Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

133. zk., 2021eko uztailaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3868

153/2021 DEKRETUA, ekainaren 22koa, zeinaren bidez aitortzen baita Itsas Salbamendu Humanitarioa elkartea onura publikokoa dela.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez erakundea onura publikokoa dela aitortzea merezi duelako, laguntza humanitarioaren arloan egiten duen lanagatik.

Itsas Salbamendu Humanitarioa elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago AS/G/20058/2016 zenbakiarekin, Herri Administrazio eta Justizia Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzaren 2016ko maiatzaren 6ko Ebazpena dela bide.

Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere eginkizunak; hala ere, gauzatzen dituen ekintzen izaera dela-eta, ekintza horiek esku-hartzeak egiten dituen lekuetan gauzatu ahal izango ditu.

Eratu zenetik, Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteak beharrezko jarduera guztiak egiten ditu helburu nagusia lortzeko, hau da, lankidetza eta laguntza humanitarioa bultzatzeko, itsasoan pertsonen bizitza eta giza eskubideen defentsa zainduz.

Gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, onura publikoaren deklarazioa Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– proposatuta. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta, ondoren, sailei eta erakundeei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, erakunde eta entitate interesdunek emandako txostenak ikusi ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko ekainaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Itsas Salbamendu Humanitarioa elkartea onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita. Elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, AS/G/20058/2016 zenbakiarekin.

Horrekin batera, aitormen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko ekainaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala