Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2021eko uztailaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4061

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 1eko, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bitartez SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Administrazio Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko erabakia argitaratzen den, 2021eko «Renove Industria 4.0» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratzekoa.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2021eko ekainaren 30eko bilkuran hartutako erabakiaren arabera, 2021eko «Renove Industria 4.0» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratu ziren, zegokien publizitatea emateko ondoreekin.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2021eko «Renove Industria» laguntzen programaren oinarri arautzaileen onespenari eta deialdiari buruzko erabakia, idatzi honetan eranskin gisa atxiki dena.

Bilbao, 2021eko uztailaren 1a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

SPRI-ENPRESA GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN ZUZENDARI NAGUSIAREN 2021EKO UZTAILAREN 1EKO EBAZPENAREN ERANSKINA
SPRI-ENPRESA GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN ADMINISTRAZIO KONTSEILUAREN 2021EKO EKAINAREN 30EKO ERABAKIA, 2021ERAKO «Renove Industria 4.0» LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK ONARTU, PROGRAMAREN DEIALDIA EGIN ETA ARGITARATZEKO AGINTZEN DUENA

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, eginkizuntzat dauka Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria-sustapena, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, enpresen ikerketa eta garapena, eta abar bultzatzeko jarduerak gauzatzea.

Alde horretatik, SPRI hainbat ekintza garatzen ari da enpresen lehiakortasuna hobetzeko, besteak beste ekipoak eta makineria modernizatuta, eta, horrela, aplikagarria den sektoreko legedia beteta.

Horren ondorioz, Renove Industria 4.0 programaren helburua da inbertsioak sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarea osatzen duten enpresetan makineria edo ekipamendu aurreratu gaitzaile berrietan (hardwarea eta softwarea), ingurune horiek modernizatzeko eta Fabrikazio Aurreratuaren barruan Industria 4.0 programako proiektuei aurre egin ahal izateko.

Bestalde, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 48.5 artikuluak Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek finantzatutako erakunde guztiei agintzen die haien dirulaguntza-jardueran publikotasun-printzipioa betetzeko, besteak beste.

Hori guztia dela eta, honako hau

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– «Renove Industria 4.0» 2021 laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da erabaki honetan.

Bigarrena.– Ahalmena ematea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Orokorrari erabaki hau argitaratzeko eta indarrean jartzeko egin beharreko izapide guztiak egiteko.

Hirugarrena.– Erabaki honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

ERANSKINA
«RENOVE INDUSTRIA 4.0» 2021 LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak euskal ekosistema industriala indartzeko baldintza egokiak sortzea sustatzen du, industriarekin duen konpromisoa indartzen du arlo ekonomikoan jarduteko ardatz nagusi gisa, eta enpresen eskura jartzen ditu lehiakortasunari laguntzeko tresnak.

Horiek horrela, honako helburu hauek lortu nahi dira:

– Industria gehiago: industria Euskadiko ekonomiari dagokion BPGd-aren % 25era iristea.

– Industria hobea: fase berri bat lortzea Industria 4.0 paradigman; jauzi kualitatibo bat ematea euskal enpresak merkatu globalean txertatzean eta nazioarteko lehiakortasunean; lehiakortasunaren hobekuntza orokorra lortzea enpresen, sektoreen eta lurraldeen tipologiari dagokionez; eta enpresen premiak eta profil profesionalen eskuragarritasuna lotzeko oinarriak ezartzea.

– Industria-politika efizientea: Jaurlaritzaren industria-politika modernizatzen eta hobetzen jarraitzea, eta, horretarako, programa aurreratuez baliatzea eta baliabide publikoak gero eta eraginkortasun handiagoz erabiltzea.

Planaren zeharkako ardatza Industria 4.0 kontzeptua da, eta honako hauek dira bere egiteko nagusiak:

– ETEak Industria 4.0 programari eta EIKTen ahalmenari buruz sentsibilizatzea.

– Industria 4.0 programaren euskal ekosistema sendotzea, trakzio- eta lankidetza-gaitasuna duten eragile berriekin.

– Basque Digital Innovation Hub azpiegitura teknologikoen sarea abian jartzea.

– Euskal industriaren digitalizazioa bultzatzea, teknologiei eta negozio-ereduei dagokienez.

– Klusterren arteko lankidetza sustatzea Industria 4.0 programaren inguruan.

– Ekintzailetza aurreratuaren Bind 4.0 programa.

Renove Industria 4.0 programak bat egiten du helburu horiekin, eta gauzatu egiten du Jaurlaritzaren konpromisoa euskal ETE-en lehiakortasunaren hobekuntza babesteko Industria 4.0 programarekin lotutako inbertsioen bidez.

Esan behar da erakundeak 2021erako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dagoela jasota Renove Industria 4.0 programa, Administrazio Kontseiluak 2020ko abenduaren 15ean hartutako erabakiaren bidez.

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea enpresa parte-hartzaileen lehiakortasuna hobetzera bideratutako laguntza-programa bat arautzea da, makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosten laguntzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko produktu-prozesu industrialari lotutako industria- eta zerbitzu-enpresetan fabrikazio aurreratuaren esparruan teknologiak aplikatzera bideratutako Industria 4.0 proiektuak inplementatze aldera.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Programa hau eta arautzen dituen laguntzen emakida Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (EONALTB) 51.4 artikuluan ezarritako norgehiagoka-prozeduraren mende daude.

2.– Programa honen esparruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.

3.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis laguntzak dira. Ondorioz, 2013ko abenduaren 18an Batzordeak onartutako 1407/2013 (EB) Araudiak xedatutakoaren mende egongo dira.

4.– Programa honen baitan emandako dirulaguntzak ez daude esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezartzeari eta ustiatzeari, edo jarduera esportatzaileari lotutako beste gastu korronte batzuei zuzenean lotuta.

3. artikulua.– Baldintzak eta definizioak.

Programa honen helburuetarako, definizio hauek ezarri dira:

1.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu edo inbertsio hautagarrien gehieneko aurrekontu onartuen ehunekoan adierazita.

2.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak) (Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioaren arabera).

3.– Ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea): gailua edo gailu-multzoa, bai M2M (Machine-to-Machine), bai M2H (Machine-to-Human edo Human-to-Machine) edo M2M (Machine-to-Human edo Human-to-Machine) prozesatzeko eta konektatzeko gaitasun aurreratuak eskaintzeko gai direnak, eta modu erabat autonomoan, automatizatuan edo mendekoan jardun dezaketenak (gizakiaren esku-hartzea). Horrelako gailuak edo gailu-multzoak industria-ingurune horietan sartzeak/ezartzeak nabarmen lagunduko du horiek digitalizatzen, eta ekoizpen-prozesuen ikuspegitik ingurune erabat konektatuak, seguruak, automatizatuak eta optimizatuak izatea ahalbidetuko du.

Ekipamendu aurreratutzat joko da, halaber, gailu edo gailu-multzo horien funtzionamenduari lotutako softwarea.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Laguntza-programa honen helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 5.000.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko baldintzak.

1.– Deialdiaren xede diren laguntzak eskuratu ahal izango dituzte industria- eta zerbitzu-enpresa txiki eta ertainek (ETEak), Industria 4.0 programaren proiektuak inplementatzeko makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

a) ETEak izatea, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera– Aldizkari Ofiziala (DUE) 2003-05-20ko L 124 zk., 0036-0041 or.

b) Jarduera-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta bertan instalatzea/ezartzea erositako makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea).

c) Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-jardueren gaineko zergaren dagokion epigrafean alta emanda egotea.

2.– Honako hauek ezin izango dituzte eskuratu deialdiaren xede diren dirulaguntzak:

a) Administrazio publikoak eta horietako baten sektore publikokoak direnek.

b) Azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek; horien artean daude:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean ez izatea.

– Zigor- edo administrazio-zehapenik ez izatea, eta horrekin batera, dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukerarik ez izatea, edo horretarako desgaitzen dituen lege-debekuren baten mende egotea.

c) Jarduera armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketaren arloan gauzatzen dutenek, abenduaren 28ko 14/2007 Legeak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarenak, xedatutakoaren arabera.

d) Laguntzak berreskuratzeko bete gabeko agindurik ez izatea Europako Batzordearen aldez aurreko erabaki baten ondorioz, laguntza hori legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekiko bateraezintzat deklaratu ondoren.

e) Krisialdian dauden enpresak eta erakundeak izatea, Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Zuzentarauen definizioaren arabera (2014/C 249/01), salbu eta COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatuko laguntza-neurriei buruzko 2020ko martxoaren 19ko Aldi Baterako Esparruko 3.1.22.c bis atalean ezarritako salbuespena gertatzen bada [C (2020) 1863].

f) Sexuagatiko diskriminazioa egitea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Dirulaguntzen onuradun izateko aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak bete egin beharko dira laguntza-eskaria aurkezten denetik ematen den dirulaguntza likidatu arte.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako baldintza betetzen direla:

– Jarduera-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta bertan instalatzea/ezartzea erositako makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea).

– Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-jardueren gaineko zergaren dagokion epigrafean alta emanda egotea.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean organo eskudunaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Gainerako baldintzak eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira, eta horien egiazkotasuna, hala badagokio, xede horretarako egindako ikuskapen-bisitan egiaztatuko da.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta exekuzio-epea.

Diruz lagunduko da makineria edo ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) erosketa, produktu-industria-prozesuarekin lotutako industria- eta zerbitzu-enpresetan industria 4.0 proiektuak eta horri lotutako aholkularitza- edo ingeniaritza-zerbitzuak ezartzeko. Gastu hautagarria egiaztatzeko, aldeek (laguntzaren eskatzailea eta fabrikatzailea/hornitzailea) onartutako enkargua edo kontratua eta fakturarekin erosi den makineria edo ekipamendu aurreratuaren zenbatekoaren % 10, gutxienez, ordaindu izanaren agiria aurkeztuko dira.

Makineria edo ekipamendu aurreratu hori (hardwarea eta softwarea) teknologia hauek txertatzeko edo erabiltzeko proiektuei aurre egiteko erosi beharko da:

1.– Fabrikazio aurreratuaren proiektuak, makineria edo ekipamendu aurreratuarekin (hardwarea eta softwarea), Big Data eta Analitika aurreratuko teknikak barne hartzen dituztenak, industria-inguruneen barruan hainbat iturritatik datozen «datu-bolumen handiak» prozesatu eta aztertzeko. Helburua da enpresetan hainbat eremu eta prozesuri eragiten dieten portaera-ereduak identifikatu (Business Intelligence, Data Mining,...) eta iragartzea. Hala, erabakiak errazago hartuko dira eta lehiakortasuna hobetzen lagunduko da.

2.– Fabrikazio gehigarriaren proiektuak, material mota desberdinen bitartez (plastikoetatik metaletara) ale eta forma geometriko pertsonalizatu berrien produkzio/fabrikazio malgua sustatzen dutenak, sektore edo industria-enpresa bereziaren beharrak asetzeko.

3.– Robotika aurreratu eta elkarlaneko proiektuak, denbora errealean langileekin lankidetzan jarduteko robot konektatuak, bestelako robotak, baita makinak ere atxikitzen dituztenak; xedea da prozesuak hobetzea eta instalazioan produktibitatea areagotzea.

4.– IIoT (Industrial Internet of Things) proiektuak, fabrikaren barruan gailuei eta makineriari sentsoreak ipini eta Internetera konektatu ahal izatea bermatzeko, denbora errealean informazioa jaso eta trukatzeari begira. Modu horretan, neurri handian, konektatutako gailu eta makineriaren erabilera-aukerak eta jarraipena kontrolatu, automatizatu eta ugaritu egingo dira.

5.– Industria-ingurunerako adimen artifizialeko proiektuak, zeinetan instalazioko makinak edota ekipamenduak modu autonomoan ikasi eta erabakiak hartzeko gai izango diren. Halaber, halako proiektuei Machine Learning edo Deep Learning-aren teknikak gehituz gero, besteak beste, instalazioko ekoizpenaren ikuspegitik garrantzitsuak diren portaera edo egoerak iragar daitezke (adibidez, makinen mantentze-lan prediktiboak), objektuak antzeman, irudiak identifikatu edo argibideak iragarri. Horri esker, instalazioko aktibo eta prozesu guztiei buruzko ezagutza automatiza eta zabal daiteke eta, ondorioz, enpresa jakin batean erabakiak hartzen lagunduko da.

6.– Sistema ziber-fisikoen proiektuak, konputazio- eta konektagarritasun-gaitasun aurreratua duten instalazioko osagaiak, objektu fisikoak edo makineria gehitzen dituztenak. Modu horretan, objektu adimentsu bihurtuko dira enpresa jakin baten balio-katean.

7.– Errealitate birtualaren proiektuak, mundu simulatuetan edo inguru birtualetan egiazko egoerak berregiten dituztenak.

8.– Errealitate areagotuaren proiektuak; hauen barruan erabilitako teknologiei esker, erabiltzaileak gailu teknologikoaren bitartez egiazko munduaren zati bat ikusiko du eta gailuak informazio grafikoa erantsiko du. Modu horretan, egiazko informazioa edo informazio fisikoa informazio birtual osagarriarekin areagotuko da.

9.– Biki digitalen (Digital Twins) proiektuak, objektu edo sistema baten erreplika birtuala sortzen dutenak, beren egiazko kidearen portaera simulatzeko. Helburua monitorizatzea da, egoera zehatzetan portaera aztertu eta eraginkortasuna hobetzea da. Beste abantaila batzuen artean, produktuak garatu eta testatzea produktu fisikoarekin egitea baino merkeagoa eta eraginkorragoa izatea ahalbidetzen du. Horrez gain, eredu birtualaren kopia asko egin daitezke, eta agertoki ugari kontuan hartuta testatu ere bai.

Industria 4.0 proiektuan sartuko dira ezarri nahi den makineria berria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea), bai eta proiektuari lotutako aholkularitza- edo ingeniaritza-gastuak ere. Horren guztiaren baturak 50.000 euroko gutxieneko zenbatekoa izan beharko du (BEZik gabe), eta erakunde eskatzailearen ustiapen ekonomikoaren ekoizpen-prozesuari lotuta egon beharko du; era berean, enpresa onuradunean hornitu eta instalatu beharko da.

Aholkularitza/ingeniaritzako gastuak ezingo dira proiektuaren aurrekontu osoaren % 25 baino handiagoak izan. Aholkularitza-/ingeniaritza-lanetarako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 25etik gorako zenbatekoa bideratzen bada, doikuntza bat egingo da partida horretan, gehienez ere proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 25era mugatzeko.

Erositako makineria berria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera entregatu eta jarri beharko da abian, eta, edonola ere, eskaera aurkeztu eta hurrengo 12 hilabeteetan.

Ez dira onartuko diruz lagundu daitezkeen jarduera gisa artikulu honetan deskribatutako produktuak edo zerbitzuak, erakunde onuradunaren produktu/zerbitzuei buruzko katalogoan badaude.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak eta aplika daitezkeen baldintzak.

1.– Gastu hautagarritzat hartuko dira makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erostetik eratorritakoak, bai eta aurreko artikuluan deskribatutako teknologien barruan Industria 4.0 proiektuak ezartzeko sortutako aholkularitza-/ingeniaritza-gastuak ere.

2.– Fakturan aplikatutako balio erantsiaren gaineko zerga ez da izango gastu hautagarria.

3.– Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Oinarri hauetako 6. artikuluan deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jardueretatik eratorritako gastuak izan beharko dira, eta horietan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarria euroa ez den monetan balioetsiz gero, eurora pasako da fakturaren datan dagoen kanbio-tasaren arabera.

d) Ez dira inola ere gastu hautagarriak izango makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteak eta erakunde eskatzaileak berak edo taldeko enpresek edo laguntzaren eskatzailearekin akzioen edo partaidetzen bidez zuzenean edo zeharka lotutakoek egindako aholkularitza- edo ingeniaritza-zerbitzuek eragindako gastuak.

e) Makineria berria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erostean, finantza-errentamenduaren bitartez finantza daiteke eta diruz lagundu ahal izango da, betiere enpresak eragiketa egiten duen finantza-erakundearen aurrean erosketa-aukera erabiltzeko konpromisoa berariaz hartzen badu. Ildo horri jarraikiz, konpromisoa idatziz jasota duen dokumentua entregatuko du, bi erakundeen sinadura eta zigiluarekin.

f) Halaber, makineria berria erostea hornitzaileak finantzatu ahalko du eta diruz lagundu ahalko da, baldin eta finantzaketa-kontratua edo -akordioa aurkezten badu. Bertan, gutxienez, finantzaketaren epeak eta amaiera jasoko da, bai eta baldintzak ere, eta aldeek sinatu beharko dute.

4.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoa baino handiagoa bada, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziengatik horiek egiten, mailegatzen edo hornitzen dituzten behar besteko erakunderik ez badago merkatuan, edo gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzak efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko dira, eta berariaz justifikatu beharko da ez bada hautatzen proposamen ekonomiko onuragarriena.

8. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira onartutako gastu eta inbertsio hautagarriei buruzko neurrietan adierazitako ehuneko eta kopuruetan.

Dirulaguntzaren ehunekoa, laguntza-eskaera bakoitzerako «onartutako gehieneko gastu/inbertsioen aurrekontuekiko», % 25ekoa izango da.

Makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko eta aholkularitza- edo ingeniaritza-gastuak ordaintzeko laguntza-eskaera bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 70.000 eurokoa izango da, eta gehienez ere 100.000 eurokoa enpresako.

Ondorio horietarako, dirulaguntzak balorazio-fasean horiek lortzeko ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskabideei esleitzeko, fase horretan lortutako puntuaziotik eratorritako beheranzko hurrenkerari jarraituko zaio. Dirulaguntzaren zenbatekoa laguntzaren ehunekoa eta artikulu honetan ezarritako muga kuantitatiboak aplikatuta aterako da, 4. artikuluan adierazitako deialdiaren zuzkidura agortu arte, hala badagokio.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

Programa honetan jasotako laguntzekin batera beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako beste finantzabide batzuk eskuratu ahal izango dira, betiere gastu hautagarri berberetarako gehieneko laguntzaren intentsitatea errespetatzen bada.

1.– Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ez da inolaz ere izango erosi beharreko makineria edo ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) kostua eta Industria 4.0 proiektuarekin lotutako aholkularitza- edo ingeniaritza-gastuak baino handiagoa, ez bera bakarrik, ez beste edozein administraziok edo haren sektore publikoek nahiz erakunde pribatuek helburu bererako emandako beste batzuekin batera. Beste laguntza publiko batzuk eta programa honen babesean emandakoa batu ondoren, kostua gaindituz gero, programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteari begira gainfinantzaketa saihesteko neurrian.

2.– Programa hau aplikatuz ematen diren laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis laguntzak izango dira.

3.– Enpresa onuradun batek jaso dezakeen gehieneko minimis laguntza ezingo da 200.000 eurotik gorakoa izan, egungo ekitaldi ekonomikoa (2021) eta aurreko biak (2019 eta 2020) aintzat hartuta.

4.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gainditu egiten badu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

5.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kopurua murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

6.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

10. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen helbide elektronikoaren bidez.

2.– Izapidea bide elektronikoaren bidez egiteko jarraibideak eta eskaera-eredua, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta gainerako ereduak egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri.

3.– Laguntza-eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskaeraren ondorioz sortutako jardueratan eta prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, xedatutakoaren arabera.

11. artikulua.– Laguntza eskatzea.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza-eskaera egiteko inprimakiak bete beharko dituzte SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren helbide elektronikoan.

2.– Eskaera hori erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatuko du sinadura elektroniko aurreratuaren bitartez (onartutako ziurtagiri elektronikoa). Eskaeraren sinadura elektronikoa SPRIk gaitutako helbide elektronikoan aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

3.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela automatikoki egiaztatuko da, behar adina aldiz, salbu eta aurka ez badaude, modu arrazoituan. Kasu horretan, betebehar horiek bete dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute.

Era berean, eskabidearekin batera, SPRIri baimena ematen zaio enpresa JEZn alta emanda dagoen epigrafea kontsultatzeko. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

4.– Laguntza-eskaeran jaso beharko dira erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak.

5.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako adierazpena, eskabideari erantsitako ereduaren arabera, honako inguruabar hauek jasotzen dituena:

– Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) edo Kodea (IFK) eta egoitza soziala.

– Erakunde eskatzaileak gutxienez jarduera ekonomikoari dagokion zentro baten egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Nolanahi ere, bertan ipiniko da laguntzaren eskaeran deskribatutako makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea).

– Euskadiko ekonomia jardueren gaineko zergaren dagokion epigrafean alta emanda egotea.

– Egunean izatea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga-betebeharrak.

– 2019, 2020 eta 2021 ekitaldi fiskaletan jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adierazita laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren barruan eta emandako laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu berbererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Enpresaren tamaina zehazteko datuak xehatzea laguntza-eskaeraren barruan, horretarako gaitutako atalean.

– Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagundu daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziengatik horiek egiten, mailegatzen edo hornitzen dituzten behar besteko erakunderik ez badago merkatuan, edo gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada (azken kasu horretan, 651/2014 Araudira atxikitako enpresen kasuan izan ezik).

– Oinarri hauetako 5. artikuluko baldintzak betetzea, eta bereziki hauek:

– Enpresa eskatzaileak ez izatea dirulaguntza publikoak ez jasotzeko zigor penal edo administratiborik edo laguntzak jasotzeko legezko debekurik, sexu-diskriminazioarekin lotutako arrazoiak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

– Enpresa eskatzaileak ez izatea oraindik izapidetzen ari diren itzultzeko prozedurarik edo zehapen-prozedurarik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen testuinguruan.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean izatea.

– Ez egotea berreskuratzeko agindu baten menpe Batzordearen aurretiazko erabaki bati jarraikiz, zeinaren bidez laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekiko bateraezintzat jo den, eta ez izatea krisian dagoen enpresa bat, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko estatuko jarraibideekin bat (EBAO 2014/C 249/01).

– Enpresa eskatzaileak ez edukitzea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako debekurik.

– Ez jardutea armen ekoizpen, komertzializazio edo finantzaketan, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoarekin bat.

– Konpromisoa hartzea jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari itzultzeko, baldin eta itzultzea agintzen duen ebazpen bat ematen bada.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion foru-aldundiaren edo udaleko ogasun-sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZa.

d) Erositako makineria berria edo ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) salerosketa-kontratua, bi aldeek sinatutakoa edo aldeek onartutako eskaria.

e) Ordainketaren % 10eko faktura gutxienez eta makineria edo ekipamendu aurreratuaren banku-ordainketen ordainagiria, kontuetan edo ordainketarako banku-ziurtagirian islatuta.

f) Jorratu nahi den Industria 4.0 proiektuaren deskripzio-memoria (gehienez 25 orrialde). Memoria horrek honako alderdi hauei buruzko informazio xehatua jaso beharko du nahitaez:

– Enpresaren egungo jarduera eta egoera (teknologian oinarrituta).

– Ebatzi beharreko arazoa edo hautemandako beharra. Lortu nahi diren helburuak.

– Makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) gehituta jorratu nahi den Industria 4.0 proiektuaren deskripzioa (ez funtzionalitateen katalogoa). Halaber, proiektuak oinarri hauen 6. artikuluan adierazten diren teknologiekiko duen doikuntza edo lerrokadura ere justifikatu beharko da (proiektuaren alderdi nagusien ezaugarriak, beste sistemekiko konektagarritasunari edo integrazioari, datuen bilketa eta ustiaketari, eta abarri dagokienez).

– Enpresa onuradunak Industria 4.0 proiektuari esker lehiakortasuna hobetu izana justifikatzea (prozesu berriak, ekoizpena handitzea, etab.).

– Industria 4.0 proiektuak enpresa onuradunaren emaitzetan izandako eragina, fakturazioa handitzeari, enplegua sortzeari eta esportazio-ehunekoari dagokionez.

– Hornitzaileak kontuan hartuta, erakunde onuradunak Industria 4.0 proiektuaren edo inbertsioen efektu eragilea justifikatzea.

– Makineria edo ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) ingurumena eta energia kontuan hartu direla justifikatzea.

– Makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri eta abian jartzeko egutegia.

6.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotasuna emango diete enpresak laguntza-eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora bidalitako komunikazio guztiei. Soilik harremanetarako posta elektronikoko kontu gisa onartuko da programaren onuradun gisa agertzen den enpresari dagokiona.

12. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2021eko urriaren 4an amaituko da. Dena dela, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2021eko urriaren 4ko 15:00etan amaituko da (Espainiako ordutegi penintsularra).

13. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.

1.– Dirulaguntzak onartzeko eskaera guztiak konparatuko dira, araudi honetan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz horien arteko lehentasuna erabakitzeko, eta irizpide horien arabera balorazio handiena lortu dutenei esleituko zaie laguntza.

2.– Laguntza-eskaerak ebaluatzea. Hautaketa Batzordeak aztertuko ditu epearen barruan aurkeztutako eskaerak eta programa honetan xedatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du. Hautaketa Batzordea hauek osatuko dute: Aitor Cobanera Rodriguez jaunak, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Enpresa Sustapenerako zuzendariak, presidente gisa; Mikel Amundarain Leibar jaunak, Eusko Jaurlaritzako Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak; Agustin García Pérez jaunak eta Imanol Cuétara Camiruaga jaunak idazkari gisa. Hautaketa Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideak aplikatuz, dagokion txostena bidaliko dio SPRIren zuzendari nagusiari, honako hauek adierazita: onuradun gisa proposatutakoen nortasuna, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, proposatutako jarduketa, zenbatekoa eta uko egiteko proposatutakoak, uko-egite horren arrazoiak adierazita.

3.– Proiektuak ebaluatzeko, irizpide eta puntuazio hauek aplikatuko dira:

– Industria 4.0 proiektuaren gaitasuna enpresaren teknologia- eta berrikuntza-maila bultzatzeko (40 puntu).

– Industria 4.0 proiektuaren emaitza gisa enpresan espero den lehiakortasunaren hobetze-maila (20 puntu).

– Industria 4.0 proiektuak enpresaren emaitzetan izandako eragina, fakturazioa handitzeari, enplegua sortzeari eta esportazio-ehunekoari dagokionez (15 puntu).

– Proiektuaren aurkezpen-dokumentazioaren kalitatea. Helburuen, zereginen eta kostuen definizio-maila. Industria 4.0 proiektuak eta laguntzen aginduan deskribatutako teknologiek duten egokitze- edo lerrokatze-maila (10 puntu).

– Proiektuak hornitzaileen gainean duen ondore eragilea (10 puntu).

– Ingurumen- eta energia-alderdiak kontuan hartzea makineria edo ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) (5 puntu).

Irizpide bakoitzak lor daitekeen gehieneko puntuazioa du. Puntuak definitutako irizpideen betetze-mailaren arabera lortuko dira.

50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerak ezingo dira inolaz ere laguntzaren onuradunak izan programaren barruan.

4.– Ebazpena SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiak emango du, norgehiagoka-erregimenean. Ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

5.– Ebazteko epea. Gehienez ere 6 hilabeteko ebazpen-epea ezartzen da, oinarri hauek argitaratzen direnetik zenbatzen hasita. Ebazpena ez bada epean ematen, gaitzespen-ebazpentzat joko da.

6.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak jakinaraziko dizkie ebazpenak erakunde eskatzaileei, ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa adierazita, baita hura garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere.

7.– Esleitutako laguntzen ezagutza orokorrerako, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Behin diruz lagundu daitekeen jarduera amaitzean (erositako makineria edo ekipamendu aurreratua instalatu edo ezartzea), hilabete bateko epean, erakunde onuradunek hori justifikatu beharko dute SPRIren webgunean eskuragarri dauden likidazio-eskaeraren inprimakiak erabilita.

2.– Likidazio-eskaera erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko bidez. Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRIren sistemetako sinadura elektronikoarena.

3.– Likidazio-eskaerak erakunde eskatzailearen eta haren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko ditu.

4.– Likidazio-eskaera dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da.

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturei dagokien kopia, makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko kostua eta aholkularitza- edo ingeniaritza-gastuak bereizita.

b) Finantza-erakundearen ordainagiriak.

c) Egindako lanak, makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri eta abian jarri izana eta horiek aurkeztutako Industria 4.0 proiektuan erabili izana egiaztatzeko deskripzio-memoria (gehienez 25 orrialde). Memoriak honako atal hauek jaso beharko ditu, eta erantzuna emango die:

– Egindako Industria 4.0 proiektuaren emaitza gisa lortutako hobekuntzak edo onurak.

– Egindako lanen eta makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) egindako Industria 4.0 proiektuan erabili izanaren deskripzioa.

– Industria 4.0 proiektuaren hurrengo urratsen deskripzioa edo jarraipena, behin erositako makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri ondoren.

– Hasierako planarekiko desbideratzeak.

– Makineria edo ekipamendu aurreratuko (hardwarea eta softwarea) eta egindako Industria 4.0 proiektuko inbertsioen deskribapena eta ebidentziak (pantaila-argazkiak, irudiak, bideoen estekak...).

d) Finantza-erakundearen ziurtagiria, onuradunaren titulartasuna eta kontu korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen duena, hura aldatuz gero aurretik aipatutakoari begira.

e) Hornitzailearen finantzaketa izanez gero, hark sinatutako idatzia, enpresa onuradunari emandako laguntzaren likidazioa onartzen duena, makineria osoa kobratuta ez izan arren.

5.– Ebazpena Zuzendaritza Orokorrak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

15. artikulua.– Laguntza- edo likidazio-eskaeren zuzenketa.

1.– Laguntza- edo likidazio-eskaera ez badira guztiz betetzen edo ez bada haiekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, SPRIk erakundearen legezko ordezkariari eskatuko dio, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, hutsune hori betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko.

2.– Epe hori igarotzean erakunde onuradunak ez badu hori egin, SPRIk espedientea eten ahalko du, eta erakunde eskatzaileari horren berri emango dio.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Emandako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da:

– Lehen ordainketa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 50ekoa, ebazpena jakinarazi ondoren, oinarri hauen 17.1.a) artikuluan aurreikusitako epea igaro ondoren, berariazko uko-egiterik izan ez bada.

– Bigarren ordainketa, emandako dirulaguntzaren gainerako zatiarena; SPRIren zuzendari nagusiaren likidazio-ebazpenean zehaztuko da zenbatekoa, dirulaguntza justifikatu ondoren, oinarri hauen 14. artikuluan ezarritako baldintzetan.

Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ez baditu edo itzultze-bidezkotasunaren ebazpenagatik zorduna bada.

2.– Egindako gastu hautagarria laguntza esleitzeko ebazpenean onetsitako aurrekontua baino txikiagoa bada, proportzionalki doituko da, 8. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Oinarri hauen testuinguruan esleituko diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrei daude lotuta, eta, zehazki honako hauei:

a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntzaren emakidaren jakinarazpenaren harrera-data eta hamar egun balioduneko epean erakunde onuradunak ez badio berariaz uko egiten hari SPRIren aurrean, ulertuko da hura onartuta gelditu dela.

b) Emandako laguntza jarduera-plana aurrera eramateko erabiltzea, baita esleipenaren xede izan ziren gastuak finantzatzeko ere.

c) Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela euren instalazioetan, esleitutako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.

d) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea lau urteko epean zehar, gastu hautagarriak egiten direnetik zenbatzen hasita.

e) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo beste kontrol-organo eskudun batzuei, bai nazionalak eta bai komunitarioak, eskatutako informazioa ematea laguntzen jomugaren fiskalizazio-funtzioak betetzean.

f) Berehala jakinaraztea SPRIri eskaera edo dirulaguntza edo laguntzak jaso izana, baita diru-sarrera edo baliabideak ere, hemen araututako laguntzen xede bera badute, edozein Administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik jasotakoak.

g) SPRIri laguntza esleitzeko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela jakinaraztea.

h) Programa honen bitartez emandako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia egitea.

i) Hizkuntza eta irudien erabilera ez-sexista egitea diruz lagundutako proiektua osatzen duten dokumentu eta euskarrietan.

2.– Onuradunak diruz lagundutako makineria edo ekipamendua Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko du gutxienez hiru urtez, hura abian jartzen den egunetik zenbatzen hasita.

18. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntza edo dirulaguntzak eta xede bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabideak jasotzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatu ahalko da, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Orokorraren Ebazpenaren bidez, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak babesten badira.

2.– Halaber, erakunde eskatzaileen eskaera eta justifikazioaren ondoren, programaren kudeaketa-arduradunak luzapen bat eman ahalko du egin beharreko jarduerak egikaritzeko, betiere ez bada 12 hilabete baino gehiagoz gainditzen diruz lagundutako jarduera egiteko gehieneko epea (erositako makineria edo ekipamendu aurreratua instalatu edo ezartzea). Luzapenerako 12 hilabeteko iraupena ezarri da.

3.– Jarduerak laguntza-eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, eta aldaketak baimendu ahalko dira, betiere aldaketa horiek aldez aurretik justifikatu baditu erakunde onuradunak, amaitu aurretik, eta ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduera eta helburuen izaera.

19. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak edo laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko ekintza legalak abiaraziko dira.

2.– Edonola ere, artikulu honetan aurreikusitako ondoreetarako, honako hauek joko dira ez-betetzetzat:

a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduerak aldatzea. Exekuzioaren edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez betetzetzat joko da ondore horietarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, betiere SPRIri eskatzen bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, betiere ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo programa honetan edo laguntzaren emakidaren ebazpenean eskatutako baldintzak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua exekutatzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.

d) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak ete betekizunak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratuz.

e) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo horiek oztopatzea.

f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIren Zuzendaritza Orokorraren zeregina izango da itzultzeko prozedura hastea, izapidetzea eta ebaztea.

4.– Deialdi honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta hala badagokio emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, hura indargabetuko da, ez-betetzearen espedientea egin baino lehen, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari laguntzak itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. Tituluan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena) xedatutakoari jarraikiz, dagozkien ekintza legal eta zehapenei kalterik egin gabe. SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Orokorrari dagokio indargabetze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea.

5.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli beharko da baldin eta gainfinantzaketa gertatzen bada, 10. artikuluan araututako beste laguntza batzuk metatzearen ondorioz, hura kobratu ondoren. Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa egitatea adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:

1.– 38/2003 Lege Orokorra (ekainaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa) eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen arloko oinarrizko legedia osatzen duen aldetik.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia.

3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena.

4.– Europako Batzordearen 1407/2013 Zuzentaraua, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu-itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalen esparruan aplika daitezkeen gainerako araudietan ezarritakoarekin bat eginez, jakinarazten da emandako datuak tratatu egingo direla eskatutako dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa funtzio publikoa da, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuei jarraikiz.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei bidali ahalko zaie, baita arlo honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei ere (ikusi: http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri). Interesdun orok erabil ditzake SPRIren aurrean bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera. Halaber, erakundearen datuen babeserako ordezkariarekin harremanetan jar daitezke helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, www.spri.eus/pribatutasun-politika web-orrialdeko Pribatutasun-politika kontsulta daiteke. Jakinarazten da datuen tutoretza eskatu behar izanez gero, kontrol-agintaritza Datuak Babesteko Euskal Bulegoa dela (www.avpd.euskadi.eus).

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Oinarri hauen inguruan SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak hartutako erabakiak administratiboak dira, eta jurisdikzio eskuduna administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da.


Azterketa dokumentala