Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2021eko uztailaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4139

877/2021 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez dei egiten den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko Erreumatologiako Zerbitzuburu Sanitario lanpostu bat lehiaketa bidez betetzeko.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIan Erreumatologiako Zerbitzuburu Sanitario lanpostua hutsik dagoenez, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori lehiaketa bidez betetzeko deialdi publikoa argitaratzea, arau hauetan ezartzen denari jarraiki: Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko Hirugarren Arau Komuna; Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua; Osasun zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua. Hauek dira oinarriak

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan, eskaerak aurkezteko epeko azken egunean baldintza hauek betetzen dituztela frogatzen dutenek hartu ahal izango dute parte:

a) Pertsonal estatutarioa, funtzionario edo lan kontratudun finkoa izatea Osakidetzako edozein zentrotan, edo pertsonal estatutario finkoa izatea Osasun Sistema Nazionaleko Erakunde Sanitarioetan, eta A1 lanbide-taldekoa izatea.

b) Medikuntzan lizentziatura eta Erreumatologiako espezialitatearen titulazioa edukitzea.

c) Gutxienez, 4 urteko lan-esperientzia izatea Erreumatologiako Fak. Esp. Mediku bezala.

2.– Deialdia argitaratzea.

Ebazpen hau osorik argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), eta Osakidetzako web-orrian.

3.– Eskabideak non eta noiz aurkeztu.

Interesdunek Osakidetzako Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Langileen Zuzendaritzara (Gurutzetako Plaza 12. 48903 Barakaldo) aurkeztu beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Ebazpena dagokien Aldizkari Ofizialetan argitaratzen den azken egunaren hurrengo egunetik aurrera. Halaber, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran ere aurkeztu ahal izango dira (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea).

Interesdunek eskabidea datu pertsonal guztietan bete eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dute.

Dokumentazioa honelakoa izan behar da:

– NANaren, pasaportearen edo gida-baimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo langile estatutario izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua (Lanpostu Funtzionalen Dekretuaren arabera).

– Egindako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua, deialdia EHAAn argitaratu zen eguneko kategoria zein den adierazita.

– Bete nahi den zerbitzuko kudeaketari buruzko txosten proiektua.

– Meritu baloragarri guztien fotokopia konpultsatua.

Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazi den bezala egiaztatzea CV aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala egiaztatuta dauden guztiak, baina izangaiak eskabidean adierazi behar ditu.

4.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Zuzendaritza Gerentziak, ebazpen baten bidez, prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda argitaratuko du Osakidetzaren webgunean, eta, baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia adieraziko du.

Baztertutako izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak egiteko, aipatutako ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Baztertu izanaren arrazoia zuzendu daitekeen akatsa bada, interesdunei eskatuko zaie, aipatutako behin-behineko zerrenda horren argitalpenaren bidez, ikusitako akatsak zuzen edo nahitaezko dokumentuak bidal ditzaten, hamar egun balioduneko epean, eta jakinaraziko zaie horrela egin ezean prozesutik kanpo geldituko direla behin betiko.

5.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda eta Balorazio Batzordearen osaera.

Erreklamazioak egiteko edota eskabideetako akatsak zuzentzeko epea igarotakoan, Zuzendaritza Gerentziak, ebazpen baten bidez, prozesuan onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda eta Balorazio Batzordearen osaera argitaratuko ditu, aurreko paragrafoan adierazitako toki beretan. Aipatutako ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena webgunean argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Era berean, prozesuko izangaiei ebazpen honen berri emango zaie.

Balorazio Batzordeko burua zuzendari medikoa izango da eta epaimahaikideak honako hauek: zuzendariorde medikoa, langileen zuzendariordea edo, hala badagokio, langileen zuzendaria (idazkari izango dena, hitzarekin eta botoarekin). Horiek denak nahitaez izan beharko dira estatutupeko langile finkoak, karrerako funtzionarioak edo lan-kontratudun langile finkoak, deialdian eskainitako lanpostuaren titulazio-maila berekoak.

Esandakoak ez ezik, beste hiru batzordekide izango ditu batzordeak (bat IVAPek izendatua), hirurak ere izangaiei eskatutako titulazioa eta espezialitate berekoak, estatutupeko langile finkoak, karrerako funtzionarioak edo lan-kontratudun finkoak, eta, horrez gain, deialdian eskainitako lanpostu funtzionalaren hierarkia-maila berekoak edo goragokoak.

Batzordeko kide titular bakoitzeko ordezko bat izendatuko da haren lekua har dezan, aurrekoak huts eginez gero. Ordezkoak kide titularrentzat zehaztutako baldintzak bete beharko ditu. Beharrezkoa izanez gero, Osakidetzako beste edozein zerbitzu-erakundetako maila baliokideko langile bat izendatu ahalko da epaimahaiko kide.

Balorazio Batzordeko kide guztiak modu indibidualean izango dira batzorde horretako kide. Funtzionamenduan independenteak izango dira eta diskrezionalitate teknikoaren babesean jardungo dute, betiere zuzenbidearekiko menpekotasunari kalterik egin gabe.

Balorazio Batzordea osatzeko orduan, emakume eta gizonen arteko oreka-printzipioari jarraituko zaio, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoaren arabera, beti ere, baldintzek hala ahalbidetzen badute. Batzordearen osaera orekatutzat joko da sexu bakoitzaren presentzia gutxienez ehuneko berrogeia denean.

Batzordea osatzen duten pertsonek ez dute jardungo baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada, eta hala jakinarazi beharko diote deialdia egin duen agintaritzari. Kasu horietan ere, prozesuan parte hartzen duten pertsonek errekusatzea eman ahalko dute edozein unetan, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Era berean, Balorazio Batzordeak 40/2015 Legearen 15etik 24ra bitarteko artikuluetan zehaztutako arauei egokituko du bere jarduna.

Balorazio Batzordeko kide guztiek hitza eta bozkatzeko ahalmena izango dituzte. Erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta akta batean jasoko dira.

Batzordeak erabateko autonomia funtzionala izango du, prozeduraren legezkotasuna zainduko du, eta objektibotasuna bermatzeaz arduratuko da. Halaber, deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren zalantza guztiak argituko ditu, eta horietan aurreikusi ez diren kasuetan zein irizpide erabili behar den erabakiko du. Gainera, izangaiak ebaluatu aurretik, aktan jaso beharko dira ebaluazioko irizpide espezifikoak, oinarriei eta oinarriotan jasotako merezimendu-baremoari jarraituta.

6.– Hautatzeko prozedura.

Izangaien merezimenduen balorazioak fase hauek izango ditu:

a) Kudeaketako memoria-proiektua eta defentsa.

Balorazio Batzordeak deialdi sinesgarria egingo die izangaiei, prozesuan parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako memoriari dagokion kudeaketa-proiektuaren aurkezpen publikoa egin dezaten. Deialdi hori 72 ordu lehenago egin beharko da gutxienez, eta izangaien agerraldiaren eguna, tokia eta ordua adierazi beharko da. Gainera, deialdi horren iragarki bat argitaratu beharko da Osakidetzaren webgunean.

Oro har, aurkeztutako kudeaketa-proiektuak publikoki azaldu aurretik, Balorazio Batzordeko kideek eurei eragin diezaieketen abstentzio- edo errekusazio-arrazoiak aztertuko dituzte, eta deialdia egin duen organoari jakinaraziko dizkiote.

Ondoren, izangai bakoitzari dei egingo zaio proiektuaren azalpena eta defentsa egiteko. Gero, elkarrizketa bat egingo da, eta, horren bidez, Balorazio Batzordeko kideek galderak egingo dituzte proiektuan jasotako alderdiei buruz, gehiago argitzeko edo sakontzeko. Proiektuaren azalpena eta defentsa eta elkarrizketa publikoak izango dira.

Izangaien proiektuen aurkezpen publikoa amaitutakoan, Balorazio Batzordeak puntuak emango dizkio hautagai bakoitzari, deialdiaren oinarrietan ezarritakoarekin bat etorriz.

b) Merezimenduen balorazioa.

Balorazio Batzordeak hautagai bakoitzaren merezimenduen balorazioa eta puntuazioa egingo ditu, deialdiaren oinarrietan xedatutakoaren arabera. Atxikiriko eranskinetan jasotzen da buruzagitzako lanpostuak betetzeko prozesu hauetan aplikatu beharreko merezimenduen baremoa.

c) Akta eta izendapen-proposamena.

Epaimahaiaren aktan, zehazki jaso beharko da epaimahaiko kideek hautagai bakoitzari baremoko atal bakoitzean emandako puntuazioa, baita epaimahaiak hautagaiei emandako puntuazio osoa ere, eta hori ez ezik, epaimahaiak puntuazioak emateko –bai hautagai bakoitzak aurkeztutako zerbitzuaren kudeaketari buruzko Memoria-Proiektuaren edukiaren puntuazioa, bai egindako aurkezpen publikoaren puntuazioa– oinarritzat hartu dituen alderdiei buruzko azalpen labur bat ere jaso beharko da aktan, beste ataletako puntuazio xehatuaz gain.

d) Izendapena.

Izendatua izateko, prozesu osoko gehieneko puntuazioaren erdia lortu behar da gutxienez, eta proiektua eta haren aurkezpena baloratzeko atalerako finkatutako gehieneko puntuazioaren erdia, nahitaez.

Bestalde, puntuazio handiena lortu duen hautagaiaren aldeko Balorazio Batzordearen proposamena aktan jasoko da.

7.– Prozeduraren Ebazpena.

Hautagaiek aurkeztutako proiektuak eta curriculumeko merezimenduak ebaluatzeko fasea amaituta, Balorazio Batzordeak izendapen-proposamena egingo dio Zuzendaritza Gerentziari, puntuazio handiena lortu duen hautagaiaren alde, eta, proposamenean, modu xehatuan adierazi beharko du baremoaren epigrafe bakoitzean hautagaiek lortutako puntuazioa. Ez badago deialdian zehaztutako eskakizunak betetzen dituen hautagairik edo hautagaiek ez badute lortu eskatutako gutxieneko puntuazioa, deialdia hutsik uztea proposatuko du Balorazio Batzordeak. Proposamen hori Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

Zuzendari-Gerenteak, proposamena aztertuta, ebazpen bat emango du proposatutako hautagaia deialdiko lanpostua betetzeko izendatzeko edo deialdia hutsik uzteko. Azkeneko kasu horretan, arrazoia adierazi beharko du. Arrazoia hauetako bat izan beharko da:

a) Ez da izangairik aurkeztu.

b) Ez dago deialdiko oinarrietako eskakizunak betetzen dituen izangairik.

c) Ez dago eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duen izangairik.

Aurreko a) atalaren kasuan, Zuzendaritza Gerentziak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartu ondoren utz dezake hutsik deialdia, izapide gehiagorik egin gabe.

Interesdunei izendapenaren Ebazpenaren berri emango zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren webgunean argitaratuko da. Ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa jarri ahalko zaio Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiari.

8.– Esleipenaren ondorioak.

Zerbitzuburu lanpostua aldi baterako izendatuko da, lau urterako, eta epe hori luzatu ahal izango da Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen (uztailaren 21eko EHAA 138. zk.) 28. artikuluaren hirugarren arau komunean ezarritakoaren arabera.

9.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendaritza nagusiari, ebazpen hau dagokien Aldizkari Ofizialetan argitaratzen den azken egunaren hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Barakaldo, 2021eko apirilaren 26a.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Zuzendari-gerentea,

MARIA LUZ MARQUES GONZALEZ.

ERANSKINA

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko Erreumatologiako Zerbitzu Sanitarioko Burua lanpostua betetzeko deialdiaren merezimenduen baremoa.

Merezimenduen baremoa (gehienez, 66 puntu).

Merezimenduen balorazioak hurrengo faseak edukiko ditu:

I.– Proiektua eta bere defentsa (gehienez, 30 puntu).

Izangaiek dagokion zerbitzuaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko Memoria-Proiektu bat aurkeztu beharko dute, kalifikazio-epaimahai baten aurrean aurkezpen publikoa egin beharko dute eta epaimahaiko kideek planteatutako galderei erantzun beharko diete.

Fase honen puntuazioak bi atal ditu:

a) Zerbitzua kudeatzeko Memoria Proiektuaren balorazioa (gehienez, 15 puntu).

Kudeaketako Memoria Proiektuak, gutxienez, arlo hauek garatuko ditu:

a.1.– Antolamendu eta kudeaketa arloa (gehienez, 3 puntu).

Zerbitzuaren organigrama, batetik, buruzagitza-lanpostuaren funtzioak eta, bestetik, hari atxikitako gainontzeko lanpostuen funtzioak adierazita. Zerbitzuaren loturak ESIko beste atal/zerbitzuekin.

Zerbitzuko buruzagitzaren kudeaketa-plana, antolamendu-helburuak definituta, hobekuntza arloak detektatu eta aztertuta, eta horiek lortzeko behar diren neurri egokiak identifikatuta. Eta horrekin batera, esleitutako giza baliabideak eta ekonomikoak eraginkortasunez erabiltzeko konpromiso edo plana.

a.2.– Asistentziari buruzko arloa (gehienez, 10 puntu).

Zerbitzu asistentzialen zorroaren deskribapena.

Adierazle eta helburu asistentzialak ezartzea, horien jarraipena eta ebaluazioa etengabe egiteko sistemarekin batera.

a.3.– Irakaskuntza, ikerkuntza eta berrikuntza arloak (gehienez, 2 puntu).

Zerbitzuko irakaskuntza, eta ikerkuntza planifikatzeko proposamena.

a) Memoriaren ahozko azalpena Balorazio Batzordearen aurrean (gehienez, 15 puntu).

Proiektua defendatzeko orduan, argitasuna eta zehaztasuna baloratuko dira, bai eta haren punturik nabarmenenak azaltzeko gaitasuna ere. Dagokion aktan, kide bakoitzak hautagai bakoitzari emandako puntuazioaren justifikazioa jaso beharko da, proiektuaren defentsaren argitasuna eta zehaztasuna baloratuta eta proiektuaren alderdi esanguratsuenak azaltzeko ahalmena kontuan hartuta.

II.– Merezimenduen balorazioa (gehienez, 30 puntu).

Puntuazioa honela banatuko da:

II.1.– Lan esperientzia (gehienez, 13 puntu).

– Dagokion espezialitatean fakultatibo gisa zerbitzu eman duen hilabete bakoitzeko: 0,0500 puntu.

– Dagokion espezialitatean atalburu gisa jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.

– Dagokion espezialitatean zerbitzuburu gisa jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

– Administrazio Sanitario Publikoko Zuzendaritza-karguetan edo zuzendariorde mediko gisa jardun duen hilabete bakoitzeko: 0.1000 puntu.

Kontuan hartuko dira, lan-esperientzia gisa, Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetako osasuneko zerbitzu-erakundeetan edo edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, bai eta Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan emandakoak ere.

Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako hondarrak. Kontaketarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.

II.2.– Prestakuntza irakaskuntza eta ezagutzaren hedapena (gehienez, 17 puntu).

Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua bakarrik agertzen denean, puntuazioa 0.1 puntukoa izango da kreditu bakoitzeko.

II.2.1.– Kudeaketa arloko trebakuntza (gehienez, 3 puntu).

Osasun-kudeaketarekin lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:

– 20-30 ordu: 0,2000 puntu.

– 31-50 ordu: 0,3000 puntu.

– 51-100 ordu: 0,4000 puntu.

– 101-200 ordu: 0,5000 puntu.

– 200 ordutik gora: 1,2500 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta ziurtatuko ikastaroak baloratu egingo dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta ziurtatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

II.2.2.– Espezialitateko etengabeko prestakuntza (gehienez, 3 puntu).

Dagokion lanpostuaren espezialitatearekin lotutako ikastaro bakoitzeko iraupenaren arabera:

– 20-30 ordu: 0,2000 puntu.

– 31-50 ordu: 0,3000 puntu.

– 51-100 ordu: 0,4000 puntu.

– 101-200 ordu: 0,5000 puntu.

– 200 ordutik gora: 1,2500 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta ziurtatuko ikastaroak baloratu egingo dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta ziurtatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

II.2.3.– Gradu-ondoko prestakuntza (gehienez, 5 puntu).

– Doktorea: 3 puntu.

– Cum laude doktorea: 4 puntu.

– Gradu ondoko masterra: 2 puntu.

– Unibertsitate aditua edo espezialista: 1 puntu.

– Ikertzeko nahikotasuna edo diploma ikasketa aurreratuetan: 1 puntu.

– Doktoretza ikastaroak: doktoreak ikastaroetako bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,1000 puntu.

Ez dira baloratuko doktoretza-ikastaroak, baldin eta hauetako bat lortzeko balio izan badute: doktore titulua, ikertzeko nahikotasuna edo ikasketa aurreratuetako diploma.

II.2.4.– Jarduera zientifikoa (gehienez, 3 puntu).

Dagokion espezialitatearekin lotutako lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak edo komunikazioak aurkezteagatik, eta hitzaldiak edo mahai-inguruak egiteagatik.

– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0, 2500 puntu.

– Estatuko txosten bakoitzeko: 1 puntu.

– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 1,500 puntu.

– Eskualdeko ahozko komunikazio edo poster bakoitzeko: 0,1500 puntu.

– Estatuko ahozko komunikazio edo poster bakoitzeko: 0,6000 puntu.

– Nazioarteko ahozko komunikazio edo poster bakoitzeko: 1 puntu.

– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,2000 puntu.

– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 0,7500 puntu.

– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 1,2500 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (lehengo egilea): 1 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.

– Liburu bakoitzeko (lehengo egilea): 2 puntu.

– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (lehengo egilea): 1 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.

– Tesina egiteagatik: 1,5000 puntu.

II.2.5.– Irakaskuntzako jarduerak (gehienez, 3 puntu).

– Medikuntza Fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko) 1 puntu.

– Medikuntza Fakultateko irakasle titularra, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko) 0,5000 puntu.

– Medikuntza Fakultateko irakasle elkartua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko) 0,2500 puntu.

– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (organo eskudunak emandako izendapen-urte bakoitzeko): 0,5000 puntu.

– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (ordu bakoitzeko): 0,050 puntu.

III.– Euskararen ezagutza (gehienez, 6 puntu).

Euskararen erabilera Osakidetza normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, eta berau gartzen duten arauek xedatukoaren arabera baloratuko da.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana