Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2021eko uztailaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3849

AGINDUA, 2021eko ekainaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Gastrokop lankidetza eta berrikuntza gastronomikorako programaren minimis araubideari atxikitako 2021. urterako oinarri arautzaileak onartzen dituena.

Eusko Jaurlaritza etengabeko monitorizazioa egiten ari da, COVID-19ak sortutako krisiari modu koordinatuan aurre egiteko otsailaren 27an sortutako sailarteko mahaiaren eta erakundearteko foroen bitartez, eta neurriak, gomendioak eta betebeharrak ezartzen ari da Euskadin birusaren hedapena eta eragina mugatzeko, Bizi Berri II planean xedatutakoaren arabera.

Labiren Batzorde Teknikoak, Osasun Sailak, Osasuneko Lurraldearteko Kontseiluak eta Labiren Aholku Batzordeak, pandemiak Euskadin izan duen bilakaera ikusita, eta asistentzia-inpaktuak ospitaleko okupazioan eta ZIU oheen okupazioan izan duen igoera ikusita, ezinbestekotzat jo dute egoera soziosanitarioa etengabe gainbegiratzea. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak neurri batzuk hartu behar izan ditu birusaren transmisio-katea apurtzeko.

Horrela, lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretuaren bidez, prebentzio-neurri espezifiko batzuk ezarri ziren, azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuak berrebaluatu zituenak. Neurri horien artean, ostalaritza- eta jatetxe-establezimendu eta -zerbitzuen erabateko itxiera ezarri zen, hoteletan eta bestelako ostatuetan ostatatutako bezeroei zerbitzu emateko jangelak izan ezik.

Horren ondoren, lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 Dekretua argitaratu zen, testu bakarrean bateratzen eta eguneratzen dituena prebentzio-neurri espezifikoak, alarma-egoeraren deklarazioaren esparruan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko. Arau horrek honako hauek indargabetu ditu: 36/2020 Dekretua, urriaren 26koa, lehendakariarena, zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira alarma-egoeraren deklarazioaren esparruan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko; hura aldatzeko ondoz ondoko dekretuak; 23/2021 Dekretua, maiatzaren 7koa, lehendakariarena, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapenari eusteko prebentzio-neurriei buruzkoa; eta 26/2021 Dekretua, maiatzaren 31koa, lehendakariarena, zeinaren bidez aldatzen baita dekretu hori; eta dekretu honetan eta bere eranskinean ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo txikiagoko arauak eta egintzak.

44/2020 Dekretu honek zenbait funtzionamendu-arau ezartzen ditu ostalaritza- eta jatetxe-establezimendu eta -zerbitzuentzat, honako hau, esaterako: 5.000 biztanletik gorako udalerrietan, jendearentzat berriz irekitzeko, beharrezkoa izango da COVID-19ak eragindako kasu positiboen azken 14 eguneko Intzidentzia Tasa Metatua 500 baino gutxiagokoa izatea 100.000 biztanleko, eta establezimenduak itxita egon beharko dira tasa hori aipatutakoaren berdina edo handiagoa bada. Era berean, arautzen du establezimendu horiek gehienez ere 20:00etan itxi beharko direla –bezeroak ateratzea barne–, eta ezingo direla 06:00ak baino lehen ireki jendearentzat. Gero, 44/2020 Dekretua aldatu duten zenbait dekretu jarri dira indarrean, hala nola abenduaren 22ko 47/2020 Dekretua, urtarrilaren 22ko 4/2021 Dekretua eta martxoaren 6ko 13/2021 Dekretua, lehendakariarena, zeinaren bidez prebentzio-neurri espezifikoak 2021ean testu bakar batean lehen aldiz bateratu eta eguneratuko diren, alarma-egoeraren deklarazioaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.

Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak COVID-19aren hedapena mugatzea eta pertsonen osasuna zaintzea badira ere, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak kontuan hartu behar ditu prebentzio-itxiera horrek EAEko jatetxe-sektorean dituen ondorioak eta eragina ere, sektore hori enplegu- eta ongizate-iturria baita EAEko gizarte osoarentzat. Sail horrek, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren bidez, elikagaigintzako balio-katea hainbat katebegiz osatuta dagoela uste du, modu zabal eta integratzailean interpretatuta, eta horien artean daude, hain zuzen ere, lehen sektorea, banaketa, merkaturatzea eta gastronomia, baita marketina, ikerketa eta hezkuntza ere. Jarduera Ekonomikoen Direktorioko (JED) datuen arabera –Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoak egiten dituzten establezimendu eta enpresa guztien informazioa jasotzen du–, 2019an, Euskadin 13.754 ostalaritza-establezimendu zeuden sektorean, eta 55.821 langile guztira.

Era berean, sailburuordetza honek gidatzen du Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoa 2020 (EGEP), hau da, Eusko Jaurlaritzak elikagaigintzako balio-katea oinarrizko ekoizpenetik elikagaien kontsumoraino garatzeko egindako apustu estrategikoa.

EGEP planaren helburu nagusietako bat da Euskadin elikagaien ekoizpena handitzea eta, beraz, elikagaigintzak EAEko ekonomian duen pisua indartzea. Horretarako, beste ekintza batzuen artean, berrikuntzaren osagaia areagotu behar da, baita sektorearen zientzia- eta teknologia-bikaintasuna ere.

XII. Legealdiaren Gobernu Programaren I. ardatzaren arabera (Oparotasuna. Enplegua eta susperraldi ekonomikoa), «Premiazkoa da susperraldi ekonomikoaren, enplegua berreskuratzearen eta horren kalitatea hobetzearen alde egiten duen estrategia bat garatzea, COVID-19aren pandemiaren ondorio negatiboak gainditzeko. Industria aurreratuan, inbertsioan, berrikuntzan eta nazioartekotzean oinarritutako susperraldi ekonomikorako eta enplegurako estrategia bat».

Bestalde, aipatutako I. ardatz horretako 4. jarduketa-arloak (Elikadura eta landa- eta kostalde-garapena), besteak beste, EAEko nekazaritzako elikagaien sektorea indartzearen konpromiso programatikoa ezartzen du, ekintzailetzaren, berrikuntzaren eta klima-aldaketaren erreferente gisa, eta 2., 9., 12., 13., 14. eta 15. GJHekin lotzen du.

Horregatik guztiagatik, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egokitzat jotzen du dirulaguntza-lerro bat sortzea gastronomiaren sektorean lankidetzako berrikuntza-proiektuak garatzea sustatzeko. Ezinbestekotzat eta beharrezkotzat jotzen da eragileen artean elkarlanean jardutea, eta gutxienez lehen sektoreko bat eta gastronomiaren sektoreko beste bat izatea. Hala eta guztiz ere, proiektu berritzaileen diseinuari eta garapenari balio erantsia emango dieten beste batzuk ere egin ahal izango dira.

Laguntza hauek, dirulaguntza ez itzulgarriak direnak, 2.500.000 euroko finantzaketa dute; kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik etorriko da.

Laguntza horiek arautzen dituen esparru juridikoa izango da Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Erregelamendu horretan, Estatuko laguntzek minimis araubide honi atxikitako laguntza gisa onartzeko bete behar dituzten baldintzak jasotzen dira, baimenik eman edo jakinarazpenik egin beharrik izan gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuan jasotako xedapenen arabera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eskumenekoak dira nekazaritzako, arrantzako eta elikagaigintzako industriei eta merkaturatzeari dagozkien jarduketa-arloak, besteak beste. Jardun-arlo horren funtzioak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari esleitzen zaizkio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren bitartez; zuzendaritza horri dagokio, beste eskuduntza batzuen artean, nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-industrien lehiakortasuna hobetzera zuzendutako jarduketak gauzatzea, bai eta elikagaigintzaren balio-katea oinarrizko ekoizpenetik gastronomiaraino sustatzea ere.

Horregatik guztiagatik, eta

xedapen hauetan xedatutakoa aintzat hartuta: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (EAEko herri-administrazioaren dirulaguntzak arautzen dira titulu horretan).

Laguntza-deialdi honek behar adina aurrekontu-kreditu duela Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeari esker.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean ezarritakoa (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Gastronomiaren arloan lankidetzako berrikuntzarako Gastrokop programaren laguntzak emateko 2021. urterako deialdiaren oinarriak onartzea. Agindu honen I. eranskinean jasota daude oinarriok.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 23a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA

1. oinarria.– Laguntzaren xedea.

1.– Agindu honen xedea da gastronomiaren arloan berrikuntza-proiektuak lankidetzan garatzeko laguntzak deitzea 2021erako. Gutxienez bi erakunderen arteko lankidetza moduak sustatzea da laguntza horien helburua.

2.– Laguntza hauen helburua da gastronomiaren sektorean parte-hartzea eta lankidetza sustatzea, izaera berritzaileko proiektuetan.

3.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan, Batzordearenean, 2013ko abenduaren 18koan, ezarritako araubidea aplikatuko zaie. Araubide honetan, 200.000 euroko gehieneko laguntza emango dio estatu kide batek enpresa bakar bati hiru zergalditako edozein alditan.

4.– Berrikuntza-proiektuarekin lotutako lankidetza-kostuak eta kostu zuzenak ordaintzeko bakarrik erabiliko dira, eta dirulaguntza ez itzulgarriak izango dira. Proiektuak egiteko epea urtebetekoa edo hainbat urtekoa izango da, aurkezten diren proiektuak egiteko behar dena gorabehera.

2. oinarria.– Finantzaketa.

1.– Deialdi honetarako, 2.500.000 euro erabiliko dira Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko dira.

2.050.000 euro 2021. urterako gastuaren kontzeptuari dagozkio, eta, 450.000 euro, 2022. urterako konpromiso-kredituari.

2.– Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Gehikuntza hori gertatuz gero, deialdiaren ebazpena eman baino lehen egin behar da, eta horren berri emango da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, zeina EHAAn argitaratuko baita.

3. oinarria.– Betekizun orokorrak.

Deialdiko laguntzen onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako eskakizunak bete behar dira. Izan ere, oinarri honek jasotzen ditu honako hauetan dauden betekizunak: Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan. Hauek dira horiek guztiak:

A) Eskatzailearenak.

1) Egunean izatea indarreko xedapenek zergen eta gizarte-segurantzaren arloan ezartzen dituzten betebeharrak. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

2) Diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez ere. Dena den, laguntza horiek ez dute gaindituko horietarako ezarritako muga.

3) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sartuta ez egotea.

4) Egunean egotea itzulketa- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez, EAEko Administrazioak eta mendeko enteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

5) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zigor- edo administrazio-arloko epai irmorik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

6) Konkurtso-deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

7) Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzeko zigorrik ez izatea.

8) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.

9) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan ezarritako baldintzetan. Horrez gain, ez egotea hauetan aurreikusitako kasuren batean: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea eta Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea.

10) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

11) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

12) Berreskuratze agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

B) Gastronomiako proiektu berritzailearenak:

1) Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

2) Diruz laguntzekoak diren gastuak ez daitezela izan eskabidea aurkeztu baino lehenago egindakoak.

4. oinarria.– Eskakizun espezifikoak.

Aurreko oinarrian jasotako eskakizun orokorrak ez ezik, honako hauek ere bete behar dituzte:

A) Eskatzailearenak:

1) Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren «I» atalean («Jaki eta Edari Zerbitzuak») egotea, EJSNren 561 Taldearen (jatetxeak eta janari-postuak) barruan.

2) Pertsona edo erakunde eskatzaileak jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egon beharko du 2020ko urriaren 25ean alarma-egoera deklaratu aurretik.

3) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea eta lantokia bertan izatea.

4) Tokiko hornitzaile batekin bi urteko konpromiso-kontratua izatea, tokiko produktuak erosteko. Tokiko hornitzaile gisa hartuko da IFK eta jarduera EAEn dituen elikagaigintzako balio-kateko edozein operadore. Era berean, tokiko produktutzat hartuko da Euskadiko kalitate bereiziko markei atxikitako produktu oro, hala nola Eusko Label, Euskal Baserri, Jatorri Deitura Babestua (JDB), Adierazpen Geografiko Babestua (AGB), Euskadiko Produktu Ekologikoa eta Ekoizpen Integratuko Produktua. Halakotzat hartuko dira, halaber, Basque Wine markak babestutako produktuak.

B) Gastronomiako proiektu berritzailearenak:

1) Proiektuak berritzaileak izatea. Berrikuntza deritzo enpresako barne-jardunbideetan, lantokiaren antolaketan edo kanpo-harremanetan produktu –ondasun zein zerbitzu–, prozesu, merkaturatze metodo edo antolaketa metodo berri bat edo asko hobeturiko bat ezartzeari. Ez da proiektu berritzailetzat hartzen, baldin eta ezagutza sortzeak ezagutza ezartzeak baino pisu handiagoa badauka.

2) Proiektuak gastronomiaren sektorean produktu, praktika, prozesu eta teknologia berriak garatzera bideratuta egotea. Edonola ere, proiektuetan tokiko produktua erabili beharko da nahitaez.

3) Proiektua garatzeko Berrikuntza Talde bat sortzea. Talde horren arduradunak unibertsitate-graduko titulua izan beharko du gastronomiaren arloan, edo goi-mailako prestakuntza-ziklo bat sukaldaritzaren arloan.

4) Proiektuek dokumentu operatibo bat izan dezatela, honako hauek jasoko dituena:

a) Proiektu berritzailearen deskribapen zehatza, haren alderdi ekonomikoak eta teknikoak jasotzen dituena.

b) Aurreikusitako emaitzen deskribapena.

c) Berrikuntza-taldeko kideen izen-zerrenda. Era berean, berariaz adieraziko da taldeko arduraduna eta hark duen titulua, baita horietako bakoitzak garatu beharreko jardueren deskribapena ere.

d) Funtzionamenduari zein erabakiak hartzeko moduari dagokienez gardentasunez aritzeko asmoz ezarritako barne-prozeduren deskribapena.

e) Berrikuntza-taldeko kide guztien sinadura.

5. oinarria.– Onuradunak.

Agindu honetan jasotako laguntzen zuzeneko onuradunak izango dira enpresa-jarduera osoa edo zati bat ostalaritza duten pertsona fisikoak edo juridikoak, betiere zerga-egoitza, egoitza soziala eta lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan badituzte.

Zeharka, laguntzen onuradun izango dira zuzeneko onuradunekin 4.A.4 oinarrian aurreikusitako nahitaezko konpromiso-kontratuak sinatzen dituzten ekoizleak.

6. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidea aurkezteko data proiektua hasten den huraxe bera izango da. Eskabidearekin batera, oinarri honen 9. paragrafoan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren babesean, prozedura hau bide elektronikotik bakarrik izapidetuko da.

3.– Eskabidea aurkezteko, eredu normalizatua erabili beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoena: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1114001

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak elektronikoki egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da, «Nire karpeta» atalera: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1114001

6.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

7.– Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Pertsona juridikoek, erakundea eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan sartu dela adierazten duen zigilua jarrita.

b) 4.B.3 oinarrian adierazitako dokumentu eragilea barne hartzen duen memoria.

c) Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren «I» atalean («Jaki eta Edari Zerbitzuak») sartuta dagoela egiaztatzen duen agiria, EJSNren 561 Taldearen (jatetxeak eta janari-postuak) barruan.

d) 2020ko urriaren 25ean alarma-egoera deklaratu aurretik eskatzailea jarduera ekonomikoen gaineko zergan (JEZ) alta emanda zegoela jasotzen duen ziurtagiria.

e) 4.A.5 oinarrian ezarritako konpromiso-kontratua.

f) Berrikuntza-taldeko arduradunari dagokionez, 4.A.4 oinarrian aipatzen den tituluetako baten kopia konpultsatua.

g) Erantzukizunpeko adierazpena, aurkezten den proiektuaren jarduerak berriak direla adierazten duena.

Erantzukizunpeko adierazpenaz gain, honako datu hauen egiazkotasuna zehaztu beharko da:

• Entitateak ez du eskatu borondatezko konkurtsoa deklaratzeko, ez da kaudimengabetzat jo edozein prozeduratan, ez dago hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta (salbu eta horretan itun batek efikazia lortu badu), ez dago esku-hartze judizialaren mende edo ez dago Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe.

• Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu eta/edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda, de minimis laguntzak barnean direla, aurreko bi zerga-ekitaldietan eta uneko zerga-ekitaldian jasotakoak, betiere (EB) 1407/2013 Erregelamenduari, Batzordearenari, 2013ko abenduaren 18koari, lotuta. Erregelamendu hori, hain zuzen ere, Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari dagokio.

• Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.

• Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

• Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

• Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako zerga-betebeharren ordainketan eta laguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan egunean dagoela.

• Erakunde eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

• Erakunde eskatzailea ez izatea berreskuratze-agindu baten zain dagoen enpresa edo erakunde bat, Europar Batasunak dirulaguntza bat legez kontrakoa eta merkatu komunarekin bateraezina dela adierazi duen aurretiazko erabaki baten ondoren.

h) Erakunde eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.

8.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu bere zerga-betebeharren ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak, pertsona eskatzaileek edo onuradunek horretarako berariazko baimena eman beharrik izan gabe, hark berariaz aurka egiten dionean salbu, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo dokumentua aurkeztu beharko du. Hori guztia Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluari dagokionez.

9.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoaren arabera, eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira.

Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan eta noiz aurkeztu diren dokumentuok, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak elektronikoki bilduko ditu bere korporazio-sareen bidez.

10.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, erakunde eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondorengo jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

11.– Eskabideak oinarri honetan eskatutako dokumentazioa ez badauka, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

12.– Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko, beharrezkotzat jotzen dituen bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

7. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak izango du deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Eskabideak eta proiektuak ebaluatu eta baloratzeko, eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko eta haiek haztatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da.

3.– Balorazio Batzorde horretako presidentea izango da Santiago Martínez de Lizarduy (Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako Ikerketa-programen arduraduna), eta Iker Guzmán Muñoz (Kalitate eta Iruzur Kontrolaren arduraduna), berriz, ordezkoa. Batzordeko kide izango dira, halaber, Elisa Torre-Enciso Enciso (Enpresa Programaren arduraduna) eta haren ordezkoa, Mauricio Lazcano Brotons (Sustapeneko eta Lehiakortasuneko teknikaria), eta Josune Jayo Garro (Sustapeneko eta Lehiakortasuneko teknikaria), Idazkaritzako funtzioak beteko dituena, eta haren ordezkoa, Jaime Feliú García (Ikerketa Programen teknikaria).

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko aditu diren pertsonei eskatu ahal izango die hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

4.– Balorazio-batzordearen egitekoak hauek izango dira:

a) Aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea. Ebaluazioaren barruan, proiektuak balioetsiko ditu, eta balioetsiko du zenbateraino betetzen dituen bakoitzak agindu honek finkatzen dituen irizpide objektiboak.

c) Balioesteko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatzea.

5.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari. Proposamenak gutxienez agindu honen 9. oinarrian aipatzen den edukia jasoko du.

6.– Balorazio-batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Horiek arautzen ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.

8. oinarria.– Laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira.

2.– Aurkezten den jarduera-proiektu bakoitzari eman beharreko hasierako laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, eta deialdi honetan finkatzen diren hautaketa- eta balorazio-irizpideak aplikatuko zaizkie. Ondoren, aurkeztutako proiektuen zerrenda egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Ondoren laguntzak esleituko dira aipatutako ordenari jarraikiz eta ezarritako ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.

9. oinarria.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta dokumentuak aztertu ondoren, balorazio-batzordeak egin duen proposamena ikusirik, 7. oinarrian xedatutakoaren arabera Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebatziko du eskatutako laguntzak eman ala ez, ebazpen bakar baten bitartez.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Baietsitako eskabideei dagokienez:

1) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

2) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura finantzatzen den zenbatekoa.

3) Aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.

4) Proiektuak gauzatzeko epearen bukaera-data.

B) Ezetsitako eskabideei dagokienez:

1) Eskabidea aurkezten duen pertsonaren edo sozietatearen izena, IFK edo NAN.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da dirulaguntza eman ahal izateko. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko gaitasungabetzea badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.

4.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. apartatuko b) letran xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da. Dena dela, interesdun guztiei ebazpen osoa helaraziko zaie, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira.

Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

5.– Agindu hau indarrean sartu eta sei hilabete igarota, ebazpen espresurik ez badago, eskabidea ukatu egin zaiela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

6.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

10. oinarria – Onuradunen betebeharrak.

1.– Laguntza emateko ebazpenak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den jarduera; deialdiaren urtean hasi behar dira inbertsioa edo gastua.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere alde batera utzi gabe xedapen hauetan ezarritako betebeharrak: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan.

3.– Erakunde onuradunek, gainera, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunean hasi eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Dirulaguntza zer jardueratarako eman den, horiexetarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako, nahiz eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak jarduera horiek burutzerakoan sor litezkeen aldakuntzak onar ditzakeen, betiere aldakuntza horiek guztiz justifikatu badira eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren titularraren berariazko baimena lortu bada.

c) Baimena ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrari proiektuaren garapena osatzen duten lanetarako eta proiektu horri lotutako bestelako dokumentaziorako sarbide librea izateko.

d) Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin bat.

e) Laguntza ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren titularrari, emandako dirulaguntzen inguruan egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko; alde horretatik, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.

f) Kontabilitate-liburuak, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikuskatutako gainerako dokumentuak izatea, merkataritza-legeriak eskatutako baldintzetan, eta kontabilitate bereiziko sistema bat edo kontabilitateko kode egoki bat izatea, deialdi bakoitzean finantzatzen den inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako, araudiak xedatzen dituen kontrol-lanak egin ahal izateko.

g) Behin betiko fakturak artxibatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez hamar urtez.

h) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

i) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

j) Administrazioarekin kontratatzen eta hitzartzen edo harengandik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako betebeharrak onartzea. Horietan ezarritakoa betez, sexuaren arabera bereizitako datuak izan behar dituzte, hizkera ez-sexista erabili, beren zuzendaritza-organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatu eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez ezarritako printzipio orokorrak errespetatu.

k) Dagozkion berdintasun-planak egitea eta aplikatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluan ezarritako kasuren batean badago.

11. oinarria.– Gauzatzeko gehieneko epeak.

1.– Agindu honetan bildutako laguntzei dagozkien gastuak urtean edo hainbat urtetan gauzatu ahal izango dira. 2021eko aurrekontu-ekitaldian hasi behar dira diruz laguntzekoak diren ekintzak.

2.– Urteko proiektuen exekuzio-epea 2021eko abenduaren 31n amaituko da, 15.4 oinarrian xedatutakoaren arabera.

3.– Urte anitzeko proiektuen exekuzio-epea 2022ko abenduaren 31n amaituko da, 15.4 oinarrian xedatutakoaren arabera.

12. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Laguntzen den proiektua gauzatu dela justifikatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan:

a) Jarduketak justifikatzeko txosten bat, proiektuaren gauzatzeari eta gauzatze-mailari buruzko informazioa jasotzen duena, eta haren amaierako emaitzak.

b) Jatorrizko fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako agiriak, baliozkoak direnak trafiko juridiko merkataritzakoan, edo administrazio-eraginkortasuna dutenak.

c) Pertsonal-gastuak, honako hauen bidez justifikatuko dira: ordainsariak, horiek ordaindu izanaren agiriak, Langile Zerrenda Izenduna (LZI), aurreko ekitaldiari dagozkion Kotizazioen Likidazioaren Ordainagiriak (KLO) eta hitzartutako lanordu kopurua adierazten duen agiria.

Lehen sektoreko eragileen kasuan, 17,00 eurotan ezarri da orduko kostua, eta proiektura bideratutako ordu kopuruaren ziurtagiria erantzukizunpeko adierazpen bidez egingo da.

d) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

e) Behar izanez gero, dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– Foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki. Hala ere, onuradunak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoaren arabera.

3.– Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, egindako gastua egiaztatzen duten agiriak aurkezteko epea, gehienez, 2022ko urtarrilaren 31ra artekoa izango da urtebeteko proiektuetarako, eta 2023ko urtarrilaren 31ra artekoa hainbat urtetarako proiektuetarako.

4.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dokumentu gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera horrek arrazoitua izan beharko du.

13. oinarria.– Ordainketa.

1.– Ordainketa egiteko, aurretik eskatu eta gastua justifikatu beharra dago, aurreko oinarrian adierazitako agiriak aurkeztuz.

2.– Onuradunak aurretik idatzizko eskaera eginez gero, laguntzaren zenbatekoaren % 50 aurretik ordaindu ahal izango zaio, baldin aurrekonturik badago, eta deialdia erabakitzeko ebazpena jakinarazi eta dirulaguntza onartu eta gero, 10.3 oinarrian xedatu bezala. Gainerakoa proiektuaren exekuzio teknikoa eta aurrekontukoa justifikatu ondoren ordainduko da.

3.– Urte bakoitzean, ordainketak kontura egin daitezke, proiektuak gauzatzeko erritmoaren arabera. Horretarako, interesdunek eskatu egin behar dute aurretik. Gehienez ere, konturako ordainketa bat egingo da urte bakoitzeko. Konturako ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 13.1 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira. Proiektuak hainbat urtetan gauzatzekoak badira, ekitaldi bakoitzean egingo da urte bakoitzean egindako inbertsioen edo gastuen ordainketa, Euskadiko aurrekontu-araubidearen alorrean indarrean dauden eta maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioei eta partzuergoei aplika dakiekeen aurrekontu-araubidea arautzen duten legezko xedapenen testu bateginaren 111. artikuluko 5. paragrafoan ezarritakoaren arabera.

4.– Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 12.1 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira. Dokumentazio hori osatu eta gehienez ere bi hilera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egin beharreko izapideak egingo ditu Ogasun eta Ekonomia Sailak ordainketa egin dezan.

5.– Inbertsioak ez badira ezarritako gehieneko epeetan egiten, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira epean aurkezten, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala dagokionean, agindu honen 17. oinarrian aurreikusitako itzulera-prozedura jarriko da abian.

6.– Dirulaguntzak ordaintzeko, amaitu egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoak emandako antzeko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozedurak, artean izapideetan daudenak. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik, eta laguntza ez da inolaz ere ordainduko.

14. oinarria.– Kontratazioa.

1.– Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikulua eta uztailaren 21eko 887/2016 Errege Dekretuaren 68. artikulua aplikatuz, diruz lagundutako jardueraren gauzatzea onuradun ez diren hirugarrenei azpikontratatu ahal izango die onuradunak. Proiektua gauzatzeko azpikontratazioak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren % 50, eta kontratua idatziz egin beharko da.

2.– Kontratua ezin izango da zatitu haren zenbatekoa murrizteko helburuarekin.

3.– Kontratistek onuradunarekiko besterik ez dute betebeharrik, eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrean.

4.– Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da diruz lagunduko den jarduera itundua gauzatzean agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla zaintzea, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek, aldiz, agindu honen 10. oinarrian adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

5.– Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

A.3 oinarrian ezarritako betekizun orokorrak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

B) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

C) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

D) Onuradunarekin loturaren bat duten pertsona fisiko edo juridikoak, hauek gertatzen direnean izan ezik:

1) Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.

2) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena lortu izana.

E) Deialdi eta programa berean laguntza eskatu duten, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoak.

15. oinarria.– Dirulaguntzak emateko baldintzak bat etortzea eta aldatzea eta inbertsioa egiteko epeak luzatzea.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen helburua gorde beharko dira. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berrira egokitzeko, eta, dagokionean, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak arautzen duen itzulketa-prozedura hasiko du.

2.– Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan egiten dituen aldaketak idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, Elikagaien Kalitate eta Industria Zuzendaritzaren aurrean.

Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan aldaketa funtsezkoak egiten badira, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena emango du, aldaketa onartuz edo ezeztatuz. Aldaketa onartuz gero, ebazpen horretan bertan, laguntza emateko jatorrizko ebazpena aldatuko da, baldin eta edukiren bat aldatu bada.

Honako hauek hartuko dira aldaketa funtsezkotzat:

a) Aldaketa esanguratsuak egitea edo proiektuan hasieran ezarritako helbururen bat ezabatzea.

b) Proiektua gauzatzeko ezarritako faseren bat deuseztatzea.

c) Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuz.

d) Proiektuan parte hartzen duen agenteren bat kentzea.

Aldaketak direla-eta ez da inoiz emandako laguntza handituko.

Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute laguntza emateko ebazpena aldatuko, oinarri honetako 3. paragrafoan aurreikusitakoa gertatzeari kalterik egin gabe.

3.– Baldin eta proiektuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

16. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskabidea helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskabidea, eta amaitutzat emango du prozedura.

2.– Onuradunek laguntzei uko egin ahal izango diete, laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 10. oinarrian ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, emandako laguntza onartzeko betebeharra dute onuradunek–, baina, betiere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

17. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Baldin eta onuradunek ez badute betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak finkatzen duen baldintzaren bat, proiektua ez badute osorik gauzatzen eta horren ondorioz erabat hutsaltzen badute laguntzaren helburua edo dirulaguntzak itzultzera behartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude, laguntzak ematen dituen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu eta interesduna entzun eta gero, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala dagokionean, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.

Aipatutako diru kantitateak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Itzulketa-prozedura Administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion, eta interesdunari. Administrazioko arau-hausteak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan jasotako jokabideak.

18. oinarria.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako ematen duen beste edozeinekin; betiere, dirulaguntza guztien batura ez bada handiagoa deialdi honen oinarrietan finkatzen diren gehieneko laguntza-ehunekoak baino. Muga hori gaindituz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio programa honen babespean emandako dirulaguntzari.

19. oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

20. oinarria.– Kostu diruz lagungarriak eta diruz lagundu ezin direnak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira lankidetza-jarduerekin lotuta eta proiektu berritzailea gauzatzearekin zuzenean lotuta daudenak.

A) Proiektuan parte hartzen duten langileen gastuak, proiektura bideratutako ordu kopuruaren proportzioan.

B) Tresnak eta materialak erosteko edo alokatzeko kostuak, behar den neurrian eta ikerketa-proiekturako erabiltzen den aldian. Ez badira soil-soilik proiekturako erabiltzen beren bizitza baliagarri guztian, proiektuaren epean sartzen diren amortizazio-gastuak soilik hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta.

C) Lehengaiak erostean sortutako gastuak.

D) Jarduerak azpikontratatzetik sortutako gastuak.

E) Lankidetza-jardueren funtzionamendu-gastuak (bidaiak, egonaldiak eta abar).

F) Komunikazio- eta hedapen-jardueren gastuak.

G) Zeharkako gastuak.

2.– Aurreko apartatuan zehazten diren kostu diruz lagungarriei dagokienez, hauek izango dira gastuen egozpena eta horren mugak:

A) Pertsonal-gastuak ez dira izango proiektuko kostu diruz lagungarri guztien % 80 baino gehiago.

B) Parte-hartzaile bakoitzaren gastuak ez dira izango proiektuko kostu diruz lagungarri guztien % 80 baino gehiago.

C) Zeharkako gastuak pertsonaleko gastu zuzenen % 15 izango dira.

D) Ekipamenduak eta azpiegiturak alokatzeko edo amortizatzeko gastuak ez dira izango proiektuko kostu diruz lagungarri guztien % 30 baino gehiago.

3.– Kostu/gastu diruz lagungarriaren zenbatekoak 5.000 euro gainditzen duenean, eskatzaileak hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziengatik merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen duen behar besteko erakunderik ez dagoenean izan ezik edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada izan ezik. Aurkeztutako eskaintzetatik bat hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikoki abantailatsuena ez hautatzearen arrazoia. Aurrekontuek eta/edo fakturek informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

a) Bezeroaren izena.

b) Hornitzailearen izena.

c) Data.

d) Kontzeptua.

e) Aurrekontuaren edo fakturaren zenbakia.

f) Hizkuntza hauetako batean idatzia egotea: euskara, gaztelania, ingelesa edo frantsesa.

g) Zerga-oinarriaren eta BEZaren xehakapena.

Eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.

Eskatzaileak aurkeztutako gastu diruz lagungarrien zenbatekoak ez du gaindituko merkatuko batez besteko balioa.

4.– Proiektu pilotua gauzatzeari lotutako inbertsioak finantzatu egingo dira, proiektuak dirauen bitarteko amortizazioa aplikatuz.

21. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Kapitulu honek arautzen dituen proiektuak baloratzeko eta bakoitzari puntuazio bat emateko –proiektu bakoitzaren puntuazioaren arabera kalkulatuko da laguntza, agindu honen 22. oinarriarekin bat–, balorazio-irizpide hauek eta dagozkien puntuazioak hartuko dira kontuan:

1.– Proiektuaren ezaugarriak: 50 puntu, gehienez.

Irizpide hori baloratzeko, honakoak hartuko dira kontuan:

A) Kalitate zientifiko-teknikoa (proiektuaren egokitasuna/beharra eta ekarpen zientifiko-teknikoa, egungo artearen egoerari dagokionez): 20 puntu, gehienez.

B) Espero diren emaitzen inpaktua: 10 puntu, gehienez.

C) Dokumentu operatiboaren kalitatea: 15 puntu, gehienez. Apartatu honetan baloratuko dira:

– Metodologia: proiektuaren deskribapen eta egituraketa egokia; argitasuna proiektuaren lehentasunetan eta helburu orokor eta espezifikoen definizioan; planteatutako kudeaketa-eskemaren egokitasuna; plangintza egokia (zereginen egitura, mugarriak eta entregatzekoak).

– Aurrekontua: helburuekiko egokitzapena eta justifikazioa, argitasuna aurrekontuaren egituran eta banakapenean.

D) Komunikazio- eta hedapen-plana: 5 puntu, gehienez.

2.– Berrikuntza-taldearen osaera: 25 puntu, gehienez.

Irizpide hori baloratzeko, honakoak hartuko dira kontuan:

A) Berrikuntza-taldeko arduradunaren gaitasun eta egokitasun profesionalak (esperientzia berrikuntza-taldeetako lider gisa; lortutako aintzatespen partikularrak edo establezimenduarenak; hizlari gisa parte hartzea kongresu/mintegietan; emandako prestakuntza; autore nagusi edo kolaboratzaile gisa egindako argitalpenak; epaimahaietako kide gisa parte hartzea; eta abar): 8 puntu, gehienez.

B) Berrikuntza-taldeko arduradunaren prestakuntza osagarria: masterrak, graduondoko ikastaroak, beste ikastaro batzuk: 4 puntu, gehienez.

C) Berrikuntza-taldeko kideen gaitasun eta egokitasun profesionalak: 5 puntu, gehienez.

D) Berrikuntza-taldearen diziplina anitzeko osaera: 3 puntu, gehienez.

E) Emakumea, berrikuntza-taldearen arduradun gisa: 5 puntu.

3.– Tokiko ekonomia sustatzearekin lotutako konpromiso dokumentatua, tokiko hornitzaileei tokiko produktuak erosita: 25 puntu, gehienez.

– Bi urterako kontratua bi hornitzailerekin: 6 puntu.

– Bi urterako kontratua hiru hornitzailerekin: 12 puntu.

– Bi urterako kontratua lau hornitzailerekin: 18 puntu.

– Bi urterako kontratua bost hornitzailerekin: 25 puntu.

22. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Kostu diruz lagungarriaren % 100 izango da laguntzaren gehieneko ehunekoa, gehienez ere 25.000 euro proiektu bakoitzeko.

2.– Proiektu bakoitzari gehienez ere 100 puntu eman ahal izango zaizkio, eta hautaketa-irizpide bakoitzari 21. oinarrian ezarritako haztapena aplikatuko zaio. Laguntza lortzeko, 40 puntu izan behar dira gutxienez. Aurreko oinarrian xedatutakoarekin bat, proiektu bakoitzak aurrekontu-ekitaldi bakoitzean lortzen duen puntu kopuruaren arabera, zuzeneko laguntza hau emango zaio:

a) Kostu diruz lagungarrien % 100 emango zaie gehieneko puntuazioa lortzen duten proiektuei.

b) Kostu diruz lagungarrien % 95 emango zaie 1-10 puntu (biak barne) gutxiago lortzen dituzten proiektuei.

c) Kostu diruz lagungarrien % 90 emango zaie 11-20 puntu (biak barne) gutxiago lortzen dituzten proiektuei.

d) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 85 emango zaie 21-30 puntu (biak barne) gutxiago lortzen dituzten proiektuei.

e) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 80 emango zaie 31-40 puntu (biak barne) gutxiago lortzen dituzten proiektuei.

f) Kostu diruz lagungarrien % 75 emango zaie 41-50 puntu (biak barne) gutxiago lortzen dituzten proiektuei.

g) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70 emango zaie 51-60 puntu (biak barne) gutxiago lortzen dituzten proiektuei.

3.– Puntuazio berdina lortzen dutenen artean, lehentasuna emango zaio «proiektuaren ezaugarriak» balorazio-irizpidean puntuazio altuena lortu duen proiektuari. Halere, berdinketa egoten jarraitzen badu, lehentasuna emango zaio «berrikuntza-taldearen helburua» balorazio-irizpidean puntuazio altuena lortu duen proiektuari.


Azterketa dokumentala