Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

239. zk., 2021eko abenduaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
6053

AGINDUA, 2021eko azaroaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Azpitek laguntza-programaren 2021eko deialdiaren baliabide ekonomikoak handitu direla.

Lehenengoa.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko maiatzaren 5eko Aginduaren bidez, azpiegitura zientifiko-teknologikoak eskuratzeko laguntza-programa arautu eta iragarri zen (EHAA, 99. zk., 2021eko maiatzaren 21ekoa).

Laguntza-programa berri batez ari gara, oraindik ebazpen-fasean dagoena, eta, proiektu asko aurkeztu direnez haren deialdira, laguntza-eskaria hasieran aurreikusi zena baino askoz ere handiagoa da. Aurkeztu diren proiektuak balioetsi ondoren, uste dugu guztira 12.188.631,00 euro behar direla benetako premiei erantzuteko (dirulaguntza-deialdian 5.313.631,00 euro finkatu ziren).

Bigarrena.– Sailaren gastu-partida batzuetan aurrekontu-soberakinak daude, ezein laguntza-programatan erabiliko ez direnak; beraz, erabaki da soberazko kredituaren bolumena beharrizana dagoen beste I+G gastu-programa batzuetan erabiltzea. Horiek horrela, Azpitek programan atzemandako beharrak kontuan hartuta, erabaki da haren aurrekontua handitzea, soberakinetatik lortutako 6.250.000,00 euro aplikatuz.

Bestalde, Berrikuntza Funtsak ordainketa-kredituko 500.000,00 euro gehigarri transferitu dizkio Teknologia Zuzendaritzari, azpiegitura zientifiko-teknologikoetarako programa gara dezan, eta, horrez gainera, 2022rako, 125.000,00 euroko konpromiso-kredituak eskatu dizkio Ogasunari.

Hirugarrena.– Guztira 6.875.000,00 euro bideratuko dira Azpitek programaren 2021eko deialdia zabaltzeko; zenbateko horretatik, 5.500.000,00 euro 2021eko ekitaldian aplikatuko dira, eta 1.375.000,00 euro, berriz, 2022ko ekitaldian.

Zabaltze horren zenbatekoa eta hasiera batean deialdirako onartu zen zenbatekoa batuta, 12.188.631,00 euro egiten dira, eta horixe da, hain zuzen, Azpitek 2021eko deialdia finantzatzeko erabiliko den behin betiko zenbatekoa.

Horregatik guztiagatik, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko maiatzaren 5eko Aginduaren 2. artikuluan jasotakoaren arabera (agindu horrek azpiegitura zientifiko-teknologikoak eskuratzeko laguntza-programa arautu eta iragarri zuen), honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Azpitek laguntza-programaren 2021eko deialdirako aurreikusita dauden baliabide ekonomikoen gehikuntza iragartzea (6.875.000,00 euro); Azpitek programaren deialdia 2021eko maiatzaren 5eko Aginduaren bidez egin zen.

Adierazitako zenbatekotik, 5.500.000,00 euro 2021eko ekitaldian aplikatuko dira, eta 1.375.000,00 euro, berriz, 2022ko ekitaldian.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 23a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala