Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2021eko irailaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4984

52/2021 EBAZPENA, irailaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Jaurlaritzaren Kontseiluaren Akordioa, Euskal Autonomia Erkidegoko bide segurtasuneko eta mugikortasun seguru eta jasangarriko 2021-2025 plan estrategikoa onartzen duena.

2021eko irailaren 14ko batzarrean, Gobernu Kontseiliuak erabaki du Euskal Autonomia Erkidegoko bide segurtasuneko eta mugikortasun seguru eta jasangarriko 2021-2025 plan estrategikoa onartzea. Hori horrela, behar bezalako publikotazuna izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko bide segurtasuneko eta mugikortasun seguru eta jasangarriko 2021-2025 plan estrategikoa onartzeko Akordioa testua (honen eranskinean dago jasota)

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 16a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 16KO 52/2021 EBAZPENARENA
AKORDIOA, JAURLARITZAREN KONTSEILUARENA, EAE-KO BIDE SEGURTASUNEKO ETA MUGIKORTASUN SEGURU ETA JASANGARRIKO 2021-2025 PLAN ESTRATEGIKOA ONARTZEN DUENA

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legeak segurtasun publikoaren antolamendu-esparruaren ikuskera integrala definitzen du. Horren bidez, administrazio publikoek bideratzen dituzten xedapenak, prozedurak eta baliabideak egituratzen dira, baldintzak sustatzeko eta oztopoak kentzeko direnak, pertsonek beren eskubideak eta askatasunak osorik baliatu ahal izateko helburu, baita bizikidetza baketsuko, ongizateko eta gizarte-kohesiorako espazioetan bizitzeko ere. Horrekin batera, pertsonen eskubideak eta askatasunak, beren segurtasuna eta beren ondasunena, eta ondare kolektiboa asalda ditzaketen arriskuak, nahitakoak ala ez, ahal den neurrian murriztuz.

Aipatutako 15/2012 Legearen 64. artikuluak bide-segurtasunaren arloko plan estrategikoa eta jarduera-planak arautzen ditu. Bide-segurtasunaren arloko planak bide-segurtasunean inplikatuta dauden eragile publiko zein pribatuen ildo estrategikoak, programak eta ekintzak zehazten ditu, zirkulazioaren segurtasuna areagotzeko, ezbehar-tasa murrizteko, mugikortasun jasangarria lortzeko eta gidatzean eta zirkulazioan kultura-aldaketa bultzatzeko, biktimekin izandako istripuak etengabe gutxitzen eta zirkulazioan ematen diren arrisku-portaerak arbuiatzen laguntzeko.

EAEko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko 2021-2025 Plan Estrategiko honen aurrekaria, 2015-2020 aldirako Euskadiko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko Plan Estrategikoa da, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko otsailaren 3an egindako bileran onartu zuena.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak aipatutako planean ezarritako helburuak bete ondoren, eta aurreko urteekin alderatuta trafiko-istripuen biktimen kopuruak beheranzko joerari eutsi diola kontuan hartuta, beharrezkotzat jotzen da plan berri bat prestatzea, erronka berriei aurre egin ahal izateko. Bide Segurtasuneko 2021-2025 Plan Estrategikoak bere gain hartzen du Euskadiko Segurtasun Publikoko 2020-2025 Plan Orokorraren erreferentzia-esparrua, eta horren helburua da istripu-tasa murriztea, trafiko-istripu baten ondoriozko biktimekin Zero Ikuspegia mantentzea, Euskadi bide-segurtasunaren eta trafikoaren kudeaketaren arloko Europako erreferente gisa kokatzeko, hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua murrizteko helburuak betez.

Horretarako, Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoak lau Erronka Estrategiko identifikatzen ditu, EAEko Segurtasun Publikoko Plan Orokorrak zehaztutakoekin bat datozenak, baina haien ikuspegia eta edukia Bide Segurtasunaren eta Trafikoaren Kudeaketaren errealitatera egokitzen ditu, eta erronka estrategiko bakoitzari aurre egiteko proposatzen diren jarduera-ildoak, ekimenak eta ekintzak biltzen dituen ekintza plan bat diseinatzen du.

EAEko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko 2021-2025 Plan Estrategiko berria eratzeko, deskribatutako alderdiak hartu dira kontuan. Plana Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu behar du, sailburuak proposatuta, Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordeari jakinarazi ondoren 2021eko martxoaren 3an egindako bileran.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoak Planaren testua fiskalizatu du, ekonomiaren eta arauen kontu-hartzailetza kontrola eginez.

Behin onartuta, eta 15/2012 Legearen 64.2 artikuluaren 2 atalari jarraituz, EAEko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoa Eusko Legebiltzarrera bidaliko da, jakinaren gainean egon dadin.

Ondorioz, Gobernu Kontseiluak, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, eta gaia eztabaidatu ondoren, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– EAEko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko 2021-2025 Plan Estrategikoa onartzea.

Bigarrena.– Plana Eusko Legebiltzarrera bidaltzea, haren berri izan dezan, Jaurlaritzaren jardunaren jarraipen egokia egin dezan.

Hirugarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzak aginduko du hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.


Azterketa dokumentala