Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2021eko irailaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4837

5/2021 FORU DEKRETU-ARAUA, irailaren 7koa, TicketBAI obligazioa borondatez betetzea sustatzeko kenkarien aurrerakin likido bat ezartzen duena.

Azaroaren 6ko 3/2020 Foru Arauak, iruzur fiskala eragozteko lanabes teknologikoak erabili beharra ezartzen duenak, derrigorrezko egin zuen fakturazio sistemetan zergadunek neurri teknologiko aurreratuak erabiltzea, betiere jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen eta pertsona juridikoen tributazioaren kontrola ahalbidetzeko asmoz. Horretarako, aipatutako xedapena dela medio, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Araua, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren Foru Araua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Araua aldatu ziren.

Haren helburua zen sistema informatiko bat erabiltzeko obligazioa ezartzea, ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko. Obligazio horri TicketBAI betebeharra deitu zaio.

TicketBAI obligazioa betetzea errazteko, 3/2020 Foru Arauak aldi baterako pizgarri fiskalak ezarri zituen, kuotako kenkari moduan, sozietateen gaineko zergan, establezimendu iraunkor bidez aritzen diren ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.

Bestetik, maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga arloko neurriei buruzkoak, 15. artikuluan eta abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19aren bigarren olatuaren ondorioak arintzeko premiazko zerga neurriei buruzkoak, 15. artikuluan aldi baterako pizgarri fiskalak ere ezarri zituzten, kuotako kenkari moduan, aurreko paragrafoko pizgarriekin bateratutako mugak jarrita, betiere saltoki txikiei merkataritza elektronikorantz digitalki eraldatzen laguntzeko asmoz, txikizkako merkataritzan aritzen diren pertsona fisikoei eta mikroenpresei eta enpresa txikiei zuzenduta.

TicketBAI obligazioa exijigarria izan aurretik hura borondatez betetzea sustatzeko asmoz, martxoaren 23ko 2/2021 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19arekin zerikusia duten aparteko zerga neurri gehigarriak ezarri eta jarduera ekonomikoa berrabiarazten eta digitalizatzen laguntzeko beste neurri batzuk onesten dituenak, aurretik aipatutakoen pizgarri fiskal osagarriak ezarri zituen 4. eta 5. artikuluetan: TicketBAI obligazioa borondatez betetzea sustatzeko kenkaria, eta TicketBAI obligazioa borondatez betetzea sustatzeko txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkari gehitua. Azken finean, pizgarri berri horiek berekin dakarte kenkari arrunten aldean kopuru kengarriak gehitzea, betiere ehuneko kengarri handiago batean (100eko 60, 100eko 30 arruntaren aldean) eta kenkari oinarriaren behe mugaren atalase altuago batean (1.500 euro, 500 euro arrunten aldean) gauzatuta.

Ondoren, TicketBAI betebeharraren borondatezko ezarpena sustatzeko presazko zerga neurriei buruzko uztailaren 27ko 4/2021 Foru Dekretu-Arauak kenkari horiek berak ezarri zituen, baina haiek aplikatzeko beharkizunak malgutu zituen, eta, aldi berean, 2/2021 Foru Dekretu-Arauaren 4. eta 5. artikuluak eta lehenengo eta bigarren xedapen gehigarriak indargabetu zituen.

TicketBAI obligazioa eta merkataritza elektronikorako eraldaketa digitala ezartzearen ondoriozko obligazioak betetzea errazte aldera, eta kontuan hartuta 2021ean eta 2022an inbertitzen duten zergadunek ezingo luketela 4/2021 Foru Dekretu-Arauan jasotako kenkari gehituetatik onurarik atera 2022 eta 2023ra arte, hurrenez hurren, orain proposatzen den foru dekretu-arau honen bidez ahalbidetu nahi da kenkari horien aurrerapen likidoa inbertsio eta gastuak gauzatzeko momentuan egitea, betiere aurreko lehen 4 zergaldietan ordaindu diren eta autolikidazioen aurkezpen epea lehendabiziko aurrerakin eskaera aurkeztu aurretik amaitu zaien zergen kargura.

Aurrerakin hori 2020ko ekitaldian egindako inbertsio eta gastuei dagozkien kenkari gehituen zatiari ere aplikatu behar zaio; izan ere, 4/2021 Foru Dekretu-Arauaren lehen eta bigarren xedapen gehigarrietan jasotakoaren arabera, 2021eko zergaldiari dagokion autolikidazioan aplikatu beharko lirateke.

Hori horrela, zergadunek aurretik eskatuta, itzuli egingo da sozietateen gaineko zerga, establezimendu iraunkor bidez aritzen diren ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, kasua zein den kontuan hartuta, aurreko zergaldietako autolikidazioei dagokienez. Itzulketa horren muga 4/2021 Foru Dekretu-Arauaren 1. eta 2. artikuluetan araututako kenkarien zenbatekoa izango da, betiere kenkari gehitu horiengatik eta TicketBAI kenkari arruntarengatik eta txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkari arruntarengatik dagoeneko kenduta dauden zenbatekoak gutxituta.

Aurretik ordaindutako zergarik ez egoteagatik aurrerakin likidoa egitea ezinezkoa bada, osorik edo zati batean, aurreratu gabeko kenkariak osorik edo zati batean aplikatuko zaizkio, modu arruntean, inbertsioa edo gastua egiten den zergaldiari dagokion kuota osoari, 4/2021 Foru Dekretu-Arauan xedatutakoaren arabera. Modu korrelatiboan, aurrerakin likidoa jaso duten kenkariak ezin izango dira dagokion zergaren autolikidazioaren kuotatik kendu.

Bestetik, kenkari horien aurrerakina bezain berritzailea den figura bat arintasunez kudeatu ahal izateko eta, beraz, lortu nahi den helburua bete ahal izateko, beharrezkoa da doikuntza jakin batzuk sartzea kenkari horiek arautzen dituzten eta gaur egun indarrean dauden xedapenetan.

Lehenik eta behin, zergadun bakoitzari dagokion kenkarien aurrerakina kalkulatu ahal izateko, beharrezkoa da kenkari horiek sinplifikatzea ondasun erkidegoen bidez eta errentak esleitzeko araubidean dauden beste entitate batzuen bidez jarduerak egiten dituzten zergadunen kasuan. Izan ere, gaur egungo konfigurazioak ez du haiek aurreratzeko aukerarik ematen.

Era berean, bidegabeki aurreratu edo aplikatu diren kenkari gehituak erregularizatzeko modua ezarri behar da, TicketBAI betebeharra araudian jarritako baldintzetan borondatez aurreratzeko baldintza betetzen ez den kasuetarako.

Azkenik, TicketBAI kenkariaren egutegia egokitu behar da, TicketBAI betebeharra garatzen duen Erregelamenduari buruzko abenduaren 22ko 32/2020 Foru Dekretuan ezarritako ezarpen egutegiarekin bat etortzeko, betiere une honetan dagoen inkongruentzia ezabatuz.

Xede horrekin, bada, onartu egiten da foru dekretu-arau hau, artikulu batez eta sei azken xedapenez osatuta dagoena.

Artikulu bakarrean, kenkari gehitu horiek aurretik jasotzeari buruzko erregelak ezartzen dira.

Azken xedapenetako lehenengotik laugarrenera bitartekoek lau xedapen aldatzen dituzte, kenkaria aurreratu ahal izateko egin beharreko aldaketak sartzeko.

Azken xedapenetako bosgarrenak eta seigarrenak foru dekretu-arauan xedatutakoa garatzeko eta aplikatzeko araugintzako ahalmena ematea erregulatzen dute, bai eta hura indarrean jartzea ere.

Proposatutako neurrien izaerak eta unean uneko egoerari premiazko erantzuna eman beharrak foru dekretu-araua berehala onartzea eskatzen dute. Izan ere, jadanik 2020. urtetik aurrera, TicketBAI obligazioa bete behar duten zergadunek obligazio hori betetzera edo txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalera bideratutako inbertsioak eta gastuak egin ahal izango dituzte, eta, beraz, dagoeneko haien finantzaketa beharrak sortu izan dira edo sortzeko zorian egon daitezke. Hortaz, onura fiskalak berehala aurreratzeko aukera lagungarria izango da, TicketBAI obligazioa aurretik eta borondatez bete dadin. Hori guztia dela eta, komeni da neurri horiek presazko prozeduraren bitartez eta foru dekretu-arau baten bidez onartzea.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du presazko arrazoiak daudenean Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen berezi horiek foru dekretu-arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari. Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– TicketBAI obligazioa borondatez betetzea sustatzeko kenkarien aurrerakina.

1.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez aritzen diren ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek, baldin eta gauzatzen badituzte TicketBAI betebeharra borondatez ezartzea sustatzeko presazko zerga neurriei buruzko uztailaren 27ko 4/2021 Foru Dekretu-Arauaren 1. artikuluan jasota dagoen TicketBAI obligazioa borondatez betetzea sustatzeko kenkaria eta foru dekretu-arau beraren 2. artikuluan jasota dagoen TicketBAI obligazioa borondatez betetzea sustatzeko txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkari gehitua aplikatzeko eskubidea duten inbertsio eta gastuak, neurri horien aplikazioa aurreratu ahal izango dute aipatutako 1. eta 2. artikuluetan eta artikulu honetan jasotakoaren arabera.

Ezingo da aurreratu zergadunek aurrerakina eskatu aurretik efektiboki aplikatu dituzten kenkarien zatia. Beraz, aurrerakin hori eskatzean aplikatu gabe dagoen kenkari zatia baino ezingo da aurreratu.

2.– Aipatutako kenkariak aurreratu ahal izango dira, aurreko lehen 4 ekitaldietako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan edo establezimendu iraunkor bidez aritzen diren ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan sortutako kuotaren kargura, dagokionaren arabera, betiere haien autolikidazioen aurkezpen epea lehendabiziko aurrerakin eskaera aurkeztu aurretik amaitu bada.

Inoiz ere kenkarien aurrerakina ezingo da izan apartatu honetan jasotzen denetik eratorritako zenbatekoa baino handiagoa.

3.– Azken 4 zergaldietako zergen kuotei dagokienez aurreratu daitezkeen kenkarien zenbatekoa kalkulatzean, muga hauek kontuan hartu behar dira, gainera, zergaldi horietako bakoitzerako:

a) Sozietateen gaineko zergan eta establezimendu iraunkor bidez aritzen diren ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan, zergaldi horietako bakoitzari dagokionez aurreratu daitekeen kenkari zenbatekoa bi hauetatik txikiena izango da:

a’) Aurreratu daitekeen kenkari zenbatekoa, aurreko 1. apartatuan jasotakoaren arabera zehaztua.

b’) Zergaldiko kuota efektiboaren zenbatekoa.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, zergaldi horietako bakoitzari dagokionez aurreratu daitekeen kenkari zenbatekoa hiru hauetatik txikiena izango da:

a’) Aurreratu daitekeen kenkari zenbatekoa, aurreko 1. apartatuan jasotakoaren arabera zehaztua.

b’) Jarduera ekonomikoen etekinei dagokien kuota osoaren zatia. Zenbateko hori zehazteko, etekin horiei aplikatu behar zaie zergaldiko oinarri likidagarri orokorrari dagokion batez besteko karga tasa, betiere Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 75. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta 77. artikuluan jasotakoa kontuan hartuta.

c’) Zergaldiko kuota likidoaren zenbatekoa.

4.– Uztailaren 27ko 4/2021 Foru Dekretu-Arauaren 1. eta 2. artikuluetan jasotakoaren arabera aplikatutako kenkarien eta artikulu honetan jasotakoaren arabera aurreratutako kenkarien baturak inoiz ere ezingo du gainditu zergadunek egindako inbertsio eta gastuei dagokien kenkariaren zenbatekoa.

5.– Baldin eta, aurreko 2. eta 3. apartatuetan jasotako mugen ondorioz, inbertsio edo gastu jakin batzuei dagokien eta aurreratu daitekeen kenkaria ezin bada aurreratu, zati batean edo osorik, aurreratu gabeko kenkariaren zatia kengarria izango da 4/2021 Foru Dekretu-Arauaren 1. edo 2. artikuluan jasotako epeetan, dagokionaren arabera.

6.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, kontuan hartuko da, hala badagokio, zer eragin duten kuota likidoan bai 2020an zenbatetsitako galerengatik aplikatu daitekeen 2019ko aparteko kenkariak, zeina jasota baitago COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga arloko neurriei buruzko maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauaren 1. artikuluan, eta 2020ko galerengatik aplikatu daitekeen 2019ko aparteko kenkariak, zeina jasota baitago COVID-19aren bigarren olatuaren ondorioak arintzeko premiazko zerga neurriei buruzko abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauaren 1. artikuluan.

7.– Baldin eta 2020ko ekitaldian sozietateen gaineko zergaren zergadunek Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hogeita bigarren xedapen gehigarrian jasotako kenkaria aplikatu badute, edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez aritzen diren ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren hogeita hamaseigarren xedapen gehigarrian eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren hamargarren xedapen gehigarrian jasotako kenkaria aplikatu badute, hurrenez hurren, eta baldin eta hiru zergen zergadunek 2020ko ekitaldian aplikatu badute maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga arloko neurriei buruzkoak, 15. artikuluan jasotzen duen txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkaria, 2020ko ekitaldian gauzatutako inbertsio eta gastuei dagokienez aurreratu daitekeen kenkari zatia zehazteko, 2020ko ekitaldian aplikatutako kenkarien zenbatekoak deskontatu egingo dira, 4/2021 Foru Dekretu-Arauaren lehen eta bigarren xedapen gehigarrietan jasotakoaren arabera.

Kasu horretan, aurreko 4. apartatuan jasotako muga zehazteko, kontuan hartu behar dira 4/2021 Foru Dekretu-Arauaren lehen eta bigarren xedapen gehigarriei jarraituz aplikatutako kenkariak ere.

8.– Artikulu honetan jasotako kenkarien aurrerakina zergadunak eskatu ondoren egingo da. Eskaerak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, eta haietan kenkariaren aurrerakinari lotu ahal zaizkion inbertsio edo gastuen zenbatekoa adieraziko da.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko ditu kenkarien aurrerakina eskatzeko eredua eta hura aurkezteko epeak eta moduak, bai eta haren aplikazio aurreratuarekin lotutako beste alderdi batzuk ere. Foru aginduak, halaber, eskaerak aurkezteko azken eguna ezarriko du.

9.– Uztailaren 27ko 4/2021 Foru Dekretu-Arauaren 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzetan TicketBAI betebeharra borondatez aurreratzeko baldintza ez betetzeak berekin ekarriko du artikulu honetan xedatutakoaren arabera aurreratutako kenkariak itzultzeko beharra.

Kasu horretan, zergadunak modu aurreratuan bidegabe kendu dituen kopuruak eta berandutze interesak gehitu beharko dizkio baldintza bete ez den ekitaldian sortutako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuota likidoari edo sozietateen gaineko zergaren edo establezimendu iraunkor bidez aritzen diren ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren kuota efektiboari, betiere dagokionaren arabera. Hala ere, zergadunak aukeran izango du ordainketa lehenago egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua aldatzea.

Aldatu egiten dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren hogeita hamaseigarren xedapen gehigarriaren apartatu hauek:

Bat.– Honela idatzita gelditzen da 1. apartatua:

«1.– 2020ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunek zilegi izango dute aplikatzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak hogeita bigarren xedapen gehigarrian ezartzen duen kenkaria, bertan ezarrita dauden baldintzen eta eskakizunen arabera, eta xedapen gehigarri honetan jasotako berezitasunak kontuan hartuta.»

Bi.– Edukirik gabe uzten da 3. apartatua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua aldatzea.

Aldatu egiten da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hogeita bigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuaren sarrera. Honela idatzita gelditzen da:

«1.– Foru arau honen 122 bis artikuluan aipatutako beharkizunak betetzen dituen sistema informatiko bat erabiltzera behartutako zergadunek 2020., 2021. eta 2022. urteetan egindako inbertsio eta gastuen 100eko 30 kendu ahal izango dute beren kuota osotik, sistema horren ezarpenarekin erlazionatuta badaude. Inbertsio eta gastu horiek honako hauek izan beharko dute:»

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzko abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Araua aldatzea.

Edukirik gabe uzten da COVID-19ren bigarren olatuaren ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzko abenduaren 1eko 11/2020 Foru Arauaren 15. artikuluaren 5. apartatua.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– TicketBAI betebeharra borondatez ezartzea sustatzeko presazko zerga neurriei buruzko uztailaren 27ko 4/2021 Foru Dekretu-Araua aldatzea.

Aldaketa hauek egiten dira TicketBAI betebeharra borondatez ezartzea sustatzeko presazko zerga neurriei buruzko uztailaren 27ko 4/2021 Foru Dekretua-Arauan:

Bat.– 4. apartatu bat gehitzen zaio 1. artikuluari, honako eduki hau duena:

«4.– Artikulu honetan ezarritako baldintzetan TicketBAI betebeharra borondatez aurreratzeko baldintza ez betetzeak berekin ekarriko du artikulu honetan xedatutakoaren arabera aplikatutako kenkariak itzultzeko beharra.

Kasu horretan, zergadunak bidegabe kendu dituen kopuruak eta berandutze interesak gehitu beharko dizkio baldintza bete ez den ekitaldian sortutako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuota likidoari edo sozietateen gaineko zergaren edo establezimendu iraunkor bidez aritzen diren ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren kuota efektiboari, betiere dagokionaren arabera. Hala ere, zergadunak aukeran izango du ordainketa hori lehenago egitea.»

Bi.– 2. artikuluaren edukia 1. apartatu gisa identifikatzen da, eta 2. apartatu bat gehitzen da, eduki hau duena:

«2.– Artikulu honetan ezarritako baldintzetan TicketBAI betebeharra borondatez aurreratzeko baldintza ez betetzeak berekin ekarriko du artikulu honetan xedatutakoaren arabera aplikatutako kenkariak itzultzeko beharra.

Kasu horretan, zergadunak bidegabe kendu dituen kopuruak eta berandutze interesak gehitu beharko dizkio baldintza bete ez den ekitaldian sortutako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuota likidoari edo sozietateen gaineko zergaren edo establezimendu iraunkor bidez aritzen diren ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren kuota efektiboari, betiere dagokionaren arabera. Hala ere, zergadunak aukeran izango du ordainketa hori lehenago egitea.»

AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA.– Araugintzako ahalmena ematea.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaie foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO SEIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Donostia, 2021eko irailaren 7a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala