Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2021eko irailaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4712

AGINDUA, 2021eko abuztuaren 31koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez 2021. urterako laguntzen deialdia egiten baita Emakume Nekazarien Estatutuaren esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko. («ENE laguntzak»).

Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legea onartzeak nekazaritza-sektoreko emakumeek pairatzen duten bereizkeriari aurre egitea dakar, besteak beste, lanbide- eta gizarte-aitortzari zein beren eskubideak benetan baliatzeari dagokienez.

Ordezkaritza-eremuari dagokionez, emakume nekazariek erabakitzeko organoetan duten parte-hartzea ez dator bat sektorean dutenarekin. Emakumeek nekazaritzaren eremuko erabakitzeko organoetan duten parte-hartzea askoz txikiagoa da gizonek dutena baino. Emakume Nekazarien Estatutuak, ildo horretatik, onartzen du bermatu beharra dagoela emakume nekazariak erabakitzeko organoetan egotea eta haietan parte hartzea.

Esparru publikoan duten partaidetzan emakumeek jasaten dituzten desberdintasunei aurre egitea ezinbestekoa da, nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna erdiesteko.

Genero-ekitatearen aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak bultzatzeko, lehenik, beharrezkoa da «abiapuntua» ezagutzea, hau da, erakunde batean dauden genero-dinamika guztien ikuspegi panoramikoa edukitzea.

Genero-diagnostiko bat egitea funtsezko pausoa da, horrenbestez. Partaidetzaren bidezko metodologia bat erabiltzea ezinbestekoa da; izan ere, erakundean desberdintasunaren inguruan dauden askotariko bizipenak azaleratzen dira horri esker, eta norbanakoen esperientziak eta proposatzen diren ekitatearen aldeko aldaketak parekatu ahal dira. Aukera ematen du erakundea osatzen dutenak aldaketa-prozesuaz jabetu daitezen, eta hori funtsezkoa da prozesua finkatu dadin.

Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzan legealdi honetarako lehentasunezko ekintzetako bat da, zalantzarik gabe, nekazaritza-sektoreko elkarteen eta erakundeen zuzendaritza-organoetan emakumeen eta gizonen arteko partaidetza orekatua lor dadin sustatzea.

2021. urtea funtsezkoa da nekazaritza-sektoreko lanbide, sindikatu eta enpresa arloko zein bestelako elkarte eta erakundeek aurrera egin dezaten zuzendaritza-organoetako partaidetza orekaturanzko bidean.

Laguntza honen bidez, asmoa da erakundeei bide horretan laguntzea; horretarako, partaidetzari buruzko aurretiazko diagnostikoak finantzatuko dira, oreka lortzeko behar den aldaketak gertatu daitezen.

Emakume nekazarien lana aintzat hartzeari dagokionez, berriki egindako azterketen arabera, % 37 inguru dira nekazaritza-sektorearekin lan-harremana duten emakumeak. Emakume horiek erdizka banatuta daude ustiategietako titularren eta familia-mailako eskulanaren artean. Guztien % 1 lan-kontratudun langileak dira, eta % 3, berriz, sozietate bateko kideak.

Laguntza familiarra lan-arloko oso figura diskriminatzailea da; izan ere, pertsona horiek, lege-ondorioetarako, kontratu, soldata edo inolako aitortzarik gabe lan egiten dute, ez baitute Gizarte Segurantzan kotizatzen. Emakume guztien ia % 50 sartzen dira familia-mailako eskulanaren barruan, eta gizon guztien % 22 baino ez daude egoera berean. Historikoki, emakumeak edo seme-alabak egon izan dira lan mota horren barruan: ustiategia, legearen arabera, familiaburuaren izenean zegoen (gizona, ia beti), eta gainerakoak laguntza familiarra baino ez ziren, titularrak adina edo gehiago lan egin arren.

Emakume Nekazarien Estatutuaren Jarraipen Batzordea eratu zen 2018an, eta, ordutik, lehenetsi egin dira emakume nekazariak eta haien lana aintzat hartu eta ikusarazteko ekintzak; horregatik, egokia da administrazio publikoetatik kanpoko erakundeek egiten dituzten era horretako ekintzak Eusko Jaurlaritzak babestuta egotea.

Aurreko helburu horiek betetzeko, laguntza-deialdi honek behar adina aurrekontu-kreditu du Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeari esker.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– I. eranskinean deialdi honen oinarriak argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozeduraren arloan oinarri hauetan aurreikusi gabekoari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 31.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
ZATI OROKORRA

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea honako hau da: laguntzen deialdia egitea nekazaritza-sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko eta Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritako helburuetako batzuk, partaidetza sozial eta politikoari dagokionez, betetzen laguntzeko, bai eta nekazaritza-sektoreko emakumeak aintzat hartu eta ikusarazten laguntzeko ere.

2. oinarria.– Laguntza-lerroak.

Honako lerro hauek dira deialdi honen xede:

a) Genero-ekitatearen aldeko antolamendu-aldaketako prozesu bati ekiteko laguntza teknikoa kontratatzeko laguntzak («antolamendu-aldaketa»); II. kapituluan garatu dira.

b) Emakume nekazarien lana aintzat hartzen laguntzen duten ekintzetarako laguntzak, eta nekazaritza-sektoreko emakumeen asoziazionismoa eta ahalduntzea bultzatzen dutenak («Emakume nekazariak aintzat hartzea»); III. kapituluan garatu dira.

3 oinarria.– Onuradun izateko betekizun orokorrak.

Laguntza hauen onuradun izateko, eskabidea egiten duten pertsona juridikoek honako betekizun orokor hauek bete beharko dituzte:

1.– Diruz lagundutako jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan egitea.

2.– Legez eratuak izatea eta dagokion Erregistroan inskribaturik egotea.

3.– Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Era berean, EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozesu batean zehaztutako zenbatekoen ordainketari dagokionez egunean egon beharko dute. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak atzeratuta edo zatituta daudenean, edo dagokion itzulketa-ebazpena dela-eta horiek etetea erabaki denean. Betekizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko emandako dirulaguntza likidatu arte, eta, beraz, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

4.– Erakunde onuradunek, era berean, nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izan beharko dute, eta ez dira desgaituta egongo dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin edo bestelako erakunde publikoekin kontratuak izenpetzeko, baita Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenari dagokionez ere.

5.– Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan, halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehazten diren egoeretako batean dauden erakundeak.

6.– Likidazioaren unean ere bete beharko da erakunde onuradun izateko baldintza.

4. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

II. eta III. kapituluetan aurreikusitako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko dira osorik. Aurrekontu-zuzkidura 60.000 eurokoa da, honela banatuta:

(Ikus .PDF)

5. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Laguntza-eskabideak Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari bidali behar zaizkio.

2.– Eskabideak aurkezteko epea lerro bakoitzerako ezarrita dago dagokien kapituluetan, 14. («Antolamendu-aldaketa») eta 25. («Emakume nekazariak aintzat hartzea») oinarrietan, hurrenez hurren.

3.– Eskabideak kanal elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, lerro bakoitzeko eredu normalizatuaren araberako eskaria eginez. Honako helbide hauetan dago eskuragarri eredu hori:

«Antolamendu-aldaketa»: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1201601

«Emakume nekazariak aintzat hartzea»: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1201602

4.– Eskabidearen ondoko izapideak hemen egin daitezke:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak).

6.– Informazio hau bilduko du eskabideen eredu normalizatuak:

a) Eskatzailearen identifikazio-datuak.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen direla eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla adierazteko.

c) II. kapituluan («Antolamendu-aldaketa») jasotako laguntzetarako, erakundearen eta erabakiak hartzeko organoaren osaerari buruzko datuak.

d) Dena delako jarduketari buruzko informazioa.

e) Lanen aurrekontua.

7.– Eskabidearekin batera, II. eta III. kapituluetan lerro bakoitzerako ezarritako berariazko dokumentazioaz gain, honako agiri hauek ere aurkeztuko dira:

a) Hirugarrenen alta; elektronikoki izapidetu ahal izango da, dagokion zerbitzuaren bidez. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

b) Ordezkaritzaren egiaztagiria, hala badagokio.

c) Erakundearen IFK, erakundearen eratze-eskritura eta estatutuak, dagokion erregistroan zigilatuta.

d) Aurrekontuak, proformako fakturak eta/edo fakturak. Aurrekontuek, proformako fakturek eta/edo fakturek informazio hau jaso beharko dute, gutxienez:

– Zenbakia (baldin badauka).

– Bezeroaren izena.

– Enpresa hornitzailearen izena.

– Data.

– Kontzeptua.

– Zerga-oinarriaren eta BEZaren banakapena.

8.– Laguntzak kudeatzen dituen zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauden. Dena den, eskatzaileak nahi izanez gero, dokumentazio hori aurkeztu ahal izango du eskaerarekin batera.

9.– Pertsona eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta berariaz adierazten bada aldaketarik ez dela egin, ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuari jarraikiz. Hala ere, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu ziren adierazi beharko da. Eskaera aurkeztuz gero, baimena emango da organo kudeatzaileak dokumentazio hori eskuratzeko. Horrek ez du esan nahi baimena berariaz ukatu ezin denik. Hori egitekotan, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

10.– Eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, laguntza-lerro bakoitzerako eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari jarraikiz.

11.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz, eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

12.– Edonola ere, beharrezkoak diren bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.

6. oinarria.– Laguntzaren organo kudeatzailea.

Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europako Politiketako Zuzendaritza izango da laguntzaren organo kudeatzailea.

7. oinarria.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

Ebazpena arrazoitua izango da, eta deialdi honetan jasotako laguntza-lerro bakoitzerako edukia dagokion kapituluan zehaztutakoa izango da. Nolanahi ere, honako ezaugarri hauek edukiko dituzte oro har:

1.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, laguntzen deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

2.– Ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dezakete Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

3.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen, diruz lagundutako proiektuen eta emandako dirulaguntzen zerrenda.

4.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.

5.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.

6.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan egin zaion ekintzaren jakinarazpena interesdunari, eta zer egun eta ordutan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat emango da. Baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki edo materialki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

8. oinarria.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Diruz lagundutako jarduketak deialdiaren urtean egingo dira. Laguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko epeak laguntzen lerro bakoitzerako ezarrita daude 20. («Antolamendu-aldaketa») eta 32. («Emakume nekazariak aintzat hartzea») oinarrietan, hurrenez hurren.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, bai eta xedapen hauetan ezarritako betebeharrak ere: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan.

3.– Erakunde onuradunek, gainera, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Dirulaguntza zein jardueratarako eman den, horretarako erabiltzea.

c) Administrazioarekin kontratatzen eta hitzartzen edo harengandik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako betebeharrak onartzea. Horien artean daude tratu- eta aukera-berdintasuna, elkarteko kideen dibertsitatea eta ezberdintasuna errespetatzea, sexuaren arabera bereizitako datuak izatea, hizkera ez-sexista erabiltzea, beren zuzendaritza-organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatzea eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez ezarritako gainerako printzipio orokorrak errespetatzea.

d) Jendaurrean zabaltzeko egiten dituzten agiri, kartel, propaganda eta argitalpenetan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren logotipoa agertu beharko da, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatutakoaren arabera: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/identidad_corporativa/eu_5611/adjuntos/MANUAL_ID_4PUBLICIDAD.PDF

Gainera, Emakume Nekazarien Estatutuaren logotipoa jaso beharko dute (laguntzen web-orrian egongo da eskuragarri).

Erakunde onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

e) Behin betiko fakturak artxibatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez bost urtez.

f) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

g) Helburu bererako edo antzeko helburu baterako dirulaguntzarik edo laguntzarik edo diru-sarrerarik edo baliabiderik eskatuz gero beste administrazio edo erakunde bati –publikoa zein pribatua–, edo halakorik lortuz gero erakunde horietatik, horren berri eman beharko diote laguntzen organo kudeatzaileari.

9. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako eta aplikatu beharreko gainerako arauetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua partez betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin bat etorriz, laguntzak eman zituen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partez edo erabat) interesdunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin bat etorriz, hargatik eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasi bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

10. oinarria.– Bateragarritasunak.

1.– Laguntzaren zenbatekoak –nazioko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuen edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2.– Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek helburu berarekin ematen dituztenekin, guztien artean diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak laguntzaren xede den jardueraren kostu errealera gutxituko dira.

II. KAPITULUA
GENERO-EKITATEAREN ALDEKO ANTOLAMENDU-ALDAKETAKO PROZESU BATI EKITEKO LAGUNTZA TEKNIKOA KONTRATATZEKO LAGUNTZAK

11. oinarria.– Xedea.

1.– Laguntza honen xedea da hasierako babesa ematea genero-ekitatearen aldeko antolamendu-aldaketako prozesuei.

2.– Genero-ekitatearen aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak erakundeen barruan gogoeta egiteko eta ekintzak abian jartzeko prozesuak dira, lehendik dauden egikerak eta pentsaerak aldatzeko, eta, horri esker, erakundeen funtzionamendu-maila guztietan gertatzen diren desberdintasunak desagerrarazteko (egiturak, lan-sistemak, antolamendu-kultura eta abar).

3.– Laguntza honen bidez, asmoa da erakundeei laguntza ematea nekazaritza-sektoreko erakundeetan eta, batez ere, erabakiak hartzeko haien eremuetan genero-berdintasuna sustatzen duen antolamendu-kultura baterantz ematen dituzten lehen pausoetan.

12. oinarria.– Erakunde onuradunen betekizun espezifikoak.

Laguntza honen onuradun izan ahalko dira nekazaritza-eremuko lanbide, enpresa, sindikatu arloko edo beste eratako elkarteak eta erakundeak –Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 19. artikuluan aurreikusitakoak–, betiere egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute, eta, oinarri orokorretan ezarritako betekizunez gain, honako hauek ere betetzen badituzte:

1.– Haien zuzendaritza-organoetan emakumeak egon beharko dira.

2.– Laguntza honen sustatze-xedea betetzeko asmoz:

a) Erakundeetan erabakiak hartzeko organoa 4 pertsonaz baino gehiagoz egon beharko da osatuta.

b) Ordezkaritza-organoetan emakumeen partaidetza orekatua gutxienez lortzeko egon beharko liratekeen emakumeak halako bi izan beharko dira erakundeetako kide diren emakumeak. Partaidetza orekatutzat hartuko da Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 7.5 artikuluan ezarritakoa.

c) Erakundeek ez dute izango, eskabidea aurkezteko unean, zuzendaritza-organo parekiderik, hots, gizonen eta emakumeen partaidetza orekatua dutenik.

13. oinarria.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak eta gastuak.

1.– Genero-ekitatearen aldeko antolamendu-prozesuaren barruan, dirulaguntzaren xede izango da generoaren partaidetza-diagnostikoa egiteko laguntza teknikoa kontratatzea.

2.– Diruz laguntzeko moduko gastuak izango dira kontratatutako zerbitzuak ordaintzeko egindakoak; alegia, II. eranskinean ezarritako orientabideen araberako generoaren partaidetza-diagnostiko bat egiteari buruzkoak.

3.– BEZa ez da diruz laguntzekoa izango, berreskuragarria denean.

14. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.

Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzetarako aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta horretara bideratutako aurrekontua agortzen denean amaituko da. Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da horren berri, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Edonola ere, eta aurrekontua izanda ere, laguntza-eskabideak aurkezteko epea 2021eko urriaren 15ean amaituko da.

15. oinarria.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiri espezifikoak.

1.– Laguntza teknikoaren proposamena, partaidetza-diagnostikoa egin behar duen aholkularitza-enpresa edo erakundeak egina eta sinatua, eta aurrekontu banakatua.

Kontratatutako laguntza teknikoak berdintasunaren alorreko prestakuntza izan beharko du, bai eta berdintasun-diagnostikoak eta -planak egiten eta antzeko prozesuak kudeatzen izandako lan-esperientzia ere.

2.– Zuzendaritza-organo edo -batzarraren osaerari buruzko ziurtagiri eguneratua, dagokion erregistroak emana.

16. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Antolamendu-aldaketarako laguntzen zenbatekoa, gehienez, 5.000 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.

17. oinarria.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Prozedura ondoz ondoko lehiaren bidez egingo da eta, beraz, espedienteak eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera aztertu eta izapidetuko dira; horiek behar bezala formulatu eta osatu diren ordenaren arabera ebatziko dira. Eskabideak Landaren Garapeneko eta Europako Politiketako Zuzendaritzaren teknikariek aztertuko dituzte. Eskatutako betekizunak eta diruz lagun daitekeen aurrekontua egiaztatutakoan, ebazpen-proposamena egingo da.

18. oinarria.– Laguntzaren erakunde onuradunen konpromiso espezifikoak.

1.– Laguntza honen onuradun gertatzen diren erakundeek honako konpromiso hauek hartu beharko dituzte:

a) Erabakiak hartzeko organoan partaidetza orekatua lortzeko asmoz, diagnostikoak zehazten dituen gomendioak edo jarduera-lerroak gauzatzeko konpromisoa hartzea.

b) Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak nekazaritza-sektorean generoaren araberako antolamendu-aldaketako prozesuak zabaltzeko antolatzen dituen ekintzetan parte hartzea.

19. oinarria.– Ebazpena.

1.– Landa-garapenaren arloko zuzendariak banakako ebazpena emango dio erakunde eskatzaile bakoitzari, 17. oinarrian aurreikusitako proposamenari jarraikiz, eta laguntza eman edo ukatuko du horren bidez.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

– Baietsitako eskabideei dagokienez:

a) Erakunde onuradunaren izena edo sozietatearen izena eta IFK.

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa.

– Ezetsitako eskabideei dagokienez:

a) Eskatzaileen izena edo sozietatearen izena, eta IFK edo NANa.

b) Eskabidea ukatu edo ezesteko arrazoiak.

20. oinarria.– Proiektua gauzatzeko epeak.

Partaidetza-diagnostikoa egiteko epea laguntza eskatu ondoren hasiko da, eta 2021eko abenduaren 31n amaituko da.

21. oinarria.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Laguntza behar den xedera bideratu dela justifikatzean ordainduko da dirulaguntza. Honako agiri hauek aurkeztuz egiaztatuko da:

a) Memoria bat, diagnostikoaren emaitzak eta jarduteko proposamenak bilduta.

b) Fakturak edo froga-balio bereko agiriak eta ordainketa-ziurtagiriak; horiek laguntzaren onuradunaren izenean egon beharko dute.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, non adierazten baita fakturak eta frogagiriak ez direla aurkeztu beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, baldin eta beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko aurkeztu badira dokumentu horiek, zehaztu beharko da programak zein diren eta, faktura edo frogagiri bakoitzari dagokionez, zein den jasotako dirulaguntzaren ehunekoa (justifikaziorako formularioan jasota).

d) Erabakiak hartzeko organoan partaidetza orekatua lortzeko asmoz, diagnostikoak zehazten dituen gomendioak edo jarduera-lerroak gauzatzeko konpromisoa hartzea.

e) Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak nekazaritza-sektorean generoaren araberako antolamendu-aldaketako prozesuak zabaltzeko antolatzen dituen ekintzetan parte hartuko duela hitzematea.

2.– Laguntzen onuradunek jarduerarekin lotutako gastu guztiak justifikatu beharko dituzte, eta ez jasotako laguntzari dagokion zatia bakarrik. Justifikazio hori 2022ko urtarrilaren 28an egin beharko da beranduenez.

III. KAPITULUA
EMAKUME NEKAZARIAK AINTZAT HARTZEN LAGUNTZEKO ETA HAIEN ASOZIAZIONISMOA ETA AHALDUNTZEA SUSTATZEKO EKINTZETARAKO LAGUNTZAK

22. oinarria.– Xedea.

Laguntza honen xedea hau da: ekintzen antolaketa finantzatzea emakume nekazariak aintzat hartzen laguntzeko eta nekazaritza-sektoreko emakumeen asoziazionismoa eta ahalduntzea sustatzeko.

23. oinarria.– Onuradunak.

EAEko irabazi asmorik gabeko elkarteak eta erakundeak, xedeen artean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna dutenak.

24. oinarria.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak eta gastuak.

1.– Diruz laguntzeko modukoak izango dira nekazaritza-sektoreko emakumeak eta haien lanaren garrantzia aintzat hartzea sustatzen duten jarduketak, bai eta haien asoziazionismoa ez ezik, sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ere sustatzen dutenak ere.

2.– Guztiak ez badira ere, honako jarduketa hauek dira diruz laguntzeko modukoak: lehiaketak, jardunaldiak, eztabaidak, lantegiak, konferentziak, erakusketak, ikus-entzunezko materialaren edizio eta banaketa, eta deialdiaren xedea betetzen duen beste edozein jarduketa, betiere nekazaritza-sektoreko emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunarekin zerikusia badute.

3.– Deialdi honen babespean, erakunde bakoitzak dirulaguntza-proposamen bakarra aurkeztu ahal izango du.

4.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira laguntzaren xede diren jarduerak egitean zuzenean sortutako guztiak, eta jarduera gauzatzeko epean zehar. Izaera enuntziatiboz eta ez murriztailez, honako hauek sartzen dira:

a) Aurkeztutako jarduerarekin berariaz lotuta dauden langileen gastuak.

b) Ekitaldia edo jarduera gauzatzeko zerbitzu profesionalen errentamendua.

c) Lokalen alokairua eta ekitaldia edo jarduera antolatzeko logistikaren ondoriozko gastuak.

d) Ekitaldia edo jarduera gauzatzeko instalazioak eta zerbitzu teknikoak.

e) Laguntzaren xede diren jarduketen publizitatearekin eta zabalkundearekin lotutako gastuak.

f) Nahitaezko aseguruak kontratatzea.

g) Emandako garaikurrak edo sariak.

h) Ekitaldia edo jarduera egiteko behar diren materialak zenbait euskarritan editatu edo eskuratzea.

i) Bideoak eta ikus-entzunezko materiala.

j) Itzulpen-gastuak.

5.– Jarduerarekin lotutako kapital-inbertsioak edo -gastuak, zergak eta tributuak ez dira inola ere diruz laguntzeko moduko gastuak izango.

Kanpoan geldituko dira erakunde eskatzaileak dituen eta ekitaldi edo jarduera egin, antolatu edo gauzatzearekin zuzenean lotu gabe daudenak.

6.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

25. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.

Kapitulu honetan ezarritako laguntzei dagokienez, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

26. oinarria.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiri espezifikoak.

1.– Proiektuan jasotako ekintzen aurrekontuak eta/edo proformako fakturak.

2.– Jardueraren memoria, honako hau jasota:

– Erakundearen izena eta haren osaera: masa sozialaren osaera, bazkide kopuru osoa, emakumeen eta gizonen guztizko kopurua eta masa sozial hori osatzen duten 40 urtetik beherako emakumeen ehunekoa.

– Jarduketaren xedearen deskribapena.

– Gauzatzeko epearen edo epeen aurreikuspena.

– Ekintzaren kokapenari eta hura hedatzeko aukerei buruzko datuak, eta toki/eskualdean, lurraldean edo autonomian zer eragin duen.

– Jarduketatik espero diren emaitzen aurreikuspena.

– Jarduketak nekazaritza-sektoreko emakumeen eta gizonen berdintasunean izango duen eraginaren aurreikuspena.

– Deskribapena, jarduketak nekazaritza-sektoreko emakumeen ahalduntzea nola sustatzen duen.

3.– Proiektuko jarduketen laguntza publiko edo pribatuari buruzko bestelako dirulaguntza eta diru-sarreren ziurtagiria.

27. oinarria.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio-batzorde bat eratuko da eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Batzorde hori hiru pertsonak osatuko dute: bokal bat, hitzarekin eta botoarekin; idazkari bat, eta batzordeburu bat. Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritzetako eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Berdintasun Unitateko teknikarien artean hautatuko dira pertsona horiek. Gainera, adituek parte hartzeko ere eskatu ahal izango dute.

2.– Batzorde horrek kide hauek izango ditu: batzordeburu, Beatríz García García; bokal, María Luisa Múgica Reclusa, eta, idazkari, Jone Loiola Barrainkua.

28. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

Laguntza eskatzen duten jarduerak baloratuko dira ondoren azaldutako irizpideen arabera, eta jardueraren memorian jasotako datuak eta informazioa aintzat hartuta; 26. oinarrian jaso da haren gutxieneko edukia:

1.– Proiektuaren edukiei dagokienez:

a) Proiektuaren izaera berritzailea: proiektu berriak eta berritzaileak, sormenezkoak eta disruptiboak baloratuko dira. 20 puntu.

b) Proiektuaren izaera integratzailea. 10 puntu, gehienez.

– Gizonen parte hartzera zuzendutako jarduketak. 5 puntu.

– Askotariko adin eta jatorrietako kolektiboak barne hartzen dituzten jarduketak. 5 puntu.

c) Ekintzak eragin-eremuari dagokionez efektu biderkatzailea izatea, 40 puntu, gehienez:

– Tokian edo eskualdean eragiteko ekintzak: 10 puntu.

– Lurraldean eragiteko ekintzak: 15 puntu.

– Euskal Autonomia Erkidegoan eragiteko ekintzak: 40 puntu.

d) Elkarteen edo erakundeen arteko sareak sortzen edo indartzen dituzten proiektuak. 20 puntu, gehienez.

– Era horretako erakunde bat baino gehiago barne hartzen duten proiektuak, haien ekintza-plan koordinatua dutenak. 20 puntu.

– Etorkizunean era horretako zenbait erakunderen arteko baterako ekintzak egiteko oinarria jartzen duten proiektuak. Horretarako, beste erakunde batzuk hartzaile dituzten edo gonbidatuen artean haien partaidetza duten jarduketak baloratuko dira. 10 puntu.

2.– Proiektua aurkezten duten erakundeei dagokienez:

40 urte baino gutxiagoko emakume gazteen ekimenez 2015etik aurrera sortu diren elkarte-mugimendu berriek bultzaturiko ekintzak, betiere elkarte horiek xedeen artean berdintasuna sustatzea badute eta aldaketa bultzatzen badute. 10 puntu, gehienez.

– 40 urtetik beherako emakumeak erakundearen masa sozialaren % 40 badira, 10 puntu.

– Ehuneko hori masa sozialaren % 20 eta % 40 artekoa bada, 5 puntu.

– Ehunekoa masa sozialaren % 20 baino txikiagoa bada, 0 puntu.

29. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa eta esleitzeko prozedura.

1.– Laguntza horien zenbatekoa ez da izango laguntza eskatu duten proiektu edo jardueraren guztizko kostuaren % 80tik gorakoa, ezta 10.000 euro baino handiagoa ere.

2.– Laguntza bakoitzaren banakako zenbatekoa zehazteko orduan, bi hauen arteko proportzionaltasuna hartuko da kontuan: aurreko oinarriaren irizpideen arabera proiektu edo jardueraz egindako baloraziotik lortutako puntuazioa, eta onuradunak eskatutako zenbatekoa. Honako taula honen arabera kalkulatuko da esleitu beharreko laguntza-ehunekoa:

(Ikus .PDF)

3.– Kapitulu honetan ezarritako laguntzak norgehiagoka-prozeduraren bidez emango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluari jarraituz. Laguntzak kudeatuko dituzten teknikariek eskabideak aztertuko dituzte eta eskatutako betekizunak betetzen dituztela egiaztatuko dute.

4.– Balorazio-batzordeak proiektuak aztertuko ditu, eta, 28. oinarrian azaldutako irizpideei jarraituz, puntuak esleituko.

5.– Jarraian, gutxienez 50 puntu lortu dituzten jarduketen zerrenda egingo du. Jarduketak puntuen arabera ordenatuta egongo dira, puntuazio handienetik txikienera. Ondoren, ordena horren arabera esleitu beharreko laguntzen zenbatekoa zehaztuko da, funtsak agortu arte, eta dagokion ebazpen-proposamena egingo da.

Zerrendako azken laguntzari dagokionez laguntza-proposamena handiagoa bada erabilgarri dagoen zenbatekoa baino, erakunde eskatzaileari kontsulta egingo zaio eta, hala badagokio, ez da laguntza esleituko, eta zenbateko hori II. kapituluan aurreikusitako laguntzetarako funtsetara gehituko da («Antolamendu-aldaketa»).

6.– Jarduketa bik edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute, «erakundeen arteko sareak sortzea edo indartzea» irizpidean puntuaziorik handiena lortu duena lehenetsiko da, eta, berdinketak jarraitzen badu, «efektu biderkatzailea» irizpidean puntuazio handiena lortu duena.

7.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzetara bideratutako zenbatekoa agortu ezean, soberakina II. kapituluan aurreikusitako laguntzetarako dagoen zenbatekoari metatu ahalko zaio («Antolamendu-aldaketa»).

30. oinarria.– Ebazpena.

1.– Landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak ebatziko ditu laguntzak, balorazio-batzordeak aurkeztutako proposamena aintzat hartuta. Ebazpena proposamen horrekin bat ez badator, arrazoitu egin beharko da. Proposamena, izan ere, ez da loteslea.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

– Baietsitako eskabideei dagokienez:

a) Onuradunen izena edo sozietatearen izena, IFK.

b) Lortutako puntuazioa.

c) Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa.

d) Dirulaguntzaren zenbatekoa.

– Ezetsitako eskabideei dagokienez:

a) Eskatzaileen izena edo sozietatearen izena, IFK.

b) Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.

31. oinarria.– Gauzatzeko epeak.

Aintzatesteko jarduketak egiteko epea 2021eko abenduaren 31n amaituko da, eta 2021eko ekitaldiaren edozein unetan hasi ahalko da.

32. oinarria.– Justifikazioa eta ordainketa.

Laguntzak zuzenean erakunde onuradunei ordainduko zaizkie, eta bi ordainketatan egiteko aukera egongo da, honako modu honetan:

1.– Lehen ordainketa bat, dirulaguntzaren guztizko zenbatekoaren % 50 gehienez, diruz lagun zitezkeen gastu onetsiei buruzko fakturak eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

2.– Zenbatekoaren gainerakoaren ordainketa edo, hala badagokio, dirulaguntza osoa, laguntza behar den bezala erabili dela justifikatu ondoren. Honako agiri hauek aurkeztuko dituzte horretarako:

a) Jarduketaren ondorioz azkenean lortutako emaitzen berri jasotzen duen memoria. Jarduketaren izaeraren arabera, emaitza horietan jaso beharko dituzte zer partaidetza izan den, bertan ezarritako lan-lerroak, etorkizuneko konpromisoak, nekazaritza-sektoreko emakumeen eta gizonen berdintasunean zer eragin duen eta ondorioak.

b) Fakturak edo froga-balio bereko agiriak eta ordainketa-ziurtagiriak; horiek laguntzaren onuradunaren izenean egon beharko dute.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinetan adierazten baita fakturak eta frogagiriak ez direla aurkeztu beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, baldin eta beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko aurkeztu badira dokumentu horiek, zehaztu beharko da programak zein diren eta, faktura edo frogagiri bakoitzari dagokionez, zein den jasotako dirulaguntzaren ehunekoa (justifikazio-inprimakian jasota).

3.– Laguntzen onuradunek jarduerarekin lotutako gastu guztiak justifikatu beharko dituzte, eta ez, ordea, jasotako laguntzari dagokion zatia bakarrik. Justifikazio hori 2022ko urtarrilaren 28an egin beharko da beranduenez.

II. ERANSKINA
GENEROAREN PARTAIDETZA-DIAGNOSTIKOA EGITEKO ORIENTABIDEAK

1.– Genero-diagnostiko batek helburu hauek ditu:

a) Erakundeak genero-ekitatea nola sustatzen duen baloratzea.

b) Erakundean botere-harremanak nolakoak diren deskribatzea:

– Parte hartzeko eta harremanak egiteko erak.

– Erabakiak nola hartzen diren.

– Lidergo mota.

c) Bertan eta haren lanean desberdintasunak nola gertatzen diren atzematea.

d) Adieraztea haren funtzionamenduan eta antolamendu-kulturan zer alderdi aldatu behar diren, erabakiak hartzeko organoetan emakumeen eta gizonen arteko partaidetza orekatua lortzeko.

2.– Generoaren partaidetza-diagnostikoak erakundean genero-desberdintasunak atzemateko azterketa egin behar du, genero-ikuspegia erantsita. Diagnostikoak erakundearen neurri eta arlo hauek aztertu behar ditu gutxienez:

a) Erabakiak hartzeko eremuetarako sarbidea:

– Nork parte hartzen duen eta nork ez.

– Nolako partaidetza dagoen.

– Lehentasunak ezartzeko prozesuak.

Sexuaren arabera bereizitako datuekin lan egingo da, eta honako hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: karguan emandako urteak, karguan emandako aldiak eta berritzeko prozesuen modua.

b) Lanaren barneko prozesuak: zereginen eta erantzukizunen banaketa, prozedurak, plangintza-prozesuak eta lanaren koordinazioa.

c) Komunikazioa: erabilitako komunikazio-kanalak eta -espazioak.

d) Jarrerak: erakundean ekitatearen aldeko antolamendu-aldaketako prozesuaren aurrean hartutako portaerak edo jarrerak, erresistentziak, planifikatutako jarduketei emandako esanahiak.

3.– Gainera, erakunde bakoitzaren ezaugarrien arabera, honako dimentsio eta arlo hauek aztertu ahal izango dira:

a) Politikak: erakundearen balioak zehazten eta haren jarduketak kokatzen dituzten dokumentu gidariak.

b) Ekitatearen alde aurretiaz egindako lanaren ibilbidea: eragiten duten faktoreak, egindako ahaleginak eta genero-ekitatearen alde eginiko lanaren zailtasunak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak.

c) Antolamendu-kultura: botere-tipologia, lan eta enpleguaren nozioa, maskulinotasun hegemonikoaren eredua eta beste faktore batzuk.

d) Erakundearen lanean genero-ikuspegia sustatzeari buruzko ikaskuntza eta horren ezagutzak eskuratzeko moduak.

4.– Partaidetza bidezko metodologiak erabili beharko dira diagnostikoa egiteko, eta erakundeko langileek, erabakiak hartzeko organoan egun dauden pertsonek batez ere, esku hartzeko neurriak hartu beharko dira.


Azterketa dokumentala