Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

211. zk., 2021eko urriaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5402

AGINDUA, 2021eko urriaren 14koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, EAEn ingurumen-boluntariotzako proiektuak egiten dituzten irabazteko asmorik gabeko erakunde pribatuentzako dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta laguntzon deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena du ingurumenaren eta ekologiaren alorrean estatuko oinarrizko legeria bere lurraldean garatzeko eta betearazteko.

Aipatutako eskumena Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak gauzatzen du, halaxe xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, 8. artikuluan.

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 98. artikuluaren arabera, herri-administrazioek dute ingurumen-hezkuntza gizarte-sektore guztietan sustatzeko eginkizuna, hain justu ere ingurumena babestera bideratutako informazioa, jarrerak, balioak eta jokabideak herritarrengan hedatzeko eta zabaltzeko ekimenen bitartez.

Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeak, batetik, boluntarioek gure erkidegoan egiten duten jarduerarako berariazko lege-esparrua ezartzen du, eta, bestetik, zehaztu egiten du: euskal administrazioak boluntariotza sustatzeko eta herritarrek gizartea eraikitzen parte hartzeko duten eskubidean sakontzeko konpromisoa.

Bestetik, 2030erako Euskadiko Jasangarritasunerako Hezkuntza Estrategiak –gobernu-kontseiluak 2018ko ekainaren 5eko bilkuran onartutakoak– lehenengo jomugan bilduta dauka ekintzarako hezkuntzan aurrera egin behar dela; halaber, herritarrak eta gizarte-eragileak ingurumen-politiketan lankidetza aktiboan aritzea dela, hain zuzen, jasangarritasunerantz aurrera egiteko beharrezko baldintzetako bat.

Deialdi honen helburua da: Natura 2000 Sareko esparruan jarduketak sendotzea, klima-aldaketaren aurkako borrokari eta ekonomia zirkularrari dagokienez, EAEko IV. Ingurumen Esparru Programarekin (2020) eta garapen jasangarriaren helburuekin bat etorriz. Ingurumen-erronka horien artean, ardura sektore publikoaren eta pribatuaren artean banatzeari eta herritarrak gero eta gehiago sentsibilizatzeari lehentasuna emango dien gobernantza publiko bat sortzea da. Azken finean, lortu nahi da ingurumenarekiko konpromisoa pertsonengan sakon errotzea, herritarren balio-eskeman sar dadin.

Ingurumen-boluntariotza da herritarrek parte hartzeko era libre, altruista eta zuzena; eta era berean honako emaitzak eragiten ditu: ingurunea hobetzea; eta ingurumena hobetu eta kontserbatzeko motibazioari eta inplikazioari dagokienez eraldaketa pertsonal eta sozial sakona. Eta ikusten denez, aipatutako helburuak lortzeko tresna eragingarrienetako bat da.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak babestu egiten ditu irabazteko asmorik gabe egiten diren ingurumenaren inguruko boluntario-proiektu guztiak eta, horretarako dirulaguntza-lerro hau sustatzen du, hezkuntzarako, gizarte-kontzientziarako eta ingurumenerako hain onuragarriak diren jarduketa horiek sustatzeko. Horrez gain, laguntza hau Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen 2021-2023 ekitaldietarako dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota dago.

Horrenbestez, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta eginkizunak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 28ko 48/2020 Dekretuak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak ematen didaten eskumena baliatuz, 1/1997 Legea, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak adierazten du badagoela aurrekontu-kreditu nahikoa agindu honen esparruan garatzen diren proiektuei beharrezko finantzaketa emateko.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Norgehiagoka-prozeduraren bitartez dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzeko eta laguntzok deitzeko helburua du agindu honek; irabazteko asmorik gabeko erakunde pribatuek jaso ditzakete laguntza horiek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte ingurumen-boluntariotzako proiektuak 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra arte.

2. artikulua.– Ingurumen-boluntariotzako proiektuen deskribapena.

1.– Honelako proiektuak lagun daitezke diruz: ingurune fisikoaren gaineko ekintza zuzenak egiten dituztenak, hain justu ingurumen-boluntarioek era libre, altruista eta irabazteko asmorik gabekoan egindakoak badira ekintzok, eta horretaz gain, erakunde sozialek koordinatzen badituzte, zertarako-eta, ondoren aipatutako eremuetako batean, ingurunea hobetu eta babesteko:

a) Ingurune naturala: ekosistemak kontserbatzea (ibaiak, basoak, kobak, gailurrak, itsasertza, hezeguneak, eta beste habitat batzuk); paisaia mantentzea eta leheneratzea. Honelako proiektuek ez dute jasoko dirulaguntzarik: espezie inbaditzaileak kentzeko direnak, salbu eta boluntariotza bidez gauzatzeko ekintzak direla jasota egon berariaz, betiere erakunde eskudunek onartutako kontrol-egitasmo baten barruan.

b) Babestutako naturaguneak: aurreko apartatuan adierazitakoez gain, baliabideak mantentzen laguntzea (bide-zidorrak, ekipamenduak...).

c) Hiri-ingurumena: hiriko giroaren kalitatea hobetzea, hiriko eta hiri-aldiriko berdeguneetan ekintzak egitea, hiriaren jasangarritasuna sustatzea (mugikortasuna, hondakinak, energia, kontsumoa, eta beste edozein esparru), herri eta hirietako flora, fauna eta geodibertsitatea (Interes geologikoko tokiak, arroka apaingarriak, eraikuntza material tradizionalak, etab.) ezagutzeko ikerlanetan kolaboratzea.

d) Mintegien edo hazi-bankuen bidez landare-espezie eta -barietateak kontserbatzea, eta EAEko fosil edo mineral bildumak kontserbatzea.

e) Flora eta faunako espezie babestuak eta haien habitata kontserbatzeko ikerlanetan kolaboratzea, baita interes geologikoko toki kalteberetan edo degradazio arriskua dutenetan.

2.– Ikerketa-atazetan laguntzearen arloan, ibilbide zientifiko eta ikertzaile ziurtatua duten pertsona eta erakundeekin gauzatu behar da lankidetza hau. Ibilbide hori ziurtatuko duen dokumentazioa eskabidearekin batera aurkeztuko da.

3.– Ez dira joko boluntariotzako jardueratzat: informazio- edo zabalkunde-materialen edizio hutsa, edo prestakuntza-jardueren gauzatze hutsa.

4.– Erakunde eskatzaileek proiektuaren koordinatzaile tekniko bat izendatu beharko dute proiektuaren diseinuaren, gauzatzearen eta ebaluazioaren arduradun gisa. Proiektu bakoitzak 10 parte-hartzaile izan beharko ditu gutxienez.

5.– Aurreko ataletan azaltzen diren proiektuak; betiere, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan gauzatu beharko dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen helburua betetzeko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan xede horretarako berariaz ezarriko diren aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.

2.– Horretarako, ehun mila (100.000) euro jarriko dira gehienez, aurrekontu-aplikazio honetan: 21.0.1.05.42.0100.4.454.99.44210.008.T

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako hauek jaso ahal izango dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzak: irabazteko asmorik gabeko erakunde edo elkarte pribatuak, legez eratuak eta administrazio publikoaren partaidetzarik ez dutenak.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– Erakunde eskatzaileek dagokien erregistroan inskribatuta egon behar dute.

2.– Ogasuneko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta. Baldintza hori nahitaez bete beharko da onuraduna izateko eta, beraz, baldintza hori betetzen den egiaztatuko da dirulaguntza ematean eta ordainketak egitean.

3.– Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legearen (edo horren baliokide den araudiaren) menpe egongo dira erakunde eskatzaileak.

4.– Fundazioak aurkeztuz gero, EAEko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean xedatutakoa bete beharko dute.

5.– Honako hauek ezingo dituzte eskuratu deialdi honetako dirulaguntzak: laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera galarazten duen zigor penal edo administratiboren bat dutenak; edo legezko galarazpen edo kausaren bat izatea, eta horrek halakorik eskuratzeko ezgaitzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoa barnean dela.

6.– Halaber, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. zenbakian jasotako gorabeheraren batean dauden erakundeak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. zenbakitik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

6. artikulua.– Baimenak eta erakunde eskatzaileak zenbait betekizun egiaztatzea.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko eskatzean, erakunde eskatzaileek baimen hauek ematen dituzte:

a) Organo kudeatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko elkarte eta fundazioen erregistroetako inskripzioa ofizioz egiaztatzeko baimena.

Erakunde eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela baimentzen ofizioz egiaztatzea Elkarteen eta Fundazioen Erregistroan inskribatuta dagoela, dagokion erregistroaren ziurtagiriaren inskripzioaren kopia aurkeztu beharko du eskabidearekin batera.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteen edo fundazioen erregistroan inskribatuta ez badago, erakunde eskatzaileak dagokion erregistroan duen inskripzioaren kopia aurkeztu beharko du, eskabidearekin batera.

b) Baimena ematea organo kudeatzaileak ofizioz egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, behar beste aldiz.

Erakunde eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela baimenik ematen ofizioz egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta/edo Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, organo eskudunek emandako administrazio-ziurtagiri positiboen bidez egiaztatu beharko du.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz (horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen da), honako betebehar eta eskakizun hauek eskabidearekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira:

a) Jakinaraztea ea eskatu den helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako dirulaguntzarik, laguntzarik, sarrerarik edo baliabiderik eta, kasua bada, ea eskuratu den.

Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, proiektua justifikatu baino lehen.

b) Ez jasotzea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak emandako laguntza edo dirulaguntzarik, natura-ondarearen kontserbazioan ezagutza sortzeko proiektuak egiten dituzten erakunde pribatuei zuzenduta.

c) Pertsona edo erakunde eskatzailea ez egotea egoera hauetan: administrazio- edo zigor-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, bereziki kontuan izanik sexu-diskriminazioaren ondoriozkoetan.

d) Era berean, adieraztea eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak egiazkoak direla, eta dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak betetzen dituela.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidearekin batera emandako erantzukizunpeko adierazpenean adieraziko dute ez daudela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko edo bukatzeko dagoen inongo itzultze- edo zigor-prozeduratan. Prozedura horietako batean baldin badago, zehaztu egin beharko du zeinetan.

4.– Erakunde eskatzaileek, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, adieraziko dute aldez aurretik eskatuko dituztela, behar izanez gero, proiektua gauzatzeko behar diren baimenak.

7. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak ematea bateragarri izango da funts publiko edo pribatuen kargura helburu berarekin eman daitezkeen beste dirulaguntza batzuekin, betiere ez bada gainfinantzaketarik gertatzen. Halakorik gertatuz gero, murriztu egingo da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion mugara egokitu arte.

2.– Ez dira bateragarriak izango agindu honetan araututako dirulaguntzak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren Aginduaren babesean ematen direnak. Agindu horren bidez, natura-ondarea babesteari buruzko ezagutza sortzeko proiektuak egiten dituzten erakunde pribatuei dirulaguntzak emateko deialdia egiten da.

8. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Honako gastu hauek lagundu daitezke diruz, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera:

a) Boluntarioen erantzukizun zibileko eta istripuetako asegurua.

b) Jardueraren garapenarekin zuzenean lotutako material beharrezkoak.

c) Boluntarioak prestatzeko eta egindako edo egiteko jardueren zabalkundea egiteko behar diren materialen edizio-gastuak. Gehienez ere 500 euro.

d) Garraio- eta mantenu-gastuak edo pertsonak edo salgaiak garraiatzeko ibilgailuak alokatzeko direnak, betiere jardueretarako beharrezkoak badira eta eskabidean egoki justifikatzen badira.

2.– Lehengo gastu horiez gain, gastu zuzen hauek ere lagunduko dira diruz:

a) Diruz lagundu daitezkeen egitura-gastuak: Halakotzat hartuko dira: erakundearen egiturak jarduera gauzatzeko zuzenean eragindakoak (telefonoa, elektrizitatea, posta, fotokopiak, paper-gauzak, material suntsikorra, etab.).

Gastu horiek, gehienez, emandako dirulaguntzaren % 10 izan ahalko dira.

b) Langileen gastuak. Halakotzat hartuko dira: erakunde onuraduneko langileek sortutakoak; langileak plantillakoak izan nahiz proiektuko boluntarioak koordinatzeko edo kudeatzeko berariaz kontratutakoak izan; gastuok nomina bidez justifikatu ahalko dira.

Diruz lagundu daitezkeen langile-gastuak, gehienez, emandako dirulaguntzaren % 10 izan ahal izango dira.

c) Proiektuari lotutako komunikazio-gastuak: publizitate eta merchandising kanpainak, emandako dirulaguntzaren% 10eko mugarekin.

3.– Gastu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

a) Dirulaguntza jaso duen proiektuari zuzenean lotuta ez daudenak; batez ere, erakunde onuradunaren ohiko funtzionamendukoak edo egiturakoak.

b) Web-orriak argitaratzeari lotutako gastuak.

c) Zeharkako zergak, berreskuratu edo konpentsatzekoak direnean.

d) Beharrik gabekoak eta gaizki justifikatutakoak. Beharrik gabeko gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren nolakotasunari erantzuten ez diotenak, behar-beharrezkoak ez direnak eta agindu honek ezarritako epean gauzatzen ez direnak.

Diruz lagundutako gastuen erosketa-kostua ezingo da izan, inondik inora, merkatuko balioa baino handiagoa, ezta neurriz gabekoa ere, ekonomiaren eta kostu-eraginkortasun harremanaren printzipioei dagokienez.

4.– Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan, artikulu honetan diruz laguntzeko modukoak ez diren gastuak biltzen badira, balorazio-batzordeak desagerrarazi edo kendu egingo ditu, diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontua zenbatekoa den zehazteko; aurrekontu hori dirulaguntzaren zenbatekoa ezartzeko oinarria izango da. Diruz lagundu daitezkeen gastuak zein diren eta zein ez diren erabakitzea 13. artikuluan deskribatutako balorazio-batzordeari dagokio, aurreko apartatuetan xedatutakoari jarraituz.

9. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Laguntzak norgehiagokaren bidezko dirulaguntzatzat hartuko dira Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz –testu bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen–.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa, 8. artikuluan ezarritakoarekin bat, onartutako gastu-sailen % 100 izan daiteke, gehienez ere, eta, proiektu bakoitzerako, ezingo du gainditu 15.000 euroko kopurua.

3.– Irabazteko asmorik gabeko erakunde bakoitzari, gehienez ere, proiektu baterako dirulaguntza eman dakioke. Eskabide bat baino gehiago aurkezten bada, puntuaziorik handiena lortu duen proiekturako baino ez da emango dirulaguntza.

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez baino ez dira aurkeztuko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0262307

3.– Interesdunek izapideak elektronikoki egin ahal izango dituzte ordezkari baten bidez, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatuz (https://www.euskadi.eus/ordezkariak).

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten eran. Era berean, prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

6.– Eskabidearen ondorengo izapideak bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta»ren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

11. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak, eskabidean akatsen edo zehaztugabetasunen bat aurkitzen badu, erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio, eta akatsa edo zehaztugabetasuna zuzentzeko hamar eguneko epea emango dio. Jakinarazpenean, adieraziko da erakundeak zuzenketa egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoari jarraituz.

12. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzeko ardura duen erakundea.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea.

13. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, kide anitzeko ebaluazio-organo bat eratuko da (balorazio-batzordea), honela osatua:

a) Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendaria. Bera izango da buru.

b) Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzako bi teknikari, zuzendariak izendatuak. Bietatik, zerbitzuan antzinatasun handiagoa duenak jardungo du idazkari-lanetan.

2.– Balorazio-batzordearen osaera, aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49. artikuluan ezarritakoa betez.

3.– Balorazio-batzordeak dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Ingurumeneko sailburuordeari. Proposamen horretan zehaztuko da zer jarduerek jaso dezaketen dirulaguntza eta horien zenbatekoak, agindu honen 14. artikuluan aipatutako esleipenerako irizpideen eta aurrekontu-mugen arabera. Era berean, adieraziko du zer proiektu baztertzea proposatzen duen, eta zergatik.

14. artikulua.– Balorazio-irizpideak eta esleipen-prozedura.

1.– Dirulaguntzak emateko, eskabidean jarraian adierazten diren baldintzak betetzen diren baloratuko da. Gehienez ere ehun (100) puntu lor daitezke, irizpide hauen arabera banatuta:

a) Proposatutako jarduerek ingurumenari dagokionez duten interesa eta proiektua zenbateraino egokitzen zaion deialdiaren xedeari (gehienez 20 puntu). Gehieneko puntuazioarekin baloratuko dira jarduketa Natura 2000 Sarearen barruko eremuetan ardazten duten proiektuak, klima-aldaketaren aurka borrokatzera bideratutakoak, eta ekonomia zirkularra sustatzean ardaztutakoetan.

b) Aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa. Baloratzeko, kontuan hartuko dira: helburuen zehaztasuna, jardueren azalpen zehatza, metodologiaren garapena, giza baliabideak egokiak izatea, bideragarritasuna eta ebaluazioa (20 puntu gehienez).

c) Proiektuan parte hartuko duten boluntarioen kopurua gutxi gorabehera (gehienez, 15 puntu).

d) Gizarte-errentagarritasuna, hau da, kostuen eta jardueren onuren edo onuradunen arteko oreka (gehienez 15 puntu).

e) Erakundearen esperientzia antzeko jarduerak gauzatzen (gehienez, 5 puntu). Honako agindu honen 2. artikuluan azaldutakoen antzeko proiektuetan izandako ibilbidea egiaztatzeko, eskabidean bete beharko da erakundeak garatu dituen edo garatzen ari den ingurumen-ekintzen edo ingurumeneko boluntariotza-ekintzen laburpena; dena dela, sailak behar diren agiri osagarriak eskatu ahal izango ditu.

f) Tokiko erakundeekiko lankidetza edo euren parte-hartzea daukaten proiektuak egitea (6 puntu); proiektuaren batera egiaztatu beharko da.

g) Proiektua ingurumen-boluntariotzako beste erakunde batzuekin batera gauzatzea (5 puntu). Eskabidean zehaztuko da zer entitate, elkarte eta erakunderekin lan egingo den eta zer jarduera diren elkarrekin egitekoak. Ez da lankidetza kontsideratuko: erakundeek diruzko kontraprestazio baten truke egindakoa.

h) Euskaraz gauzatutako proiektuak (gehienez, 5 puntu).

i) Genero-ikuspegia sartzea proiektuaren diseinuan eta exekuzioan. Proiektuaren edozein fasetan genero-ikuspegia txertatuz gero, horri loturiko jarduketak baloratuko dira, jardueretan, metodologian zein ebaluazio-adierazleetan izan (5 puntu gehienez).

j) Proiektuan, desgaitasunen bat daukaten, arriskuan edo baztertuta dauden eta nagusiak diren pertsonekiko esku-hartze soziala txertatzea (4 puntu gehienez).

2.– Laguntzak lortu ahal izateko, nahitaezkoa izango da gutxienez 10 puntu lortzea aurreko apartatuko a) eta b) letretan zehaztutako alderdietan eta, gainera, gutxienez 50 puntu lortzea apartatu horretan jasotako irizpideen arabera egiten den balorazio orokorrean.

3.– Ezarritako betekizunak betetzen dituztenek aurkeztutako proiektuak baloratu ondoren, behar den gutxieneko puntuazioa lortu dutenak ordenatzeari ekingo zaio, handienetik txikienera, lortu duten puntuazioaren arabera, eta laguntzak hurrenkera horren arabera esleituko dira, agindu honen 9.2 artikuluak ahalbidetzen duen gehieneko kopuruan, harik eta, hala gertatzen bada, deialdiaren zuzkidura agortzen den arte.

15. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Aurkezten diren eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Ingurumeneko sailburuordeari dagokio, betiere balorazio-batzordearen proposamenez.

2.– Hartzen den ebazpenean, eskatutako dirulaguntzak eman diren edo ez adieraziko da. Dirulaguntza ematen denean, hauek zehaztuko dira: onuradunaren izena, diruz lagundutako proiektua, partida diruz lagungarrietan onartutako aurrekontua, baztertutako gastuak eta eman den dirulaguntzaren zenbatekoa. Eskaera ukatzen denean, zergatik ukatu den azaldu beharko da.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote erakunde interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta). Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, eman zaien dirulaguntza eta finantzatutako inbertsio-proiektua adierazita.

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

6.– Dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita eta oraindik izapidetze-aldian badaude.

16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntzaren % 60 laguntza onartu ondoren ordainduko da, 18.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Dirulaguntzaren gainerako % 40a, berriz, erakunde onuradunak 17. artikuluan adierazten den eran eta epean dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztearen mende geratuko da.

3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du. Erregistro horretan alta emateko edo datuak aldatzeko, helbide honetara jo beharko da: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

17. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Justifikazioak elektronikoki aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta gutxieneko dokumentazio hau erantsiko zaie:

a) «Jardueraren memoria» deritzon inprimakia, non honako hauek adierazi beharko baitira: eskabidean jasotako alderdi guztiei dagokienez, proiektuaren exekuzioa; hasierako aurreikuspenei dagokienez izan diren aldaketak, eta horien justifikazioa, barnean direla jardueraren argazkiak; gauzatutako jardueraren planoak edo krokisak; jarduera zenbat pertsonak egin zuten (sexuaren eta adinaren arabera bereizita); proiektuaren ebaluazioa, eta itzulkinen eta errentagarritasun sozialaren adierazle objektiboak, proiektu edo jarduera zehatz bakoitzerako egokituak.

b) «Justifikazio-kontua» inprimakia. Justifikazio ekonomikoa justifikazio-kontu sinplifikatuko administrazio-prozeduraren bidez egingo da. Prozedura horretan, jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta hasierako aurrekontuarekiko izandako desbideratzeak jasoko dira. Hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso diren zehaztu beharko da.

«Justifikazio-kontua» betetzeko, baliagarriak dira fakturak eta balio frogagarri baliokidea duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, diruz lagundutako aurrekontu-sailetan egindako gastuei dagozkienak.

Dirulaguntza behar bezala aplikatzen dela egiaztatzeko, finantzatutako jardueraren gastuen frogagiriak, diruz lagundutako proiektuen % 10ean gutxienez, organo kudeatzaileak baliozkotu eta zigilatuko ditu. Horretarako, eskuragarri egon beharko dute laguntza eman eta hurrengo bost urteetan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Kontrol Ekonomikorako Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin beharreko gainerako ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-ekintzak alde batera utzi gabe.

c) Erakunde aseguratzaileak aseguru-polizei buruz emandako egiaztagiria, gutxienez datu hauek adierazita: zenbatekoa den organizazioak boluntarioen alde kontratatutako aseguru polizen, istripu-polizen eta erantzukizun zibileko polizen estaldura, eta, gainera, aseguratuak zenbat diren eta polizaren munta osoa zenbatekoa den. Bai istripu-aseguruak eta bai erantzukizun zibilekoak, biek egon beharko dute indarrean jarduerak egiteko denbora guztian.

d) Proiektuan edo jardueran sortutako materialen kopia.

e) Baimenen kopia, proiektua egiteko baimena eskatu behar izan bada.

2.– Aurreko apartatuan aipatutako dokumentuak bi hileko epean aurkeztuko dira, jardueraren amaiera-datatik zenbatzen hasita, eta betiere 2022ko martxoaren 1a baino lehenago.

3.– Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak, aurkeztutako emaitzak, egiaztapena eta dokumentazioa oinarritzat hartuta, dirulaguntzaren bigarren ordainketa egingo du Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendariak emandako ebazpen baten bidez.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza esleitu izana jakinarazten duen komunikazioa jaso eta 10 eguneko epean, dirulaguntzaren onuradunak espresuki uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu duela ulertuko da.

2.– Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

3.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikorako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari informazioa ematea egiaztatze- eta fiskalizatze-lanetan eskatutakoari dagokionez, dirulaguntzaren xedearekin lotuta.

4.– Dirulaguntzak emateko oinarri diren hauek egin behar dituzte: helburua bete, proiektua gauzatu, jarduera egin edo horretarako jokabide egokia izan.

5.– Dirulaguntza esleitzen duen organoaren aurrean justifikatu behar dute betetzen dituztela eskakizunak eta baldintzak, egin dutela jarduera eta bete dutela helburua: hots, dirulaguntza esleitzeko erabakian oinarri izan den hori egikaritu dutela.

6.– Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legearen ondoriozkoak, edo arau baliokideak.

7.– Boluntarioentzako istripuetarako eta erantzukizun zibilerako aseguruak kontratatzeari buruzkoak.

8.– Proiektuetan, organo eskudunak aldez aurretik emandako baimenak aurkeztu beharko dira proiektuko jarduerek eremu hauek ukitzen badituzte: natura-ondarea, naturagune babestuak, ibai-ibilguak, Batasuneko garrantzizko lekuak, ondare historikoko ondasunak edo babestutako flora eta fauna espezieak. Baimenok jarduerak hasi aurretiko data izan behar dute. Proiektua egiteko unean, erakundeak ez badauzka behar diren baimen guztiak, dirulaguntza osoa errebokatuko zaio.

9.– Jarduera sustatzeko argitalpen, liburuxka edo publizitate orotan, berariaz adieraztea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza dela. Argitalpen horiek euskaraz idatziko dira, edo euskaraz eta gaztelaniaz.

10.– Proiektuen emaitzak Eusko Jaurlaritzaren euskarri elektronikoen bitartez zabaldu ahal izango dira. Hori dela eta, ingurumen-informazioaren tratamendu eta entregari buruzko jarraibideen arabera aurkeztu beharko dira agiri guztiak, www.euskadi.eus/natura webgunean zehaztu bezala.

11.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari lagatzea, dohainik eta ez modu esklusiboan, aurkeztutako dokumentuetan biltzen den informazio teknikoa eta grafikoa, administrazio horrek erabiltzeko eta bere informazio-sistemetan sartzeko, baita informazio hori hedatzeko edo argitaratzeko bibliografia-arloko, ikus-entzunezkoen arloko, informatika-arloko edozein baliabide edo formatutan edo teknika hori erabiltzea ahalbidetzen duen edozein baliabide eta formatutan, betiere egile-eskubideak errespetatuta 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, eta, orobat, uztailaren 18ko 27/2006 Legean ezarritakoa beteta –lege horrek ingurumen-gaiei buruzko informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta auzitegietara joateko eskubideak arautzen ditu–.

Apartatu honi dagokionez, erakunde onuradunek hauek bete beharko dituzte: Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/279 Erregelamendua –erregelamendu hori pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da datu pertsonalei ematen zaien tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe uzten du 95/46/EE Zuzentaraua (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra)–.

12.–. Parte hartzea, hala erabakitzen bada, Eusko Jaurlaritzak emaitzak zabaldu edo esperientziak trukatzeko antolatutako jardunaldietan.

13.– Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote dirulaguntza emateko baldintza izan den edozein inguruabar aldatzen bada, aldaketa gertatu dela jakin orduko eta, edonola ere, proiektua exekutatzeko epea amaitu aurretik.

19. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

1.– Onartutako aurrekontua aldatzeko, arrazoitu egin beharko da, eta aldaketak ezingo du handitu proiektuari esleitutako dirulaguntza osoaren munta.

2.– Baldin eta jardunaren behin betiko kostua txikiagoa bada laguntza ematean aurreikusitako aurrekontuan jasotakoa baino, emandako dirulaguntzaren zenbatekoari behar den ehunekoa murriztuko zaio. Orduan, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berrian aplikatuko da.

20. artikulua.– Dirulaguntzarako baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da, betiere dirulaguntzen onuradun izateko arauetan jarritako baldintzak betetzen badira.

Ondorio horietarako, Ingurumeneko sailburuordeak dagokion ordainketa-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren kopurua doitu egingo da edota, hala badagokio, jasotako gehiegizko diru-kopurua itzultzeko eskatuko da.

21. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Erakunde onuradunak dirulaguntza eskatu eta eman zen helbururako erabiltzen ez badu, dirulaguntza emateko zergatia izan zen jarduera burutzen ez badu, dirulaguntza finkaturiko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, orokorrean, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako betebeharrak edo, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37. artikuluan ezarritakoak, edo agindu honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutakoak, jaso duen diru-kopurua itzuli egin beharko dio EAEko Diruzaintza Nagusiari, sortutako legezko interesekin batera, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Erakunde onuradunaren betetze-maila nabarmen badago osorik betetzetik gertu eta konpromisoak zalantzarik gabe betetzeko jarduna izan duela egiaztatzen badu, dirulaguntza emateko adierazi eta erabilitako irizpideen arabera zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.

Betetze partzialak ondorioztatuko dira dirulaguntza justifikatzeko erabilitako dokumentuen azterketa teknikotik. Halaber, itzultze partziala zehazteko, kontuan hartuko da dirulaguntza behar bezala aplikatu den ala ez kopurua kalkulatzeko kontuan hartu diren irizpideen arabera.

22. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraz, beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hileko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, zeinaren bidez lege horren erregelamendua onartzen baita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 14a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala