Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

179. zk., 2021eko irailaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4670

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 30ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Zaratamoko (Bizkaia) «Ugarte-III. fasea» jarduketa-unitatearen urbanizazio-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

AURREKARIAK

2020ko uztailaren 30ean, Zaratamoko Udalak jendaurrean jarri zituen Zaratamoko «Ugarte-III. fasea» jarduketa-unitatearen urbanizazio-proiektua eta dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoaren arabera, interesdunek egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Izapide horri buruzko iragarkia 2020ko abuztuaren 11ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (152. zk.) argitaratu zen.

Jendaurreko informazioaren izapidea amaituta, Zaratamoko Udalak egiaztatu zuen ez zela alegaziorik jaso.

Jendaurreko informazioaren izapidearen aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Zaratamoko Udalak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago. Horri dagokionez, sustatzaileak adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu direla eraginpeko administrazio publikoen erantzun-txostenak.

2021eko ekainaren 16an, Zaratamoko Udalak «Ugarte-III. fasea» jarduketa-unitatearen urbanizazio-proiektuari buruzko (Promociones Kimubarri SLk sustatzen du) ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko eskabidea egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu zituen:

– Zaratamoko «Ugarte-III. fasea» jarduketa-unitatearen urbanizazio-proiektuaren testu bategina, 2021eko apirilekoa.

– Zaratamoko «Ugarte-III. fasea» jarduketa-unitatearen urbanizazio-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2020ko azarokoa.

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.

– Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.

Bestalde, eta aipatutako proiektuari dagokionez, EIAD-034 espedientearen esparruan, garai hartako Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ebazpena eman zuen, 2020ko urtarrilaren 7an. Ebazpen horren bidez, Zaratamoko (Bizkaia) «Ugarte» jarduketa-unitatearen urbanizazio-proiektu berriari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren irismena zehazten zen. Dokumentu horren edukia indarrean dago, eta aurkeztutako dokumentuak berrikusteko oinarritzat hartuko da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, betiere jardueretatik eratortzen diren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren plan eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Zaratamoko «Ugarte-III. fasea» jarduketa-unitatearen urbanizazio-proiektua arau horren I.B) eranskinaren 20. epigrafean dago sartuta.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Zaratamoko Udalak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, eta baita sartu beharreko azken oharrak ere (soilik ingurumenaren arlokoak). Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, eta baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera ere.

Honako hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zaratamoko (Bizkaia) «Ugarte-III. fasea» jarduketa-unitatearen urbanizazio-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea.

Proiektu horren xedea da finkatu gabeko hiri-lurzoru industrial gisa (UEI-5 Barrondo) sailkatutako lurzorua urbanizatzeko beharrezkoak diren jarduketak gauzatzea, Zaratamon indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin bat (2016an behin betiko onartua). Urbanizatu nahi den lurzoruan industrialde bat ezarri nahi da. Funtsean, hiru lurzati erabilgarri ditu industria-erabilerarako, 7.877, 4.777 eta 1.057 metro karratukoak, hurrenez hurren.

Eremuko gainerako azalerak bide-sistema orokorrari eta espazio libreei eta berdeguneei dagozkie. Gainera, urbanizazioaren xede den gunearen iparraldean, jabari publikoko erreserba-eremu bat ezarri da, egingo den Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbiderako. Beraz, «Ugarte-III. fasea» eremuko azalerak 3,65 ha ditu guztira, baina, aurkeztutako proiektuaren arabera, urbanizatu beharreko azalera 2,63 hektareakoa da.

Honako hauek dira ingurumen-inpaktuak eragin ditzaketen urbanizazio-jarduketak:

– Lur-mugimenduak. Lursailaren lur-berdinketak 5.314,20 m3-ko soberako lur-balantzea sortzen du, eta, gutxi gorabehera, bat dator ondoren berdeguneetan erabiltzeko pilatuko den landare-lurrezko geruzarekin.

– Bideak eta zoladura. Ardatz nagusi bat proiektatu da 1. lurzatiaren (ardatzaren ezkerrean) eta 3. eta 2. lurzatien (eskuinean) artean; horrela, bi zaku-hondorekin, alde batetik, 1. lurzatiaren beheko kotara iritsi ahalko da, eta, bestetik, 2. lurzatira. Oinezkoentzako bideak lotzeko, espaloi bat egingo da foru-errepidearekiko paraleloan. Espaloi hori oinezkoentzako pasabide bateraino iristen da; horrela, «Ugarte-I. fasea» industrialdearekin konektatzen da, eta, bertatik, oinezkoentzako gainerako bideekin.

– Fabrika-obrak. Barrondo errekaren estaldura kenduko da, piloteekin, eta, ondoren, ibilgailuentzako pasabide goratu bat egin, bai eta eusteko harri-lubetak ere, errekaren ibilgura lurrik ez isurtzeko. Halaber, zuhaitz autoktonoak erabiliz lehengoratuko da.

– Zerbitzu-sareak. Sare hauek egingo dira: euri-urena, ur beltzena (lehendik dagoen kolektorera konektatutako sare bereizia), hornidurarena (sektorea zeharkatzen duen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren sarea aprobetxatzen du), energia elektrikoa (lehendik dagoen sarera konektatzen da; konexio-puntua proiektuaren lurzatian kokatzen da; lurpeko linea elektrikoa, eta transformazio-zentroa), telekomunikazioak, gasa eta argiteria. Zerbitzu-sare horiek guztiak lurpetik igaroko dira.

Urbanizazio-proiektuak Barrondo errekaren ertzak lehengoratzea aurreikusten du. Neurri hori Zaratamoko Barrondo auzoko arau subsidiarioen aldaketaren ingurumen-inpaktuari buruzko behin betiko txostenean ezarri zen, lurzoru urbanizaezineko lursailak hiri-lurzoru industrial gisa birsailkatzeko –«Ugarte-III. fasea» jarduketa-unitatea–, eta aldaketa hori behin betiko onartu zuen otsailaren 13ko 1021/2012 Foru Aginduari erantsi zitzaion.

Zortzi hilabeteko epea izango da obra gauzatzeko.

Aztertutako aukerak.

Proiektuaren barruan aztertutako aukerak BI-3701 errepidetik industrialdera sartzeko bideen eta espaloien diseinuari buruzkoak dira, batez ere. Hautatutako irtenbideak ez dio ia kalterik egiten Barrondo errekari, eta bateragarria da erreka hori agerian uzteko obrarekin; beraz, esan daiteke ingurumenaren aldetik onuragarriena dela.

Bigarrena.– Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluan xedatzen duenaren arabera):

A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan jasotako aldaketa-araubidea aplikatuko da.

Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, aurreko lerrokadan adierazitako garrantzirik ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Proiektuaren eragin-eremu zehatza zati batean eraldatutako lurzoruari dagokio, eta, bertan, azalera antropizatuak dira nagusi. Aurreko lurzoruaren erabileren ondorioz (belardiak), landaredi erruderal-nitrofiloa sortu da azken hamarkadetan; belar- eta zuhaixka-geruzak dira nagusi, baina orban txikiak osatzen dituzten zuhaitz-espezie berri batzuk (sahastia, hurriztia) eta ale heldu batzuk (Quercus robur) ere badaude. Eremuaren ekialdean, belardiak abandonatu zirenez, iratzez betetako larre bat sortu da.

Proiektuaren lurzatitik oso gertu dauden baserri batzuez gain, Barrondo erreka nabarmendu behar da. Ur-ibilgu txiki horrek lurzatiaren hego-mendebaldeko muga osatzen du, eta proiektuaren lurzatira sartzeko bide batek partzialki estaltzen du. Errekaertzek haltzadi kantauriarraren berezko landareak dituzte, eta gazteak edo erdihelduak dira.

Bestela, aipatutako eremuan ez da aurkitu interes geologikoko punturik, ezta ur-punturik zein sare hidrografikoko beste elementurik ere. Lursailak akuiferoak kutsatzeko oso arrisku txikia du. Ez dago kutsatuta egon daitekeen lurzorurik. Ez dago, ezta ere, bateragarritasunik naturagune babestuekin, korridore ekologikoekin ez kultura-ondareko elementuekin. Gunea Basauriko ikusizko arroan sartzen da; komunikazio-bideen eta hiri-erabileren eraginpeko ikusizko arroa da, paisaia-balio txikia eta oso paisaia ohikoa duena.

Laburbilduz, ingurumen-baldintzatzaile garrantzitsuenak honako hauek dira: Barrondo erreka eta erreka horren ertzetako landareak, zuhaitz helduak (Quercus robur) eta etxebizitza isolatuetatik gertu egotea.

Hori horrela, honako hauek izango dira proiektua gauzatzearekin lotuta dauden eta eremua urbanizatzeko obrek ekarriko dituzten ondorioak: lurrak mugitzea eta eraikuntzako hondakinak sortzea, baliabide naturalak kontsumitzea (zuhaitz heldu batzuk, bazkaleku-iralekuak eta zuhaitzak sakabanatuta dituzten sasiak kentzea, eta Barrondo errekaren ertzetako landarediari kalte egitea), Barrondo errekaren eta Nerbioi ibaiaren azaleko uren kalitatea gutxitzea solido esekien ondorioz, eta bertako pertsonen kalitatea murriztea ibilgailuen joan-etorrien eta urbanizatzeko behar diren lurrak mugitzearen ondorioz (zarata, hautsa, bibrazioak eta abar areagotuko dira).

Funtzionamendu-faseari dagokionez, jende gehiago ibiliko da inguruan, eta, ondorioz, eragozpenak sor diezazkieke proiektuaren eremuko baserrietako biztanleei, batez ere zarata-mailak gora egingo duelako (etorkizunean industrialdean ezartzen diren jarduerek ere arazo hori eragin dezakete).

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta eta aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera.

Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

D.1.1.– Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan gauzatuko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo zirkulatzea.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honetako D.10 apartatuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

D.1.2.– Landaredi autoktonoa kentzea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta balizatu beharko dira proiektuaren eremuan dauden zuhaitz-ale eta unada autoktonoak, eta, bereziki, errekaertzeko landare-unadak eta Quercus robur espeziearen aleak, ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, mantendu egingo baitira. Obrek irauten duten bitartean, behar bezala babestuko dira aleak eta unadak, kolpeak eta sustraiei eragitea ekiditeko. Jarduketa horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako D.10 apartatuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak.

Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honetako D.11 apartatuko lan-programan jaso beharko dira.

D.1.3.– Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan kontratistaren instalazio-eremuak proiektatzeko, eta, halaber, aintzat hartuko dira obrako materialak eta landare-lurrak behin-behinean biltegiratzeko eremua eta obran sortutako tipologia desberdineko hondakinak kudeatzeko eremuak. Eremu horiek ezin izango dira inola ere egon intereseko landareak dituzten eremuetan (haltzadi kantauriarra edo beste baso-masa autoktono batzuk), ez Barrondo errekatik hurbil dauden lurretan, ez uholde-arriskua duten eremuetan.

D.1.4.– Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak kentzeko kanpaina bat egingo da; honako hauek, besteak beste: Cortaderia selloana, Buddelia davidii, Dittrichia viscosa, Paspalum digitatum.

Kontrol-neurriak hartuko dira, landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin lur erabilietan eta landaretza gabe geratu direnetan. Gainera, lurren jatorria kontrolatu beharko da; bereziki, landare-estalkia leheneratzeko lanetan erabilitako lurren kasuan. Ahal dela, ez da erabiliko espezie inbaditzaileekin kutsatuta egon litekeen lurrik.

D.2.– Jabari publiko hidraulikoa eta uren kalitatea babesteko neurriak.

Aplikagarriak diren prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak jarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

D.2.1.– Barrondo errekaren eremuko jabari publiko hidraulikoan eragina duten jarduketak gauzatzeko, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioa bete beharko da, Zaratamoko «Ugarte-III. fasea» jarduketa-unitatearen (UEI5) urbanizazio-proiektuaren testu bateginean (2021eko apirilekoa) eta dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketan agertzen den bezala. Jarduketa horiek, funtsean, honako hauek izango dira:

– Sektorean sartzeko gunean Barrondo erreka estaltzen duen zatia kentzea, eta ertzak eta ondoriozko gainerako azalerak birnaturalizatzea.

– Gaur egun dauden zuhaitz-espezie aloktonoen eta espezie inbaditzaileen aleak eskuz kentzea.

– Barrondo errekaren bi ertzetako landaredia lehengoratzea (proiektuak ukitutako eremukoa, hain zuzen), eta habitat naturalak indartzea: landare-espezieak erein eta landatuko dira, hala zuhaixkak nola zuhaitzak (haltza, lizarra, hurritza, haritza), bat etorriz habitataren landare potentzialarekin (haltzadi kantauriarra).

D.2.2.– Kantauri ekialdeko arroen Plan Hidrografikoaren berrikuspena onartzen duen urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren 44.1 artikuluaren arabera, eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean jasotako dokumentazioan proposatutakoaren arabera, proposatzen den hirigintza-garapenak zeharkatuko duen arroaren drainatzea gehiegi ez eraldatzeko, drainatze jasangarriko sistemak ezarri beharko dira.

D.2.3.– EAEko ibaiertzak eta errekaertzak antolatzeko indarrean den Lurralde Plan Sektorialean ezarritako irizpideekin bat etorriz, ibilguetatik hurbil dauden azpiegiturei dagokienez, azpiegitura linealak urbanizazio berriko bide edo espaloien azpian instalatuko dira, ahal izanez gero, ur-bazterreko korridoreko ibai-ekosistemari kalterik ez egiteko eta ez hondatzeko. Edonola ere, kolektoreek eremuko erreken 5 metroko zortasuna errespetatu beharko dute, eta horietatik kanpo igaroko dira.

D.2.4.– Organo eskudunak prozedura aplikagarrien esparruan ezarritako baldintzak alde batera utzi gabe, proiektuak bat etorri beharko du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoan ezarritakoarekin.

D.2.5.– Dena den, arroko organismoaren aldez aurreko baimena beharko da, baldin eta jabari publiko hidraulikoari eragin diezaioketen jarduketak egin nahi badira, edo hari lotutako babes-eremuetan egin nahi badira jarduerok (zortasun- eta zaintza-eremuak). Organismo horrek obren ezaugarriak eta eraginak aztertuko ditu, eta, hala badagokio, dagozkion aginduak ezarriko ditu.

D.2.6.– Obrako makineria-parkerako eta makineriaren mantentze-lanetarako utziko den gainazala isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Horretarako ezarritako gunetik kanpo ez da baimenduko erregaia kargatu eta deskargatzea, olioa aldatzea eta tailerreko jarduerak egitea.

Ebazpen honetako D.11 apartatuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko, ustekabeko isuririk edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

D.2.7.– Erabat debekatuta dago makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Lanak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.

D.2.8.– Obra-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atzitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, botatzen badira, gune jakin batean botatzen direla bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuta.

Ebazpen honetako D.11 apartatuan aipatzen den lan-programan jasoko dira sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

D.2.9.– Hormigoi-upelak horretarako egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere isuri ibilgura. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honetako D.6 apartatuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

D.2.10.– Dekantazio-putzuen mantentze-lanak eta aldizkako garbiketa egin beharko da; metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

D.2.11.– Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean jasotako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera, eremuak, alde batetik, euri-urak, eta, bestetik, hondakin-urak biltzeko sare bereizle bat izango du. Isuri daitezkeen hondakin-ur guztiak saneamendu-sistema orokorrean sartuko dira, eta dagozkien isurketa-baldintzak beteko dituzte. Euri- eta hondakin-uren sarearen ezaugarri nagusiak bat etorriko dira proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean jasotako dokumentazioarekin.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko Legean (ekainaren 25eko 4/2015 Legea) xedatutakoa bete beharko da.

D.4.– Atmosfera kutsatzea prebenitzeko neurriak.

D.4.1.– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua isur daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatuko dira.

D.4.2.– Obrak egiteko eremuen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak izango dira, solidoak atxikitzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentuen arabera. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

Ebazpen honetako D.11 apartatuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

D.4.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala; hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohirik eta zatikirik ez barreiatzeko.

D.4.4.– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko guneak bizitoki diren eraikinetatik urruti kokatuko dira.

D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

D.5.1.– Lanek irauten duten bitartean, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitako obrako babes-neurriak aplikatu beharko dira, eta, bereziki, Zaratamoko (Bizkaia) «Ugarte-III. fasea» industrialdeko urbanizazio-lanek eragindako inpaktu akustikoaren azterketan (2021eko urtarrilaren 8koa) proposatutakoak. Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketaren 1. eranskin gisa dago erantsita, eta, bertan, obrak gauzatzen ari direnean kalitate akustikoko helburuak betetzeko kontuan hartu behar diren zenbait neurri zehazten dira.

D.5.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.3.– Bestalde, proiektua gauzatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak; hori guztia, dekretu horren 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

D.5.4.– Erabilera industrialeko lurzatietan ezarriko diren jarduerak, betiere, zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.6.1.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak eta errefuseko eta garbiketa-kanpainetako materialak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.6.2.– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntzako eta eraispeneko hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honetako D.11 apartatuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

D.6.3.– Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoa) ezarritakoa bete beharko da, eta baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

D.6.4.– Baimendutako zabortegira bidali beharreko hondakinak uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan (hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duena) eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duena) xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

D.6.5.– Proiektuak ez du aurreikusten soberakinik sortzea proiektuaz kanpoko beste obra batzuetarako. Hala ere, obren hondeaketa-lanen ostean soberakinik bada (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, aplikatuko da (hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa), uztailaren 28ko 22/2011 Legeak (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) 28. artikuluan jasotako aurreikuspenak aplikatuz.

D.6.6.– Kanpotik datozen induskatutako material naturalak erabili ahal izateko, hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorrizko obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan adierazten dena aplikatuko da.

D.6.7.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiari jarraikiz ere.

D.6.8.– Sortutako olio erabilia Industrian Erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.6.9.– Araudi hau errazago betetzeko, eraginpeko lan guztietan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da langileek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen eta hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

D.6.10.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

D.6.11.– Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze zehatza eta indusketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, bai eta honako hau zehaztu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku edo obra batzuetan eraikuntzara bideratutako materialen kopuruak eta ezaugarriak.

D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako betebeharrak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.8.– Paisaia lehengoratzeko eta obrak integratzeko zuzenketa-neurriak.

Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan jasotako proposamenari jarraikiz egingo dira lehengoratze-lanak. Gainera, beste babes- eta zuzenketa- neurri hauek hartuko dira:

D.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurumena lehengoratu behar denean, lursailaren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko dira egin beharreko lanen artean, bai eta landare-estalkia izan dezaketen gune guztien landareztatze-lanak ere.

Obra kontratatzeko baldintzen agiriak eta aurrekontuek barne hartu beharko dituzte proposatutako birlandatze-jarduketak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak.

D.8.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako guneak lehengoratzeko eta landareztatzeko lanak erraztearren.

D.8.3.– Proiektuaren eremuan egin beharreko paisaia integratzeko eta landatzeko lanetan, zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoak erabili beharko dira, harizti azidofilo eta harizti misto atlantikoko haltzadi kantauriarreko segiziokoak; edozein kasutan, espezie aloktonoak saihestuko dira, bereziki portaera inbaditzailea izan dezaketenak.

D.8.4.– Fallopia japonica, Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko zereginetan erabiliko diren lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko aipatutako espezie horiekin kutsatuta egon daitekeen lurrik. Gainera, landare-lurrak hilabetez baino gehiagoz pilatuko badira obran, hidroerein edo plastikozko geruza batekin estali egingo dira, urak lurrik ez eramateko, lurraren ezaugarriak ez kaltetzeko eta, ahal den heinean, espezie inbaditzaileak sartzea eragozteko.

D.8.5.– Bermealdian, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

D.9.– Obra bukatzea eta garbitzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako D.6 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, Obra Zuzendaritzak ingurumenaren eta, oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obraren Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez. Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinek zarata sortzea, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarea babestea.

D.11.– Lan-programaren diseinua.

Lanak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondoko gaiei buruz, gutxienez.

Lanak egiteko programari erantsiko zaizkie, eta lanen zuzendariak berariaz onartuko ditu –aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak–. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak; hor jasota egongo dira hondeaketa-lurrak behin-behinean biltzeko eremua, sarbideak, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura.

– Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz zedarrituko dira lanak gauzatzeko nahitaez bota behar ez diren zuhaitz autoktonoak eta zuhaitz-unadak.

– Lanen ondorioz kutsatzen den ura biltzeko eta tratatzeko gailuei buruzko xehetasunak. Dekantazio-putzuaren kokapen zehatza, neurriak eta tratamendu-ahalmena.

– Obretako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauen arabera: Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatutakoa, eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gertaeren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurrez ikusitako gainazala baino eremu handiagoa hartuko.

E.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Oro har, ur-ingurunera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, D.9 apartatuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztatu egingo du urak isuri aurretik urak bideratzeko, drainatzeko eta atxikitzeko gailuak ondo funtzionatzen dutela. Horrez gain, ibaira material xeheak isuri diren aztertuko du, euri-aldietan batez ere.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten zuloetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

Arazketa-sistemaren irteeran, organo eskudunaren isurketa-baimenean ezarritakoaren arabera kontrolatuko da isuria.

E.4.– Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

Obra amaitu ondorengo bi urteetan, proiektuak eragindako guneak lehengoratzeko prozesuaren arrakastaren jarraipena egingo da aldian-aldian.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatu eta lehengoratzearen bermealdia amaitu ondoren egingo da bidalketa hori; hau da, lehengoratu eta bi urteren buruan.

Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan aditua den erakunde batek egindako txostena ere bidali behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez denean, hartutako laginen xehetasunak emanda.

Kasuan-kasuan aplikatu beharreko araudia betetzeaz gain, proiektuaren sustatzaileak bilduko ditu datuak euskarri egoki batean, bi urtez gutxienez, eta administrazio publikoetako ikuskaritza-zerbitzuen esku utziko ditu.

F) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, aldatu egin ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

G) Ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan. Dokumentazio hori Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara bidali beharko du organo substantiboak.

G.1.– Obrak amaitu eta bi hilabeteko epea igaro baino lehen, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honetako D.6 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak gauzatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen E.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua gauzatzen hasteko, eta epe hori ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da. Epe hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua gauzatzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Zaratamoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 30a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala