Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

185. zk., 2021eko irailaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4761

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 9koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita «EAEko Ostalaritzaren II. Esparru Akordioaren (2021-2023) Aldaketa» erregistratu, gordailutu eta argitaratzea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2021eko uztailaren 2an, goian aipatutako aldaketari buruzko dokumentazioa aurkeztu zen REGCON erregistroan; negoziazio-batzordeko enpresa-ordezkaritzak eta langileen ordezkaritzak 2021eko ekainaren 28an sinatu zuten.

Bigarrena.– Aipatutako aldaketaren sinatzaileek aldaketa erregistratzeko, gordailutzeko eta argitaratzeko eskabidea izapidetu behar duen pertsona izendatu dute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) Lan eta Enplegu Saila sortu du 2. artikuluan, eta 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, lan-arloko legeriak lan-harremanei buruz ezartzen duena egikaritu behar du, besteak beste. Bestalde, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak 10.1.j) artikuluan Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro telematikoa zuzendu eta kudeatzeko egitekoa, erregistroa arautzen duen dekretuan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiz.

Bigarrena.– Prozedura honetan aplikatu beharreko funtsezko araudia honako hauetan dago jasota: Lan-hitzarmenak eta -akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmenak eta -akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretua.

Hirugarrena.– Aurkeztutako aldaketa inskriba daitekeen egintza bat da, Lan-hitzarmenak eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Dekretuaren 2.1.a) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 85., 88., 89. eta 90. artikuluetako betekizunen arabera sinatu da.

Inskripzio-eskaera eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da legez eskatzen diren baldintzak betetzen dituela eskaerak, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmenak eta -akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuak 9. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aldaketa Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 9a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

ANGEL LAPUENTE MONTORO.

EAE-KO OSTALARITZAREN II. ESPARRU AKORDIOAREN (2021-2023) ALDAKETA SINATZEKO AKTA

Eguna: astelehena, 2021eko ekainaren 28a.

Hasiera-ordua: 12:00.

Amaiera-ordua: 12:30.

Lekua: Lan Harremanen Kontseiluaren lurralde-egoitza eta egoitza birtuala: Urkixo zumarkalea 2, 3. solairua, Bilbao.

Bertaratu direnak:

Sindikatuen ordezkariak.

ELA

Janire Ornés Uriondo

LAB

Iñigo Alonso Gómez.

Enpresen ordezkariak.

Euskadiko Ostalaritza Federazioa.

Héctor Sánchez Zarraga.

Jesús Ignacio Orbea López.

Confebask

Virginia Múgica Conde.

Fernando Raposo Bande, birtuala.

Akten idazkaria: Yolanda Zarandona Gutiérrez (Lan Harremanen Kontseilua).

Gaur eta adierazitako tokian, 2021eko ekainaren 22an eratutako negoziazio-batzordea bildu da, EAEko Ostalaritzaren II. Esparru Akordioa (2021-2023) aldatzeko, 1. artikuluari dagokionez – langile- eta jardun-esparrua–.

Lehenik eta behin, sinatze-bilkura honetara atzeratu zen negoziazio-batzordeko sindikatuen eta enpresen ordezkaritza zehaztu da. Kontuan hartuta 2021eko apirilaren 30eko hauteskunde sindikalei buruzko datuak (maiatzaren 31ra arte baliozkotutako intzidentziekin), eta negoziazio-batzorde horretan parte hartzeko legez eskatzen diren gutxienekoetara iristen ez diren erakunde sindikalei dagozkien ehunekoak kenduta, ordezkaritza honela banatzen da:

– ELA: % 49,61.

– LAB: % 27,62.

– CCOO: % 14,59.

– UGT: % 8,18.

Bestalde, enpresen ordezkaritza bertan dauden bi elkarteek osatzen dute. Gaur egun, elkarte horien ordezkaritza honako hau da: Euskadiko Ostalaritza Federazioak % 80 eta Confebaskek % 20.

Ondoren, negoziazio-batzordeko alderdi guztiek berretsi egin dute II. Esparru Akordioaren aldaketa sinatzearen aldeko iritzia. Eratze-bilkuran ere adierazi zuten hori. Ondorioz, Euskadiko Ostalaritza Federazioak eta Confebask erakundeak enpresa-ordezkaritzaren % 100 eta ELA eta LAB sindikatuek sindikatu-ordezkaritzaren % 77,23 dutenez negoziazio-batzordean, EAEko Ostalaritzaren II. Esparru Akordioaren aldaketak eraginkortasun orokorreko hitzarmen kolektiboaren ondorioak izango ditu, Langileen Estatutuaren 87. artikulutik 89. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera. Horregatik guztiagatik, ELA eta LAB sindikatuek eta Euskadiko Ostalaritza Federazioa eta Confebask enpresa-elkarteek aho batez erabaki dute:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ostalaritzaren II. Esparru Akordioaren (2021-2023) 1. artikulua aldatzea – langile- eta jardun-esparrua–, eta azken paragrafo bat gehitzea, eduki honekin:

«Era berean, sartuta egongo da prestatutako janariak eta edariak banatzeko zerbitzua, oinez edo garraio-araudiak ezarritako administrazio-baimenik behar ez duen edozein ibilgailu-mota erabilita, establezimenduaren beraren zerbitzu gisa edo beste enpresa baten enkarguz, plataforma digitalak barnean direla edo horien bitartez.»

Bigarrena.– Lan Harremanen Kontseiluari, Tomás Arrieta Heras presidentearen bidez, II. Esparru Akordioaren aldaketa hori Lan Agintaritzan aurkezteko agintzea, erregistratu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.

Sinatzaileek aitortzen dute beren datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa jaso dutela, bai eta datuak eskuratzeko, zuzentzeko, datuen tratamendua mugatzeko, datuak ezabatzeko, transferitzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideei buruzko informazioa ere. Akta honen amaieran erantsi den informazio-eranskinean azalduta dago, zehatz.

– ELA.

– LAB.

– Euskadiko Ostalaritza Federazioa.

– Confebask.


Azterketa dokumentala