Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2021eko irailaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4736

AGINDUA, 2021eko uztailaren 28koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez deklaratzen baita Zabaltzen Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko kooperatiba-sozietatea onura publikokoa dela.

AURREKARIAK

1.– 2019ko maiatzaren 16an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean sartu zen Miriam Caro Jiménez andreak Zabaltzen Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko kooperatiba-sozietatearen Artezkaritza Kontseiluko idazkari gisa izenpetutako idazki bat. Idazki horren bidez eskatzen zuen entitatea onura publikokoa zela deklaratzeko, 2019ko maiatzaren 7an Artezkaritza Kontseiluak hartutako erabakiarekin bat etorriz. Kooperatiba Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu eta gizarte-ekimeneko kooperatiba gisa kalifikatu zen Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren 2019ko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez.

Onura publikokoa dela deklaratzeko eskaeraren oinarria otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuak adierazitako arauzko betekizunak betetzea da; izan ere, dekretu horrek onura publikoko kooperatiba-sozietateei buruzko prozeduren eta betekizunen erregelamendua onartzen du, eta berariaz adierazten du baldintza hori, 5.c artikuluan adierazitako baldintza barne. Hain zuzen, entitate hori irabazi-asmorik gabeko elkarte gisa sortu zen, 1991z geroztik dago inskribatuta Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan, eta onura publikokotzat jo zuten otsailaren 13ko 21/2007 Dekretuaren bidez, non gizarteratzeko Zabaltzen elkarteari onura publikoa aitortu baitzitzaion.

2.– 2019ko ekainaren 28an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, iragarki bat argitaratu zen, 64/1999 Dekretuaren 9. artikuluko 3. paragrafoa betetzeko, eta informazio publikorako aldi bat ezarri zen, interesdunek espedientea aztertu ahal izateko eta egoki iritzitako alegazioak egiteko hogei eguneko epean. Epe hori igaro ostean, ez da alegaziorik aurkeztu.

3.– Ekainaren 21ean, 64/1999 Dekretuaren 9. artikulua betetzeko, 7. artikuluari loturik, garai hartan Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila zen Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren txostenak eskatu ziren, non adierazi baitzuen entitatea ezagutzen zuela; hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzen programan kokatzen zela Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan; pertsonaren errespetua, ongizatea eta bizi-kalitatea zituela helburu, komunitateari lotutako ikuspegitik eta eragile publikoekiko elkarlanean. Horretaz gain, gomendatu zuen informazioa beste administrazio publiko batzuekin alderatzea; beraz, 2019ko uztailaren 15ean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Sailari txostena eskatu zitzaion, baina ez zuen ondoriorik izan.

4.– Txostena berriro eskatzeko helburua honako hau da: sozietatearen estatutu-xedea gauzatzeari lotutako funtzioak benetan bete direla egiaztatzea, betiere 64/1999 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako helburuekin bat etorriz. Horren arabera, kooperatibak Euskadiren interes orokorra benetan sustatu behar du, eta, ondorioz, 2020ko irailaren 16an, entitateari memoria zehatza eskatu zitzaion gutxienez azken bi urteetan garatutako jarduerak azal zitzan.

5.– 2020ko irailaren 25ean, entitateak 2018-2019ko ekitaldietan izandako jardueraren memoria helarazi zion Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari, eta memorian dago azalduta Zabaltzen Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko kooperatiba-sozietatea irabazi-asmorik gabeko entitate bat dela, eta haren helburua hau dela: komunitate integratzaileak sustatzea eta gizarte-bazterkeriako edo desabantailako egoeran dauden pertsonak edo taldeak erabat gizarteratzea lortzeko jarduerak eta zerbitzuak gauzatzea. Horretarako, dauden enplegu-, komunitate- eta gizarte-zerbitzuen sarearekiko elkarlanean aritzen da.

Helburu hori lortzeko, zenbait zerbitzu eta proiektu egiten dituzte urte osoan, antzematen dituzten gizarte-premien arabera. Honako helburu hauek dituzten jarduera eta proiektuak egiten dituzte: Gizarteratzea eta komunitate-garapena, integrazio psikosozialerako laguntza-zerbitzuen bidez; gizarteratzeko eta laneratzeko laguntza; eguneko zentroak; laneratu aurreko tailerrak eta gizarte- eta hezkuntza-arloko tailerrak emakumeentzat: ahalduntzea, alfabetatzea eta beste batzuk; enplegua, orientazio-zerbitzuen, enplegu-zentroen eta lan-bitartekaritzaren bidez; prestakuntza, enplegurako prestakuntza-zerbitzuen bidez: Lanbide, Sendotu eta lanaren aurreko prestakuntza; eta ekintzailetza, ekintzailetzarako tutoretza-zerbitzuaren bidez.

Esku hartzeko eremua batez ere Gipuzkoan dago (Debabarrena: Deba, Elgoibar, Eibar, Soraluze, Debagoiena, Urola erdia); Bizkaian ere badago (Lea Artibai: Markina-Xemein eta Durangaldea: Amorebieta-Etxano, Berriz, Durango eta Abadiño). Aztertu diren sozietate-ekitaldi bietan, entitate publiko hauek finantzatu dituzte haren jarduerak: Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Saila eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako Sailburuordetza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiak, Lea-Artibaiko Mankomunitatea, Elgoibarko, Debako, Abadiñoko, Eibarko udalak, edo entitate pribatuak(Sendotu, esaterako).

2018ko eta 2019ko ekitaldietan, hurrenez hurren, arreta eman zaie 4429 eta 3297 erabiltzaileri guztira, zeinek gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide bat hasi baitute eta sartuta egon baitira entitateko langileen laguntza-prozesu batean.

Bi ekitaldietan, emakumeen eta gizonen parte-hartzea % 50 ingurukoa izan da, eta artatutako pertsonen egoera soziala parametro hauen araberakoa izan da: 2018ko % 39,7 eta 2019ko % 48 immigranteak dira; 2018ko eta 2019ko % 9,2 desgaitasunen bat duten pertsonak dira; ekitaldi bietako % 8,9 eta % 9,3, hurrenez hurren, guraso bakarreko familiak dira, horietatik % 92 eta % 95 emakumeak; 2018ko % 7,8 eta 2019ko 6,3 % gizarte-laguntzetako onuradunak dira; eta 2018ko % 7,3 eta 2019ko % 55 zaurgarritasun-egoeran dauden gazteak dira. Pertsona horiek gehienak emakumeak dira, ez dute ikasketarik (% 23) edo ez dute ikasketa homologaturik (% 27) edo lehen mailako ikasketak dira (% 12), eta oso ehuneko txikiak dira erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloak edo batxilergoko ikasketak dituzten pertsonenak.

Azkenik, 2020ko urriaren 1ean, errekerimendua egin da, otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuaren 5.b) artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko (Onura publikoko sozietateei dagozkien prozedurei eta betebeharrei buruzko erregelamendua onartzen da dekretu horren bidez), erregelamenduzko artikulu horren c) letran aipatutako aldia osatzeko, elkarte gisa; baina ez da erantzunik jaso. Hala ere, gaur egun, eskakizun hori egiaztatuta dago erregelamenduz eskatutako aldi hori igaro delako kooperatiba gizarte-ekimeneko kooperatiba gisa kalifikatu zenetik Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren 2019ko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez.

Aurreko egintzei honako hauek aplikatzen zaizkio:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 156.2 artikuluaren arabera, Euskadiren onura orokorra sustatzen laguntzen duten kooperatibak herri-onurakotzat joko ditu Eusko Jaurlaritzak, erregelamenduz ezarritako prozedura, araubide eta eskakizunen arabera.

2.– Indargabetuta dagoen Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 137. artikuluaren garapenean –artikulu hori gaur egungo beste artikulu horren homologoa izanik–, otsailaren 2ko 64/1999 Dekretua onartu zen, eta haren bidez onura publikoko kooperatiba-sozietateei dagozkien prozedura eta betekizunen erregelamendua.

3.– Onura publikokoa dela deklaratzeko 64/1999 Dekretuaren 7. eta hurrengo artikuluetan ezarritako izapideak bete dira.

4.– Egiaztatuta geratu da kooperatibak Euskadiren interes orokorrari egiten dion ekarpena; izan ere, arreta pertsonalizatua eta integrala eskaintzen du artatutako pertsonekin gizarte-, prebentzio-, laguntza- eta errehabilitazio-helburuak lortzeko. Beraz, bat dator 64/1999 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako helburuekin; eta bete egiten ditu dekretuaren 5.c) artikuluan aurreikusitako aurrerapen- eta ekitaldi-baldintzak –eratzea eta prestazioa, gutxienez, bi urtekoa izatea–. Hori horrela, hirugarren aurrekarian adierazitako txostena ez egitea ez da eragozpena entitatea eskatzailea onura publikokoa dela deklaratu ahal izateko.

5.– Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak dauka eskumena kooperatiba-sozietate bat onura publikokoa dela deklaratzeko, hala xedatuta dagoelako 64/1999 Dekretuaren 11. artikuluan, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren 3.2.l) artikuluari lotuta.

Hori guztia dela eta, aipatutako arauak eta orokorrean ezartzekoak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zabaltzen Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko kooperatiba-sozietatea onura publikokoa dela deklaratzea.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Haren kontra, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke egintza hau eman duen organoari; horretarako epea hilabetekoa izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua eta hurrengoetan aurreikusitakoari jarraituz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) xedatutakoaren arabera eta 46.1 artikuluari loturik.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 28a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala