Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

178. zk., 2021eko irailaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
4661

AGINDUA, 2021eko uztailaren 28koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren X. edizioaren deialdia.

Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren X. edizioaren deialdia egiten du. Ekimenaren xedea Europa EAEko gazteengana hurbiltzea da, eta, horretarako, euskal gazteak gonbidatzen ditu argazki batean irudikatzera Europak nola lagundu duen haien ingurunearen garapenean.

Lehiaketaren aurreko edizioak komunikazio-jardunbide egokiak izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan, ekintzaren lau helburuak lortze aldera:

a) EAEko gazteei jakinaraztea EGEF funtsaren eskualde-garapenean parte hartzen duela EAEk. Funts horrek finantzatzen ditu EAEko lurraldearen garapen ekonomikoari bultzada ematen dioten inbertsio-jarduerak, proiektuak eta egindako ekimenak.

b) Gazteengan interesa piztea Europarekin loturiko alderdietan eta gaietan, hurbilekoa zaien hizkuntza teknologikoa erabiliz.

c) Gazteen artean informazio- eta komunikazio-teknologia berrien erabilera eta sare sozialen erabilera finkatzea, Europa eta Europako sarea hedatzeko bitarteko berri gisa.

d) Erreferentzia bihurtzea mezu publikoen hedapenean, eta, horretarako, komunikazio-jardueretan elementu berritzaileak gehitzea.

Edizio berri honekin jarraipena ematen zaio, azken batean, EAEko gazteei EGEFek gure lurraldearen garapen ekonomikoan duen inplikazioa ezagutarazteko egitekoari, betiere sare sozialak erabiliz hedapen-baliabide gisa, nahiz eta tramitazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egin ahalko den eta bozketa-sistema Irekia atarian garatuko den, IX. edizioan gertatu zen bezala.

Aurreko edizioen kasuan bezalaxe, edizio honen % 50 EGEFek finantzatuko du.

Horregatik, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 69/2021 Dekretuak 3.1 artikuluan ematen didan eskumenari jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren X. edizioaren deialdia egitea, agindu honen eranskinean onartu eta zehazten diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko lege-araubidea.

Agindu honetan aurreikusita ez dauden alderdietarako, honako lege-testu hauetan bildutako aurreikuspen eta oinarrizko xedapenak aplikatuko dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; eta sektore publikoaren bitarteko elektronikoen bidezko jardunaren eta funtzionamenduaren erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 28a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

ERANSKINA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO SAILBURUAREN AGINDUARENA, ZEINAREN BIDEZ EGITEN BAITA «NON IKUSTEN DUZU EUROPA EUSKADIN?» ARGAZKI-LEHIAKETAREN X. EDIZIOAREN DEIALDIA
«NON IKUSTEN DUZU EUROPA EUSKADIN?» ARGAZKI-LEHIAKETAREN X. EDIZIOARI DAGOZKION OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea, organo kudeatzailea eta finantzaketa.

Deialdi honen xedea zera da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) EAEn finantzatutako ekimenak edo proiektuak erakusten dituzten hiru argazki onenak saritzea, EAEn bizi diren gazteek egindako argazkiak, betiere.

Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak antolatzen du lehiaketa, gazteen artean balioa emateko EGEFek gure lurraldearen garapen ekonomikoan duen inplikazioari. Organo hori da, halaber, deialdiaren kudeatzailea.

Aurrekoak bezalaxe, X. edizio honen % 50 finantzatuko du EGEFek.

Bigarrena.– Parte-hartzaileek bete beharreko eskakizunak.

1.– Honako eskakizun hauek betetzen dituztela egiaztatu beharko dute parte-hartzaileek argazkiak aurkezteko egunean:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldaturik egotea.

b) 1996ko urtarrilaren 1etik 2007ko abenduaren 31ra bitartean jaioa izatea.

c) Ez aritzea sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik zigor administratibo edo penala betetzen edo ez egotea debeku horrekin zigortuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, hala badagokio.

e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

f) Ez izatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoera batean.

2.– 18 urtetik beherako parte-hartzaileek, halaber, amaren, aitaren edo tutorearen aurretiko baimena izan beharko dute lehiaketan parte hartzeko, adingabe emantzipatuak ez badira, behintzat. Emantzipatuta egonez gero, formalki egiaztatu beharko dute egoera hori.

3.– Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du aurreko zenbakiko a), b) eta d) letretan ezarritako eskakizunak betetzen direla, elkarreragingarritasun-zerbitzuaren bitartez, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu. Hala izanez gero, interesdunak eskabide-formularioan gaitutako laukitxoa markatu beharko du, espresuki aurka dagoela adierazteko, eta interesdunak berak aurkeztu beharko du eskakizun horiek betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa.

c), e) eta f) letretan jasotako eskakizunak eta 2. apartatuan jasotako eskakizuna –aurretiko baimena izatea– betetzeko, baliteke erantzukizunpeko adierazpena eskatzea, eta II. eranskineko dagokion laukia markatu beharko da horretarako.

Hirugarrena.– Aurkeztu nahi diren argazkiek bete beharreko baldintzak.

1.– EGEFren finantzaketa jasota EAEn egin diren proiektuak edo ekimenak erakutsi beharko dituzte argazkiek. Ekimen eta proiektu horiek ezagutzeko, parte-hartzaileek Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak Eskualde Garapeneko Europako Funtsa (EGEF) deritzonari buruz ematen duen informazioa kontsultatu ahal izango dute euskadi.eus webgunearen bidez: https://www.euskadi.eus/eskualde-politika-2014-2020/web01-a2ogaeko/eu/

Argazkiarekin batera testu bat aurkeztu ahal izango da. Ekimen edota proiektu horren eta EGEFetik jasotako laguntzen arteko erlazioa deskribatuko da testu horretan.

2.– Argazkiak formatu digitalean egingo dira, eta honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Gailu digitalarekin egindakoak izatea.

b) jpg artxiboak izatea.

c) Artxiboaren pisua gehienez 5 megabytekoa (MB) izatea.

3.– Lehiaketan parte hartuko duten argazkiek originalak izan behar dute.

4.– Parte-hartzaileak egindako eta haren jabetzako argazkiak baino ez dira onartuko.

5.– Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bost argazki aurkez ditzake, eta, horretarako, identifikazio-kode bat emango zaio aurkezten duen argazki bakoitzeko.

6.– Parte-hartzaileek ezingo dituzte aurkeztu gustu txarreko argazkiak edo irudiko protagonistentzat iraingarriak izan daitezkeenak. Orobat, baztertu egingo dira edonolako indarkeria justifikatzen, horri garrantzia kentzen edo horretara bultzatzen duten edukiak.

7.– Ezin izango da aurkeztu, halaber, pertsonak beren sexuaren arabera giza duintasunean beheragoko edo goragoko aurkezten dituen argazkirik, ezta sexu-objektu huts gisa aurkezten dituen argazkirik ere.

8.– Lehiaketatik kanpo utziko ditu sariak emateko eskumena duen organoak, aurreko apartatuetan aurreikusitako baldintzak betetzen ez dituzten argazkiak, eta interesdunari jakinaraziko zaio, eta jakinarazpena egiten denetik aurrera 3 eguneko epea emango zaio erreklamazioa aurkezteko.

Laugarrena.– Parte hartzeko eta argazkiak aurkezteko modua.

1.– Lehiaketan parte hartu ahal izateko, interesdunek eskabide-orria bete beharko dute (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren https://www.euskadi.eus/servicios/1020104 helbide elektronikoan eskuragarri). Halaber, aurkeztu beharreko argazkia edo argazkiak erantsi beharko dituzte.

Helbide honetan eskuratu daitezke identifikazio eta sinadura elektronikorako egoitza elektronikoan onartutako bitartekoak:

https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

2.– Parte-hartu ahal izateko, eskatzaileek honako hau adierazi behar dute formulario horren bidez:

a) Osorik ezagutzen eta onartzen ditu oinarri hauek, bai eta Irekia atarirako sarbidea eta haren erabilera arautzen duten pribatutasun-politika eta erabilera-baldintzak ere.

b) Badaki aurkeztutako argazkiak lehiaketaren kanal sozialetan (Instagram, Facebook, Twitter eta Irekia) egongo direla ikusgai, eta hori onartzen du.

c) Eusko Jaurlaritzari baimena ematen dio bere izen-abizenak erabiltzeko lehiaketa honekin erlazionatutako jarduera publikoetan edo hedapen-jardueretan, sariaz aparteko bestelako eskubiderik, ordainketarik edo onurarik jasotzeko eskubiderik izan gabe, eta

d) Aurkeztutako argazkiak saririk lortu ez arren, balorazio onenak jaso dituzten hogeita hamarren artean badago, Eusko Jaurlaritzari baimena ematen dio argazki hori erakusteko, formatu fisikoan edo digitalean, erakusketa-areto batean, sariak banatzeko ekitaldiak iraun artean; halere, horrek ez dio inolako eskubiderik emango ordainsaririk edo inolako onurarik jasotzeko.

e) Aurkeztu argazkia saritua bada, 3 urteko epean hura ustiatzeko eskubidea ematen dio Eusko Jaurlaritzari, modu ez-esklusiboan. Ustiapen-eskubide horiek saritutako lanak erreproduzitzeko, banatzeko, haien komunikazio publikoa egiteko, eraldatzeko eta egokitzeko baliatuko dira, lan horiek lehiaketa honekin lotutako zabalkunde jarduera publikoetan erabiltzeko.

3.– Orobat, ziurtagiri digitalik ez duten pertsonek aurrez aurre ere egin dezakete tramitazioa; aurrez aurreko izapidetzeak honako hauek dakartza berekin:

a) Internet bidez formularioa betetzea.

b) Argazkia edo argazkiak igotzea.

c) Formularioa inprimatzea eta eskuz sinatzea.

d) Formularioa sinatuta entregatzea Zuzenean-Herritarrei Arreta Emateko Zerbitzuak Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao), Gipuzkoan (Andia kalea 13, 20003 Donostia) eta Araban (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz) dituen zerbitzuetan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako edozein bitarteko eta organotan.

Zuzenean zerbitzua erabiliz gero, aurretik hitzordua eskatu beharko dute 945 01 90 00 doako telefonoaren bidez, edo online, webgune honen bitartez: https://www.euskadi.eus/web01-ejqmatic/eu/zuzeneanwebbooking/#/preselect/services/4e32f48ac71d930bc3a94c121b2e7f70c51e7334641c37a75ca83489af89b8b1?lang=eu_es

4.– Eskabidean akatsik bada, hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko eskatu egingo dio organo kudeatzaileak interesdunari. Era berean, adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzaren titularrak horretarako ebazpena eman ondoren.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko eta argazkiak onartzeko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

Seigarrena.– Lehiaketaren garapena.

1.– Argazkiak aurkezteko epea amaitu ondoren, Hirugarren Oinarriko eskakizunak betetzen dituztenak Irekia atarian jarriko dira ikusgai 2021eko urriaren 25etik azaroaren 5era, herritarrek botoa eman dezaten. Zortzigarren oinarriko 2. puntuari jarraikiz, epaimahaiak saritutako hiru argazkiak aukeratuko ditu, Irekia atarian bozka gehien jaso duten 30 argazkien artean.

2.– Lehiaketaren kanal sozialetan ere ikusi eta iruzkindu ahal izango dira argazki horiek: www.instagram.com/federeuropaeuskadi/. Horretarako, parte hartzen duten gazteek, eskabide-formularioaren bidez eta laugarren oinarriko 2.b) artikuluaren arabera, onartu egin beharko dute beren argazkiak lehiaketaren kanal sozialetan ikusgai egotea: Instagram, Facebook, Twitter eta Irekia.

Hala ere, azken fasera igarotzeko baliozko eta beharrezko boto bakarrak Irekia atariaren bidez epean emandakoak izango dira. Horretarako; lehiaketaren kanal sozialetan emango da atari horretarako sarbide zuzena.

3.– Eskabidea aurkeztu osteko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» apartatuan egingo dira

Zazpigarrena.– Sariak.

1.– Hiru sari emango dira; lehenengo biak lehiaketaren epaimahaiak emango ditu; hirugarrena, berriz, Irekia webgunean boto gehien jasotzen dituenari emango zaio:

– Argazkirik onenaren lehen saria: Smartphone Samsung Note 10 Lite 6 GB + 128 GB, edo antzeko modeloa, gehienez 625 euroko balioa duena.

– Bigarren saria: Smartwatch Samsung Galaxy Watch Active 2 Bluetooth 40 mm, edo antzeko beste bat, gehienez 360 euroko balioa duena.

– Hirugarren saria, boto gehien jaso duen argazkiari emana: Bullboat Urbanista Tokio hari gabeko botoi-entzungailu bluetoothdunak, edo antzekoak, gehienez 120 euroko balioa dutenak, edo Bose Soundlink micro Bluetooth bozgorailuak, edo antzekoak, gehienez 120 euroko balioa dutenak.

2.– Pertsona saritu bakoitzari sari bat eman ahalko zaio gehienez, eta aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, epaimahaiaren lehen saria lortzen duen argazkiaren egileak aukera izango du lehen, bigarren edo hirugarren sariaren artean hautatzeko; bigarren saridunak, halaber, bigarren eta hirugarren sariaren artean aukeratu ahal izango du.

Nolanahi ere, irabazleak beste sari bat jasotzea erabakitzen badu, ez du eskubiderik izango zegokion sariaren eta hartutako sariaren arteko aldea dirutan ematea erreklamatzeko.

3.– Administrazio Publiko honek bere gain hartuko du, hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako ordainketaren kostua, saridunei dagokiena.

Zortzigarrena.– Lehiaketaren epaimahaia eta saritutako argazkiak hautatzeko irizpideak.

1.– Hiru kidek osatuko dute epaimahaia:

a) Rosanna Micciche, presidentea, Europako Batzordearen Eskualde eta Hiri Politikaren Zuzendaritza Nagusiaren (DG Regio) ordezkari gisa.

b) Mikel Arrazola Arregi, Lehendakaritzaren Komunikazio Zuzendaritzako teknikaria (Eusko Jaurlaritza); epaimahaiko idazkaria ere izango da.

c) Ana Maria Iglesias Franco, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko teknikaria (Baliabide Orokorren Zuzendaritza), argazkilaritzan ezagutza handia duena (Eusko Jaurlaritza).

Kide horiek legedian aurreikusitako abstentzio- eta errekusazio-egoeren mende daude; alde horretatik, prozeduran interesa duen edozeinek aurkez dezake errekusazioa.

2.– Botoa emateko epea amaituta, hurrengo apartatuan aurreikusitako irizpideei jarraikiz, hirugarren oinarrian ezarritako irizpideak betetzen dituzten bi argazki hautatuko ditu epaimahaiak, Irekia atarian boto gehien jaso dituzten hogeita hamar argazkien artean. Boto gehien eskuratu duten argazkien artean parte-hartzaile batek argazki bat baino gehiago baditu, boto gehien izan dituena hautatuko da finalerako. Boto-berdinketarik gertatzen bada, epaimahaiak hautatuko du finalera joango den pertsonaren argazkia.

3.– Saritutako argazkiak aukeratzeko, honako haztapen-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Agerian jartzea Europar Batasunak egindako ekarpenaren garrantzia (20 puntu, gehienez).

b) Argazkien kalitate teknikoa: konposizioa, araztasuna, esposizioa, teknika edo baliabide fotografiko berritzaileak erabiltzea (10 puntu, gehienez).

c) Originaltasuna gaiari heltzeari dagokionez (10 puntu, gehienez).

d) Eragin eta erakargarritasun bisuala (10 puntu, gehienez).

e) Emakumeen parte-hartze aktiboa eta bi sexuen presentzia orekatua eta irudi plurala erakustea, estereotipo sexistak alde batera utziz (10 puntu, gehienez).

4.– Epaimahaiaren presidenteak organo eskudunari helaraziko dio sariak emateko proposamena, beste hogeita hamar parte-hartzaileen zerrenda ordenatuarekin batera, zerrenda horretako argazki bakoitzak lortutako balorazioari jarraikiz.

Bederatzigarrena.– Sariak emateko ebazpena, eta sariaren onarpena edo uko egitea.

1.– Sariak emateko erabakia Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordearen ebazpen baten bidez hartuko da, 2021eko abenduaren 9a baino lehen, epaimahaiak egindako proposamenari jarraikiz; betiere, aurretik egiaztatuko da hautatutako pertsonek eta boto gehien jaso dituen argazkiaren egileak oinarri hauetan ezarritako eskakizunak betetzen dituztela. Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordeak ebatziko du, hala badagokio, deialdia hutsik geratu dela, parte-hartzaileek eta aurkeztutako obrek oinarrietan aurreikusitako eskakizunak ez betetzeagatik.

2.– Laguntza emateko ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie irabazleei, egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozeduraren urriaren 1eko 39/2015 Legearekin, eta egoitza elektroniko horretako https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1020104 helbidearen bidez jakinaraziko da. Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da irabazleen zerrenda. Deialdia bete gabe geratzeen bada ere, ebazpena egoitza elektronikoaren bidez jakinaraziko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.– Emakidaren ebazpena jakinarazi eta 3 eguneko epean adierazi beharko dute irabazleek saria onartzen dutela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean eskuragarri dagoen onarpen-formularioaren bidez. Saria aipatutako baldintzetan onartzen ez bada, irabazleak sariari uko egiten diola ulertuko da.

Horretaz gain, irabazleren bat adingabea bada, haren gurasoek edo legezko tutoreek berariaz emango dute baimena irabazleak saria jaso dezan, lehiaketan bertan bildutako betekizunak onartuta; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean eskuragarri dagoen formularioa bete beharko dute.

4.– Saria jasotzeari uko eginez gero, arrazoia edozein dela ere, saridunak ez du bestelako ordainik jasotzeko eskubiderik izango. Sariari uko eginez gero, hurrengo balorazio onena izan duen argazkiari emango zaio saria, betiere Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordearen ebazpen bidez.

5.– Parte-hartzaileren batek emandako datuetan akatsen bat badago eta, horren ondorioz, interesduna identifikatzea ezinezkoa bada, deialdia egiten duen administrazioak ez du inolako erantzukizunik izango.

Hamargarrena.– Sari-banaketa.

1.– Sariak ekitaldi publiko batean banatuko dira, 2021eko abenduaren 9an, eta sarituek bertan egon beharko dute. Ekitaldiaren ordu eta lekuaren berri garaiz emango zaie irabazleei. Justifikatutako arrazoiren bat dela-eta irabazleak ezin badu ekitaldira etorri, beste pertsona bat izendatu ahal izango du aipatutako ekitaldi horretan haren izenean saria jasotzeko.

2.– Sariak banatzeko ekitaldian, gainerako 27 argazki finalistak erakusketa-areto batean izango dira ikusgai, formatu fisikoan edo digitalean. Argazki horien egileei jakinaraziko zaie noiz eta non egongo diren ikusgai; jakinarazpena eskabide-formularioan emandako telefono-zenbakietara eta posta-kontuetara bidalitako SMS mezuen eta posta elektronikoaren bidez egingo da.

Hamaikagarrena.– Sariak errebokatzea eta itzultzea.

Emandako sariak errebokatu egingo dira, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aurreikusitako arrazoiren bat tarteko bada eta, zehazki, oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

Hamabigarrena.– Argazkien jabetza- eta ustiapen-eskubideak.

1.– Saritutako pertsonek baino ez dituzte izango argazki irabazleen jabetza-eskubideak eta, horregatik, pertsona horien ardura izango da hirugarrenek argazki horien gainean eskubiderik ez izatea; horren inguruko arazorik egonez gero, pertsona haiek egin beharko diote aurre argazki irabazleen gaineko edozein erreklamaziori.

2.– Lehiaketan parte hartzeak berarekin dakar Irekia atarirako sarbidea eta haren erabilera arautzen duten baldintzak onartzea, eta haien artean dago hirugarren baldintza, jabetza intelektualari eta industrialari buruzkoa.

3.– Saritutako lanen ustiapen-eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari emango zaizkio, modu ez-esklusiboan, eta gehienez 3 urterako. Ustiapen-eskubide horiek saritutako lanak erreproduzitzeko, banatzeko, haien komunikazio publikoa egiteko, eraldatzeko eta egokitzeko baliatuko dira, lan horiek lehiaketa honekin lotutako zabalkunde jarduera publikoetan erabiltzeko.

Hamahirugarrena.– Bateragarritasuna.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du esan nahi ezin direla argazki berberak antzeko beste lehiaketa batzuetan aurkeztu, eta ez dago eragozpenik argazki berberarengatik sariak edo aitorpenak jasotzeko.

Hamalaugarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Behar bezala betetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua –Datu pertsonalen tratamenduaren arloan pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra)–, bai eta datu-babesaren alorrean indarrean dagoen gainerako araudia ere, jakinarazten da datu pertsonalak «Argazki-lehiaketa: Non ikusten duzu Europa Euskadin?» deritzon jardueraren barruan sartuko direla:

1.– Arduraduna: Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritza.

2.– Helburua: argazki-lehiaketaren kudeaketa.

3.– Legezkotzea: tratamenduaren ardura duen organoari emandako botere publikoak gauzatzean egindako misio bat betetzeko behar den tratamendua.

4.– Hartzaileak: interes legitimoa dutenei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiari eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

5.– Eskubideak: interesdunak eskubidea du bere datuetarako irispidea izateko, datu horiek zuzentzeko eta ezerezteko edo datuen tratamendua mugatu edo haren aurka egiteko.

6.– Informazio gehigarria: datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-aprat/eu/ web-orrira.


Azterketa dokumentala