Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2021eko ekainaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3731

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 16koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena; honen bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko laguntzen 2021-2022ko deialdia argitaratzen da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko ekainaren 15eko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko laguntzen 2021-2022ko deialdia egitea onetsi du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko laguntzen 2021-2022ko deialdia argitaratzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2021eko ekainaren 15ean egin zuen batzarrean onartua, eta ebazpen honen eranskinean jasota dagoena.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 16a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREKIN LANKIDETZAN ENPLEGU-ZENTROEN JARDUERA GARATZEKO LAGUNTZEN 2021-2022KO DEIALDIA

Enplegu-zerbitzuen erabiltzaileei arreta espezializatua eta banakakoa ematea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekintzaren funtsezko zutabea. Banakako arreta hori da bermerik onena, langabezian daudenen lan-aukerak hobetzeko eta lana dutenen enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna lortzeko. Gizarteak enplegurako orientazio-zerbitzuak eskatzen ditu, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zerbitzu horiek ematera behartuta dago.

Kontuan hartuta 2020tik pairatzen ari garen osasun-errealitatea eta horren ondorioz herritarren artean ezarri diren prebentzio- eta babes-neurriak, beharrezkoa da zerbitzu publikoek eta haien erakunde laguntzaileek herritarren eskura jarritako baliabideak egokitu ditzatela, gobernu-ekintzan adostutako arreta-helburuak lortzeko. Agertoki berri honetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak are gehiago zabaldu eta erraztu nahi du herritarrek enplegu- eta prestakuntza-zerbitzuak eskuratzeko duten aukera, bitarteko telematikoak baliatuta. Horrela, bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ustez, herritarrekiko aurrez aurreko eta zuzeneko harremana ezartzen duen hori da oraindik ere arreta-ardatz desiragarri eta optimoa, enplegurako prestakuntzaren eta orientazio profesionalaren arloetan. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, era berean, areagotu eta sustatu egin nahi du pertsonek tresna telematikoak eta gailuak eskuratzeko duten eskubidea, aurrez aurrekoak ez diren testuinguruetatik enpleguarekin eta prestakuntzarekin lotutako informazio, programa eta politika publikoak eskuratzeko arrakala digital oro ahal den neurrian saiheste aldera.

Halaber, urriaren 10eko 1/2013 Legean (Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzkoan) honako hau hartzen da bizialdi osoko orientaziotzat: prozesu jarraitu bat, herritarrari laguntza emateko, bere bizitzako edozein unetan, bere gaitasunak eta interesak zehazten, hezkuntza, ikaskuntza eta enpleguari buruz erabakiak hartzen, eta ikaskuntzako, txertaketa profesional edo sozialeko, edo interes pertsonaleko proiektu bat definitzen, planifikatzen eta kudeatzen. Lege horren III. kapituluan, bizialdi osoko orientazio-sistema bateratua –Euskal Enplegu Zerbitzuko informazio- eta orientazio-zerbitzuak barne hartzen dituena– zer den azaltzen da.

1/2013 Legearen 40. artikuluko bigarren puntuak azaltzen duenez, bizialdi osoko orientazio-sistema bateratua osatuko dute: herritarrak hezkuntza-testuinguruan eta testuinguru profesional, pertsonal eta sozialean informatzea eta aholkatzea eta, hala badagokio, laguntza ematea helburutzat duten eragile, tresna eta ekintza guztiek.

Deialdi honek bere egiten ditu 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren 3. bektore estrategikoan proposatutako orientabideak (www.euskadi.eus). Horren arabera, laguntza eta orientazio pertsonalizatuak dira enplegu-politika aktiboen funtsezko elementuak, pertsonen enplegagarritasuna hobetzen eta lan-merkatuan sartzea errazten baitute.

Esku hartzeko ereduen eta horien emaitzen arrakastaren funtsezko zutabetzat hartzen da pertsonalizazioa, eta beharrezkoa da kolektibo eta pertsona bakoitzaren behar eta errealitateetara egokitzen diren zerbitzu espezializatuen eraketan aurrera egitea.

Hau da, gizarteratze pertsonalizatuko benetako ibilbideak diseinatzeko aukera ematen duten esku-hartze ereduak behar dira.

Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erabiltzaileen autonomia sustatu nahi du, eta, horretarako, deialdi honen bidez erabiltzaileen eskura jartzen du enplegu-zentroaren jarduera. Bertan, enplegua bilatzeko prozesuan autokontsultarako tresnak aurkituko dituzte, bai eta orientatzaile dinamizatzaile baten laguntza ere, prozesu hori errazteko.

Gaur egun, enplegu-zentroen jardueraren hartzaile potentzial asko daude, eta beharrezkoa da prozedura bat ezartzea jarduera hori ematen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan arituko diren erakundeen sare bat hautatzeko.

Deialdi honen bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik kanpoko erakundeen laguntza behar duten enplegu-zentroen jarduera zehazten da, eta, horrez gain, jarduera hori finantzatzeko laguntzak ezartzen dira.

Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroaren jarduera garatzeko erakunde laguntzaileek izan beharreko gutxieneko baliabide pertsonal eta materialen baldintzak ezartzen dira, jarduera horren kalitatea eta eraginkortasuna bermatze aldera.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak, 2021eko ekainaren 15eko batzarrean, enplegu-zentroen jarduera garatzeko laguntzen 2021-2022ko deialdia onartu du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, baldintza hauekin:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dirulaguntzak emateko oinarri espezifikoak arautzea, 2021 eta 2022ko ekitaldietan Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan enplegu-zentroen jarduera garatzeko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.892.000,00 eurokoak dira, horietatik 756.800,00 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2021eko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 1.135.200,00 euro 2022ko konpromisozko kreditukoak.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduera.

1.– Deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz, hurrengo paragrafoan deskribatutako enplegu-zentroen jarduerak lagun daitezke, 5. artikuluan aipatutako erakundeek Eranskinean ezarritako baldintzetan gauzatu behar dituztenak. Eranskin horretan zehazten da zeintzuk diren diruz lagun daitezkeen jardun-eremuak eta enplegu-zentroen kopurua.

Eranskinean «izaera partekatua izan dezaketen eremu» gisa definitutako eremuen kasuan, enplegu-zentro bateko jarduera hainbat udalerritan egin ahal izango da astean zehar. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko da egoera hori, baita jarduera garatzeko hautatutako udalerri eta kokaleku fisiko zehatzak ere. Kokaleku horiek 5. artikulu honetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

2.– Enplegu-zentro deritzo erakunde laguntzaileak enplegu bila ari diren pertsonen eskuetan norberaren erabilerarako tresnak dituen espazio fisiko egonkorrari. Tresna horiek lan-merkatuan txertatzera zuzendutako ekintzak garatzeko eta xede hori lotzeko eskuragarri dauden baliabideen inguruko kontsultak egiteko daude erabilgarri. Horrez gain, eskuragarri dauden tresna horiek erabiltzen laguntzeko pertsona orientatzaile dinamizatzaile bat egongo da bertan modu iraunkorrean.

Era berean, enplegu-zentroak programatutako ekintza-espazio izan ahalko du aldi berean, eta zentroko orientatzaile dinamizatzailearen ardurapean garatuko da. Taldeko ekintzak egiteko, enplegu-zentroko espazio osoa erabiliko da.

3.– Deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz diruz lagundutako enplegu-zentroen jarduera erakunde onuradunen berezko langileek eskainiko dute; langile horiek ezin izango dira inolaz ere azpikontratatu.

4.– Diruz lagundu beharreko zerbitzua emateko aldia urtebetekoa izango da, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, ebazpen horretan bertan adierazten den data zehatzetik kontatzen hasita.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sisteman sartzeko gakoak lortzeko eskabidea, onartutako lokal guztietarako, hilabeteko epean egin beharko da, dirulaguntzaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, 8.3.4 artikuluan aurreikusitako moduan argitaratuz. Sarbidea eman aurretik, 5.3 b) artikuluan adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du Lanbidek. Ondorio horietarako, sisteman sartzeko eskatzean, pertsonen nortasuna jakinarazi beharko da, Lanbidek pertsona horiek Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda daudela egiazta dezan. Halaber, 5.3 b) artikuluan eskatutako titulazioari, ezagutzari eta esperientziari buruzko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.

5.– Enplegu-zentro izango den espazioa zerbitzu horretarako erabiliko da soil-soilik, eta ezin izango da beste ekintza batzuekin partekatu, ekintza-mota edozein dela ere.

6.– Enplegu-zentroa 1.500 orduz egon beharko da publikoari zabalik, gutxienez, jarduera-ematea osatzen duten 12 hilabeteetan zehar, eta ezin izango da egunean 10 ordu baino gehiagoz zabalik egon, eta ordu horiek goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara arteko tartean emango dira. Enplegu Zentro bakoitzak obligazioa izango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari ohiko ordutegia jakinarazteko, jarduera hasi aurretik.

Enplegu Zentroa irekita izan beharko da nahitaez egunean gutxienez lau orduz diruz lagundutako jarduera-aldian zehar eta 09:00ak eta 16:00ak arteko tartean; ez dira diruz lagunduko nahitaezko lau orduko irekiera baino jarduera-epe laburragoa izan duten egunak.

Egin den ordu-kopurua ezarri ahal izateko, erakunde onuradunek Lanbidek eskuragarri jarritako sistema informatikoaren bitartez ezarri beharko dute zein den enplegu-zentroaren irekiera-ordutegi eta -egutegia. Gainera, egunero kontrolatu beharko dute zein ordutan ireki eta ixten den.

7.– Enplegu-zentroek taldeko ekintzak egin ahalko dituzte, gehienez 3 ordukoak, eta norberaren erabilerako eta enplegua bilatzeko tresnak ezagutaraztea izango dute helburu, salbu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzeko Zerbitzuak berariaz ukatzen badu. Ekintza horiek www.lanbide.eus webgunearen bidez zabalduko dira.

4. artikulua.– Enplegu-zentroen jardueraren hartzaileak.

Honako hauek erabili dezakete enplegu-zentroa:

– Lanbiden enplegu-eskatzaile edo enpleguaren aurreko zerbitzuen eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsona landun edo langabeek.

– Estatuko merkaturako irisgarritasunik ez duten baina Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratuta daudenek.

5. artikulua.– Dirulaguntzen onuradun diren erakunde laguntzaileak.

1.– Edozein pertsona fisikok edo juridikok, publikoa edo pribatua dela ere, egin ahal izango ditu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile gisa, deialdi honen xede diren enplegu-zentroen jarduerak, eta hartarako aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izango ditu. Horretarako, ezinbestekoa da 3. artikuluan definitutako jarduerak egiteko beharrezko baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzea.

2.– Eranskinean zehaztutako gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzako hiru enplegu-zentroen kasuan, zentroari emango zaizkion egokitzapenak eta laguntza teknikoak jasoko dituen txosten bat erantsi beharko zaio eskabideari; izan ere, horrela desgaitasunak dituzten pertsonek erabili ahal izango dute zentroa. Laguntza tekniko horiek gutxienez bermatu beharko dute hainbat gradutako entzumen- edo ikusmen-defizitak dituzten pertsonek eta mugikortasuna mugatuta dutenek erabiltzeko moduan egotea zentroa. Gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzako enplegu-zentroetako jarduerak garatzeko deialdi honetan aurreikusitako laguntzak soil-soilik jaso ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, gizarte-bazterketan dauden edo gizarte-bazterketa sufritzeko arriskua duten eta/edo desgaitasunak dituzten pertsonen laneratzea sorrera- edo eraketa-xede duten erakundeek.

3.– Enplegu-zentroan baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzeko baldintza betetzat emango da honako eskakizun hauek betez gero:

a) Eskabidea aurkezten den momentuan gutxienez 25 metro karratuko gela bat izatea enplegu-zentro gisa erabiltzeko. Gela horrek irisgarritasuna sustatzeko indarrean dagoen legeriara egokituta egoteaz gain (20/1997 Legea, abenduaren 4koa, irisgarritasuna eta bere garapen-arau teknikoak sustatzekoa), honako baldintza hauek ere bete beharko ditu:

– Lokalerako irisgarritasuna lokalaren kanpoaldetik.

– Barneko ibilbideen irisgarritasuna jarduera emateko guneetara arte.

– Komunak, egokitu daitezkeenak eta jardueraren hartzaileek erabiltzeko egokituak.

Hala, a) atal honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzte jarraian aipatzen diren bi deialdietan Lanbidek baliozkotzat jo zituen eta baliozkotu zirenetik aldaketarik izan ez duten lokalek; hona deialdiak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko 2017ko dirulaguntzen deialdia (deialdi hori 2017ko uztailaren 28ko EHAAn argitaratu zen, zuzendari nagusiaren 2017ko uztailaren 27ko Ebazpenaren bidez), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan orientazio profesionaleko ekintzak eta zerbitzuak gauzatzeko 2019-2021eko dirulaguntzen deialdiaren IV. kapitulua (deialdi hori 2018ko abenduaren 31ko EHAAn argitaratu zen, zuzendari nagusiaren 2018ko abenduaren 26ko Ebazpenaren bidez)..

