Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2021eko uztailaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
3791

AGINDUA, 2021eko ekainaren 29koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, zeinaren bidez, autonomoei (enpresaburuei eta profesionalei) eta enpresei sektore pribatuaren kaudimenari laguntzeko eta zorpetzea murrizteko zuzeneko laguntzak emateko oinarriak onartzen baitira eta dagokion deialdia egiten.

COVID-19aren pandemiari aurre egite aldera enpresen kaudimena bultzatzeko aparteko neurrien martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren arabera, autonomoentzako eta enpresentzako zuzeneko laguntzen COVID lerroa sortu da, Espainiako Gobernuaren finantzaketari esker, 7.000 milioi euroko zuzkidura globalarekin. Lerroaren helburua da sektore pribatuaren kaudimena bultzatzea, enpresei eta autonomoei helburu jakin baterako zuzeneko laguntzak emanez. Geroago, COVID-19aren pandemiak eragindako enpresei eta autonomoei laguntzeko neurri osagarriak onartzen dituen apirilaren 20ko 6/2021 Errege Lege Dekretuaren bidez arau hori berrikusi zen, autonomia-erkidegoak gaitzeko, betiere horietako bakoitzarentzat ezarritako guztizko esleipenaren barruan, euren lurralde-esparruan eragin berezia izan duten beste sektore gehigarri batzuk laguntzak jasotzeko sektore hautagarrien zerrendan gehitu ditzaten, arestian aipaturiko Errege Lege Dekretua I. eranskinean ezarritako COVID Lerroaren kargurako laguntzak jaso ditzaten sektore gehigarri horiek.

Erregulazio hori honako hauen bidez osatu da: HAC/283/2021 Agindua, martxoaren 25ekoa, martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren I. tituluan aurreikusten den autonomo eta enpresentzako zuzeneko laguntzen COVID Lerroko baliabideak autonomia-erkidegoen eta Ceuta eta Melilla hirien artean behin betiko banatzeko beharrezkoak diren alderdiak zehazten dituena (5/2021 Errege Lege Dekretua, martxoaren 12koa, COVID-19aren pandemiari aurre egite aldera enpresen kaudimena bultzatzeko aparteko neurriena). Xedapen horren arabera, 217.997.300 euro esleitu zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoari.

Apirilaren 12ko HAC/348/2021 Aginduaren arabera, zuzeneko laguntza horiek esleitzeko irizpideak zehaztu dira, bereziki, hautagarritasun-betekizunei eta laguntzaren zenbatekoa finkatzeko irizpideei dagokienez, bai eta laguntzak kalkulatzeko beharrezkoak diren magnitude jakin batzuen lurralde-banaketarako irizpideak ere, laguntza horiek lurralde batean baino gehiagotan eskatzen direnean.

Horretaz gain, 2021eko maiatzaren 25ean Ogasun Ministerioaren, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko hitzarmena formalizatu da, COVID-19aren pandemiari aurre egite aldera enpresen kaudimena bultzatzeko aparteko neurrien martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 4.4 artikuluan ezarritakoa aplikatuz. Hitzarmen horren helburua, hain zuzen ere, aurreikusitako errege-titulu jakin batzuk ezartzea da, Ogasuneko Ministerioak eta Zerga Administrazioko Ministerioak behar bezala gauzatu beharreko jarduera jakin batzuk ezartzeko, Ogasun Ministerioari eta Zerga Ministerioari dagokienez.

Martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 2.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio bere lurraldean kokatuta dauden hartzaileentzako zuzeneko laguntzak iragartzea, eskabideak izapidetzea, kudeatzea eta ebaztea, laguntzak ordaintzea, ordaindu aurretik eta ondoren egin beharreko kontrolak egitea eta, oro har, baliabideak ongi erabiltzen direla bermatzeko beharrezkoak diren jarduketak gauzatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzeko araudian aurreikusitakoaren arabera.

Bestalde, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak, 2021eko maiatzaren 27an, 63/2021 Legez Besteko Proposamena onartu du, COVID-19ak eragindako sektoreei laguntzeko ezarritako dirulaguntzen kudeaketa errazteko eta arintzeko hartu beharreko neurriei dagokienez. Horren arabera, Legebiltzarrak hainbat alderdi eskatzen dizkio Eusko Jaurlaritzari, besteak beste, hauek: zuzeneko laguntzen etorkizuneko deialdian, martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuan aurreikusitakoez gain, jarduera ekonomiko berriak sartzea, pandemiak Euskal Autonomia Erkidegoan duen eragin ekonomikoaren arabera laguntzak jaso ditzaketen jarduera ekonomiko berriak, hain zuzen; indarreko aurrekontu propioko baliabideak ematea pandemiak gehien eragiten dien sektoreei dirulaguntzak zabaltzeko, haien jarduera bultzatzen eta suspertzen laguntzeko; eta azkenik, zuzeneko laguntzen deialdia kudeatzeari eta izapidetzeari dagokion administrazio-prozedura sinplifikatuko dela bermatzea.

Horretarako, ekainaren 22ko 155/2021 Dekretuaren bidez, ezohiko neurri batzuk onartu dira martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren I. tituluan aurreikusitako autonomoentzako eta enpresentzako zuzeneko laguntzen kudeaketari, izapidetzeari eta kontrol ekonomikoari dagokienez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari honako eskumen hauek emate aldera: zuzeneko laguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoren lurralde-esparruan; eta neurri espezifikoak abian jartzea, bai administrazioa sinplifikatzeko, bai aurrekontuak kudeatzeko eta kontrol ekonomikoa gauzatzeko, laguntza-eskabideen izapidetzea eta ebazpena erraztu eta bizkortze aldera, betiere bermatuz kudeaketa horrek aplikatu beharreko lege-xedapenei jarraikitzen diela.

Horrenbestez, deialdi hau aurreko paragrafoetan adierazitako araudian eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan aurreikusitakoan oinarrituta diseinatu da.

Hala ere, apirilaren 20ko 6/2021 Errege Lege Dekretuak emandako gaikuntzaren arabera, egokitzat jo da laguntzen deialdian Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionaleko (EJSN 09) kodeetan sailkatutako beste jarduera batzuk sartzea, kontuan izanik Euskal Autonomia Erkidegoan eragin berezia izan dutela, 5/2021 Errege Lege Dekretuaren I. eranskinean bilduta ez badaude ere. Horri dagokionez, eskuragarri dagoen estatistika- eta administrazio-informazioan funtsatuta, beste jarduera ekonomiko batzuk jaso dira, kontuan izanik euren negozio-zifran eragin nabarmena izan dutela edo euren langileen ehuneko handi bat aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean geratu direla, eta, azken batean, pandemiak bereziki eragin diela.

Egokitzat jo da, halaber, 50.000.000 euroko zuzkidura gehigarria aurreikustea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura, Estatuko Administrazioak emandako hasierako aurrekontu-zuzkidura osatzeko ez ezik, hasierako aurrekontu-zuzkidura hura agortzearen ondorioz zuzeneko laguntzen onuradun izateko aukera izan ez duten pertsonen eta entitateen eskabideei erantzuteko ere bai.

Azaldutakoaren arabera, eta ekainaren 22ko 155/2021 Dekretuaren 1. artikuluak Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari emandako eskumena baliatuta (155/2021 Dekretua, COVID-19aren pandemiari aurre egite aldera enpresen kaudimena bultzatzeko aparteko neurrien martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren I. tituluan aurreikusitako autonomoentzako eta enpresentzako zuzeneko laguntzen kudeaketa, izapidetze eta kontrol ekonomikoari buruzko ezohiko neurriak onartzen dituena), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea honako hau da: COVID-19aren pandemiari aurre egite aldera enpresen kaudimena bultzatzeko aparteko neurrien martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren I. tituluan jasotako zuzeneko laguntzak –Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten edo egoitza fiskala EAEn duten autonomo eta enpresentzat direnak– jasotzeko eskabideak izapidetu eta kudeatzeari, horien ebazpena emateari, laguntzak ordaintzeari, eta ordainketa egin aurreko eta ondorengo kontrolak gauzatzeari buruzko oinarriak onestea.

2.– Laguntza horietarako deialdia egitea da, halaber, Agindu honen xedea.

I. KAPITULUA
ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN LAGUNTZAK ETA FINANTZAKETA

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta dirulaguntzen lerroak.

1.– Deialdi honen xede den Estatuko Administrazio Orokorrak finantzatutako laguntzak mugatzaileak dira, gehienez ere berrehun eta hamazazpi milioi bederatziehun eta laurogeita hamazazpi mila eta hirurehun (217.997.300) eurokoak, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021erako Aurrekontu Orokorretako 12292 Programako («COVID-19ak eragindako krisiaren aurkako neurriak – Kudeaketa-kredituak») 4. kapituluaren kargura. Hala ere, baliteke aurreikuspen horrek III. kapituluan ezarritakoari eragitea.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako zenbatekoa dirulaguntzen hiru lerrotan banatzen da:

a) 1. Lerroa, 42.000.000 euroko zuzkidurarekin, 3.1.a) eta b) artikuluan bildutako enpresaburu indibidual eta profesional autonomoei eta entitateei zuzendua, baldin eta gehienez 3.000 euroko laguntza jaso nahi badute, 8.2.a) artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

b) 2. Lerroa, 168.000.000 euroko zuzkidurarekin, 1. Lerroan bildu gabeko enpresaburu indibidual eta profesional autonomo eta entitateetarako, baldin eta 2020an 10 milioi euro edo gutxiagoko eragiketa-bolumena izan bazuten eta sozietateen gaineko zergan zerga-kontsolidazioko araubidean tributatzen ez bazuten.

c) 3. Lerroa, 7.997.300 euroko zuzkidurarekin, 1. Lerroan eta 2. Lerroan bildu gabeko pertsona eta entitateek egindako eskabideei erantzuteko, betiere deialdi honetan ezarritako betekizunak eta bestelako hautagarritasun-baldintzak betetzen badituzte.

3.– Deialdia gauzatzean dirulaguntzen lerroren batean zenbatekorik soberan geratzen bada, deialdira aurkeztutako eskabideei erantzun ondoren, ebatzi gabeko eskaria duten gainerako dirulaguntzen lerroen zuzkidurak handitzeko erabili ahal izango da soberako zenbateko hori.

II. KAPITULUA
ZUZENEKO LAGUNTZAK EMATEKO XEDAPEN OROKORRAK

3. artikulua.– Laguntzak eskuratu ditzaketen pertsonak eta entitateak.

1.– Deialdiaren xede diren laguntzen onuradun izan ahalko dira I. eranskinean («Laguntzak jaso ditzaketen jarduerak: EJSN-EJZ baliokidetasun-taula») zehaztutako jardueraren bat nola lanbide-arloan hala enpresa-arloan gauzatzen duten pertsona eta entitateak, baldin eta egoera hauetakoren batean badaude:

a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan errentak eratxikitzeko araubidean dauden enpresaburu indibidualak, profesional autonomoak eta entitateak, baldin eta 2019an edo 2020an Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide sinplifikatua aplikatu badute.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan errentak eratxikitzeko araubidean dauden enpresaburu indibidualak, profesional autonomoak eta entitateak, baldin eta 2019an edo 2020an balio erantsiaren gaineko zergan baliokidetasun-errekarguaren araubide berezia aplikatu badute.

c) Sozietateen gaineko zergan zerga-kontsolidazioko araubidean tributatzen duten enpresaburu indibidualak, profesional autonomoak, entitateak eta taldeak, baldin eta administrazioak egiaztatutako edo aitortutako urteko eragiketen bolumena % 30 baino gehiago jaitsi bada 2020an 2019arekin alderatuta balio erantsiaren gaineko zergan edo zeharkako tributu baliokidean.

2.– Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatutako entitateen artean sartzen dira sozietate zibil partikularrak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo entitate mota, nortasun juridikorik izan ez arren, I. eranskinean («Laguntzak jaso ditzaketen jarduerak: EJSN-EJZ baliokidetasun-taula») zehaztutako jardueraren bat nola lanbide-arloan hala enpresa-arloan gauzatzen duten pertsona eta entitateak.

3.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan errentak eratxikitzeko araubidean errentak eratxikitzeko araubidean dauden entitateen kasuan, emandako laguntzaren onuraduna entitatea izango da, eta ez haren bazkide, erkide, jaraunsle edo partaide bakoitza. Gainera, eman beharreko laguntza zehazteko kontuan hartu beharreko magnitudeak entitatearen egoitzan kalkulatuko dira.

4.– Sozietateen gaineko zergan zerga-kontsolidazioko araubidean tributatzen duten taldeen kasuan, talde hori hartuko da zergadun bakartzat, hautagarritasun- eta transferentzia-baldintzak betetzeari dagokionez, eta ez hura osatzen duten entitateetako bakoitza.

Taldea ordezkatzen duen sozietateak aurkeztu beharko du laguntza-eskabidea, eta 2020an taldeko kide izan diren entitate guztiak barne hartuko ditu. 2019an, baina ez 2020an, taldeko kide izan ziren entitateak independentetzat hartuko dira, eta kide horiek banan-banan eskatu ahalko dituzte laguntzak.

4. artikulua.– Deialditik kanpo geratzen diren pertsonak eta entitateak.

1.– Honako hauek ezingo dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu:

a) finantza-enpresak;

b) sozietateen gaineko zergan zerga-kontsolidazioko araubidean tributatzen duten enpresaburu edo profesional autonomoak, entitateak eta taldeak, baldin eta berreskuratze-agindu baten eraginpean badaude eta Europako Batzordeak aurretik jo badu laguntza bat legez kanpokotzat eta aitortu badu barne-merkatuarekin bateraezina dela;

c) sektore publikoren batekoak diren edo gobernu-organoen gehiengoa ordezkari publikoz osatuta duten entitateak;

d) agindu honetan bildutako laguntzak jasotzeko eskubidea ematen duen jardueran 2020ko martxoaren 31 baino geroago alta hartu dutenak; eta

e) sozietateen gaineko zergan zerga-kontsolidazioko araubidean tributatzen duten enpresaburu edo profesional autonomoak, entitateak eta taldeak, baldin eta, 3. artikuluan adierazitako hartzaileen artean egon arren, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean –2019koan– emaitza garbi negatiboa aitortu badute beren jarduera ekonomikoengatik, jarduera ekonomiko horiei atxikitako ondasunen ondare-irabazi edo -galerak alde batera utzita, edo, hala badagokio, ekitaldi horretan negatiboa izan bada sozietateen gaineko zergaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zerga-oinarriaren emaitza, betiere erreserbak eta zerga-oinarri negatiboen konpentsazioa aplikatu aurretik.

2.– Aurreko apartatuko e) letran adierazitakoa gorabehera, honako hauek izan daitezke onuradun:

a) pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan errentak eratxikitzeko araubidean dauden enpresaburu indibidualak, profesional autonomoak eta entitateak, baldin eta 3.1.a) artikuluan aurreikusitako balio erantsiaren gaineko zergan araubide sinplifikatua aplikatzen badute.

b) pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan errentak eratxikitzeko araubidean dauden enpresaburu indibidualak, profesional autonomoak eta entitateak, baldin eta 3. artikuluko 1.b) apartatuan aurreikusitako balio erantsiaren gaineko zergan baliokidetasun-errekarguaren araubide berezia aplikatzen badute eta 8.2.a) artikuluan aurreikusitakoaren arabera 3.000 euroko gehieneko zenbatekoa aplikatzen bazaie; eta

c) 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko martxoaren 31ra bitartean I. eranskinean («Laguntzak jaso ditzaketen jarduerak: EJSN-EJZ baliokidetasun-taula») aurreikusitako jarduerak sortu zituzten eta/edo jarduera horietan alta eman zuten enpresaburu indibidualak, profesional autonomoak eta entitateak.

Sozietateen gaineko zergaren edo establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergaldia urte naturalaz bestekoa duten zergadunen kasuan, 2019an amaitzen deneko azken zergaldiko erreserbak aplikatu eta zerga-oinarri negatiboak konpentsatu aurretik hartuko da zerga-oinarria.

5. artikulua.– Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak.

1.– Deialdiko laguntza eskatzen duen enpresaburu indibidual, profesional autonomo, entitate edo talde kontsolidatuak honako baldintza hauek bete beharko ditu eskabidea aurkezten duen egunean pertsona edo entitate onuradun izateko:

a) Egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, 2020an 10 milioi euro edo gutxiagoko eragiketa-bolumena izan duten eta sozietateen gaineko zergan zerga-kontsolidazioko araubidean tributatzen ez duten enpresaburuen, profesionalen edo entitateen kasuan.

Ez da beharrezkoa izango Egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzea, baldin eta taldeak, enpresaburu indibidualak, profesional autonomoak edo entitateak badira, edo 2020an 10 milioi eurotik gorako eragiketa-bolumena badute eta egoitza fiskala Estatuko beste autonomia-erkidego edo hiri autonomoren batean badute baina Euskal Autonomia Erkidegoan badihardute, edota establezimendu iraunkor baten bidez Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten entitate ez-egoiliar eta ez-finantzarioak badira.

Ondorio horietarako, Euskal Autonomia Erkidegoan dihardutela ulertuko da lan pertsonaleko ordainsariak –Administrazioak egiaztatutako edo aurkeztutako konturako diru-sarreren eta atxikipenen laburpen-aitorpenean esleituak– jasotzen dituztenen bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan dagoenean.

b) I. eranskinean («Laguntzak jaso ditzaketen jarduerak: EJSN-EJZ baliokidetasun-taula») jasotako Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN) kodeetan aurreikusitako jarduera bat, gutxienez, egin izana 2019ko eta 2020ko ekitaldietan, eta jarduera horietakoren bat gauzatzea eskabidea aurkezten duen egunean. 8. artikuluko 7. apartatuan aurreikusitako kasuetan, betekizun hori eskatu ahalko da kasu horietarako aurreikusitako baldintza espezifikoetan.

Pertsona, entitatea edo taldea EJSNren kode batean sartuta dagoela ulertuko da baldin eta bere jarduera Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren epigraferen batean egin duenean, I. eranskineko («Laguntzak jaso ditzaketen jarduerak: EJSN-EJZ baliokidetasun-taula») baliokidetasun-taulari jarraikiz.

Jarduera I. eranskinean («Laguntzak jaso ditzaketen jarduerak: EJSN-EJZ baliokidetasun-taula») jasotako EJSNetako bati jarraikiz gauzatzen duenak laguntzak eskuratu ahalko ditu, nahiz eta eranskin horretan azaltzen diren Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafeetako batean ere alta emanda ez egon. Kasu horretan, alegatutako EJSN jarduera gauzatu dela egiaztatzen duen frogagiria erantsi beharko zaio eskabideari. Halako egoeran dagoen interesdunak ez badu egoera hori egiaztatzen, laguntza ukatu egingo da, betekizun subjektiboak ez egiaztatzeagatik.

Taldeak direnean, ezinbestekoa izango da entitate nagusiak edo mendeko edozein entitatek jarduera nagusi gisa 2019an eta 2020an egin izana eta laguntza eskatzen den egunean egiten jarraitzea I. eranskinean («Laguntzak jaso ditzaketen jarduerak: EJSN-EJZ baliokidetasun-taula») aurreikusitako jardueretako bat.

Agindu honetan jasotako parametroak aplikatzeko, laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak, entitateak edo taldeak egindako jarduera guztiak hartuko dira kontuan.

c) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenek edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso dutenek.

d) Administrazio publikoarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz indargabetu bada, dena delako kausagatik errudun aitortuz gero.

e) Dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

g) Borondatezko konkurtso-deklaraziorik ez eskatzea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

h) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean ez izatea.

i) Berreskuratze-agindu baten eraginpean ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

j) Honako konpromiso hauek hartzea:

1) Laguntzari dagokion jarduera gauzatzen jarraitzea, gutxienez, 2022ko ekainaren 30era arte.

2) Dibidendurik ez banatzea 2021ean eta 2022an.

3) Goi-zuzendaritzaren ordainsarietan igoerarik ez onartzea laguntza eman eta hurrengo bi urteetan.

2.– Sozietateen gaineko zergan zerga-kontsolidazioko araubidean tributatzen duten taldeen kasuan, aurreko apartatuko c) letratik j) letrara bitartekoetan zerrendatutako baldintzak 2020an taldea osatzen zuten sozietate guztiek bete beharko dituzte, 2022ra arte luza daitezkeen beste konpromiso batzuk alde batera utzi gabe.

6. artikulua.– Laguntzak eskuratzeko eskatzen diren baldintzak egiaztatzea.

3., 4. eta 5. artikuluetan aurreikusitako alderdiak honela egiaztatuko dira:

a) Deialdia kudeatzen duen organoak 5.1.a), b) eta f) artikuluetan ezarritako betekizun subjektiboak eta 3. eta 4. artikuluetan aurreikusitako hautagarritasun-baldintzak osatzen dituzten baldintza objektiboak egiaztatuko ditu. Horretarako, dagokion Zerga Administrazioko eta Gizarte Segurantzako instantzietatik zuzenean jasoko du dagokion informazioa.

Ezin bada laguntza-emakidarako behar diren agirietako bat zuzenean eskuratu, kudeatzeko eskumena duen organoak agiri hori aurkezteko eskatu ahalko dio eskatzaileari, edo, bestela, agirian aipatzen diren betekizunak beste bitarteko baten bidez egiaztatzeko.

b) Aipatutako 5.1 artikuluko gainerako letretan ezarritakoak, berriz, eskabide-orri elektronikoan jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira.

c) 5.1.b) artikuluan aurreikusitako kasuan –I. eranskinean («Laguntzak jaso ditzaketen jarduerak: EJSN-EJZ baliokidetasun-taula») bildutako EJSN batean jarduera gauzatzen dela egiaztatzeari buruzkoan–, baldin eta ez badago ekonomia-jardueren gaineko zergan subjektu eskatzailea alta emanda dagoen epigrafe baliokiderik, eskabidearekin batera dagokion agiria aurkeztuta egiaztatu beharko da hori.

7. artikulua.– Laguntzen xedea.

1.– Ematen diren laguntzak helburu jakinak betetzeko izango dira, eta 2021eko martxoaren 13a baino lehenagoko kontratu-konpromisoen ondorioz 2020ko martxoaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean sortu diren eta egun horretan ordaindu gabe jarraitzen duten zor-obligazioak ordaintzeko emango dira, bai eta obligazio horiei, hornitzaileei eta bestelako hartzekodun finantzario eta ez-finantzarioei dagozkien ordainketak egiteko eta estali gabeko kostu finkoak ordaintzeko ere.

2.– Estali gabeko kostu finkotzat hartuko dira diruz lagundu daitekeen aldian (2020ko martxoaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean) sortutako eta enpresak jasan beharreko kostu finkoak, ekoizpen-maila edozein izanik ere, baldin eta aldi horretan etekinei egindako ekarpenak (diru-sarrerak ken kostu aldakorrak) eta beste funts batzuek (hala nola aseguruek edo aldi baterako laguntza-neurriek) kostu horiek estaltzen ez badituzte. Besteak beste, estali gabeko kostu finkotzat hartuko dira eskuratutako laguntzaren eraginpeko jarduerari dagozkion energia-hornidurarako eta potentzia-aldaketarako kostuak, soldata-kostuak eta nahitaezko gizarte-aseguruak, baldin eta zuzenbidean onartutako fakturen edo bestelako egiaztagirien bidez jasan behar baditu interesdunak.

3.– Emandako laguntzak baliatzean, honako lehentasun hau bete beharko da: lehenik, hornitzaileei ordainketak egingo zaizkie, antzinatasunaren arabera; bigarrenik, hala badagokio, banku-zorraren nominala murriztuko da eta lehentasuna emango zaio zorraren nominala abal publikoarekin murrizteari. Fakturen jaulkipen-dataren arabera zehaztuko da antzinatasun-ordena.

Finantza-entitate baten bidez egindako ordainketak baino ez dira onartuko, eta justifikatutako ordainketak ezinbestean agertu behar dira banku-kontuan eta ordainketa-agirian; gainera, onuradunari justifikazio-prozeduran eskatu ahalko zaizkio.

4.– Fakturen kasuan, diruz lagundu daitezkeen gastuen zerga-oinarriaren zenbatekoa baino ez da emango laguntza gisa, eta BEZa edo zeharkako zerga baliokidea kenduta.

5.– 2021eko martxoaren 13tik aurrerako fakturek edo obligazioek hornitzaile edo hartzekodunei ordaintzeko betebeharrak eragin dituen kontratuaren erreferentzia eskabidean jasotzea badakarte, eta kontratu hori idatzita ez badago, eskabideari, eskaintzaren onarpenari edo aurrekontuari dagokion data jarri beharko da; nolanahi ere, kostu finantzagarriaren sortzapen-data jaso beharko da, laguntzen deialdi honetarako ezarritako baldintzei jarraikiz.

8. artikulua.– Laguntzen mugak eta laguntzak kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Ez da eskatutako zenbatekoa baino zenbateko handiagoa duen laguntzarik, ez eta 10.3 artikuluan adierazitako egiaztapena gauzatu ondoren finkatutakoa baino handiagorik ere.

2.– Artikulu honetako 1. apartatuan xedatutakoa betetzeaz gain, emandako laguntzek ezingo dituzte gainditu, onuradun bakoitzeko, honako muga kuantitatibo hauek:

a) 3.000 euro, 3.1 artikuluaren a) eta b) letretan aipatzen diren enpresaburu, profesional edo entitateak direnean.

Aurrekoa gorabehera, 3.1.b) artikuluan aipatzen diren enpresaburuek, profesionalek edo entitateek, salbu eta I. eranskinean («Laguntzak jaso ditzaketen jarduerak: EJSN-EJZ baliokidetasun-taula») jasotako jarduerak hasi badituzte, agindu honetan jasotako laguntzak eskuratzeko aukera izango dute 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko martxoaren 31ra bitartean, hurrengo b) letran zehaztutako gehienekora iritsi arte.

Eskatzaileak gauzatutako jardueraren batean 2019an edo 2020an balio erantsiaren gaineko zergan araubide erraztua aplikatzeak lehentasuna izango du laguntza esleitzerakoan, alde batera utzita beste araubide batzuk aplikatzekoak zaizkien beste jarduera batzuk egiten ote dituen. 2021ean araubide sinplifikatuari uko egin zaion kasuetan ere aplikatuko da hori. 2019an edo 2020an ez bada aplikatzen balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua ezein jardueratan, laguntza esleitzerakoan lehentasuna izango du jardueraren bateko baliokidetasun-errekarguaren araubide berezia aplikatzeak 2019an edo 2020an.

b) Balio erantsiaren gaineko zergan edo zeharkako tributu baliokidean enpresaburu indibidual eta profesional autonomoek eta 3.1.c) artikuluan aipatutako entitate eta taldeak aitortu edo administrazioak egiaztatutako urteko eragiketen bolumena % 30 baino gehiago jaitsi bada 2020an 2019arekin alderatuta, emango den laguntzaren gehieneko mugak honako hauek izango dira:

1) Gehienez 10 langile dituztenen kasuan, 2020an, 2019arekin alderatuta, eragiketen bolumenean izandako % 30 baino gehiagoko beherakadaren zenbatekoaren % 40.

2) 10 langile baino gehiago dituztenen kasuan, 2020an, 2019arekin alderatuta, eragiketen bolumenean izandako % 30 baino gehiagoko beherakadaren zenbatekoaren % 20.

Paragrafo honetan aipatutako langile kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko da 2020an zenbat ziren, batez beste, Administrazioak egiaztatutako edo aurkeztutako konturako diru-sarreren eta atxikipenen hileko edo hiru hileko aitorpenetan esleitutako lan-etekinen hartzaileak (110-111 ereduak).

Aurreko 1. eta 2. azpiapartatuetan xedatutakoa alde batera utzi gabe, gehieneko laguntza ezin izango da 4.000 eurotik beherakoa izan, ezta 200.000 eurotik gorakoa ere.

3.– Sozietateen gaineko zergan zerga-kontsolidazioko araubidean tributatzen duten taldeen kasuan, jardueraren beherakada zehazteko kontuan hartu behar diren eragiketen bolumena kalkulatzerakoan, nola 2019an hala 2020an talde bereko kide izan ziren entitate guztien eragiketa-bolumenak batuko dira.

Aurreko paragrafoko b) letran adierazitako mugak talde osoari aplikatuko zaizkio.

4.– Sozietateen gaineko zergan zerga-kontsolidazioko araubidean tributatzen duten taldeen kasuan, enpresaburu indibidualen eta profesional autonomoen kasuan, eta 2020an 10 milioi eurotik gorako eragiketa-bolumena izan duten eta jarduera ekonomikoa Espainiako estatuko beste autonomia-erkidego edo hiri autonomo batzuetan ere gauzatzen duten entitateen kasuan, eragiketa-bolumenaren beherakada eta gehieneko zenbatekoaren mugak interesdunak jarduera gauzatzen dueneko lurraldeen artean banatzeko, honako hauek izango dira oinarria: lan pertsonaleko ordainsariak, Administrazioak egiaztatutako edo aurkeztutako konturako diru-sarreren eta atxikipenen laburpen-aitorpenean esleituak; halaber, lurralde bakoitzari esleituko zaizkie horiek, hartzaileak bizi direneko lekua kontuan izanik.

5.– Agindu honetan jasotako parametroak aplikatzeko, laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak, entitateak edo taldeak egindako jarduera guztiak hartuko dira kontuan.

6.– 3.1.c) artikuluan aipatutako enpresaburuen edota profesional edo entitateen kasuan, I. eranskinean («Laguntzak jaso ditzaketen jarduerak: EJSN-EJZ baliokidetasun-taula») aurreikusitako jarduera hasi badute, eta jarduera horrengatik laguntza horiek eskuratu badituzte edo 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitartean sortu badira, eta betiere harrez geroztik alta emanda mantendu badira eta eskabidea aurkeztu zuten egunean ere alta emanda bazeuden Eranskin horretan bildutako jardueraren batean, eragiketen beherakada kalkulatzeko igo egingo da, urtean, balio erantsiaren gaineko zergan edo zeharkako tributu baliokidean 2019an Administrazioak egiaztatutako edo aitortutako eragiketa-bolumenari dagokion magnitudea.

7.– 3.1.c) artikuluan aipatutako enpresaburuen edota profesional edo entitateen kasuan, I. eranskinean («Laguntzak jaso ditzaketen jarduerak: EJSN-EJZ baliokidetasun-taula») aurreikusitako jardueran alta hartu badute, edo 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko martxoaren 31ra bitartean sortu badira, eta betiere harrez geroztik alta emanda mantendu badira eta eskabidea aurkeztu zuten egunean ere alta emanda bazeuden eranskin horretan bildutako jardueraren batean, eragiketen beherakada kalkulatzeko 2020ari dagokion urteko eragiketa-bolumena –balio erantsiaren gaineko zergan edo zeharkako tributu baliokidean Administrazioak egiaztatua edo aitortua– alderatu egingo da 2020ko lehen hiruhilekoari dagokion balio erantsiaren gaineko zergan edo zeharkako tributu baliokidean Administrazioak egiaztatutako edo aitortutako eragiketa-bolumenari dagokion magnitudea 2020an jarduera-denboraldia igotzetik ateratako eragiketa-bolumenarekin.

8.– 3.1.c) artikuluan aipatutako baina 6. eta 7. apartatuetan aurreikusitakoan bildu gabeko enpresaburuen edota profesional edo entitateen kasuan, hori guztia gorabehera I. eranskinean («Laguntzak jaso ditzaketen jarduerak: EJSN-EJZ baliokidetasun-taula») aurreikusitako jardueran urtebetetik behera alta emanda egon badira 2019ko ekitaldian edo 2020ko ekitaldian, 2019arekin alderatuta 2020an eragiketa-bolumenean izandako beherakada kalkulatzeko, kontuan izango da urte horietako bakoitzari dagokion balio erantsiaren gaineko zergan edo zeharkako tributu baliokidean Administrazioak egiaztatutako edo aitortutako eragiketa-bolumena.

9.– 2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean merkataritza-sozietatearen egiturazko aldaketa bat sartu duten entitateen kasuan, entitateek, eskabidea aurkezteko unean, egiaztatu egin beharko dute sartutako egiturazko aldaketa hori, eta 3., 4. eta 5. artikuluetan aurreikusitakoa betetzen dutela, bai eta balio erantsiaren gaineko zergan edo zeharkako tributu baliokidean urte bakoitzean egindako eragiketa-bolumena eta laguntzaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko aurreikusitako gainerako parametroak ere.

10.– Eskatzaileak zergapetu gabeko edo salbuetsitako eragiketak bakarrik egiten dituenean edo Balio Erantsiaren gaineko Zergaren aldizkako autolikidazioa aurkeztera behartuta ez dagoenean, 2019ko eta 2020ko eragiketen bolumena honako hauek osatzen dutela ulertuko da:

a) pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunen edo errentak eratxikitzeko araubidean dauden entitateen kasuan, beren jarduera ekonomikotik datozen eta zerga-alorrean konputagarriak diren diru-sarrera guztiak 2019an eta 2020an egindako zerga-aitorpenetan; eta

b) sozietateen gaineko zergaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunen kasuan, establezimendu iraunkorra badute, Administrazioak egiaztatutako edo aitortutako negozio-zifraren zenbateko garbiari buruzko informazioa, 2019an eta 2020an egindako zerga-aitorpenetan.

9. artikulua.– Eskabideak, edukia eta izapideetarako bidea.

1.– Deialdian jasotako eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta prozedurazko gainerako izapide eta kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez baino ezingo dira egin. Eskabide-eredua, eskabideak betetzeari eta izapidetzeari buruzko argibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak egoitza elektronikoan daude eskuragarri, web-orri honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1200901

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2021eko uztailaren 5eko 09:00etan hasi eta 2021eko uztailaren 30eko 12:00etan amaituko da. Hala ere, 2.1 eta 19. artikuluetan aurreikusitako zuzkidura ekonomikoak lehenago agortzen badira, eskabideak jasotzeko prozesua amaituko da. Hori gertatuz gero, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Ekonomia eta Ogasun Saileko Zerbitzu zuzendariaren ebazpen baten bidez, ez da eskabide berririk onartuko argitaratzen denetik aurrera, eta ez dira onartuko, ezta ere, erantzuteko baliabide ekonomikorik ez izateagatik bete gabe geratzen diren eskabideak.

3.– Lehen apartatuan aipatutako egoitza elektronikoaren helbidean eskuragarri dagoen eskabide-inprimaki elektronikoaren ereduak honako hauei dagozkien apartatuak izango ditu:

a) 5.1 artikuluko c), d), e), g), h), i) eta j) letretan ezarritako betekizunak eta baldintzak egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpenak;

b) EJSN zehaztea, «Laguntzak jaso ditzaketen jarduerak: EJSN-EJZ baliokidetasun-taula» izeneko I. eranskinean jasotakoen barruan, non eskatzaileak bere jarduera garatzen duen, baldin eta eranskin horretako baliokidetasun-taulan ez badago korrelaziorik alta emandako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafearekin;

c) aintzat hartzeko talde bakoitzeko zor-obligazioen zenbateko osoa: hornitzaileei egindako ordainketak, entitate publikoak abalatutako banku-zorra, gainerako banku-zorra, eta estali gabeko kostu finkoak;

d) eskatutako zenbatekoa, aintzat hartzeko taldeei dagozkien guztizkoak gehituta aterako dena;

e) erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak Espainiako Erresumako beste autonomia-erkidego edo hiri autonomo batzuen deialdietan helburu bererako laguntzaren bat eskatu behar ote duen edo laguntzaren bat eskatu ote duen edo Espainiako Erresumako beste autonomia-erkidego edo hiri autonomo batzuetan 5/2021 Errege Lege Dekretuan ezarritako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen ote dituen adierazten duena;

f) eskabidea aurkeztu deneko egunera arte jasotako edo eskatutako beste laguntza publiko batzuei dagokienez, laguntza horien egoera eta, hala badagokio, emandako zenbatekoa zehaztuta; eta

g) eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta ote dagoen, eta, hala bada, prozedura edo prozedurak identifikatzen laguntzea.

4.– Eskabidearekin batera, 2021eko martxoaren 13a baino lehenagoko kontratu-konpromisoen ondorioz 2020ko martxoaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean sortu diren eta egun horretan ordaintzeke jarraitzen duten zor-obligazioen zerrenda aurkeztuko da, 7. artikuluan adierazitako ordainketa-ordena beteta betiere.

Laguntza hornitzaileei ordaintzeko erabiltzen bada, honako hauek zehaztuko dira zerrenda horretan: ordaintzeke dagoen faktura bakoitzari (BEZik gabe) dagokion hornitzailearen nortasuna, zenbakia, data eta zenbateko osoa, eta sortzapenaren antzinatasunaren araberako ordainketa-hurrenkeran. Hornitzaileei ordainketak egin ondoren laguntza banku-zorra ordaintzeko erabiltzen bada, entitate hartzekodunaren nortasuna, maileguaren data, zorraren nominala eta haren guztizko zenbatekotik murriztu beharreko zenbatekoa adieraziko dira, entitate publiko abal-emailearen nortasuna ere adierazita, halakorik egotekotan. Estali gabeko kostu finkoetarako, horien kontzeptua, zenbatekoa eta, hala badagokio, fakturaren datuak adieraziko dira.

Fakturen edo obligazioen datak 2021eko martxoaren 13a baino geroagokoak badira, gastuari dagokion kontratu, eskaera, hornidura-akordio, eskaintza-onarpen, aurrekontu edo antzekoaren data zehaztu beharko da eskabidean.

Halaber, aintzat hartzeko talde bakoitzari dagokion zorraren zenbateko osoa adieraziko da. Guztizko hori fakturen, banku-zorraren murrizketen edo banaka lotuta dauden kostu finko ez-estalien zenbatekoak gehitzearen emaitza aritmetikoa izango da, eta zenbatekoa eskabide-inprimakian dagokion apartatura eramango da.

Arestian aipatutako dokumentazioa aurkezten den formatuaren eta egituraren arabera aurkeztu ahalko da esklusiboki, eta eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1200901

5.– Eskabidearekin batera, pertsona edo entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

Beste pertsona bat izendatu ahalko du interesdunak ordezkari gisa, agindu honi dagozkion prozedura guztietan bere izenean bitarteko elektronikoen bidez jardun dezan. Horretarako, ordezkariak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan izena eman beharko du, https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/ web-orrian, edo, bestela, «borondatezko ordezkaritza egilestea, inprimaki normaldua» behar bezala bete (https://www.euskadi.eus/web01-a2bizila/es/contenidos/formulario/representacion_legal/eu_form/otorgamiento_representacion.html) eta eskabideari erantsita. Pertsona juridikoek, gainera, erantsi beharko dute ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo legezko beste edozein dokumentu, ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duena.

Ordezkari fisiko edo juridikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan onetsitako identifikazio-bitarteko elektronikoa izan beharko du. Helbide honetan eskura dezake: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabidea egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpen eta justifikazioak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

6.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, pertsona edo entitate eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari jarraikiz.

7.– Eskabidea aurkezteak berekin dakar baimena ematea, aplikatzekoa den araudiaren arabera, deialdiaren organo kudeatzaileari, honako hauek egin ditzan:

a) lortzea Zerga Administrazioko Estatu Agentziatik, lurralde historikoetako foru ogasunetatik, Kanarietako Zerga Agentziatik eta Nafarroako Foru Ogasunetik 6.a) artikuluan aipatutako informazioa, 3., 4. eta 5. artikuluei dagokienez, laguntza jasotzeko eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, bai eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko beharrezkoa den bestelako informazioa ere, 8. artikuluan aurreikusitakoaren arabera;

b) Ogasun Ministerioari agindu honen eraginpeko laguntzen kudeaketari buruz eskatzen duen informazioa ematea.

c) zuzenean egiaztatzea organo eskudunen aurrean eskatzailearen helbidea zuzena dela eta eskatzaileak bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela; eta

d) Egiaztatzea interesdunak dagozkion erregistro publikoetan laguntzak jaso dituen jarduerari gutxienez 2022ko ekainaren 30era arte eutsi diola, eta, hala badagokio, 12. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere beteta dituela.

8.– Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo zerrendatutako derrigorrezko agiriren bat falta dela hautemanez gero, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzendu edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzala 10 egun balioduneko epean. Halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela; eta horretarako dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Pertsona edo entitate bat eskabidea aurrez aurre aurkezten saiatzen bada, elektronikoki aurkeztu behar duela adieraziko zaio. Horretarako, halaber, eskabidea aurkezteko datatzat hartuko da interesdunak eskatzen zitzaizkion informazioari eta dokumentuei dagokienez eskabidea osorik telematikoki bete dueneko data.

9.– Eskabide bakar bat onartuko da eskatzaile bakoitzeko. Pertsona edo entitate batek eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, elektronikoki aurkeztu duen azkenekoa baino ez da hartuko kontuan.

Aurretik jada erregistratutako eskabide bat duen pertsona edo entitate batek beste eskabide bat aurkezteak automatikoki ekarriko du eskabide horretan atzera egitea eta hari dagokionez prozedura amaitzea. Horretarako, atzera egiteko ebazpena emango da, legeari jarraikiz betiere.

10.– Laguntza emanez gero, hori ordaintzeko, pertsona edo entitate onuradunak erregistratuta egon beharko du Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoko Hirugarrenen Erregistroan. Eskabidea egitean, pertsona edo entitate eskatzaileak alta eman ahalko du, bai eta lehendik gehitutako informazioa aldatu ere, dagokion moduan, telematikoki, https://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml web-orrian jasotako jarraibideen arabera.

Nolanahi ere, aurreko paragrafoan aipatutako ordainketarako Hirugarrenen Erregistroko datuen alta edo aldaketa interesdunak berak egin beharko du bitarteko elektronikoen bidez, edo haren ordezkari batek haren izenean, baldin eta ordezkari hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/) eskuragarri dagoen ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda badago.

Hala ere, jarduketa hori ez da nahitaezkoa izango eskabidea izapidetzeko, eta, izan ere, eskabidea egin eta gero gauzatu ahalko da, baita emakidaren ondoren ere. Nolanahi ere, ezin izango da eskatu emandako laguntza ordaintzeko baldin eta baldintza hori benetan betetzen ez bada.

10. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta organo kudeatzailea.

1.– 2. artikuluan ezarritako dirulaguntzen lerro bakoitzean, eskabideak ondoz ondo ebatziko dira, lehiaketa-teknika baliatu gabe. Eskabidea zuzentzeko edo osatzeko eskatu behar bada, hori gauzatzen deneko eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat. Horretarako, eskabideen aurkezpen-hurrenkerari jarraituko zaio (eguna eta ordua), espedientea osatuta geratzen deneko unearen arabera, salbu eta 6. artikuluko a) letran aurreikusitako kasua bada.

2.– Deialdia kudeatzeko organo eskuduna Ekonomia eta Ogasun Saileko Zerbitzuen zuzendaria izango da.

3.– Edonola ere, organo kudeatzaileak eskumena izango du aztertzeko 7. artikuluan ezarritako onargarritasun-parametroetara egokitzen ote diren eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioan zerrendatutako zor-obligazioak, 9.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Egiaztapen hori egitean, egiaztatu egingo du bidalitako dokumentazioan aintzat hartzeko talde bakoitzerako adierazitako zorraren guztizko zenbatekoak eta eskabide-inprimakian jasotakoak berdin-berdinak direla, hurrenez hurren, eta, desberdintasunik badago, zenbateko txikienekoak hartuko ditu kontuan. Gainera, lotutako zor-obligazioak baztertu egingo ditu organo kudeatzaileak, baldin eta aipatutako onargarritasun-parametroetara egokitzen ez badira, horien zenbatekoa eskatutako zenbatekotik kenduko du eta ateratzen den zenbatekoa ezarriko du laguntzaren muga gisa.

Halaber, prozesu horretan, espedientea kudeatzeko ardura duen organoak eskatzaileengana jo ahal izango du, eta ebazpen-proposamenak egiteko erabili behar diren datuak zehazteko, ezagutzeko edo egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak egiteko eskumena ere izango du.

4.– Eskabidea aztertu ondoren, organo kudeatzaileak haren ebazpen-proposamena igorriko dio Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari, honako baldintza hauetakoren batean:

a) Egindako eskabidea baiesten bada eta 8. artikuluan ezarritako kuantifikazio-irizpideak aplikatuta ateratzen den zenbatekoaren araberako laguntza ematen bada.

b) Egindako eskabidea ezesten bada, laguntzaren onuradun izateko eskatzen diren betekizunak eta hautagarritasun-baldintzak betetzen direla egiaztatu ez delako, edo aldez aurretik dagokion dirulaguntzen lerroari esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu delako aurretiazko eskabideei erantzuterakoan.

c) Eskatzailea eskabidean atzera egindakotzat jotzen bada, egindako zuzenketa- edo osatze-errekerimenduari ez zaiolako garaiz eta behar bezala erantzun.

11. artikulua.– Laguntzen ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak eta errekurtsoak.

1.– Organo kudeatzaileak proposatuta, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak aldi berean ebatziko ditu eskabideak dirulaguntzen lerro guztietan, aurreko artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

2.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena pertsona edo entitate interesdunari jakinarazteko epea lau hilabetekoa izango da, eskabidea osorik aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera, 10.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Epe hori igaro baina ebazpenik jakinarazi ez bada, pertsona edo entitate eskatzaileak ulertu beharko du laguntza-eskabidea ezetsitzat jo dela, dagokion administrazioarekiko auzi-errekurtsoa edo administrazio-errekurtsoa jartzeari dagokionez, nahiz eta horrek ez duen esan nahi organo eskudunak berariazko ebazpena emateko betebeharra ez duenik.

Nolanahi ere, laguntzak emateko azken eguna 2021eko abenduaren 31 da. Egun horren ondoren ez da laguntzarik emango.

3.– Pertsona edo entitate onuradunei laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

4.– Ebazpena pertsona edo entitate interesdunari jakinaraziko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ web-orrian, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 43. artikuluan ezarritako ondorioak izango ditu.

Organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei egoitza elektronikoan gauzatutako jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarritako telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dira, inolaz ere, gauzatutako jakinarazpentzat hartuko.

5.– Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak emandako ebazpenaren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio sailburuari, hilabeteko denbora-tartean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, edo zuzenean aurkaratu ahalko da administrazioarekiko auzien ordenan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

6.– Guztiek jakin dezaten, 2022ko lehen seihilekoan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da deialdiaren onuradun izan diren pertsonen edo entitateen zerrenda, emandako laguntzaren zenbatekoa adierazita, https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ web-orrian.

12. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.

Laguntzen pertsona edo entitate onuradunek ondoren ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoa alde batera utzi gabe:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horri dagokionez, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen dueneko egunetik hasi eta hamar eguneko epean entitate onuradunak esanbidez ez badio uko egiten dirulaguntzari, dirulaguntza onartu duela ulertuko da.

b) 7. artikuluan aurreikusitako parametroak betetzen dituzten eta eskabidean identifikatu ziren zor-obligazioak ordaintzeko erabiltzea laguntza. Aipatutako zorrak ordaintzeko laguntzaren zenbatekoa bi hilabeteko epean aplikatu beharko du interesdunak, zenbateko hori jasotzen duenetik zenbatzen hasita.

c) Deialdia kudeatzeko ardura duen organoaren aurrean justifikatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

d) Laguntzak jasotzeko eskubidea ematen duen jarduera gutxienez 2022ko ekainaren 30era arte mantentzea.

e) 2021ean eta 2022an dibidendurik ez banatzea.

f) Goi-zuzendaritzaren ordainsarietan igoerarik ez onartzea laguntza eman eta hurrengo bi urteetan.

g) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia ematea.

h) Entitate emailearen egiaztapen-jarduketen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen eraginpean geratuko da entitate onuraduna, laguntzei dagokienez, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian jasota dauden jarduketen eraginpean ere.

i) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik xede berbererako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea deialdia kudeatzeko ardura duen organoari.

j) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, horren berri ematea deialdia kudeatzeko ardura duen organoari.

Jakinarazpen hau dagokion bide elektronikoaren bidez egin beharko da, jakin bezain laster, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu aurretik.

k) Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea subjektu onuradunari kasuan-kasuan aplikatu beharreko merkataritzako eta sektoreko legediak eskatutako moduan.

l) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak –dokumentu elektronikoak barne– gutxienez 2023ko abenduaren 31ra arte gordetzea, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.

m) Jasotako funtsak itzultzea, aplikatzekoa den araudian jasotako kasuetan.

13. artikulua.– Ordainketa.

1.– Administrazioak emandako laguntza ordaindu ahal izateko, pertsona edo entitate onuradunak alta emanda egon behar du Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan. Horretarako, hiru aukera dituzte: lehendik alta emanda egotea erregistro horretan; erregistratuta ez badaude, alta ematea; eta lehenik erregistro horretan zuten informazioa aldatu egin bada, informazio hori eguneratzea; telematikoki egin beharko dute hori, https://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml web-orrian jasotako jarraibideen arabera. Jarduketa hori benetan bete ezean, ezingo da laguntza ordaindu.

2.– Emandako laguntza ordainketa bakar baten bidez ordainduko da, baldin eta 12.a) artikuluan ezarritako epea igaro eta pertsona edo entitate onuradunak laguntzari uko egiten diola adierazi ez badu.

3.– Ez da inolako ordainketarik egingo pertsona edo entitate onuradunak egunean ez baditu bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edota laguntzen edo dirulaguntzen itzulketa-ebazpen bidez erabaki bada zorduna dela.

4.– Eskatzaileei ez zaie esleitutako laguntzarik ordainduko, baldin eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako izaera bereko dirulaguntzengatik, zigor-prozeduraren edo dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek oraindik izapidetzen ari badira.

14. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Emandako laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo entitate pribatu batzuetatik xede bererako jasotako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin, baldin eta diruz lagundu daitezkeen jarduketen gainfinantzaketarik jazotzen ez bada. Gainfinantzaketa-egoeraren bat gertatuz gero, emandako laguntzaren zenbatekoa dagokion kopuruarekin murriztuko da, halako gainfinantzaketarik jazo ez dadin, hurrengo artikuluari jarraikiz.

2.– Laguntzek Europar Batasunak Estatuaren Laguntzen arloan duen araudia beteko dute. Ildo horretan, onuradunek betebehar jakin batzuk izango dituzte; hala, besteak beste, agintari eskudunengandik jasotako zenbateko gordina 1.800.000 eurokoa izango da gehienez, zergak eta beste atxikipen batzuk ezarri aurretik, enpresa edo autonomo bakoitzeko, zuzeneko dirulaguntzak edo abantaila fiskalak edo ordainketakoak direnean.

3.– Estatuaren Laguntzen araudia betetzeari dagokionez, laguntza bi hauen arabera taxutzen da: batetik, COVID-19aren egungo agerraldian ekonomia babesteko Estatu Laguntzetarako Neurrien Denbora Esparrua [AO K 91I, 2020-03-20, 1. or., Komunikazio hauen bidez aldatua: Batzordearen K(2020) 2215 (AO K 112I, 2020-04-04koa, 1. or.); K(2020) 3156 (AO K 164, 2020-05-13koa, 3. or.); K(2020) 4509 (AO K 218, 2020-07-02koa, 3. or.; K(2020) 7127 (AO K 340I , 2020-10-13koa, 1. or.; eta K(2021) 564 (AO K 34 de 2021-02-01ekoa, 6. or.]; eta bestetik, COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko maileguen interes-tasen hobariak, maileguen bermeak eta zerga-abantailak, enpresei eta autonomoei laguntzeko neurriei buruzko aldi baterako esparru nazionala, Europako Batzordeak apirilaren 2ko SA.56851 (2020/N) Erabakiaren bidez onartua, bai eta haren geroagoko aldaketak ere, zeinak 2020ko apirilaren 24ko SA.57019 (2020/N) Erabakiaren, 2020ko abenduaren 11ko SA.59196 (2020/N) Erabakiaren eta 2021eko otsailaren 19ko SA.59723 (2020/N) Erabakiaren bidez onartu baitziren.

15. artikulua.– Baldintzak eta dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako baldintzetan gertaturiko edozein aldaketak eta aurreko artikuluan aipatutako gainfinantzaketa kasuek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal dute, betiere, 3., 4., 5. eta 7. artikuluetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta bestelako hautagarritasun-baldintzak betetzen badira. Aldaketa hori izan daiteke ematea onartutako dirulaguntza txikitzeko edo ordurako ordaindua dagoen zenbateko osoa edo zati bat itzularazteko.

2.– Aipatutako kasuetan, dirulaguntza ematen duen organoak, subjektu onuradunari entzun ondoren, dagokion aldaketa-agindua emango du. Agindu horretan, emandako laguntzaren zenbatekoa egokituko da, eta, hala badagokio, itzulketa-prozedura hastea erabakiko da.

16. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Emandako laguntzen baldintzak eta 12.b) eta c) artikuluan ezarritako betebeharrak benetan betetzen dituztela egiaztatzeko, pertsona eta entitate onuradun guztiek honako dokumentazio hau bidali beharko diote organo kudeatzaileari, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez, https://www.euskadi.eus/mikarpeta web-orrian, emandako laguntza ordaindu eta lau hilabeteko epean:

a) Laguntzaren zenbatekoa 3.000 eurokoa edo gutxiagokoa bada, onuradunaren erantzukizunpeko adierazpen bat, II. eranskinean («3.000 euroko hortik beherako zenbatekoko laguntza justifikatzeko erantzukizunpeko adierazpena») jasotako ereduaren araberakoa. Eredu horretan jasoko da, halaber, onuradunaren edo haren ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren beste laguntza batzuei buruzkoa, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Dirulaguntza eman duen organoak, laginketa-tekniken bidez, egokitzat jotzen dituen frogagiriak egiaztatuko ditu, laguntza-emakida eragin zuen xederako behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko. Horretarako, hautatutako gastu-frogagiriak bidaltzeko eskatuko dio onuradunari.

b) Laguntzaren zenbatekoa 3.000 euro baino gehiagokoa eta 100.000 euro baino gutxiagokoa bada, ordaindutako fakturen zerrenda, banku-zorraren murrizketa eta estali gabeko kostu finkoak –haren kargura ordainduak–, egindako ordainketen edo amortizazioen datak, bai eta zorrari abal publikoarekin aplikatutako murrizketaren kasuan ere, erakunde abal-emaileari buruzko datuak, abalatutako kontratuaren data, abalatutako kontratuaren zenbatekoa eta guztizko zenbatekotik ordaintzeke geratzen den zenbatekoa, III. eranskinean («3.000 euro baino gehiagoko eta 100.000 euro baino gutxiagoko laguntzaren zenbatekoa») jasotako zenbatekoa baino handiagoa den zenbatekoa. Eredu horretan, onuradunaren edo haren ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena jasoko da, diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren beste laguntza batzuei buruzkoa, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Dirulaguntza eman duen organoak, laginketa-tekniken bidez, egokitzat jotzen dituen frogagiriak egiaztatuko ditu, laguntza-emakida eragin zuen xederako behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko. Horretarako, hautatutako gastu-frogagiriak bidaltzeko eskatuko dio onuradunari.

c) Laguntzaren zenbatekoa 100.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada, aurreko letran aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da, Kontu-ikuskarien Erregistro Ofizialean erregistratutako pertsona fisiko edo juridiko batek egindako kontu-ikuskatze txostenarekin batera, non honako alderdi hauek egiaztatzen baitira:

1) Jasotako laguntza emakida eragin zuten zor-obligazioak ordaintzeko erabili dela. Horretarako, hartzekoduna identifikatuko da, bai eta zuzenbideari jarraikiz onartutako faktura edo bestelako egiaztagiria ere; honako hauek ere zehaztu beharko dira: zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data, edo, hala badagokio, mailegu-kontratua edo banku-zorraren kontratua eta egindako amortizazioa.

2) Zor-obligazioak 2020ko martxoaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean sortu dira, eta 2021eko martxoaren 13a baino lehenagoko kontratu, eskaera, hornidura-akordio, eskaintza-onarpen, aurrekontu edo antzekoetatik datoz.

3) Zor-obligazio horiek 7.3 artikuluan ezarritako sekuentziaren arabera eta 12.b artikuluan adierazitako epean ordaindu direla.

4) Diruz lagundutako jarduera eta gastuak finantzatu dituzten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen zerrenda xehatua, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

5) Hala badagokio, gauzatu beharreko itzulketa-zenbateko kalkulatua, aplikatu ez diren geldikinen kasuan, bai eta horien ondoriozko interesena ere.

Entitate onuradunak urteko kontuak auditatzeko betebeharra badu, justifikazio-kontua auditore berak berrikusia izan beharko da.

2.– Jasotako laguntzaren emakida eragin duen jarduera gutxienez 2022ko ekainaren 30era arte mantentzeko betebeharra organo kudeatzaileak egiaztatuko du zuzenean, dagozkion erregistro publikoetan egiaztatuta.

3.– Onuradunak 2023ko abenduaren 31 baino lehen justifikatu beharko du 2021ean eta 2022an dibidendurik ez banatzeko betebeharra eta laguntza eman eta hurrengo bi urteetan goi-zuzendaritzarengandik ordaindutako ordainsarien gehikuntzarik ez onartzeko betebeharra bete dituela. Bi kasuetan, entitate onuradunaren gobernu- eta administrazio-organoen ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta alderdi horiek berariaz jasota egon beharko dira ziurtagiri hartan. Hori guztia, Administrazioak alderdi horiek benetan betetzen direla egiaztatzeko aukera izango duela alde batera utzi gabe.

4.– Edonola ere, laguntzen onuradun diren pertsona eta entitateek derrigorrean eman beharko dute laguntza behar bezala aplikatzen ari dela frogatzeko eskatzen zaien egiaztatze-informazio guztia, organo kudeatzaileak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen xedea justifikatu eta fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betez eskatzen dieten informazioa, hain zuzen.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Pertsona edo entitate onuradunak agindu honetan ezarritako betebehar eta konpromisoren bat betetzen ez badu, martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuan edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako kasuetako batean egonez gero, laguntzak ematen dituen organoak, ez-betetzeari buruzko prozedura hasi ondoren (interesdunari entzunaldia emango zaio espediente horretan), ebazpen bidez adieraziko du dirulaguntza eskuratzeko eskubidea erabat edo partzialki galdu duela, eta, hala badagokio, aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiola jasotako zenbatekoak, osorik edo partzialki, ez-betetzearen proportzioan, baita dirulaguntzen alorreko berandutze-interesak ere, hala ezartzen baitute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, legezko ondorioei dagokienez.

2.– Pertsona edo entitate onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabat betetzera, eta onuradunak bere betebeharrak betetzeko jarduketa argia egin duela egiaztatzen badu, itzuli beharreko zenbatekoa mailakatzeko aukera egongo da, baldin eta, legez kontrako edozein onura saihestuz, pertsona edo entitate onuradunaren jarduera ekonomikoaren bideragarritasuna kaltetzen ez badu.

3.– Ez-betetze prozedura eta, hala badagokio, itzulketa-prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez izapidetuko da, web-orri honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

18. artikulua.– Zordunak autonomo eta enpresetarako zuzeneko laguntzen COVID Lerroa behar bezala ez aplikatzearen ondorioak.

Emandako laguntzak behar bezala aplikatzen ez badira, COVID-19aren pandemiari aurre egite aldera enpresen kaudimena bultzatzeko aparteko neurrien martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren Seigarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

III. KAPITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAK FINANTZATUTAKO LAGUNTZAK

19. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren baliabide ekonomiko propioak.

1.– 2. artikuluan aurreikusitako zuzkidura, halaber, 50.000.000 euroko zuzkidura gehigarriarekin osatu ahalko da; izan ere, zuzkidura gehigarri hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak I. kapituluan finkatutako laguntzen xederako erabiltzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako 12291 Programaren 4. kapituluan («COVID-19ak eragindako krisiaren aurkako neurriak») esleitutako funts propioekin.

2. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortutakoan bakarrik baliatuko da aurrekontu-zuzkidura horren konturako laguntzak emateko aukera, baldin eta egiaztatzen bada, 2. artikuluan ezarritako edozein dirulaguntzen lerrotan, epearen barruan eta moduan formalizatu diren, laguntza-emakidaren zain dauden, eta, agortze horren ondorioz, erantzun ezin izan zaien eskabideak daudela.

2.– III. kapitulu honetan aipatutako aurrekontu-zuzkiduraren kontura ematen badira laguntzak, agindu honetan I. kapituluko laguntzak eskuratzeko aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten eta bertan jasotako zuzkidurarekin erantzun ezin izan zaien eskabideei erantzungo zaie, hurrenez hurren, dagokion laguntza-lerro bakoitzean. Eskabide horiei II. kapituluan ezarritako prozedura orokorraren arabera erantzungo zaie, artikulu honetan adierazitako zuzkidurarekin, eta, betiere, dirulaguntzen lerro bakoitzean osorik formalizatu zireneko denbora-hurrenkeraren arabera.

3.– Lehenengo apartatuan adierazitako zenbatekoa handitu ahal izango da, aurrekontu-zuzkiduren arabera, indarreko legeek kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko ezarritako araubideari jarraikiz, eta horiek agortu baino lehen betiere. Inguruabar hori gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren ebazpen bidez.

4.– Zuzkidura gehigarri horren kargura laguntza lortu duten eskabideei agindu honetan aurreikusitako araubide orokorra aplikatu beharko zaie, Estatuko Administrazio Orokorrari datuak lagatzeari buruzko aurreikuspenen kasuan izan ezik.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araubide juridikoa.

Agindu honetan aipatzen diren laguntzak, gainera, autonomo eta enpresetarako zuzeneko laguntzen COVID Lerroari buruz araututakoarekin lotuta daude:

a) Batetik, COVID-19aren pandemiari aurre egite aldera enpresen kaudimena bultzatzeko aparteko neurrien martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretua eta COVID-19aren pandemiak eragindako enpresei eta autonomoei laguntzeko neurri osagarriak onartzen dituen apirilaren 20ko 6/2021 Errege Lege Dekretua; eta bestetik,

b) HAC/348/2021 Agindua, apirilaren 12koa, zeinaren bidez zehazten baitira autonomoei eta enpresei zuzeneko dirulaguntzak esleitzeko irizpideak martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren I. tituluak xedatutakoa aplikatuz; errege lege-dekretu horrek COVID-19aren pandemiari aurre egite aldera enpresen kaudimena bultzatzeko aparteko neurriak xedatzen ditu.

Halaber, honako hauetan ezarritakoari ere jarraikiko diote:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren funtsezko araudia;

b) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua;

c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea;

d) Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea;

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartuta– VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; eta

f) autonomo eta enpresentzako zuzeneko laguntzen kudeaketa, izapidetze eta kontrol ekonomikoari buruzko ezohiko neurriak onartzen dituen 2021eko ekainaren 22ko 155/2021 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 29a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala