Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2021eko irailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4684

AGINDUA, 2021eko irailaren 1ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen eta arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko deialdia.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 12. artikuluak autonomia-erkidego honi esleitzen dio lan-arloko Estatuko legediaren betearazpena. Aldi berean, Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluak adierazten duenez, «Langileen sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek lan egiten dute beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babestu eta sustatzeko». Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluak sindikatuei egiten dien aipamenak esan nahi du «Espainiako konstituzio-sistemaren oinarrizko osagaia» direla (1996ko abenduaren 17ko 210/1996 Auzitegi Konstituzionalaren Epaia). Konstituzio-aitorpen horrekin, sindikatuak eta enpresaburuen elkarteak aintzat hartzen dira, alderdi politikoekin batera (Espainiako Konstituzioaren 6. artikulua), Espainiako Konstituzioaren arabera zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoa osatzen duten elkarte gisa.

Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluaren aitorpenak, lehenik, jarduera-esparru subjektiboaren hedaduran eragiten du. Erakunde sindikalei ematen zaien garrantzi publikoaren ondorioz, erakunde horiek sindikatu bakoitzeko afiliatuen ordezkaritzan eta defentsan jarduteaz gain, langile guztien ordezkaritzan ere jarduten dute.

Aipatutako arauak erakunde sindikalei esleitzen dien izaerak, bestetik, sindikatuek lortu beharreko helburuei eragiten die. Espainiako Konstituzioaren 7. artikulu horrek berak zehazten du erakundeon helburuen berariazkotasuna. Arau horren arabera, «Langileen sindikatuek [...] lan egiten dute beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babestu eta sustatzeko». Interes ekonomiko eta sozialak aipatzeak sindikatuen helburu zilegien askotarikotasuna dakar. Helburuok hertsiki lan-arlokoak izan daitezke –lan-baldintzak defendatzea enpresaburuaren aurrean–, baina baita arlo soziopolitikokoak ere, botere publikoen aurrean defendatzekoak –langileen bizi-baldintzen defentsa, gizatalde diren aldetik–.

Erakunde sindikalen izaera berezia elkarteetatik bereizitako araubide juridiko bat izatean ere islatzen da. Erregimen juridiko hori Espainiako Konstituzioaren 28.1 artikuluan eta Sindikatu Askatasunaren abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoan oinarritzen da. Aurreko horren froga da, halaber, Elkartze Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 1.3 artikulua sindikatuen berariazko legedian ezarritakoari lotzen zaiola. Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluak agintzen duenez, erakunde sindikalen sorrera-askatasuna eta jardunbidea bermatu behar ditu lege-esparruak, eta erakundeon sorrera eta jardunbidea Konstituzioaren eta Legearen araberakoak izan behar dira.

Erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen finantzaketa-bideetako bat dirulaguntza publikoak dira. Erakundearen funtzionamendu-gastuei eta erakundearen helburuekin loturiko beste jarduera batzuei aurre egiteko laguntza gisa justifikatzen dira. Laguntza horiek, halaber, erakunde publikoetan parte-hartze instituzionala izateak dakartzan gastuei aurre egiteko balio dute.

Erakunde sindikalak eta enpresaburuen elkarteak ekonomikoki laguntzeko politika publikoek arazo nagusi bat dute; alegia, botere publikoek langileen eta enpresaburuen antolakuntza askean eskurik ez sartzeko betebeharrarekiko bateragarritasuna. Zehazki, erakunde sindikalen ikuspegitik, aipatutako politikak sindikatu-askatasuna urratu dezake bi alderditan, banakoei eta kolektiboari dagokienez. Banakoaren askatasuna urratu dezake, sindikatu-askatasunari eragin diezaiokeelako, langileak sindikatu jakin batzuetara afiliatzera bultzatzen baditu. Kolektiboaren askatasuna urratu dezake, berriz, sindikatu batzuk lehenesten baditu beste batzuen aldean eta sindikatu-jarduera askea oztopatzen badu.

Erakunde sindikalen eta enpresaburuen elkarteen finantzaketa publikoari buruz, Auzitegi Konstituzionalak adierazi izan du elkarteok bitarteko ekonomikoz hornitzeko politika publikoak ez direla langileen eta enpresaburuen antolakuntza askean Estatuak eskua ez sartzeko printzipioaren aurkakoak; izan ere, Espainiako Konstituzioak aitortzen dizkion funtzioak betearazteko ezinbestekoak dira erakunde sendo eta ekintzarako bitartekoz hornituak.

Askatasun sindikalak, zeinak askatasun-alor bat bermatzen baitie sindikatuei eta ez baitu administrazio publikoen esku-hartzerik, ez ditu debekatzen, ordea, egintza sindikala sustatu edo sindikatuaren indarra handitzea bilatzen duten ekintza publikoak, betiere sindikatuaren autonomia murriztu gabe.

Alde horretatik, lan-arloan eskumena izan duten sailek eta, gaur egun, Lan eta Enplegu Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrei buruzko legeetan aurreikusitakoarekin bat etorriz, hainbat dirulaguntza eman dizkiete sindikatuei, beren helburuen barruan jarduerak egiteko baldintzapean.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean, 03 Atalean, 3112 Programan (Lana eta Enplegua), kreditu bat ezartzen da erakunde sindikalentzat, erakunde sindikal guztiek egin beharreko jarduerak diruz laguntzeko, haien hauteskunde-ordezkaritzaren arabera.

Dirulaguntza horiek emateko irizpidea onuradunak izateko baldintzak betetzen dituzten erakunde sindikal eskatzaileen ordezkaritzan oinarritzen da; neurri hori 2020ko abenduaren 31n lortutako hauteskunde-oihartzunaren araberakoa izango da, eta erakunde sindikal horiek hauteskundeetan lortutako emaitzak azaltzen dituen akreditazio-ziurtagiriaren bitartez dokumentatu beharko diete enpresetako langileen ordezkariei eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoei.

Horri dagokionez, jurisprudentzia – bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Hirugarren Salaren jurisprudentzia errepikatua– hartu behar da kontuan; izan ere, jurisprudentzia hori eskatzen ari da erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko arauetan diskrezionalitatea eta zehaztugabetasuna saihesten duten alderdiak sartzeko, eta erakunde onuradunek justifika dezatela dirulaguntzak ematea eragin duen helburua bete dela.

Ildo horretatik, sindikatu-ordezkagarritasuna da erreferentziazko eta nahitaezko faktorea dirulaguntza hauek zehazteko; izan ere, Sindikatu Askatasunari buruzko Lege Organikoak espresuki ezartzen du sindikatuaren oihartzunaren irizpidea –lantokietako ordezkaritza bateraturiko hauteskunde-emaitzekin neurtzen dena– dagoeneko usadiozko irizpidea dela gure ordenamenduan. Hain zuzen ere, lege horren 6.3 artikuluan jasota dago ordezkaritza handiena duten sindikatuei alderdi desberdinetatik aitortu behar zaiela ordezkaritza-gaitasuna, lantokietako eta haietatik kanpoko lan-harremanen demokratizaziorako tresna gisa, Konstituzioaren 7., 9.2 eta 129. artikuluak betez.

Gainera, kontuan hartu behar da aipatutako sindikatu-ordezkagarritasuna erabiltzen dela sindikatuek administrazio publikoetan edo beste hainbat arlotako erakunde edo organismoetan daukaten ordezkaritza instituzionalaren irizpide nagusi gisa, eta, horregatik, oso egokitzat jotzen da faktore hori erabiltzea deialdi honetako dirulaguntzetara bideratutako kredituak banatzeko formula ere zehazteko.

Era berean, agindu hau Lan eta Enplegu Sailaren 2021. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren baitan dago. Aipatutako plana Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren 2021eko otsailaren 23ko Aginduaren bidez onartu zen, eta sailaren webgunean argitaratuta dago.

Horren ondorioz, adierazitako helburua betetzearren eta aipatutako aurrekontu-aurreikuspena gauzatzearren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluan eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren 3.2.e) artikuluan ezarritako eskumena betez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea hau da: Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzea 2021eko ekitaldirako, erakunde horien jarduera sindikalak eragindako gastu arruntak finantzatzeko eta haien bulegoak eta zerbitzuak antolatu eta funtzionarazteko beharrezkoak diren gastuei aurre egiteko.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren aurrekontu-kredituarekin ordainduko dira. Adierazitako kredituaren zenbateko banakatua hau da: 827.982 euro 2021erako ordainketa-kreditu gisa, eta 206.996 euro 2022rako konpromiso-kreditu gisa.

2. artikulua.– Erakunde sindikal onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan 2020ko abenduaren 31n ordezkaritza duten eta 2021. urtean jarduerak gauzatzeko asmoa duten erakunde sindikalak izan daitezke agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun.

Erakunde sindikalen ordezkagarritasuna Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publiko eskudunak horretarako emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da, eta ziurtagiri hori espedienteari erantsiko dio deialdi hau kudeatzen duen organoak berak. Ziurtagiri horretan espresuki jasoko dira 2020ko abenduaren 31n erregistratutako hauteskunde sindikalen emaitzak.

2.– Ezin izango dituzte agindu honetan ezarritako laguntzak jaso honako egoera hauetakoren batean dauden erakunde sindikalek:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan direnak, delitu hauetako bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea; Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea (LBK, 1985, 14); edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan (LBK, 1985, 1463 eta LBK, 1986, 192) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarrean dauden xedapenek ezartzen dituztenak– ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta egunean.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

e) Ebazpen irmo baten bitartez galdurik izatea dirulaguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin.

f) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala izatea sexuan oinarritutako diskriminazioagatik, edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera debeku horrekin zigortua izatea.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategin onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.4 artikuluan zehaztutakoren arabera, entitate onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- eta zehapen-prozedura guztiak amaituta egotea.

4.– Era berean, ezingo dute parte hartu dirulaguntza lerro bereko aurreko deialdien babesean jasotako laguntzak aurrez justifikatu ez dituztenek.

5.– Erakunde eskatzaileek eskaera aurkeztean egiaztatu beharko dituzte aurreko baldintzak betetzen dituztela.

6.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko betekizuna, bai eta itzulketa-betebeharrak egunean izatekoa ere, laguntza ematen den unean eta laguntza ordaintzen denean bete behar dira.

3. artikulua.– Izapidetze telematikoa.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak, justifikazioak eta laguntzak emateko deialdi honetako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.

2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabiliko da, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1059004

Izapideak bide elektronikoz egiteari buruzko jarraibideak aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.

3.– Espedienterako sarbidea, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak, justifikazioak eta agindu honetan inplikatutako eskabidearen ondorengo gainerako izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira: (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Eskabideak elektronikoki izapidetu ahal izango dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu behar izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta.

3.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

5. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea egiteko, formulario elektronikoa bete beharko da. Agindu honen eranskinean zehazten dira formularioaren konfigurazioa eta edukia. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1059004

2.– Eskabide-orrian bertan jasoko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez honako baldintza hauek egiaztatuko dira:

a) Helburu bererako diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabide batzuen egoera (eskatuta, jasota edo izapidetzen), edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduren egoera, oraindik izapidetzen ari badira.

c) Erakunde eskatzailea ez dela kondenatua izan, epai irmo baten bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrera, edo delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean edo Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legean (1985, 14 LBK) jasotako kasuren batean, eta ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan (LBK, 1985, 1463 eta LBK, 1986, 192) araututako kargu hautetsiak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Erakunde eskatzaileak egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, erregelamendu bidez zehazten den moduan.

f) Erakunde eskatzaileak ez duela ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galdu, lege honen edo beste batzuen arabera.

g) Erakunde eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik jaso sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik, eta ez duela halako debekurik jaso zehapen bidez Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera.

h) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

3.– Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Erakunde sindikalak dagokion administrazio-erregistroan izena emana duela frogatzen duen agiria. Erakunde sindikalek euren estatutuak Euskadiko Enpresa Elkarteen eta Erakunde Sindikalen Erregistroan gordailututa badituzte, ez dute zertan aurkeztu dokumentazio hori.

b) Sinatzailea identifikatzea, edo, hala badagokio, deialdia kudeatzen duen organoari eman zaion baimena, hori egiaztatzeko, eta ordezkaritza egiaztatzen duen agiria; edo erakundearen organo eskudunak egindako egiaztagiria, sinatzaileak erakunde horren izenean jarduteko daukan gaitasuna egiaztatzen duena.

c) 2021. urtean egingo diren jarduera eta gastuen aurreikuspena azaltzen duen memoria, memoria horretan deskribatutako jardueren kostuaren aurrekontu xehatua barne. Jarduerak finantzatzeko beste baliabide batzuk daudela adierazi egingo da, halakorik egonez gero.

4.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, haien baimenik behar izan gabe. Hala ere, erakunde eskatzaileek modu arrazoituan egin ahal izango dute horren aurka; kasu horretan, adierazitako ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, erregelamendu bidez aurreikusitako moduan.

Erakunde eskatzaile batek egoitza beste autonomia-erkidego batean badauka, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ez badu elkarreragingarritasun-zerbitzurik ezarrita harekin, zerga-betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

6. artikulua.– Eskabidearen akatsak konpontzea.

Dirulaguntza eskatzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo nahitaez aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, erakunde eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan aurreikusitako ondorioekin.

7. artikulua.– Dirulaguntza zehazteko irizpideak.

Agindu honen xede diren dirulaguntzei erantzuteko esleitutako kreditua proportzionalki banatuko da erakunde sindikal eskatzaileen artean, daukaten ordezkaritza kontuan hartuta, betiere, 2020ko abenduaren 31n hauteskundeetan izandako emaitzen arabera; muga ezarriko du diruz lagundu daitezkeen eta egiaztatu diren gastuen zenbateko errealak.

8. artikulua.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu dirulaguntza jasotzen duen jardueraren guztizko kostua.

2.– Agindu honetan azaltzen diren dirulaguntzak eta erakunde sindikalak beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen bestelako dirulaguntzak metatzen badira, eta dirulaguntza horien baturak diruz lagundutako jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da; eta Eusko Jaurlaritzak Lan eta Enplegu Sailaren bidez emango duen dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.

9. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitatea.

1.– Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariaren ebazpen baten bidez eman eta ukatuko dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.

Ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeak jakinarazpenaren ondorioak izango ditu. Ebazteko eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, agindu honek ondorioak dituen egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

10. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpenaren aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatuz gero, betiere dirulaguntza emateko helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste administrazio batzuetatik edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik dirulaguntzak lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, agindu honetan erakunde onuradun izateko ezarrita dauden baldintzak betetzen badira. Horretarako, Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, zeinaren bidez emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko baitira, eta erakunde sindikalek itzuli egin beharko dituzte soberan jasotako zenbatekoak.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Kasuan-kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak ezertan eragotzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako hauek bete beharko dituzte:

1.– Diruz lagundutako jarduera egiaztatzen duen memoria (2021. urtean eginiko jarduerak eta gastuak azaltzen dituena) igorri beharko dute Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzara, 2021eko azaroaren 30a baino lehen. Memoria horretan, jarduera –gutxienez, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 80ari dagokionez– burutu dela justifikatzen duten dokumentuak bilduko dira.

Halaber, jasotako dirulaguntza osoa justifikatu ez bada, gelditzen den zatiaren justifikazioa 2022ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitarteko epean egin beharko da, eta azalpen-memoria bat aurkeztu beharko da.

Memoria horiei erantsiko zaizkie gastu arrunten eta funtzionamendu-gastuen zerrenda –aintzat hartuta eskuratze-kostuak ezin duela gainditu merkatu-balioa–, nominak, fakturak, eta abar, jatorrizko agiriak edo horien kopia konpultsatuak aurkeztuta, eta, hala badagokio, kontratatutako langileen Gizarte Segurantzarekiko kotizazioa egiaztatzen duten TC buletinenak.

2.– Konpromisozko bermeen bidez bermatuko dituzte dirulaguntzen norakoa eta aplikazioa, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu aipatutako dekretuak); horretarako honako hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartu. Ildo horretan, dirulaguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde sindikalek dirulaguntzari espresuki uko egiten ez badiote, onartutzat hartuko da dirulaguntza.

b) Dirulaguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.

c) Deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eska diezazkieten argibideak eman behar dizkiete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

3.– Halaber, erakunde sindikal onuradunek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betekizunak.

12. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Ordainketa zatika egingo da, era honetan:

a) Lehenengo ordainketan dirulaguntzaren % 80 ordainduko da, agindu honen 11. artikuluak adierazten dituen memoria eta agiriak aurkeztu ondoren.

b) Bigarren ordainketa, alegia, dirulaguntzaren gastu osoa justifikatu osteko likidazioaren ondoriozko zenbatekoari dagokiona, 2022rako konpromiso-kredituaren kontura ordainduko da.

Entitate eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon behar dute, ordainketak egin ahal izateko, betiere, aldeko ebazpena eman bada.

Alta eman edo hirugarren interesdunaren zure datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

13. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Dirulaguntza emateko baldintzak nola edo hala betetzen ez direla frogatzen bada, itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, batetik, jasotako kantitateak, eta bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak.

2.– Erantzukizunen erregimena Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

3.– Halaber, dirulaguntzen itzulketa-kasuei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua aplikatuko da.

14. artikulua.– Datuen babesa.

Bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin –zeinaren bidez datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesa eta datu horien zirkulazio askea arautzen baita eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen– eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin, deialdiko parte-hartzaileen datu pertsonalak «sindikatuen ordezkaritzagatiko dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Jarduera horren helburua da erakunde sindikalei beren ordezkaritzaren arabera dirulaguntzak izapidetu eta ematea, eta tratamenduaren arduraduna Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza da. Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz gauzatutako eginkizun bat betetzeko, betiere Sindikatuetan Elkartzeko Eskubidea arautzeari buruzko apirilaren 1eko 19/1977 Legearen eta Sindikatu Askatasunaren abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoaren babespean. Interesdunek eskubidea izango dute, tratamenduaren arduradunaren aurrean, beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, edo datuen tratamendua mugatzeko edo haren aurka egiteko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 1a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala