Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2021eko irailaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4995

EBAZPENA, 2021eko irailaren 22koa, Justizia zuzendariarena, zeinaren bidez espetxeetako zuzendariei eskuordetzen baitzaizkie gai jakin batzuen gaineko eskumenak, espetxe-arloko Estatuko legeria betearazteko arloan.

Espetxeei buruzko irailaren 26ko 1/1979 Lege Organikoak 79. artikuluan ezartzen du beren estatutuetan espetxe-legeria betearaztea eta, ondorioz, espetxe-jarduera kudeatzea beren gain hartu duten autonomia-erkidegoei dagokiela lege horretan arautzen diren erakundeak zuzentzea, antolatzea eta ikuskatzea.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 10.14 eta 12. artikuluen arabera, Euskadiri dagokio espetxeen antolamenduari, araubideari eta funtzionamenduari buruzko eskumena, bai eta arlo horretako Estatuko legeria betearaztea ere.

Autonomia-erkidego honek bere gain hartzen ditu, 2021eko urriaren 1etik aurrera, Euskadiko espetxeen zuzendaritza, ikuskapena, antolaketa, kudeaketa ekonomiko eta administratiboa eta ikuskapena. Ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretuan eta uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 14.f) artikuluaren arabera, Justizia Zuzendaritzari dagokio, bere eskumenen esparruan, zigor- eta espetxe-legeria betearaztea, Gobernuak eremu horietan egiten dituen gainerako jarduerekin koordinatuta.

Horrenbestez, espetxe-legeriaren arabera zuzendaritza-zentroari esleitutako eginkizunak, oro har, Justizia Zuzendaritzari esleitzen zaionaren barruan sartuko lirateke, haren eskumen-eremuan zigor- eta espetxe-legeria betearazteko ardura duen aldetik. Horrek ez du esan nahi, ordea, eskubide hori eskuordetzan eman ezin denik.

Kudeaketaren efikazia- eta efizientzia-arrazoiak direla eta, komeni da zenbait eskumen espetxeetako zuzendaritzei eskuordetzea, batez ere haiek egiten zituzten lanetan, eskuordetze-erregimen berean, zeina sendotu egiten baita kudeaketa deszentralizaturako gaitasunaren aurreko esparruari jarraipena emanda, euskal administrazioak behar dituen doikuntzekin.

Azaldutako guztiagatik, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 20ko 40/2015 Legearen 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Espetxeetako zuzendaritzetako titularren esku uztea, bakoitzaren zentroaren esparruan, honako eginkizun hauek:

a) Bost urtetik gorako kondena duten zigortuak hasieran bigarren mailako tratamenduan sailkatzea erabakitzea, baldin eta Tratamendu Batzordearen erabakia aho batez hartu bada.

b) Indarrik gabe uztea zigortuen gradu-sailkapena, legez ezarritako kasuetan.

c) otsailaren 9ko 190/1996 Errege Dekretuak onartutako Espetxe Erregelamenduaren 105. artikuluaren bigarren apartatuaren babesean espetxeratuek eskatutako gradu-berrikuspenak ebaztea, baldin eta Jarraipeneko Tratamendu Batzordearen erabakia bigarren mailakoa bada eta aho batez hartu bada, eta, gainera, honako baldintza hauetako bat bete behar da gutxienez: bost urtetik gorako kondena baten erdia bete ez izana, zehapen larri edo oso larri bi edo gehiago ezereztu gabe izatea, edo zigor-prozedura baten zain egotea.

d) Erregimen irekiaren barruan bizitzako fase eta modalitateak aplikatzeko baimena ematea hirugarren graduan sailkatutako zigortuei.

e) Hirugarren graduan sailkatutako zigortuak lurralde historiko bereko gizarteratze-zentrora eramateko agintzea, zuzendaritza-zentroak baimena eman ondoren.

f) Zigortuak gizarteratze-zentrotik lurralde historiko bereko espetxera behin-behinean eramateko agintzea, Tratamendu Batzordeak bigarren gradura itzultzeko erabakia hartu badu.

g) Hirugarren graduan sailkatutako zigortuei irteteko baimen arruntak baimentzea.

h) Seme-alaben jaiotzagatik edo bigarren mailarainoko odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko senitarteko baten heriotzagatik edo gaixotasun larriagatik, bigarren graduan sailkatutako zigortuei ezohiko baimenak ematea, baldin eta poliziak zaintzen baditu establezimenduz aldatu gabe, edo irteteko baimen arruntak hartu ohi dituzten barneratuen zaintzarik gabe, betiere baimen horien iraupena berrogeita zortzi ordutik gorakoa ez bada.

i) Aparteko baimenak ematea bigarren graduan sailkatutako zigortuei, dokumentazio eta identifikazio pertsonala eskuratzeko edo Espainian duten legezko egoerarekin lotutako dokumentazioa lortzeko gestioak egiteko, establezimenduz aldatu gabe eta poliziaren zaintzapean.

j) Autogobernu-araubideko aparteko baimenak ematea bigarren graduan sailkatutako zigortuei anbulatorio-kontsultak egiteko edo espetxetik kanpo ospitaleratzeko, baldin eta ohiko irteera-baimenak hartzen badituzte, Espetxeen Erregelamenduaren 155. artikuluko laugarren eta bosgarren apartatuetan ezarritako baldintza eta iraupenarekin.

k) Aparteko irteera-baimenak baimentzea hirugarren graduan sailkatutako zigortuei.

I) Beste espetxe administrazio bateko establezimenduetara eramateko agintzea, eta indar eroalea eskatzea gorabeheren ordutegian planteatzen diren presako espetxe-baimenen kasuan, euskal zuzendaritza-zentroari ahalik eta lasterren jakinarazita.

m) Araubide irekian zigortutako pertsonei asteburuko irteerak erregelamendu bidez ezarritako ordutegietatik kanpo egitea onartzea.

n) Hirugarren edo bigarren graduan sailkatutako zigortuei programatutako irteerak onartzea, malgutasun-printzipioa aplikatuz; azken kasu horretan, espetxe-zaintzako epaileek izango dute irteera horiek baimentzeko eskumena, bi egunetik gorako iraupena dutenean.

o) Tratamendu Batzordearen aho bateko erabakiaren bidez proposatutako destino-zentroa esleitzea pertsona zigortuei, Espetxe Erregelamenduaren 103.7 artikuluaren arabera formulatutako hasierako sailkapenen kasuan, bai eta apartatu honen 8.1 puntuaren arabera zuzendariak erabakitako sailkapenen kasuan ere, baldin eta horrek ez badakar establezimendu-aldaketarik, pertsona zigortua proposamenaren unean dagoen establezimenduari dagokionez.

Bigarrena.– Eskuordetze hau gorabehera, Justizia zuzendariak, organo eskuduna den aldetik, gai horri buruz ezartzen dituen jarraibideak eta irizpideak bete beharko dira, eta eskuordetzaz ematen diren ebazpenek zorrotz bete beharko dituzte irizpide horiek. Gainera, eskuordetza ematen duen organoak eskuordetza ezarrita duten organoei agindu ahal izango die eskuordetutako eskumenak baliatuta ematen dituzten egintzen zerrenda aldizka bidaltzeko.

Hirugarrena.– Agindu honetan aipatzen den eskumen-eskuordetzeak urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9.2 artikuluan adierazitako mugak izango ditu. Eskuordetze honen bidez ematen diren ebazpenek berariaz adierazi beharko dute inguruabar hori, eta organo eskuordetza-emaileak emandakotzat joko dira.

Laugarrena.– Justiziako zuzendariak edozein unetan baliogabetu dezake ebazpen honetan aipatzen den eskumen-eskuordetzea. Baliogabetzeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bosgarrena.– Justiziako zuzendariak bere gain hartu ahal izango du ebazpen honek aipatzen duen eskuordetzan jasotako edozein gairen ardura eta ebazpena; hala ere, eskuordetzak indarrean jarraituko du, betiere espresuki baliogabetzen edo aldatzen ez bada.

Seigarrena.– Ebazpen honek 2021eko urriaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 22a.

Justizia zuzendaria,

EUGENIO ARTECHE PALOMAR.


Azterketa dokumentala