Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2021eko uztailaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4142

332/2021 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Osakidetza-Euskal Osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariarena, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzan Transplanteetako Ospitale Barneko Koordinatzaile lanpostua izendapen aske bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzen den, bere funtzioak Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuan betetzeko.

Transplanteetako Ospitale Barneko Koordinatzaile lanpostua hutsik geratuko dela aurreikusi da, Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzan (Zuzendaritza Nagusian) dagoena, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuan bere funtzioak beten dituena. Horrenbestez, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak lanpostua izendapen aske bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 27. artikuluan, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera.

OINARRIAK

– Lanpostuaren eginkizunak.

Eginkizunak Osasun sailburuaren 1992ko martxoaren 10eko Aginduan (1992-03-17ko EHAA 53 zk.) ezarritakoak izango dira; Agindu horren bidez antolatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Transplanteen Koordinazio Taldea.

– Lanpostuaren atxikipena.

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia. Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritza. Ospitaleko Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetza. Transplanteetako Koordinazio Orokorra. Lanpostuaren funtzioak Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuan beteko dira (Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea). Lanaldia: 08:00etatik 15:00etara.

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea mediku kategorian (A1) /erizain kategorian (B1).

b) Medikuntzan lizentzia edo gradua izatea eta A1 lanbide-taldeko edozein espezialitatea edukitzea; OLT titulazioa edo Erizaintzako Unibertsitate diploma izatea, edota Erizaintzako gradua.

c) Bi urteko lan-esperientzia izatea, gutxienez, mediku kategorian (A1) /erizain kategorian (B1).

d) 2. hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-datarik gabe.

e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetzako Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.

2.– Kontuan hartuko diren merezimenduak.

Honako arlo hauetako eskarmentua eta ezagutzak baloratuko dira:

– Organo eta ehunak emateari eta transplantatzeari buruzko prestakuntza.

– Esperientzia emaileak detektatu, ebaluatu eta mantentzen.

– Esperientzia berri txarrak ematen.

– Taldeak antolatu eta kudeatzeko gaitasuna.

Era berean, lanpostu horretan aritzeko balioa eransten duten eta interesgarritzat jotzen diren merezimendu guztiak aurkez daitezke.

3.– Euskararen ezagutza.

Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

4.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.

Interesdunek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Zuzendaritza Nagusian, helbide honetan: Araba kalea, 45. Vitoria-Gasteiz. Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran ere aurkeztu ahal izango dira.

Interesdunek haien eskabidea Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabidetako Zuzendaritzara bidali beharko dute datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako Curriculum Vitaearekin.

Agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finko dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Baloratu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

Osakidetzako CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

5.– Balorazio Batzordea.

Balorazio batzordea osatuko da, batzordeburua Giza Baliabideen Hautaketako eta Horniketako zuzendariordea edo hark eskuordetzen duena izanik, eta hauexek izango dira bertako partaideak: Asistentzia Sanitarioko zuzendaria, Osakidetzako Transplanteen koordinatzaile nagusia, eta Giza Baliabideen Hautaketako Zuzendariordetzaren teknikaria (idazkari izango dena, ahots eta botoarekin).

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta egitekotan, izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginda, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua haietako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango.

6.– Hautaketa-prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedura amaitzeko Ebazpena.

Hemen abiatzen den prozedura amaitzeko (lanpostua esleitzea edo lanpostua hutsik uztea), ebazpena eman behar du Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak. Hori intranetean eta Osakidetzako webgune korporatiboan argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean behintzat.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 23a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria,

MARÍA PILAR URIARTE BRIZUELA.


Azterketa dokumentala