Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

179. zk., 2021eko irailaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4667

AGINDUA, 2021eko uztailaren 28koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez ardogintza-enpresen kanpo-sustapenerako 2021eko laguntza-deialdia egiten baita –«Lehiatu ardoa programa»–.

Beren jarduera EAEn garatzen duten elikagai-industriek, bereziki mahastizaintzaren eta ardogintzaren industriak, jardun behar duten elikagai-merkatuaren globalizazioa dela-eta, berariaz lagundu behar zaie sektoreko enpresei, EAEko ardogintza-industriaren merkatu nagusietan munduko ardo-merkataritzari jarritako zailtasunak eta oztopoak jasaten ari direlako. Zailtasun horiek Brexitarekin eta ardoentzako AEBko muga-zergekin hasi ziren, eta larriki areagotu ziren COVID-19aren pandemiarekin eta gaixotasunaren hedapena kontrolatzeko neurri sanitarioekin, alegia, enpresen mugikortasunari eta enpresa-jardunari jarritako mugekin.

Horregatik, oso garrantzitsua da ardo-produktuen munduko inportatzaile edo banatzaileek ondo baino hobeto ezagutzea upategi ekoizleen ardoak, industriaren euskarri diren mahastiak eta lehengaia ekoizten den landa-ingurunea. Komeni da, beraz, sustapen-jarduerak egitearen alde egitea, eta, horretarako, ardogintza-enpresen kanpo-sustapenerako laguntza-lerro bat ezarri da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak dirulaguntzen plan estrategiko bat dauka –Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartua–, eta haren barruan dago agindu honen bidez deitzen den laguntza, zeina www.euskadi.eus webgunean kontsulta baitaiteke.

Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean baimendutako kredituen arabera aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez, Euskal Autonomia Erkidegoko ardogintza-enpresen kanpo-sustapenerako 2021eko laguntza-deialdia egiten da.

Bestalde, estatu-laguntza baten deialdia denez, estatu-laguntzen gaineko Europar Batasuneko araudia bete behar da. Kasu honetan, honi jarraikiz emango da laguntza: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; halako laguntzak, gehienez, 200.000 eurokoak izan daitezke onuradun bakoitzeko eta hiru urteko epean.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Ardo-produktuen kanpo-merkataritzak gaur egun dituen zailtasunak ikusita, agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko ardogintza-enpresei laguntzak emateko 2021eko deialdia egitea, produktuak kanpoan susta ditzaten eta merkataritza-irtenbide berriak bidera ditzaten («Lehiatu Ardoa programa»). Sustapenaren xede diren ardogintzako produktuak EAEko establezimenduetan prestatu behar dira, eta honako kategoria hauetako batekoak izan behar dute:

a) Jatorri-deitura babestua duten ardoak.

b) Adierazpen geografiko babestua duten ardoak.

c) Ardogintzako mahats-barietatea (edo barietateak) zehaztua duten ardoak.

Bigarrena.– Onuradunak.

Honako hauek izan daitezke onuradun, baldin eta egoitza soziala eta fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan badute:

a) Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Euskadiko Erregistroan (NEIE) establezimendu aktibo bat duten ardogintza-enpresak.

b) Getariako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Arabako Txakolina jatorri-deiturak kudeatzeko organoak.

c) Ekoizleen aldi baterako elkarteak edo elkarte iraunkorrak, baldin eta beren helburuen artean ardoa sustatzeko eta merkaturatzeko ekimenak garatzea badute.

d) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten esportazio-partzuergoak. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Nortasun juridiko propioa izan behar dute, partzuergoa osatzen duten enpresa edo entitateekiko independentea.

– Gutxienez hiru enpresak edo entitatek osatuko dute.

– Partzuergoa osatzen duten enpresen bi herenek, gutxienez, Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Euskadiko Erregistroan inskribatuta egon behar dute.

Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastu finantzagarriak.

1.– Honako jarduera hauek jaso ahal izango dituzte deialdi honetako laguntzak, 2021. urtean garatzen badira osorik:

a) Izaera profesionala duten nazioarteko azoketan edo merkataritza-lehiaketetan erakusketari gisa parte hartzea, merkataritza-jarduerak garatzeko, produktuak erakutsiz stand indibidual edo partekatuetan.

b) Azoketara joatea, hau da, eskatzaileak bisitaldiak egitea profesionalei zuzendutako nazioarteko azoketara.

c) Zuzeneko misioak egitea eta estatutik kanpoko merkatuetan produktuak aurkeztea, hau da, enpresa eskatzailearen produktuak aurkeztea edo haiek dastatzeko aukera ematea, atzerriko merkatu horietan merkataritza-harremanak eta produktuen esportazioa areagotzeko.

d) Alderantzizko misioak egitea, hau da, atzerriko erosleak edo iritzi-emaileak gonbidatzea, enpresen ekoizpen-establezimenduetan bisitaldiak egin ditzaten; Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik egingo dira bisitaldi horiek.

e) Estatutik kanpoko merkatuetako salmenta-puntuetan esklusiboki sustapen-jarduera zehatz eta espezifikoak egitea, hau da, produktuaren publizitatea egitea eta hura dastatzeko aukera ematea, kontsumitzailearen oniritzia lortzeko. Sustapen-jarduera zehatz eta espezifiko horietako bakoitzak gehienez hiru hilabeteko iraupena izango du.

f) Ikus-entzunezko katalogoak eta materialak, hau da, enpresaren irudiari eta produktuei buruzko dibulgazio-materialak egitea, gutxienez atzerriko hizkuntza batean.

2.– Aurreko apartatuko a) eta b) puntuetan adierazitako sustapen-jardueretarako, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden merkatu guztiak aukeratu daitezke. Aurreko apartatuko c) eta e) puntuetan adierazitako sustapen-jardueretarako, Estatutik kanpo dauden merkatu guztiak aukeratu daitezke.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak agindu honen I. eranskinean zehaztutakoak izango dira.

4.– Joan-etorrietarako, ostaturako eta mantenurako gastuei dagokienez, hauek dira jarduera bakoitzaren gehieneko zenbateko osoak, eremu geografikoaren arabera banatuta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoa eta Estatuko gainerako tokiak: mila (1.000) euro.

b) Europa: mila eta bostehun (1.500) euro.

c) Amerika, Afrika, Asia eta Ozeania: bi mila eta bostehun (2.500) euro.

Jarduera bat hainbat datatan eta/edo merkatutan egiten bada, banaka zenbatuko da, adierazitako gehieneko zenbatekoa aplikatzeko.

5.– Ez da dirulaguntzarik emango azoketan parte hartzeko, baldin eta azoka horietan stand bat jarri badu deialdi hau sustatu duen sailak, Merkataritza, Industria eta Nabigazioko ganberek edo kanpoko merkatuan enpresei laguntza finantzarioa ematen dieten erakundeek, eta EAEko enpresei azoka horietan parte hartzeko tokia eskaini bazaie. Hala ere, diruz lagundu ahal izango dira dirulaguntzarik jaso ez duten gastuak.

Hala ere, dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte aipatutako entitateei azoketan tokia eskatu baina baiezko erantzunik jaso ez duten enpresek.

Laugarrena.– Betekizunak.

1.– Bigarren ebazpen-zatian ezarritako eremu subjektiboaren barruan dauden pertsonak edo entitateak laguntzen onuradun izan daitezke, baldin eta:

– Hirugarren ebazpen-zatian aurreikusita dauden diruz laguntzeko jardueraren bat egin badute 2021. urtean, eta:

• Enpresaburuen elkarte edo antolakundeen kasuan, zuzendaritza-organoetan emakumeak badaude, Emakume Nekazarien Estatutuaren 19.3 artikuluan eta bigarren xedapen gehigarriaren 2. paragrafoan xedatutakoa betez.

• Ardogintza-enpresen kasuan, jarduerari ekiteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu badute edo Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Euskadiko Erregistroan (NEIE) inskribatuta badaude.

– 2019ko abenduaren 31n enpresa krisialdian ez badaude, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera, betiere kategorien araberako salbuespen-erregelamendu orokorrean xedatutakoarekin bat etorriz.

– Berreskuratze-agindu baten mende ez badaude, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki duelako laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

2.– Ezingo dute lege honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsonek edo erakundeek.

– Epai irmo bidez dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak edo delitu hauetako bat egiteagatik kondenatuak izan direnak: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legez kontrako ordainarazpenak edo hirigintza-arloko delituak.

– Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin badute, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo badituzte, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta badaude (hark eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu duenean salbu), epailearen esku-hartzearen mende badaude edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta badaude, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldi hori oraindik amaitu gabe egonik.

– Administrazioarekin egindako edozer kontratu ebazpen irmoz indargabetu bada, dena delako kausagatik errudun deklaratuz gero.

– Pertsona fisikoek, merkataritza-sozietateen administratzaileek edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariek, baldin eta Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Eusko Legebiltzarraren Legean aipatutako kasuren batean sartuta ez egotea edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak izatea, bertan ezarritako baldintzetan edo arlo horiek erregulatzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak.

– Edo dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaindu ez dituztenek, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 21. eta 25. artikuluetan ezarritako baldintzetan –errege-dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartu zen–.

Eta Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.

Orobat, ezingo dute deialdi honetako laguntzarik jaso sexuan oinarritutako diskriminazioagatik zehapen administratiboa edo penala ezarrita dutenek eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela bide debeku horrekin zehatuta daudenek.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak horren aurka egin dezake, modu arrazoituan betiere, eta, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko epea, eskabide-eredua eta dokumentazioa.

1.– Laguntza-deialdi honetarako eskabideak aurkezteko, hilabeteko epea egongo da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Agindu honen II. eranskinean dago jasota laguntza hau eskatzeko inprimakiaren edukia.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikulua betetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dira agindu honetan araututako laguntzetarako eskabideak; horretarako, ebazpen-zati honen 3. apartatuan adierazitako helbide elektronikora jo behar da.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082211

4.– Eskabidea egin osteko izapideak helbide elektroniko honen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan xedatuta daude: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistrora helbide honen bitartez sar daiteke: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

7.– Prozeduraren eskuliburua onartzen da, zeina eskuragarri egongo baita https://www.euskadi.eus web-orrian eta argitara ematen baita agindu honen I. eranskinean.

8.– Eskatzaileek, laguntza-eskabidearekin batera, agindu honen III. eranskinean adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Memoria xehatua egiteko, ebazpen-zati honen 3. apartatuan adierazitako web-helbideko «fitxa-txostena» bete beharko da.

9.– Eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 2. paragrafoaren 28. artikuluan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta zein unetan aurkeztu zituen dokumentuak. Edonola ere, eskatzaileak berariaz uko egin ahal izango dio baimen inplizitu horri laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

10.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

Seigarrena.– Betebeharrak.

Agindu honetako laguntzen onuradunek artikulu hauetan jasotako betebeharren araubidea bete behar dute: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua –testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen–; eta, bereziki, hauek bete behar dituzte:

14.1 artikuluari dagokionez:

a) Dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarduera egitea, jarrera hori hartzea, proiektua egikaritzea edo helburua betetzea.

b) Dirulaguntza ematen duen organoari edo, hala badagokio, entitate laguntzaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla, dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela.

c) Dirulaguntza ematen duen erakundeak edo, hala badagokio, erakunde laguntzaileak egingo dituzten egiaztapen-ekintzak betetzea, eta eskumena duten kontrol-organoek –estatukoek zein Europar Batasunekoek– finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen beste edozein ekintza ere bai. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideak lortu izanaren berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster jakinarazi behar zaio, eta betiere jasotako funtsen erabilpena justifikatu baino lehen. Agindu honen xede den laguntza 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) de minimis Erregelamenduan araututa dagoenez, eskatzaileek aurreko bi zerga-ekitaldietan eta indarrekoan jasotako de minimis laguntzen gaineko adierazpena aurkeztu beharko dute, laguntzok aipatutako erregelamenduaren edo bestelako de minimis erregelamenduen mende badaude.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, laguntza edo dirulaguntza likidatu arte.

f) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea, onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro izatea, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

g) Emandako laguntza onartzea. Horri dagokionez, laguntzaren onarpenari buruzko jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunak laguntzari berariaz uko egiten ez badio, pentsatuko da onartu egin duela.

h) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, zeren eta egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

i) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluaren 4. apartatuan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

j) Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan jasotzen diren kasuetan.

46. artikuluari dagokionez, laguntzeko betebeharra ezartzen da:

1.– Onuradunek, erakunde laguntzaileek eta, hala badagokie, dirulaguntzaren xedearekin edo justifikazioarekin lotuta dauden hirugarrenek beren laguntza eta beharrezkoak diren agiriak eman beharko dizkiete honako hauei, kontrol-jarduerak egiten dituztenean eta dirulaguntza ematen duen administrazioaren esparruaren barruan: Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusia, autonomia-erkidegoena edo toki-korporazioena. Horiez gain, Europar Batasunaren araudiaren arabera finantza-kontrolerako egitekoak esleituta dituzten organoei ere eman beharko diete informazio hori; xede horretarako, ahalmen hauek izango dituzte:

a) Egiaztatu beharreko dokumentazioa haien esku jarri behar dute, are programa eta fitxategi informatikoak ere.

b) Negozio-lokaletan sartzen utzi behar diete, bai eta dirulaguntzaren xede izan den jarduera egiten den establezimendu eta toki guztietan eta dirulaguntzaren kargura finantzatutako eragiketak egiazkoak eta erregularrak direnez egiaztatzeko arakatu beharreko tokietan ere.

c) Dirulaguntza oker jaso, gozatu edo erabili delako zantzuak agertzen dituzten eragiketen inguruko fakturak edo antzeko edo ordezko dokumentuak gorde behar dituzte, edo haien kopiak eman.

d) Dirulaguntza kobratu den finantza-erakundeko banku-kontuko edo funtsak baliatzeko erabili den kontuko informazio guztia eman behar diete.

2.– Betebehar hori betetzeari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukapentzat hartuko da, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren arabera, eta, hala badagokio, zehapenak ezarri ahalko dira.

Halaber, laguntzen entitate onuradunek beren gain hartu behar dituzte Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako betebeharrak, hala nola tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasuna eta diferentzia errespetatzeko printzipioen arabera jarduteko betebeharra. Publizitatean eta sortzen dituzten dokumentuetan, hizkeraren eta irudien erabilera inklusiboa egingo dute, sexuarekin lotutako rolak eta estereotipoak saihestuz.

Amaitzeko, azkeneko bost urteetan Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso ez bada, Hirugarrenen Alta dokumentua aurkeztu beharko da, laguntza ordaindu ahal izateko; hau da, agiri hori dirulaguntza ordaindu aurretik aurkeztu behar da.

Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/altaterceros eta https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Zazpigarrena.– Aurrekontu-zuzkidura.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako aurrekontu-kredituak, deialdi honetarako, seiehun mila (600.000) eurokoak dira.

Zortzigarrena.– Laguntzaren zenbatekoa, onuradun bakoitzeko.

1.– Bigarren ebazpen-zatiko a) eta b) apartatuetan aipatutako eskatzaileen kasuan, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen ehunekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 50 izango da, eskatzailea ETE bat bada; eta diruz lagundu daitezkeen gastuen % 30, ETE bat EZ bada.

2.– Bigarren ebazpen-zatiko b) eta c) apartatuetan aipatutako eskatzaileen kasuan, diruz lagundu daitezkeen gastuen % 60 izango da laguntzaren ehunekoa.

3.– Onuradun bakoitzari, gehienez, hogeita hamar mila (30.000) euroko laguntza emango zaio.

4.– Errespetatu egin behar dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako gehieneko laguntza-zenbatekoak: 200.000 euro, hiru zerga-ekitalditan –oraingoan eta aurreko bietan–.

Bederatzigarrena.– Justifikazioa.

Egindako gastuak justifikatzeko, 2022ko martxoaren 1erako beranduenez, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– Fakturen eta ordainketen Excel fitxategia, Sailaren webguneko ereduari jarraikiz.

– Pdf formatuko fitxategi bat, egindako jarduera bakoitzeko; agindu honen III. eranskinean zehaztutako guztia jaso behar da fitxategi horretan.

Gastuen justifikazioa aurkezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Hamargarrena.– Dokumentazioa zuzentzea.

Laguntzak kudeatzen dituen organoa ohartzen bada eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioak ez dituela betetzen agindu honetan xedatzen diren betekizunak, horren berri emango dio eskatzaileari eta hamar egun balioduneko epea emango dio falta zuzentzeko edo nahitaezko dokumentazioa aurkezteko. Halaber, adieraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko duela, horretarako ebazpena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren arabera eman ondoren.

Interesdunak aurrez aurre aurkeztu badu eskaera, eskatuko zaio elektronikoki aurkez dezala. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat; alegia, elektronikoki aurkeztu den eguna.

Hamaikagarrena.– Laguntzak kudeatzea.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza izango da deialdi honek arautzen dituen laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Sustapen-eskabideak ebaluatu eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, zeinean bermatuta egongo baita emakumeen eta gizonen presentzia, ez bada arrazoi oinarrituak, objektiboak eta arrazoituak daudela hala ez izateko. Hiru pertsonek osatuko dute batzordea, eta bokal gisa arituko dira; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko kideak izango dira hirurak, eta horietako bat, zehazki, Enpresa Programaren arduraduna izango da. Beste biak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikarien artetik aukeratuko dira.

Agindu honetan araututako deialdian, honako hauek osatuko dute Balorazio Batzordea: Elisa Torre-Enciso Enciso andrea, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako Enpresa Programaren arduraduna, lehendakari gisa jardungo duena; Marian Alustiza Aguirre andrea, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide gisa jardungo duena; Nora Beltrán de Otalora andrea, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide eta idazkari gisa jardungo duena.

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, adituei eskatu ahal izango die bere bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten duenean.

3.– Balorazio batzordeak proiektuen bideragarritasuna aztertu eta espedienteak balioetsi aurretik, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari batek eskaera bakoitza aztertuko du: proiektu bakoitzaren azterketa tekniko eta ekonomikoa egingo du, eta, haren arabera, proiektuak agindu honetako eskakizunak betetzen dituen aztertzeko txosten bat egingo du, batzordeari aurkeztuko diona.

4.– Balorazio-batzordearen egitekoak hauek izango dira:

a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten proiektuen eskabideak ebaluatzea, hau da, proiektuak eta agindu honetan ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila balioestea, laguntza motaren arabera.

c) Laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen diren irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza emango zaion proposatzea.

5.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamen bakarra egingo dio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrari. Proposamenak, gutxienez, agindu honetako hamalaugarren xedapen-zatian adierazitako edukia izan beharko du.

6.– Balorazio-batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Horiek arautzen ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.

Hamabigarrena.– Laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

Laguntzak esleitzeko, aldibereko lehiarik gabeko konkurrentzia-prozedura bat jarraituko da eta, prozedura horretan, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskaera guztiei deialdi horretako laguntzak emango zaizkie, baldin eta eskatutako baldintza objektibo eta subjektiboak betetzen badituzte. Horretarako, eskaera bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatuko da, zortzigarren ebazpen-zatian aurreikusitako gehieneko ehunekoak eta zenbatekoak kontuan hartuta.

Zazpigarren ebazpen-zatian adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa balitz aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak estaltzeko, dagozkion zenbatekoen dirulaguntzak esleituko dira. Hala ez bada, beren plantillan gutxienez % 40 emakumeak direla egiaztatzen duten erakundeen eskaerei erantzungo zaie hasieran kalkulatutako zenbatekoan, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko 8/2015 Legearen 20.3 artikuluan zehaztutakoaren arabera.

Plantillan gutxienez % 40 emakumeak direla egiaztatu duten erakundeen eskaerei erantzun ondoren, hasiera batean kalkulatutako gehieneko zenbatekoan deialdiaren zuzkiduran geldikinen bat geratu bada, geldikin hori gainerako eskaerei aplikatuko zaie, soberakina horien artean banatuta. Horretarako, kalkulatutako zenbatekoen murrizketa lineala aplikatuko da, zuzkidura hori estaldura osorako nahikoa izan arte.

Hamahirugarrena.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskaerak eta dokumentuak aztertutakoan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak deialdia ebatziko du, ebazpen bakar baten bidez. Ebazpen horretan, eskatutako laguntzak eman edo ukatuko ditu.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

Aintzat hartutako eskabideei dagokienez:

1) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

2) Diruz lagundutako gastua.

3) Dirulaguntza-ehunekoa eta laguntzaren guztizko zenbatekoa.

Ukatutako eskabideei dagokienez:

1) Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Onuradunei dirulaguntzok eman eta ordaintzeko, amaituta izan behar dute EAEko Administrazio Orokorrak eta organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan abian jarri ahal izan den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

4.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Dena dela, onuradun bakoitzari ebazpen osoa helaraziko zaio, eta, gainera, banakako eranskin baten bidez, ebazpenean bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira, laguntza emateko edo ukatzeko kontzeptuak azalduta, banakatuta eta behar bezala arrazoituta.

Jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Bestalde, 39/2015 Legearen 40.2 artikuluak jakinarazpenetarako eskatzen dituen zehaztasun guztiak jarri behar dira argitalpenetan ere.

Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

5.– 4. paragrafoan aurreikusitako epea amaitzen bada interesdunei deialdiaren ebazpena jakinarazi gabe, eskabidea ezetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Hamalaugarrena.– Ordainketa.

1.– Ordainketak egiteko, eskaera egin beharko da, emandako laguntzaren xede den promozioan gastua gauzatu izana justifikatuta.

2.– Ez da ordainduko laguntzaren aurrerakinik.

3.– Onuradunei zuzenean ordainduko zaie laguntza.

4.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesduneko datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro elektronikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

5.– Agindu honetan jasotako laguntzei dagokienez, ordainketa bakarra egingo da, interesdunak aurrez eskatuta.

6.– Dokumentazio hori osatu eta gehienez ere bi hilera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egin beharreko izapideak egingo ditu Ekonomia eta Ogasun Sailak ordainketa egin dezan.

7.– Laguntzaren xede diren sustapen-jarduerak ez badira gauzatzen ezarritako gehieneko epeetan, edo eman den laguntzaren xedeko gastua gauzatu izanaren egiaztagiria ez bada aurkezten epe horietan beraietan, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala dagokionean, agindu honen hurrengo oinarrian xedatu itzulera-prozedura jarriko da abian.

8.– Ez da ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

Hamabosgarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea edo mantentzea.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutako itzulketa-kausaren bat izatea.

2.– Onuraduna aurreko apartatuan zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran egongo balitz, Elikagaien Kalitate eta Industriaren Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala dagokionean, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.

Aipatutako diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan. Administrazioko arau-hausteak izango dira Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan jasotako jokabideak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VII. tituluko III. kapituluan jasotakoak ere.

Hamaseigarrena.– Bateraezintasuna.

Deialdi honen bidez diruz lagundutako ekintzek ezingo dute jaso Lehiatu Sustapena programaren dirulaguntzarik (horren araudia EAEtik kanpoko merkatuetan nekazaritzako, elikagaigintzako, arrantzako eta basogintzako produktuak sustatzeko laguntzei buruzko 179/2014 Dekretuan dago jasota), ezta OCM Promoción programaren dirulaguntzarik (Espainiako mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari 2019-2023 aldian laguntzeko programaren neurriak aplikatzeari buruzko azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuan eta EAEko mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko Batasuneko laguntza-neurriak garatu eta aplikatzeari buruzko abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuan arautzen dira) eta helburu bererako bestelako laguntza-programen dirulaguntzarik ere.

Hamazazpigarrena.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako legeetan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Hemezortzigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

Hemeretzigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 28a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
GASTUAK KUDEATU ETA JUSTIFIKATZEKO ESKULIBURUA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ESKABIDE-INPRIMAKIAREN EDUKIA (LEHIATU ARDOA)
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
DOKUMENTAZIOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala