Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

155. zk., 2021eko abuztuaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4296

192/2021 DEKRETUA, uztailaren 27koa, zeinaren bidez 17.631.227,15 euroko kredituak txertatzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2021eko Aurrekontuan, EAEk bere gain hartu dituelako espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko esparruan Estatuak eskualdatu dizkion eginkizunak eta zerbitzuak.

Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak 75. artikuluan xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen eta/edo zerbitzu berriak eskuratzen baditu Estatutik, eskumen-aldaketaren ondorioz sortutako obligazioak eta likidatuko diren ekonomia-eskubideak betetzeko behar diren kredituak txertatu beharko dira aurrekontu orokorretan; horretarako, Jaurlaritzak eskumen eta/edo zerbitzu berriari dagokion aurrekontua onartu beharko du ekitaldia amaitzeko geratzen den aldirako, Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia azkeneko aldiz Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egun baliodun igaro baino lehen.

2021eko uztailaren 7ko Estatuko Aldizkari Ofizialean, ekainaren 29ko 447/2021 Errege Dekretua argitaratu da, zeina espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko esparruan Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen dizkion eginkizun eta zerbitzuei buruzkoa baita; eta 2021eko uztailaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, uztailaren 6ko 169/2021 Dekretua argitaratu da, zeinaren bidez onartzen baita Transferentzien Batzorde Mistoak 2021eko maiatzaren 10ean arlo horri dagokionez hartutako erabakia.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko uztailaren 27an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Kredituak txertatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2021eko aurrekontuan.

1.– 17.631.227,15 euroko gastuen egoera-orria onartzen da, betebehar hauei aurre egiteko behar den zenbatekoaz osatua: espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko esparruan Estatutik hartutako eginkizun edo zerbitzu berrien ondoriozko betebeharrak.

2.– Jasotako eskumen berriari dagokion sarreren egoera-orria 17.631.227,15 eurokoa da.

3.– Aurreko apartatuetan aipatzen diren sarreren eta gastuen egoera-orriak 2021eko urriaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra arteko aldiari dagozkio. Honela xehatzen dira:

(Ikus .PDF)

Bigarren artikulua.– Kredituak txertatzearen ondorioak.

1.– Ekonomia eta Ogasun Sailak aurreko artikuluan aipatu diren gastuen eta sarreren egoera-orriak integratuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko Aurrekontuan, dagozkion ondorio juridikoak izan ditzan, eta, bereziki, egoera-orri horien kontabilitatea, exekuzioa eta ondorengo likidazioa egoki gauza daitezen.

2.– Martxoaren 23ko 2/2007 Legearen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak finantzatzeko foru-aldundiek egin beharreko ekarpenak zehazteko eta baliabideak egoki banatzeko metodologia onartu zen 2007-2011 aldirako; bada, metodologia horren 9. artikuluaren 1. apartatuan xedatzen denarekin bat etorriz, Kupoaren metodologiatik sortutako kenkariei –metodologiaren 2. artikuluan zehaztuak– beste kenkari osagarri bat egingo zaie 2021eko ekitaldian, 17.631.227,15 eurokoa.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako metodologiaren 9.3 artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz, eta eskualdatze berriak finantzatze aldera, foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiari ekarpen berezi eta osagarri bat egingo diote 2021eko ekitaldian; 17.631.227,15 euroko ekarpena, hain zuzen ere.

4.– Aurreko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako ondorioak egun honetatik aurrera aplikatuko dira: espetxe-arloko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea eraginkorra den egunetik aurrera.

Hirugarren artikulua.– Kupoan gutxitze bat aldatzearen ondorioak.

1.– Abenduaren 28ko 11/2017 Legeak Euskadiko Kupoa zehazteko metodologia onartu zuen 2017-2021 bosturterako; bada, metodologia horren 11. artikuluaren Bat eta Bi apartatuen arabera, 2021eko ekitaldiko kupo likidoa benetan gutxitzearen ondoriozko emaitza izango da behin betiko zenbatuko dena dekretu honen aurreko artikuluaren 2. apartatuan aipatutako kenkari osagarrian.

2.– Emaitza hori bera zenbatuko da, halaber, dekretu honen aurreko artikuluaren 3. apartatuan aipatu den ekarpen berezi eta osagarrian.

3.– Baimena ematen zaio Ekonomia eta Osasun Sailari, artikulu honetan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz egin behar den aldaketa oro egiteko.

Laugarren artikulua.– Legebiltzarrari jakinaraztea.

Ekonomia eta Ogasun Sailak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari jakinaraziko dio dekretu honetan xedatutakoaren babesean egindako kreditu-kontsignazioa.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu honek 2021eko urriaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak; hau da, eskualdatzearen eraginkortasun-egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala