Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

151. zk., 2021eko uztailaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4214

181/2021 DEKRETUA, uztailaren 20koa, EAEko langile autonomoen elkarte profesionalen erregistroaren antolaketa eta funtzionamendurako araudia onartzen duena.

Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legeak, 19.1.b) artikuluan, langile autonomoei aitortzen die, besteak beste, langile autonomoen elkarte profesional espezifikoak sortu eta horietako kide izateko eskubidea. Horrenbestez, langileek, eskubide kolektiboen titular direnez gero, agindu horretan jasotako eskumenak baliatzeko ahalmena dute.

Horrez gain, langile autonomoek beren interes profesionalak defendatzeko elkarte profesionalak eratzeko eskubidea dutela arautzen du aipatu 20/2007 Legeak, 20. artikuluan. Artikulu horrek berak, 3. zenbakian, bai eta Legearen seigarren xedapen osagarriak ere, berariaz aurreikusten dute elkarteak bere jarduera nagusia garatzen duen autonomia erkidegoak erregistro espezifikoa eta berezitua izango duela, eta hain zuzen, han inskribatu eta gorde beharko direla elkartearen estatutuak.

Horren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoak bere eskumenak betetzeko zerbitzu zehatzak antolatu eta ordenatzeko duen autoantolaketarako ahalmena aintzat hartuta, abenduaren 9ko 207/2008 Dekretua onartu zen, Euskadiko Lan Autonomoko Elkarteen Erregistro Berezia eratu eta arautzen duena. Dekretu horrek lau artikulu, xedapen gehigarri bat eta bi azken xedapen dauzka.

Igarotako denboraren eta legea aplikatzean metatutako esperientziaren ondorioz, haren antolaketa eta funtzionamendurako araudi berri bat garatu beharra antzeman da. Hala, batetik, gutxiengoak ezartzen dituen agindu hori garatu beharko da, eta, bestetik, pertsona juridikoen erregistro-eragiketen arauketa homogeneora egokitu beharko da, beste eremu batzuetan gertatu den bezala.

Bestalde, gai honetan erakundearen elkarte-izaera bera sartzen da; eta, hain zuzen, erkidego honek eskumen esklusiboa dauka elkarteen alorrean, hala xedatuta dago-eta abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bitartez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuaren 10.13 artikuluan. Eskumen hori Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean garatu da. Lege horren 2. artikuluaren arabera, zehazki, eginkizunak batez ere erkidego honetan garatzen dituzten elkarteetara mugatzen da aipatu eskumena.

Horrenbestez, lan autonomoko elkarte subjektibo eta objektiboki bereziek, eratzen direnean eta funtzionamenduan daudenean, kontuan eduki beharko dute autonomia-erkidego honetan aplikatzen den eta elkarteak eratzeko eskubidea arautzen duen araudi orokorra, aipatu 20/2007 Legean aurreikusitako berezitasunekin bat etorrita. Erregistro-ondorioetarako arau-irizpide berbera ezartzen da. Beraz, dekretu honek onartzen duen araudia osatu behar du EAEn elkarteen gainean indarrean den erregistro-arau orokorrak.

Dekretu honek bost kapitulutan banatutako araudia xedatzen du. Hona hemen kapituluak: xedapen orokorrak, antolaketa, inskripzioa, publizitate formala eta aholkularitza-funtzioa. Halaber, hamabost artikulu eta lau xedapen gehigarri daude.

Dekretua egitean, langile autonomoen elkarteak eta Euskadiko Lan Harremanen Kontseilua kontsultatu dira.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortzen, ezabatzen eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, 16. artikuluan, Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio lan-arloko eskumenak.

Hori dela bide, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko uztailaren 20ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Dekretu honen xedea da EAEko Langile Autonomoen Elkarte Profesionalen Erregistroaren Antolaketa eta Funtzionamendurako Araudia arautzea. Araudi hori, hain zuzen, Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legean dago jasota, eta Euskadiko Lan Autonomoko Elkarteen Erregistro Berezia eratu eta arautzen duen abenduaren 9ko 207/2008 Dekretuak sortu zuen.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau indarrean jarri aurretik hasitako espedienteak une horretara arte indarrean egon diren xedapenen arabera izapidetu eta ebatziko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

1.– Indarrik gabe geratzen da Euskadiko Lan Autonomoko Elkarteen Erregistro Berezia eratu eta arautzen duen abenduaren 9ko 207/2008 Dekretua, lehen artikulua izan ezik, hots, bere sorrerari buruzkoa.

2.– Lan autonomoko elkarteak, haien konfederazioak, federazioak eta batasunak, aipatu 207/2008 Dekretuaren arabera inskribatuta daudenak, arau honetan araututako liburura pasatuko dira, baina erregistroan duten zenbakiari eutsiko diote.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 20an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

UZTAILAREN 20KOA, 181/2021 DEKRETUAREN ERANSKINA
EAE-KO LANGILE AUTONOMOEN ELKARTE PROFESIONALEN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDURAKO ARAUDIA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Erregistroaren izaera.

EAEko Langile Autonomoen Elkarte Profesionalen Erregistroak administrazio-izaera du, eta herritarrentzako nahiz erregistro horretan sartzeko interesa duten erakunde publiko edo pribatuentzako zerbitzu publiko gisa eratuta dago.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Jarduerak batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan garatzen dituzten eta sozietatearen helbidea eremu horretan ezarrita daukaten langile autonomoen elkarteak inskribatu beharko dira, bai eta haien federazioak, konfederazioak edo batasunak ere.

2.– Ondorio horietarako, langile autonomoen elkarte profesionalek beren jarduerak batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dituztela ulertuko da baldin eta elkartekide diren pertsonen ehuneko berrogeita hamar baino gehiago bertan helbideratuta baldin badago.

3.– Langile autonomoen elkarte profesionalen izaera edukiko dute elkarteek, baldin eta irabazi-asmorik ez badute, Lan Autonomoaren Estatutuaren 1. artikuluan jasotako pertsona fisikoak biltzen badituzte, eta elkarte-kideen interes profesionalak eta funtzio osagarriak defendatzea badute xede.

3. artikulua.– Erregistroaren eginkizunak.

EAEko Langile Autonomoen Elkarte Profesionalen Erregistroaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko langile autonomoen elkarte profesionalak eta elkarte profesionalen konfederazio, federazio eta batasunak kalifikatu eta inskribatzea, eta erregistrora sartzen den dokumentazioa eta bertan gordailututa geratu behar dena zaintzea eta gordetzea.

b) Erregistroaren publizitatea egitea, Erregelamendu honen 14. artikuluan ezarritako baldintzetan.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko langile autonomoen elkarte profesionalak eta langile autonomoen elkarte profesionalen konfederazio, federazio eta batasunak eratzeko betekizunei buruz eskatzen den informazioa ematea, bai eta inskribatzeko beharrezkoa den dokumentazioa eta erregistroaren funtzionamenduarekin lotutako beste edozein gairi buruzko informazioa ere.

II. KAPITULUA
ERREGISTROAREN ANTOLAKETA

4. artikulua.– Antolaketa.

Erregistro bakarra egongo da Euskal Autonomia Erkidego osorako, Eusko Jaurlaritzako lan-arloko sail eskumendunaren zuzendaritzari atxikita eta haren mende. Izan ere, erregistroa zuzendaritza horrek zuzendu eta kudeatuko du, erregistroaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzko dekretua betez.

5. artikulua.– Erregistro-liburuak.

1.– Langile autonomoen elkarte profesionalak eta langile autonomoen elkarte profesionalen konfederazio, federazio eta batasunak inskribatzeko liburu bat egongo da erregistroan.

2.– Inskribatutako erakunde bakoitzak erregistro-orri bat edukiko du erregistroan, eta hari zenbaki ordinal bat esleituko zaio.

3.– Orri bakoitzean, hasieran, honako hauek jaso beharko dira:

a) Esleitzen zaion erregistro-zenbakia.

b) Erakundearen izen zehatza eta osoa.

c) Elkartearen, konfederazioaren, federazioaren edo batasunaren helbidea, bertan adierazita herria eta kalea, zenbakia edo kokapena, udalerria eta lurralde historikoa.

d) Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ).

e) Jarduteko lurralde-eremua.

f) Beste elkarte, federazio, konfederazio eta batasun batzuetako kide-izaera, hala badagokio.

g) Federazioen, konfederazioen eta batasunen kasuan, horiek osatzen dituzten elkarteak.

4.– Ondoren, erregistro-orri bakoitza lau zutabetan banatuko da, honako epigrafe hauen arabera: «ohar marjinalak», «data», «idazpen-zenbakia» eta «inskripzio-idazpenak».

5.– Lehenengo idazpena eraketarena izango da, eta ondoren datozenak korrelatiboki zenbatuko dira, ordena kronologikoan. Elkarte bati dagokion orria amaitutakoan, beste bat zabalduko da ondoren, zenbaki berberarekin, jarraian alfabetoko lehen letra duela. Gainerako letrak sor daitezkeen hurrengo orrietan erabiliko dira.

6. artikulua.– Erregistro-idazpenak.

1.– EAEko langile autonomoen elkarte profesionalak eta haien federazio, konfederazio eta batasunak inskribatzeko liburuan, idazpen mota hauek agertuko dira:

a) Inskripzioak.

b) Ohar marjinalak.

c) Ezereztea

2.– Idazpenak laburrak izango dira, eta inskribatu gura den dokumentua kasuan kasuko artxibora bidaliko da.

3.– Inskripzio-idazpenetan dokumentuaren izaera eta mota, data, lekua eta baimena eman edo agiria igorri duen pertsona adierazi beharko dira. Nolanahi ere, idazpena zer egunetan egin den eta erregistroaren ardura duen funtzionarioaren sinadura jasoko dira, Bigarren Xedapen Gehigarriko 2. zenbakian ezarritakoaren arabera.

4.– Idazpenen luzapenean egindako akatsak zuzentzeko, beste idazpen bat egin beharko da, non zuzendutako akatsa eta hasieratik egin behar zen idazpenaren nondik norakoak adieraziko diren.

5.– Elkarte batek inskribatutako erregistro-idazpenak ezereztu egingo dira, baldin eta haiek kalifikatzeko beharrezko betekizunak galtzen badira, nola ofizioz, hala erakunde interesdunak eskatuta, eta, nolanahi ere, hura iraungi delako edo beste elkarte batekin bat egitean xurgatu delako edo zatitu egin delako, hala badagokio.

III. KAPITULUA
LAN AUTONOMOKO ELKARTEEN ETA HAIEN BATASUN, FEDERAZIO ETA KONFEDERAZIOEN INSKRIPZIOA

7. artikulua.– Inskribatu beharreko egintzak.

Honako hauek inskribatuko dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan diharduten langile autonomoen elkarte profesionalaren eraketa eta langile autonomoen elkarteen batasun, federazio eta konfederazioen eraketa. Eraketa egiaztatzeko aski izango da eraketa-aktaren dokumentu pribatua, bai eta elkartearen estatutu onartuak eta lehen gobernu-organoaren izendapena ere.

b) Estatutuen aldaketak.

c) Gobernu-organoaren aldaketak.

d) Inskribatutako erakundeen bateratzea edo zatiketa.

e) Desegitea eta likidazioa Edonola ere, likidazioaren idazpena praktikatzeko behar den dokumentazioan, ondasunen xedea egiaztatuta jaso beharko da.

f) Administrazioaren edo epaileen ebazpenak, legez aurreikusitako eran.

8. artikulua.– Inskribatu beharreko elkarte-akordioen dokumentazioa.

1.– Oro har, aurreko artikuluko a) eta f) apartatuetan ezartzen diren kasuetan izan ezik, inskripzioa egiteko eskabidearekin batera, inskribatu nahi den elkartearen kide anitzeko organoak hartutako erabakiaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, formatu elektronikoan, lehen xedapen gehigarriko 3. zenbakian ezarritakoa betez, non, gainera, idazkariaren sinadura eta presidentearen oniritzia agertu behar diren.

2.– Erabakia jasotzen duen akta ziurtatzeko egintzan, edonola ere, jasota geratu beharko dira hura emateko tokia eta data, bai eta bertan agertzen diren eta hartutako erabakiaren baliozkotasuna eta erregulartasuna kalifikatzeko kontuan hartu diren inguruabar guztiak ere.

9. artikulua.– Kalifikazioa.

1.– Inskribatzeko aurkeztutako dokumentuen kalifikazioa lege hauetan xedatutakoaren arabera emango da: Langile Autonomoaren Estatutuari buruzko 20/2007 Legearen 20. artikulua, eta, modu osagarrian, Elkartzeko eskubidea aitortzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoa eta Euskadiko Elkarteen 7/2007 Legea eta horiek garatzen edo ordezten dituzten arauak.

2.– Kalifikazioa bateratua eta orokorra izango da. Inskripzioa ukatzen bada, hari lotutako egitateak eta hautsitako xedapenak azalduko dira, ukatzea eragin duten akatsak argi zehaztuz.

3.– Kalifikazioaren emaitza interesdunei jakinaraziko zaie Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan.

4.– Inskripzioa ukatzen duen kalifikazio-ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan. Kalifikazioaren aurkako errekurtsoak ez dira inola ere kontraesanezkoak izango alderdien artean, elkartearen barruan sortzen diren auzigaiei dagokienez.

10. artikulua.– Elkartearen eratze-egintzaren inskripzioa.

1.– Eratze-egintza inskribatzeko, fundazio-akta aurkeztu beharko da, euskarri informatikoan, lehen xedapen gehigarriko 3. zenbakian ezarritakoa betez. Aktan, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legeak 8. artikuluan ezarritako alderdiak jaso beharko dira.

Langile autonomoen elkarte profesionalen federazioek, konfederazioek eta batasunek, aktarekin batera, elkarte sortzaileetako organo eskudunaren erabakiaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Erabaki horretan, hain zuzen, erakundea eratzeko asmoa dagoela erakutsi behar da.

2.– Elkartearen estatutu onartuak ere aurkeztu beharko dira. Aukeratu diren presidenteak eta idazkariak elektronikoki sinatuta egon beharko dira.

3.– Estatutuen edukiak bete behar du aipatu 7/2007 Legearen 9. artikuluan ezartzen dena, eta zehaztapen hauek bereziki:

a) Elkartearen xede eta jardueretan batez ere langile autonomoen interes profesionalak defendatu beharko dira, Lan Autonomoaren Estatutuen uztailaren 11ko 20/2007 Legeak 20.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

b) Izendapenak espezialitate subjektiboa eta helburuena aipatu beharko ditu.

c) Elkartearen jarduera-eremua batez ere Euskal Autonomia Erkidegoa izan beharko da.

d) Betekizun hori betetzat joko da, baldin eta elkartekideen erdia baino gehiago Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratuta badago.

e) Zuzendaritza Batzordearen osaera eta karguen banaketa jasota agertu beharko dira.

4.– Halaber, identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) aurkeztu beharko da.

11. artikulua.– Elkartearen estatutuen aldaketa inskribatzea.

Estatutuak aldatzeko inskripzio-eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Estatutuak aldatzeko erabakia jasotzen duen aktaren ziurtagiria, Erregelamendu honen 8.2 artikuluan ezarritakoaren arabera emana.

b) Estatutu berrien testu osoa, presidenteak eta idazkariak sinatuta, bertan jaso beharko direlarik aldatutako artikuluak.

12. artikulua.– Bateratzea edo zatiketa inskribatzea.

1.– Elkarte bat bateratzearen edo zatitzearen ondorioz elkarte berri bat eratzen bada, aurkeztutako dokumentazioan jaso beharko dira araudi honetan elkarteak eratzeari dagokionez adierazitako alderdi guztiak.

2.– Nolanahi ere, ofizioz ezereztuko dira guztiz xurgatu edo bereizi den elkarteari dagokion erregistro-orriko idazpenak.

IV. KAPITULUA.
ERREGISTROAREN PUBLIZITATEA

13. artikulua.– Erregistroko informazioaren izaera eta eskabidea.

1.– Erregistroa publikoa da bertan inskribatutakoa ezagutzeko interesa dutenentzat.

2.– Erregistroko informazioa eskatzeko, idazkia bidaliko da erregistrora, paperean edo horretarako prestatutako prozedura elektronikoen bidez. Informazioa eskatzaileak aukeratutako euskarrian emango da; ahal dela, bitarteko elektronikoen bidez.

14. artikulua.– Erregistroaren publizitatearen forma eta edukia.

1.– Publizitatea eraginkorra izango da 15 eguneko epean, dagokion erregistroan gordailatu diren idazpen eta dokumentuen ziurtagiria, informazio-oharra edo kopia aurkeztuta.

2.– Aipatzen diren dokumentu artxibatuen eta inskribatutako egintzen ziurtagiriak soilik eman ahalko dira.

3.– Erregistroaren publizitatea eraginkorra izango da, baldin eta datu pertsonalak babesteko arauak betetzen badira, hots, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta hura garatzeko arauetan ezarritakoak.

V. KAPITULUA
AHOLKULARITZA

15. artikulua.– Kontsultak.

1.– Langile autonomoen elkarte profesionalek, haien federazio, konfederazio edo batasunek, sustatzaile, agintari eta funtzionarioek eta haiei zerbitzuak eman dizkien edo haietan eginkizunak bete behar dituen beste edozein profesionalek beren kontsultak planteatu ahal izango dituzte erregistroan, haren eskumeneko gaiei buruz.

2.– Erantzunek informazio-balio hutsa izango dute. Ez dute eskubiderik edo eskubide-itxaropenik sortuko, eta ezingo da haien aurka errekurtsorik jarri. Hala ere, unean-unean eman daitekeen ebazpenaren aurka errekurtsoak jarri ahal izango dira.

3.– Emateko gehienezko epea hilabetekoa izango da.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Erregistroko liburuak betetzean, haien egiazkotasuna eta segurtasuna bermatzeko beharrezko bitarteko informatikoak baliatuko dira. Liburuetan egiten diren idazpenak erregistroaren ardura duen funtzionarioak baimenduko ditu, zuzendaritza eskuduneko titularrak erabakitakoa betez eta erregelamendu honetako bigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz.

2.– Erregistroan agertzen diren datu eta dokumentuak tratatu eta artxibatzeko erabiliko diren bitarteko eta prozedura informatikoek aukera eman beharko diote erregistroari bere funtzioak ahalik eta modurik egokienean betetzeko.

3.– Inskribatu behar diren dokumentuak euskarri elektronikoan aurkeztuko dira, horretarako prestatutako aplikazioaren bidez. Inskribatzeko eskatzen diren dokumentu elektronikoek sinadura elektroniko kualifikatua eduki behar dute, horrela ezartzen baita 210/2014 Erregelamenduan (EB) eta azaroaren 11ko 6/2020 Legean (konfiantzazko zerbitzu elektronikoen zenbait alderdi arautzen dituena).

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren webgunean kontsulta daitezke konfiantzazko zerbitzu kualifikatuen emaileak.

4.– Erregistroaren publizitatea eraginkor bihurtuko da, ahal dela, bitarteko elektronikoak erabilita, eta, edonola ere, haren gaineko interesa duen pertsonak espresuki hala eskatu duenean.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Eskumena.

1.– Eskumena duen zuzendaritzako titularraren ardura da, arau honen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, inskribatu behar diren egintzak kalifikatu eta inskribatzeari buruzko ebazpenak ematea, bai eta erregelamendu honetan arautzen diren gainerako gaiei buruzko ebazpenak ematea ere.

2.– Aurreko zenbakian aipatu den zuzendaritzan maila goreneko zereginak egiten dituen funtzionario teknikoaren ardura izango da, erregistroaren arduraduna denez gero, erregelamendu honen 14. artikuluan arautzen den erregistroaren publizitatea egitea.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Erregulazio osagarria.

1.– Dekretu honetan espresuki arautu ez diren errekurtsoen eta gainerako prozedura-alderdien ondorioetarako, osagarri moduan aplikatuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta hura garatzeko arauak.

2.– Elkarteak hartzen dituen erabaki inskribatu beharrekoak agiri bidez egiaztatzeari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrerako arautzen dena aplikatuko da, osagarri moduan.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kideen aldaketa jakinaraztea.

Arau honen 10.3.d) artikuluan xedatutakoari dagokionez, erregistroan inskribatzen diren langile autonomoen elkarte, federazio, konfederazio eta batasun profesionalek nahitaez egiaztatu behar dute kideen kopuru eguneratua, baita egoitza EAEn dutenen ehunekoa ere.


Azterketa dokumentala