Eskabidea aurkeztean a) letran jasotako baldintzak betetzen eta behar bezala egiaztatzen dituzten lokalak eta aurreko zenbakiak aipatzen dituen lokalak hartuko dira kontuan laguntzak ematerako orduan. Lokala aldatzeko eskaera behin betiko ebazpena eta gero soilik aurkeztu ahal izango da, eta, gainera, deialdi honetako 12. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete behar dira.

b) Diruz lagun daitekeen jarduerari ekiterakoan edukitzea giza baliabideen azpiegitura nahikoa, enplegu-zentroa zabalik dagoen guztietan orientatzaile dinamizatzaileak eskuragarri egongo direla bermatzeko. Jardunaldi osoan lan egin beharko dute, eta horrez gain, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte: unibertsitateko ikasketak bukatuta izan beharko dituzte, urte batetik gorako esperientzia izan beharko dute eta orientazio-profesionaleko curriculum egiaztatua eduki beharko dute; horrez gain, ofimatikari, interneti eta lan-merkatuari buruzko ezagutzak ere izan beharko dituzte, eta, hala balegokio, administrazio-laguntzaileak ere eduki beharko dira lokalean. Orientatzaile zein administrazioko langileek erabiltzaileak EAEko bi hizkuntza ofizialetan artatzeko gaitasuna izan beharko dute.

Gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei arreta ematen espezializatutako erakundeek, berriz, orientazio-materialak desgaitasun-mota guztietara egokitzen adituak diren giza baliabideak izan beharko dituzte, eta, hala badagokio, keinu-hizkuntza dakiten orientazioko profesionalak izango dituzte.

c) Era berean, honako azpiegitura eduki beharko da jardueraren hasieran:

– Interneterako banda zabaleko sarbide eraginkorra, eta WIFI sarbidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemarekin konektatzeko.

– Enplegu-zentroaren erabilerarako 4 ordenagailu, gutxienez. Horietako bakoitzak honako hauek izan beharko ditu:

i) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako esteken zerrenda. Era berean, enplegu-bilaketari buruzko dokumentazio eguneratua jarriko zaie eskuragarri zerbitzuen erabiltzaileei.

ii) Internetetik nabigatzea eta web-orrialdeak ikusi eta erabiltzea ahalbidetuko duen softwarea.

iii) Software ofimatikoa Word formatuko testuak editatu ahal izateko, Excel formatuko kalkulu-orriak erabiltzeko, PowerPoint formatuko aurkezpenak ikusteko eta Pdf formatuko fitxategiak ikusteko.

iv) Softwarea ordenagailuan sartzen diren pertsonak identifikatzeko eta saioen iraupena neurtzeko.

– Gutxienez laser bidezko inprimagailu bat, enplegu-zentroko ordenagailuek bakarrik erabiltzeko.

– Tableta grafikoko periferiko bat, sinadura biometrikoa jasotzeko euskarri modura. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko informazio-sistemara konektaturik egon behar du, haren zehaztapen teknikoak bete behar ditu, eta hark komunikatuko ditu.

– Enplegu-bilaketari buruzko dokumentazio-zerbitzu eguneratu bat.

4.– Enplegu-zentroaren zerbitzua hainbat udalerritan «izaera partekatua izan dezaketen eremuetan» ematen denean, lokal guztiek 5. artikulu honetan araututako baldintzak bete behar dituzte.

5.– Aurreko paragrafoetan adierazitakoaz gain, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

c) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izatea.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. zenbakietan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 5. zenbakian xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

6.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, pertsona edo erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, https://euskadi.eus/hirugarrenak webgunearen bidez egin beharko du.

6. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Enplegu-zentroen jarduerak garatzeko dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa 44.000 eurokoa izango da. Zenbateko hori orientatzaile dinamizatzaileen ordainsarien eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kotizazioen kostuak ordaintzera zuzenduko da, baita jarduerarekin erlazionatutako zuzeneko nahiz zeharkako kostuak ordaintzera ere.

2.– Diruz lagundutako enplegu-zentroaren jardueraren gauzatze eraginkorra 1.500 ordutik beherakoa denean diruz lagun daitekeen jardueraren urtean, egin ez diren ordu-kopuruaren arabera minorizatuko da zenbatekoa, honako formula hau aplikatuz:

(Ikus .PDF)

AZ: Jaso beharreko azken zenbatekoa.

MIN1 = H1 eta 1.500 arteko balioa.

H1 = diruz lagun daitekeen urteko irekiera-ordu eraginkorren kopurua.

3.– Edozein kasutan ere, diruz lagun daitekeen gastuaren gehieneko zenbatekoa, aurreko paragrafoan aipatutako kontzeptuengatik, lanaldi osoan lan egiten duten orientatzaile dinamizatzaileen zuzeneko langile-gastuen % 140 izango da, goian ezarritako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoaren mugarekin. Enplegu-zentro baten jardueraren bidez eskatzaileak artatzen dituzten orientatzaile dinamizatzaileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak hartuko dira langile-gastu zuzentzat, eta lanaldi osorako kontratatutako langile baten 12 hilabeteko kostua izango da muga.

7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira, https://www.euskadi.eus/servicios/1015705 helbidean, eta hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian:

Halaber, dirulaguntza-eskabidea ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da elektronikoki; horretarako, ordezkaritza inskribatu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Erakunde eskatzaile bakoitzak enplegu-zentroaren jarduera zein lurralde-eremutan egingo duen adierazi beharko du eskabidean.

Deialdi honetako 5. artikuluko 2. zenbakian adierazitako erakundeek baino ezingo dute «erakundeak – zailtasun bereziak» motako eremuetarako enplegu-zentroetarako dirulaguntzen eskabidea aurkeztu.

9.2.– artikuluan balora daitekeen esperientzia egiaztatzeko, ez da beharrezkoa izango dokumentazioa aurkeztea, baina nahitaez adierazi beharko da eskabide-inprimakian, baloratu ahal izateko.

2.– Eskabide horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

2.1.– Tokiari buruzko informazio hau sartu beharko da:

a) Erakunde eskatzailearen lokal bakoitzaren ezaugarriak jasotzen dituen txosten deskribatzaile eguneratua. Derrigorrez atxiki behar dira 5. artikuluko 3.a) apartatuan zehaztutako instalazioetako espazio eta dimentsioak zehazten dituzten argazkiak eta planoak, baita instalazio horietarako barneko nahiz kanpoko bideen argazki eta planoak ere.

b) Teknikari eskudun batek egindako txostena, kasuan kasuko elkargo profesionalak ikus-onetsia, lokala irisgarritasuna sustatzeko indarreko araudiarekin bat datorrela adierazten duena, eta lokalaren gaur egungo egoerari dagokiona, 5. artikuluko 3.a) apartatuetan deskribatutakoaren arabera:

– Lokalerako irisgarritasuna lokalaren kanpoaldetik.

– Barneko ibilbideen irisgarritasuna jarduera emateko guneetara arte.

– Komunak, egokitu daitezkeenak eta jardueraren hartzaileek erabiltzeko egokituak.

5.3 a) artikuluaren bigarren zenbakian aurreikusitako kasuan ez da beharrezkoa izango 2.3. zenbakian aipatutako dokumentazioa aurkeztea. Kasu horretan, lokalak aldaketarik izan ez duela eta 5.3 a) artikuluak aipatzen duen deialdian eskatu zitzaizkien baldintzak oraindik ere betetzen dituela bermatzen duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

2.2.– Hala badagokio, erakundearen xedea edo erakunde eskatzailea sortzeko xedea gizarte-bazterketako egoeran egoteko arriskuan dauden kolektiboei eta/edo desgaitasunak dituzten pertsonei lan-orientabidea ematea eta/edo haien laneratzea bultzatzea dela adierazten duen ziurtagiririk.

2.3.– Enplegu-agentziaren izaera egiaztatzeko dagokion ebazpen administratiboa, baldin eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eman badu.

2.4.– Desgaitasunak dituzten pertsonek erabili ahal izateko, enplegu-zentroari egingo zaizkion egokitzapenak eta emango zaizkion laguntza teknikoak adieraziko dituen memoria, 5.2 artikuluko baldintzetan, gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako enplegu-zentroen kasuan.

3.– Merezimenduen balorazioa egiteko, eskabideak aurkezteko epean aurkeztutako dokumentazioa bakarrik hartuko da kontuan, edo, hala badagokio, zuzenketak egiteko errekerimenduari erantzutean aurkeztutako dokumentazioa.

4.– Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

5.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere webgunean argitaratuko du zer eskabide ez diren aurkeztu behar bezala beteta, edo zeinek ez dituzten aurkeztu aurreko zenbakian adierazitako dokumentuak; eragindako erakundeek, akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkezteko, 10 egun balioduneko epea izango dute, webgunean horien berri ematen den egunetik aurrera. Hori egin ezean, eskabideak ezetsitzat emango dira. Halakoetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak esanbidezko ebazpen bat eman beharko du, eta horren jakinarazpena egin.

6.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Egoitza horretan azaltzen da nola egin izapide elektronikoak.

8. artikulua.– Dirulaguntzak emateko eta ebazteko prozedura.

1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza izango da dirulaguntzen esleipen-prozedura kudeatu eta bideratzeaz arduratuko den organoa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia horiek ebazteko eskuduna.

2.– Lehiaketa-sistemaren bidez esleituko dira dirulaguntzak; hala, hurrengo artikuluan adierazten diren ebaluazio- eta esleipen-irizpideen arabera ebaluatuko dira aurkezten diren eskabideak. Horri dagokionez, kide anitzeko organo bat eratuko da, eta honako kide hauek izango ditu:

– Batzordeburua: María Teresa Martínez Granado, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria.

– Idazkaria: Jesus María Ordóñez Orzaiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zerbitzuko arduraduna.

– Batzordekideak: Angel Altuna Urcelay eta Beatriz Santos Sánchez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zerbitzuko teknikariak.

3.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak emateko prozedura ebazteko, honako hau egingo da:

3.1.– Aurreko 2. zenbakian adierazten den kide anitzeko organoak behin-behineko ebazpen-proposamen bat emango du, eta ematea proposatzen diren dirulaguntzak adieraziko ditu bertan. Proposamen horretan, behin-behineko onuradunak, enplegu-zentroak eta proposatutako zenbatekoa adieraziko dira, baita ukatzea proposatzen direnak eta ukatze horien arrazoiak ere.

Ebazpena pertsona interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuz: www.lanbide.euskadi.eus

Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez die onuradun gisa proposatutako erakundeei eskubiderik emango.

3.2.– Pertsona interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egokitzat hartzen dituzten alegazioak aurkezteko. Epe hori behin-behineko ebazpen-proposamena Lanbideren web-orrian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

3.3.– Epe hori igarota eta, hala badagokio, pertsona interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertuta, kide anitzeko organoak behin betiko ebazpen-proposamena egin, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hura baita deialdi hau ebazteko organo eskuduna.

3.4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpena Lanbideko webgunean argitaratuz jakinaraziko da: www.lanbide.euskadi.eus

Ebazpenak dirulaguntza jasoko duten erakunde onuradunen zerrenda jasoko du, baita ezeztatu diren gainerako eskabideen zerrenda ere, horretarako arrazoiekin. Era berean, deialdiaren baldintzak betetzen dituzten ordezkoen zerrenda ordenatua ere emango da jardun-eremu bakoitzeko, 9. kapituluan aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatzetik lortutako ordenan.

Nolanahi ere, dirulaguntza emateko, ezinbestekoa izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sisteman sartzeko eskaera egitea, 3.4 artikuluan aurreikusitako eran eta 5.3 b) eta c) artikuluetan jarduera hasteko aurreikusitako baldintzak betez.

Ezarritako epean ez bada eskatzen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sisteman sartzea, edo ez badira betetzen 5.3 b) eta c) artikuluan eskatutako baldintzak, enplegu-zentro horrek emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da. Kasu horretan, esleitu gabe geratu den lurraldeko jardun-eremuko ordezko erakundeari emango zaio dirulaguntza, betiere laguntza-ebazpenean emandako ordenan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bitartez. Lanbideren webgunearen bitartez jakinaraziko da, bertan argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus

Ordezko erakundeak jarduerari ekin eta onuradun bihurtu delako jakinarazpena jaso ondorengo 15 egun balioduneko epean jakinarazi beharko dio Lanbideri.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak eman eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpena espresuki jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo ahal izango da.

5.– Zuzendari nagusiaren prozeduraren ebazpenak amaitu egiten du administrazio-bidea, eta haren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena Lanbideren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

6.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko dirulaguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zehapen-prozedurak amaituta egotea.

7.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, eta Lanbideren webgunean prozedura bakoitzaren ebazpena argitaratzea galarazi gabe, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zer enpresak jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

9. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko eta dirulaguntza esleitzeko irizpideak.

Horrela jokatuko da araututako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ebaluatzeko eta enplegu-zentroaren jarduerari dagozkion dirulaguntzak esleitzeko:

1.– Jardun-eremu batean dirulaguntza eskatzen duen erakunde bakarra badago, zuzenean emango zaio dirulaguntza erakunde horri.

2.– Jardun-eremu batean dirulaguntza eskatzen duen erakunde bat baino gehiago baldin badago, honako lehentasunezko ordena honen arabera emango da dirulaguntza:

a) Lehentasuna izango dute udaleko edo udalaz gaindiko tokiko administrazioko erakundeek, baita horien menpeko erakundeak ere, eta guztien artetik lehentasuna izango dute udalaz gaindikoek.

b) Udalaz gaindiko zenbait toki-erakunde edo udal-izaerako zenbait erakunde badaude, lehentasuna izango du enplegu-zentroaren zerbitzua ematen aldez aurretik ibilbide luzeagoa izan duela frogatzen duen erakundeak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegurako orientazioko deialdien babesean (2011-2013 urteetan), enplegu-zentroen zerbitzua garatzeko laguntza-deialdiaren babesean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen zerbitzua garatzeko laguntzen deialdiaren babesean (2014, 2015 eta 2017 urteetan) eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan orientazio profesionaleko laguntzen deialdiaren babesean (2019-2021ean), IV. kapituluan.

Esperientzia hori nahitaez adierazi beharko da eskabidean, baloratu ahal izateko.

c) Ez baldin badago eskatzaileen artean aurretik aipatutako motetako erakunderik, honako hauek izango dute lehentasuna, ordena honetan, hurrenez hurren:

– Gizarte-bazterketan dauden edo gizarte-bazterketan egoteko arriskuan dauden eta/edo desgaitasunak dituzten pertsonen lan-orientabidean edo laneratzean espezializatutako erakundeak.

– Lanbide-heziketako ikastetxe publikoak eta itunpekoak.

– Sindikatu- eta enpresa-erakundeak.

– Irabazi-asmorik gabeko bestelako erakundeak.

– Gainerako erakundeak.

Zenbait erakunde badaude, c) letran deskribatutako erakundeen ordena berean, lehentasuna izango du enplegu-zentroaren zerbitzua ematen aldez aurretik ibilbide luzeagoa izan duela frogatzen duen erakundeak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegurako orientazioko deialdiaren babesean (2011-2013 urteetan), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen zerbitzua garatzeko laguntza-deialdiaren babesean (2014, 2015 eta 2017 urteetan) eta, orientazio profesionaleko laguntzen deialdiaren babesean (2019-2021ean), IV. kapituluan.

Esperientzia hori nahitaez adierazi beharko da eskabidean, baloratu ahal izateko.

d) Baldin eta b) edo c) letretan berdinketak jarraitzen badu, enplegu-agentzia gisa jarduteko baimenduta dagoen erakundeak izango du lehentasuna.

e) Azkenik, erakundeen arteko berdinketa mantenduko balitz, 5. artikuluan ezarritako baldintzak betez deialdi honetarako dirulaguntzen eskaera lehenago erregistratu zuen erakundeak izango du lehentasuna, betiere 7.3 artikuluan ezarritako epearen barruan.

3.– Orokorrean, erakundeek ezingo dute jardun-eremu bereko enplegu-zentro bat baino gehiagorako dirulaguntzarik jaso. Horrenbestez, enplegu-zentro bat baino gehiago aurreikusten den eremuetarako, artikulu honetako 2. zenbakian ezarritako irizpideen arabera ordenatuko dira erakunde eskatzaileak, eta ordena horren arabera ezarriko zaio enplegu-zentro bakarra erakunde bakoitzari. Baldin eta esleitu gabeko zentroak geratuko balira, aipatutako eremuan enplegu-zentro baterako baino gehiagorako eskaera egin duten erakundeei esleituko zaie, halakorik egongo balitz, zenbaki honetan aurreikusitako prozedura berari jarraikiz.

10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Bi zatitan ordainduko da dirulaguntza:

1.– Lehenengo ordainketa, 2021eko ekitaldian, emandako dirulaguntzaren % 40, ebazpena argitaratu ondoren eta Lanbideren sistemarako sarbidea eman ondoren, erakunde onuradunak jardueraren hasieraren jakinarazpena aurkeztu ostean.

Ordaindutakoa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, banku-abala aurkeztu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako moduan (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena), eta Lanbidek emango dituen ereduaren eta jarraibideen arabera.

Nolanahi ere, ez da eskatuko inolako bermerik eratzeko, dirulaguntzaren onuraduna toki-erakunde bat bada, edo horrelako entitateen mendeko erakundeak badira.

2.– Bigarren ordainketa 2022. urtean egingo da, eta gainerako % 60 edo justifikazioaren ondorioz ordaindu beharrekoa izango den zenbatekoa ordainduko da. Horretarako, dokumentu hauek aurkeztu behar dira diruz lagundutako ekintzak amaitu ondorengo bi hilabetetan:

a) Emandako zerbitzuak, haien iraupena eta erabiltzaileei ezarritako enplegu-politika aktiboetako ekintzak zehatz-mehatz azaltzeko memoria (gehienez ere 20 orrialde).

b) Diruz lagundutako ekintzak egin dituzten langile orientatzaile dinamizatzaileen nominen eta RED sistematik lortutako Gizarte Segurantzako kotizazio-agirien (KLA, kotizazioen likidazio-agiria, eta LIZ, langileen izenen zerrenda) kopiak eta ordainsarietan eta dagokien kotizazioetan egindako gastuen bankuko egiaztagiriak.

11. artikulua.– Dirulaguntzen onuradun diren erakundeen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsiak) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Jarduerak egiten dituzten bitartean lortutako informazioa biltzea, kudeatzea eta iraultzea, hilero; gauza bera egin beharko dute erabiltzaileen ebaluazioari eta gogobetetzeari buruz bildutako informazioarekin. Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarritako protokoloak, jarraibideak, fitxa teknikoak eta sistema informatikoak erabiliko dituzte. Enplegu-zentroaren ordutegia eta irekiera-egutegia erregistratuko dira, baita eguneko irekiera- eta itxiera-kontrola ere. Software bat eduki beharko da, enplegu-zentroetako ordenagailuetan sartzen diren pertsonak identifikatzeko eta saioen iraupena neurtzeko, bai eta bildutako datuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura bidaltzeko ere, eskura jarritako sistema informatikoen bidez.

b) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren nahiz subjektiboren aldaketa ere.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituzten egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.

Xede horretarako, erakunde onuradunak 2028. urtera arte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta kontrol ekonomikoaz eta fiskalizazioaz arduratzen diren organoen eskura eduki beharko ditu egindako eta diruz lagundutako jardueren dokumentuak.

d) Lanbideri jakinaraztea helburu bererako beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jaso izana.

e) Laguntza horien jakinarazpen-material eta -ekintza guztietan aipatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa.

f) Enplegu-zentroa identifikatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile gisa, Lanbidek onuradunei horren inguruan egindako jarraibideen arabera.

g) Erakunde onuradunaren ordezkari edo ahaldunak izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa sinatzea. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren erakunde onuradun guztiek, indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zein baldintzatan gauzatu diren aztertzeko.

12. artikulua.– Lokalaren lekualdaketa.

Deialdi honetako behin betiko ebazpenaren ondoren onuradun ateratzen diren erakundeek lokalez aldatzeko baimena eskatu ahal izango diote Lanbideko Laneratzeko Zerbitzuari diruz lagungarriak diren jarduerak egiteko. Horretarako, egiaztatu beharko dute beste lokal bat dutela, eta lokal horrek eskabidean aurkeztu zutenaren baldintza berak dituela gutxienez, horregatik izendatu zutelako laguntzaren onuradun.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldeko jakinarazpena eskatuko da.

13. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko orduan kontuan izandako baldintzetan zerbait aldatzen bada, dirulaguntza ere aldatu ahal izango da; nolanahi ere, dirulaguntzen onuraduna izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Baldintzak aldatzeagatik dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuk aldi berean jasotzea.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak helburu bererako lortutako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntzarekin.

15. artikulua.– Aplikagarriak diren arauak ez betetzea.

Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan dirulaguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako kopuru horiek dirusarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

16. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetze kasuetan jasotzen diren laguntzak itzultzeko prozedura honako hau izango da:

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak laguntzak itzultzeko prozedurari ekin, eta Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak prozedura hasi izana eta hartarako arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak jasotakoan edo hartarako epea iragan eta jaso ez badira, prozedurari amaiera emango zaio, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epea izango da.

4.– Borondatezko epean dirulaguntza itzultzen ez bada, hura berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

17. artikulua.– Datuak babesteari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere.

Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

18. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen deialdi honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Gainera, honako hauetan xedatutakoa aplikatu beharko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.


Azterketa dokumentala