Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

169. zk., 2021eko abuztuaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
4561

EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 2koa, Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariarena, zeinaren bidez publiko egiten baitira Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduera-esparruko prestakuntza-beken oinarriak eta deialdia.

Lehiaren Euskal Agintaritza sortzeko legearen bidez (otsailaren 2ko 1/2012) eratu zen Lehiaren Euskal Agintaritza, administrazioko erakunde autonomo gisa, ekonomia-politikaren eta lehiaren defentsaren ardura duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikirik eta esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko berezko nortasun juridiko eta jarduteko gaitasun osoarekin.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren helburu orokorra da merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez. Horretarako, zenbait eskumen baliatuko ditu, hain zuzen ere, zehatzeko, sustatzeko, aurkaratzeko, irizpenak emateko, kontsultatzeko eta arbitratzekoak.

Lehia sustatzea da Lehiaren Euskal Agintaritzaren 2018-2022 aldirako Plan Estrategikoaren helburuetako bat. Lehiaren kultura sustatzeko, hainbat jarduera egin asmo ditu: unibertsitateekin kolaboratzea, bekak ematea eta lehiaren defentsako ikerlanen deialdia.

Egiaztatu da jarduera horiek eraginkorrak izan direla lortu nahi den helburua lortzeko, eta, era berean, haien xedea da Lehiaren Euskal Agintaritzan jasotako eskaera kopuru gero eta handiagoari erantzuna eman ahal izatea; izan ere, maiz jasotzen dira Lehiaren Euskal Agintaritzarekin harremanetan ipintzen diren ikasleen eta unibertsitateko graduatu berrien zuzeneko eskaerak, erakunde horren egoitzan prestakuntza-praktikak egiteko aukerarekin interesaturik.

Eskaera horri erantzuteko eta goi-mailako ikasketak amaitu berri dituztenen gaitasunetarako prestakuntza-praktikak sustatzeko, Lehiaren Euskal Kontseiluak Lehiaren Euskal Agintaritzaren 2021erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onetsi zuen 2021eko urtarrilaren 29an egindako bilkuran, aldez aurreko nahitaezko urrats gisa eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra betez. Plan horretan, berariaz jasotzen da unibertsitate tituludunak lehiaren arloan eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren berezko funtzioetan prestatzeko programa baten deialdia egiteko aukera.

Azaldutako gogoetak oinarri harturik, Lehiaren Euskal Agintaritzak egokitzat jo du lehen aldiz deialdi publiko bat egitea bere egoitzan prestakuntza-praktikak egitera bideratutako bekak emateko, eta, hala, prestakuntza teoriko-praktikoa sakondu ahalko dute goi-mailako unibertsitate-titulua lortu berri dutenek eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren berezko funtzioetan sakondu nahi dutenek.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren baliabide ekonomikoak eta teknikoak mugatuak direnez, bekadunak hautatzeko prozesu bat egingo da lehiaketa-emakidaren prozedura bidez, eta jasotako eskabideak erkatuko dira, deialdian aldez aurretik ezarritako balorazio-irizpideak aintzakotzat harturik.

Esandako guztia kontuan izanik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoarekin bat, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da bekak ematea goi-mailako unibertsitate-titulua duten pertsonei (graduatuak, lizentziatuak edo titulazio baliokidea dutenak), baldin eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren jardun-eremuetako gaietan osatu eta garatu nahi badute beren lanbide-heziketa, erakunde horren egoitzan prestakuntza-praktikak eginez 2021ean.

Gehienez ere bi beka emango dira.

2. artikulua.– Beken ezaugarriak eta diru-zuzkidura.

1.– Bekei esker, adjudikaziodunek prestakuntza teoriko-praktikoa jasoko dute Lehiaren Euskal Agintaritzaren berezko jarduera-eremuetan, hala nola zehapen-espedienteak izapidetzea eta lehia sustatzeko txostenak egitea, besteak beste.

Horretarako, bekadunek Lehiaren Euskal Agintaritzako langileekin batera esku hartuko dute lehia-espedienteen dokumentazioa aztertzen, jurisprudentzia biltzen eta aztertzen, eduki juridiko-ekonomikoko txostenak egiten eta araudiaren analisia egiten. Era berean, hainbat eratako espedienteak izapidetzen lagundu ahal izango dute (hala nola administrazioko zehapen-espedienteak, aurkaratzekoak eta bide judizialean defendatzekoak). Gainera, prestakuntzarako egokitzat jotzen diren jardunaldi eta jardueretara joan ahal izango dira.

2.– Bekok esleitzeak ez du sortzen inolako kontratu-, lan- edo estatutu-harremanik Lehiaren Euskal Agintaritzarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin, prestakuntzakoak diren aldetik. Ordaintzen den zenbatekoa ez da hartuko ordainsaritzat, prestakuntzarako laguntzatzat baizik.

3.– Bekak emateko, norgehiagoka-prozedura baliatuko da, eta, horretarako, deialdian ezarritako balorazio-irizpideen arabera alderatuko dira aurkeztutako eskabideak, lehentasun-hurrenkera ezartzeko.

Eman beharreko beken kopurua aurrekontu-erabilgarritasunaren eta horiek emateko unearen araberakoa izango da. Beka emateak hileko zenbateko gordin finko bat ordaintzea dakarrenez, bekok emateko unean aurrekontuak ahalbidetzen duen adina beka eman ahal izango dira.

4.– Deialdiko beka-programaren kreditua, guztira, 7.000 eurokoa da. Lehiaren Euskal Agintaritzaren gastuen aurrekontuaren 2021eko ordainketa-kreditua da (CAC 453.01 eta 61150 programa).

Adjudikaziodunei 500 euro ordainduko zaizkie hilean. Ordainketa guztiak gordinak izango dira, eta bekaren jasotzaileak ordaindu beharreko gizarte- eta zerga-kotizazioen atxikipenen mende egongo dira, indarrean dauden arauek ezarritako baldintzetan. Bekadunak Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartuko dira.

5.– Beka bakoitzak lau hilabete iraungo du, eta ezingo da luzatu 2021eko abenduaren 31tik aurrera; kasu horretan, laburragoa izango da epea. Praktikaldia ezingo da izan hilabete baino laburragoa, gutxieneko prestakuntza bermatzeko.

Adjudikaziodunak Lehiaren Euskal Agintaritzaren bulegoetan egin beharko du prestakuntza, beka eman ondotik bi alderdiek adosten duten ordutegiaren arabera. Astean 25 ordu izango dira, astelehenetik ostiralera, lan-ordutegian.

6.– Beka jasotzea bateraezina da beste edozein laguntza edo dirulaguntza instituzionalekin –kontsiderazio pertsonalei lotutakoak izan ezik–, bai eta ordaindutako edozein lan egitearekin ere.

Prestakuntza-aldian zehar gertatutako inguruabarrengatik adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, jakinaren gainean ipini beharko da Lehiaren Euskal Agintaritza eta aukeretako bati uko egitea erabaki beharko du bekadunak.

7.– Adjudikaziodunak bilduta egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erantzukizun zibileko eta istripuen polizaren barruan, beka indarrean den bitartean.

3. artikulua.– Eskabideak izapidetzea.

1.– Deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte, bai aurrez aurreko kanala erabiliz, bai bitarteko elektronikoak baliatuz.

2.– Aurrez aurreko kanala aukeratuz gero, eskabide inprimatua, data eta sinadura aurkeztu beharko da, eskatutako dokumentazioarekin batera, Lehiaren Euskal Agintaritzaren Idazkaritza Nagusian (Lehiaren Euskal Agintaritza, Ercilla kalea 4, 2. solairua, 48009 Bilbao). I. eranskinean dago jasota eskabide-eredu normalizatua.

Eskabideak Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu ahalko dira, aldez aurretik https://www.euskadi.eus/web01-ejqmatic/eu/zuzeneanwebbooking/#/preselect/services/4e32f48ac71d930bc3a94c121b2e7f70c51e7334641c37a75ca83489af89b8b1?lang=eu_es atarian hitzordua hartuta, edo aldez aurreko hitzorduak eskatzeko edo ezeztatzeko berariazko telefono-zenbakira hots eginda: 945 019 000. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako moduak ere baliatu ahalko dira eskabideak egiteko.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa telematikoki izapidetzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/11131

Prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektroniko bidez egin nahi dituzten pertsona interesdunek onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki behar dute: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Eskabidearen ondorengo izapideak bide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» baliatuz: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4.– Eskabidea eredu normalizatuaren bidez egingo da, behar bezala beteta, zeina egoitza elektronikoko helbide honetan baitago eskura: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/11131

Identifikatzeko eta eskabideak sinatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak baliatuko dira, zeinak honako helbide honetan baitaude eskura: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

5.– Eskatzaileak elektronikoki izapidetu ahal izango du eskabidea, ordezkari baten bidez. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko du ordezkariak, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

6.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

4. artikulua.– Eskatzailearen betekizunak.

1.– Lehiaren arloko prestakuntza-bekak jarduteko gaitasun osoa duten pertsona fisikoei zuzenduak dira, eta nahitaezkoa izango da honako baldintza hauek betetzea, dela bekaren onuradun izateko, dela bekari eusteko, harik eta haren likidazioa egin arte:

a) Zuzenbidearen, ekonomiaren edo enpresaren arloetan, graduko unibertsitate-titulua, lizentzia edo baliokidea izatea, eta ez igarotzea 6 urte baino gehiago unibertsitate-titulua lortu zenetik.

Kasu guztietan ere, atzerrian edo estatuz kanpoko Espainiako zentroetan lortutako tituluek baliozkotuta edo aitortuta egon beharko dute.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea auzotasun administratiboa, beka-deialdiaren data baino lehenagotik.

c) Ez jaso izana zigorrik, ez penalik, ez administratiborik, laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.

d) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik, berariaz kontuan harturik sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.

e) Egunean izatea indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

f) Ez egotea dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan jasotako legezko debekuren baten pean.

g) Era berean, adierazpen bat helarazi beharko du, adieraziz aldi horretan ez duela jasotzen beste laguntza instituzional bateraezinik eta ez duela egiten ordaindutako bestelako lanik.

5. artikulua.–– Prestakuntza-programaren betekizunak.

Eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera, beka jasotzeko eskaturiko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko:

NANa, AIZ edo pasaportea.

Alegatutako merezimenduak zerrendatzen dituen curriculum vitaea.

Aipatutako eremuetako baten unibertsitate-titulua edo hura emateko eskubideen ordainketarena, bai eta ziurtagiri akademiko pertsonalarena ere, unibertsitate-tituluari dagozkion irakasgai guztien kalifikazioak eta deialdiak adierazita.

– Graduondoko titulua (masterra, doktoregoa, espezialista edo baliokideak) eta hari dagozkion kalifikazioen eta irakasgaien ziurtagiria.

– Alegatutako ikastaroen ziurtagiriak.

– Alegatutako hizkuntzen maila egiaztatzen duen titulu ofiziala.

– Aurreko puntuetan zerrendatu gabe egonik, curriculum vitaean alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak.

– Lehenagotik horrelako edo antzeko bekarik jaso ez izana Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura.

Horretarako, beken eskatzaileek ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte; besteak beste, gai bakoitzeko ordu edo kreditu kopurua eta landutako gai zehatzak jasoko dira haietan.

Nortasun- eta titulazio-eskakizunen egiaztapena elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez lor daiteke.

6. artikulua.– Eskatzailearen betekizunak egiaztatzea.

1.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Administrazioak datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez egiaztatu ahal izango du betetzen direla betekizunak. Eskatzaileak uko egiten badio egiaztapen horri, eskabidean adierazi beharko du, eta berak aurkeztu beharko ditu agiri horiek.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkezturiko dokumentazioan jasotako datuak; adierazten du, orobat, betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak, eta, bereziki, ez duela dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako debekurik, ordainduta dauzkala dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak eta ez duela eduki ezaugarri berak edo antzekoak dituen bestelako bekarik Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura.

– Halaber, eskatzaileak adierazten du ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez duela horretarako legezko debekurik.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak ongitzea.

1.– Aurkezturiko dokumentazioa ez bada osoa, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio agiriak osorik bidaltzeko.

2.– Epe hori igaro ondoren, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, ez baldin bada aurkeztu eskatutako dokumentazioa, ulertuko da eskaeran atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako moduan ebazpena eman ondoren.

8. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Balioespen Batzordeak aztertuko eta balioetsiko ditu eskabideak, eta honako kide hauek izango ditu:

Batzordeburua: Lehiaren Euskal Kontseiluko batzordekidea (Enara Venturini Álvarez).

Batzordekideak: Lehiaren arloko hiru arduradun (Guillermo Aranzabe Pablos, Jaione Aberasturi Erezuma eta Ibon Álvarez Casado).

Idazkaria: Lehiaren Euskal Agintaritzako idazkari nagusia (Ainara Herce San Martín). Hitza izango du, baina ez botorik.

2.– Kideren baten postua hutsik badago, inor falta bada edo batzordekideren bat gaixorik egonez gero, edo are Balorazio Batzordeko kideren batek parte hartzea eragozten duen arrazoirik balitz, Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteak izendatuko du ordezkoa.

9. artikulua.– Hautagaiak aukeratzea eta balorazio-irizpideak.

1.– Bekadunak bi fasetan hautatuko dira, irizpide hauek kontuan hartuta:

a) Lehenengo fasea: 85 puntu.

– Eskatzailearen espediente akademikoa: 40 puntu, gehienez ere. Honako hauek izango dira hautaketa egiteko irizpideak:

Ikasketa-espedienteari 40 puntu emango zaizkio gehienez, graduko unibertsitate-titulua, lizentzia edo baliokidea eskuratzean lortutako batez besteko nota kontuan hartuta. Hori horrela:

5 puntu, batez besteko nota 5 eta 5,99 artean dagoenean.

10 puntu, batez besteko nota 6 eta 6,99 artean dagoenean.

20 puntu, batez besteko nota 7 eta 7,99 artean dagoenean.

30 puntu, batez besteko nota 8 eta 8,99 artean dagoenean.

40 puntu, batez besteko nota 9 eta 10 artean dagoenean.

– Graduondoko ikastaroak, eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren berezko arlo eta eginkizunekin lotutako beste prestakuntza-ikastaro eta merezimendu akademiko batzuk, bereziki Europako zuzenbidea, merkataritza-zuzenbidea, merkatuen erregulazioa, lehia, analisi ekonomikoa eta abar: 30 puntu, gehienez ere. (Ez dira balioetsiko, Lehiaren Euskal Agintaritzaren eginkizunekin zerikusirik izan ezean).

Graduondokoak: Gutxienez 450 orduko iraupena edo kreditu baliokideak (gehienez 25 puntu):

20 puntu, 450 eta 999 ordu bitartean, edo kreditu baliokideak.

25 puntu, mila ordutik aurrera, edo kreditu baliokideak.

Hobekuntza- eta prestakuntza-ikastaroak (450 ordutik beherako graduondokoak barne) (5 puntu, gehienez):

2,5 puntu, 20 eta 49 ordu bitartean, edo kreditu baliokideak.

5 puntu, 50 ordutik aurrera, edo kreditu baliokideak.

– Euskaraz jakitea. Gehienez ere 10 puntu, honela baloratuta:

C1 ALTE = EGA; IVAP 3HE; Hirugarren Maila HABE = 10 puntu.

B2 ALTE= IVAP 2HE; Bigarren Maila HABE = 5 puntu.

B1 ALTE= IVAP 1HE; Lehenengo Maila HABE = 2 puntu.

– Ingelesez jakitea. Gehienez ere 4 puntu, honela baloratuta:

C1 ALTE = Advanced; BEC3; BULATS3; ESOL10-11; TRINITY 10-11 = 4 puntu.

B2 ALTE= FIRST; BEC2; BULATS3; ESOL 7-9; TRINITY 7-8-9 = 2 puntu.

B1 ALTE= PET; BEC1; BULATS2; ESOL 5-6; TRINITY 5,6 = 1 puntu.

– Frantsesez eta/edo alemanez jakitea. Gehienez ere puntu 1, honela baloratuta:

C1 ALTE = 1 puntu.

Lehenengo fasean gutxienez 25 puntu lortzen dituzten izangaiak igaroko dira bigarren fasera.

b) Bigarren fasea: 15 puntu.

Elkarrizketa pertsonala, gaiaren inguruko prestakuntza egiaztatu ahal izateko. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

Fase honetan gutxienez 6 puntu lortzen ez dituzten eskatzaileak beken adjudikazio-prozesutik kanpo geratuko dira.

2.– Balorazio Batzordeak bekak esleitzeko proposamen bat egingo du, eta Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteari helaraziko dio. Proposamen horretan, ordezkoak ere adieraziko ditu, eta hurrenkeraren arabera deitu ahal izango zaie bekak estaltzeko, Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteak egoki iritziz gero, balizko uko-egiteak edo bestelako gorabeherak izanez gero. Bekadun titularrari ordezkapenaren unean beka amaitzeko geratzen zaion denborarako izango da aipaturiko ordezkapen hori.

3.– Deialdia hutsik geratu ahal izango da ez badago lehiakiderik edo hautagaiak ez badira iristen eskatutako mailara.

4.– Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteak, Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere sei hilabeteko epean erabakiko ditu bekak, eta banan-banan jakinaraziko du ebazpena. Era berean, Lehiaren Euskal Agintaritzaren webgunean eta EHAAn ere argitaratuko da ebazpena, herritarrak jakinaren gainean ipintzeko.

5.– Ebazpen horrek agortu egingo du administrazio-bidea, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lehiaren Euskal Agintaritzaren presidenteari hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

6.– Prozeduraren gehieneko epea igaro eta ez bada jakinarazi ebazpena, ulertuko da administrazioaren isilbidez ezetsi dela dirulaguntzaren eskaera, eta, hala, dagokion errekurtsoa jarri ahalko da.

7.– Bekak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita eta oraindik izapidetze-aldian badaude.

8.– Bekei uko eginez gero, baliatu ez den beka-zatiak galdu egingo ditu eskubide ekonomikoak.

10. artikulua.– Bekadunaren betebeharrak.

Bekaren onuradunak nahitaez bete beharko ditu dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan aurreikusitako betebeharrak.

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, bekaren onuradunak, esleipen-ebazpena jakinarazten zaionetik zazpi eguneko epean, idazki bat bidali beharko du esanez onartzen duela beka eta bere egiten dituela beka jasotzetik eratorritako betebeharrak. Beka onartzeak esan nahi du onartzen direla deialdi honetako oinarriak.

Era berean, adierazpen bat helarazi beharko du, adieraziz aldi horretan ez duela jasotzen beste laguntza instituzional bateraezinik eta ez duela egiten ordaindutako bestelako lanik.

2.– Deialdian eta dirulaguntzak arautzen dituen araudi aplikagarrian ezarritako baldintzak betetzea.

3.– Prestakuntza-jarduerak tutoreak emandako jarraibideen arabera egitea, ahalik eta probetxu handiena ateraz.

Prestakuntza-aldiaren azken astean, txosten bat aurkeztu beharko du, Lehiaren Euskal Agintaritzan gauzaturiko prestakuntza-lanaren alderdi esanguratsuenak zehaztuz.

4.– Ezarritako ordutegiak betetzea eta ondo erabiltzea eskura jarritako bitartekoak, izan ekipamenduak, izan instalazioak.

5.– Behar den konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza-aldian eskura ditzakeen gai, gertaera, txosten edo bestelako informazioei dagokienez. Horretarako, dagokion dokumentua sinatu beharko da. (III. eranskina).

6.– Bekei uko eginez gero, baliatu ez den beka-zatiak galdu egingo ditu eskubide ekonomikoak.

7.– Beken onuradunen betebeharra izango da Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea eskatzen dieten informazio guztia, laguntzen zertarakoa fiskalizatze-funtzioak betetzean eskatzen dietena.

8.– Alta emanda egotea Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Betekizun hori nahitaezkoa izango da deialdia ebazteko eta ordainketak egiteko https://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml

9.– Beka lortzeko, nahitaezkoa izango da deialdian adierazitako baldintzak betetzea, dela bekaren onuradun izateko, dela hari usteko, beka likidatu bitarte guztian.

11. artikulua.– Bekadunaren eskubideak.

1.– Onuradunak hilabetea amaitu ondoren jasoko du bekaren hileko zenbatekoa. Prestakuntza-aldia hilabetetik beherakoa bada, benetako prestakuntza-egunen arabera kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa.

2.– Bekadunak Lehiaren Euskal Agintaritzako langileen laguntza izango du prestakuntza-aldian. Horretarako, plantillako pertsona batek tutoretza-lanak egingo ditu eta gidatu egingo du egin beharreko lanetan.

3.– Bekadunak 22 egun balioduneko oporraldia izango du bekaren urte oso bakoitzeko, eta bekaren benetako iraupenaren arabera hainbanatuko da. Atseden-egunak gutxienez hartu baino astebete lehenago adostu beharko dira tutorearekin.

4.– Prestakuntza zuzen aprobetxatzen duen bekadunak alderdi hori egiaztatzen duen ziurtagiria jasoko du.

12. artikulua.– Ez-betetzeak.

Egiaztatuz gero ez direla betetzen beka ematea eragin zuten baldintzak, jasotako zenbateko guztiak eta berandutze-interesak ordaindu beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, hala zehazten baitute, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta, bestetik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Eta horrek ez du eragotziko, halaber, dagozkion gainerako eginbideei ekitea. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira 38/2003 Legearen, azaroaren 17koaren, 36. eta 37. artikuluetan hartutako egintza eta egoerak.

13. artikulua.–– Dirua itzultzeko prozedura.

Ezarritako baldintzak eta/edo betebeharrak betetzen ez badira, emandako beka itzultzeko prozedurari ekingo zaio, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak dioenari jarraikiz, bai eta 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren araubide orokorra arautzen da, eta horietan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira; 1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.)

14. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Lehiaren Euskal Agintaritzaren laguntza, dirulaguntza, sari eta beketarako datuen tratamendurako artxibo batean sartuko dira. Tratamendu horretarako, kontuan hartuko dira batetik, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa, eta, bestetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena (II. eranskina).

Informazio gehiago eskuratzeko, jo esteka honetara: https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-aprat/eu/

Datu horiek Lehiaren Euskal Agintaritzak sustatutako laguntzen kudeaketara mugatuko dira, botere publikoen jarduneko misio bat betetzeko. Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubide ere. Datuak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/datu-babesa-eta-segurtasun-politika/web01-sede/eu/

Datuak ez dira ipiniko hirugarrenen eskura, salbu eta lege-betebeharren bat bada, eta ez zaizkie lagako hirugarren herrialdeei.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honen xede diren laguntza-deialdiak nahitaez beteko ditu honako lege-testu hauek: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du; hala ere, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo beraren aurrean, hilabeteko epean, edota zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako aretoan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko dira zenbatzen.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2021eko abuztuaren 2an.

Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakaria,

ALBA URRESOLA CLAVERO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala