arauz kanpoko metodoen erabilera prebenitzen, kontrolatzen eta zigortzen elkarlanean aritzea, horretarako zehazten den araudiari jarraiki.

j) Horretarako ezartzen den araudiari jarraiki, dagokion kirol modalitateko teknikariak eta epaileak prestatzea.

k) Bere baliabide ekonomikoen helburua zehaztu eta esleitzea; bere jarduerarako beste erakunde batzuek transferitzen dizkion baliabideak kudeatzea, eta bere baliabide guztien erabilera zuzena dela kontrolatzea.

l) Lurralde federazio, eta atxikita dituen klub eta kirol elkarteentzako dirulaguntzak esleitu eta aplikazioa kontrolatzea.

m) Euskal Herriko administrazioekin kirol-sustapeneko bere helburuetan elkarlanean aritzea, eta, bereziki, 14/1998 Legeak federazioei zuzenean ezartzen dizkien lankidetza eta aholkularitzako funtzioetan.

n) Bere estatutuak eta kirol araudiak lantzea.

ñ) Dagokion kirol modalitatean eta lurralde eremuan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea, eta ahal den neurrian, bermatzea.

o) Balio-urritasun fisiko, psikiko, sentsorial nahiz mistoak (kirol egokitua) dituen biztanleriak praktikatuko duen kirolaren ardura duten kirol federazioekin parte hartzea bere gizarte integratzeari dagokionean ekarpena egiteaz gainera behar duten laguntza teknikoa emateko helburuarekin.

p) Eta, oro har, dagokion kirol modalitatearen jarduera sustatzeko eta hobetzeko komeni den guztia ezartzea.

7. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioak bere lurralde-federazioekin koordinatuta beteko ditu bere eginkizunak.

8. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioaren baitan ez da inolako diskriminaziorik onartuko arraza, sexu, erlijio, iritzi eta sinesmenengatik, edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

II. TITULUA
FEDERAZIOKO KIDE EGITEA. LIZENTZIAK

9. artikulua.– 1.– Federazio-lizentzia (digitala edo fisikoa) agiri pertsonal eta besterenezina da, titularrari Euskal Eskubaloi Federazioko kide izaera ematen diona eta bere lehiaketa ofizialetan parte hartzeko gaikuntza ematen diona, betiere lehiaketa horiek arautzen dituzten arauen arabera.

Estamentu guztiek ezinbesteko baldintza dute federazio lizentzia edukitzea, bai Euskal Eskubaloi Federazioak eta bere lurralde federazioek, eta bai lurraldez gaindiko beste edozein erakundek antolatutako lehiaketa ofizialetan parte hartu ahal izateko.

Federazio-lizentzia duten estamentu guztiek Euskal Eskubaloi Federazioak bere lehiaketei dagokienez ezartzen dituen arauak, erregelamenduak eta xedapenak bete beharko dituzte.

Euskal Eskubaloi Federazioak, araudiari jarraiki, estamentu ezberdinetako mailak, eginkizunak eta baldintzak zehaztuko ditu.

2.– Federazio-lizentzia bakarra izango da Euskal Herrian, eta, horren bidez, titularra bai Euskal Federazioari eta bai dagokion lurralde federazioari atxikita egongo da.

3.– Aldi berean bi federaziotako kide izateko, dagokion lizentzia lortu behar da.

4.– Euskal Federazioak, lurralde-federazioekin ados jarrita, jolas- edo zerbitzu-txartel bat sortu ahal izango du, ofiziala ez dena eta borondatezko harpidetzakoa, inolako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko eskubiderik ekarriko ez duena eta federazio horretan sartzea ekarriko ez duena. Txartel horrek ofizialak ez diren kirol-jarduera jakin batzuetan parte hartzea edo zerbitzu jakin batzuk lortzea baino ez du ekarriko.

5.– Federazio honek ematen duen lizentziak titularrari gaitasuna emango dio goragoko lurralde-eremuko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen kasu eta baldintzetan.

10. artikulua.– 1.– Euskal Eskubaloi Federazioa da bere kirol-modalitateetako federazio-lizentziak emateko eskumena duen erakundea Euskadin, eta lurralde-federazioak izango dira lizentziak izapidetzeko eskumena izango duten erakundeak.

2.– Federazio honek, lizentziak emateko duen eskumenaren babesean, erregelamendu bidez ezarriko ditu lizentzien dokumentu-, kirol- eta ekonomia-araubidea, lizentzien eskubide eta betebeharrak, iraupena, indarraldia hastea, kategoriak, kuotak, prozedura, formatua eta antzeko gainerako gaiak. Eginkizun horren barruan sartuko da, halaber, nahitaezko arrisku-estaldurak bermatuko dituzten aseguru kolektiboak kontratatzea.

3.– Euskal Federazioak borondatezko kuota gehigarri bat jaso ahal izango du federatuengandik, zenbait zerbitzu eta jarduera finantzatzeko.

4.– Federazioak lurraldeko federazio bakoitzarekin banatuko du lizentzia bakoitzaren zenbateko garbia, Batzar Nagusiak onartzen duen moduan eta urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 24.5 artikuluan ezarritakoaren arabera. Zenbateko garbi hori kalkulatzeko, aseguruei eta, hala badagokio, goragoko lurralde-eremuko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko kuotei dagozkien zenbatekoak kenduko zaizkio zenbateko gordinari.

11. artikulua.– 1.– Federazioaren Batzar Nagusiak onartuko ditu lizentzien formatua eta edukia, eta lizentzia horietan, nahitaez, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dira.

2.– Lizentziak (digitalak edo fisikoak) komunikazioaren teknologiak era egokian aprobetxatzeko moduko baldintza teknikoak dituen euskarri batean, eta Eusko Jaurlaritzak euskarri horiei dagokionean onartutako ezaugarri teknikoekin bat etorriaz igorriko dira.

3.– Lizentziaren agirian ondorengo kontzeptuak jasoko dira:

a) Nahitaezko aseguruen kuota.

b) Euskal Federazioarentzako kuota zenbateko garbiaren % 50 izango da.

c) Lurraldeko federazioarentzako kuota zenbateko garbiaren % 50 izango da.

d) Federazioaren eremuaz gaindiko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko kuota, hala dagokionean.

4.– Lizentziaren agirian, halaber, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 25.4 artikuluan ezarritako edukiak jasoko dira.

5.– Federazioko kideren batek, gatazkak konpontzeko arbitraiari uko egiten badio, ukapen hau lizentziaren dokumentuan agertuko da.

12. artikulua.– Federazioak ematen dituen lizentziak urtebeterako izango dira, hau da, denboraldi osorako, abuztuaren batetik hurrengo urteko uztailaren hogeita hamaikara arte.

13. artikulua.– Federazioak Lizentzien Erregelamenduan zehaztuko ditu pertsona federatu berak izan ditzakeen lizentzien bateragarritasunaren kasuak, baldintzak eta ondorioak.

III. TITULUA
GOBERNU, ADMINISTRAZIO ETA ORDEZKARITZA ORGANOAK

14. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioan gobernu, administrazio eta ordezkaritza organo hauek egongo dira:

a) Batzar Nagusia izeneko gobernu-organo bat.

b) Ordezkaritza-organo bat, Federazioko lehendakaria titularra izango duena.

c) Kide anitzeko administrazio-organo bat, Zuzendaritza Batzordea izenekoa.

I. KAPITULUA
BATZAR NAGUSIA

15. artikulua.– Batzar Nagusia Federazioaren gobernu organo nagusia da, eta, gutxienez, ondorengo funtzioak bete beharko ditu:

a) Lehendakaria hautatzea.

b) Federazioko kontuak eta aurrekontuak onartzea.

c) Estatutuak onartzea edo aldatzea.

d) Zentsura-mozioa onartzea.

e) Lehiaketa ofizialen egutegia onartzea.

f) Federazioaren jarduera-plana onartzea.

g) Federazioaren arautegiak onartzea edo aldatzea.

h) Ondasun higiezinak xedatu, besterendu eta kargatzea, maileguak hitzartzea eta zor-tituluak edo ondare-zati alikuotakoak jaulkitzea, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.

i) Federazioaren desegitea erabakitzea.

j) Bere garrantzia dela eta Batzar Nagusiaren oniritzia eskatzen duten beste erabaki guztiak hartzea.

16. artikulua.– 1.– Euskal Eskubaloi Federazioaren Batzar Nagusia lau urtean behin hautatuko da, boto libre, zuzen, berdin eta sekretuaren bidez. Hautaketa hori, lurralde federaziotako Batzar Nagusi bakoitzean egingo da.

2.– Edozein kasutan, hauteskundeak kirol modalitatearen joko olinpikoak egiten diren urteetan egingo dira beti, eta lurralde federaziotako batzar nagusiak berritu eta gero.

3.– Salbuespen gisa, eta Eusko Jaurlaritzak berariazko baimena eman eta gero, hauteskunde-prozesuaren hasiera atzeratu edo aurreratu daiteke, aurreikusitako hasiera-egunean ezinezkoa gertatzen bada.

17. artikulua.– 1.– Batzar Nagusia klub, kirol elkarte, kirolari, teknikari eta epaileen estamentuetako ordezkariek osatuko dute, ondorengo proportzioan:

a) Hiru lurraldeetako federazioetako lehendakariak.

b) Batzarreko kide guztien % 76, klub eta kirol elkarteen estamentuan, hiru lehendakariak kanpo utzita.

c) Batzarreko kide guztien % 10, kirolarien estamentuan, hiru lehendakariak kanpo utzita.

d) Batzarreko kide guztien % 10, teknikarien estamentuan, hiru lehendakariak kanpo utzita. Era berean, ordezkaritza eta hauteskundeak deitzeko unean dauden estamentu bakoitzaren lizentzia kopurua proportzionalak izango dira.

e) Epaileen estamentuaren ordezkariak batzarreko kide guztien % 4an ezarritako ehunekoan egongo dira, hiru lehendakariak kanpo utzita. Ordezkaritza eta hauteskundeak deitzeko unean dauden estamentu bakoitzaren lizentzia kopurua proportzionalak izango dira.

2.– Aurreko araua aplikatu ondoren estamentu bakoitzerako ateratzen den portzentaje globala honela banatuko da: lurralde-federazio bakoitzari, estamentu bakoitzean Euskadiko Federazioan erroldaturiko kide guztiekiko ordezkari-kopuru proportzionala emango zaio.

3.– Euskal Eskubaloi Federazioaren Batzar Nagusiak 53 kide izango ditu guztira.

18. artikulua.– 1.– Euskal Eskubaloi Federazioko edozein kirol-modalitatetako kluben eta kirol-elkarteen estamentuaren ordezkariak Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatuta eta dagokion lurralde-federazioari atxikita dauden klub eta elkarteen ordezkariek hautatuko dituzte, beren artean, baldin eta hauteskunde-denboraldian kirol-jarduera esanguratsua egin badute eta aurreko denboraldian izan badute.

2.– Batzar Nagusian ordezkapena izateko, klub eta kirol elkarteek jardunean gutxienez hogeitamar lizentzia eduki behar dituzte.

3.– Kirolarien estamentuko ordezkariak, hauteskundeak egingo diren denboraldian nahiz aurrekoan lizentzia indarrean duten hemezortzi urtetik gorako kirolarien artean hautatuko dira. Lehen azaldutako baldintzak betetzen dituzten hamasei urtetik gorako kirolariek aukeratuko dituzte ordezkariak.

4.– Teknikarien ordezkariak, lizentziaren kategoria edozein dela ere, hauteskundeak egingo diren denboraldian nahiz aurreko denboraldian lizentzia indarrean dutenen artean hautatuko dira.

5.– Epaileen ordezkariak, lizentziaren kategoria edozein dela ere, hauteskundeak egingo diren denboraldian nahiz aurreko denboraldian lizentzia indarrean dutenen artean hautatuko dira.

6.– Aukeratuak izan diren denboraldian Batzar Nagusiko kideen artean plaza librerik geratzen bada, Batzar Nagusirako azken hauteskundeetan estamentu bakoitzari dagokion ordezkoen zerrendan agertzen den lehenengo pertsonak beteko du, Hauteskunde Arautegiak hartarako xedatutako prozedurari jarraiki.

7.– Lurralde federazioren batean estamentu jakinik ez badago, edo estamentua osatzen duten pertsona kopuruarekin lurralde federazio horri esleitutako gutxieneko ordezkaritza lortzen ez bada, estamentuaren plaza libreak lurralde federazio horren gainerako estamentuei proportzionalki esleituko zaizkie.

19. artikulua.– 1.– Batzar Nagusia ohiko eta ezohiko bilkuretan biltzen da.

2.– Batzar Nagusia ekitaldi bakoitzean gutxienez behin bilduko da ohiko bilkuran, lehenengo seihilekoaren barruan, honako hauetarako:

a) Kontu eta aurrekontuen egoera onartzeko,

b) Jarduketa-plana onartzeko,

c) Lehiaketen egutegi ofiziala onartzeko,

3.– Bere eskumeneko gainerako gaiak, hurrengo paragrafoan aurreikusitakoak izan ezik, halaber ohiko bileran tratatuko dira.

4.– Batzar Nagusiak ezohiko bilkuran bilduko da, honako gai hauek aztertzeko:

a) Lehendakaritzarako hauteskundeak egitea.

b) Lehendakaria zentsuratzeko mozioa.

c) Araudiak onartzea eta/edo aldatzea.

d) Estatutuak onartzea eta/edo aldatzea.

e) Federazioa desegitea.

20. artikulua.– 1.– Ohiko edo ezohiko batzar orokorretarako deialdia Federazioko presidenteak egingo du ofizioz, Zuzendaritza Batzordeak edo Batzar Nagusiko kideen % 5ek eskatuta. Hori ezinezkoa bada, edo lehendakariak ez badu batzarra deitzeko betebeharra betetzen, Zuzendaritza Batzordeak edo Batzar Nagusiko kideen % 5 ordezkatzen duen kide-talde batek egin ahal izango dute deialdia.

2.– Horretarako eskumena duten edozein organo edo taldeek, eskaera egin eta gehienez 15 egun naturaletako epean egin beharko du lehendakariak Batzar Nagusirako deialdia.

21. artikulua.– Batzar Orokorraren deialdia, ohikoa zein ezohikoa, eta gai-zerrenda idatziz jakinaraziko zaizkie batzarkideei, gutxienez 15 egun lehenago.

22. artikulua.– 1.– Batzarreko kideek lehendakariari bere ustez interesgarriak diren gaiak gai zerrendan sartzea eskatu ahal izango diote, gutxienez, hamar eguneko aurrerapenarekin, eta betiere, eskaera gutxienez Batzarreko kideen % 5ak proposatzen badu, sartu beharreko gaia federazioarentzat interesgarria bada; ala estamenturen bateko kideen % 5ak eskatzen badu, sartu beharreko gaiak dagokion estamenturako lehentasunezko interesa badu.

2.– Proposatutako gaia gai zerrendan sartzea onartzen ez bada, eskatzaileari jakinarazi beharko zaio, ukatzearen arrazoiak azalduz.

23. artikulua.– Batzar Nagusia lehen deialdian baliozkoa izango da baldin eta kideen erdiak gehi bat joaten badira. Bigarren deialdian, berriz, baliozkoa izango da bilerara joandako kide kopurua edozein dela ere.

24. artikulua.– Batzar Nagusian botoaren eskuordetzea ez da onartuko.

II. KAPITULUA
ZUZENDARITZA BATZORDEA

25. artikulua.– Zuzendaritza Batzordea Federazioko administrazio-organoa da, eta Federazioko gaien administrazio- eta ekonomia-kudeaketaz arduratuko da. Horiek, Batzar Nagusiaren arauei jarraiki garatu beharko ditu.

26. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak kide kopuru bakoitia izango du, eta gutxienez honakoek osatuko dute:

a) Lehendakaria; Federazioko lehendakaria ere izango da.

b) Lehendakariordea; lehendakaria aldi baterako ez badago edo kargutik kentzen badute, haren eginkizunak bere gain hartuko ditu.

c) Idazkaria.

d) Diruzaina.

e) Hainbat estamentu ordezkatzen dituzten kideak. Kirol-diziplinagatik federazioaren barruan eratzen den batzorde bakoitzeko kide bat egongo da.

2.– Lurralde Federazioetako lehendakariak Zuzendaritza Batzordeko kide dira, eskubide osoko kide gisa.

3.– Zuzendaritza Batzordeari Federazioko idazkariaren laguntza izango du, eta hitza izango du, baina botorik ez.

4.– Lehendakariordetzako eta diruzaintzako karguak pertsona berak bete ditzake.

5.– Zuzendaritza Batzordeko kargu guztiak ohorezkoak dira, idazkariarenak eta diruzainarenak izan ezik, horiek ordaindu ahal izango baitira.

6.– Batzar Nagusikoak ez diren Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek parte hartu ahal izango dute Batzar Nagusian, hitzarekin baina botorik gabe.

27. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeko kideak Federazioko lehendakariak hautatuko ditu, bere agintaldia bukatu arte, behin Batzar Nagusia berritutakoan. Batzarreko kideen hautaketa librean lurralde federaziotako lehendakariak salbuesten dira.

2.– Zuzendaritza Batzordeko kideak berriz ere hauta daitezke, baina agintaldien muga hamabi urtekoa edo hiru agintalditakoa izango da, eta Zuzendaritza Batzordean izandako zuzendaritzako kargu guztiak hartuko dira aintzat. Hala eta guztiz ere, aurreko agintalditik urte bete igaro eta gero hautaketa edo izendatze prozesu berrietara aurkeztu ahal izango dira. Idazkaria eta diruzaina aldiz, aurreko agintalditik hilabete eta gero hautaketa edo izendatze prozesu berrietara aurkeztu ahal izango dira.

28. artikulua.– 1.– Federazioko lehendakariari ala, hori izan ezean, Zuzendaritza Batzordeko kideen % 25ari egokituko zaio Federazioaren bileretarako deia egitea.

2.– Deialdiarekin batera gai zerrenda aurkeztu beharko da, eta hor eztabaidatu behar diren gaiak, nahiz horien inguruko dokumentazioa adierazi beharko dira.

3.– Gai zerrenda hori, gutxienez, bilera egin baino bi egun lehenago jakinarazi beharko zaie Batzarreko kideei, idatziz, behar bezala justifikatutako premia dagoenean salbu.

4.– Hala ere, deialdia egon ez arren, baliozkotzat hartuko da kide guztiak joaten badira, eta aho batez hala erabakitzen badute.

29. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordea baliozkotasunez eratuta geratuko da lehen deialdira kideen erdia gehi bat bertaratzen direnean, eta bigarren deialdira, gutxienez, kideen % 25a bertaratzen denean. Nolanahi ere, Federazioko lehendakaria edo lehendakariordea ere bertaratuko beharko dira.

2.– Federazioko lehendakaria, edo, hau egon ezean, lehendakariordea, Zuzendaritza Batzordeko bileretako buru izango da, eta bere jarduera zuzendu eta koordinatuko du.

30. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak modu kolektiboan ondorengo arrazoiren batengatik utziko du kargua:

a) Zentsura mozioa onartzeagatik.

b) Lehendakariaren kargu-uzteagatik.

c) Kideen % 50 baino gehiago hiltzea, edo horiek dimisioa aurkeztea.

d) Kideen % 50 baino gehiago gaitasunik gabe uztea edo ezgaitzea.

e) Estatutuetan aurreikusitako gainerako arrazoiengatik.

2.– Zuzendaritza Batzordeko kideek banaka utziko dute kargua ondorengo arrazoiengatik:

a) Dimititzeagatik ala hiltzeagatik.

b) Gaitasunik gabe uzteagatik ala gaitasuna galtzeagatik.

c) Estatutuetan aurreikusitako gainerako arrazoiengatik.

3.– Zuzendaritza Batzordeko kide batek edo gehiagok kargua banaka uzten badute, lehendakariak horien ordezkoak izendatu ahal izango ditu, eta esleipen horiek Batzar Nagusiak egiten duen lehenengo bileran horretan jakinarazi beharko dira.

4.– Lehendakariak kide berriak gehitu ditzake Federazioko Zuzendaritza Batzordera, egoki deritzonean.

5.– Aurreko puntuetan xedatutakoa ezin izango da aplikatu lurralde federazioetako lehendakarien kasuan, eta kargua uzteko arrazoiak dagozkien federazioen estatutuetan ezarritakoak izango dira.

31. artikulua.– 1.– Batzar Nagusiak Zuzendaritza Batzordearen erantzukizuna eskatu dezake zentsura-mozio baten bidez, zeinek xede horretarako deitutako bileran Batzar Nagusiko kideen gehiengo osoa alde izan beharko baitu.

2.– Zentsura-mozioa onartzen denean Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek kargua utzi beharko dute, Federazioko lehendakariak barne, lurralde federaziotako lehendakariek izan ezik, zein Zuzendaritza Batzordean eskubide osoko kide bezala sartuko baitira Zuzendaritza Batzorde berrira.

32. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak kargua uzten duenean, jardunean jarraituko du, eta Hauteskunde Batzordeari gehienez hilabete bateko epean bilera egiteko deituko dio, hauteskunde-prozesuari hasiera eman diezaion. Han, beste lehendakari bat hautatuko da, eta hark bere Zuzendaritza Batzordea izendatuko du.

2.– Hori ezinezkoa balitz, Federazioko Batzar Nagusiko kide guztietatik gutxienez % 5a ordezkatzen duen edozein kide-taldek Hauteskunde Batzorderako deialdia burutu ahal izango du.

33. artikulua.– Federazioko idazkariak, gutxienez, ondorengo funtzioak bete beharko ditu:

a) Batzar Nagusiaren eta Zuzendaritza Batzordearen bileren aktak egitea.

b) Federazioaren liburuak eta gainerako dokumentuak zaintzea, kontabilitatekoak salbu.

c) Aipatu liburuen edukien inguruko ziurtagiriak egitea.

34. artikulua.– Federazioko diruzainak, gutxienez, ondorengo funtzioak bete beharko ditu:

a) Federazioaren kontuak eta ekonomi arloko eragiketak zuzentzea.

b) Federazioaren kontabilitate-liburuak zaintzea eta horietaz arduratzea.

c) Beharrezkoak diren kontabilitateko dokumentu guztiak prestatzea, bereziki, urteko aurrekontuaren zirriborroa eta ekitaldi bakoitzaren balantzea, gero Batzar Nagusiak onar ditzan.

III. KAPITULUA
LEHENDAKARIA

35. artikulua.– Federazioko lehendakariak bere gain hartzen du Federazioaren legezko ordezkaritza eta Batzar Nagusiak eta Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak gauzatzen ditu, batak zein besteak egindako saioen buru izango da, eta saio hauek zuzenduko ditu. Berdinketa gertatuz gero, bere kalitateko botoarekin erabakitzen du.

36. artikulua.– 1.– Batzar Nagusiak aukeratutako pertsona izango da Federazioko lehendakaria.

2.– Lehendakariaren kargua uzteko arrazoiak ondorengoak dira:

a) Dimititzeagatik ala hiltzeagatik.

b) Urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 104. artikuluan aurreikusitako zentsura-mozioa onartzeagatik.

c) Gaitasunik gabe uzteagatik edo gaitasuna galtzeagatik.

d) Zuzendaritza Batzordearen kideen % 50 baino gehiago hiltzea, edo horiek dimisioa aurkeztea.

e) Zuzendaritza Batzordearen kideen % 50 baino gehiago gaitasunik gabe uztea edo ezgaitzea.

f) Estatutuetan aurreikusitako gainerako arrazoiengatik.

3.– Lehendakariak kargua uzten badu hautaketa berria egin beharko da. Kasu horretan, jardunean jarraituko du eta Hauteskunde Batzorderako deia egingo du, gehienez, hilabete bateko denbora-epean. Epe horretan deialdirik egiten ez bada, Batzar Nagusiko kide guztien % 5a ordezkatzen duen edozein kide-taldek Hauteskunde Batzorderako deialdia burutu ahal izango du.

37. artikulua.– Lehendakaria berriro hautatu ahal izango da, baina agintaldien denbora-muga hamabi urtekoa edo hiru agintaldikoa izango da. Hala ere, aurreko mugak, aurreko agintaldia amaitu zenetik lau urte edo agintaldi bat igarotzeak, gaikuntza emango dio edozein hautaketa- edo izendapen-prozesu berritara aurkezteko.

Beste hautagai-zerrendarik ez badago, eta estatutu hauetan zehaztutako aginduen muga agortu bada, kargua uzten duen presidentea berriro aurkeztu ahal izango da berrautaketara.

IV. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

38. artikulua.– Estatutu hauetako 14. artikuluan jasotzen diren organoetako kideek dagozkien funtzioak betetzen jarraituko dute bere ondorengoek kargua hartu arte.

39. artikulua.– Federazioko kide anitzeko organoen erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilarekin hartuko dira, lege edo estatutu xedapenek gehiengo kualifikatuak eskatzen dituzten kasuetan izan ezik.

40. artikulua.– Batzar Nagusiko edo Zuzendaritza Batzordeko kidea izateko baldintzak ondorengoak dira:

a) Adin nagusikoa izatea.

b) Administrazio-egoitza Federazioaren jarduera-eremuan izatea. Ez ohiko egoeretan Batzar Nagusiak baldintza hori barkatu ahal izango du.

c) Karguak edo funtzioak betetzeko gaitasuna kentzen duen diziplinazko zigor irmorik bete behar ez izatea.

d) Epai judizial irmoaren bidez kargu publikoak betetzeko gaitasuna baliogabetzen duen zigorrik ez izatea.

e) Erabaki judizial irmoaren bidez ezgai deklaratuta ez egotea.

41. artikulua.– 1.– Federazioko organoek hartu dituzten erabaki guztien akta jaso behar du idazkariak. Aktan ondorengoak jaso beharko dira, gutxienez: bertaratutako pertsonen izena, bilera non eta noiz egin den, eztabaidatu diren puntu nagusiak, bozketa nola egin den eta haren emaitza, eta erabakien edukia.

2.– Hartutako erabakiaren aurkako botoek, arrazoituak badira, kide anitzeko organoen erabakietatik erator daitekeen erantzukizunetik salbuetsiko dute.

42. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak nahi beste batzorde eta antzeko organo eratu ditzake, Federazioaren kirol jardueraren sektore bat garatzeko nahiz Federazioko talde edo estamentuen funtzionamendua hobetzeko.

43. artikulua.– 1.– Euskal Eskubaloi Federazioak dopinari dagokionean ezar daitekeen arautegiak xedatzen dituen organoak izan beharko ditu.

2.– Euskal Eskubaloi Federazioak batzorde tekniko bat izango du, eta batzorde horrek Federazioaren kirol zuzendaritza teknikoa bere gain hartuko du.

3.– Era berean, Federazioaren martxa onerako komenigarritzat jotzen diren beste batzorde batzuk ere eduki ahal izango ditu, dagozkion erregelamenduetan garatuko direnak.

44. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioko zuzendariek ondorengo eskubideak dituzte:

a) Eusko Jaurlaritzak federaziotako zuzendariak etengabe prestatzea, eta doako aholkularitza teknikoa ematea bere funtzioak era egokian bete ditzan.

b) Jardueretan izandako gastuak itzultzea, Federazioak berak aurretik ezarritako mugen barruan.

c) Federazioaren bitartez, borondatezko jardueratik ondoriozta daitezkeen istripu arriskuetarako eta erantzukizun zibilerako asegurua izatea.

d) Bere jarduera baldintza egokietan burutzea, duintasunari, segurtasunari eta higieneari dagokionean, bere funtzioen izaera eta ezaugarrien arabera.

e) Zuzendariak direla egiaztatzen duen ziurtagiriren bat izatea.

f) Kirolaren esparruan egindako ekarpen sozialarengatik errespetua eta esker ona jasotzea.

g) Federazioko zuzendaritza organoetan parte hartzeko informazio eta dokumentazio guztia eskura izatea.

h) Esleitzen zaizkion funtzioak behar bezala betetzeko beharrezkoak diren materialak era iraunkorrean jasotzea.

i) Federazioaren arauetan aurreikusitako bestelakoak.

45. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioko zuzendariek ondorengo betebeharrak dituzte:

a) Bere betebeharrak garatzean jasotako eta ezagututako informazioaren konfidentzialtasuna gordetzea, hala badagokio. Konfidentzialtasuna gordetzeko betebeharrak kargua uzten duenean ere iraungo du.

b) Funtzioak betetzean behar bezalako arduraz jokatzea, hots, uneoro Federazioaren estatutuetako helburuen arabera jokatzea.

c) Dagozkien kirol federazioek beren eskura jartzen dituzten baliabide materialak errespetatzea eta zaintzea.

d) Federazioarekin hartutako konpromisoak betetzea.

e) Funtzioak behar bezala betetzeko antolatzen diren prestakuntza-jardueretan parte hartzea.

f) Urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan debekatuta dagoen edozein ordain ekonomikori uko egitea.

g) Funtzioak betetzen jarraitzea bere ondorengoek kargua hartu arte, ezinbestean utzi behar ez duenean salbu.

h) Eskumeneko organoek hartutako erabakiak eta ebazpenak ontzat hartzea.

i) Kargua uzten duten zuzendarien ordezkoei beharrezkoa den dokumentazio eta informazio guztia ematea.

j) Euren interes pertsonalarekin zerikusia duten gaiei buruzko deliberamendutan parte ez hartzea. Interes pertsonala egongo da gaiak zuzendariaren ezkontideari edota antzeko afektibitate harremana duten pertsonei, edo haren ondorengoei edo aurrekoei, eragiten badie, edota zuzendaritzako kargua zein neurri bateko partaidetza duen sozietateari eragiten badio.

k) Organoek antolatutako bileretara joatea, zeinetako kidea baita, eta hauen deliberamendutan parte hartze aktiboa izatea, bere irizpideak erabaki egokiak hartzen lagun dezan.

l) Emandako egiaztagiria behar bezala erabiltzea.

m) Federazioak onartu duen Kode Etikoa betetzea.

n) Federazio honen estatutu edo arautegietan aurrikusitako bestelakoak.

46. artikulua.– 1.– Kirol federazioaren lehendakari kargua bateraezina da beste kirol federazio bateko lehendakari karguarekin, nahiz eta beste kirol modalitate batekoa izan.

2.– Kirol federazioko lehendakari kargua bateraezina da federazio horretako klub edo kirol-elkarte bateko lehendakari karguarekin. Presidentea, hain zuzen ere, kirol-klub edo kirol-elkarte baten ordezkari gisa biltzarkide izateagatik hautatzen denean, federazioan edo klubean aukeratu beharko du kargua, eta klubeko karguari uko egiten diola ulertuko da, horietako bat berariaz aukeratzen ez badu.

3.– Kirol federazioaren lehendakaritza bateraezina izango da Foru Administrazioaren edota Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren barne dagoen federazio-eremuarekin zuzenean lotutako kargu ala enplegu publikoak betetzearekin.

4.– Kirol federazioaren zuzendaritza kargua bateraezina da erakunde bereko kontseilari edo aholkulari profesional izatearekin. Era berean, kirol federazioaren zuzendaritza kargua bateraezina da bertarako lan harremana, harreman zibila ala merkataritzakoa dela medio zerbitzu profesionalak eskaintzearekin.

47. artikulua.– Federazioko zuzendariek debekatuta dituzte ondorengoak:

a) Kargua utzi edo kargua utzi ondoren kalte-ordainak jasotzea.

b) Hirugarrenen edo erakundeen komisioak edo antzeko onurak jasotzea, kirol-erakundeak ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeagatik.

c) Kirol- edo ekonomia-helburuak lortzeko pizgarriak jasotzea.

d) Enpresen bidez edo hirugarren pertsona edo erakundeen izenean, kirol-federazioarekin berarekin kontratuak egitea. Auto-kontratazioko debeku horren barruan sartzen dira ezkontideen enpresak, antzeko afektibitate-harremana duten pertsonak eta haien ondorengoak edo aurrekoak.

e) Kirol-federazioaren ondarea erabiltzea edo Federazioan duen posizioa baliatzea ondare-abantaila lortzeko.

IV. TITULUA
FEDERAZIOKO ESTAMENTUAK

48. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioaren estamentuetako kideek, gutxienez, ondorengo eskubideak izango dituzte:

a) Federazio organoetan ordezkaritza izatea eta horietako kide izatea, estatutu hauen eta aplikagarria den arautegiaren arabera ezarritako eran eta proportzioan.

b) Federazioak antolatutako jarduera guztietan parte hartzea, federazioak horren inguruan ematen dituen arauei jarraiki.

c) Kirol hau hobeto garatu dadin eskatzen duten beste informazio jasotzea, eta federazioko gaien inguruan bere irizpide nahiz iritziak modu askean adieraztea.

d) Federazioaren arauak bete daitezela eskatzeko federazioko eskumeneko organoetara jotzea.

e) Egoki iruditzen zaizkien kontsultak eta erreklamazioak egitea, federazioaren arauei jarraiki.

f) Lizentzia egiaztatzen duen dokumentua eskuragarri izatea.

49. artikulua.– Federazioaren estamentuetako kideek ondorengo betebeharrak izango dituzte:

a) Ezartzen diren kuotak ordaintzea.

b) Federazioko organoek hartutako erabaki guztiak betetzea, hartarako eskumena duen organoak baliogabetzen edo kentzen ez dituen bitartean.

c) Federazioaren helburuak lortzeko, era aktiboan parte hartzea.

d) Hala dagokionean, dituzten karguei atxikitako betebeharrak leialki betetzea.

e) Euskal selekzioek kirol-lehiaketetan parte hartzeko edo horiek prestatzeko egiten dituzten deialdietara joatea.

50. artikulua.– Estatutu hauen ondorioetarako, Federazio honetako edozein modalitatetako elkarteak dira kirol-klub edo -elkarteak, Euskadiko Kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen III. tituluan aurreikusitakoaren arabera eratutakoak.

51. artikulua.– Klubak eta elkarteak, Federazioak antolatutako edo baimendutako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko federazio horri atxiki beharko dira, lurraldeko federazioaren bitartez. Era berean, klub eta kirol elkarteetako estamentuari dagokion federazio lizentzia eskuratu beharko dute.

52. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioko kirolariak dira kirolarien estamentuari dagokion federazio lizentziaren titularrak diren pertsona fisikoak.

53. artikulua.– 1.– Euskal Eskubaloi Federazioko teknikariak Federazioak eskatutako titulua, eta estamentu honi dagokion federazio-lizentzia duten pertsonak dira.

2.– Teknikariak, hala dagokienean, Federazioaren teknikarien elkargoan elkartuko dira.

54. artikulua.– 1.– Euskal Eskubaloi Federazioko epaileak eskumeneko organoak emandako beharrezko titulua, eta dagokion federazio-lizentzia duten pertsona fisikoak dira.

2.– Epaileak, hala dagokienean, Federazioaren epaileen elkargoan elkartuko dira.

V. TITULUA
DIZIPLINA ERREGIMENA

55. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioaren diziplina-araubidea ekainaren 11ko 14/1998 Legearen X. tituluan, urtarrilaren 10eko 7/1989 Dekretuan edo horren ordezko xedapenean, estatutu hauetan eta Federazioaren beraren Kirol Diziplinaren Araudian xedatutakoaren araberakoa izango da.

56. artikulua.– 1.– Euskal Eskubaloi Federazioak bere organo-egiturako kide diren pertsona guztiei dagokionean, eta federazio horretako kide diren pertsona fisiko edo juridikoei dagokionean soilik izango du diziplina ahalmena.

2.– Federazioak ezin izango du diziplina ahalmenik burutu kirol jarduera bereko beste lurralde eremuetako federaziotako kideei dagokionean, nahiz eta bere kirol jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan garatu.

57. artikulua.– 1.– Diziplina Batzordea eta Apelazio Batzordea kirol diziplina ahalmena duten Euskal Eskubaloi Federazioko organoak dira, gainerako federazio organoak alde batera utzita.

2.– Diziplina Batzordea Euskal Eskubaloi Federazioari dagokion eremuaren barneko jardueren arduraduna izango da.

3.– Apelazio Batzordea, Euskal Federazioaren eta bere lurralde federazioen Diziplina Batzordearen epaien aurka aurkezten diren helegiteetan egin beharreko jarduerez arduratuko da.

58. artikulua.– 1.– Diziplina Batzordeak eta Apelazio Batzordeak Zuzendaritza Batzordeak izendatutako kide-kopuru bakoitia izango dute. Kide bakarreko organoa izan daiteke.

2.– Batzordeko kideak 4 urteko denbora-eperako izendatuko dira, eta kargua betetzeko nahikoak diren ezagutzak izan beharko dituzte.

3.– Diziplina eta Apelazio Batzordeetako kideak Zuzendaritza Batzordeko kide ere izan daitezke, eta Federazioko lehendakariaren irizpideen arabera beren kargutik mugiarazi daitezke.

59. artikulua.– 1.– Diziplina Batzordeak hartzen dituen erabakiak aurkaratu ahal izango dira Euskal Eskubaloi Federazioko Apelazio Batzordean.

2.– Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean Apelazio Batzordeak hartzen dituen erabakien aurka egin ahal izango da.

VI. TITULUA
HAUTESKUNDE ERREGIMENA

60. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioaren hauteskunde-araubidea urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren VII. tituluan xedatutakoaren, hura garatzeko ematen diren xedapenen, estatutu hauen eta Batzar Nagusiak nahitaez onartu behar duen hauteskunde-erregelamenduaren arabera arautuko da.

61. artikulua.– Federazioaren Batzar Nagusia hautatzeko, lurralde-federazioetako batzar nagusietako kideek osatuko dute hauteskunde-taldea. Hautaketa horrek ez ditu hauteskunde-prozesu baten ezaugarriak izango, eta Lurralde Batzar bakoitzaren barruan egin beharko da, berritzearen ondoren deitzen den lehenengo bileran, indarrean dagoen araudiaren arabera.

62. artikulua.– Federazioan hauteskunde prozesua sustatzeaz eta haren garapen egokiaz arduratzen den Hauteskunde Batzordea egongo da. Hauteskunde Batzordea pertsona bakarrekoa izan daiteke. Taldeko organoa bada hiru kiderekin osatuta egongo da.

63. artikulua.– Hauteskunde Batzordearen funtzioak lau urteko denbora-eperako izango dira; hala ere, Batzar Nagusiak denbora-epe hori bukatu baino lehen kargutik ken dezake, edo beste bat izendatu.

64. artikulua.– 1.– Hauteskunde Batzordeko kideak nahiz ordezkoak zozketa publikoaren bidez hautatuko dira, hautagai izango ez diren pertsonen artean.

2.– Boluntarioak ere hautatu daitezke, betiere Batzar Nagusira bertaratutako kideen bi herenek onesten badute.

3.– Hauteskunde Batzordeko lehendakaritzan eta idazkaritzan kiderik zaharrenak eta gazteenak jardungo dute, hurrenez hurren.

4.– Hautagai gisa aurkezten direnak inola ere ezin izango dira izan Hauteskunde Batzordeko kideak. Izendatutako Hauteskunde Batzordeko kideren batek kargu hori hartzen badu, utzi egin beharko du, eta bere lekua izendatutako ordezkoak hartuko du.

65. artikulua.– 1.– Hauteskunde Batzordeak ondorengo funtzioak izango ditu:

a) Hautesleen errolda eta hauteskundeetako egutegia onartzea,

b) Aurkeztutako hautagaiak izendatzea eta argitaratzea,

c) Hauteskunde-mahaia izendatzea,

d) Hautetsiak zein diren izendatzea,

e) Aurkezten diren inpugnazioak, erreklamazioak, eta eskaerak ebaztea, eta hauteskunde-mahaiaren erabakien aurka jartzen diren errekurtsoak ere bai.

f) Hauteskundeak burutzeari eta bere emaitzei zuzenean eragiten dion edozein auzi.

2.– Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean Hauteskunde Batzordeak hartzen dituen erabakien aurka egin ahal izango da.

66. artikulua.– Hauteskunde Batzordeak, hautagai izango ez diren hautesleen artean zozketa egin eta gero, hiru kiderekin osatutako Hauteskunde Mahaia izendatuko du; eta ordezkoen kopuru baliokidea ere bai. Lehendakaria eta idazkaria kiderik zaharrena eta gazteena izango dira, hurrenez hurren.

67. artikulua.– 1.– Hauteskunde Mahaiak ondorengo funtzioak izango ditu:

a) Bozketak behar bezala egitea bermatzea.

b) Boto-emaileak nortzuk diren, eta hautesleak direla egiaztatzea.

c) Emandako botoak baliozkoak diren ebaztea.

d) Bozketa bukatu eta gero botoak zenbatzea.

e) Bozketarekin zerikusia duen beste edonolako gairen inguruan erabakitzea.

2.– Hauteskunde Mahaiak hartzen dituen erabakiak Hauteskunde Batzordeari aurkaratu ahal izango zaizkio.

VII. TITULUA
EKONOMIA ETA ONDARE ERREGIMENA

68. artikulua.– 1.– Euskal Eskubaloi Federazioak berezko aurrekontu eta ondare erregimena du.

2.– Federazioaren ondarea hainbat ondasunek osatuko dute zeinen titulartasuna baitagokio.

3.– Federazioak ondorengo baliabideak ditu:

a) Federatuen kuotak.

b) Erakunde publikoek eman ditzakeen dirulaguntzak.

c) Dohaintzak, herentziak, legatuak eta sariak.

d) Antolatzen dituen kirol jardueretan eta lehiaketetan ateratako mozkinak.

e) Industria eta merkataritza-jardueretan, jarduera profesionaletan edo egindako zerbitzuetan ateratako mozkinak.

f) Bere ondarearen emaitzak, eta ondarea besterentzetik edo zergapetzetik lortutakoa, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuko 138. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

g) Lortzen dituen mailegu eta kredituak.

h) Bere jarduera garatzerakoan lor ditzakeen bestelakoak.

69. artikulua.– 1.– Federazioaren diru-sarrera guztiak, kirol jardueretan nahiz industria, merkataritza, zerbitzu izaerako edo izaera profesionaleko jardueretan lor ditzakeen irabaziak eta sariak, osorik bere helburu soziala garatzeko erabiliko dira.

2.– Irabaziak ezin izango dira inola ere federazioko kideen artean banatu.

70. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioak ondasun higiezinak zergapetu edo besterendu ditzake, dirua maileguan har dezake, eta zorraren eta ondare zati alikuotaren titulu ordezkatzaileak jaulki ditzake, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 138 eta 139. artikuluetan ezarritako kasu eta baldintzei jarraiki.

71. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioak goi zuzendaritzako lan kontratuak izenpetu ahal izango ditu, betiere erabakia eta ordainsaria zein kontratuaren gainerako baldintzak Batzar Nagusira bertaratutakoek gehiengo osoarekin onartzen badute, eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak kontratu hori egiteko baimena ematen badu.

72. artikulua.– 1.– Euskal Eskubaloi Federazioak ekitaldi bakoitzaren aurrekontua urtero onartuko du.

2.– Zuzendaritza Batzordea arduratuko da aurrekontuaren proiektua egiteaz, eta Batzar Nagusiari dagokio onartzea.

3.– Aurrekontuan, batera eta sistematikoki zifratuta, Federazioak gehienez har ditzakeen betebeharrak eta dagokion ekitaldian likidatzea aurreikusten diren eskubideak adieraziko dira. Euskal Eskubaloi Federazioaren aurrekontuak, halaber, kirol-modalitate horretan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzearekin zerikusia duten betebeharrak jaso beharko ditu.

4.– Aurrekontua bakarra izango da, eta Federazioaren gastu eta diru-sarrera guztiak jasoko ditu, Federazioaren organo osagarriak edo erakunde instrumentalak barne. Kudeaketa- edo antolaketa-premiek hala eskatzen dutenean, Euskal Eskubaloi Federazioak sistema zentralean behar bezala integratutako kontabilitateko azpi-erakundeak sortu ahal izango ditu.

5.– Aurrekontua orekatua izango da, eta ezin izango da aurrekontu defizitariorik onartu Eusko Jaurlaritzaren aurretiazko baimena lortu gabe.

6.– Behin Batzar Nagusiaren onespena lortutakoan, aurreko ekitaldiko aurrekontua eta likidazioa Eusko Jaurlaritzari helaraziko zaizkio.

7.– Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak aurrekontu osoaren % 100 gainditzen ez duten aurrekontuari dagozkion aldaketak egitea erabaki dezake.

73. artikulua.– 1.– Ekitaldi bakoitza itxi eta hurrengo hiru hilabeteren barruan, Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak urteko kontuak aurkeztu beharko ditu Batzar Nagusian, eta kontu horietan agertu beharko dira: balantzea, galeren eta irabazien kontua, eta memoria ekonomikoa.

2.– Zuzendaritza Batzordeak egiten dituen urteko kontuak lehendakariak, eta hala dagokionean, diruzainak izenpetu beharko dituzte.

3.– Federazioaren urteko kontuen egitura bat etorriko da Kontabilitateko Plan Orokorraren egokitze arauekin. Arau hauek, erakunde horien berezitasunak aintzat hartuz, arautegietan ezarriko dira. Arauak ezartzen ez diren bitartean urteko kontuak Kontabilitateko Plan Orokorrarekin egokituko dira.

74. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioan, hala dagokionean, finantzen eta kudeaketaren kontu ikuskaritza burutu beharko da, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 144. artikuluan xedatzen denari jarraiki.

VIII. TITULUA
AGIRI ERREGIMENA

75. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioa nahitaez ondorengo liburuez arduratuko da:

a) Federazioko estamentuen liburua, zein estamentu bakoitzari dagokion ataletan banatuta baitago. Liburu horretan eguneratutako atalen zerrenda, eta Federazioan sartu diren eta handik atera diren data agertuko dira.

b) Federazioaren akten liburua. Bertan, Batzar Nagusiak, Zuzendaritza Batzordeak eta Federazioaren gainerako organoek hartzen dituzten erabakiak azalduko dira.

c) Kontabilitate liburuak.

d) Hala badagokio, zor tituluen edo ondare parte alikuotaren Erregistro Liburua.

Liburu hauek Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroan bideratu beharko dira.

IX. TITULUA
FEDERAZIOA DESEGITEA ETA LIKIDATZEA

76. artikulua.– 1.– Euskal Eskubaloi Federazioa ondorengo arrazoiengatik desegingo da:

a) Ezohiko Batzar Nagusira bertaratutakoen bi herenek hala erabakitzen badute, eta artikulu honen bigarren atalean aurreikusitako arrazoiren bat egoten bada.

b) Epaileak erabakitzen badu.

2.– Euskal Eskubaloi Federazioa ondorengo arrazoiengatik desegin beharko da:

a) Federazioaren onarpen ofiziala baliogabetzen bada.

b) Administrazioko funtzio publikoak behar bezala betetzea guztiz ezinezkoa bada.

c) Federazioko organoak gelditzeagatik, eta horren ondorioz, bere funtzionamendua ezinezkoa izateagatik.

d) Eskuordetutako funtzio publikoak betetzen ez baditu.

e) Beste kirol federazio batekin bat egiten badu.

f) Beste kirol federazio batean sartzen bada.

g) Indarrean dagoen legedian aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik.

77. artikulua.– 1.– Lehendakariak Batzar Nagusiari dei egin beharko dio desegiteko erabakia har dezan, desegitea eragin duen arrazoia zen den jakiten duenetik bi hilabeteko epean.

2.– Federatuek eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak ere Batzar Nagusira deitzeko eskatu ahal izango diote lehendakariari, baldin eta, beren ustez, aurreko artikuluan zerrendatutako arrazoietako bat gertatzen bada.

3.– Batzar Nagusirako deirik egiten ez bada, edo adostasunik lortzen ez bada, edozein federatuk ala eskumena duen kirol Administrazioak berak Federazioaren desegite judiziala eskatu ahal izango du.

4.– Federazioaren Zuzendaritza Batzordea behartuta dago desegite judiziala eskatzera, Federazioaren erabakia desegitearen aurkakoa bada, ala desegitea lortu ezin bada.

78. artikulua.– Behin Federazioa deseginda, likidazio-aldia irekiko da, salbu eta bat-egite kasuetan edo Federazioaren aktibo eta pasibo osoa lagatzeko beste edozein kasutan.

79. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioa desegindakoan, likidatzen ari den bitartean bere nortasun juridikoa mantenduko du. Fase horretan bere izenaren ondoan «likidazioan» jarri beharko du.

80. artikulua.– Federazioak likidatzen ari dela adierazten duen unetik aurrera Zuzendaritza Batzordeak bere funtzioak utziko ditu, eta likidatzaileek hartuko dituzte haien funtzioak. Hala eta guztiz ere, Zuzendaritza Batzordeko kideek likidazio eragiketak burutzerakoan parte hartu beharko dute.

81. artikulua.– 1.– Federazioaren Batzar Nagusiak likidatzaileak izendatu beharko ditu, eta kopurua beti bakoitia izango da.

2.– Likidatzaileak izendatzen nahiz kargutik kentzen direnean Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatu beharko da.

82. artikulua.– Federazioko likidatzaileen funtzioak ondorengoak izango dira:

a) Administrazio organoarekin batera bere funtziotan hastean Federazioak duen hasierako balantzea onestea.

b) Federazioko liburuez eta gutunez arduratzea eta horiek zaintzea. Era berean, ondarearen segurtasuna bermatzea.

c) Federazioa likidatzeko egiteke dauden eragiketak, nahiz egin beharreko berriak burutzea.

d) Federazioaren ondasunak eta eskubideak besterentzea. Ondasun higiezinak nahitaez enkante publikoan salduko dira. Zuzeneko salmenta Eusko Jaurlaritzak baimentzen duen kasuetan bakarrik egin ahal izango da.

e) Transakzioak eta arbitrajeak adostea, Federazioaren interesentzat komenigarria bada.

f) Hartzekodunei ordaintzea.

g) Federazioaren ordezkari izatea.

83. artikulua.– Likidazioa amaitutakoan, likidatzaileek azken balantzea egingo dute, eta Batzar Nagusian aurkeztuko da, hauek onartu dezaten. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari bidaliko zaio.

84. artikulua.– Likidatzaileen funtzioa ondorengo arrazoiengatik bukatuko da:

a) Likidazioa egitea.

b) Batzar Nagusiak emandako botereak baliogabetzea.

c) Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak botereak baliogabetzea edo gaitasunik gabe uztea.

d) Epaileak erabakitzen badu.

85. artikulua.– Federazioa kaudimenik gabe geratzen bada, likidatzaileek konkurtso-aitorpena eskatu beharko dute berehala.

86. artikulua.– Federazioa desegiten bada, batzorde likidatzaileak Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroari jakinaraziko dio honek inskripzioa bertan behera uzteari ekin diezaion.

X. TITULUA
ESTATUTUAK ETA ARAUTEGIAK

87. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioaren estatutuak ezohiko Batzar Nagusira bertaratutakoen bi herenek onartzen badute soilik aldatu ahal izango dira.

88. artikulua.– Estatutuen proiektua onartutakoan, Euskal Herriko Kirol Zuzendaritzari bidaliko zaio, hirurogei egun naturaleko denbora-epean, Batzar Nagusiak erabakia hartzen duen unetik aurrera.

89. artikulua.– Aipatutako estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzetan, eta Eusko Jaurlaritzak eskatzen duen euskarri informatikoan aurkeztu beharko dira.

90. artikulua.– Federazioaren estatutuak indarrean sartzeko administrazioak onartu egin beharko ditu, eta gero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.

91. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioak, gutxienez, ondorengoak arautu beharko ditu:

a) Lehiaketa ofizialak antolatzeko eta garatzeko erregimena.

b) Diziplina erregimena.

c) Hauteskunde erregimena.

d) Gatazken judizioz kanpoko ebazpenen erregimena.

e) Lizentzien erregimena.

92. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioaren arautegiak Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio honek onar ditzan, hirurogei egun naturaleko denbora-epean, Batzar Nagusiak onartzen dituen unetik aurrera.

93. artikulua.– Arautegiak onesteko eta aldatzeko xede horretarako deitutako ez ohiko Batzar Nagusira bertaratutako kide gehienen aldeko botoa beharko da.

94. artikulua.– 1.– Federazioaren zirkularrak estatutuen eta arautegien indarraldia, ezarpena, interpretazioa nahiz Federazioari dagozkion bestelako gaiak jakinarazteko erabiliko dira, baina ez dute berezko arau izaerarik izango.

2.– Federazioaren zirkularrek ez dute aurretiko administrazio onarpenik behar izango.

95. artikulua.– 1.– Lurralde eremuz gaindiko federazioetako estatutuak eta arautegiak Federazioari eta horretako kideei zuzenean aplikatu ahal izango zaizkie, soilik euskal federazio hau federazio horietako kidea izateaz gainera hauen eskumeneko arloen inguruan bada. Kasu horretan, Eskubaloiko Euskal Federazioak arau horiek zabaldu egin beharko ditu, Federazioaren estamentu ezberdinek behar bezala ezagutu ditzaten. Arau horiek federazio honetako hizkuntza ofizialetakoren batean idatzi beharko dute.

2.– Lurralde eremuz gaindiko kirol federazioetako gainerako arauak, ez dira zuzenean aplikagarri izango euskal federazioei eta bere kideei. Federazioaren beraren arautegira erantsiko dira, Federazioak eta administrazioak arau horiek onartzen dituztenean, eta Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroan izen-ematea burutzen denean soilik.

3.– Erkidegoaz gaindiko kirol federazioen arautegiak ezin izango dira Euskal Eskubaloi Federazioan era osagarrian aplikatu. Hala ere, arau horiek era osagarrian aplikatu ahal izango dira, betiere bere arautegietan aipamen berezi bat ezartzen bada, federatuek arau horiek egoki itzulita eskuragarri badituzte, eta behar bezala zabalduta badaude.

XI. TITULUA
HIZKUNTZA NORMALIZAZIOA

96. artikulua.– Euskara eta gaztelera Euskal Eskubaloi Federazioaren hizkuntza ofizialak dira.

97. artikulua.– Euskal Eskubaloi Federazioko organoek hizkuntza normalizatzeko prozesu mailakatua bermatuko dute federazioaren barruan, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Iragankorrean xedatutakoaren arabera.

98. artikulua.– Federazioaren ziurtagiriak bi hizkuntzetan edo Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean eman ahal izango dira, interesdunak hala eskatzen duenean.

XII. TITULUA
GATAZKEN JUDIZIOZ KANPOKO EBAZPENA

99. artikulua.– Federazioaren eta bere federatu edo kideen artean, nahiz kideen artean gerta daitezkeen desadostasunak edo gai eztabaidagarriak Zuzenbide Arbitrajearen bidez ebatzi beharko dira, indarreko legedian, Estatutu hauetan eta garatzen ari den Arautegian ezarritako baldintzei jarraiki.

100. artikulua.– Arbitraje bidez, edo, oro har, gatazken judizioz kanpoko ebazpenen bidez konpon daitezkeen desadostasunak edo gai eztabaidagarriak Kirola Arbitratzeko Euskal Epaimahaian aurkeztuko dira.

101. artikulua.– Administrazioak Federazioari eskuordetutako funtzio publikoak betetzearekin zerikusia duten gaiak, eta legeriak espresuki kanpo utzitako arbitrajekoak nahiz lege arlokoak ez beste guztiak bide horren bidez ebatziko dira.

102. artikulua.– Estatutu hauek onartzen direnetik edo lizentzia lortzen duenetik hilabeteko epean uko egiten ez duen federatu edo federazioko kide oro estatutu hauetan eta garapen-erregelamenduan aurreikusitako arbitraje-sistemaren eta gatazkak judizioz kanpo ebazteko sistemaren mende egongo da.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 25. artikuluan aurreikusitako lizentzien zehazpen teknikoak onartu arte Federazioak lizentziak egoki deritzon formatuarekin ematen jarraitu ahal izango du.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Estatutu hauetako 27. eta 37. artikuluetan xedatutako agintaldien mugek ez dute eraginik izango estatutu hauek indarrean sartzean zeuden karguetan, eta ondorioz, kargu horiek gaur egungo agintaldiak bukatu ahal izango dituzte. Kargu horiei hurrengo hauteskunde-prozesuei dagokionean aipatu mugak soilik aplikatuko zaizkie.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean indarrean sartuko dira.

Donostia, 2021eko uztailaren 7a.

Presidentea,

SERGIO BARCENILLA.

Idazkaria,

JOSUNE YAGÜE.


Azterketa dokumentala