Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

169. zk., 2021eko abuztuaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4557

AGINDUA, 2021eko uztailaren 14koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2021eko ekitaldirako laguntzetarako deialdia egiten duena.

Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikaren abenduaren 23ko 17/2008 Legearen (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 2008ko abenduaren 31koa, 250. zk.) VII. titulua ordezkaritza eta elkarte-antolaketari buruzkoa da. Horrela, honako hau dio 85. artikuluak: «EAEko administrazioek harremana eta zerbitzua eman behar diete laborantzan, abeltzaintzan eta basogintzan (hots, orokorrean nekazaritza eta elikagaigintzan) jarduten diren pertsonei, fisiko nahiz juridiko izan». Beraz, arloarekin zerikusia duten elkarteak eratzea eta haiei eustea bultzatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako politikak diseinatzeko solaskide garrantzitsuen izaera ematen zaie, eta, horretarako, EAEko administrazioek behar diren baldintzak sortuko dituzte elkarte horiek nekazaritza eta elikagaigintzako azpisektoreen interesen ordezkari izan daitezen. Elkarteen barnean, nekazarien elkarte profesionalak nabarmendu behar dira, eta hala egiten da 87. artikuluan. Nekazarien elkarte profesionalak dira, hain justu ere, beren estatutuan nekazarien interes sozioekonomikoen ordezkari eta defentsari izateko eginkizun orokorra jasota daukaten elkarteak eta, gutxienez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten dutenak. Bete behar dituzte, gainera, 87. artikuluan aipatzen diren betebeharrak. Elkarteak eta batez ere nekazarien elkarte profesionalak solaskide eraginkorrak dira, eta haien bidez bideratzen dira ordenamendu juridikoan jasotako kontsultak.

Lehen sektorearen egituratze sozial eta profesionaleko tresna gisa jarduten dutenez, nekazarien elkarte profesionalek zenbait gastu ordaindu behar dituzte eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bidez, elkarlanean jarduten du sindikatu-jarduerak etengabe hobetzen jarraitzeko. Hori da, hain zuzen ere, agindu honen xedea: 2021eko ekitaldiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako laguntzetarako deialdia egitea, hain justu ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko interlokuzio sozialeko funtzioak gauzatzeko, betiere EAEko nekazaritza-sektorearen gaien arloan, eta, oro har, nekazaritza-sektorearentzako aholkularitzako jarduera sindikalei eusteko, eta, halaber, bazkideei dagokienez. Sustapen-lan hori ez da berria, 2003ko ekitaldiaz geroztik aplikatzen ari den dirulaguntzen arloko programa bat da eta.

Dirulaguntza horiek honako hauetan araututa daude: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006; eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua.

Era berean, agindu honen bidez iragarritako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori «Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021-2022 eta 2023rako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzekoa», eta Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» webgunean argitaratuta dago, sailari buruzko eremuan, «Planak eta proiektuak» atalean.

Programa honen finantzaketa 2021eko ekitaldiari dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera. Deialdi honetarako laguntzen zenbatekoa 241.000 euro izango da.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea eta ezaugarriak.

1.– Agindu honen xedea da, 2021eko ekitaldiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako laguntzetarako deialdia egitea, hain justu ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko interlokuzio sozialeko funtzioak gauzatzeko, betiere EAEko nekazaritza-sektorearen gaien arloan, eta, oro har, nekazaritza sektorearentzako aholkularitzako jarduera sindikalei eusteko, eta, halaber, bazkideei dagokienez.

2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak ez dira itzuli beharrekoak izango.

Bigarrena.– Onuradunak.

Honako hauek izango dira sindikatu izaerako nekazaritzako erakunde profesional onuradunak: Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektorearen interes orokorrak ordezkatzea eta defendatzea xedetzat dutenak eta nekazaritzako profesionalez osaturik daudenak, diharduten nekazaritzaren ekoizpen-azpisektorearengatik inolako bereizketarik egin gabe, eta seigarren ebazpen-zatiko betebeharrak betetzen badituzte.

Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Elkarrizketa sozialeko jarduketak diruz lagundu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektoreari buruzko gaietan, eta nekazaritza-sektoreari eta, zehazki, afiliatuei orientazioa eta aholkularitza emateko gaietan, betiere Agindu honetan xedatutako baldintza subjektiboak, objektiboak eta aldi baterakoak betetzen badituzte. Jarduketa horiek 2021eko ekitaldian zehar gauzatu beharko dira.

Laugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

1.– Dirulaguntzaren xede diren jarduerak gauzatzerakoan sortzen diren gastuak joko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat, hala nola:

a) Jarduera sindikaletan erabiltzen diren lokalak egokiro mantentzea.

b) Jarduera sindikaletan diharduten langileak edukitzeko egiten dituzten lan-kontratuei eustea.

c) Nekazaritza-sektoreko profesionalei aholkularitza eta informazio sindikala emango dieten langileen lan-kontratu berriak egitea.

d) Gastu arruntak, ez inbertsiokoak.

Edonola ere, gastu horiek diruz lagundu ahal izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.

2.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –zenbait hornitzailerenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta dirulaguntzaren aurretik ez den egin gastua.

Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.

3.– Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduerak azpikontratatu ahal izango ditu, gehienez ere % 50eko ehunekoan. Horretarako, honako hauetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan.

Bosgarrena.– Finantzaketa.

Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoek Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean zehaztutako aurrekontu-kredituetan izango dute jatorria (241.000 euro zehazki).

Seigarrena.– Erakunde onuradun izateko betekizunak.

1.– Laguntza-eskatzaileek baldintza hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, legez eratuak izatea eta Elkarteen Erregistroan inskribaturik egotea.

b) Beteta edukiko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak. Dirulaguntzen itzuleragatiko betebeharrak ordainduta edukitzea, indarrean dauden arauetan ezarritako baldintzetan. Baldintza hauek beharrezkoak izango dira onuradun izateko eta emakida eta ordainketa egiteko orduan.

c) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez.

d) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoari jarraikiz.

e) Zuzendaritza-organoetan emakumeak izatea, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko 8/2015 Legearen 19. artikuluan eta bigarren xedapen gehigarriaren 2. lerrokadan adierazitakoa aplikatuz. Bigarren lerrokada horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio eskudunek ez diete laguntzarik ez dirulaguntzarik emango nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte edo erakundeei, baldin zuzendaritza-organoetan emakumerik ez badute.

2.– Era berean, deialdi honen xede den dirulaguntza eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako debekuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 50. artikuluan jasotakoak ez gauzatzea.

– Erakunde eskatzaileak Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. artikuluan nekazarien elkarte profesionalei ezartzen zaizkien baldintzak betetzea, hau da:

• Beren estatutuetan nekazarien interes sozioekonomikoen ordezkari eta defentsari izateko eginkizun orokorra jasota izatea eta, gutxienez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jardutea.

• Nekazaritzako azpisektore batean edo batzuetan benetan ezarrita egotea.

• Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita egotea gaur egun, eta gutxienez, laguntza eskatu aurreko bi urteetatik hona, etengabe.

• Bulego irekiak eta giza baliabide nahikoak edukitzea, nekazariei behar bezalako laguntza emateko moduan, edo, kasuan kasu, erakunde kidetuei laguntza emateko moduan.

• Irabazi-asmorik ez izatea.

Zazpigarrena.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Laguntza-eskaerak (eranskin gisa erantsi da eredua) Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bideratuko zaizkio, eta elektronikoki aurkeztuko dira.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira. Horretarako, euskadi.eus egoitza elektronikoan sartu beharko da, ebazpen-zati honetako hurrengo apartatuan adierazitako helbideen bitartez.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

Euskara: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1029007

Eskabidea egin osteko izapideak helbide elektroniko hauen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta eta https://www.euskadi.eus/micarpeta.

4.– Laguntza-eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eraketa-akta eta dagokion administrazio-organoak ikus-onetsitako estatutuak. Baldintza hori ez dute bete beharko agindu honen kontura laguntza jaso duten nekazarien elkarte profesionalek: «A, 2020ko apirilaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2020ko ekitaldirako laguntzetarako», estatutuetan egindako aldaketen kasuan salbu (halakoetan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari eman beharko zaio haien berri).

b) Ekitaldian zehar egingo diren ekintzak justifikatzeko memoria, ondoko ekintzak adieraziz eta kuantifikatuaz:

1) Jarduera sindikalen koordinazioa.

2) Sektoreko elkarteekiko eta administrazioekiko lankidetza.

3) Administrazioarekin zerikusia duten prozeduretan, nekazariekiko eta abeltzainekiko lankidetza, aholkularitza, laguntza eta kudeaketa.

4) Prestakuntza-, informazio- eta dinamizazio-jardueren antolakuntza.

5) Nekazaritzako politiken segimendua eta zabalkundea.

6) Euren interesak defenditu eta sustatzeko, bazkideei emandako beste edozein zerbitzu.

c) Erakunde bakoitzaren afiliatu kopurua, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian daudenen kopurua zehaztuta; hori egiaztatzeko, erakunde bakoitzeko idazkariak egindako ziurtagiria aurkeztuko da.

d) Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko aukeretan parte hartzeko erabakiaren, zehazki, erakundeak hartutakoaren ziurtagiria.

e) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko deklarazioa, honako hauek jasota:

1) Beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu izana, dagozkion zenbatekoei eta erakunde-emaileei buruzko informazio zehatza eskainiz.

2) Dirulaguntzak itzultzeko prozedura edo zehapen-prozeduretan sartuta ez egotea. Eta, EAEko Administrazio Orokorrak, bere erakunde autonomoek eta sektore publikoko beste erakunde batzuek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi bada prozedura, oraindik izapidetan egotea.

3) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

4) Ez izatea zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen duena.

5) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenen batean ez izatea.

f) Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan ezarritako gainerako baldintzak artikulu horren 4., 5., 6. eta 7. apartatuetan ezarritakoaren arabera egiaztatu beharko dira.

5.– Automatikoki, berariazko baimenik gabe, egiaztatuko du organo kudeatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Hala ere, pertsona edo enpresa eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, eta, hala egiten badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Era berean, eskabidearen bidez baimena emango zaio organo kudeatzaileari egiaztatu dezan inskripzioa indarrean dagoela Elkarteen Erregistroan.

6.– Erakunde eskatzaileek ez dute aurkeztu beharrik izango aurrez edozein administraziori aurkeztutako dokumenturik, berariaz adierazten badute dokumentu horietan ez dela izan aldaketarik. Ondorio horietarako, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen aipatutako dokumentuak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeko 28. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutako ondorioetarako.

7.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasita. Eskabideak ez baditu betetzen eskatutako betekizun guztiak, erakunde interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo behar diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

8.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileek aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

9.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edota agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio erakunde eskatzaileari.

Zortzigarrena.– Laguntzen kudeaketa.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari dagozkio, baita diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egitea ere. Horrela, egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu zuzendaritzak, dirulaguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko; horretarako, onuradunak eskatzen zaizkien agiriak eta informazioa aurkeztera behartuta daude.

Bederatzigarrena.– Laguntzak esleitzea eta haien zenbatekoa kalkulatzea.

Agindu honetan jasotako baldintzak betetzen dituzten erakundeak izango dira laguntzen onuradun. Onuradun gertatzen den erakunde profesional bakoitzak jasoko duen zenbateko osoa ezin izango da justifikatutako gastuak baino handiagoa izan, eta honako prozedura honen arabera zehaztuko da:

a) Lehenengo eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021eko ekitaldiko aurrekontu orokorretan xede horretarako erreserbatuta dagoen zenbatekoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoen artean banatuko da, parte berdinetan, eta ateratzen den zenbatekoa izango da lurralde historiko bakoitzean diharduten erakunde profesional guztiek batera jasoko duten gehieneko zenbatekoa.

b) Lurralde Historiko bakoitzari egotzitako zenbatekoa honelaxe banatuko da:

– Heren bat uniformeki banatuko da, lurralde historikoan diharduten erakunde profesionalen artean.

– Beste heren bat proportzionalki banatuko da erakunde profesionalen artean; hain zuzen ere, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian izena emanda dauden afiliatu kopuruaren arabera, zazpigarren ebazpen-zatiko 4.c) letran ezarritakoarekin bat.

– Gainerako herena proportzionalki banatuko da, justifikatzeko memorian aipatutako jardueren arabera eta jarduera horien zenbatekoa kontuan harturik.

Hamargarrena.– Ebazpena.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariaren ebazpen bidez emango dira dirulaguntzak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrerako sei hilabeteko epean.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

a) Onartutako eskabideei dagokienez:

1) Erakunde onuradunen izenak.

2) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa.

3) Diruz lagundutako zenbatekoa.

4) Aurreikusitako jarduerak egiteko epea.

5) Zehapen-prozeduraren batean edo itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaitu egin beharko da, emateko ebazpena eta, hala badagokio, ordaintzekoa onartzeko. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko gaitasungabetzea badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.

b) Onartu ez diren eskabideei dagokienez:

1) Pertsona edo erakunde eskatzaileen izena.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

4.– Laguntza emateko edo ukatzeko ematen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoarekin bat.

5.– Laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu honen itzalpean laguntza jasoko duten elkarteen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa zehaztuta duela, hura jendaurrean jartze aldera.

6.– Agindu honetan jasotako laguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasitako edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea.

Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.

Hamaikagarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 50. artikuluan ezarritako betebeharrak, eta honako betebehar hauek ere bai:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzaren onuradunak ez badio berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunetan, onartu egiten duela ulertuko da.

2.– Eskatutako informazio guztia ematea Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eginkizunetan.

3.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatzi baten bidez. Aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean egin beharko da jakinarazpen hori, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea idatzi bidez Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari. Aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean egin beharko da jakinarazpen hori, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.

5.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.

6.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean mantentzea. Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du betebehar hori betetzen dela, onuradunen aldetik berariazko baimenik behar izan gabe; berariaz uko egiten zaionean salbu, kasu horretan, egiaztatu egin beharko baitu mutur hori.

Hori guztia 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz (1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluari dagokionez.

7.– Proiektua zabaltzeko egiten diren agirietan eta publizitatean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz sartuko da (https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/).

Hamabigarrena.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Dirulaguntza bi alditan ordainduko da. Lehenengo ordainketa, onartutako zenbatekoaren % 50ekoa, onartzeko ebazpena eman eta gero; eta bigarren ordainketa, gainerako % 50ekoa, gastua justifikatu ondoren. Gastua justifikatzeko, azaroaren 17ko 30/2003 Legearen 38. artikuluan xedatutakoa bete beharko da, eta honako dokumentazio hau aurkeztu:

a) Diruz lagundutako jarduerak eragindako gastuen zerrenda sailkatu bat.

b) Merkataritza-zirkulazio juridikoan baliokide diren fakturak edo dokumentuak, edo administratiboki eraginkorrak direnak, aurreko apartatuan aipatutako zerrendan jasotzen direnak, eta erakunde finantzarioak egindako ordainketaren ziurtagiria (egindako ordainketaren banku-ziurtagiria, aurkeztutako ordainagiriekin bat datorrena).

c) Beste administrazio edo erakunde publiko batzuek, edo izaera pribatuko pertsonek –fisikoek zein juridikoek– emandako laguntzen ziurtagiria eta xede bererako emandako laguntzena.

2.– Kudeaketa egokia eta artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren laguntzen ordainketa bermatzeko, justifikazio-agiriak aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik edo jarduerak bukatzen diren egunetik hasita, egun hori geroagokoa bada. Nolanahi ere, justifikazioa 2022ko urtarrilaren 31 baino lehenago egin beharko da.

3.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren titularrak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu beharrezkoa baderitzo, betiere arrazoiak emanda.

4.– Onuradunei dirulaguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko dirulaguntzak edo laguntzak direla-eta bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta edukitzea.

5.– Dirulaguntzak xede duen proiektua 2021. urtean zehar egiten ez bada, edo ezarritako epean hori egiaztatzeko agiriak aurkezten ez badira, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

6.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesduneko zure datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Hamahirugarrena.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak lortzen badira, hori justifikatu eta jakinarazi beharko zaio, idatziz, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun baliodunen barruan, eta, edonola ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Horretarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berrira egokitzeko, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak arautzen duen itzulketa-prozedura hasiko du.

2.– Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, jarduerak ez badira gauzatzen, jarduerak aldatu edo birprogramatzen badira baina proiektua ez bada funtsean aldatzen eta, betiere, agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, idatziz, baina dirulaguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.

Aitzitik, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, jarduerak gauzatzen ez badira, jarduerak aldatu edo birprogramatzen badira eta, horren guztiaren ondorioz, proiektua funtsean aldatzen bada baina laguntza helburu bererako erabiltzen bada, hori Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak.

Honako hauek hartuko dira aldaketa funtsezkotzat:

1) Aldaketa esanguratsuak egitea edo eskaeran hasieran ezarritako helbururen bat ezabatzea.

2) Aurreikusitako jarduketen exekuzio-epea.

3) Eskaeran aurreikusitako jarduketaren bat bertan behera uztea, laguntza jarduera jakin horretarako eman bada.

4) Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuz.

5) Sindikatu-jarduerak modu egokian garatzeko beharrezkoak diren ekipamenduko ondasunak eta bitarteko teknikoak erabiltzeko epea bi urtetik behera murriztea, horiek dirulaguntza emateko xederako erabiltzen direnean.

6) Onuradunaren nortasun juridikoa aldatzea, horrela, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. artikuluan xedatutako baldintzak betetzen ez baditu.

Aldaketak direla-eta ez da inoiz emandako laguntza handituko.

Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute biderik emango laguntza ematea xedatzen den ebazpena aldatzeko.

3.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta, ondoren, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

Hamalaugarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin ahal izango du bere eskabidean. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera-egitea jasota uztea ahalbidetzen duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin dagozkion sinadurak baditu, betiere. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, guztiz onartuko du atzera-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du erakunde horri dagokionez.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio erakunde onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin, betiere. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du atzera-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du erakunde horri dagokionez.

Hamabosgarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua zati batean betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (erakunde interesduna entzunda), ebazpen bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partzialki edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dagozkion legezko interesak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzkoa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

Hamaseigarrena.– Bateragarritasunak.

Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko, sail, organismo edo erakunde publiko zein pribatu batek emandako xede bererako laguntzekin, laguntzen pilaketak jardueraren kostuaren ehuneko ehun gainditzen ez badu eta gainfinantzaketa ez badakar.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 14a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala