Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2021eko urriaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5240

220/2021 DEKRETUA, urriaren 5ekoa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Beasainen, Ugartemendiko N-I-419-1 bide-adarrean, Beasainen, biribilgunea egiteko proiektua (3-SV-14/2020) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «Ugartemendiko N-I-419-1 bide-adarrean, Beasainen, biribilgunea egiteko proiektua (3-SV-14/2020)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

Bide Azpiegituretako Departamentuko diputatuak 2021eko otsailaren 8an emandako Foru Aginduaren bidez, honako hau ebatzi zen: nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hilabeteko epean, prentsan eta 2021eko otsailaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (36. zk.). Geroago, 2021eko maiatzaren 11n egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta lau alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

N-I-419-1 bidegurutzeak, «Lazkao eta Beasaingo lotunea» izenekoak, elkartzen dituen GI-2120 «Lizarra-Beasain, Lizarrustitik barrena» errepidea, eta Idiazabaletik etorrita N-I errepidetik Lazkaorako irteera adarra (Beasaingo Ugartemendi auzoan, Senperetik gertu), «T» motako bidegurutze tipologia du, eta herrigune eta industriagune garrantzitsuei zerbitzua ematen die. Bidegurutze horrek zirkulazio nahiko handia jasaten du, ibilgailu astun ugari igarotzen baitira bertatik, horien artean CAF enpresaren inguruko instalazioetako jatorria eta helmuga duten garraio bereziak.

Gaur egun duen konfigurazioak ez du ahalbidetzen ezkerrerantz biratzeko, Beasaingo herrigunerantz. Halaber, GI-2120 errepidetik (Lazkaotik) datozen ibilgailuek N-I errepidea Irungo norabidean hartu nahi izanez gero, ezkerrerantz biratu behar dute eta ez dute itxaroteko erdiko erreirik. Ondorioz, zirkulaziorako erreian geratzen dira eta horrek geratutako ibilgailuen ilara sortzen du.

Bidegurutze konplexua honek, zerbitzu ematen die hirigune populatuei eta industrialde garrantzitsuei, eta ez du behar bezala funtzionatzen. Hori eskualde mailako arazoa da, biztanle eta industria askori eragiten diona.

Proiektu honek jasotzen dituen lanak gauzatzeak ingurune honetako zirkulazioaren arintasuna hobetuko du, bai eta bide-segurtasuna.

Bidegurutze honen bide-segurtasunaren hobekuntza atzeratu ez dadin, beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen da proiektu honetan jasotakoa burutzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2021eko urriaren 5eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Ugartemendiko N-I-419-1 bide-adarrean, Beasainen, biribilgunea egiteko proiektua (3-SV-14/2020)» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko urriaren 5ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana