Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2021eko uztailaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4149

AGINDUA, 2021eko ekainaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baitzaie unibertsitatez kanpoko ikasketak –heziketa-zikloak izan ezik– ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei hezkuntza-bikaintasuneranzko prestakuntza-proiektuak egin ditzaten 2021-2022ko ikasturtean.

Hezkuntza Sailak, hezkuntzako hainbat eragilerekin batera, adostu zuen «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa». Bertan, jarduera-ildo estrategiko nagusiak jasotzen dira; horien artean, irakasleen etengabeko prestakuntza bultzatzea aurreikusten da, irakasle bakoitzaren gaitasun-profila osatzen laguntzeko. Izan ere, gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaren erronkari aurre egiteko, beharrezkoa da hezkuntza-prozesuan esku hartzen duten eremuetako bakoitzean trebatutako irakasleak izatea.

Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuaren arabera, hauek garatu behar ditu Oinarrizko Hezkuntzak modu integralean: pertsonaren gaitasunak, eta norberaren errealizazio eta garapenerako bizi osoan zehar beharko dituen oinarrizko konpetentziak, herritar aktiboak, gizarteratzea eta enplegua lortzeko. Era berean, zehaztuta dago ikasleek, Oinarrizko Hezkuntza amaitzen dutenerako, hezkuntza-xedeak betetzeko eta bizitzaren esparru eta egoera guztietan moldatzen jakiteko oinarrizko konpetentziak barneratuta izan behar dituztela. Eta, hori lortzeko, euskal hezkuntza-sistemako irakasleek konpetentzien profil egokia eduki behar dute, beren egitekoak eta lanak baldintza onenetan bete ahal izateko. Alde horretatik, irakasleen prestakuntzaren helburua da behar den konpetentzia-profila erdiestea ikasleek irteera-profilean ezarritako konpetentziak eskura ditzaten. Hortaz, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak bultzatutako prestakuntza-jardueren ezaugarriak, besteak beste, honako hauek izango dira: hezkuntza berriztatzeko proiektuak sustatuz bikaintasuna bultzatzea eta profesionalen arteko lankidetza-prozesuetan laguntzea (berdinen arteko prestakuntza, sareak sortzea).

Testuinguru horretan, Hezkuntza Sailak, 236/2015 Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarria betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema hobetzeko plana onartu du. Plan horretan, euskal hezkuntza-sistema osoa ekitatearen eta kalitatearen aldetik bikaintasunerantz joateko neurri guztiak daude jasota, eta, bertan, garrantzi berezia izango dute konpetentzien araberako ereduaren bidez Oinarriko Hezkuntzaren helburuak lortzeko estrategiek. Plan horretan jasota dauden ildo estrategikoetako bat da «Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza» bultzatzea. Unibertsitatez kanpoko irakasleen etengabeko prestakuntzarako planaren lehentasuneko ildo bat ere bada. Nazioarteko ikerketek bat egiten dute esatean irakaskuntza hobetu nahi duen edozein ekimen irakasleen mende dagoela, aldaketaren eragile nagusiak baitira; izan ere, hezkuntzaren kalitatearen hobekuntza irakaskuntzaren kalitatearen hobekuntzaren mende dago.

Ekitatearen eta bikaintasunaren helburu horiek lortzeko, hezkuntza-sistemak prest egon behar du hezkuntza-lanaz eta eskola-testuinguruko ikaskuntzaz etengabe hausnartu, gaurkotu eta hobetzeko. Eta hezkuntza-komunitate osoa, bai hezkuntza-zentroa, bai irakasleak eta gainerako profesionalak, baita familiak ere, funtsezko eragileak dira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan, eta etengabeko hobekuntza-prozesuaren eragile aktibo izan behar dute.

Horregatik, proposatzen da prestakuntza- eta berrikuntza-jarduerak eta -proiektuak ikastetxeen barrutik eta haien premietatik abiatzea, soluzioak ikastetxean bertan aplika daitezen eta inpaktu nabaria izan dezaten, halako eran non hasierako egoera aldatzen dela ikusiko baita. Ikastetxe jakin baten barruko bikaintasun-proiektuek eta -esperientziek inpaktu handiagoa dute, irakasleei, gainerako langileei eta ikasle guztiei eragiten baitiete, eta antolaketa aldatzeko bidea izan baitaitezke. Hori dela eta, Hezkuntza Sailak ikastetxe guztiak gonbidatzen ditu proiektuak aurkez ditzaten, irakasleen etengabeko prestakuntza berrikuntzaren bidetik eramateko, inpaktu positibo bat sorraraziz ikastetxearen ohiko dinamikan eta lan-praktika egokiak partekatuz, bai ikastetxean bertan bai beste ikastetxeekin, eta horrela «inter pares» prestakuntzaren balioa azpimarratuz.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdi hau elektronikoki izapidetuko da.

Kontuan hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua (EHAA, 47. zk., 2021eko martxoaren 5ekoa), eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako xedapenekin, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin (EAEko Administrazio Publikoaren dirulaguntzak arautzen dira titulu horretan) eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenekin, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da dirulaguntzak ematea unibertsitatez kanpoko edozein irakaskuntza-maila eta -mota ematen duten itunpeko ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza Sailaren mende ez dauden titulartasun publikoko ikastetxeei, heziketa-zikloak soilik ematen dituztenei izan ezik, baldin eta 2020-2021eko ikasturtean berrikuntza-proiektu baterako dirulaguntza jaso badute, curriculuma aberasteko modalitatean edo berrikuntza-proiektu integralen modalitatean, hezkuntzaren bikaintasuneranzko prestakuntza-proiektuen deialdiaren barruan, eta proiektua 2021-2022ko ikasturtean amaitu nahi badute.

2. artikulua.– Onuradunak.

Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke itunpeko ikastetxe pribatuak eta Hezkuntza Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitatez kanpoko edozein irakaskuntza-maila edo -mota emateko baimena badute, heziketa-zikloetako irakaskuntzak soilik ematen dituztenak izan ezik eta bi baldintza hauetako bat betetzen badute:

2019-2020ko ikasturtean berrikuntza-proiektu integral bati edo curriculuma aberasteko proiektu bati ekin zioten ikastetxeak, eta proiektuaren hirugarren eta azken urtea egin nahi dutenak.

2020-2021eko ikasturtean berrikuntza-proiektu integral bati edo curriculuma aberasteko proiektu bati ekin zioten ikastetxeak, eta proiektuaren bigarren eta azken urtea egin nahi dutenak.

3. artikulua.– Deialdiaren diru-zuzkidura.

1.– Helburu hori lortzeko, 66.000,00 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura.

2.– Zuzkidura hori honela banakatuta geratzen da:

a) 45.000,00 euro, berrikuntza-proiektu integraletarako, lurraldeka honela banatuta: 9.000,00 euro Arabarako, 21.000,00 euro Bizkairako eta 15.000,00 euro Gipuzkoarako.

b) 21.000,00 euro, curriculuma aberasteko proiektuetarako, lurraldeka honela banatuta: 6.000,00 euro Arabarako, 10.000,00 euro Bizkairako eta 5.000,00 euro Gipuzkoarako.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Deialdi honen kargura, ikastetxe eskatzaileak 2020-2021eko ikasturtean zer proiektu-modalitaterako lortu zuen finantzaketa (berrikuntzako proiektu integralak edo curriculuma aberastekoak), modalitate horretarako soilik jasoko du finantzaketa.

2.– Finantzatu nahi diren proiektuak garatzearekin eta gauzatzearekin zuzenean lotutako gastuak estaltzeko baino ez dira erabiliko dirulaguntzak.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat jo ahal izango dira hizlariak kontratatzea eta inplikatutako irakasleen proiektuarekin lotutako jarduerak egitea. Prestakuntza-jardueraren gastu gisa hartu ahal izango dira honako hauek: prestakuntza-jardueraren kostua –prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera–, prestakuntzarako laguntza-material bibliografikoa eta hizlariaren joan-etorriek, ostatuak edo mantenuak eragindako dietak, hizlaria prestakuntza ematen duen erakundeaz kanpokoa bada eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen badira. Hizlariaren joan-etorriek, ostatuak edo mantenuak eragindako gastuei dagokienez, hemen ezarritako irizpide ekonomikoak hartuko dira kontuan: 121/2006 Dekretua, ekainaren 13koa, Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko Dekretua hirugarren aldiz aldatzekoa. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen lekualdatze- edo mantenu-gastuak.

4.– Proiektuari atxikita egonda diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 lagunduko da diruz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, gehieneko hauekin, betiere:

– 3.000 euro, berrikuntza-proiektu integralen eta curriculuma aberasteko proiektuen bigarren urtea egiteko.

– 2.000 euro, berrikuntza- proiektu integralen eta curriculuma aberasteko proiektuen hirugarren urtea egiteko.

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak 2021eko irailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartekoak izango dira.

5. artikulua.– Azpikontratazio-araubidea.

Azpikontratazioaren gehieneko ehunekoa % 50 izango da. Azpikontratazio horrek bete beharko du oinarrizko araudi gisa honako hauek xedatutakoa: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikulua (2003ko azaroaren 18ko BOE, 276. zk.) eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 68. artikulua (2006ko uztailaren 25eko BOE, 176. zk.).

6. artikulua.– Baztertzeak.

Baztertu egingo dira 2020-2021eko ikasturtean onartutako proiektuak jarraitzeko ez diren proiektu guztiak, curriculuma aberasteko proiektuen eta berrikuntza-proiektu integralen modalitateei dagokienez. Hau da, 2020-2021eko ikasturtean bi modalitateetako lehen edo bigarren urteak egin zituzten ikastetxeen eskaerak baino ez dira onartuko, proiektua amaitutzat emateko.

7. artikulua.– Berrikuntza-proiektu integralak eta curriculuma aberasteko proiektuak.

1.– Deialdi honen bidez 2021-2022ko ikasturtean finantzaketa lortuz 2019-2020ko ikasturtean edo 2020-2021eko ikasturtean hasitako prozesua amaitu nahi duten ikastetxeek atal hauek sartu beharko dituzte jarraipen-eskabidean:

– Diagnostikoa.

– Helburu estrategikoak, proiektuak irauten duen bitartean garatuko direnak.

– Helburu orokorrak, ikasturtean garatuko direnak.

– Hartzaileak.

– Gauzatuko diren ekintzak, irakasleentzako prestakuntza-jarduerak barne.

– Aurrekontua.

– Plangintza eta gauzatzeko egutegia. Garapen-faseak eta epeak.

– Proiektua ebaluatzeko irizpideak eta emaitzak eta inpaktua neurtzeko adierazleak.

2.– Ikastetxe interesdunak proiektu integralaren datu teknikoak eta aurrekontu-datuak bete beharko ditu (https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2021/bikaintasunerantz/y22-izapide/eu/) estekan eskura duen aplikazio informatikoan, eta ikastetxearen urteko plana erantsiko du.

3.– Hezkuntza berriztatzeko proiektu integralean eta curriculuma aberasteko proiektuan sartuta egon behar du klaustro osoak, orotara. Proiektua garatzeko eta gauzatzeko, gutxienez 45 ordu egongo dira aurreikusita.

8. artikulua.– Baldintza orokorrak eta haien egiaztapena.

1.– Prozeduran parte hartzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko dute ikastetxeek, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, deialdi honen 10. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Honako egoeraren batean dauden ikastetxeek ezin izango dute laguntza eskatu, eta ezin izango dira erakunde onuradun izan:

– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan azaldutako egoeraren batean daudenak.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboren bat duten ikastetxeak, eta horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren bat dutenak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioa egiteagatik gertatutakoak barne.

– Ikastetxe eskatzaileek egunean izan behar dituzte dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak; betekizun hori eskatuko da bai onuradun izateko eta bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten segitzeko.

Alde horretatik, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute erakundeek, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.

3.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteaz batera eskatzaileak laguntza ematen duen organoari baimena ematen dio zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikulua eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den moduan.

4.– Eskaerarekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:

– Ez dela eskuratu helburu bererako inolako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik ezein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.

– Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako egoeraren batean.

– Eskabidea egin duen ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak badakiela zer proiektu aurkeztu den eta onartu egin duela.

– Proiektuaren datuak bete dituela hemen: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2021/bikaintasunerantz/y22-izapide/eu/

5.– Deialdiko dirulaguntzen onuradun izateko eskatutako betekizunak bete egin behar dira emandako dirulaguntza likidatu arte; beraz, egiaztatuko da bete egiten direla dirulaguntza emateko orduan eta ordainketak egiteko orduan.

6.– COVID-19 izurriteak eragindako egoeraren bilakaera ziurtasunez iragartzea ezinezkoa denez, beharrezkoa da ikastetxeek aurreikustea proiektua irakaskuntza ez-presentzialera nola egokitu.

9. artikulua.– Proiektua aurrera eramateko laguntzak.

1.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak zaindu behar du proiektu integrala edo curriculuma aberasteko proiektua martxan jartzen direla; eta ikasketa-burutzak garapen guztia koordinatu behar du, edo, bestela, irakasle bat jarri behar du koordinatzaile gisa. Hori eginez gero, irakasle hori bera arduratuko da aldian behin ikasketa-burutzari proiektuaren garapenari buruzko eta egindako ekintzei buruzko informazioa emateaz, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da horrekin zerikusia duten gaiak lantzen direnean.

2.– Ikastetxeak, bere burua antolatzeko autonomiaren barruan, koordinatzaileen eskola-ordutegiak egokitu ahal izango ditu, eskola-orduen kopuruari eta banaketari dagokienez, proiektuan duten funtzioarekin bateragarri egiteko; betiere, kasuan kasuko irakaskuntzen ikasturte-hasierako zirkularretan jasotako araudia betez eta ikastetxearen ordutegi-aukeren arabera.

3.– Proiektu integral bat edo curriculuma aberasteko proiektu bat onartuta daukaten ikastetxe guztiek erreferentziako aholkulari bat izango dute gutxienez, zonako Berritzegunean, eta hura arduratuko da, ikastetxean proiektua koordinatzeaz arduratzen den pertsonarekin batera, proiektuaren jarraipen- eta ebaluazio-lanak egiteaz.

10. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ikastetxe bakoitzak eskabide bat aurkeztu ahal izango du hezkuntza-bikaintasunerako proiektu-modalitate bakoitzeko. Ikastetxeak hainbat eskabide aurkezten dituenean modalitate desberdinetarako, proiektu bakoitzak lortutako puntuazioa izango da ordenatzeko irizpidea, eta puntuazio handiena duenak izango du lehentasuna. Modalitate bererako eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, ez da bat bera ere onartuko.

2.– Eskabide-eredua (II. eranskina) egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2021/bikaintasunerantz/y22-izapide/eu/. Ikastetxe interesdunek eskabide bakarra aurkeztu ahal izango dute, 1. artikuluan jasotako bi modalitateetako edozein barne hartzen duena.

3.– Zentro eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten moduan. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

Eskabidea egin ostean, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/ web-orriaren bidez egin beharko dira hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak, bai eta justifikazio-izapidea ere.

4.– Eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, ikastetxeari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren arabera ebazpena eman ondoren.

11. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.

12. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Bertan, bi sexuetako ordezkariak egongo dira, eta gutxienez % 40ko orekari eutsi beharko zaio. Honako hauek osatuko dute balorazio-batzordea:

– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako Etengabeko Ikaskuntza eta Irakasleen Hobekuntzarako Zerbitzuaren arduraduna, batzordeburua izango dena.

– Hezkuntza Berriztatzeko lurralde-burutzen arduradunak edo haiek izendatutako ordezkariak.

– Berritzeguneko zuzendari bat, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak izendatua.

– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako Etengabeko Ikaskuntza eta Irakasleen Hobekuntzarako Zerbitzuko teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena.

13. artikulua.– Eskabideak hautatzea.

1.– Proiektuak aukeratzeko, eskabideak baloratzeko finkatutako baremoa hartuko da kontuan (I. eranskina). Ukatu egingo dira gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.

2.– Proiektuak egokiro baloratzeko, ebaluazio-batzordeak ikastetxeek aurkeztutako proiektuei buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkie laguntza-zerbitzuei.

3.– Ebaluazio-batzordeak egingo ditu ebazpen-proposamenak, eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariari helaraziko dizkio. Proposamen horietan, onartzeko proposatutako proiektuen zerrenda sartuko da: proiektu integralak eta curriculuma aberasteko proiektuak. Zerrendarekin batera, adierazita agertuko da horietariko bakoitzari zer dirulaguntza ematea proposatzen den. Halaber, kanpoan utzitako eskabideen zerrenda ere sartuko da, arrazoiak adierazita.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak, ebaluazio-batzordeak egindako proposamena ikusita, behin-behineko ebazpena emango du, onuradun bakoitzari emandako laguntzen zenbatekoa adierazita edo, hala badagokio, laguntza ukatzeko arrazoiak adierazita. Behin-behineko ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie interesdunei. Eskatzaileek hamar egun izango dituzte, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.

2.– Behin betiko ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu berberak izango ditu, eta elektronikoki jakinaraziko zaie interesdunei, behin-behineko ebazpena argitaratu eta hilabeteko epean, gehienez ere. Behin betiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

3.– Behin betiko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, modu telematikoan, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute eskabidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura.

15. artikulua.– Ziurtagiriak.

Proiektuan parte hartzen duen irakasle bakoitzak proiektua garatu eta egiteko jarritako orduen % 80 gainditzen badu, eta proiektu horren egikaritze-memoriak balorazio positiboa jaso badu, parte-hartzaile bakoitzari ofizioz eta banaka ziurtatuko zaizkio ezarritako orduak: 45 ordu, proiektu-mota bakoitzerako. Hala ere, ikastetxe batek ikasturte berean proiektu-deialdi batean baino gehiagotan parte har dezakeenez, inoiz ez zaio emango irakasle berari 90 ordu baino gehiagoren ziurtagiririk Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako deialdien barruan egindako proiektuengatik.

16. artikulua.– Dirulaguntzen bateraezintasuna.

Dirulaguntza hauek ezin dira bateratu helburu bererako beste ezein laguntzarekin, iturri publikoetakoak nahiz pribatuetakoak izan.

17. artikulua.– Hautatutako ikastetxeen betebehar espezifikoak.

Deialdi honetako dirulaguntzen ikastetxe onuradunek beti bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak adierazitako betebeharrak, bai eta finantzaketaren izaera publikoaren berri emateko neurriak hartzeko betebeharra ere, lege beraren 18. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan ezarritakoaren arabera. Horrez gainera, betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, hamar eguneko epean –deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera– ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz uko egiten ez badute, onartutzat joko da dirulaguntza.

b) Proiektua ikastetxeko urteko planean sartzea.

c) Zertarako ematen den dirulaguntza, horretarako erabiltzea; hau da, onartutako berrikuntza-proiektu integrala edo curriculuma aberasteko proiektua egiteko eta proiektuan adierazitako jarduerak egiteko.

d) Zonako Berritzegunearekin, Hezkuntza Ikuskaritzarekin eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzarekin lankidetzan jardutea, proiektuarekin zerikusia duten aholkularitza-, ebaluazio-, jarraipen- eta kudeaketa-lanetan.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea, deialdi honen kontura jasotako diru-zuzkidura dela eta.

f) Proiektua gauzatu izana justifikatzeko agiriak ezarritako epean eta moduan aurkeztea. Era berean, aplikazio informatikoan bertan horretarako ezarritako jarraipenerako inprimaki guztiak (Excel formatuan) beteko dira.

g) Berrikuntza-proiektu integralak edo curriculuma aberasteko proiektuak egiteko diru-zuzkidura esleitzen zaien ikastetxeei dagokienez, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzarekin eta unibertsitateekin elkarlanean arituko dira, etorkizuneko irakasleak ikastetxe berritzaileetako benetako hezkuntza-praktiketan integra daitezen laguntzeko, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetako praktiketako ikasleak onartuz, baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleak Prestatzeko Unibertsitate Masterreko praktiketako ikasleak ere.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Ikastetxe onuradunei eman beharreko dirulaguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

a) Lehendabizikoan, parte hartzeko hautatutako proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 70 ordainduko da, esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren, berariazko ukapenik egon ezean.

b) Bigarren igorpena 2022an egingo da, hurrengo apartatuan aurreikusitako baldintzen arabera emandako dirulaguntza justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoan.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Berandu jota 2022ko ekainaren 15ean, ikastetxe onuradunek proiektuaren garapena, egikaritza, helburuen lorpena, egindako jarduerak eta proiektuaren ebaluazioa azalduko dituen txosten bat aurkeztu beharko dute, bai eta proiektuak eragindako gastuen justifikazio-kontu erraztua ere, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/ webgunean. Justifikazioak baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, ikastetxeentzako atariaren bidez: «Herri-ikastetxeak/Deialdiak» (https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak). Horretarako, aplikazio horretan ezarritako inprimaki guztiak betetzeko dituzte (III. eranskina).

Proiektuaren garapen eta ebaluazioari buruzko txostenean, gainera, honako hauek jasoko dira inpaktuaren adierazle gisa: landutako materialen kopurua eta edukia; zenbat ikaslerengan izan duen eragina; egindako prestakuntza-jardueren kopurua eta edukia; horietan parte hartu duten irakasleen kopurua eta ehunekoa, eta ea, prestakuntzaren barruan, praktikaren bat ezarri den ikasgelan.

Justifikazio-kontuan, jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da, honako hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, data eta, ordainduta badago, noiz ordaindu zen. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, adieraziko da zer desbideratze egon den aurrekontu hori oinarritzat hartuta, bai eta diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako sarreren xehetasunak ere, zenbat eta nondik etorri diren adierazita.

2.– Hezkuntza Sailak justifikazio-kontuan aipatutako gastuen jatorrizko fakturak bidaltzeko eskatuko die proiektu integralak edo curriculuma aberasteko proiektuak aurkeztu dituzten hiru zentro onuraduni (bat lurralde bakoitzeko), dirulaguntza egoki aplikatzen dela arrazoitzen duen ebidentzia jasotzeko.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik eginez gero, jakinarazi egin beharko da eta, ondorioz, gerta daiteke dirulaguntzak eman dituen ebazpena aldatzea, betiere onuradun izateko dirulaguntza-arauan ezarritako gutxieneko baldintzak errespetatuta. Proiektuari egoztekoak diren gastu justifikatuek ez badute emandako dirulaguntzaren zenbatekoa gainditzen, zuzkidura murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.

21. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.

1.– Ikasturtearen amaieran, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion Berritzeguneko batzorde pedagogikoak txosten bat egingo du, aukeratu diren hezkuntza-bikaintasunerako prestakuntza-proiektuak nola garatu diren azaltzeko. Txosten horiek Etengabeko Ikaskuntza eta Irakasleen Hobekuntzarako Zerbitzuari eta Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde Burutzari igorriko zaizkio, eta ikastetxe bakoitzaren eskura egongo dira bertan.

2.– Proiektuen garapenean, ikasturtean zehar, gorabehera esanguratsurik gertatuz gero, zonako Berritzeguneko zuzendaritzak Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari eta Lurralde Burutzari emango die horren berri, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak behar diren neurriak har ditzan deialdia behar bezala betetzeko.

3.– Hezkuntzako Ikuskaritzak, ikastetxeei egindako bisitaldietan, kontrolatuko du zenbateraino betetzen diren diruz lagundutako proiektuak, ikastetxeko urteko planean jaso behar baitira. Ez-betetzerik ikusiz gero, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari jakinaraziko dio.

22. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.

1.– Dirulaguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen mende egongo dira, eta –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz–, honako kasu hauetan, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

a) Hauetan adierazitako itzulketa-kausaren batean egotea: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatua, edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura.

b) Erakunde onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede bererako.

c) Ez gauzatzea dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera.

d) Ez justifikatzea eskatutako xede jakinetarako aplikatu izana.

e) Oro har, ez betetzea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan ezarritako betebeharrak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen aipatutako legea), bai eta agindu honetan edo emakida-ebazpenean ezarritakoak ere.

2.– Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak (dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen). Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

23. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta «Ikaskuntza eta hezkuntza berriztatzeko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko.

Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: Ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Hartzaileak: Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Araudi Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari, beste organismo publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

Agindu honetan araututako laguntzek ez dituztenez betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. 1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak, ez dira estatu-laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 30a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala