Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2021eko ekainaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3732

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 16koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez argitara ematen da enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2021eko dirulaguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko ekainaren 15eko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, onartu egin du enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2021eko dirulaguntzen deialdia, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2021eko dirulaguntzen deialdia, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2021eko ekainaren 15eko batzarrean hartutako erabakiaren bitartez onartua. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntzen deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak deialdia onartzeko hartu duen erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 16a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
2021EKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA ENPLEGUA SUSTATZEKO TOKI-EKINTZETARAKO

Toki-eremua da egokiena ekoizpen-aukera berriak aurkitzeko; beraz, ezinbestekoa da enplegu-politiken diseinuan eta kudeaketa-ereduan toki-izaera hori kontuan hartzea, lurraldeko beharretara egokitu behar baitira. Izan ere, horrela sustatuko dira aukera horiek aprobetxatzen laguntzen duten ekintzak, eremu horretako enplegu-sorrerako eta enpresa-jarduerako ekimenak sustatuz eta laguntza emanez, enpleguaren oinarrizko arauan ezarrita dagoen bezala, urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegu Legearen testu bateginean.

Ildo beretik, 2030 Enpleguaren Euskal Estrategian definitutako lan-merkatuaren eredu berriak, besteak beste, lurralde-orekaren printzipioa du oinarri, enplegu-aukerak eskualde eta udalerri guztietara irits daitezen.

Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2021eko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plan hori, 2020ko abenduaren 15eko bileran hartutako erabakiaren bidez (www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratua), eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Deialdia 1. ardatz estrategikoan dago sartuta. Biztanle aktiboei zerbitzu integralak eta pertsonalizatuak eskaintzea, lan-merkatuan sartzeko, mantentzeko eta gora egiteko aukera izan dezaten. D1.3. Jarraibidea/Helburua. Lan-merkatu inklusiboa lortzea, hura osatzen duten kolektibo eta talde guztientzat bidezko aukerak sortu eta eskaintzeko.

Urriaren 16ko 3/2011 Legeak, besteak beste, eginkizun hauek eman dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari: enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta laneratzearen esparruko politika publikoetan araudi eta plangintza orokorra proposatzea, programak kudeatzea, eta, zehazki, enplegu-politiken tokiko dimentsioarekin zuzenean lotuta, enplegua sortzeko tokiko ekimenei laguntzeko programak sortzea, enpleguaren aldeko tokiko hitzarmenak sustatzeko tokiko erakundeekin lankidetzan.

Eginkizun horien jardunean, eta 2030 Enpleguaren Euskal Estrategian jasotako helburuak aintzat hartuta, deialdi honen bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi helburu ditu funtsean: Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu-politikaren tokiko dimentsioa indartzea, esku hartzeko eredu malgu bat zehaztuz, tokiko egoera sozial eta ekonomikora egokitua, eta ekoizpen-ingurunearen eta esku hartzen duten eragileen gaineko ezaguera sakonean oinarritua; eta lurraldearen kohesioa sustatzea, tokiko eragileekin helburuak partekatzeko eta konpromisoak eta jarduteko irizpideak zehazteko aukera emango duten akordioen bidez. Alde horretatik, ezin dugu ahaztu langabeziak bortizki jo dituela EAEko gune jakin batzuk.

Lan-merkatuan sartzeko aparteko zailtasunak dituzten gizataldeen artean askok eta askok lortu dute enplegua, eta emaitza on horiek kontuan hartuta, enplegua sustatzeko toki-ekintzak diruz laguntzeko lehenagoko deialdietan (Lanbidek aurreko ekitaldietan onartutako deialdiak), beharrezkoa da beste deialdi bat egitea 2021-2022 aldirako. Eta horretarako, hogeita hamabi milioi euroko funtsa bideratuko da.

Deialdi horretan, kontuan hartu dira 55 urtetik gorako pertsona langabeek kontratuak lortzeko dituzten zailtasunak; izan ere, zailtasun horien ondorioz lan-merkatutik behin betiko baztertuta geratu baitaitezke. Hori dela eta, kolektibo horretako kideak kontratatzea indar handiagoz bultzatu behar da. Hala, enplegua sustatzeko neurriren artean, deialdi honetan kolektibo horretako kideak kontratatzeko berariazko kuota ezarri da.

Gainera, deialdiak ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden diferentziak eta horien arteko berdintasunik eza. Horrela, Eustaten 2020ko laugarren hiruhilekoko datuek erakusten duten bezala, emakumezkoen enplegu-tasa ia 5 puntu txikiagoa da gizonezkoena baino (emakumezkoen enplegu-tasa % 64,50ekoa da, eta, gizonezkoena, berriz, % 69,30ekoa). Tasa horiek erakusten dute desagerrarazi beharreko aldea dagoela lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2021eko ekainaren 15eko saioan, 2021ean enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako laguntzen deialdia onartu du, artikulu hauen arabera:

1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.

Deialdiaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei laguntzak ematea, enplegua sortzeko proiektuak abian jar ditzaten. Proiektu horiek eragina izan behar dute beren jardun-eremuko lurraldearen garapen sozioekonomikoan eta modernizazioan, eta modu orekatuan eskaini behar dituzten enplegu-aukerak EAEko eskualde guztietan; betiere, 2030 Euskal Enplegu Estrategiarekin bat etorrita eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa beteta.

Deialdi honen azken xedea da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzea.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.

1.– Deialdi honen babesean, tokiko enplegu-proiektuak gauzatzeko jarduerak lagundu daitezke diruz, deialdi honen 5. artikuluan aurreikusitako erakunde onuradunek egiten badituzte eta dagokien esparru geografikoan tokiko enplegua garatzeko helburua badute.

Oro har, tokiko enplegu-proiektuak udalerrika edo mankomunitateka, kuadrillaka nahiz udalerri-taldeka lagunduko dira diruz. Horretarako, eskualde jakin horretako udalerrien gehiengoak edo gutxienez biztanleen % 51k adostu beharko ditu proiektuok, egoki den udalean 2021eko martxoaren 31n indarrean dagoen udal-erroldako Berrikuspenaren arabera. Gainerakoan, eskabidea egiten duen erakundeak egiaztatu egin beharko du adostasun hori.

2.– Salbuespenez, aurreko atalean adierazitako eskualde izaera hori ez duten tokiko enplegu-proiektuak lagundu ahal izango dira diruz, honako kasu hauetan:

a) Egitura sozioekonomiko berezitua, eskualdekotze naturala edo zerbitzuen kudeaketa mankomunatua direla medio, horrela justifikatzen badute behar bezala.

b) Proiektuak 24.000 biztanletik gorako udalerrietarako badira, egoki den udalean 2021eko martxoaren 31n indarrean dagoen udal-erroldako Berrikuspenaren arabera.

3.– Horretaz gain, bereziki langabezia-tasa altuak dituzten berrogeita hamaika herri horietatik datozen proiektuak sustatuko dira. Ondorio hauetarako, bereziki langabezia-tasa altuak dituzten eremuak izango dira, hiru lurralde historikoetako hiriburuak ez ezik, 2021eko martxoan % 11,8tik gorako langabezia-tasa duten udalerriak ere, kontuan hartuta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako enplegu-eskatzaile langabetuen estatistika-fitxategia (deialdi honetako II. eranskinean dago adierazita).

4.– Proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Artikulu honen 6. apartatuan deskribatutako ekintza-motakoak izan behar dute.

b) Ez dute gainditu behar deialdi honen III. eranskinean udalerri eta/edo eskualde bakoitzerako ezarritako gehieneko aurrekontua.

c) Bere ekintzen (enpleguaren sustapenerako kontratazioak edo toki-erakundeek kontratazioan laguntzeko egindako deialdien oinarrien argitalpena) hasiera izan liteke deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 2021eko abenduaren 31 bitartean, eta bukaera gehienez ere 2022ko ekainaren 30ean.

Enplegua sustatzeko proiektuetan (1. mota), beren ezaugarriak direla-eta zenbait fasetan egin behar badira, aurreko paragrafoan ezarritakoa, jardueren hasierari buruzkoa, aplikatuko da derrigorrez hasierako faserako, eta ondorengo faseen kontratazioak 2021eko abenduaren 31ren ostean egin ahal izango dira, baldin eta hala justifikatzen badu eskabidea egiten duen erakundeak eta horretarako baimena ematen badu Lanbidek, dirulaguntza emateko ebazpenean.

5.– Proiektu jakin batzuek ezin izango dute deialdi honetako laguntzarik jaso deialdi honen babesean, baldin eta zerbitzuen esparruan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako enplegu-politika aktiboak gauzatzean sortzen diren programen esparruan gauza badaitezke.

Era berean, dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundutako jarduerei lotuta gauza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan zuzenean diruz lagunduak izan direnak.

6.– Hori horrela, deialdi honetako dirulaguntzaren bat jaso ahal izango dute honako ekintza hauetako bat gauzatzen duten ekimenek:

6.1.– Enpleguaren sustapena (1. mota).

6.1.1.– Enplegua sustatzeko ekintzatzat hartzen dira ez-ohiko merkatuan egiten diren kontratazioak, baldin eta haien helburua lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea bada, beren kualifikazioa, gaitasun pertsonalak edo motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lan-esperientzia baten bitartez.

Esandako kontratazioak tokian-tokian sustatuko dira, eta toki-erakundeek edo haien mendeko erakundeek egingo dituzte zuzenean; bestela, zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeek, betiere EAEko hirugarren sektore sozialeko erakundeen erroldan izena emanda badaude (Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legean arautua), eta haiekin proiektua gauzatzea hitzartzen bada edota proiektua kontratu bidez haiei esleitzen bazaie.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, hirugarrenekin hitzartutako jarduera, zeina % 100koa izan ahal izango baita, dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko 20tik gorakoa bada eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak baimendu egin beharko du aurreko paragrafoan aipatutako hitzarmena edo kontratua, berau izenpetu aurretik.

Nolanahi ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatu beharko ditu enplegu-eskaintzak.

6.1.2.– Mota horretako kontratazioek, oro har, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Onura publikoko edo interes sozialeko jardueren alorrean egin behar dira, toki-eremuan.

b) Kontratazio horien bidez ez dira ordeztu behar erakunderen baten egiturazko lana egiten duten langileak.

c) Toki-erakundeek ezingo dituzte pertsona jakin batzuk kontratatu: 2019ko edo 2020ko ekitaldietako enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako edo 2019ko ekitaldirako bereziki eremu eta udalerri behartsuei zuzendutako enplegua sustatzeko tokian tokiko ekintzetarako laguntzen deialdietan erakunde berak dagoeneko kontratu dituen pertsonak, edo toki-erakundeek, 2014-2020 Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren esparruan, 2019ko edo 2020ko ekitaldietarako gazteak kontratatzeko laguntzen deialdietan kontratatu dituen pertsonak. Soilik kontrata ditzakete pertsona horiek baldin eta beste hautagairik ez badago. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu eta jakinaraziko du inguruabar hori.

d) Kontratuek hiru hilabete iraungo dute, gutxienez; edozein motakoak izan daitezke, baina ez dira izango prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak.

Diruz lagunduko da artikulu honen 4.c) puntuan ezarritako epeetan egiten den kontratazio-aldia, baldin eta bolada horretan betetzen bada kontratuen gutxieneko iraupena, apartatu honetan ezarrita dagoena, kontratua 2022ko ekainaren 30aren ondoren buka baliteke ere.

e) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.

f) Kontratatzen diren pertsonak langabetuak izan behar dira eta alta emanda egon behar dute, enplegu-eskatzaile moduan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, kontratua hasi aurreko egunean.

g) Eskualde edo udalerri batean egiten diren kontratu guztien % 30, gutxienez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) titular edo onuradun diren pertsonak kontratatzeko izango dira.

Gainerako ehunekoak kolektibo hauetako batekoak beharko du izan:

● 35 urtetik beherako pertsonak.

● 45 urtetik gorako pertsonak.

● Luzaroko langabeak. Iraupen luzeko langabetzat hartzen dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu-zerbitzu publiko batzuetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak, gutxienez 360 egunez kontratazioaren aurreko 540 egunetan.

● Gizarte-bazterketa jasateko arriskua duten pertsonak. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrez eta beren bizikidetza-unitateko kideez gainera, honako hauek ere hartzen dira gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsona gisa:

– 18 urtetik 30era bitarteko gazteak, adingabeak babesten dituzten erakundeetatik datozenak.

– Drogazaletasun-arazoak dituzten edo bestelako mendekotasun-arazoak dituzten eta errehabilitazioko edo gizarteratzeko prozesuan dauden pertsonak.

– Espetxean dauden pertsonak, beren espetxe-egoerak enpleguren bat eskuratzea galarazten ez badie eta euren lan-harreman hori ez badago uztailaren 6ko 782/2001 Errege Dekretuaren 1. artikuluan araututako lan-harreman bereziaren aplikazio-eremuaren barruan, baita baldintzapeko askatasunekoak eta giltzaperatu ohiak ere.

– Giltzaperatu adingabeak, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren aplikazio-eremuan badaude, beren egoerak enpleguren bat eskuratzea galarazten ez badie, eta euren lan-harreman hori ez badago uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuak onartutako Legearen Araudiaren 53.4 artikuluak adierazten duen lan-harreman berezien aplikazio-eremuaren barruan, baita zaintzapeko askatasunekoak eta giltzaperatu ohiak ere.

– Euskal Autonomia Erkidegoko agintaritza eskudunek baimendutako urgentziazko bizitoki-zentroetan ibili diren pertsonak.

– Desgaitasuna duten pertsonak.

– Familia-erantzukizunak dituzten emakumeak. Familia-erantzukizunak dituzten emakume deritze beren kargura ezkontidea eta/edo 26 urtetik beherako seme-alabaren bat edo 26 urtetik gorako seme-alaba ezinduren bat edo harreran hartutako 18 urtetik beherako adin txikikoren bat dutenei, betiere familia-unitateko kideen bataz besteko banakako errenta ez bada lanbide-arteko gutxieneko soldataren % 75 baino handiagoa. Agiri bidez behar bezala egiaztatu beharko dira aurreko baldintza horiek.

– Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.

h) Kontratatutakoen % 40k, gutxienez, emakumeak izan behar dute.

i) Kontratatutakoen % 15ek, gutxienez, 55 urtetik gorakoak izan behar dute.

6.1.3.– Aurreko 6.1.2 atalean adierazitako ehunekoak aplikatzean zenbaki hamartarrak ateratzen badira, zenbaki oso hurbilenera biribilduko dira, goitik edo behetik, eta zenbakia 5 bada, zenbaki oso handiagora biribilduko dira.

Kontratatu beharreko kolektiboetako pertsona-kopuruei dagokienez, aurreko 6.1.2 apartatuaren g), h) eta i) ataletan aurreikusitako ehunekoak erdiesten ez badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa aldatu egingo da diruz lagunduko den pertsona-kopurua murrizteko, eskatutako ehunekoak bete arte. Pertsona 1 kontratatuko bada, nahikoa izango litzateke aipatutako taldeetako bateko kide izatea.

Erakunde eskatzailearen eskualdean edo udalerrian, kasuan kasu, aipatutako kolektiboetako langaberik ez badago, gutxieneko ehuneko horiek betetzetik salbuetsiko da. Inguruabar hori behar bezala jakinaraziko eta, egoki bada, justifikatu behar du toki-erakundeak, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu eta jakinarazi egingo du.

Hautagaiak aukeratzean, lehenik eta behin, emakumeen, 55 urtetik gorakoen eta DSBEren titularren edo onuradunen gutxieneko ehunekoak beteko dira. Beraz, kolektibo horiek lehentasuna izango dute kontratazioan, beste hauekin alderatuta: 2019ko eta 2020ko ekitaldietako enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako eta 2019ko ekitaldirako bereziki eremu eta udalerri behartsuei zuzendutako enplegua sustatzeko tokian tokiko ekintzetarako laguntzen deialdietan kontratu diren pertsonak, edo toki-erakundeek, 2014-2020 Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren esparruan, 2019ko eta 2020ko ekitaldietarako gazteak kontratatzeko laguntzen deialdietan kontratatu direnak. Deialdi horien onuradunak kontratatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da gutxieneko ehunekoak betetzeko hautagai nahikorik ez egotea.

6.2.– Kontratatzeko laguntzak (2. mota).

6.2.1.– Laguntza horien helburua babes ekonomikoa ematea da Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emandako langabeak tokiko enpresek merkatu arruntean kontratatzea errazteko. Horretarako, hainbat jarduera abiarazi eta gauzatuko dituzte tokiko erakundeek beraiek nahiz beren mendeko erakundeek.

Ondorio horietarako, dagokion tokiko erakundearen lurralde-esparruan lantokia eta jarduera ekonomikoa duten izaera pribatuko pertsona fisiko edo juridikoak hartuko dira tokiko enpresatzat.

Aipatutako kontratazioek ezaugarri hauek eduki beharko dituzte:

a) Kontratuek hiru hilabeteko iraupena izango dute, gutxienez; edozein motakoak izan daitezke, baina ez dira izango prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak. Kontratuaren iraupena zenbatzeko, luzapenak ere kontuan hartuko dira, betiere hasierako kontratua gutxienez 3 hilabetekoa bada.

Diruz lagunduko da toki-erakundeen deialdien oinarrietan ezarritako epeetan egiten den kontratazio-aldia, baldin eta Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak baimendu baditu eta bolada horretan betetzen bada kontratuen gutxieneko iraupena, apartatu honetan ezarrita dagoena, kontratua 2022ko ekainaren 30aren ondoren buka baliteke ere.

b) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda eta alta-egoeran egotea, eta kontratua hasteko bezperan langabea izatea.

d) Kontratatutako pertsonak dirulaguntzaren eskabidean aipatzen den eremu geografikoan bizi behar du.

e) Toki-erakundeak dirulaguntza ebazten duenean egin beharko ditu kontratazioak.

6.2.2.– Ez dira diruz lagunduko:

– Honako hauek kontratatzea: enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak, odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino, edo sozietatearen izaera juridikoa osatzen duten enpresetako administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideenak.

– Enpresa berak kontratatzea pertsona bera, baldin eta kontratazio hori diruz lagundua izan bada aurreko deialdietan.

6.2.3.– Dirulaguntza horiek emateko, toki-erakundeek ezarritako oinarri arautzaileetan bermatuta egongo dira publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak, eta jasota egongo dira aurreko paragrafoetan zehaztutako betekizunak eta baldintzak.

Halaber, dirulaguntza justifikatzeko behar den dokumentazioa (diruz lagundutako epean zehar kontratatutako pertsonak baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko dena eta pertsona hori lanean mantentzeko gastuak, soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak) aurkez dezala eskatu beharko dio tokiko erakundeak enpresa kontratatzaileari, baita zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeko ere.

Tokiko erakundeen oinarri arautzaileetan zehazten diren dirulaguntzen zenbatekoak deialdi honen 4.1.b) artikuluan jasotako berak izango dira.

6.2.4.– Toki-erakundeek kontratatutako pertsona guztien % 40 emakumezkoak izatea proposatu beharko dute proiektuan, eta kontratazio horietara bideratu beharko dute dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa. Aurreikuspen horrek oinarri arautzaileetan jasota egon beharko du.

Adierazitako ehuneko hori aplikatzean zenbaki hamartarrak ateratzen badira, zenbaki oso hurbilenera biribilduko dira, goitik edo behetik, eta zenbakia 5 bada, zenbaki oso handiagora biribilduko dira.

Ehuneko hori erdiesten ez bada, dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa murriztu egingo da emakumezkoen kontrataziorako hasieran gordetako kopurua egiaz gauzatutako kontratuetara egokitzeko.

6.2.5.– Oinarri arautzaileei publizitatea eman baino lehen, Lanbideren Lan Aktibazioko Zuzendaritzari igorri behar zaizkio eta hasierarako baimena eskuratu behar da.

6.3.– Laneratzen laguntzeko ekintzak (3. mota).

Laguntza horien helburua laguntza ekonomikoa ematea da, 6.1 atalean jasotako enplegua sustatzeko ekintzetan kontratatutako pertsonei laguntzeko eta, horrela, lanpostura errazago sartu eta egokitzeko.

Enplegagarritasunari eta enpleguari lotutako gaitasun pertsonalak eta sozialak garatu nahi dira.

Pertsona bakoitzak dirulaguntza jaso dezakeen orduetan, gutxienez 30 orduko arreta emango da, taldeko zein banakako ekintzetan, toki-erakunde onuradunarekin egindako kontratuak irauten duen bitartean.

Dirulaguntzaren onuradunen mendeko erakundeek egingo dituzte ekintzak, baldin eta laneratzea sustatzen badute, edo kanpoko erakundeek, baldintza hauek betetzen badituzte:

– Gutxienez 2 urteko esperientzia izatea laneratzen laguntzeko lanetan.

– Kontratatzen diren pertsonei laguntzeko langile egokiak eta nahikoak izatea. Betekizun hori betetzen dutela ulertuko da, laguntzaren hasieran honako hauek badituzte: gutxienez kontratupeko teknikari bat, unibertsitate-ikasketak amaituta dituena; giza baliabide horiek urtebetetik gorako esperientzia izan behar dute, eta curriculum egiaztatua laneratzeko proiektu pertsonalen arloan. Gainera, diruz laguntzen diren ekintzak egiteko langile propio nahikoa izateko konpromisoa hartuko dute, eta langile horiek gai izan behar dute erabiltzaileei behar bezalako arreta emateko.

Erakunde onuradunak, inor kontratatu aurretik, honako hauek aurkeztu beharko ditu Lanbiden: egin beharreko kontratuaren agiri bidezko justifikazioa eta kontratuaren erakunde adjudikaziodunaren identifikazioa. 2021eko abenduaren 31 baino lehen adjudikatuko da kontratua.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta laguntzen gehieneko zenbatekoen banaketa.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 32.000.000 eurokoak dira, horietatik 17.600.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2021eko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 14.400.000 euro 2022ko konpromiso-kreditukoak.

Emango diren laguntzen bolumen osoak ezin izango du gainditu zenbateko hori.

2.– Zenbateko hori honela banatuko da diruz lagunduko diren proiektuen artean:

a) 23.500.000 euro, aurreko artikuluan adierazitako 1., 2. eta 3. motetako ekintzak finantzatzeko; eskualde eta udalerri guztien artean banatuko da diru hori, 2021eko martxoan haietan dagoen biztanleria langabearen arabera, eta, gutxienez, 75.000 euro emango dira erakundeko.

b) 8.500.000 euro, langabeziak bereziki ukitutako eskualde eta udalerrietara zuzendutako 1., 2. eta 3. motako ekintzetarako.

3.– Lurralde-esparru bakoitzari dagokion gehieneko dirulaguntzen aurrekontua deialdi honen III. eranskinean ezarritakoaren arabera banatuko da.

4.– Ezertan eragotzi gabe aurreko paragrafoan ezarritakoa, lurralde bateko proiektuetarako emango den dirulaguntzaren zenbatekoa ez bada heltzen esleitutako gehieneko aurrekontura, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lurralde-eremu batzuetako proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango ditu sobera dauden funtsak, proiektu horiek ezin izan badira onartutako aurrekontuaren gehieneko % 100eraino finantzatu. Soberako funtsak 7.2 artikuluaren a) atalean xedatutakoaren arabera banatuko dira.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagun daitezkeen gastuak.

Emango diren laguntzen gehieneko zenbatekoa eta proiektuen mota bakoitzean diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek dira:

a) Enplegua sustatzeko ekintzak (1. mota).

Lan-kontratu bakoitzeko 12.500 euroko gehieneko laguntza.

Dirulaguntza horien bidez ordainduko da hainbat gastu, tartean, kontratatutako pertsonen soldata-kostuak eta gizarte-segurantzakoak, kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla (tokiko erakundearen edo enpresa kontratatzailearen kargura), 6 hileko kontratazioaren gehieneko muga izanik. Ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira, ezin izango da izan kostu horien % 100 baino handiagoa.

b) Kontratatzeko laguntzak (2. mota).

b.1.– Lanaldi osoko hiru hileko lan-kontratu bakoitzeko, 3.000 euroko laguntza; lanaldi osoko sei hileko edo gehiagoko lan-kontratu bakoitzeko, 6.000 eurokoa. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren edo/eta lan egindako denboraren proportzionala izango da.

Laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresak kontratatutako pertsonen truke ordaindu beharreko soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako gastuen (kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla) % 75 baino handiagoak.

b.2.– Kolektibo hauetako pertsonak kontratatzea:

– DSBEaren titularrak edo onuradunak.

– 35 urtetik beherako pertsonak.

– Luzaroko langabeak. Iraupen luzeko langabetzat hartzen dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu-zerbitzu publiko batzuetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak, gutxienez 360 egunez kontratazioaren aurreko 540 egunetan.

– 55 urtetik gorako pertsonak.

9.000 euroko laguntza emango da, lanaldi osoko sei hilerako edo gehiagorako lan-kontratu bakoitzeko. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren edo/eta lan egindako denboraren proportzionala izango da.

Adierazitako kasuan, laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresak kontrataturiko pertsonen truke ordaindu beharreko soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako kostuen (kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla) % 100 baino handiagoak.

b.3.– Aipatutako diruz lagundutako zenbateko guztiak % 10 handituko dira, emakumeak kontratatzen badira. Igoera horiek aplikatuta, laguntzen amaierako zenbatekoa ez da izango erakunde edo enpresa kontratatzaileak kontratatutako pertsonen truke ordaindu beharreko soldata-kostuen edo gizarte-segurantzako kostuen (kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla) % 100 baino handiagoa.

c) Laneratzen laguntzeko ekintzak.

Laguntza 1.020 eurokoa izango da jarduera horietan parte hartzen duen kontratatutako pertsona bakoitzeko.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitateak, kuadrillak, udalerrien elkarteak edo udalerriak, baina horretarako eskaera egin behar da. Udalerrien kasuan onuradun izango dira hiru lurralde historikoetako hiriburuak eta 2.2 artikuluko b) letran aurreikusitakoak.

Halaber, onuradun izan ahalko dira proiektua banaka aurkezten duten udalerriak (II. eranskinean zerrendatutakoak).

2.– Nortasun juridikorik gabeko udalerri-taldeak direnean, diruz lagundutako proiekturen bat gauzatzeko konpromisoa hartzen duten udalerriak izango dira onuradun. Kasu guztietan, taldeko ahaldun bat izendatu beharko dute, eta onuraduna den aldetik taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko behar adina ahalorde emango dizkiote ahaldun horri. Taldea ezingo da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

Ez dira dirulaguntzen onuradun izango bi erakunde desberdin, proiektuak udalerri berean edo beretan garatzeko badira. Dirulaguntza, lehentasunez, mankomunitateak, kuadrillak, udalerri-taldeek edo udalerriek berek eskatu ahal izango dute, edo toki-garapenerako agentziak. Eskabidea toki-garapenerako agentziak aurkezten badu, agentzia horrek berak gauzatuko ditu proiektuak eta, horrez gain, proiektu horien eragina jasotzen duten udalerrien adostasuna egiaztatu beharko du.

3.– Erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

c) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zehapenik ez jaso izana, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

6. artikulua.– Eskabideak, agiriak eta aurkezteko epea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa; eta hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan jasotzen dira izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, baita eskabide-inprimakia ere. Bada, informazio-fitxa hori hemen jaitsi daiteke: https://www.euskadi.eus/servicios/1009210

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

Era berean, eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritzak Ahalordeen erregistro erregistroan eman ahalko du izena, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

2.– Proiektua sustatu duen udalerriaren mankomunitateak, kuadrillak edo udalerri-taldearen ordezkariak aurkeztu ahal izango du eskabidea, edo, bestela, udalak berak zuzenean. Inola ere ezin izango da jardun bat eskabide batean baino gehiagotan sartu.

Nortasun juridikorik gabeko udalerri-taldeen kasuan, haien ordezkariak aurkeztuko du eskabidea.

3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Enplegua sustatzeko ekintzetarako (1. mota) eta Kontratatzeko laguntzetarako (2. mota):

a.1.– Eskualde mailako eta tokiko garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektuen memoria tekniko deskribatzailea. Memoriak deialdiaren eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko aski informazio eskaini beharko du, IV. eranskineko eskabide-ereduan zehaztutako moduan. Proiektu baterako baino gehiagotarako eskatzen bada dirulaguntza, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezarri beharko da.

Nortasun juridikorik gabeko udalerri-taldeen kasuan, aipatu beharko da zer udalerri konprometitzen diren proiektua betearazteko.

a.2.– Memoria ekonomikoa, proiektua gauzatzearekin lotutako gastuei eta horren bideragarritasunari buruzko aurreikuspenak jasoko dituena.

a.3.– Kontratazioen aurreikuspena, sexuen arabera banakatutako datuak jasota, eta, kasuan kasu, memoria labur bat, aurkeztutako proiektuan sartutako genero-ikuspegiari buruzkoa.

b) Laneratzen laguntzeko ekintzetarako, arreta jasoko duten pertsonen kopuruari lotutako aurreikuspen bat aurkeztu behar da.

Nortasun juridikorik gabeko udalerri-taldeen kasuan, aipatu beharko da zer udalerri konprometitzen diren ekintza betearazteko.

4.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo ez bada aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten harekin batera, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.

5.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

7. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, epeak, berraztertze-errekurtsoa eta publikotasuna.

1.– Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan eta aurkeztutako proiektuek deialdi honetako ezaugarriak eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, lurralde-eremu bakoitzari esleitutako aurrekontuak banatuko dira, eta proiektu bakoitzerako laguntzak emango dira, eskabidean ezarritako proiektuen lehentasun-hurrenkera aintzat hartuta, esleitutako gehieneko aurrekontua agortu arte.

2.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan, hor araututako aukerak baliatzen dituen/dituzten udalerriaren edo udalerrien eskualdeari dagokion aurrekontua eskualde horretako udalerrien artean banatuko da, 2021eko martxoan udalerri horietan zeuden langabetuen proportzioan. Horrela zehaztuko da zer aurrekontu esleitu bakoitzari.

Lurralde-eremuren batean soberako funtsik izanez gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lurralde-eremu batzuetako proiektuetarako erabili ahal izango ditu, deialdi honetako 3. artikuluaren 4. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz. Hala bada, soberakina beste proiektu batzuk finantzatzeko erabiliko da, kontuan hartuta, handienetik txikienera, zenbateko langabezia-tasa erregistratu duten sustapeneko udalerriek 2021eko martxoan, eta, gehien jota, erakunde eskatzaile bakoitzeko proiektu baterako.

Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da horretarako eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan, ez bada ebazpenik eman espresuki, ulertuko da dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela.

3.– Erakunde onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulketa- edo zehapen-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du erakunde horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta, haien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, arau honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.

8. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Deialdi honetako ekintzak gauzatzeko ematen diren laguntzak bi zatitan ordainduko dira, modu honetara:

a) Lehenik, % 55 ordainduko da, ebazpena igorri ostean, 2021eko aurrekontuaren kontura.

b) Bigarrenik, gainerako % 45a ordainduko da, edo justifikaziotik ateratzen den kopurua, proiektua amaitu ostean eta gastuak justifikatu ostean, hurrengo artikuluan adierazitako moduan, 2022. urteko aurrekontuaren kontura.

Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/ helbidean egin ahalko du.

9. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Proiektuak amaitu ondoren, dirulaguntzen toki-erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu behar dituzte proiektua amaitu ondorengo hiru hileko epean gehienez:

a) Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek behintzat adieraziko dituena:

– Gauzatutako ekintzen deskribapena.

– Kontratatutako pertsonak identifikatuko dira, eta honako datu hauek adieraziko dira: zer lanaldi egin duten, zer kolektibotakoak diren eta haien kontratuak egiaz zer iraupen izan duen, datu guztiak sexuaren arabera banakatuta.

– Enplegua sustatzeko ekintzetan (1. mota), agiri bidez egiaztatuko da emakume batek hartu duela parte kontratatuak hautatzeko prozesuan, edo justifikatu beharko da ezin izan duela, esku-hartzailearen ziurtagiriaren bidez edo partaidetza-foroaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

b) Enplegua sustatzeko proiektuetan (1. mota), enplegu-sustapena gauzatzeaz irabazi-asmorik gabeko erakundeak arduratu badira, honako hauek aurkeztu beharko dira: proiektuaren gauzatzea esleitzeko negozio juridikoa egiaztatzen duen hitzarmenaren, kontratuaren edo edozein agiriren kopia, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatuko duten agiriak.

c) Laneratzen laguntzeko ekintzetan (3. mota), ekintzaren azken memoria bat aurkeztu beharko da eta, bertan, artatutako pertsona bakoitzarekin egindako ekintzak eta lortutako emaitzak deskribatuko dira, gutxienez.

d) Toki-erakunde onuradunaren idazkariaren/ikuskatzailearen egiaztagiria, aipatutako ekintzek eragindako gastuak eta egiaz ordaindutakoak justifikatuta.

2.– Gastutzat hartuko dira, 4. artikuluan ekintza mota bakoitzean ezarritako baldintzen arabera, diruz lagundutako ekintzari loturiko guztiak, baldin eta aurreko paragrafoetan zehaztutako egiaztatze-epea amaitu aurretik egiaz ordaindu badira.

3.– Dokumentazioa aurreikusiriko epean aurkezten ez bada, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada ordainduriko dirulaguntzaren zenbatekoa handiagoa dela diruz lagundutako ekintzak gauzatzeagatik sortzen diren eta diruz lagun daitezkeen gastuen kostua baino, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 15. artikuluan aurreikusiriko prozedurarekin bat etorrita.

4.– Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik iraungitzen badira, itzuli egin beharko da emandako dirulaguntza, eta dagokion prozedura izapidetuko da, 14. eta 15. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Nolanahi ere, kontratua iraungitzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzen onuradunek ez dute laguntza itzuli beharrik izango deialdi honetan kontratatua izateko baldintzak betetzen dituen pertsona bat kontratatzen badute beste bat ordezteko eta ordeztutako pertsonaren kontratua bertan behera uzten badute, betiere kontratazio-aldien batura hasierako kontratuarena bada gutxienez.

5.– Nortasun juridikorik ez duten udalerri-taldeetako kideek nahitaez bete beharko dituzte beren izenean egindako ekintzak justifikatzeko baldintzak.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Behar bezala justifikatzea eskakizunak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Lan eta Enplegu Sailaren, Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren egiaztatze-jardunei eta kontrol-jardunei men egitea.

c) Xede bererako beste administrazio edo erakunderen baten, publikoa edo pribatua izanda ere, dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

d) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

e) Diruz lagundutako jardueren xedean edo izaeran nabarmen eragiten duen ezer gertatuz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta jarduera horiek egiaztatzeko, kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko prozeduretan laguntzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.

g) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-betekizunak:

– Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da lanpostuei loturiko hauta-probetan zein elkarrizketetan.

– Enplegua sustatzeko ekintzei dagokienez (1. mota), hautagaiak aukeratzeko erabakiak hartzeko gaietan, gutxienez emakume batek egon beharko du epaimahaian. Ezinezkoa bada, egiaztagiria aurkeztu beharko da.

– Dokumentu, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk aldi berean jasotzea.

1.– Deialdi honetan jasotako enplegua sustatzeko (1. mota) dirulaguntzak bateratu daitezke kontzeptu eta xede bererako administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntzekin; hala ere, bestelako finantzaketa-iturrien bidez eskuratutako laguntza edo baliabideen guztirako zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagunduko diren jardueren benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

Tokiko erakundeek edo horien mendeko erakundeek ez badituzte zuzenean egiten kontratazioak, laguntzak ezin izango dira bateratu deialdi honetako gainerako dirulaguntzekin.

2.– Deialdi honetako kontratatzeko laguntzak (2. mota) ezin izango dira bateratu kontzeptu eta helburu berberetarako beste administrazio publiko batzuek edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuek emandakoekin, Gizarte Segurantzak emandako hobariekin izan ezik.

3.– Deialdi honetako laneratzen laguntzeko ekintzetarako laguntzak (3. mota) ezin izango dira bateratu administrazio honek edo beste batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta helburu beragatik emandako beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin; kontzeptu bera izango da pertsona fisiko berarentzat diruz lagun daitekeen jarduera mota bera, dagokion dirulaguntzaren deialdia edozein dela ere.

12. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, hala badagokio, xede bererako beste dirulaguntza edo laguntza bat eskuratu eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandakoarekin batera, onartutako guztirako kostua gainditzen bada, esleitutako dirulaguntza aldatuko da hori emateko deialdi honetan ezarritako irizpideei eta mugei jarraikiz; betiere, dirulaguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak beteta.

2.– Deialdi honetako 2. artikuluaren 6.1.2 apartatuan zehaztutako gutxieneko eskakizunak bete ezean (kontratatu beharreko kolektibo jakin batzuetako pertsona-kopuruari dagozkion ehunekoak finkatzen dira artikulu horretan), aldatu egingo da emandako laguntzaren zenbatekoa, diruz lagundu behar den kontratatu-kopurua murrizteko, eskatutako ehunekoak bete arte.

Halaber, dirulaguntza aldatu egingo da deialdi honetako 2. artikuluaren 6.2.4 apartatuan zehaztutako kasuan, horretan adierazitako baldintzen arabera.

3.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.

13. artikulua.– Babesa.

1.– Erakunde onuradunek espresuki adierazi beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzerakoan, edo, hala badagokio, argitaratzerakoan. Horretarako, honako baldintza hauek beteko dituzte:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikuskatuko ditu ekintza horiek guztiak, eta dibulgazio publikoko ekitaldi guztien berri eman beharko zaio, eta horietara gonbidatu, ekitaldi horiek egin aurretik. Erakunde onuradunak ekintza horien berri ematen ez badu, 15 eguneko epea emango zaio betebehar hori betetzeko neurriak har ditzan. Baldintza hori ez betetzeak berekin ekar dezake emandako laguntzaren % 10 itzuli beharra, edo laguntza osoa, jokabide hori errepikatu bada. Ekintza edo jakinarazpen guztietan agertu beharko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren identifikazio grafikoa.

b) Erakunde onuradunek berariazko ekintzak gauzatu beharko dituzte onuradunak eta euskal herritarrak, oro har, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekarpenaz ohar daitezen.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako laguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen oro har ezarri zaizkien betebeharrak (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako itzultze-kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu dela erabakiko du, dagokion ebazpenaren bidez, eta, itzuli beharrekoak, dirulaguntzako zenbatekoak gehi dirulaguntza ordaintzeko unean dauden legezko interesak, Euskadiko Ogasun Nagusiari ordaindu beharko zaizkiola, bestelako ekintzak eragotzi gabe eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta aipatutako Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubidea jarraituko da.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak jasotakoan, edo, horrelakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

4.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

5.– Udalerri-talde bat denean, solidarioki erantzungo dute dirulaguntzak itzultzeko betebeharraz, egiteko konpromisoa hartu duten diruz lagundutako jarduerei dagokienez.

16. artikulua.– Datuak babesteari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra pertsegitzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

17. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Laguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. Kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).

I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ESKUALDEAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
LANGABEZIA-TASA HANDIKO UDALERRIAK 2021EKO MARTXOKO DATUAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
AURREKONTUAREN BANAKETA LURRALDE-EREMUETAN ETA LANGABEZIA-TASEN ARABERA, 2021EKO MARTXOKO DATUAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
ENPLEGUA SUSTATZEKO TOKIAN TOKIKO EKINTZETARAKO LAGUNTZA-DEIALDIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala