Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2021eko uztailaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4088

AGINDUA, 2021eko uztailaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza berrien eta laguntza-berritzeen deialdirako oinarriak ezartzen baitira 2021-2022ko ikasturterako.

Ikertzailearen Europako Gutunean (EEE/2005/251/EE), ikertzaileak definitzen dira jakintza, ezagutza, produktu, prozesu, metodo eta teknika berriak sortzen diharduten profesional multzo modura. Kalifikazioa gorabehera, definizio horretan biltzen dira, haien karrerako edozein etapatan, ikerkuntzan eta garapenean profesionalki ari diren pertsona guztiak. Horrela, bada, Eusko Jaurlaritzak arlo horretan daraman zientzia-politikako beste urrats bat da ikerketa-jarduerak sustatzea, prestakuntza-aldiko hasierako etapetan ikertzaileak kontratatuz. Doktoregoa, berriz, ikerkuntza-karreran sartzeko atea da, eta zientziako edozein arlotan ikerketa erabat garatzera bideratu behar du.

Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programa hau ikerkuntzako giza baliabideak sustatzeko politikan sartzen da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako 2019-2022 Unibertsitate Planean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planean (ZTBP 2030); ildo horretatik, programaren helburua da lanbide-jarduera ikerkuntzara bideratu nahi duten goi-mailako tituludunen berariazko prestakuntza bultzatzea. Ekintza hori garrantzi handikoa da; izan ere, EAEk oraindik ahalegin handiak egin behar ditu ikerketarako giza baliabideak Europako beste herrialde batzuetan emendatu diren adina emenda daitezen. Halaber, errelebo-belaunaldi baten prestakuntza sustatu behar du zientzia- eta teknologia-gaietan. Hori guztia Ikertzailearen Gutun Europarrari eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodeari (EEE/2005/251/CE) buruzko Europako Erkidegoko Batzordearen Gomendioaren arabera.

Deialdi honetan, jarraipena ematen zaio 2018an atera zuten neutronikan eta partikula-azelerazioan ikerketa indartzeko laguntza-lerro espezifikoari; izan ere, gaur egun, interes bereziko arloa da hori Europar Batasunean, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoan. EAEren etorkizun zientifiko, teknologiko eta industrialerako balio estrategikoa du arlo horrek, euskal I+G+b etorkizunean garatzeko aukera bat izateaz gain. EAEn arlo horretako komunitate zientifikoa indartzea eta zabaltzea lehentasunezko xedea da Europako Batzordeak Europako ESS Lund neutroi bidezko espalazio-iturriaren eragiketari dagokionez ezarritako xede zientifikoak finkatzeko.

Deialdi honek badu berrikuntza bat: hezkuntzaren arloko ikerketa-lerro espezifiko bat, Hezkuntza Sailaren politika eta lehentasunekin bat datozen ildo estrategikoetan ikerketa sustatzeko helburua duena.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen (aurrerantzean, ZTBL) 20. artikuluan, ikertzaileen lan-izaerako lan-kontratuen modalitateak eta horiei aplika dakiekeen araubide juridikoa definitzen dira, eta, 21. artikuluan, berriz, doktoratu aurreko lan-kontratuaren modalitatean egindako kontratuen egoera juridikoa, kontratuen betekizunak, ordainsariak, dedikazioa eta aipatutako kontratuaren iraupena. Halaber, Doktoratu aurreko prestakuntza jasotzen ari diren langile ikertzaileen estatutua onartzen duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren (aurrerantzean EPIF) xedea da aurreko paragrafoan zehaztutako lan-harremanaren araubide juridikoa garatzea eta doktoratu aurreko prestakuntza jasotzen ari diren langile ikertzaileen izaera definitzea.

Eskabidea egiteko, Saileko egoitza elektronikoaren bitartez eskura daitekeen inskripzio-inprimakia bete beharko da, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28.1 artikulua aplikatuz; izan ere, dekretu horrek ezartzen duenez, interesdunak nahitaez elektronikoki komunikatu beharko dira, baldin eta pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen kolektiboak badira, eta pertsona horien gaitasun ekonomikoa edo teknikoa, lanbide-jarduera edo egiaztatutako bestelako arrazoiak direla-eta, pertsona horiek bermatuta badaukate sarbidea eta beharrezko diren bitarteko teknologikoak badituztela.

EAEko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak sail honi eskumenak eman dizkio zientzia-alorreko politikan eta ikerketa teorikoa eta aplikatua sustatu eta koordinatzeko arloan.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia, objektibotasuna, ezarritako helburuak lortzeko efikazia eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia–, betiere EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuena), eta kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (Dirulaguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori) eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz. Halaber, adierazi behar da Hezkuntza Sailaren 2021erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasotzen duela 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan. Plan hori helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/diru-laguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhome/eu/.

Horrenbestez, eta 2021eko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legea onetsi denez,

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
PROGRAMAREN XEDEA ETA BALDINTZAK

1. atala: Xedea, zentroak eta finantzaketa

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da 2021-2022ko ikasturterako doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko Doktoratu Aurreko Programako laguntzen oinarriak ezartzea. Doktorego-tesia gauzatzera zuzendutako ikerketa finantzatzera daude zuzenduta laguntzok. Deialdiak barne hartzen ditu bai laguntza berriak eta bai 2020-2021 ikasturterako emandako laguntza-berritzeak.

2.– Programaren helburua da ikertzaileen prestakuntza sustatzea, doktorego-programa baten bidez, doktore-titulua lor dezaten eta kalitatezko zientzia-ikerketari lotutako gaitasunak eta trebetasunak eskura ditzaten.

3.– Doktore titulua lortzeak esan nahi du laguntzaren xedea amaitu dela; beraz, horren gaineko eskubideak ere amaitu egingo dira. Kasu horretan, laguntza amaitzeak ondorio administratibo eta ekonomikoak izango ditu, doktorego-tesia defendatu eta hurrengo egunetik aurrera.

2. artikulua.– Ezarpen-zentroak.

1.– Ezarpen-zentroak izango dira irabazi-asmorik gabeko unibertsitate edo ikerketa-erakunde publiko edo pribatuak; I+G+b-ko ahalmen eta jarduera izango dute, eta egoitza soziala izango dute deitutako modalitate bakoitzean zehaztutakoarekin bat datorren lurralderen batean. EAEn nahiz Estatuan dauden ezarpen-zentroak erakunde kontratatzaile ere izango dira. Ezarpen-zentroaren egoitza soziala interesduna matrikulatuta dagoen doktorego-programako unibertsitatearen autonomia-erkidego berean egon behar da.

2.– Laguntzaren onuradun direnek eta ezarpen-zentroa atzerrian dutenek doktoratu aurreko kontratua sinatu beharko dute Zientziaren Euskal Fundazioarekin (aurrerantzean, Ikerbasque). Fundazio horrek erakunde kontratatzaile gisa jardungo du kasu horietan.

3. artikulua.– Jarduteko ildoak, modalitateak eta ezagutzaren arloak.

1.– Programan honako jarduteko ildo hauek biltzen dira:

a) Laguntza berrien lerroa, zeinaren bidez finantzatuko baitira ikerketa orokorrean prestatzen ari diren ikertzaileen kontratuak.

b) Laguntza-berritzeen lerroa, zeinaren bidez berritzen baitira 2020-2021eko aldian emandako laguntzak.

c) Laguntza berrien lerroa, zeinaren bidez finantzatzen baitira ikerketa-arlo espezifikoetan prestatzen ari diren ikertzaileen kontratuak.

d) Laguntza-berritzeen lerroa, zeinaren bidez berritzen baitira 2020-2021eko aldian ikerketa-arlo espezifikoetan emandako laguntzak.

Lehiakide bakoitzak laguntza berrien lerro bakar batean –orokorrak ala espezifikoak– aurkeztu beharko du eskabidea.

2.– Lehen deskribatutako lerroek modalitate hauek barne hartzen dituzte:

(Ikus .PDF)

3.– Agindu honetako I. eranskinean daude zerrendatuta ikerketa orokorreko laguntza berriak eskatzeko aukera ematen duten ezagutza-arloak.

4.– Ikerketa-arlo espezifiko hauetarako eska daitezke laguntzak:

a) Neutronika:

– Polimeroen eta sistema makromolekularren ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.

– Energiarako materialen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.

– Material funtzionalen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.

– Sistema biologikoen eta material bio-inspiratuen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.

b) Hezkuntza

– Digitalizazioa: Metodologia eta gaitasun tekno-pedagogikoak eta berauek ingurune digitalean-ingurune presentzialean integratzea.

– STEAM proiektuak: gaitasun zientifiko-teknologikoak eskuratzea eta ikasleen STEM arloekiko jarrera aldatzea.

– Kulturartekotasuna eta eskola-arrakasta: metodologiak eta hizkuntza-gaitasunak ingurune inklusiboetan.

Lehiakide bakoitzak arlo bakar batean aurkeztu beharko du eskabidea, eta arlo horretan aztertuko da eskabidea.

5.– Ikerketa Zuzendaritzak, interesdunak hala onartu ondoren, hautatutako arloa eta ildoa aldatu ahal izango ditu, betiere, eskabidearen ezaugarriak direla-eta hala komeni bada, edo kasuan kasuko aholku-batzorde espezifikoak horrelakorik gomendatzen badu.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programaren zenbateko osoa, deialdi honetan, 8.993.312,00 eurokoa da, aurrekontu-ekitalditan eta jarduera-lerrotan banatuta taula honen arabera:

(Ikus .PDF)

2.– Gehienez ere 107 laguntza berri emango dira. Horietatik 103 ikerketa orokorrekoak izango dira, 2 neutronikako ikerketa-arlo espezifikokoak eta beste 2 hezkuntzako ikerketa-arlo espezifikokoak. Ez baldin badago arlo espezifikoetarako eskabide hautagarri nahikorik, eman ez diren laguntzak ikerketa orokorrera bideratuko dira, eta 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz esleitu.

3.– Ikerketa orokorrerako ematen diren laguntzetatik 3, gehienez ere, I. modalitatekoak izango dira; aldiz, ikerketa-arlo espezifikoetako laguntzak dauden hiru modalitateetako edozeinetakoak izan daitezke.

4.– Gehienez ere 283 berritze emango dira ikerketa orokorraren lerroan eta 2 ikerketa-arlo espezifikoen lerroan.

2. atala: Onuradunak, ezaugarriak, zuzendaritza eta tesi-proiektua.

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Laguntzen onuradunak doktorego-tesi proiektu bat gauzatzen ari diren pertsona fisikoak izango dira; aldi berean, laguntzaren eskatzaile ere badira.

2.– Ezin izango dira deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden hautagaiak. Arrazoi beragatik, erakunde kontratatzaileek ere ezingo dute erakunde kolaboratzaile izan. Besteak beste, honako hauek dira egoera horiek:

– Ordaindu gabe izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak.

– Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo administratiboren bat izatea edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean egotea.

Betekizun horiek laguntza-eskabidea aurkeztu eta ematen den dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira.

6. artikulua.– Ezaugarriak.

1.– Kontratua:

Diruz lagungarriak diren jarduerek doktoratu aurreko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte laguntzak erabiltzeko aldi osoan. Kontratuaren xedea izango da proiektu espezifiko eta berrietan ikerketa-lanak egitea, lanaldi osoko erregimenean. Doktoratu aurreko kontratu hori duten ikertzaileen kotizazioan, ZTBLren hemezortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, % 30eko murrizketa izango da gertakizun arruntetarako Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuotan.

A eta B modalitateetan, kontratua idazki bidez egingo da ezarpen-zentroaren (enplegu-emaile gisa) eta prestatzen den ari den ikertzailearen artean (langile gisa).

I modalitatean, kontratua idazki bidez egingo da Ikerbasqueren (enplegu-emaile gisa) eta prestakuntza-aldian den ikertzailearen artean (langile gisa).

Kontratu horiek ZTBLren 21. artikuluan, EPIFean eta indarreko lan-araudian ezarritakoaren babesean egingo dira.

Enplegu-emailearen eta prestatzen ari den ikertzailearen arteko harremana ZTBLn, EPIFean eta Langileen Estatutuan ezarritakotik ondorioztatzen dena izango da.

2.– Iraupena. Kontratuak urtebeteko iraupena izango du, laguntza hasten den egunetik zenbatzen hasita, Agindu honetako 10. artikuluan ezarritakoaren arabera. Kontratu hori, gehienez ere, beste hiru urte osoz luzatu ahal izango da, laguntza hurrengo deialdi-aginduetan ezartzen diren mekanismoen bidez berritu aurretik.

Halaber, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen eta haien Gizarteratzearen Lege Orokorraren testu bateginak –azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua– ezarritako baldintzak betetzen dituen pertsona batekin sinatzen denean kontratua, beste 5 urte osoz luzatu ahal izango da.

Baldin eta kontratuei aurreko puntuetan xedatutako gehieneko luzapenak egiten bazaizkie, kontratuak indarrean egongo diren 4 urteak (edo 6 urteak, desgaitasuna duten pertsonen kasuan) elkarren atzekoak izan beharko dira. Edonola ere, berritzeak egiteko, ezinbestekoa izango da urtez urteko deialdian programa honetarako kreditu nahikoa eta egokia egotea.

Halaber, hasierako kontratua nahiz baliozko luzapenak egiteko, ezinbestekoa izango da ZTBLn doktoratu aurreko kontratuei buruz ezarritakoa betetzea.

Desgaitasunen ondorioz hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleentzat, unibertsitateek laguntza eta aholkularitza emateko zerbitzu egokiak eduki behar dituzte, eta zerbitzu horiek ebaluatuko dute curriculuma egokitzearen edo ibilbide edo ikasketa alternatiboen beharra.

Egoera hauetakoren bat jazoz gero, ikertzaileen kontratuaren iraupena eten egingo da: aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitzaroko arriskua, aitatasuna eta mendekotasuna duten pertsonen zaintza-lanak. Kasu horietan, etendako denbora berreskuratu ahal izango da interesdunak hala eskatzen badu, betiere laguntzari uko egin ez badio eta errebokatu ez bada. Eskabide hori Ikerketa Zuzendaritzak baimendu beharko du, baldin eta aurrekontu-baliabideek hori ahalbidetzen badute.

3.– Zuzkidura.

Laguntza ikertzaileen ordainsari gordina eta zentro enplegatzaileak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuota ordaintzera bideratuko da.

2021-2022ko ikasturterako zuzkidurak honako hauek izango dira, modalitatearen arabera:

(Ikus .PDF)

(*) nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu baino lehen

Enplegatuak jasotzen dituen zenbatekoak hamabi edo hamalau hilekotan banatuko dira, zentro enplegatzailearen araudiak ezartzen duenaren arabera.

Erakunde kontratatzailearekin izenpetutako doktoratu aurreko kontratuak gutxieneko ordainsari gisa jasoko ditu diru kopuru horiek, hargatik eragotzi gabe erakunde kontratatzailearen kontura osatzeko aukera, baldin eta beharrezkoa bada EPIFaren 7. artikuluan xedatutakoa betetzeko. Hala bada, erakunde kontratatzaileak ordaindu beharko du zenbateko hori eta hari dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala.

4.– Asegurua. Hargatik eragotzi gabe onuradunei dagokien Gizarte Segurantzaren estaldura, laguntzek erantzukizun zibileko eta istripuen aseguru bat barne hartuko dute, zeina EAEko Administrazio orokorrak kudeatuko baitu. Horrez gain, I. modalitateko ikertzaileak bidaiako asistentzia-aseguruaren onuradun izango dira. Aseguru horren estaldurak aldaezinak dira. Bidaiako laguntza-asegurua interesdunaren ezkontideari eta 25 urtetik beherako seme-alabei ere aplika dakieke, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu eta interesdunarekin batera egongo badira atzerrian egonaldi osoan edo aldi luzeetan. Luzapentzat hartuko da onuradunarekin bizitzen egindako aldiari, ez bada bisitaldi edo oporraldi batengatik. Aseguru hori, era berean, antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.

5.– Bidaia-gastuak eta bisa. I modalitatearen onuradunak diren ikertzaileentzat osagarri bat ezarriko da lekualdatutako zentrora joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko urtean. Bidaia horren zenbatekoa honako taula hau kontuan hartuta ezarriko da:

(Ikus .PDF)

Agindu honen ondorioetarako, eskatzailea EAEn erroldatuta dagoen probintziako hiriburua hartuko da jatorri-hiritzat.

Halaber, joan-etorriak egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.

6.– Ordaintzeko modua. Laguntza zatika ordainduko zaie erakunde kontratatzaileei: laguntzaren % 20 (lehenengo ordainketa) ebazpen bidez esleitutako laguntza onartzean ordainduko da, edo, hala badagokio, Aginduko 12.1 artikuluan adierazitako epea igaro eta gero, onuradunak laguntzari espresuki uko egin ez badio. Gainerakoa, hiru alditan ordainduko da: 2022ko martxoan % 27; 2022ko maiatzean, % 27; eta 2022ko irailean, % 26.

Bigarren ordainketa egiteko, kontratua aurkeztu beharko dute onuradunek, edo, hala badagokio, haren luzapenak, aplikazio informatikoaren bidez, agindu honen 9.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza-aldian diren ikertzaileei egindako ordainketak direla-eta, ezarpen-zentroek eta Ikerbasquek kasuan kasuko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak aplikatuko dituzte.

Bidaia-gastuetatik eta bisatik eratorritako gastuak erakunde kontratatzaileari ordainduko zaizkio bigarren ordainketan. Ezarpen-zentroak ordainketa bakar batean ordainduko dizkio onuradunari zenbateko horiek, bigarren hileko ordainsarian.

Edonola ere, dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

7. artikulua.– Doktorego-tesien zuzendarien eskakizunak.

1.– Laguntzaren onuraduna atxikita dagoen unibertsitatearekin edo ikerketa-zentroarekin kontratu bidezko lotura iraunkorra duen eta zerbitzu aktiboan dagoen doktore batek zuzendu beharko du doktorego-tesiaren proiektua.

Ondorio horietarako, iraunkortzat joko da Ikerbasquek «Research Professor» kategorian kontratatutako ikertzaileen eta haiek atxikita dauden erakundeen arteko lotura.

Ikerketa espezifikoko laguntzen lerroan, hala Neutronikan nola Hezkuntzan, eta B eta I modalitateetan, nahitaezko eskakizuna izango da doktorego-tesian zuzendarikidea izatea, eta, halaber, Zientzia eta Teknologiarako Euskal Sistemako ikertzaile batek zuzentzea.

Gainera, unibertsitateen kasuan, tesiaren zuzendariak (edo, bestela, tesiaren zuzendarikideak) eskatzailea atxikita dagoen saileko kide izan behar du.

2.– Baldin eta tesiaren zuzendariak kontratu bidezko lotura ez-iraunkorra baldin badauka laguntzaren onuraduna atxikita dagoen unibertsitatearekin edo ikerketa-zentroarekin, eskatutako proiektuaren gauzatze-epe osoa beste edo gehiago iraun beharko du kontratu horrek. Proiektuaren zuzendariak ez badu eskakizun hori betetzen, nahitaezkoa izango da laguntzaren onuraduna atxikita dagoen unibertsitatearekin edo ikerketa-zentroarekin laguntzaren aldi osorako kontratu bidezko harremana duen zuzendarikide baten lankidetza izatea.

3.– Eskabide bakoitzean tesi-proiektua zuzenduko duten bi pertsona agertuko dira, gehienez, zuzendari eta zuzendarikide modura; eskubide eta betebehar berak izango dituzte bi pertsona horiek.

Zuzendarikide bat baldin badago, hark ere sinatu beharko ditu agiri guztiak, alegia, deialdi honen arabera proiektuaren zuzendariak sinatu behar dituen agiri guztiak.

4.– Doktorego-tesiaren proiektuaren zuzendariak edo zuzendarikideak ezingo du eskabide batean baino gehiagotan azaldu deialdi honetako modalitateetan, ez zuzendari, ez zuzendarikide gisa.

5.– Doktorego-tesiaren proiektu baten zuzendaritza edo zuzendarikidetza bere gain hartzen duenak, eskatzaileak hautatutako doktorego-programak ezarritako eskakizunak ere bete beharko ditu doktorego-tesien zuzendaritza eta zuzendarikidetzari dagokionez.

6.– Tesiaren zuzendariek eskabidea aurkezten den unean bete beharko dituzte artikulu honetan xedatutako eskakizunak, eta berauek betetzen jarraitu beharko dute laguntza amaitu arte.

3. atala: Eskubideak eta betebeharrak.

8. artikulua.– Ikertzaile onuradunen eskubideak.

1.– Ikerketa-proiektua gauzatzeko behar duten laguntza jasotzea ezarpen-zentrotik, zentro horrek ahal duen neurrian.

2.– Dagozkion sailetan eta institutuetan integratuta egotea, eta horietan parte hartzea, bere ezarpen-zentroko estatutuak adierazten duen moduan.

3.– Ezarpen-zentroko estatutuak ematen dizkion opor-erregimena, lizentziak eta baimenak erabiltzea.

4.– Dagokion laguntza ekonomikoa jasotzea deialdi honetan adierazitako moduan.

5.– Beste ezarpen-zentro batzuetan hiru hileko egonaldi bat egitea, kontuan hartuta Hezkuntzako sailburuaren urteroko agindua, zeinaren bidez egiten baita Hezkuntza Sailak finantzatutako ikertzaileen prestakuntzarako programako beken ezarpen-zentroetatik kanpo egonaldi laburrak egiteko laguntzen deialdia. Beste administrazio edo ezarpen-zentro batzuek ematen dituzten antzeko aginduak ere hartuko dira kontuan.

6.– Norberaren ekarpenarekin bat etorriz, ikerketan egindako prestakuntza-jardueratik eratorritako jabetza intelektualaren eskubideak baliatzea, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginak ezarritakoari jarraikiz. Eskubide horiek ez dute menpekotasunik izango egindako ikerketak sorrarazi ditzakeen beste eskubide batzuekiko, eta horiekin osagarri eta metagarri izango dira. Horrek ez du eraginik izango lan kolektibotik eratorritako baldintzatzaileetan, prestatzen ari den ikertzailea ikerketa-proiektu kolektibo batean parte hartzen ari denean edo horri lotuta dagoenean.

7.– Industria-jabetzaren gaineko eskubideei dagokienez, deialdi bakoitzak xedatutakoa hartuko da kontuan, Patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen esparruan. Horrez gain, urtarrilaren 18ko 55/2002 Errege Dekretuak –ikerkuntza-erakunde publikoetan egindako asmaketak ustiatzeari eta lagatzeari buruzkoak– xedatutakoa ere hartuko da kontuan, hala dagokionean. Aipatutako eskubide horiek ez dute, inola ere, soldata-izaera izango.

8.– ZTBLk 14. artikuluan ikertzaileentzat onartutako guztiak.

9.– Ezarpen-zentroak aitortutako, eta deialdi honetan ezarritakoarekin bat datozen eskubide guztiak.

10.– Prestakuntza jasotzen ari diren Ikertzaileen Estatutuak aitortzen dizkien beste guztiak.

9. artikulua.– Ikertzaile onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek beti bete beharko dituzte, batetik, azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan xedatutako betebehar-erregimena eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 50.2 artikuluan ezarritakoa; eta zehazki, honako hauek:

1.– Jarraian adierazten diren egunetan sartzea ezarpen-zentroan:

a) Laguntza berrien onuradunak 2022ko urtarrilean formalizatuko du kontratua, eta hilabete horretan bertan hasiko da dagokion ezarpen-zentroan lanean. 2022ko otsailaren 1a baino lehen hasi beharko du aldiak, bai ondorio ekonomikoetarako, bai denbora zenbatzeko, baita Gizarte Segurantzan alta emateko ere.

Onuraduna 2022ko urtarrilaren 31 baino geroago hasten bada lanean, emandako laguntza baliogabetu egingo da Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

b) Laguntza berritzea lortzen duten ikertzaileek prestakuntza-jarduerarekin jarraitu beharko dute, etenaldirik egin gabe, eta dagokien ezarpen-zentroaren lan-egutegia bete beharko dute.

c) Onuradun berriak eta berrituen onuradunak ezarpen-zentroan sartu direla egiaztatu beharko da, zentroko atxikipen-departamentuaren zuzendariak eta ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatutako agiri bidez. Agiriak atxikipenerako aurreikusitako data berbera izan beharko du. Idazki hori Ikerketa Zuzendaritzara bidaliko da, 2022ko otsailaren 15a baino lehen, onuradunak laguntza-eskabidea egiteko erabili duen aplikazio informatikoaren bidez.

2.– Ikerketa-jarduera dedikazio esklusiboko erregimenean gauzatu beharko da, agindu honetako 13. artikuluan ezarritakoa bazter utzi gabe.

3.– Ezarpen-zentroarekin edo Ikerbasquerekin sinatutako kontratuaren benetako kopia igortzea, berria edo luzapena izan, aplikazio informatikoaren bidez, Ikerketa Zuzendaritzara, kontratua sinatzen den egunetik hasita 21 egun naturaleko epean beranduenez.

4.– Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraztea, aplikazio informatikoaren bidez, ikerketa-premiek eragindako irteerak, bi aste baino denbora gutxiagorako direnean eta Espainiara egiten direnean. Ikerketa-zentroaren ikerketa-premiengatik aldi baterako irteerak Espainiatik kanpora egin behar badira edo bi aste baino gehiago iraungo badute, baimena eskatu beharko zaio Ikerketa Zuzendaritzari, eta hark baimendu beharko ditu.

Baimena eskatzeko, azalpen-idazki bat aurkeztu beharko da, aplikazio informatikoaren bidez, gutxienez, aurreikusitako irteera-data baino hamar egun lehenago, eta departamentuko zuzendariak, proiektuko zuzendariak eta prestatzen ari den ikertzaileak sinatu beharko dute.

Halaber, dirulaguntzaren onuraduna aldi berean baldin bada Agindu honetako 8.5 artikuluan zerrendatutako aldi baterako egonaldi baten onuraduna eta egonaldi horrek artikulu horretan ezarritako 3 hilabeteak gainditzen baditu, baimena eskatu beharko du baimenduta dauden 3 hilabete horiei gehituko zaien epean aldi baterako irteera bat egiteko.

5.– Laguntza ematea ekarri zuten hasierako baldintzetan izandako edozein aldaketa (proiektua, proiektuaren zuzendaritza, ezarpen-zentroa, etab.) jakinaraztea ezarpen-zentroari eta Ikerketa Zuzendaritzari, aplikazio informatikoaren bidez.

Baldintzetan aldaketaren bat egiteko Ikerketa Zuzendaritzaren baimena beharko da. Aldaketa egiteko eskabidea idazki arrazoitu bidez egingo da, eskatzaileak sinatu beharko du, eta aldaketa horretan zerikusia duten guztien oniritzia beharko da.

Dena dela, baimentzen diren aldaketek bermatu beharko dute laguntza ematea eragin zuen eta orduko sasoiko kalifikazioak lortzea eragin zuen kalitatearen antzekoa izango dela kalitatea eta horrek ez duela aldaketarik eragingo emandako laguntza ekonomikoaren zenbatekoan.

6.– Laguntzari uko eginez gero, ezarpen-zentroari eta Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraztea, aplikazio informatikoaren bidez, 12. artikuluan adierazitako baldintzei jarraikiz.

7.– Doktore-titulua lortuz gero, ezarpen-zentroari eta Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraztea, gehienez ere 10 egun naturaleko epean, titulua lortzen den egunetik aurrera.

8.– Laguntza erabiltzeko epea amaitu eta hurrengo hilabetean, gehienez 10 orrialdeko txostena aurkeztea Ikerketa Zuzendaritzari, aplikazio informatikoaren bidez, egindako ikerketa-jarduera guztiei eta haien emaitzei buruz. Txostenak proiektuaren zuzendariaren bermea izan beharko du. Halaber, txosten hori aurkeztu beharko dute doktore-titulua eskuratu dutelako laguntzaren onuradun izateari utzi diotenek eta aurreikusitako epea igaro baino lehen laguntzari uko egin diotenek.

9.– Laguntza erabili bitartean egiten diren argitalpen guztietan eta doktorego-tesian azaltzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko duen doktoratu aurreko programaren onuradun dela.

10.– Aprobetxamenduz gauzatzea ikerketa-proiektuko lan-planean eta doktorego-programan aurreikusitako jarduerak.

11.– Ezarpen-zentroaren funtzionamenduko, segurtasuneko eta lan-osasuneko arauak onartzea, ezagutzea eta betetzea.

12.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, ikerketa-jarduera gauzatzeko orduan erakunde horien izenak erabiltzea, barne-araudien eta erakundeek sinatutako akordio eta hitzarmenen arabera.

13.– Zientzia hedatzeko kanpainetan parte hartzea, ezarpen-zentroko komunikazio-politikaren esparruan.

14.– Zientzia-alorreko prestakuntza eta esperientzia-trukea sustatzeko politikaren esparruan Ikerketa Zuzendaritzak antolatutako jardueretan parte hartzea.

15.– Dirulaguntza jasotako jardueren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea; era berean, Hezkuntza Sailari laguntzea jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

16.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio oro ematea.

Edonola ere, diru-zenbatekoak jasotzeko eta laguntza berritzeko, prestakuntza-aldian den ikertzaileak bere betebeharrak bete beharko ditu. Betebehar horiek ez badira betetzen, laguntza ezeztatzeko dagokion prozedura bideratu ahal izango da, baita, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura ere.

10. artikulua.– Ezarpen-zentroaren eta erakunde kontratugileen betebeharrak.

1.– Ezarpen-zentroak honako betebehar hauek izango ditu, kontratu-aldian ikertzailearekiko kontratu-harremanetik sortzen direnez gainera:

a) Laguntzaren onuradun den ikertzaileari lan-kontratua egitea ZTBLn helburu horretarako ezarritakoaren arabera, betiere indarrean dagoen lan-arloko legeriari jarraikiz, eta agindu honetan adierazten diren iraupen, ordainsari eta gainerako ezaugarriak kontuan hartuta.

b) Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraztea, baldin eta laguntza emateko hasierako egoera aldatzen bada, egoera hori eten edo aldatzen bada, edo bateraezintasuna dakarren beste edozein kausa sortuz gero; gainerako gorabeheren berri ere eman beharko da, baldin eta laguntzaren xedea normaltasunez betetzea eragotz badezakete. Beranduenez 21 egutegi-eguneko epean eman beharko da gorabehera horien berri, gertatzen diren egunetik aurrera.

c) Onuradunei behar duten laguntza ematea, eta beren jarduera ongi gauzatzeko behar dituzten bitartekoak, tresnak edo ekipoak erabiltzeko aukera ematea.

d) Programa behar bezala garatzen dela zaintzea; onuradunari ezin zaio eskatu bere ikerketaren garapenarekin lotuta ez dagoen beste jarduerarik egitea.

e) Ikertzaileari aukera ematea, ikertzen ari den departamentuetan, institutuetan eta erakunde publiko edo pribatuetan integratzeko.

f) Laguntza-programa honen barruan ezarpen-zentroaren eta ikertzailearen artean egindako kontratuek adierazi beharko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko finantza-laguntza dutela Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko programaren bitartez.

g) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera.

h) Ezarpen-zentroak 2023ko lehen hiruhilekoan justifikatu beharko du zertan erabili dituen agindu honetan araututako laguntzengatik jasotako funtsak. Helburua da erregularizatzea zentro horiei ikertzaileen ordainsari gordinetarako ordaindutako zenbatekoen eta, agindu honetan jasotako egoera guztiak aplikatuta, azkenean ematen direnen arteko aldea.

Horretarako, ezarpen-zentroak ziurtagiri bat helarazi beharko du Ikerketa Zuzendaritzara, eta ziurtagiri horretan adieraziko da zeintzuk diren erakunde horrek laguntzaren onuradun bakoitzari emandako urteko soldata gordina eta Gizarte Segurantzari emandako zenbatekoak. Ezarpen-zentroak jasotako zenbatekoek benetan aplikatutakoak gainditzen badituzte, batzuen eta besteen arteko aldea Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren ebazpen baten bidez likidatuko da.

Hala ere, onuradunak bere kontratua amaitu baino lehenago amaitzen badu laguntzaren aldia, une horretantxe justifikatu ahalko du ezarpen-zentroak, aurreko paragrafoan aipatzen den moduan.

i) Dirulaguntza jaso duen jardueraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, baita Hezkuntza Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

2.– I modalitateko onuradunen ezarpen-zentroek 1.c, 1.d eta 1.e apartatuetan adierazitakoa soilik hartuko dute kontuan.

3.– Erakunde kontratatzaileak nahitaez bete beharko du EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 52., 63. eta 65. artikuluetan (EAEko administrazio publikoen laguntzen eta dirulaguntzen araubideari buruzkoa) ezarritakoa, erakunde kolaboratzaile den aldetik, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoa eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak erakunde kolaboratzaileen betekizunei, erregimenari eta betebeharrei buruz xedatutakoa ere.

4. atala: Laguntza onartzea, hari uko egitea eta bateraezintasunak.

11. artikulua.– Laguntza onartzea.

1.– Agindu honen xede den doktoratu aurreko laguntzaren onuradunak 10 egun balioduneko epea izango du laguntzari espresuki eta idazki bidez uko egiteko, ebazpena https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ egoitza elektronikoaren iragarki-taulan jakinarazten denetik aurrera. Uko egiten bada, laguntzaz gozatzen hasi baino lehen izango ditu ondorioak uko-egite horrek. Uko-egitea aplikazio informatikoaren bidez egingo da. Uko-egitea puntu honetan adierazitako moduan eta epean aurkezten bada, eman gabe geratu den laguntza hori 31.7 artikuluan adierazitako prozedurari jarraikiz esleituko da berriro. Hori egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.

2.– Prestakuntza-aldian diren ikertzaileek laguntza onartzen badute, ulertuko da 8. eta 9. artikuluetan jasotako eskubideak onartzen dituztela eta betebeharrak beteko dituztela.

12. artikulua.– Laguntzari uko egitea.

1.– Kontratua formalizatuta, eta laguntza jasoko duen aldian, onuradunak laguntzari uko egin ahalko dio, horretarako arrazoiak adierazita. Uko-egitea aplikazio informatikoaren bidez jakinarazi beharko da, eta, horretarako, Ikerketako zuzendariari zuzendutako idatzi bat aurkeztu beharko da. Idatzi hori ikertzaileak berak eta ezarpen-zentroko legezko ordezkariak sinatu beharko dute, eta bertan adierazita egon beharko dira laguntzari uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Ondorioak hasteko eguntzat hartuko da ikertzaileak laguntza jasoko duen azken eguna. Uko-egitearen ondorioak hasteko eguna baino 10 egun baliodun lehenago egingo da jakinarazpen hori, beranduenez. Laguntzari uko egiten dion onuradunaren ezarpen-zentroa UPV/EHU bada, justifikazio-idatzia Ikerketako errektoreordeak sinatu beharko du.

2.– Onuradunak alegatutako arrazoiak justifikazio nahikotzat jotzen badira, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez onartuko da uko-egitea.

3.– Ikertzaileak uko egiten badu, zentro kontratatzaileak itzuli egin beharko ditu kontratua finantzatzeko erabili ez diren zenbatekoak. Uko-egitearen ondorio ekonomikoak hasiko dira uko egitea gauzatzen den egun berean, bidegabeko ordainketak gauzatu badira egin beharko diren itzultzeak eragotzi gabe. Laguntza berrien kasuan, uko egin arte jasotako zenbateko garbia itzuli beharko da, baldin eta laguntzaz baliatzeko lehen hiruhilekoan uko egiten bada.

13. artikulua.– Bateraezintasunen araubidea.

1.– Agindu honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezin izango da funts publikoekin edo pribatuekin finantzatutako beste laguntzarik jaso –xede bera baldin badu–, ez eta soldatarik ere.

2.– Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du irakasle-lanetan laguntzeko, prestakuntza-helburuei jarraikiz; urtean 60 orduz, gehienez ere, –hau da, guztira 180 orduz, gehienez ere, kontratuaren indarraldi osoan– eta laguntzaren ikerketa-helburuari inolako kalterik eragin gabe.

Lankidetza hori eskatzailea doktorego-programa egiteko matrikulatuta dagoen gradu-irakaskuntzan eta unibertsitatean egingo da. Gainera, ez du inolaz ere ordezkapenik egingo irakasgaiaren ardura duen irakasleen irakaskuntzan, eta irakasgaiaren ardura duen irakasleekin batera egingo da, talde txikitan (mintegietan, laborategi edo ordenagailuko praktiketan, edo antzekoetan). Prestakuntzako ikertzailea ezin da inolaz ere aipatutako ikasgaiaren arduraduna edo koordinatzailea izan. Halaber, ez da lan-kontraturik sinatuko.

Lankidetzaren baimen-eskabidea egiteko erabili den aplikazio informatiko beraren bidez eskatuko da lankidetza-baimena. Horretarako, aplikazio horretan dagoen txantiloia bete beharko da; irakaskuntzan laguntzen hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago gutxienez eskatu beharko da baimen hori, eta, ikerketa-arloan eskumena duen errektoreordearen onarpena izateaz gain, atxikipen-saileko zuzendariak, doktorego-tesiaren proiektuaren zuzendariak eta zuzendarikideak, hala badagokio, eta ikertzaileak sinatu beharko dute eskabidea.

3.– Agindu honen babesean jasotako laguntzekin bateraezinak dira ikasketa arautuak, izan urrutiko modalitatean, izan aurrez aurrekoan.

4.– Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman dezake ikasketak egiteko, baldin eta beren ezaugarri eta ordutegiengatik ezarpen-zentroko lanaldi normalizatutik kanpo egin ahal badira eta ez badiote inolako kalterik eragiten onuradunaren ikerketa-jardunari.

Ikasketak egiteko baimen-eskabidea aplikazio informatikoaren bidez egingo da, gutxienez, ikasketak hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago, eta doktorego-tesiaren proiektuko zuzendariak eta zuzendarikideak eta ikertzaileak sinatu beharko dute.

5.– Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du onuradunak ordainsariak jaso ditzan onuradunak berak gauzatzen duen ikerketarekin zuzenean lotutako beste irakaskuntza-zereginengatik (ikastaroak, hitzaldiak edo txostenak) edo ikerketa-lanengatik (liburuak, artikuluak edo erakusketak) jasotzen baditu, baldin eta horiek guztiak aldizkakoak eta ezohikoak badira. Ordainsari horiek ezin izango dute laguntzaren urteko zenbateko gordin osoaren % 30 gainditu.

Baimen-eskabidea aplikazio informatikoaren bidez egingo da, eta lana hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez. Atxikitako departamentuko zuzendariak, proiektuaren zuzendariak eta onuradunak sinatu beharko dute baimen hori.

6.– Agindu honen babesean emandako laguntza bat erabiltzea ez da bateragarria, agindu honen ebazpena baino lehen, ZTBLren 21. artikuluan xedatutakoaren babesean egindako doktoratu aurreko kontratu bat sinatzearekin.

14. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

Laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, edo, hala dagokionean, administrazio honek edo beste administrazio publiko batzuek emandako beste laguntza batzuk aldi berean lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak beteta. Ondorio horietarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, zeinetan emandako zenbatekoak berriz doituko baitira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 18. artikuluan aurreikusitako itzulketa-espedientea hasiko da.

15. artikulua.– Jarraipena.

Ikerketa Zuzendaritzak egin beharko du prestakuntza-aldian diren ikertzaileek gauzatutako lanaren jarraipen zientifikoa eta teknologikoa. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki irizten dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, laguntzaren aplikazioaren beharrezko jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, eta, agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezartzen den informazioaz gain. beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko.

16. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza Sailak beharrezko ikuskatze- eta kontrol-lanak egin ahal izango ditu agindu honen eskakizunak eta baldintzak betetzen direla bermatzeko, hargatik eragotzi gabe Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari esleitutako egitekoak.

17. artikulua.– Ez-betetzea.

Jasotako zenbatekoak eta horiei dirulaguntzen arloan aplikagarriak zaizkien berandutze-interesak itzultzeko prozedurari ekingo zaio –prozedura hori Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37.1 artikuluko oinarrizko araudiak ezartzen duena da– pertsona onuradunak eta/edo ezarpen-zentroak edo erakunde kontratatzaileak egoera hauetakoren batean egonez gero: EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 artikuluan adierazitako kasuetako batean erortzea; agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak ez betetzea; dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak ez betetzea –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera–, edo laguntzak emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak ez betetzea.

18. artikulua.– Laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko eta, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura.

1.– Agindu honetan aurreikusitakoak betetzen ez direnean, prozedura hau beteko da:

a) Prozedura hasteko eta jakinarazteko ardura Ikerketako zuzendariaren izango da.

b) Prozedura hori hasteko idazkiak prozedura bera hastearen arrazoiak jasoko ditu eta 15 eguneko epea emango du egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Hamabi hilabetekoa izango da prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du behar diren kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, gehi laguntza ordaindu zenetik dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak –Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37.1 artikuluan jasotako oinarrizko araudiak ezartzen dituenak–; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

d) Borondatezko epean laguntza itzuli ezean, Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun Sailburuordetzari emango zaio horren berri, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoa kontuan hartuta jarduteko.

19. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Eskatzaileen datu pertsonalak honako tratamendu-jarduera honetan tratatu eta sartuko dira: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketan laguntzeko). Informazio hau jasoko da:

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Ikerketarako finantzaketa eta bultzada.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: Eskatzaileek eskubidea dute datuak irispidean izateko eta datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/054300-capa2-es.shtml.

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

II. KAPITULUA
LAGUNTZEN IZAPIDEAK ETA EBAZPENA ETA LAGUNTZAK ARGITARATZEA

20. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

21. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan telematikoki eskuragarri egongo den inprimakiaren bitartez baizik ezingo da egin eskabidea. Zehazki, helbide honetan aurki daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2021/predoc/web01-tramite/eu.

Helbide horretatik, izangaia ikerketako aplikazio informatikoan sartuko da, eta bertan alta hartu beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideak bete. Eskatzailearen identitatea egiaztatu egingo da, pertsona horren esanbidezko baimenarekin, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.

Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak elektronikoki soilik aurkeztuko dira, eta laguntza berrietarako agindu honen 26. artikuluan eta laguntzak berritzeko 34. artikuluan azaltzen diren agiriak izango dira horiek. Agiri horiek Elkarreragingarritasun-eskema nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian arautzen diren formatuetara egokituko dira.

2.– Eskabide telematikoa guztiz betetakoan, egoitza elektronikoak onartutako sinadura elektronikoaren edozein sistema erabiliz identifikatu beharko da eskatzailea, eta eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; alegia, eskabide bat sinadura elektronikoaren bitartez baliozkoa izatekoa, erregistroan jasota geratu behar da. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukerarekin. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu gabeko eskabiderik.

3.– Helbide honetan ageri dira identifikazio-sistema elektroniko onartuak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Eskabideak –berriak zein berritzeenak– aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta irailaren 8an amaituko da.

5.– Izangai bakoitzak eskabide bakar batekin parte hartu ahal izango du deialdi honetan. Aplikazio informatikoak ez die beste eskabiderik egiten utziko aurretik eskabide bat eginda duten hautagaiei.

6.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, ezingo da eskabiderik aldatu, Ikerketa Zuzendaritzak behar bezala baimendutako salbuespenetan izan ezik.

7.– Agindu honetako II., III. eta IV. eranskinetan azaltzen dira eskabide-ereduak.

22. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Laguntzen eskabideak oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez badira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera, interesdunari eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak telematikoki aurkezteko hamar laneguneko epe luzaezinean. Zuzenketa-prozesua burutzeko, 21. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Eskatzaileak hala egiten ez badu, eskabidea egiteari uko egin diola ulertuko da; hala ere, Administrazioak uko-egite edo atzera-egite hori adierazten duen berariazko ebazpena eman beharko du. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan arautzen den moduan jakinarazi beharko da ebazpen hori.

Zuzenketa-errekerimenduaren jakinarazpena, zuzendu beharreko eskabideak https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz gauzatuko da. Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

23. artikulua.– Laguntzak emateko prozedurak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza berriak lehiaketa bidez emango dira, publikotasunari, gardentasunari, objektibotasunari, berdintasunari eta bereizkeriarik ezari buruzko printzipioen arabera eta ikerketa orokorrerako eta ikerketa espezifikorako laguntzak bereizita.

Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak, laguntzen artean hautapen-irizpideen araberako hurrenkera bat ezartzeko. 65 puntu lortzen dutenei soilik emango zaie laguntza, hurrengo kapituluetan jasotzen diren baldintzetan.

2.– Laguntzak ikerketa orokorrerako eta ikerketa espezifikorako laguntzak bereizita berrituko dira, betiere eskabidea garaiz eta forma egokian aurkezten bada eta 32. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla dokumentu bidez egiaztatzen bada.

III. KAPITULUA
LAGUNTZA BERRIAK, IKERKETA OROKORREKOAK ETA IKERKETA ESPEZIFIKOKOAK.

1. atala: Eskakizunak eta dokumentazioa.

24. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.

1.– EAEko udalerriren batean erroldatuta egotea eskabidea aurkezteko unean; 2021eko urtarrilaren 1etik hasita A modalitatean aurkeztuz gero, edo 2019ko urtarrilaren 1etik hasita B edo I modalitateetan aurkeztuz gero.

Hala eta guztiz ere, onartu egingo dira EAEn erroldatuta egon ohi diren pertsonen eskabideak, baldin eta eskakizun hori betetzen ez badute deialdi honen xedearekin lotutako graduko edo graduondoko unibertsitate-ikasketak EAEtik kanpo egin dituztelako.

2.– Erkidegotik kanpoko atzerritarren kasuan, bizileku-baimena edukitzea.

3.– Doktorego-programa ofizial batean matrikulatuta edo onartuta dagoela egiaztatzea.

Hala eta guztiz ere, deialdian parte hartzeko eskabidea onartuko zaie 2021eko azaroaren 15erako doktorego-programan onartuak izatea espero duten pertsona guztiei. Eskabide hori behin-behinean ebaluatuko da, eta, behin betiko onartzeko, eskatzaileak Ikerketa Zuzendaritzara programan ezarritako datan onartu dutela egiaztatzen duen dokumentazioa igorri beharko du aplikazio informatikoaren bidez.

4.– Honako titulazio hauetakoren bat duela egiaztatzea:

a) Graduko eta unibertsitate-masterreko Espainiako titulu ofiziala. Ikasketa horien guztien iraupena 300 ECTS kreditukoa izango da gutxienez.

b) Espainiako unibertsitate-titulu ofiziala (Lizentziatura, Arkitektura, Ingeniaritza, Arkitektura teknikoa, Ingeniaritza teknikoa, Diplomatura), edo Europako Goi-mailako Hezkuntzaren Esparrua osatzen duen beste herrialde batekoa, masterrerako sarbidea lortzeko gaitzen duena, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta unibertsitate-ikasketa ofizial guztietan gutxienez 300 ECTS kreditu gainditu izana; horietatik, gutxienez 60 master-mailakoak izango dira.

Nolanahi ere, kautelaz onartuko dira eskabidea egiten den unean, master amaierako lanaren kalifikazioaren zain daudelako soilik, masterreko ikasketak bukatu ez dituzten eta doktorego-programan sartzeko master-titulua 2021eko urriaren 29rako lortzea espero duten pertsonen eskabideak. Eskabidea behin betiko onartuko da, eskatzaileak 2021eko urriaren 31 baino lehen Ikerketa Zuzendaritzara aplikazio informatikoaren bidez masterra amaitu duela egiaztatzen duten agiri ofizialak igortzen dituenean.

c) Doktorego-ikasketetan sartzeko titulua ematen duen herrialdean ahalmena ematen duten atzerriko hezkuntza-sistemen arabera lortutako titulua.

d) Goi-mailako hezkuntzarako kualifikazioen espainiar esparruko 3. mailari dagokion baliokidetasuna eskuratu duen unibertsitate-titulu ofiziala, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Errege-dekretu horrek ezartzen ditu Unibertsitateko titulazio eta ikasketa-maila ofizialarekin homologatzeko eta haren baliokidetzat jotzeko zein ikasketak baliozkotzeko baldintzak eta prozedura, atzerrian egindako goi-mailako ikasketei dagokienez, baita kualifikazioen espainiar esparruaren baitako mailen baliokide direnak zehazteko prozedura ere, arkitekto, ingeniari, lizentziatu, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa zein diplomadun goi-mailako titulu ofizialei dagokienez.

5.– Gradu, lizentziatura, arkitektura, ingeniaritza, arkitektura tekniko, ingeniaritza tekniko edo diplomatura ikasketen amaiera-data 2017ko ekaina izango da, edo geroagoko data, honako salbuespen hauekin:

a) Amaiera-data 2015eko ekaina edo geroagoko data izan daiteke 2015eko ekainetik 2017ko ekainera bitarte, gutxienez 3 hilabetez, 3 urtetik beherako seme-alabak artatzen eta zaintzen aritu diren eskatzaileen kasuan.

b) Ikasketak amaitzeko data 2013ko ekaina edo geroagoko data izan daiteke Medikuntza, Farmazia, Biologia, Kimika edo Psikologia lizentziadunentzat, baldin eta laguntza eskatzen dutenean Medikuntzako Espezialitateko titulu ofiziala (BABE) edo Farmaziako Espezialitatekoa (BAFE) badute, edo Biologia, Kimika edo Psikologiako espezialitateetako ziurtagiri ofiziala (BABE, BAKE edo BAPE, hurrenez hurren).

c) Ikasketak amaitzeko data 2015eko ekaina edo geroagoko data izan daiteke eskatzaileek gutxienez % 33ko desgaitasuna izanik, egiaztatzen badute bateragarria dela proposatutako ikerketa-proiektua gauzatzearekin.

6.– Batez besteko nota hau izatea, edo hortik gorakoa:

a) 6 puntu 10., 11. eta 12. arloak egiteko.

b) 6,5 puntu 1., 2., 3., 8., 9., 13., 15. eta 16. arloak egiteko.

c) 7 puntu 4., 5., 6., 7., 14., 17., eta 18. arloak egiteko.

d) 6,5 puntu ikerketa espezifikoko arloak egiteko.

Ikasketen espedienteak ez badu jasotzen batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan, honela kalkulatuko da: ikasgai bakoitzean lortutako kalifikazio numerikoa bider ikasgai horretako kreditu-kopurua zati kalifikazioarekin guztira lortutako kreditu guztien batura. Berritu ez diren planen kasuan, batez besteko nota izango da lortutako kalifikazioen batuketa zati gainditutako ikasgai guztien kopurua.

Espedientearen batez bestekoa kalkulatu ahal izateko, baliozkotu edo egokitu dituen unibertsitateak kalifikatu ez dituen baliozkotutako edo egokitutako ikasgaien edo kredituen kasuan, jatorrizko ikastetxean edo ikasketetan lortutako kalifikazioak zenbatuko dira, agiri bidez egiaztatuta baldin badaude, betiere. Dokumentu bidez egiaztatu ezean, gainditutzat joko dira.

Era berean, espedienteko batez besteko nota kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko beste espezialitate batzuetako ikasgaietan lortutako notak, ezta master-ikasketen notak ere.

Ikasketak atzerrian egin dituzten eskatzaileen kasuan, Espainiako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak emandako «Batez besteko notaren baliokidetasun-adierazpena» delakoan edo ANECAren ziurtagiri ofizialean ageri den espediente akademikoko batez besteko nota hartuko da aintzat.

25. artikulua.– Betekizunak betetzea.

1.– Eskatzaileek laguntza-eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute eskakizunak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.

2.– Eskakizun horiek betetzen ez dituztenak edo eskatutako epean eta moduan egiaztatzen ez dituztenak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira; ildo horretan, 27.2 artikuluan ezarritakoa hartu beharko da aintzat.

26. artikulua.– Laguntza berrietarako nahitaezko dokumentazioa.

Ondoren adieraziko den dokumentazioa aurkeztu beharko da eskabide-orriarekin batera, 21. artikuluaren 1., 2., eta 3. apartatuetan adierazitakoaren arabera eta aplikazio informatikoaren bidez bakarrik:

1.– Eskatzailea, egun, EAEko udalerriren batean erroldatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria. 2021eko urtarrilaren 1etik, gutxienez, erroldatuta egon behar du A modalitatean aurkeztuz gero, eta, 2019tik, B edo I modalitatean aurkeztuz gero.

Deialdi honen xedearekin lotutako unibertsitate-ikasketak direla eta, eskakizun hori betetzen ez duenak ikasketa horien matrikula edo beste edozein egiaztagiri ofizial aurkeztu beharko du, 24.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz; halaber, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu egiaztatzeko aurrez EAEn erroldatuta egon dela, eta, justifikatu beharreko aldi horretan guztian beste autonomia-erkidego batean edo atzerrian erroldatuta egon dela (atzerrian egon bada, enbaxadako erregistroa aurkeztu beharko du).

2.– Bizileku-baimena, hala badagokio.

3.– 24.4 artikuluan eskatzen den titulua edo titulua emateko eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen agiria.

4.– 24.4 artikuluan aipatutako titulazioa lortzeko ikasketen jatorrizko ziurtagiri akademikoa, unitatearen arduradunak emana. Ikasketen ziurtagirian honako datu hauek jasoko dira: ikasketen izena, titulazioaren programako ikasgai guztiak, gainditutako ikasgaiak eta lortutako kalifikazioak eta kalifikazio horiek noiz eskuratu diren. Espedienteak 1etik 10era bitarteko batez besteko nota adierazi behar du.

Ikasketak atzerrian egin badira, ziurtagiri akademiko ofiziala aurkeztuko da, baita ziurtagiri horren zinpeko itzulpena ere, baldin eta ziurtagiria EAEko bi hizkuntza koofizialetako batean edo gure ingurune kulturalean luze-zabal ulertzen den hizkuntza batean ez badago. Edonola ere, espediente akademikoaren ziurtagirian edo espedienteari atxikitako beste dokumentu batean jaso beharko da zein diren dagokion ebaluazio-sistemako gehieneko eta gutxieneko kalifikazioak, eta zein den ikasgai bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko kalifikazioa. Gainera, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziaren «Batez besteko notaren baliokidetasun-adierazpena» edo ANECAren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko du, eta adierazi zein den espediente akademikoaren batez besteko kalifikazioa Espainiako ebaluazio-sistemaren barruan.

Unibertsitateko goi-mailako titulu bat baino gehiago izanez gero, espediente akademikoa eta titulazioa eskuratzeko data kalkulatzeko, hautatutako doktorego-programarekin zerikusirik handiena duena soilik hartuko da kontuan. Gainerako titulazioak ere kontuan hartu ahal izango dira curriculum vitaea balioesteko.

Lehen zikloko espediente bat eta bigarren zikloko beste bat izanez gero, bietan oinarrituta kalkulatuko da batez besteko nota, bietan lortutako kalifikazioak kontuan hartuta.

5.– Unibertsitateen kasuan, eskatzailea ezarpen-zentroari atxikitako departamentuan onartu dutela adierazten duen idazkia, departamentuko zuzendariak sinatuta. Departamentu hori bat etorriko da proiektuko zuzendariaren edo zuzendarikidearen departamentuarekin.

6.– Ezarpen-zentroaren konpromiso idatzia, bertako legezko ordezkariak izenpetua –Ikerketako errektoreordeak edo haren baliokideak unibertsitateen kasuan–, laguntza lortzen duen doktore ez den ikertzailearen doktoratu aurreko kontratua formalizatzeko.

Idazki horretan beren-beregi jasoko da bete egingo direla Agindu honen 10. artikuluan xedatutako betebeharrak. Horretarako, aplikazio informatikoan eskuragarri dagoen txantiloia erabiliko da.

Ezarpen-zentroa UPV/EHU duten eskabideei dagokienez, Ikerketa Zuzendaritzak ofizioz eskatuko du konpromiso hori.

7.– Doktorego-programa ofizial baterako matrikula edo onarpena, 24.3 artikuluan ezarritako eran, programa horren arduradunak sinatua.

Onarpena 2021eko azarorako lortzea espero denean, eskatzaileak behin betiko onarpenaren ziurtagiria bidali beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari 2021eko azaroaren 15a baino lehenago, egun hori barne dela.

8.– Eskatzailea onartu duten edo eskatzaileak onartua izatea espero duen doktorego-programaren ezaugarri adierazgarrienak bilduko dituen memoria, formatu normalizatuan, eta doktorego-tesiak proiektuarekin duen lotura. Ezaugarri horien artean espresuki nabarmenduko dira eskatzailearen ikerketa-prestakuntzarako hautatutako doktorego-programaren oinarri direnak (3 orrialde, gehienez).

9.– Eskatzailea hartuko duen ikerketa-taldeari buruzko memoria formatu normalizatuan, eskatzailearen zientzia-kalitatea, prestakuntza-ahalmena eta finantzaketa lehiakorra eskuratzeko gaitasuna adierazita (5 orrialde, gehienez).

Horretarako, I+G+b proiektu batean edo ikerketa-lerro jakin batean, egindako edo egiten ari diren kolaborazioen bidez egiaztatuta, ikertzaile gisa lankidetzan diharduten eta hautagaiaren prestakuntza-programaren garapenean parte hartzeko engaiatuak diren pertsona edo pertsonak joko dira ikertzaile-taldetzat –formalki edo informalki eratutako taldea

10.– Doktorego-tesiaren proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa formatu normalizatuan, proiektuaren zuzendariak sinatua, eta zuzendarikideak, halakorik balego. Memoria horrek eduki hau izango du: proiektuaren izenburua, laburpena, aurrekariak, helburuak, metodologia eta lan-plana interes zientifikoa eta/edo soziala, eta bibliografia nabarmenena (3 orrialde, gehienez). Memoria horretan honako hauek jasoko dira espresuki:

a) Espero daitekeen ala ez eskatzaileak doktorego-tesiaren proiektuaren eta haren defentsaren helburuak lortzea laguntza jasoko duen lanaldi osoko 3 urteetan.

8., 9. eta 10. puntuetan adierazitako memoriak EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan edo ingelesez aurkeztu ahal izango dira.

11.– Eskatzailearen curriculum vitae normalizatua. EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahalko da CVa, baita ingelesez ere.

12.– CVan alegatutako merezimendu akademiko eta zientifikoen egiaztagiriak. Argitalpenak egin badira, lehen orrialdearen fotokopia aurkeztu beharko da. Beste laguntza batzuk eskuratu badira, aldiz, emate-ebazpenaren fotokopia.

13.– Doktorego-tesi proiektuaren zuzendariaren (eta, hala badagokio, zuzendarikidearen) curriculum vitae laburtua, sinatuta eta formatu normalizatuan. Bertan, soilik azken 6 urteetako merezimenduak bilduko dira. EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahalko da CVa, baita ingelesez ere. 6 urteko muga horrek txantiloiko C atalari (merezimendu garrantzitsuenak) baino ez dio eragiten.

Ikerketa-lana egoera hauetakoren baten ondorioz eten bada: iraupen luzeko aldi baterako lanerako ezintasuna; amatasuna; aitatasuna; edoskitze-aldiko arriskua; adopzioa edo harrera, edo liberazioa, unibertsitateko pertsona bakarreko kudeaketa-karguak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko zuzendaritza-karguak eta administrazio publikoetako karguak betetzeko, ziurtatutako etenaldiarekiko proportzionalki luzatuko da aintzat hartzeko ikerketa-jardueraren aldia, salbu eta 10 astetik gorako amatasun edo aitatasunagatiko etenaldietan, horietan seme edo alaba bakoitzeko urtebete luzatuko baita ebaluatzeko aldia; edonola ere, gehienez 6 urte gehiagoz luzatuko da ikerketa-jarduera kasu guztietan.

14.– B eta I modalitateetarako soilik, eta hala badagokio, dokumentu ofiziala edo EUS Euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateekin egindako hitzarmena, non berariaz jasoko baita hautatutako doktorego-programarako lankidetza.

15.– Eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoa egia dela egiaztatzen duten ziurtagiriak, hala badagokio. Erantzukizunpeko adierazpenean bertan dago adierazita zein kasutan egin behar den hori.

16.– Masterraren espediente akademikoa, eskabidea aurkeztu arte lortutako kalifikazioekin. Espediente horretan kalifikazio horiek noiz lortu ziren azalduko da.

17.– 24.5 artikuluan bildutako salbuespenak egiaztatzen dituen dokumentazio ofiziala, halakorik behar izanez gero.

Aplikazioan horretarako dauden txantiloien bidez aurkeztu beharko da 6., 8., 9., 10., 11. eta 13. puntuetan eskatutako dokumentazioa. Ez badira txantiloi horiek erabiltzen, edo kasuan-kasuan aipatu den luzera gainditzen bada, edo memoria zientifiko-teknikoa eta zuzendariaren (eta hala badagokio, zuzendarikidearen) CVa sinatu gabe badago, eskabidea zuzendu beharko da.

Eskabideak zuzentzeko izapidea –bidezkoa bada– egin ostean, dokumentazioa sinatu gabe badago, epez kanpo badaude edo ezarritakoaz bestelako formatu batean, interesdunak hautapen-prozesutik kanpo geratuko dira.

2. atala: Hautapen- eta esleipen-prozesua.

27. artikulua.– Hautapen-prozesuko onarpen-prozedura.

1.– Eskabideak zuzentzeko epea igaro eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu ostean, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak lehen ebazpena emango du, hautapen-prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen gainekoa. Era berean, ebazpen horretan adieraziko da noiz egingo dituzten elkarrizketa pertsonalak, arlo bakoitzeko aholku-batzorde espezifikoek balioetsi beharrekoak.

Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

2.– Elkarrizketa pertsonaletara joan ahal izango dira, badaezpada, aurreko paragrafoan adierazitako ebazpenean baztertutako pertsonak, arlo bakoitzeko aholku-batzorde espezifikoek balioetsi ditzaten; horretarako, egiaztatu beharko dute errekurtsoa jarri dutela edo dagokion arloko elkarrizketak egin baino lehen baztertzearen aurkako errekurtsoa aurkezteko nahia dutela. Errekurtso hori ezesten bada edo azkenean aurkezten ez bada, elkarrizketa pertsonalak ez du baliorik izango, eta aholku-batzorde espezifikoak ematen duen balorazioak ere ez

28. artikulua.– Aholku-batzorde espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.

1.– Hautapen-prozesurako onartutako pertsonak I. eranskinean definitutako arlo bakoitzari dagokion aholku-batzorde espezifikoak balioetsiko ditu.

2.– Aholku-batzorde espezifikoetako kideak sona handiko pertsonak izango dira ikasketa- eta ikerketa-eremuan, eta Hezkuntzako sailburuak izendatuko ditu.

3.– Aholku-batzorde espezifikoek ebaluatuko dituzte onartutako eskabideak, eta txosten zientifiko-tekniko bat emango dute, irizpide hauen arabera hautagai bakoitzari emandako puntuazioekin:

– Espediente akademikoa: puntuazioa kalkulatzeko, espedientearen batez bestekoa hartuko da oinarritzat, 24.6 artikuluan adierazitakoari jarraikiz, eta zenbaki hori bider 3 kalkulatuko da. 30 puntu gehienez. Kalkulu hori Ikerketa Zuzendaritzak egingo du ofizioz.

– Eskatzailearen curriculum vitaea. 5 puntu gehienez. Atal honetan, 1 puntu eskuratu ahal izango da Ikasiker programaren lankidetza-beka baten edo gehiagoren onuradun izateagatik.

– Doktorego-programa: a) eskatzailearen ikerketa-prestakuntzarako kalitatea eta egokitasuna (3 puntu, gehienez); eta b) zenbateraino datorren bat EAEko I+G+b estrategiarekin (7 puntu, gehienez). Horren harira eta 2.1 artikulan xedatutakoa aintzat hartuta, ezarpen-zentroaren egoitza soziala interesduna matrikulatuta dagoen doktorego-programako unibertsitatearen autonomia-erkidego berean egon behar da.

Euskal unibertsitate-sistemako (EUS) doktorego-programak eta, sistema horretakoak ez izanagatik ere, EUSeko unibertsitateekin egindako hitzarmenetan jasota dauden programak, EAEko I+G+b estrategiarekin % 100 bat datozela iritziko da (7 puntu).

Ulertuko da EUSetik kanpoko gainerako doktorego-programen bat-etortze maila baliogabea dela, salbu eta egiaztatzen bada Zientzia eta Teknologiarako Euskal Sistema osatzen duten ikertzaileak inplikatuta daudela proposatutako tesi-proiektuaren zuzendaritza bateratuan (2 puntu), edo zuzendarikide horiek zuzenean parte hartzen dutela doktorego-programa horietan (4 puntu).

– Doktorego-tesiaren proiektua: kalitate zientifiko-teknikoa, aurkeztutako proiektuaren eta ikerketa-planaren interesa eta bideragarritasuna. 10 puntu gehienez.

– Zientzia Zuzendaritza: ikerketa-proiektuaren zuzendariaren eta zuzendarikidearen historia zientifikoa, eta eskatzailearen ikerketa-taldearen prestakuntza-ahalmena eta kalitate zientifikoa. 20 puntu gehienez.

– Elkarrizketa pertsonala: aurrez aurrekoa izango da, eta eskatzailearen prestakuntzari eta curriculumari, ikerketa-proiektuari edo egoki irizten den beste edozein arlori buruz hitz egingo da. 25 puntu gehienez.

COVID-19aren ondoriozko egoera epidemiologikoak pertsonen mugikortasuna saihestea gomendatzen badu, eta kontuan hartuta neurri horrek eragina duela aurrez aurreko elkarrizketetan, Ikerketa Zuzendaritzak, osasun-agintarien gomendioak betez, beharrezko jarraibideak ezarriko ditu elkarrizketak formatu ez-presentzialean egin daitezen. Jarraibide horiek berdinak izango dira ebaluatu beharreko arlo guztietarako, eta www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko dira, eta informazio pertsonalizatua emango zaie hautagai guztiei.

4.– Laguntza ukatzeko arrazoi izango da eskatzaileak elkarrizketa ez egitea Ikerketa Zuzendaritzak ezarritako modalitatean, edo 65 puntu baino gutxiago lortzea.

29. artikulua.– Nola jokatu elkarrizketetan.

1.– Aholku-batzorde espezifikoetako kideak ez badira ondo moldatzen ebaluatu behar duten pertsonak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean –EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan–, Ikerketa Zuzendaritzak bermatu beharko du, batetik, intereseko agiriak itzultzeko zerbitzua, eta, bestetik, aldibereko itzulpen-zerbitzua, interpretazio-zerbitzu baten bitartez, elkarrizketa pertsonalerako.

2.– Ikerketa Zuzendaritzak giza baliabide eta baliabide material osagarriak emango dizkie desgaitasuna duten pertsonei, egingo dituzten elkarrizketetan aukera berak izango dituztela bermatuko dizkieten baliabideak, hain zuzen ere.

3.– Ikerketa Zuzendaritzak, hautapen-probetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko xedez, deialdiaren baldintzak egokitu ahal izango ditu, proba egingo den lekura iristeko ezintasuna duten pertsonak daudenean (osasun-eragozpen larriak dituztenean). Ikerketa Zuzendaritzari egoera horren berri eman beharko zaio proba egin baino lehen, eta mediku-ziurtagiri bidez egiaztatu beharko da. Elkarrizketara joan ezina dakarren eragozpena aurreikusteko modukoa denean, astebete lehenago jakinarazi eta egiaztatu beharko da.

30.– artikulua.– Laguntza berriak esleitzeko prozedura.

1.– Agindu honen xede diren laguntza berriak emateko prozedura lehiaketa izango da.

2.– Ebaluazioaren emaitzak hautapen-batzordeari helaraziko zaizkio. Batzorde horrek kide hauek izango ditu: Ikerketako zuzendaria, zeina batzordeburu izango baita; batzordeburua, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.

3.– Hautapen-batzordeak deialdiaren oinarriak zuzen aplikatzen direla gainbegiratuko du, eta prozedura bakoitzean –ikerketa orokorra eta ikerketa espezifikoa– baliabideak esleituko ditu eta dagokion ebazpen-proposamena egingo dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari.

4.– Hau izango da laguntzok esleitzeko prozedura:

1) Laguntza berriak ikerketa orokorrean: arlo guztietan onuradunak izateko gisan eta arlo bakoitzean emandako laguntza-kopurua portzentualki uniformea izateko gisan egingo da esleipena, arlo bakoitzean eskabide hautagarrien kopuruak hala ahalbidetzen badu, betiere. Honela egingo da esleipena:

a) Aholku-batzordeak egindako balorazioaren ordenari jarraituz ordenatuko dira arlo bakoitzeko eskabide hautagarriak, eta ehuneko hau emango zaie puntuazio handiena erdietsi duten baina gainditu ez duten eskabideei: laguntza berrien kopurua (103) / eskabide hautagarrien kopurua.

b) Aurreko prozedura egin eta gero, laguntza guztia esleitu ez bada, emandako laguntzen azken ehunekoa a puntuan zehaztutako ehunekora gehien hurbiltzen den arloetan emango dira laguntzak.

2) Laguntza berriak ikerketa espezifikoan. Honela egingo da esleipena:

a) Eskabide hautagarriak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira arlo bietan. Puntuazio handiena eskuratu duten bi eskabideei emango zaie laguntza arlo bietan (Neutronika eta Hezkuntza).

b) Arlo espezifikoren batean ezin badira aurreikusitako laguntzak eman, ez dagoelako eskabide hautagarri nahikorik, esleitu ez diren laguntzak beste arlo espezifikoan eskuragarri dauden laguntzei gehituko zaizkie.

c) Hori egin eta gero ez bada posible arlo espezifikoetarako aurreikusitako lau laguntzak ematea, eman ez diren laguntzak ikerketa orokorrean eskuragarri dauden laguntzei gehituko zaizkie, aurreikusitako 107 laguntzak eman arte.

5.– Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskabideak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbaki bat. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.

6.– Honako hauek jasoko dituzte ebazpen-proposamenek: pertsona onuradunen zerrenda eta dagokien zenbateko ekonomiko xehatua, eskuragarri dagoen kreditu-mugara arte; ordezkoen zerrenda (halakorik badago), arlokako puntuazio handienetik txikienera ordenatua, 65 puntu edo gehiago eta aholku-batzorde espezifikoaren balioespen positiboa jaso badute ere, laguntza-proposamenean sartu ez diren eskabideak; ukatutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta; eta, baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.

31. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta uko-egiteengatik eman gabe geratu diren laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira laguntza berriak hizpide ditugun prozeduretan, Hautapen Batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.

2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta hauek jasoko ditu: pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak; ordezkoen zerrenda (halakorik badago), ezagutza-arloaren arabera eta puntuazio handienetik txikienera ordenatuta, 65 puntu edo gehiago jasota ere, laguntzarik jaso ez duten eskabideak; ukatutako eskabideen zerrenda, ukatzeko arrazoiak adierazita; eta baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.

3.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da ebazpena, beranduenez. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

4.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

5.– Alde batera utzi gabe aurreko 4. zenbakian ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berrien abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik aurrera.

7.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez, laguntzak emango zaizkie ordezkoen zerrendetan azaltzen diren eskatzaileei, laguntzak emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan uko egiten den kasuetan.

Hutsik geratutako plazari dagokion arloan emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie laguntza horiek. Ikerketa orokorraren kasuan ez badago ordezkoen zerrendarik, laguntza eman ahalko zaio baldintza hau betetzen duen eskatzaileari: lehenengoa izatea emandako laguntzen azken ehunekoa 30.4.1.a puntuan ezarritako ehunekoari gehien hurbiltzen zaion arloko ordezkoen zerrendan.

Horretarako, beka esleitzeko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Proposatutako ordezkoak ez badu onartzen, prozesu hori errepikatu egin daiteke laguntza eman arte. Proposamena onartu ondoren, emate-ebazpena emango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

Ez da laguntzarik emango baldin eta EAEko Administrazio Orokorrak eta erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen ari bada.

IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK BERRITZEA.

1. atala: Eskakizunak eta dokumentazioa.

32. artikulua.– Betekizunak.

1.– Agindu honek ondorioak dituen egunean, 2020-2021 ikasturtean emandako doktoratu aurreko laguntza erabiltzen egotea, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren arabera.

2.– Doktorego-programan jarraitutasuna eta ikerketa-proiektuko lanerako planean aurreikusitako jardueren aprobetxamendua egiaztatzea. Hori egiaztatzeko, 34. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztuko dira.

33. artikulua.– Betekizunak betetzea.

1.– Onuradunek laguntza-eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute betekizunak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.

2.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira eskatutako eskakizunak betetzen ez dituztenak edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez dutenak.

34. artikulua.– Laguntzak berritzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Ondoren adieraziko den dokumentazioa aplikazio informatikoaren bidez aurkeztu beharko da eskabide-orriarekin batera, 21. artikuluaren 1., 2., eta 3. apartatuetan adierazitakoaren arabera.

1.– Laguntzaren azken berritzetik, edo, lehenengo berritzearen kasuan, laguntza eman zenetik, egindako jarduera akademiko eta ikertzaileen orri bateko memoria, kalifikazio akademikoak sartuta, halakorik badago, eta tesiaren zuzendariak eta zuzendarikideak sinatua, halakorik badago (lehenengo, bigarren eta hirugarren berritzeetan aurkeztu behar da).

Memoria EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan edo gure ingurune kulturalean luze-zabal ulertzen den hizkuntza batean egon beharko da idatzita. Aplikazio informatikoan eskuragarri dagoen txantiloi eguneratua erabili behar da. Ez bada txantiloi hori erabiltzen, edo aipatu den luzera gainditzen bada, edo sinatu gabe badago, eskabidea zuzendu beharko da.

2.– A eta B modalitateetan, lehenengo berritzerako, doktorego-programaren hasieran onuradunak eta ezarpen-zentroak sinatutako konpromiso-dokumentua aurkeztu beharko da.

3.– A eta B modalitateetan, bigarren berritzerako, eskabide aurkezteko unean eskuragarri dagoen azken ebaluazio positiboaren akta aurkeztu beharko da.

4.– A eta B modalitateetan, hirugarren berritzerako, laguntzaren onuradunak tesia inskribatuta daukan doktorego-programaren ardura duen ikasketa-batzordearen baimena aurkeztu beharko da, doktorego-ikasketak beste urtebetez luzatu ahal izateko, urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan ezarritakoa betetze aldera (dekretu horren bidez arautzen dira doktoretzako ikasketa ofizialak).

5.– I modalitatean, ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatutako aldeko txostena aurkeztu beharko da, eskatzaileak egindako ikasketa- eta/edo ikerketa-jarduerei buruzkoa eta pertsona horren errendimenduari buruzkoa (lehenengo, bigarren eta hirugarren berritzeetan aurkeztu behar da).

6.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa aurkeztu beharko da –bertako legezko ordezkariak sinatua (Ikerketako errektoreordeak edo haren baliokideak, unibertsitateen kasuan)–, indarreko lan-kontratua hamabi hilabete gehiagoz luzatzeko (lehenengo, bigarren eta hirugarren berritzeetan aurkeztu behar da). Ezarpen-zentroa UPV/EHU duten eskabideei dagokienez, Ikerketa Zuzendaritzak ofizioz eskatuko du konpromiso hori.

2. atala: Ebazpena.

35. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.

1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez onartu eta baztertuko dira hizpide ditugun prozeduretako berritze-eskabideak, Hautapen Batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.

2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu, baita eskabide baztertuen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak azalduta.

3.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da beranduenez, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideak ukatutzat jo daitezke adierazitako epe horretan jakinarazpenik egiten ez bada, 51. artikuluko 9. apartatu berriari jarraikiz (Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legearen azken xedapenetako hirugarrenaren bidez gehitu da –otsailaren 17ko 35. EHAAn argitaratua–).

4.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

5.– Alde batera utzi gabe aurreko 4. zenbakian ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berrien abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, Hezkuntza, www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Ez da laguntzarik emango baldin eta EAEko Administrazio Orokorrak eta erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen ari bada.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honen xede diren laguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, horretarako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta ondorengoetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
EBALUAZIO-ARLOAK

Oinarrizko Zientziak

1. arloa.– Lurraren zientziak. Lur-sistemari buruzko ikerketak dagozkio, Biosferaren, Litosferaren, Hidrosferaren eta Atmosferaren historia eta bilakaera, haien arteko elkarreraginak, egungo egoera eta etorkizunean izan dezaketen eboluzioa barne hartuta. Honako hauek hartzen ditu barne: Mineralogia, Petrologia, Paleobiologia, Tafonomia, Geomorfologia, Hidrologia, Barne Geodinamika, Geofisika, Estratigrafia, Sedimentologia, Meteorologia, Klimatologia eta Atmosfera, eta Ingurumenaren Geokimika.

2. arloa.– Fisika eta Espazioaren Zientziak. Fisika eta Espazioaren Zientziei buruzko ikerketak dagozkio, Fisika modernoaren berezko jakintza-alorrekin batera: Fisika Kuantikoa eta materiaren eta unibertsoaren egituran dauzkan aplikazioak. Alor hauek hartzen ditu barnean: Biofisika, Optika, Sistema Konplexuak, Fenomeno ez-linealak, Nanoteknologia, Konputazio Kuantikoa, Energia Handiko Fisika Esperimentala, Materia Kondentsatuaren Fisika, Astrofisika eta Astronomia.

3. arloa.– Matematikak. Matematikaren ikerketa-esparrua dagokio, eta alor hauek hartzen ditu barne: Geometria, Topologia, Zenbakizko Analisia, Matematika Aplikatua, Aljebra, Analisi Matematikoa, Estatistika eta Ikerketa Operatiboa.

4. arloa.– Kimika. Honako alor hauek lantzen ditu, molekula-mailatik maila makroskopikoraino: substantzia naturalen, sintetikoen eta haiek dauzkaten laginen konposizioa, egitura, prestaketa eta propietateak, esperimentatzen dituzten elkarreraginak eta transformazioak, haien mekanismoa, haiek aztertzeko behar den tresneria eta ikertzeko beharrezko den metodologia esperimentala edo teorikoa. Alor hauek hartzen ditu barnean: Kimika Ez-organikoa, Kimika Organometalikoa, Katalisia, Kimika Supramolekularra, Material Molekularrak, Nanokimika, Kimika Biologikoa, Kimika Bioteknologikoa, Kimika Fisikoa, Kimika Analitikoa eta Kimika Organikoa.

Bizitza- eta osasun-zientziak.

5. arloa.– Funtsezko Biologia eta Sistemena. Oinarrizko zenbait ikerketa-esparru hartzen ditu: Biologia Molekularra eta Zelularra, Genetika, Neurobiologia eta Garapena, Mikrobiologia, Birologia, Landareak, Minbizia eta Desberdintzea, Fisiologia, Immunologia eta Biologia konputazionala, estrukturala eta sistemena, honako salbuespen hauek kontuan hartuta: xede nagusiak patologiekin lotura zuzena izatea eta/edo gizakien osasuna hobetu nahi izatea.

6. arloa.– Biomedikuntza. Eragin biomediko handiko oinarrizko azterketak eta ikerketak dagozkio: gaixotasunen oinarrizko ereduak eta mekanismoak, diagnostiko molekularra edo zelularra, estrategia terapeutikoak, farmakologia molekularra eta sistemena, eta molekula bioaktiboak identifikatzea eta aurkitzea. Arlo hauek barne hartzen ditu: Mikrobiologia, Immunologia, Birologia, Gizakiaren Fisiologia, Farmakologia, Nutrizioa eta beste hainbat gai, arazo medikoei gehienbat esparru klinikora hurbildu gabe heltzen badiete, hala nola Biologia Zelularra eta Molekularra, Kardiobaskularra, Neurozientziak, Anatomia, Hepatologia, Heriotza Zelularra, Genetika, Minbizia, Endokrinologia, Gaixotasun Metabolikoak, Farmakoak aurkitzea, Farmakologia Molekularra, Farmakologia Orokorra eta Sistemena, Fisiologia Zelularra eta Sistemena.

Batez ere giza jatorriko materiala barne hartzen duten edo gizakiengan esperimentatzea eskatzen duten ikerketak Medikuntza Kliniko eta Epidemiologiako arloari dagozkio.

7. arloa.– Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia. Helburutzat gaixotasuna, haren mekanismoak edo izan litzakeen tratamenduak hobeto ezagutzea duten ikerketa guztiak dagozkio, eta ikerketen zati handi bat gizakietan egiten bada, batez ere giza jatorriko materiala barneratzen du, edo beharrezkoa da proba klinikoak egitea. Honako hauek lantzen ditu: Kirurgia eta Aurpegi-masailetakoa, Epidemiologia, Osasun Zerbitzuak, Gaixotasun Metabolikoak, Gaixotasun Kardiobaskularrak, Minbizia, Gaixotasun Infekziosoak, Neurologia, Psikiatria, Miszelanea.

Kirolaz eta osasunaz egiten diren ikerketak zeharkakoak izaten dira, eta arlo hau gomendatutakoa izan arren, litekeena da proiektuari beste arlo batetik heltzea egokiago izatea, eta aukera hori kontuan hartu behar da.

8. arloa.– Landare eta Animalia Biologia, Ekologia, Ingurumena. Organismo bizidunen dibertsitateari buruzko ikerketa-esparrua dagokio, bai eta, biosferaren eremuan, haien bilakaera eta elkarreragina ere. Egitura-, funtzio- eta dinamika-alderdiak organismoen eta ekosistemen biologiaren zenbait espazio- eta denbora-eskalatan kontuan hartzen dira: Itsas Ekologia, Mikrobiologia, Eboluzio Sistematikoa, Genetika, Landareen Kontserbazioa, Lurreko Ekologia, Fisiologia, Landare Bioteknologia, Animalien Sistematika.

9. arloa.– Elikagaien Zientzia eta Teknologia. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza. Elikagaien Zientzia eta Teknologiari elikagaien kalitateak zer ezaugarri dituen jakiteko ikerketak dagozkio; besteak beste, hauek jakitekoak: oinarri fisikoak, kimikoak eta biokimikoak, elikagaien mikrobiologia eta bioteknologia, osagai funtzionalak nola lortu eta haien bioeskuragarritasuna eta ebaluazioa. Honako hauek hartzen ditu barne: Metabolismoa, Nutrizioa, Analisi Teknika Aurreratuak, Makromolekula Biologikoen Kimika, Elikagaien Segurtasuna, Elikagai Funtzionalak, Herdoilaren aurkako Ezaugarriak eta Osasunarentzako Ondorioak, Analisia Sistema Biologikoetan, Elikagaien Mikrobiologia, Prozesu Teknologikoak, Kontserbazio Teknologia Berriak, inplikatutako entzima-sistemen Ezaugarri Biokimikoak eta Molekularrak. Nekazaritzari landareen fitotekniarekin eta erabilerarekin eta nekazaritza- eta baso-sistemen kudeaketarekin zerikusia duten ikerketak dagozkio; besteak beste: erlazio hidrikoak eta lurraren eta landarearen arteko elkarreragina, landareen hobekuntza genetikoa, landaketen fisiologia eta produktibitatea, gaixotasunak, izurriteak eta belar txarren ikerketa, hala nola Nekazaritza Ekonomiaren eta Politikaren esparruko beste batzuk. Abeltzaintzari eta Arrantzari, berriz, xedetzat honako alor hauek dituzten ikerketak dagozkie: ekoizpena, gaixotasunak eta haiei aurrea hartzeko estrategiak, abeltzaintzarako interesekoak diren animalia-espezieen ugalketa eta genetika, akuikultura eta basa-fauna.

Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura.

10. arloa.– Teknologia Mekanikoak eta Ekoizpenerakoak.

Ingeniaritza mekanikoen eta ekoizpen-ingeniaritzen alorreko ikerketa guztiek osatzen dute, bai funtsezkoek bai aplikatuek; ikerketa horien artean hauek aipa daitezke: Materialen Zientzia eta Teknologia, Materialen Modelaketa, Biomekanika, Aleazio Magnetikoak, Sentsore Magnetikoak, Termoenergetika, Termoteknia eta Energia Mekanikoa, Mekanika Estrukturala, Mekanika Konputazionala, Energia, Energia Termikoaren Biltegiratzea, Optimizazio Energetikoa, Fabrikazioa, Konformazio Plastikoa, Xafla Konformazioa, Haustura eta Nekea, Makinak eta mekanismoak, Haustura Konputazionalaren Mekanika, Elementu Finituen Metodoa. Arlo honetakoak dira industria- eta ingurumen-prozesuak osatzen dituzten operazio fisiko, kimiko edo biokimikoen sorrera eta funtzionamendua hobetzeko Ingeniaritza eta Teknologia Kimikoan egiten diren ikerketak, baina kontuan izan behar da proiektuak kokapen egokiagoa izan dezakeela beste arlo batean.

11. arloa.– Komunikazio, Konputazio eta Elektronikaren Ingeniaritzak.

Ingeniaritza Elektriko, Elektroniko eta Automatikoak barnean hartzen ditu Ingeniaritza Elektriko klasikoaren eta kontrolaz diharduenaren gaikako eduki osoak eta Ingeniaritza Elektronikoaren edukien zati bat. Ingeniaritza Elektriko klasikoaren barruan makina elektrikoen diseinu eta erabilerari, energia elektrikoa sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko prozesuei eta haien kudeaketari lotutako ikergaiak daude. Kontrolaren ingeniaritzak sistemen modelaketari, kontrol-teoria sistemetan aplikatzeari eta industria- eta etxe-prozesuak automatikoki kontrolatzeko gailuen eta ekipamenduen garapen eta erabilerari lotutako gaiak hartzen ditu barnean. Ingeniaritza Elektronikoaren barruan honako alor hauek daude: Kontrolaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektrikoa, Gailu Elektronikoak, Mikroelektronika. Konputazioaren eta Teknologia Informatikoaren Zientzietan egiten diren lanketek alor hauekin dute zerikusia: Softwarearen Ingeniaritza; Datu Basea eta Segurtasuna; Konputagailuen eta Banatutako Sistemen Arkitektura; Sistema Adimendunak; Prestazio Handien Konputazioa eta Irudiaren Prozesaketa, Elektronika, Teknologia Fotonikoa, Komunikazio Optikoak, Telematika, Seinalearen Prozesaketa.

12. arloa.– Arkitektura, Ingeniaritza Zibila, Eraikuntza eta Hirigintza. Ingeniaritza Zibilak eta Arkitekturak barne hartzen dute azpiegitura zibilak hobeto planifikatu, diseinatu, eraiki, kontserbatu eta kontrolatzeko ikerketa guztia, bai eta arkitektura-eraikuntzei, hirigintzari eta lurraldearen antolaketari lotutakoa ere.

Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak

13. arloa.– Hezkuntza Zientziak. Psikologia. Psikologian egiten diren ikerketa guztiek osatzen dute, bai eta honako hauek ere: oro har, didaktikarekin zerikusia duten ikerketak; hezkuntza-gaietako didaktika espezifikoak; eta hezkuntzaren alderdi historikoak, psikologikoak eta metodologikoak. Alor hauek hartzen ditu barnean: Pedagogia, Didaktika, Hezkuntzaren Psikologia, Nortasuna, Ebaluazio eta tratamendu psikologikoak, Psikobiologia, Oinarrizko Psikologia, Psikologia Ebolutiboa eta Hezkuntzarena, Psikologia Soziala, Portaera Zientzien Metodologia.

14. arloa.– Gizarte Zientziak. Diziplina hauekin zerikusia duten zientzia-helburuak lantzen ditu: Soziologia, Gizarte Ikerketarako Teknikak, Zientzia Politikoa eta Administrazioarena, Kazetaritza, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Publizitatea, Giza Geografia.

15. arloa.– Zuzenbidea. Ordenamendu juridikoko sektore eta diziplina guztiak biltzen ditu, ikuspuntu nazionaletik bezala nazioarteko ikuspuntutik ere. Arloan gai hauek sartzen dira: Zuzenbide Konstituzionala, Zuzenbide Administratiboa, Zuzenbide Zibila, Zuzenbide Prozesal Zibila, Zuzenbide Penala, Zuzenbide Prozesal Penala, Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Zuzenbide Pribatua, Europako Erkidego Zuzenbidea.

16. arloa.– Ekonomia. Ikerketa-esparrutzat honako hauek ditu: ekonomiaren oinarri teorikoak, metodo kuantitatiboen erabilera eta garapena eta haien aplikazio enpirikoa askotariko arazo ekonomikoetan. Diziplina ekonomikoek honako alor hauek hartzen dituzte: Ekonomia Aplikatua, Mikroekonometria, Lan Ekonomia, Familien Ekonomia, Enpresen Antolaketa, Gobernu Korporatiboa, Aplikazioak bankuetan eta zerbitzuetan, Erakundeen Ekonomia, Enpresen erregulazioa, konkurrentzia eta portaera, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa, Analisi Ekonomikoaren Oinarriak, Teoria Ekonomikoa, Ekonomia Matematikoa, Informazioaren Ekonomia, Jokoen Teoria, Ekonomia Industriala, Makroekonomia, Nazioarteko Ekonomia, Finantza Enpirikoak.

17. arloa.– Filologia eta Filosofia. Filologia-esparruan Hizkuntza- eta Literatura-ikerketak sartzen dira, bai eta haiek kulturarekin eta gizartearekin dituzten harremanak ere. Diziplina horiei ikuspuntu teorikotik heltzen dieten lanak eta edozein historia-alditako hizkuntza edo literaturei buruzkoak biltzen dira arlo honetan. Bai eta Itzulpena eta Interpretazioa gaitzat dituzten ikerketak eta hizkuntzarekin eta literaturarekin zerikusia duten aplikazio eta baliabide teknologikoak garatzen dituztenak ere. Filosofiaren esparruari dagokionez, honako gai hauek ikertzen dira: errealitateari buruzko gai orokorragoak, haiek ezagutu ote ditzakegun, giza izaera eta gizakiak munduan betetzen duen lekua, bai eta zientzia partikularretan planteatzen diren eztabaida metodologiko eta kontzeptual orokor guztiak ere. Alor hauek hartzen ditu barnean: Literatura, Espainiar Literatura, Filosofia, Logikaren eta Hizkuntzaren Filosofia, Literatura Konparatua, Hizkuntza, Hizkuntzalaritza Orokorra, Filologia Klasikoa, Greziar Hizkuntzalaritza, Euskal Filologia, Filologia Modernoak, Literatura Ingelesa, Genero Ikasketak, Logika, Zientziaren Filosofia.

18. arloa.– Historia eta Artea. Historia-diziplina guztiak sartzen dira, garaien eta espezialitateen arabera, hala nola Arkeologia, eta Zientzia eta Teknika Historiografikoak. Artearen esparruan gai hauek biltzen dira: Artearen Historia, Estetika eta Arteen Teoria, Musikaren Historia, Zinemarena eta Ikus-entzunezkoena, Konposizio Arkitektonikoa, Hirigintza eta Lurraldearen Antolaketa, Eskultura, Pintura eta Marrazketa, bai eta arte-ondarea zaharberritu eta kontserbatzearekin zerikusia duten zientziak eta teknikak ere.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala