Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2021eko abenduaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
HEZKUNTZA SAILA
6153

EBAZPENA, 2021eko azaroaren 23koa, Lanbide Heziketako sailburuordearena eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura ireki eta iraunkorra ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan.

Lan-esperientziaren bidez hartutako konpetentzia profesionalak aitortzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko aplikatu behar den prozedura bakarra ezartzen du, hezkuntza- zein lan-arlorako, eta konpetentziak ebaluatu eta egiaztatzearen ondorioak ezartzen ditu, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluaren 2. apartatuak dioenaren ildotik. Errege-dekretu hori oinarrizko lege-esparrua da estatuko lurralde osoan, aipatutako prozedura garatzeko.

Prozedura horri esker, herritarrek lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartu dituzten konpetentzia profesionalak egiazta ditzakete, eta, beraz, kualifikazio maila hobetzeko eta prestakuntzarekin jarraitzeko bidea ematen zaie. Horrek guztiak pertsonen gaitasun profesionala eta enplegagarritasuna hobetzen laguntzen du, eta, beraz, kohesio soziala eta ekonomikoa indartzen.

Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak prozedura horretaz arduratuko den Euskal Autonomia Erkidegoko antolaketa-egitura arautu zuen, eta haren parte diren organoak izendatu zituen: Lanbide Heziketako Sailburuordetza; Hezkuntza Saila; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa; Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (IVAC-EEI), eta Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxeak. Horrez gainera, zehaztu zuen Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak eta Lanbideren Administrazio Kontseiluak prozeduran parte hartuko dutela, aholku-organo gisa.

Martxoaren 9ko 143/2021 Errege Dekretuaren bidez, uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretua aldatu da, prozedura orokortu eta malgutzeko. Hain zuzen ere, errege-dekretu horrek xedatzen du administrazioek irekita izan beharko dutela beti lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura, eta, gainera, prozedura horrek autonomia-erkidegoen Lanbide Heziketako eskaintzan jasota dauden konpetentzia-atal guztietarako egon behar duela zabalik; izan ere, horrek lagundu egingo dio izangaiari, behin orientazioa eta aholkularitza jasorik, erabakitzen zer konpetentzia-atal diren egokienak bere profilerako eta, beraz, atal horiek ebaluatzeko urratsak egiten.

Aldaketa horren ondorioz, hizpide dugun prozedura modu iraunkorrean eskaini behar da. Aurreko sistemarekin ez zen horrela gertatzen; izan ere, deialdi jakin batzuk zeuden konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko, eta ebaluatu eta egiaztatu zitezkeen konpetentzia-atalak eta parte-hartzaile kopurua mugatuta zeuden.

Aldatu berri den 1224/2009 Errege Dekretua oinarrizko lege denez eta prozeduraren erreformak aintzat hartu nahi dituen pertsonentzat ezinbestekoa denez kualifikazio profesionalak egiaztatzea, Hezkuntza Sailak eta Lanbideren Zuzendaritza Nagusiak errege-dekretuan jasota dagoena betetzen du honen bidez; hau da, konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura iraunkorra herritarren eskura jartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, hargatik eragotzi gabe araudi autonomikoaren egokitzapena bultzatzea.

Lan eta Enplegu Sailak eta Hezkuntza Sailak finantzatuko dute prozedura, eta, hala badagokio, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren funtsak erabiliko dira; Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa ere izango du, konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko jardueren esparruan.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUGU:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Ebazpen honen xedea da aditzera ematea lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura modu iraunkorrean irekita dagoela, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako eskaintzan jasota dauden konpetentzia-atal guztietarako –eskaintza hori Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotua dago–. Interneteko helbide honetan kontsulta daitezke konpetentzia-atalak: https://ivac-eei.eus/eu/konpetenzien-aitorpena/

2.– Halaber, ebazpen honen bidez baimena ematen zaie Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin itunak sinatuta dituzten ikastetxe integratu pribatuei –II. eranskinean jasota daudenei– informazioa eta orientazioa eman diezaieten interesdunei eta prozeduraren faseak gara ditzaten.

2. artikulua.– Hartzaileak eta bete beharreko baldintzak.

Baldintza hauek bete behar dira:

1.– EAEn izatea egoitza.

2.– Espainiar nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria edo Europar Batasuneko herritarraren senitartekoaren txartela lortu izana, edo Espainian bizilekua izateko baimena edo bizilekua izateko eta lan egiteko baimena indarrean izatea, atzerritartasunari eta immigrazioari buruzko Espainiako araudian ezarritako terminoetan.

3.– Izena emateko eskabidea aurkezten den unean 18 urte beteak izatea, 1. mailako kualifikazioei dagozkien konpetentzia-atalen kasuan; eta 20 urte, 2. eta 3. mailakoen kasuan.

4.– Egiaztatu nahi diren konpetentzia profesionalekin zerikusia duen lan-esperientzia edo prestakuntza izatea:

4.1.– Lan-esperientziaren kasuan. Eskabidea aurkeztu aurreko azken 15 urteetan, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia justifikatzea eta, gutxienez, lan egindako 2.000 ordu. I. mailako konpetentzia-ataletarako, 2 urteko lan-esperientzia eskatuko da, eta, gutxienez, lan egindako 1.200 ordu.

4.2.– Prestakuntzaren kasuan. Eskabidea aurkeztu aurreko azken 10 urteetan, gutxienez 300 orduko prestakuntza justifikatzea. I. mailako konpetentzia-ataletarako, gutxienez 200 ordu eskatuko dira. Egiaztatu nahi den konpetentzia-atalari lotutako prestakuntza-moduluek iraupen laburragoa dutenean, modulu horietan ezarritako ordu kopurua egiaztatu beharko da.

4.3.– Balioetsiko diren konpetentzia profesionaleko atalek betekizun gehigarriak badituzte haien izaeragatik, baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duten agiriak izatea.

3. artikulua.– Prozeduran izena emateko eskaera.

1.– Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

2.– Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek IV. ERANSKINEKO eredu ofiziala erabili beharko dute izen-ematea formalizatzeko; web-orri honetatik deskarga daiteke eranskin hori: https://ivac-eei.eus/eu/konpetenzien-aitorpena/ Eskabidearekin batera, historia pertsonala eta prestakuntzarena entregatu behar dira –curriculum vitaea prestatzeko Europako ereduaren arabera eginak–, eta 4. artikuluan adierazten den dokumentazioa ere bai. Ebazpenaren II. eranskinean jasota dauden ikastetxe eta egoitzetan eman daiteke izena.

3.– Eskabidean akats edo zehaztugabetasunen bat atzemanez gero, hutsa edo ez-egitea zuzentzeko eskatuko zaio interesdunari. Hala egiten ez badu, interesdunak eskaeran atzera egin duela joko da, 39/2015 Legearen 21. artikuluan adierazitakoaren arabera ebazpena eman ondoren.

4.– Baldintza guztiak ez betetzeak edo datu faltsuak emateak berekin ekarriko du prozeduran parte hartzeko eskubidea galtzea. Eskatzaileen erantzukizuna da aurkeztutako dokumentazioa egiazkoa izatea. Dokumenturen bat egiazkoa ez bada, prozeduran parte hartzeko eskubidea bertan behera geldituko da, desadostasuna noiz aurkitu den gorabehera, eta ezertan eragotzi gabe hautagaiak izan lezakeen erantzukizuna.

4. artikulua.– Izena emateko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Izena emateko eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira, betekizunak betetzen direla egiaztatzeko:

1.– Udal-erroldaren ziurtagiria, EAEko egoitza egiaztatzen duena.

2.– NANaren edo AIZren fotokopia edo Europar Batasuneko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria (edo jatorri-herrialdeko nortasun-agiria edo indarrean dagoen pasaportea), edo Europar Batasuneko herritarraren senitartekoaren txartela, edo Espainian bizitzeko edo lan egiteko indarrean den baimenaren titular izatea.

3.– Egiaztagiri bat, ebazpen honen 2.4 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen dela adierazten duena:

3.1.– Prestakuntza ez-formala alegatzen bada, hura justifikatzeko zenbait dokumentu aurkeztuko dira, eskatutako konpetentzia-ataletan prestakuntzako gutxieneko ordu-kopurua bete izana egiaztatuko dutenak; dokumentuotan honako hauek zehaztuko dira: prestakuntzaren edukiak eta orduak, zer erakundek eta noiz eman zuen eta adierazpen formal bat, baieztatzen duena prestakuntza gainditu dela edo ebaluazio positiboa edo aprobetxamendua lortu dela.

Prestakuntza ez-formal horrek lotuta behar du egiaztatu nahi diren konpetentzia-atalekin.

Prestakuntza ez-formalaren iraupena kreditutan adierazten bada, zehaztu beharko da zein den haren baliokidetasuna ordutan.

3.2.– Lan-esperientzia alegatzen bada, dokumentu hauek aurkeztuko dira:

3.2.1.– Soldatako langileen kasuan:

– Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo afiliatutako mutualitatearen ziurtagiria, non adieraziko baitira enpresaren izena, lan-kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio-aldia.

– Lan-esperientzia eskuratu den enpresaren lan-kontratua edo ziurtagiria, non berariaz adieraziko baitira kontratuaren prestazio-aldien iraupena, egindako jarduera eta jarduera hori egiten emandako denbora.

3.2.2.– Langile autonomoen edo norberaren konturako langileen kasuan:

– Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren edo Itsasoko Gizarte Institutuaren ziurtagiria, non adieraziko baitira Gizarte Segurantzan dagokion araubide berezian alta-egoeran egon den aldiak.

– Erantzukizunpeko adierazpena, non azalduko baita zer jarduera egin den eta zer denbora-tartetan egin den.

3.2.3.– Langile boluntarioen edo bekadunen kasuan:

– Laguntzen jardun den antolakundearen ziurtagiria, non datu hauek jasoko baitira berariaz: zer jarduera eta funtzio egin diren, zer urtetan eta zenbat ordu eskaini diren guztira (baremazio-helburuetarako, orduen kopurua zati zazpi egingo da egun kopurua kalkulatzeko).

3.3.– Kasu guztietan, honako hauek azaltzeko dokumentuak erantsiko dira:

a) Egindako jarduera, eta jarduera horrek eskatutako konpetentzia-ataletako batekin duen harremana.

b) Noiztik noiz arte egin den jarduera hori.

Webgune honetan eskura daiteke ziurtagiri-eredua: https://ivac-eei.eus/eu/konpetenzien-aitorpena/

4.– Baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzen duten jatorrizko dokumentuak eta haien kopiak aurkeztu beharko dira.

5.– Aurreko artikuluan adierazita dauden lan-esperientziaren edo prestakuntzaren baldintzak betetzen dituzten 25 urtetik gorako pertsonek ezin badituzte betekizun horiek egiaztatu artikulu honetan jasotako dokumentuen bidez, eska dezakete prozeduran izena ematea behin-behinekoz; horretarako, Zuzenbidean onartuta dagoen frogaren bat aurkeztu beharko dute, lan-esperientzia edo prestakuntzako ikaskuntza ez-formalak egiaztatzeko.

5. artikulua.– Onartzeko prozedura.

1.– Prozeduran parte hartu nahi duten pertsonak onartzeko edo baztertzeko, lehenik eskabideak aztertuko dira, eta, ondoren, baldintzak betetzen dituztenei jakinaraziko zaie prozeduran parte har dezaketela, eta pertsona horiek aholkularitza-fasera igaroko dira. Baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak, berriz, prozeduratik baztertuko dira, eta azalduko zaie zergatik ezin duten prozeduran parte hartu.

2.– Aholkularitza- eta ebaluazio-faseak 1224/2009 Errege Dekretuan gai horri buruz xedatuta dagoenarekin bat etorriko dira.

6. artikulua.– Informatzeko, orientatzeko, aholkatzeko eta ebaluatzeko ikastetxeak.

1.– Aplikatu behar den araudian ezarritakoaren arabera, prozeduraren faseak garatzeko baimenduta daude Lanbide Heziketako ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoak eta Lanbide Heziketako ikastetxe integratu publikoak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mendekoak.

2.– Ebazpen honen II. eranskinean ageri diren Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxe integratu pribatuei prozeduraren faseak garatzeko baimena ematen zaie. Halaber, interesdunak informatu eta orientatu ahal izango dituzte.

3.– Interesdunek prozedurari buruzko informazioa eta orientazioak jaso ahal izango dituzte Lanbide Heziketako ikastetxeetan, Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Lanbideren enplegu-bulegoetan; haien zerrenda Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren web-orrian eskura daiteke: https://ivac-eei.eus/eu/konpetenzien-aitorpena/

4.– Web-orri horretan bertan adieraziko da zer egoitza dituzten interesdunei prozedurari buruzko informazio- eta orientazio-zerbitzua emateko baimenduta dauden irabazi-asmorik gabeko antolakunde publiko zein pribatuek eta eragile sozialek.

7. artikulua.– Prozedurari buruzko informazioa eta publikotasuna.

1.– Informazio hau ere egongo da Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean (https://ivac-eei.eus/eu/konpetenzien-aitorpena/):

1.1.– Prozedurari eta faseei buruzko azalpenak.

1.2.– Informazioa eta orientazioa jasotzeko lekuak.

1.3.– Ebaluatu eta egiaztatuko diren konpetentzia-atalak.

1.4.– Hautaketa Batzordeko kideak eta haien erabakien aurka erreklamatzeko modua.

1.5.– Izen-emateak formalizatzeko lekuak eta bitartekoak.

1.6.– Prozedurak zein ikastetxetan egingo diren; hori erabakitzeko, aintzat hartuko da egiaztatu nahi den konpetentzia-atala zein ekoizpen-sareri lotuta dagoen.

1.7.– Konpetentzia-atalen ebaluazio-emaitzaren aurka erreklamazioak aurkezteko prozedura eta epeak.

2.– Prozedurari buruz ematen den informazio guztia argitara emango da Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus eta Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren web-orrian (https://ivac-eei.eus/eu/konpetenzien-aitorpena/).

8. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak babesteari dagokionez, Hezkuntza Sailak xedapen hauetan jasotakoa bete beharko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa.

Datu-babesari buruzko informazio xehea eskuratu nahi baduzu, jo webgune honetara: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

9. artikulua.– Argitalpena.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta haren laburpen bat, Estatuko Aldizkari Ofizialean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; errekurtsoa Hezkuntzako sailburuari zuzenduko zaio, eta berak ebatziko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari entzun ondoren.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 23a.

Lanbide Heziketako sailburuordea,

JORGE ARÉVALO TURRILLAS.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.


Azterketa dokumentala