Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

230. zk., 2021eko azaroaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5877

EBAZPENA, 2021eko urriaren 8koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen mendeko zentroetako garbiketa-zerbitzuaren enpresa emakidadunetako soldatak eguneratzeko eta atzerakinak ordaintzeko (2019-2021 urteak) akordio partziala erregistratu, argitaratu eta gordailutzea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2021eko irailaren 28an, REGCONen aurkeztu da soldatak eguneratzeko eta atzerakinak ordaintzeko (2019-2021 urteak) akordio partzialari dagokion nahitaezko dokumentazioa. Akordio hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Universidad del País Vasco/ Euskal Herriko Unibertsitatearen mendeko zentroetako garbiketa-zerbitzuaren emakidadun diren enpresen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko batzordeak hartu du.

Bigarrena.– Akordio hori 2021eko irailaren 28an sinatu zuten UGT, LAB, ESK eta CC.OO. sindikatuek eta Hezkuntza Sailaren esleipendun diren garbiketa-enpresen elkarteak.

Hirugarrena.– Akordio partzial hori sinatu dutenek pertsona bat izendatu dute, sinatze-aktan, akordioa erregistratu eta argitara dezan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90.2 eta 3 artikuluan aurreikusitako eskumena, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua (2015-10-24ko BOE), betiere bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen irailaren 6ko 18/2020 Dekretuarekin, zeinaren 2. artikuluan sortzen baita Lan eta Enplegu Saila. Aplikagarriak dira, halaber, urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren 10.1.i artikulua (dekretu hori uztailaren 6ko 167/2021 Dekretuaren bidez aldatu zen), urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretua eta maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua, Hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzkoa.

Bigarrena.– Sinatutako akordioak Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategineko 85., 87., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Akordioa Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.

Bigarrena.– Akordioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 8a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

ANGEL LAPUENTE MONTORO.

Bilbao, 2021eko irailaren 28a.
HEZKUNTZA SAILAREN ETA UPV/EHU-REN MENDEKO ZENTROETAKO GARBIKETA-KONTRATETAKO LANGILEEN SOLDATAK EGUNERATZEKO ETA 2019-2021 ALDIAN SORTUTAKO ATZERAKINAK ORDAINTZEKO AKORDIO PARTZIALA.

Batu dira Lan Harremanen Kontseiluan, Bilbon, batetik, Hezkuntza Sailaren esleipendun diren garbiketa-enpresen elkartea, eta, bestetik, UGT, LAB, ESK eta CC.OO. sindikatuak. Sindikatu horiek negoziazio-batzordeko langileen artean daukaten ordezkaritza % 59,76koa da, 2015eko maiatzaren 12ko eratze aktan jasota dagoenez. Horrenbestez, honako hau

ADOSTU DUTE:

Lehenengoa.– Hitzarmenaren aurreraeragina aplikatuz aurreikusitako soldata-igoerak onartzea, hitzarmenaren 48. artikuluan jasotako eran. Hona hemen:

– 2019. urtea: % 2,25 urtarriletik ekainera, eta % 0,25 uztailetik abendura.

– 2020. urtea: % 2.

– 2021. urtea: % 0,9.

Bigarrena.– Enpresek konpromisoa hartzen dute, batetik, aipatutako igoerek sortutako atzerakin guztiak ordaintzeko, eta, bestetik, langileen soldatak eguneratzeko (eranskineko soldata-taulen arabera).

Hirugarrena.– Akordio honek eraginkortasuna izango du Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategineko 87., 88. eta 89. artikuluen babesean, eta argitaratzen denetik aurrera nahitaez bete beharko da. Hura izapidetzeko, Lan Harremanen Kontseiluari ematen zaio baimena. Edonola ere, akordioa argitaratzen denetik, enpresek hilabeteko epea izango dute atzerakinak ordaintzeko.

UGT

LAB

ESK

CCOO

Hezkuntza Sailaren esleipendun diren garbiketako enpresen elkartea

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala