Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

210. zk., 2021eko urriaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5370

EBAZPENA, 2021eko urriaren 5ekoa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena; horren bidez, Lea Ibarreko Udal Txikien Mankomunitateko gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostua sailkatu da.

Lea Ibarreko Udal Txikien Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2021eko uztailaren 20an egindako bileran, honako erabaki hau hartu zuen: Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatzea Idazkaritzako lanpostua, gaikuntza nazionala duen toki-administrazioko funtzionarioari gordea, hirugarren mailan sailka dadila.

Horren harira, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 21eko 7/1985 Legearen (TAOL, aurrerantzean) 92 bis artikuluak, lehen atalean, ezartzen duenez, abenduaren 27ko 27/2013 Legea (toki-administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunari buruzkoa) indarrean jarri ondoren emandako idazkuntzan, tokiko korporazio guztietan beharrezkoak diren funtzio publiko batzuk daude –artikulu horren a) eta b) letretan zerrendatzen direnak–, eta horien gaineko administrazio-erantzukizuna estatu-mailako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioei dagokie.

Halaber, aipatu 92 bis artikuluaren laugarren zenbakian xedatzen denez, Gobernuak, errege-dekretu baten bidez, arautuko ditu estatu-mailako gaitasuna duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sortu, sailkatu eta ezabatzeko espezialitateak.

2018ko martxoaren 17an, 92 bis artikuluaren laugarren atalean jasotakoaren arabera, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu zen 128/2018 Errege Dekretua, martxoaren 16koa, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duena.

TAOLen 92 bis artikuluan aipatzen diren eta toki-korporazio guztietan egon behar diren beharrezko funtzio publikoak betetzen dituen lanpostuen sailkapenari dagokionez, horien gaineko administrazio-erantzukizuna estatu-mailako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioei dagokielarik, 128/2018 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren bigarren atalak berariaz ezartzen du Udalerrietako Mankomunitateetako Idazkaritzak artikulu horren lehen atalean aipatutako motaren batean sailkatuko direla, autonomia-erkidegoaren eskutik, beren ezaugarri propioen arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoan ez dagoenez legezko agindu hori garatzen duen araudi autonomikorik indarrean, mankomunitateetan aplikatu daitekeenik, 128/2018 Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritako parametroak hartu behar dira kontuan.

Horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala Mankomunitatearen eskaera zela eta; Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak eskatutako txostena jaso du. Horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik aldeko txostena ematen zaio Lea Ibarreko Udal Txikien Mankomunitateko Idazkari-Kontuhartzaile lanpostua sailkatzeko eskabideari.

Horrenbestez, kontuan hartuta Lea Ibarreko Udal Txikien Mankomunitatearen aurrekontua eta haren jatorrizko xedeak, Mankomunitatearen Idazkaritza hirugarren motan sailkatu behar da (Idazkaritza-Kontuhartzailetza azpieskalako funtzionarioei gordea), eta Mankomunitateak bere lanpostuen zerrendan sartu behar du.

Era berean, Mankomunitatearen Estatutuak aldatzea beharrezkoa izango da, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei buruz indarrean dagoen araudian aurreikusitakora egokitzeko.

Horregatik guztiagatik, Mankomunitateak aurkeztutako eskabidea ikusirik, TAOLen 92 bis artikuluarekin eta 128/2018 Errege Dekretuaren 7., 8., eta 24.3 artikuluekin bat etorriz, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 11. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lea Ibarreko Udal Txikien Mankomunitatearen Idazkaritzako lanpostua hirugarren motan sailkatzea. Lanpostu hori Idazkaritza-Kontuhartzailetza azpieskalakoak diren eta estatu-mailako gaitasuna duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeko da.

Bigarrena.– Sailkatutako lanpostua betetzeko sistema merezimenduen lehiaketa izango da.

Hirugarrena.– Lea Ibarreko Udal Txikien Mankomunitatek bere Estatutuak aldatu eta lanpostu hori sartu beharko du bere lanpostuen zerrendan, hura bete baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari. Beraz, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; hala xedatzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe zuzenbidean onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraikiz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Hala ere, errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hileko epean, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz. Lehenago eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatu ahal izango zaio ebazpen hau deusezta edo erreboka dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 5a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

MIREN JOSUNE IRABIEN MARIGORTA.


Azterketa dokumentala