Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

169. zk., 2021eko abuztuaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4559

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 13koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Valle de Trápaga-Trapagarango eta Sestaoko udal-mugarteetako Ibarzaharra 04 (AIS-IB-04 Ibarzaharra) zerbitzugunearen eta industrialdearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Ingurumen Adierazpen Estrategikoa.

AURREKARIAK

Orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, 2019ko urriaren 15eko Ebazpenaren bidez, Valle de Trápaga-Trapagarango eta Sestaoko Ibarzaharra 04 (AIS-IB-04) zerbitzugunearen eta industrialdearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua formulatu zuen, bai Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean, bai Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoari jarraikiz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak Planaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, plana bera eta haren ingurumen-azterketa estrategikoa 45 egunez jendaurrean jarrita (Bizkaiko Aldizkari Ofizialean iragarri zuen, 2020ko azaroaren 18an). Geroago, jendaurreko informazioaldia luzatu da, 2021eko apirilaren 21etik ekainaren 21era bitartean, beren burua horren eraginpekotzat jotzen zutenek egokitzat jotzen zutena alegatu zezaten beren interesak defendatzeko.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondorioak espedientean daude jasota.

2021eko uztailaren 6an, Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak Plan Bereziaren Ingurumen Adierazpen Estrategikoa egiteko eskabidea osatu zuen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean zein abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu ziren: Ibarzaharra 04 (AIS-IB-04) zerbitzuguneari eta industrialdeari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Berezia behin-behinean onartzeko dokumentua, haren Ingurumen Azterketa Estrategikoa eta jendaurreko informazioaren izapidea eta eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzen dituzten zenbait dokumentu.

Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak ohartarazi duenez, alegazio bat eta zenbait txosten jaso dituzte –horien emaitza eta edukia administrazio-espedientean daude jasota– eta aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari edo lurzoruaren erabilerari.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratua egin behar da, hau da, ingurumen-ebaluazio estrategiko bat, aipatutako legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planen kasuan, baldin eta plan horien artean badaude ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan bereziak.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Ibarzaharra 04 (AIS-IB-04 Ibarzaharra) zerbitzugunearen eta industrialdearen Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau jaulki du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla ingurumen-efektuetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Valle de Trápaga-Trapagarango eta Sestaoko udal-mugarteetako Ibarzaharra 04 (AIS-IB-04 Ibarzaharra) zerbitzugunearen eta industrialdearen Plan Bereziaren Aldaketari (aurrerantzean, Plan Berezia) buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, honako baldintza hauen arabera:

A) Plan Bereziaren xedea da Ibarzaharra 04 (AIS-IB-04 Ibarzaharra) zerbitzugune eta industrialdeko antolaketa zehatza egitea, bai eta horretarako sarbideak eta barnean izango dituen bideak definitzea ere.

Ibarzaharra 04 (AIS-IB-04) zerbitzugune eta industrialdearen Plan Bereziak (aurrerantzean, Plan Berezia) Sestaoko eta Valle de Trápaga-Trapagarango hirigintzako udal-plangintza Bateragarri egiteko Planean –2012. urtean onartu zen– Ibarzaharra eremurako eta haren inguruetarako ezarritako egiturazko zehaztapenak garatzen ditu. Bateragarri egiteko Planak Galindo ibaiaren ibarreko azalera handi bat barne hartzen du, horren egiturazko antolaketa finkatzen du eta lau eremu eta sektore bat sortzen ditu, horien antolaketa zehatza dagozkien plan berezien eta plan partzialaren bitartez egiteko. Eremu horietako bat Planaren xedea da: Ibarzaharra 04 eremua, 73.996 m2-ko azalerakoa. Azalera ia erabat horizontala da. Iparraldean eta ekialdean Ibarzaharra 06 eremuarekin egiten du muga; mendebaldean BI-3746 errepidearekin; eta hegoaldean Ibarzaharra 05 eremuarekin.

Plan Bereziak zehazki antolatzen du eremua, zeina bi bide-ardatzen gauzatzeak egituratzen baitu. Bide nagusiak, 1. ardatza deiturikoak, ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du eremua eta Ibarzaharra 06 eta BI-3746 errepidearekin lotzen du. 1. ardatz horrek eremua ekoizpen-erabilerako bi azpieremu handitan banatzen du: SZ_PI 01, 1. bidearen iparraldean, 34.586,70 m2-ko azalerakoa, eta SZ_PI-02, aipatutako bidearen hegoaldean, 19.842,70 m2-ko azalerakoa.

Bi lurzati horien erabilera produktiboa da, industrial kategoriako 3. azpikategoriakoa. Erabilera horren barruan bai industria-jarduerak bai biltegiratu eta banatzeko jarduerak sartzen dira –jendearentzako zuzeneko salmenta barne hartuta edo ez–, bai eta erakusleiho-industria, industrien arteko merkataritza, industria tertziarioa eta I+G industria aurreratua.

2. ardatzak, 1. ardatzarekiko perpendikularrak, beste bi lurzatitarako sarbidea ematen du, bata pribatua, ekipamendu komunitarioko erabilerarako (E-01, 1.043,19 m2-ko azalera du), eta bestea lagatzekoa, ekipamendu publikoko tokiko sistemarako (SLEP-01, 1.355,74 m2-ko azalera du). Biak BI-3746 errepidearen parean daude, eremuaren mendebaldean. Plan Bereziak ez du definitzen bi lurzati horiek izango duten azken erabilera.

PI-01 eta PI-02 lurzatietan, BS+1S motako eraikuntza aukeratu da. E-01 lurzatian gehieneko eraikuntza-profila BS+ 6S-koa da eta, SLEP-01 lurzatian, BS+2S motako eraikuntza aukeratu da.

Espazio libreen tokiko sistema (gaztelaniaz, SLEL) osatzen duten azalerak eremuaren mendebaldean eta hegoaldean zehar banatzen dira, eta hesi berde bat sortzen da udal-bide orokorraren aurrealdean, Ibarzaharra 05 eremuaren mugakidea. Espazio libreen tokiko sistemaren azalera osoa 4.452,92 m2-koa da.

BI-3746 udal-errepidearen ertzean, bide-garraioko sistema orokorraren ondoan, oinezkoentzako tokiko bide-sistema bat sortu da, Ibarzaharra 06 eremuan sortutako bidegorriari jarraipena emateko. Sistema horrek, era berean, Ibarzaharra 05 eremuarekin bat egiten du, eta haren trazadurari jarraipena ematen dio.

Osagarri gisa, Plan Bereziak zerbitzu-sareen trazadura diseinatzen du (hornidura, saneamendua, drainatzea, elektrizitatea, etab.) eta aparkalekuen zuzkidura ezartzen du.

Ibarzaharra 04 eremuak 73.996 m2-ko azalera du, iparraldean eta ekialdean Ibarzaharra 06 eremua du mugakide –eremu hori garatzen ari da gaur egun–, hegoaldean Ibarzaharra 05 eremua eta mendebaldean BI-3746 errepidea.

Iraganean industriala izan zenez, eremua inbentariatutako lurzoru potentzialki kutsatu batean dago (48080-00004 kodea du lurzatiak). Babcock&Wilcox enpresa zegoen eremu horretan; Ibarzaharra 04 eremuko eta inguruko lursailetan industria-fabrika handi bat jarri zuen. Enpresak jarduera bertan behera utzi ondoren, eremua abandonatuta geratu zen, aurri-egoeran, eta erabat degradatuta. Ibarzaharra 04 eremuaren azaleraren zati bat Babcock&Wilcoxen fabrikaren lursaila zen.

Gaur egun, eremua zabalgune handi bat da. Bertan, industria-eraikin zaharrak eraitsi dira eta lurzoru kutsatuen fokuak garbitu dira, eremuaren hegoaldean dagoen 90 m2 inguruko eremu txiki bat izan ezik. Eremu hori buztin-dike baten bidez zigilatu da, Ibarzaharra 05 eremuko ezpondan antzemandako afekzioa babesteko neurri gisa.

Ibarzaharra 04 eremua, ia osorik, 100 urteko errepikatze-denbora duten uholdeen eraginpean dago, eta haren zati handi bat Ballonti ibaiaren lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan dago. Ur-masa hori, gainera, Uholde Arrisku Handiko Eremu izendatu da (ARPSI ES017-BIZ-IBA-02 Galindo). Plana garatzeko faseetan, Ibarzaharra Bateragarri egiteko Plana egin zenetik, Uraren Euskal Agentziak hainbat txosten egin ditu. Txosten horietan adierazten denez, eremuaren uholde-arriskua dela eta, beharrezkoa da urbanizazioko sestrak eta eraikinen beheko solairuak +5,00 kotatik gora kokatzea, eta lurpeko garajeetarako eta sotoetarako sarbideak eta haizebideak +5,63 kotaraino igotzea. Eskakizun hori betetzeko, Plan Bereziak egungo sestraren kota igotzea planteatzen du, horretarako betetze handiak eginez.

Inguruneko jarduera antropikoa handia dela eta, ez da ingurumen-balio nabarmenik hauteman. Planak eragindako eremua ez dator bat Natura 2000 Sareko naturagune babestuekin, ez eta inbentarioan jasotako beste eremu babestu edo natura-intereseko batzuekin ere. Halaber, ez dator bat EAEko Igarobide Ekologikoen Sareko ezein egitura-elementurekin, eta ez du inbentariatutako edo katalogatutako paisaia-baliorik, ez eta Planak uki ditzakeen kultura-ondareko elementurik ere. Ez dago ia landaredirik eremuan, espezie erruderal eta nitrofiloak baino ez.

Eremu osoa akuiferoak kutsatzeko arrisku nabarmenik ez duten guneetan dago.

Zaratari dagokionez, ia eremu osoa Bizkaiko foru-errepideen Zortasun Akustikoko Eremuaren eraginpean dago (4523/2013 Foru Agindua).

Eremuak zituen arrisku nagusiak (uholde-arriskua eta kutsatutako lurzoruen presentzia) dagoeneko aztertu eta konpondu dira. Kutsatutako lurzoruei dagokienez, lurzoruak leheneratzeko eta saneatzeko jarduketa handia egin da, Babcock&Wilcox zaharraren industria-aurriak eraistea barne, eta Ibarzaharra 04 eremuko lurzoruaren kalitatearen adierazpenarekin amaitu da. Azalera txiki bat adierazpen horretatik kanpo utzi da, IB05 lurzatiaren mugakidea den kokapenaren hegoaldeko azalera txiki bat, zeinetan karakterizazio- eta zigilatze-jarduketa gehigarriak egin beharko diren.

Uholde-arrisku arazoak konpontzeko, betelan bat egitea aurreikusi da, etorkizuneko urbanizazioaren kotak Uraren Euskal Agentziak ezarritako uholde-arriskuko koten gainetik egon daitezen.

Uraren Euskal Agentziak egindako txostenen eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak emandako lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren arabera, ez dago eragozpenik eremua garatzeko, betiere aipatutako txostenetan ezarritako baldintzak betetzen badira.

Plan Bereziaren garapenak ez du eragin zuzenik izango Ballonti ibaiaren ibilguan; izan ere, eremua, punturik hurbilenean, ibaitik 70 metro baino gehiagora dago, eta Ibarzaharra 06ren lursailek banantzen dute –eremu hori, gaur egun, garatzen ari da–.

Zaratari dagokionez, Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak bidalitako espedientean inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat dago, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera egina. Ibarzaharra 04 lurzatia etorkizuneko b) motako eremu akustiko industrial batean dago; beraz, bete beharreko maila 70 dB-koa (A) izango litzateke, goizez eta arratsaldez, eta 60 dB-koa (A) gauez. Hala ere, planak merkataritza-establezimenduak ezartzeko aukera planteatzen du, eta, beraz, eremu akustikoa hirugarren sektoreko d) motakotzat hartzeko aukera ere baloratu da. Haren kalitate akustikoaren helburuak honako hauek dira: 65 dB (A) goizez eta arratsaldez, eta 60 dB (A) gauez.

2 metroko altuerako zarata-mapek erakusten dute ia eremu osoan betetzen direla etorkizuneko industria-eremu baterako ezarritako KAHak. Etorkizunean hirugarren sektoreko erabilera emateko aukera kontuan hartuz gero, KAHak ez lirateke beteko barne-bide nagusitik eta BI-3746 errepidetik gertuen dagoen gunean.

Fatxadako zarata-mailak ezarritako KAHen azpitik daude, bai eraikinak hirugarren sektorerako erabiltzen badira, bai industriarako erabiltzen badira.

Ekipamendu-lurzati publikoak (SLEP-01) ez du, oraingoz, erabilera esleiturik. Eraikina hezkuntza-, osasun- edo kultura-arlorako erabiltzen bada (irakurketa-gelak edo ikasgelak baditu) edo egoitza-arlorako, goizez eta arratsaldez bete beharreko KAHak baino 9-10 dB (A) gehiago sortuko dira eta gauekoak baino 12 dB (A) gehiago. Beraz, kanpoko espazioan eragin akustikoa murrizteko irtenbideak aztertu beharko dira. Kanpoan aplikatu beharreko KAHak neurri zuzentzaile bideragarriekin betetzea ezinezkoa bada, eraikuntza-lizentzia eman ahal izateko, une horretan BABE baten barruan egon beharko du, eta dagokion Zonako Plana izan beharko du. Lurzatia beste edozein erabileratarako bada, KAHak beteko dira, eta, beraz, ez da beharrezkoa irtenbide gehigarririk hartzea.

Industriarako-hirugarren sektorerako eremu berriaren garapenak lehendik dauden bideetan trafikoa handitzea eragingo du. Horrek Elguero auzoko zarata-maila 1 dB (A) inguru handitzea ekarriko du, baina ez du inola ere ekarriko lehendik dagoen a) bizitegi-eremu akustiko baterako ezarritako KAHak ez betetzea.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko urriaren 15eko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.

Aipatutako ingurumen-organo horrek emandako irismen-dokumentuan eskatutako zabaltasun, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da Plan Bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Ingurumen-izapidean adierazitako alderdi guztiak bete direla irizten da; planifikazio-prozesuan ingurumenean eragin daitezkeen ondorioak kontuan hartu direla bermatzeko behar bezain zorrotz bete direla, hain zuzen.

C) Plan Berezia izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, bai eta hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Halaber, Plan Bereziak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

D.1.– Uholde-arriskuak murrizteko neurriak.

500 urteko errepikatze-denborako uholde arriskutik babestea ahalbidetzen duten eremurako aurreikusitako beharrezko jarduketa guztiak kontuan hartuko dira.

Jabari publiko hidraulikoari eragin diezaiokeen edo harekin lotutako babes-eremuetan (zortasun- eta polizia-eremuak) kokatzen den edozein jarduketa egiteko, aurretik arroaz arduratzen den erakundearen baimena beharko da. Erakunde horrek lanen ezaugarriak eta eraginak zehazki aztertu eta, beharrezkoa bada, dagozkion betekizunak ezarriko ditu.

D.2.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko apirilaren 7ko Ebazpenari jarraituz, zeinaren bidez Babcock&Wilcox Española SAren kokalekuaren zati bateko lurzoruaren kalitatearen adierazpena egin baitzen –orain Ibarzaharra 04 deitua, Sestao eta Valle de Trápaga-Trapagarango udal-mugarteetan kokatua–, ekainaren 25eko 4/2015 Legean araututako prozeduraren arabera (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko Legea), kokaleku horretako lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarritzat jotzen da, baina honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Eremuko betelanetan erabili beharreko materialak jatorrian kontrolatu beharko dira. Eremuko betelanetan erabiltzen diren material guztien jatorria egiaztatuko da. Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten kokalekuetatik datozen materialei dagokienez, ingurumen-organoaren baimenak dituztela egiaztatuko da, eta, materialak eraispenetatik badatoz, kokalekuetara bisita egingo da, material desegokiez gain (plastikoak, egurrak, etab.), Ibarzaharra 04 eremura iristen diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kalitateari eragin diezaioketen hondakin edo elementu kutsatzaile guztiak behar bezala kendu direla egiaztatzeko.

– Betetze-materialak helmugan kontrolatu beharko dira. Eremura sartzen den kamioi bakoitzaren kontrola egingo da. Materialen ingurumen-egokitasunari buruzko zalantzarik izanez gero, gaitutako eremu batean deskargatuko dira eta lagin bat hartuko da, horiek aztertu eta Lurzoruaren Kalitatearen Adierazpenean ezarritako onarpenerako muga-balioak betetzen dituzten egiaztatzeko.

– Sartzen den materialaren kokapen espaziala kontrolatu beharko da, eremu osoa estaliko duen lauki baten bidez. Bertan, materialak deskargatzen dituzten kamioi guztien deskarga idatziz jasoko da, horietako bakoitzaren deskarga-puntu zehatza ezagutzeko.

– Materialak hondeatu behar baldin badira, hondeaketa-plan bat idatzi beharko da eta horrek ingurumen-organoaren onarpena beharko du.

– Eremuan ezarri beharreko erabilerak eta arriskuen analisian kontuan hartutakoak desberdinak badira, beste kalkulu batzuen bidez justifikatu beharko da arrisku onartezinik ez dagoela.

– Kokalekuan jarduketak egiten hasi ondoren, etorkizunean ezarritako erabilerak edo jarduerak aldatu, zabaldu edo moldatu beharra baldin badago eta horrek materialak hondeatzea eskatzen badu, jarduketa horiei ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie (lurzoruaren kalitatearen adierazpen-prozeduretatik salbuesteko kasuei buruzkoa da), bai eta hura garatzeko araudian ezarritakoa ere.

Plan Berezia landu eta izapidetu bitartean, aldaketak egin dira antolamendu xehatuan, lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako arriskuen azterketa egiteko oinarritzat hartu zen erabileren banaketari eragiten diotenak. 2021eko apirilaren 7ko Ebazpenean eskatutakoarekin bat etorriz, nahitaezkoa izango da deklarazio hori baliozkotzea, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.3 artikuluari jarraituz (lurzoruaren kalitatearen arloko deklarazio-prozeduretatik salbuesteko kasuei buruzkoa), bai eta hura garatzeko araudiari ere.

D.3.– Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.

Azkenean, ekipamendu publikorako lursail horrek zaratarekiko sentikorra den erabilera bat badu, azterketa akustiko osagarri bat egin beharko da, behin betiko eraikina kontuan hartuta, lursail horrek izango duen afekzio akustikoa eta etorkizuneko eraikinaren gaineko afekzioak murrizteko egon daitezkeen konponbideak aztertzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

D.4.– Lurraldeko paisaia leheneratzeko neurriak.

Ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, proiektuaren exekuzioaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz landareztatze-lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.

Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko neurriak hartuko dira (Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo bestelakoak). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartu beharko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin iraulitako eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, espezie horien propaguluak izan ditzakeen landare-lurraren kudeaketa bereizia proposatuko da.

Planaren esparruko espazio berdeak diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» hartuko da kontuan, Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20. zenbakia b (2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza).

D.5.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko ezaugarriei dagokienez, dagokien «Eraikuntza iraunkorrerako gida» lanean jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energiaren ekoizpena eta/edo energiaren kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

D.6.– Aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean ingurumena babesteko neurri orokorrak.

Oro har, ingurumen-balioak babestea lehenesten duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunaren gaineko eragin negatiboak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin Toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen Errege Dekretuari (ekainaren 2ko 679/2006) jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eraginik ez izateko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, egunez lan egingo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

E) Ingurumen Jarraipeneko Plana.

Azterlanak ikuskatze-programa bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk hautemateko. Hainbat kontrol proposatzen dira, Planaren esparrukoa den proiektuaren obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

Ezarritako kontrolei lurzoruaren kalitatearen adierazpenean ezarritako lurpeko uren kalitate-kontrolak gehitu beharko zaizkie.

F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2019ko urriaren 15ean emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea Valle de Trápaga-Trapagarango eta Sestaoko udal-mugarteetan kokatuta dagoen Ibarzaharra 04 (AIS-IB-04 Ibarzaharra) zerbitzugunearen eta industrialdearen Plan Bereziaren Aldaketa onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, proiektua ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea erabakitzen. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Valle de Trápaga-Trapagarango Udalari eta Sestaoko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 13a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala