Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2021eko ekainaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3698

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 16koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita 2021-2023 aldirako dirulaguntza-deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabetuen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egitea xede duena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko ekainaren 15eko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, 2021-2023 aldirako dirulaguntza-deialdi bat onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabetuen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egitea xede duena. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2.p) artikuluan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabetuen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko 2021-2023 aldirako dirulaguntza-deialdia. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2021eko ekainaren 15eko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntza-deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Jakinaraztea, deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 16a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO KUALIFIKAZIO APALEKO GAZTE LANGABETUEN AKTIBAZIO SOZIOLABORALERAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZAK EGITEKO 2021-2023 ALDIRAKO DIRULAGUNTZA-DEIALDIA

2017-2021 Gizarteratzeko Euskal Planak emandako definizioaren arabera, gizarte-bazterketa «gizarte-eskubideak gauzatzeko ezintasuna edo gaitasunik eza da, batez ere lan egiteko eskubideaz baliatzeko ezintasuna, baina baita ere hezkuntza eta prestakuntza jasotzeko eskubidea, kultura, osasuna, etxebizitza duina izateko eskubidea edo gizarte-babesa jasotzeko eskubidea».

Hori horrela, haren neurri guztiak gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarteratzea sustatzera bideratuta daude, eta arrisku-faktoreen intzidentzia –bai banakoena bai estrukturalena– murrizten duten jarduerak garatzera.

Eskubide sozialen Europako zutarriari jarraikiz, herritarren eta bereziki gazteen enplegurako eskubide aktiboa babesten duten funtsezko ardatzak dira hezkuntza, prestakuntza eta etengabeko ikaskuntza. Helburu estrategiko gisa ezartzen du kalitateko hezkuntza- eta prestakuntza-zerbitzuetara hel daitezela bermatzea ahultasun sozioekonomiko handieneko egoeran dauden pertsonak, haien adina edozein dela ere, aukera-berdintasuna sustatzeko eta helduen mundura arrakastaz igaro daitezen.

Xede horrekin, besteak beste, ezartzen du ahultasun handieneko egoeran dauden gazteak 2. mailako profesionaltasun-ziurtagirietara hel daitezela laguntzea, era horretan enplegura igarotzea bultzatzearren. Horretarako, proposatzen du lanbide-heziketari lotutako prestakuntza-aukerak eskaintzea DBH bertan behera uzten duten hezkuntza-premia bereziko ikasleei eta sostengu premia handieneko gainerako kolektiboei –desgaitasun intelektuala duten pertsonei, bereziki– eta lan-mundura arrakastaz igaro daitezela erraztea.

Helburu berarekin, Hezkuntza Sailak egoera horretan dauden gazteak Oinarrizko Prestakuntza Zikloetarantz bideratzeko hezkuntza-politika bat abiatu du. Nolanahi ere, ahalegin hori gorabehera, Lanbide Heziketa arautzen duen araudia aplikatzearen ondorioz (8/2013 Lege Organikoa, abenduaren 9koa, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzekoa), ezin dute ziklo horietan parte hartu 17 urtetik gorako gazteek edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa egin ez dutenek. Sartzeko eta onartua izateko baldintza hori dela eta, prekaritate eta ahultasun sozioekonomikoko egoeran daude ehunka gazte, eta ezin dira sartu aukera-berdintasuna eta helduen mundura arrakastaz igarotzea errazten dituzten hezkuntza-zerbitzuetara.

Horren guztiaren ondorioz, Lan eta Enplegu Sailak, hautemandako arazo hori arindu nahian, prestakuntza-programa bat abian jarri nahi du, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriei lotuta, prestakuntza-aukerak sortzeko; era horretan DBH amaitu ez duten eta, hainbat arrazoi tarteko, oinarrizko konpetentziarik ez dutenez enplegurako prestakuntza jarraitu ezin duten 16 eta 25 urte bitarteko gazteak, honako kolektibo hauen profila dutenak, lan-mundura arrakastaz igaro daitezela errazteko:

– Lehen eta Bigarren Hezkuntzako etapak behin baino gehiagotan errepikatu dituzten ikasleak, titulua eskuratu gabe 17 urte egin dituztenak, eta, Oinarrizko LHko matrikula egiteko adina gainditzen dutenez, prestakuntza-bide horretara jotzerik ez dutenak.

– 16 urte baino gehiago dituztela iritsi diren gazte atzerritarrak eta, ondorioz, Bigarren Hezkuntzan eskolatu ez direnez, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko baldintzak betetzen ez dituztenak.

– Oinarrizko LH hasi duten baina, hainbat arrazoi tarteko, bertan behera utzi dutenak, eta, hara itzuli nahi dutenean, ezin izan dutenak arauzko prestakuntza-ibilbidea aldi baterako eten izateagatik, eta, horrenbestez, enplegagarritasuna handitzeko prestakuntza hartzeko aukerarik gabe gelditu direnak.

Honekin batera, COVID-19aren krisiaren ondorioz sortu den nahasmendu ekonomiko eta sozial masiboak EAEko biztanle aktibo eta enpresa gehienei eragiten die eta eragiten jarraituko du, epe labur eta ertainean. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lagundu nahi du bere eskumenen arabera, enplegua, enpresak eta jarduera ekonomikoa berreskuratzen.

Horretarako, Lan eta Enplegu Sailak bere mendeko erakunde autonomo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari agindu dio ezen, aurretik aipatutako estrategia eta Lanbideren 2021eko ekitaldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa kontuan hartuta (erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onetsi zuen plan hori, 2020ko abenduaren 15eko bileran hartutako erabakiaren bidez), prestakuntza-programa bat diseina eta kudea dezala bere 1. jardun-ardatza eta D1.2 gidalerroa oinarri hartuta. Izan ere, gidalerro horren helburua da pertsonei ekoizpen-sarearen benetako premiei egokitutako konpetentziak ematea, gazteen enplegua sustatzea eta gazteei lan-arloan eta beren buruari dagokionez garatzeko aukerak eskaintzea.

Adierazi den bezala, 2021-2023 aldirako laguntzak, Euskal Autonomia Erkidegoan kualifikazio txikia duten gazte langabeen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko direnak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2021eko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita daude, eta, horrela, betetzen da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Plan hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Lan eta Enplegu Sailaren programa hori gauzatzeko, lagungarri da Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretua, zeinaren 2. artikuluak xedatzen baitu enplegurako lanbide-heziketa lanbide-heziketaren sistemetako bat dela, enpresen artean eta langileen artean, langabeak (lehentasunez) nahiz lanean ari direnak izan, lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.

Halaber, Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide Heziketaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloarekin koordinazioan. Azken hori da lanbide-heziketa osoaren planifikazio estrategikoa, diseinua eta ildoak prestatzearen arduraduna, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, azken horrek dauzkan ardurei dagokienez.

Gainera, Lan eta Enplegu Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, beste zenbait egitekoren artean, enplegu-programak, enplegurako prestakuntza-programak eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programak kudeatzea. Egiteko horiek barne hartzen dute dagozkion dirulaguntza deialdiak onartu eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onarturiko erakunde autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan. Enplegurako prestakuntzaren barnean, lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza dago.

Deialdi honek, ezarritako prestakuntza-metodologiak bilduta, aurrez aurreko prestakuntzaren barruan prestakuntza-metodologia alternatiboak erabiltzeko aukera aztertu du, eskatzaile bakoitzak definitu behar dituenak. Metodologia horiek langileen prestakuntza gauzatzea ahalbidetu eta erraztuko lukete, haien enplegagarritasuna optimizatuz eta enpresen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzen lagunduz.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2021eko ekainaren 15eko bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabetuen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko 2021-2023 aldirako dirulaguntza-deialdia onartu du, honako baldintza hauen arabera:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xedea da laguntzak arautzea, 2021-2023 aldirako, oinarrizko konpetentzietako, konpetentzia soziopertsonaletako eta oinarrizko konpetentzia tekniko eta profesionaletako ibilbideak sortzen dituzten prestakuntza-proiektuak finantzatzeko; hala, prestakuntzaren hartzaileen garapen pertsonala eta laneratzea zein gizarteratzea sustatzen dute, eta 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzen laguntzen diete.

2.– Deialdi hau finantzatzeko, 1.612.500 euroko diru-baliabideak bideratuko dira; horietatik 399.375 euro 2021eko ordainketa-kredituari dagozkio, 806.250 euro 2022ko konpromiso-kredituari, eta 406.875 euro 2023ko konpromiso-kredituari. Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua, baldin eta indarreko legeriarekin bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eta, hala bada, egoera hori EHAAn argitara emango den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez jakinarazi beharko da.

3.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, osorik edo partez, Gazte Enpleguko 2014-2020 Programa Operatiboaren eta/edo EAE 2021-2027 EGF Programa Operatiboaren barruan.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan jasotako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoak ez diren prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoak, betiere enplegurako prestakuntzako erakundeen erregistro autonomikoan edo Estatuko Prestakuntza Erakundeen Erregistroan egiaztatuta edo izena emanda badaude, eskatutako dirulaguntza xede duten prestakuntza-proiektuetan jasota dauden prestakuntza-ekintzei dagozkien prestakuntza-espezialitateak emateko.

Deialdi hau argitaratu aurretik, prestakuntza-ibilbide bakoitzaren barnean dauden profesionaltasun-ziurtagiri bat gutxienez egiaztatu beharko da.

Prestakuntza-ibilbide bakoitzaren barnean dauden gainerako profesionaltasun-ziurtagirien eta zeharkako oinarrizko konpetentzien espezialitateetako egiaztatzea eta/edo izen-ematea lehenengo prestakuntza-ekintza hasi aurretik egin beharko da.

2.– Dirulaguntza eskuratzeko, eskatutako dirulaguntza xede duten prestakuntza-ekintzak egiteko giza baliabideak eta baliabide materialak izan beharko dituzte prestakuntza-erakundeek, edo konpromisoa hartu beharko dute dirulaguntzaren esleipenaren ondoren horiek izango dituztela, prestakuntza-ekintzak hasten direnerako. Ez dago baimendua prestakuntza-jarduera gauzatzeko azpikontratatzea. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat jotzen prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.

Instalazio eta baliabide horiek erakundearenak edo hirugarren erakunde pribatu edo publikoen titulartasunekoak izan ahalko dira, eta, eskabidean aipatzen diren prestakuntza-ekintzak programatuta dauden lurraldeetan izan beharko dituzte eskura baliabide horiek. Hirugarren erakunde pribatu nahiz publiko batenak badira (hala dago onartuta, betiere prestakuntza-jarduera gauzatzea azpikontratatzen ez bada), dagokion erabilgarritasun-kontratua edo -akordioa aurkeztu beharko da.

Informazio hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkaritzak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (eskabide-inprimakira txertatuko du).

Edonola ere, erakunde eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku izan beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla erakusten duten dokumentuak.

3.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren erakundeak:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

Ondorio horietarako, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du betebehar horiek egunean dituela, bai dirulaguntza eman aurretik, bai ordainketak egiteko unean, hala xedatuta baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan.

Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.

c) Eskatzaileak zigor- edo administrazio-zehapenen bat izatea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukerarik gabe uzten duenik, eta horretarako ezgaitzen duen lege debekuren bat izatea, honako hauengatik gertatutakoak barnean direla:

– Sexu-bazterkeriagatik zigorren bat jaso izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera.

– Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onarturiko Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginak 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezartzen badu, ebazpen irmo bidez.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

Aipatutako a), b), c), eta d) apartatuetako eskakizunak egiaztatzeko, titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, LAN-F-n eskuragarri dagoen eredu ofizialaren arabera.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduera.

1.– Deialdi honen babesean dirulaguntza jaso ahal izango dute oinarrizko konpetentzietako, konpetentzia soziopertsonaletako eta oinarrizko konpetentzia tekniko eta profesionaletako ibilbideak sortzen dituzten prestakuntza-proiektuek, betiere ikasleen garapen pertsonala zein gizarteratzea eta laneratzea ez ezik, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzea ere errazten badute (I. eranskinean jasota daude).

2.– Finantzatutako prestakuntza-ibilbideek kualifikazio apaleko gazte langabetuen enplegagarritasuna eta laneratzea handitzea dute helburu.

3.– Prestakuntza-ibilbideek 1.850 orduko iraupena izango dute, lantokiko prestakuntza barne. Bi bloke edukiko dituzte: lehena 900 ordukoa eta bigarrena 950 ordukoa. Bloke bakoitzak lanbide gaitasunak eskuratzeari eta zeharkako oinarrizko gaitasunak eskuratzeari lotutako prestakuntza izango du.

(Ikus .PDF)

4.– I. eranskinean prestakuntza-ibilbide programagarriak daude, ondoren zehaztutako prestakuntza mota bakoitzeko ibilbidearen araberako ordu kopurua barne:

1) 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak lortu aurreko prestakuntza,

2) 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak,

3) Egiazta daitezkeen bestelako prestakuntza-modulu partzialak,

4) Aurretik aipatutako espezialitateak egiaztatzea bermatzen duen lantokiko prestakuntza, eta azkenik,

5) Zeharkako oinarrizko konpetentziei lotutako prestakuntza

Prestakuntza kualifikatzailera (1., 2., 3. eta 4. motakoak), guztira eta gutxienez, 440 ordu bideratuko dira A blokean, eta 590 ordu B blokean; kopurua aldatuko da ibilbide programagarrien artean, I. eranskinean zehaztutakoaren arabera.

5.– Zeharkako oinarrizko konpetentziei lotutako prestakuntzaren iraupena (4. puntuan adierazitakoen 5. mota) zehaztuta dago, halaber, 1. eranskinean, prestakuntza-ibilbide bakoitzari dagokionez. Prestakuntza-ordu horiek funtsezko konpetentziak, konpetentzia soziolaboralak eta konpetentzia digitalak emateko izango dira, FCO (Prestakuntza osagarria), SSC (Gizarte- eta kultura-zerbitzuak) eta IFC (Informatika eta komunikazioak) lanbide-arloen barruan; enplegurako prestakuntzaren lanbide-arlo guztien zeharkako konpetentziak dira horiek. Oinarrizko prestakuntza hau bideratuta dago parte hartzen dutenak gaitzera 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskura ditzaten eta/edo haien enplegagarritasuna handitzera. II. eranskinean funtsezko konpetentzien (Gaztelania, Matematika, Ingelesa eta Euskara), konpetentzia soziolaboralen eta konpetentzia digitalen espezialitateen katalogo bat jasota dago. Prestakuntza-erakundeek, parte-hartzaile talde bakoitzaren kualifikazio-maila eta prestakuntza-beharrak zein diren kontuan hartuta, espezialitate horiek aukeratuko dituzte prestakuntza-ibilbide programagarri bakoitzerako finantzatu beharreko gehieneko ordu kopurura iritsi arte. Salbuespen gisa, gehieneko ordu kopuru hori handitu ahal izango da, baldin eta kualifikazioa ematen duen prestakuntza-ekintzaren batean ikasle guztiak salbuetsita badaude ordu horiek egitetik, eta proportzio berean gehitu beharko dira ordu horiek.

6.– Lantokiko lehen prestakuntza-modulua ibilbidearen lehen prestakuntza-blokea amaitzean egingo da, eta 150 ordu inguru iraungo du. Bigarren blokeari lotutako prestakuntza amaituta, lantokiko prestakuntza praktikoko bigarren modulua egingo da; 200 ordu inguru iraungo du. Prestakuntza praktikoaren ordu kopurua aldatuko da, proposatutako ibilbideetan parte hartzen dutenek egin beharreko profesionaltasun-ziurtagiriek eskatutako ordu kopuruaren arabera.

7.– Profesionaltasun-ziurtagiriak bereiz eman ahal izango dira profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duen prestakuntza-modulu bakoitzari dagokionez; era horretan, behar den malgutasuna emango zaio prestakuntza-prozesuari, eta ikasle gehiago sartu ahal izango dira, modulu bakoitza hastean bete gabeko plazarik balego. Erakundeak prestakuntza horiek bereiz edo ez ematea erabaki ahal izango du profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzeko lehen modulua hasten denean.

8.– Prestakuntza emateko modalitatea.

Prestakuntza-ekintzak aurrez aurre eman beharko dira.

Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dizkiotenean, edozein direla ere erabilitako baliabide didaktikoak.

9.– Dirulaguntza jasotzen duten prestakuntza-ibilbideei 2021eko azaroaren 30a baino lehen ekin beharko zaie, dirulaguntza emateari buruzko behin betiko ebazpena jakinarazi ondoren, eta ibilbide osoa amaitu beharko da 2023ko azaroaren 16a baino lehen (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua barnean dela). 2022ko azaroaren 16a baino lehen amaitu beharko dira prestakuntza-ibilbideen lehen blokean jasotako prestakuntza-ekintza guztiak (lantokiko prestakuntza praktikoko modulua barnean dela), eta bigarren blokean jasotako prestakuntza-ekintza bat gutxienez hasita egon beharko da.

10.– Prestakuntza-ekintzak onartuko dira baldin eta diruz laguntzeko 15 partaide badaude gehienez eta 10 gutxienez. Horrela, prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 10 partaide baino gutxiagok izena eman badute.

Nolanahi ere, diruz laguntzeko parte-hartzaileez gain, beste 2 parte-hartzaile sartzea onartuko da, parte-hartzaile kopuru horretarako egiaztagiria duten prestakuntza-zentroetan. Partaide gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik emango.

11.– Prestakuntza-ekintzaren zati teoriko-praktikoa soilik lagunduko da diruz. Ez da diruz lagunduko lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua.

12.– Erakundeek ibilbide bakoitzerako ezarritako blokeak trukatu ahal izango dituzte, eta B blokea A blokea baino lehen garatu ahal izango dute, I. eranskinean ezarritako ibilbideen diseinuaren arabera.

4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza-ibilbideetan parte hartu ahal izango dute 16 eta 25 urte bitarteko langabetuek, baldin eta DBH egin ez badute eta, hainbat arrazoi tarteko, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak egiteko aukerarik ez badute, betiere Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda badaude. Parte ahal izango dute, halaber, gazte langabeek, baldin eta beste enplegu-zerbitzu publikoren batean edo Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribatuta badaude.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-proiektuaren dirulaguntzaren zenbateko osoa hura osatzen duten prestakuntza-ibilbideen dirulaguntzaren zenbatekoak batuta kalkulatuko da.

2.– Prestakuntza-proiektuen finantzaketa parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko kostuaren araberakoa izango da, parte-hartzaile bakoitzeko 5,00 euro/orduko modulu ekonomikoari jarraikiz.

Parte-hartzaile bakoitzeko 5,00 euro/orduko modulu ekonomiko hau honako modulu hauez osaturik dago:

A modulua. Langileen kostu zuzenak. 3,67 euro/ordu/parte-hartzaile.

B modulua. Funtzionamendu-gastuak. 0,88 euro/ordu/parte-hartzaile.

C modulua. Zeharkako gastuak. 0,45 euro/ordu/parte-hartzaile. Aurreko bi moduluen % 10 da.

Langileen zuzeneko kostuei dagokien modulu ekonomikoa 15 partaidez biderkatuko da beti.

Aurrekoarekin bat etorriz, prestakuntza-proiektuak zenbateko honekin onartuko dira:

Prestakuntza teorikoaren ordu kopurua * 15 partaide * 5,00 euro.

Horrela, prestakuntza-proiektu bakoitzeko gehieneko zenbatekoa I. eranskinean jasotakoa izango da.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aplikazio informatikoaren bidez (LAN-F). Aplikaziora sarbiderik ez duten erakundeek Lanbideren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: www.lanbide.euskadi.eus

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena) helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1080404

Eskabideak elektronikoki izapidetu ahal izango dira, ordezkari baten bidez; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroan inskribatu ahal izango da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/representantes

2.– Ibilbide osorako egingo da eskabidea, I. eranskinean jasotako lurralde bakoitzeko ibilbide-zenbakia aukeratuta.

3.– Dirulaguntzaren eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

1) Orokorra:

a) Erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko ditu erakunde edo pertsona eskatzailearen identifikazio fiskalari buruzko datuak, salbu eta pertsona edo erakunde hori berariaz aurka agertzen bada; kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

b) Laguntza zer prestakuntza-proiektutarako eskatzen den, honako hauek zehaztuta: bloke bakoitzaren edukiak eman edo garatzeko aurreikusitako daten egutegia, prestakuntza-ekintza bakoitzean erabiliko den metodologiari buruzko informazioa, etab.

2) Gainera, hala badagokio, balorazio-irizpideak egiaztatzeko:

a) 9.1 artikuluko C apartatuan aurreikusitako balorazio-irizpidea egiaztatzeko: ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu beharko, Hezkuntza Sailak datu horiek jada eman dizkiolako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

b) 9.1 artikuluko E apartatuan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, sintesi-adierazlea eta enplegagarritasun-indizea egiaztatzen dituena, III. eta IV. eranskin gisa argitaratutako ereduen arabera, hurrenez hurren.

c) 9.1 artikuluko D.1 apartatuan xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, berriz, txosten hauek aurkeztu beharko dira:

– Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina), prestakuntza-erakundeak dituen kotizazio-kontuen kode guztietarako. Kotizazio-kontuaren kode bakoitzak berari dagozkion datuak soilik jaso beharko ditu, eta ez dira datu guztiak kode bakar batean metatuko.

– Merkataritza-sozietateek, horrez gainera, administratzaileen kotizazio-kontuen kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko dute, halakorik badute, edota administratzaile guztien lan-bizitzen txostenak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak). Kotizazio-kontuaren kode batean gainerako langileekin ez dauden administratzaileen datuak sartzeko, sarrera bat sortuko da erakundearen IFK zenbakiarekin (letra jaso gabe), eta administratzaile kopuruaren berri emango da, sexuaren arabera bereizita.

– Deialdira aurkezten diren kooperatibek, aldiz, beste horiez gainera, sozietatearen kotizazio-kontuaren kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina) aurkeztu beharko dute, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean alta emandako langile bazkide guztiena, edo, azken horiek Langile Autonomoen Araubide Berezian izena emanda badaude, ziurtagiri bat, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazi ere.

d) 9.1 artikuluko D.2, D.3 eta D.4 apartatuetan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, berriz, txosten hauek aurkeztu beharko dira:

– Prestakuntza-erakundeak dituen kotizazio-kontuen kode guztietako lan-bizitzaren txostenak, administratzaileei dagozkienak barne, halakorik bada; eta, kooperatiba-sozietateen kasuan, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena emandako langile bazkide guztiena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina).

– Merkataritza-sozietateek, horrez gainera, administratzaileen kotizazio-kontuen kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko dute, halakorik badute, edota administratzaile guztien lan-bizitzen txostenak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak).

– Deialdira aurkezten diren kooperatiba-sozietateek, langile bazkideak autonomoen araubidean izena emanda badaude, ziurtagiri bat aurkeztuko dute, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazi ere.

Nolanahi ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari eskatu ahal izango dio 9. artikuluko D.2, D.3 eta D.4 apartatuetan adierazitako formuletan zerrendatutako kontratu-kodeen kontratu-modalitatearen bidez kontratatutako pertsonei buruzko informazioa, betiere prestakuntza-erakundeak eskabidean horretarako baimena ematen badu. Edonola ere, erakundeko kooperatiba-kideei eta administratzaileei buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko du erakundeak, halakorik balego. Betiere erakundeak batez besteko plantillari buruzko txostena aurkeztu beharko du, eta, eskabidea egiteko epean egin ezean, ezin izango dira D.1 eta D.2 irizpideak balioetsi.

4.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egingo ez balu, eskabideari uko egiten diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

5.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-prozedura izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-proiektuak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak. Banaka balioetsiko da ibilbide bakoitza.

3.– Eskabideak aztertzeko eta horien balorazioa egiteko batzorde bat osatuko da, izaera teknikokoa. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzako Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduradunak, edo haren ordezkoak, hala badagokio, eta Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko hiru teknikarik osatuko dute batzorde hori. Ebaluazio-batzorde horretako kideen izenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean (https://www.lanbide.euskadi.eus) eta EHAAn argitaratuko dira.

4.– Eskabideek deialdian parte hartzeko eskatutako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, ebaluazio-batzordeak balioetsiko ditu 9. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz, eta behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behin-behinean onartzea zein baztertzea proposatutako ekintzak zehaztuta. Hori Lanbideren web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus) argitaratuko da, eta 10 egun balioduneko epea emango da erakunde interesdunek, LAN-F aplikazio informatikoaren bidez, alegazioak egiteko edo eskabideari uko egiteko, behin-behinean onartutako prestakuntza-ekintza guztiei edo batzuei dagokienez.

Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez du onuradun gisa proposatutako erakundeen aldeko inolako eskubiderik sortzen.

5.– Alegazioak aztertu ondoren, ebaluazio-batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiari helaraziko dio, hori baita ebazpena egiteko organo eskuduna.

6.– Ebazpen horretan, eman nahi diren dirulaguntzak jasoko dira, prestakuntza-ekintzen baloraziotik ondorioztatzen den lehentasun-hurrenkeran, eta dirulaguntzaren zenbatekoa, onartutako prestakuntza-ekintzak zein ukatutakoak eta ukatzeko arrazoiak ere zehaztuko dira. Ebazpenak prestakuntza-erakunde interesdunei jakinaraziko zaizkie Lanbideren web-orrian argitaratuz: www.lanbide.euskadi.eus

Erakundeek 10 egun balioduneko epea izango dute prestakuntza-proiektu bakoitzeko dirulaguntza onartzeko, modu telematikoan, LAN-F aplikazioan. Epe hori igaro eta dirulaguntza onartzen ez badute, dirulaguntzari uko egiten diotela ulertuko da.

7.– Behin betiko ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa da, eskabideak aurkezteko lehen egunetik aurrera. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

8.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta, haien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

9.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpenean, zeinaren bidez dirulaguntzak ematen baitira, espresuki aipatuko da, hala badagokio, EGFren kofinantzaketa, Gazte Enpleguko 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

10.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, espresuki adierazita jasotako zenbatekoak, eta aipatuta EGFren kofinantzaketa, Gazte Enpleguko 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

8. artikulua.– Laguntza zehaztea.

1.– Eskabideak aurkezteko eta akatsak 6. artikuluan ezarritako eran zuzentzeko epea amaitutakoan, prestakuntza-proiektuen balorazio teknikoa egingo da, eskabideak eta aurkeztutako ekintzak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera antolatzeko.

2.– Prestakuntza-proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 5.2 artikuluan erreferentziatutako modulua erabiliko da.

3.– Deialdi hau finantzatzera bideratutako zuzkidura ekonomiko osoa ez bada aski prestakuntza-proiektu guztiak aurreko zenbakiari jarraikiz diruz laguntzeko, balorazio-fasean prestakuntza-ibilbideek lortu duten lehentasun-hurrenkerari jarraikiz emango dira dirulaguntzak.

9. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

1.– Eskatutako prestakuntza-ibilbideak balioesteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan (V. eranskinean zehaztuta daude):

Irizpide guztiak prestakuntza-erakundearen mailan aintzat hartzen dira, hau da, IFK bera duten prestakuntza-zentroen datuak batera aztertzen dira.

A) 2020-2021 ikasturtean irakasteko itundutako erakundeak:

• Oinarrizko Lanbide Heziketa. 5 puntu.

• Erdi-mailako heziketa-zikloak. 5 puntu.

B) Helduen Etengabeko Hezkuntzan (HEH) Hezkuntza Sailak baimendutako unibertsitatez kanpoko zentro pribatua edo publikoa izatea: 10 puntu.

C) 2020-2021 ikasturtean, Hezkuntza Sailarekin, Oinarrizko Lanbide Heziketa egiten ari diren ikasleak: gehienez 20 puntu.

D) Prestakuntza-erakundeen Gizarte Erantzukizuna. gehienez 20 puntu.

1) Enplegua sortzeko konpromisoa: gehienez 5 puntu.

2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra, enpresaren kotizazio-kontuetako kode guztietan alta emanda dauden langileen batez besteko plantilla balioetsiko da.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.c) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

2) Enpleguaren kalitatearekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.

D.1 atalean zehaztutako batez besteko langileetatik, 2020ko abenduaren 31n lanaldi osoan eta mugagabeko kontratuarekin diharduten pertsonen ehunekoa hartuko da aintzat.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.d) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Puntuazioa lortzeko, honako formula hau aplikatuko da:

Lan-kontratuaren kodea duten pertsona kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (100+109+130+139+150+189 + kontratu mugagabearekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak) / plantillaren batez bestekoa (D.1).

3) Genero-berdintasunarekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.

2020ko plantillan, lan-kontratu mugagabearekin lanaldi osoan dauden emakumeen ehunekoa balioetsiko da, lan-kontratu mugagabearekin lanaldi osoan dauden gizonezkoen kopuruarekin alderatuta.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.d) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Puntuazioa lortzeko, honako formula hau aplikatuko da:

Lan-kontratuaren kodea duten emakume kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak) / lan-kontratuaren kodea duten gizonen kopurua (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak).

4) Desgaitasuna duten pertsonentzako aukera-berdintasunarekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.

2020ko plantillan kontratu mugagabearen diharduten eta desgaitasunen bat duten pertsonen kopurua balioetsiko da.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.d) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Puntuazioa lortzeko, honako formula hau aplikatuko da:

Lan-kontratuaren kodea duten pertsonen kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (130+139+230+239+330+339 + aldi baterako kontratua ez duten bazkide kooperatibistak + aitortutako desgaitasunen bat duten administratzaileak).

E) 2017ko ekitaldian langabeentzako enplegurako lanbide-heziketari buruzko laguntzen deialdietako prestakuntzaren kalitatearen eta inpaktuaren adierazleak, Lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzetarako dirulaguntzei buruzko 2017ko apirilaren 27ko Ebazpenaren bidez onartutako 2017ko ohiko deialdiaren arabera (2017ko maiatzaren 2ko EHAA). Gehieneko puntuazioa: 20 puntu.

Horren xedea da 2017ko ekitaldian enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena zuten Administrazioek onartu dituzten deialdietan, langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ematean lortu zuten kalitatea balioestea, bai eta haien eragina ere, enplegagarritasunari eta laneratzeari dagokienez.

1) Sintesi-adierazlea: gehienez 10 puntu.

Aurrez aipatutako deialdietan emandako prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-erakunde batek lanbide-arlo bakoitzean lortutako asebetetze-tasen batez bestekoa, eskatutako dirulaguntza xede duen espezialitate berberei dagokienean (I. eta II. eranskinetan jasotzen dira). Aipatutako deialdian emandako prestakuntza-ibilbideko lanbide-arloen batez bestekoa hartuko da kontuan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiari dagokionez, adierazle hori bere datu-basetik ateratzen da, ofizioz. Ez dira aintzat hartuko kontratazio-konpromisoa duten prestakuntzako dirulaguntza-ildoei dagozkien emaitzak, ezta Proiektu Bereziei dagozkienak ere.

Beste administrazio publiko batzuen dirulaguntza-deialdiei dagokienez, erakunde eskatzaileak III. eranskinean aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Prestakuntza-erakunde jakin batek Lanbideren deialdian parte hartu ez badu eta beste administrazio publikoen egiaztagiria aurkezten ez badu, 4 puntu emango zaizkio.

Adierazle hori lortu ezin izanaren kausa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egozten bazaio, berriz, dagokion lanbide-arloaren adierazleen batezbesteko globala hartuko da sintesi-adierazle gisa.

2) Enplegagarritasun-indizea: gehienez 10 puntu.

Deialdi horretan prestakuntza-ekintzak eman ezean, 8 puntu emango dira.

Kontuan hartu da 2017ko apirilaren 27ko Ebazpenaren bidez onartu zen 2017ko ohiko deialdian (2016ko ekainaren 16ko EHAA), lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzentzako dirulaguntzei buruzkoan, lanbide-arloen prestakuntza-ekintzek lortutako enplegagarritasun-indizearen batez bestekoa. Hau da, eskatutako dirulaguntza xede duen ibilbide bakoitzean jasotako lanbide-arlo berei dagozkien kontratazio-konpromisoei eta proiektu bereziei buruzko ekintzak ez dira aintzat hartuko (I. eranskinean jasota daude).

Adierazitako deialdian parte hartu zuten erakundeek ez dute datua jakinarazi beharko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak jada baduelako. Horretan parte hartu ezean, IV. eranskinean jasotako ziurtagiria aurkeztuko dute.

F) Lanbide-arloko prestakuntza-emaile gisa duen esperientzia, lehentasunez langile langabetuei eskainitako prestakuntzarako laguntza-deialdietan, 2017. eta 2018. urteetan. Lerro arrunteko esperientzia baino ez da kontuan hartuko, eta ez, ordea, kontratazio-konpromisokoa edo proiektu berezi edo espezifikoei dagokiena. gehienez 20 puntu.

Bi lanbide-arlo dituzten ibilbideetan bi arloetako esperientziaren batez bestekoa kalkulatuko da.

2.– Berdinketa dagoenean, lehentasuna izango du E balorazio-irizpidean puntu gehien duen eskaerak. Berdinketa, halere, hautsi ezean, lehentasuna izango du D balorazio-irizpidean puntu gehien duenak. Eta C balorazio-irizpidean puntu gehien izatea izango da berdinketa hausteko azken irizpidea.

10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen hautaketa.

1.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aurretiko hautaketa bat egingo du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ikastaroetan parte hartzeko hautagaien artean.

Hautagaiek honela parte hartu dezakete ikastaroan:

a) Ikastaroan parte hartzea eskatuz, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sareko bulegoren batean eskaera bat aurkeztuta , bai eskaera organismo autonomo honen webgunean beteta (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Orientazio Zerbitzuek ikastaroa preskribatu dieten eta/edo Gazte Bermea Sistema Nazionalean inskribatuta dauden eta Lanbiden izena emanda dauden pertsonak, edo beren prestakuntza-kontuari buruzko prestakuntza-aholkularitzaren bitartez arreta jaso dutenak eta prestakuntza-ekintzaren bat beharrezkotzat jo dutenak konpetentzia profesionala egiaztatzeko ibilbidea osatzeko.

c) Lanbidek bertan izena emanda daudenak deitu ditzake profesionaltasun-ziurtagiri bat osatzeko faltan dituzten prestakuntza-moduluez osatutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.

d) Enplegu Zerbitzu Publikoan izena eman duten pertsonak.

2.– Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa erakunde onuradunak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen erakundeak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LAN-F). Erakundeak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik eta dagozkion bermeekin egingo du hautaketa-prozesua.

Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan, hautaproba bat ere egingo dute, erakundearen instalazioetan, Lanbideko teknikariekin aurrez adostuta, ekintza behar bezala aprobetxatzen dela ziurtatzeko eta kualifikazio-ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aurretiazko ezagutza-maila erreala zehazteko. Proba hori LAN-F aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da.

3.– Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako profesionaltasun-ziurtagirietan, lehentasuna izango dute emakumeek. Horri dagokionez, honako ibilbide hauek izango dute lehentasuna:

BIZKAIKO ESKAINTZA

2.– Arotzeria + Altzarigintza

3.– Elektrizitatea + Mekanizatua.

4.– Iturgintza + Elektrizitatea.

6.– Ibilgailuak.

GIPUZKOAKO ESKAINTZA

2.– Iturgintza + Elektrizitatea.

3.– Elektrizitatea + elektronika.

4.– Ibilgailuak.

ARABAKO ESKAINTZA

1.– Elektrizitatea + Mekanizatua.

2.– Ibilgailuak.

4.– Prestakuntza-modulu bat amaitzen denean plaza hutsak badaude, dela baten batek bertan behera utzi duelako, dela hasierako hautapenean plaza guztiak bete ez dituztelako, beste partaide batzuk sartu ahal izango dira, erreserba-zerrendatik edo hautaketa-prozesu berri batetik aterata.

5.– Hautaketa bukatu ondoren, erakunde onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LAN-F kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbidek berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.

6.– Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-entitateek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean.

Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Ikasleek doan egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko baititu.

2.– Eusko Jaurlaritzak sinatutako istripu eta erantzukizun zibileko polizak barne hartzen ditu ikasleak ikastaroetara joateagatik eta prestakuntza ematen den lekurako joan-etorrietatik eratorritako arriskuak.

3.– Lehen eskola-egunean ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharren dokumentua jasoko dute ikasleek, eta dokumentu hori sinatuko dute.

4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta haiei etekina atera beharko diete. Hori bermatzeko, erakunde onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Eguneroko partea bereizi egingo da prestakuntza-modulu bakoitzerako.

5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute ekintza amaitu baino lehen utzi, kasu hauetan izan ezik: enplegua aurkitzea, eta hori eragozpen izatea prestakuntza-ekintzara joan eta etekina ateratzeko; edo, bestela, egoera pertsonal edo familiar larrian egotea, behar bezala justifikatuz gero. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren barengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Ikasleak baztertzeko arrazoi izango da ekintza ez aprobetxatzea edo hori ondo garatzea eragozteko moduko portaera, baita higienearen eta osasungarritasunaren arauak ez betetzea ere.

2.– Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertu ondoren, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak hartuko du baztertze-prozedura hasteko erabakia. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, gehienez hamabost eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, baztertze-prozedurari ekiteko erabakian behin-behineko neurriak har daitezke prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea ikastarotik behin-behingoz baztertzea, prozedura abiatzeko erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean. Ebazpenean adieraziko da zein errekurtso aurkeztu daitekeen.

13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren enpresa edo erakunde onuradunak deialdi honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta gauzatu beharko ditu prestakuntza-ibilbideetan jasotako prestakuntza-ekintzak. Organismo autonomo honen prestakuntzarako informatika-aplikazioa (LAN-F) erabiliko du prestakuntzaren hasiera jakinarazteko (hasi baino 7 egun lehenago gutxienez), bai eta gerora izan daitekeen edozein aldaketaren, prestakuntza-ekintzak bukatzearen eta parte-hartzaileen bertaratzea kontrolatzearen berri emateko ere. Oro har, aurkako jarraibiderik ematen ez bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egin beharreko jakinarazpenak zazpi egun naturaleko epean egin beharko zaizkio. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi aldez aurretik Lanbidek ez badu LAN-F aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu.

2.– Profesionaltasun-ziurtagiriak bereiz gauzatzen direnean, honako baldintza hauek bete beharko dira:

– Modulu bakoitza modu indibidualean egin eta justifikatuko da.

– Moduluak profesionaltasun-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira.

– Modulu bat hasten duten pertsonei modulu guztietan parte hartzea bermatu behar zaie, prestakuntza-ibilbide osoa osatu ahal izateko.

3.– Deialdi honetan profesionaltasun-ziurtagiriko moduluetarako prestakuntza ematen duten prestatzaileak Lanbidek egiaztatu beharko ditu. Era berean, prestatzaileen fitxategian sartu beharko dituzte, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzean ezarritako baldintzei jarraituz.

4.– Dirulaguntza jasotzen duten ikasleez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, deialdiaren ebazpenaren ondorengo hamabost egunetan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-erakundeetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzat bermatzen badira berdintasun-baldintzak. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipamenduak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako partaideen kopurua ere egiaztatuko da.

5.– Gazte langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 8 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, astean ez dira egingo 40 ordu baino gehiago. Muga horietan sartuko dira, hala dagokienean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagozkion lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluko orduak.

6.– Prestakuntza-erakundeak prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzen saiatu beharko dira, bereziki gizatalde kalteberei zuzendutakoak. Prestakuntza eta ikasleen bizitza pertsonala uztartzeko moduko ordutegiak ezartzen saiatu beharko dira.

Prestakuntza-ekintza hasitakoan, behar bezala emango da, eta ezingo da aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbidek aldez aurretik onartuta.

7.– Erakunde onuradunek gutxienez honako hauek emango dizkiete parte-hartzaile guztiei prestakuntza-ekintzetan:

– espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatikoan,

– ikastaroa zuzen garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta

– beharrezkoak diren babes-elementuak.

Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

8.– Ikasle batzuek jarduera bertan behera uzten badute, beste ikasle batzuk sartu ahalko dira prestakuntzara haien ordez. Ordezkapen hori lehen bost irakastegunetan bakarrik onartuko da, ibilbideko prestakuntza-modulu bakoitza hasten denetik aurrera.

9.– Prestakuntza emateaz arduratzen diren erakunde onuradunek berehala jakinarazi beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenek horiei uko egiten badiete, horietara aurkezten ez badira edo ekintzak bertan behera uzten badituzte, horren zergatia adierazita.

10.– Tutoretza eta orientazio pertsonala.

Ikasleen tutoretza pertsonak behar duen hezkuntza integralera bideraturik egingo da.

Tutoretza-lanak partekatu beharko dituzte programaren irakasle guztiek. Irakasle-taldeak tutore-ekintzen plana osatuko du, gutxienez, honako alderdi hauek jasota:

a) Ikasleen autoestimua indartzea.

b) Pertsona arteko harremanak eta gizarte-trebetasunak.

c) Harreman programatua familiarekin edo legezko tutoreekin.

d) Banakako eta taldekako ikaskuntza-prozesua gidatzea eta laguntzea.

e) Ikasleei lanbide-ibilbidea jarraitzeko orientabideak eta laguntza ematea prestakuntza-aldia amaitu ondoren, dela laneratzearen bidez, dela kualifikazio handiagoko mailetako prestakuntzaren bitartez.

Ikasle-taldeek gutxienez irakasle bana izango dute, tutoretzaz eta tutore-ekintzen plana gauzatzeko koordinazioaz arduratuko dena. Bloke bakoitzean, egiteko hori ikasturte horretan eskolak ematen dituen irakasleren baten esku egongo da eta, ahal dela, bi blokeetan pertsona bera izango da tutoretza-lanak egingo dituena.

Tutoreak eredu izan behar du ikaslearentzat, irakasle taldearentzat eta familientzat. Jarduteko orientazioa emango du, irakasle-taldearekin batera, ikasleek estrategia metodologiko eta antolaketa-estrategiak eskuratu eta ahalmen pertsonal eta profesional eta autoikaskuntza-gaitasun hobeak izan ditzaten.

Ikasleen premiak direla-eta hala behar bada, esku-hartze psikopedagogiko eta/edo hezkuntza eta gizarte-laneko adituek esku hartuko dute.

11.– Ikasleen ebaluazioa moduluka egingo da, ikasketaren emaitzak egiaztatzeko eta, horren bidez, lanerako konpetentziez jabetu dela bermatzeko.

Ebaluazioa ikasleen premietara eta bilakaerara egokituta egongo da, batez ere, desgaitasunen bat dutenen kasuan; irisgarritasun-neurriak ezarriko dira, ebaluazio-proban parte hartzetik ez baztertzea bermatzeko.

Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza baten arabera, zeinean honako hauek adieraziko baitira, gutxienez, modulu bakoitzarentzat: ebaluazioa zer egunetan egitea kalkulatu den, zer tokitan egingo den, zer ebaluazio-tresna erabiliko diren, eta zenbat denbora iraungo duen (LAN-F aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatu egingo dira, eta aplikazioan gordeko.

Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideen jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikoei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, lanbide-gaitasunak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

Konpetentzia-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» direla adierazita.

Prestatzaileek txosten batean jasoko dituzte ikasleek prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan lortutako emaitzak. Txosten horretan adieraziko da ikasle bakoitzaren jarduna, aplikatutako ebaluazio-tresnen arabera, egindako zuzenketak eta lortutako puntuazioak (LAN-F aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera).

Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LAN-F informatika-aplikazioaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, egiaztaezina» edo «ez gai».

Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitarteko ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dute prestakuntza-zentroak eta enpresak hautaturiko tutoreek. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LAN-F aplikazioaren bitartez.

Ikastaroa bukatzean, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Egiaztapen Partzial Metagarria emango zaie parte-hartzaileei, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da, osorik burutu badute.

Ikasleak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, asistentzia-ziurtagiri bat emango zaio, eta, hala dagokionean, gainditu dituen prestakuntza-moduluen Egiaztapen Partzial Metagarriak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria.

Zentroak honako datu edo dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren LAN-F informatika-aplikazioaren bidez:

– Ikastaroa hasi aurreko 7 egun balioduneko epean:

– Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LAN-F informatika-aplikazioaren bitartez eskainiko da).

– Erabili beharreko ebaluazio-tresnak, horiek zuzentzeko eta puntuatzeko dagozkien euskarriekin.

– Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun balioduneko epean:

– Ikasleen emaitzak biltzen dituen online dokumentazioa LAN-F aplikazioan, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LAN-F informatika-aplikazioaren bitartez jarriko da eredu hori onuradunen esku).

– Ebaluazio-aktak betetzea.

12.– Dirulaguntzen prestakuntza-erakunde onuradunek zuzenean gauzatuko dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezingo dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horri begira, ordea, dirulaguntza jaso duen prestakuntza-ekintza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea soilik dela ulertzen da.

Nolanahi ere, 12. apartatuan aurreikusita ez dagoenari dagokionez, zuzenean aplikatu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoa.

14. artikulua.– Lantokiko lanbide-praktiken modulua.

1.– Praktiken edukia bat etorriko dira lan-zentroko prestakuntza-modulu praktikoarekin, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen dituen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

2.– Prestakuntza-zentroek prestakuntza praktikoko modulu bat egitea aurreikusi beharko dute, lan-zentroetan eta egindako espezialitatearekin zerikusia duten lanbideetan, ikastaroetan parte hartu duten ikasleen % 100entzat, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 5 bis artikuluan jasota dauden salbuespenetako bat betetzen duten ikasleentzat izan ezik.

3.– Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatu eta lau hilabeteko gehieneko epean hasi behar dira lanbide-praktikak. Epe hori 3.4 artikuluak dioenak baldintzatuta egongo da.

Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbidek baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboekin gainditu duten ikasle guztiek egin ahal izango dute prestakuntza praktikoko modulua lantokian, haien administrazio-egoera edozein izanda ere.

4.– Prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean praktikak hasten dituzten ikasleek, azken ebaluazioaren emaitza negatiboa bada, praktikak egiten jarraitu ahalko dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, berari atxikitako lanez kanpoko lanbide-praktika amaitzea ekarriko du.

5.– Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-erakundearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, akordio horren berri eman beharko zaie enpresako langileen legezko ordezkariei. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, langileen legezko ordezkariek hitzarmenari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko dokumentua erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LAN-F aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda bat ere erantsi beharko da.

6.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, hori eragozten duten eta behar bezala justifikatuta dauden arrazoiak daudenean izan ezik, eta aldez aurretik Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak baimendu behar du.

7.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.

8.– Lanbidek praktiken hitzarmena baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta hori lan-zentroetako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin beharko da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahalko dira. Horregatik, zentroek sinatutako praktiketako hitzarmena formalizatu eta erantsi beharko dute LAN-F aplikaziora, gutxienez praktikak hasi baino 7 egun lehenago.

15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du. Horretarako, prestakuntza-ekintzak garatzen diren zentroa bisitatuko du, eta idazki bidez jaso beharko du dirulaguntza onartzeko ezarritako baldintzak betetzeko beharra mantentzen dela (instalazioak, kide-kopurua eta ekipamendua, baliabide didaktikoak, irakasleak...) edo, hala badagokio, zer-nolako irregulartasunak hauteman dituen, ongi zehaztuta, arazoak konpon ditzaten.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua ikastarora gutxienez bi bisita egiten ahaleginduko da:

– Hasieran. Ikastaroa emango duen zentroko baldintzak egiaztatuko ditu bisita honetan, ikastaroaren eta bere edukien eta garapenaren inguruko datu guztien berri emango die ikasleei, baita beren eskubide eta betebeharren berri ere, eta zalantza eta kontsulta guztiak artatuko ditu. Egiaztatuko du, orobat, Lanbideren finantzazioak ekarritako komunikazioak betetzen direla.

– Ikastaroaren amaieran:

– Prestakuntza ematen duen zentroaren baldintzak egiaztatuko ditu, Lanbideren eta Europako Gizarte Funtsaren finantzaketak sortzen duen komunikazio-betebeharra barnean hartuta.

– 14.A) artikuluan aurreikusitako amaierako asebetetze-inkesta telematikoki betetzen lagunduko die ikasleei, erakunde onuradunak horretarako prestatzen duen salan.

– Ikasleei orientazioa emango die jasotako prestakuntzak ematen dizkien aukerei buruz eta une horretan dituzten prestakuntza-ibilbideei edo enplegu/prestakuntzako beste ekintza batzuei buruz, lan-merkatura errazago sar daitezen.

3.– Europar Batasuneko araudiak xedatzen duen moduan, Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketa duten prestakuntza-ekintzetan ikuskapen-bisitak egingo dira in situ, Europako funtsen partaidetzatik eratorritako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko.

4.– Ikastaroa ematen duen zentroak, prestakuntza-ekintzaren % 25 egiten denean, ikastaroaren funtzionamendu egokiari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat beteko du LAN-F aplikazioan, eta egiaztatuko du homologazio-baldintzak eta Ikastaroaren Hasierako Komunikazioan adierazitakoa betetzen direla, bai eta une horretan ekintzan jarraitzen duten pertsonen kopurua ere.

16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen kalitatearen ebaluazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen babesean emandako prestakuntza-ekintza guztien kalitatea ebaluatuko du, ebaluazio-sistema misto bat baliatuz. Ebaluazio-sistema misto horrek bi iturritatik jasoko du informazioa:

A) Ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera (2009ko ekainaren 11ko BOE). Galdetegi horiek telematikoki beteko dituzte ikasleek.

Prestakuntza ematen duen erakundearen edo enpresaren ardura da kalitatearen galdetegia betetzen dela bermatzea, eta gela bat jarri beharko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleak adina ordenagailurekin, inkesta telematikoa bete ahal izan dezaten. Partaideek inkesta betetzen ez badute, prestakuntza-ekintzaren likidazioa murriztuko da, 18. artikuluan adierazitako moduan.

B) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak prestakuntza-ekintzaren bukaeran egindako bisitaldian emandako puntuak, «Prestakuntza-zentro/erakundeak emandako prestakuntzaren ebaluazioa» eredu-agiriarekin bat etorrita.

Nolanahi ere, emandako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko, sintesi-adierazle bat egin beharko da prestakuntza-erakundeak emandako ekintza bakoitzerako. Sintesi-adierazle hori aipatutako bi informazio-iturrietan lortutako emaitzetatik abiatuta aterako da, formula honi jarraituz:

Sintesi-adierazlea = A x 0,6 + B x 0,4

A = Ikasleek betetako galdetegietan lortutako batez besteko puntuazioa, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarena den 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenaren arabera, zeinaren bidez argitaratzen baitira enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak.

B = Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak emandako puntuazio osoa, LAN-F aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera.

Hala eta guztiz ere, beste informazio-iturri batzuk ere aintzat hartu ahalko dira, behar badira; adibidez, prestakuntza-zentroei edo -erakundeei edo kanpo-erakundeei agindutako kalitatea ebaluatzeko ekintzetan lortutako emaitzak.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntza hiru zatitan ordainduko da prestakuntza-ibilbide bakoitzeko, era honetan:

a) Lehenengo ordainketa, 2021eko aurrekontuaren kargura, A blokeari dagokion zenbatekoaren % 50 (I. eranskinean jasota dago), egiteko lehen blokeko lehen prestakuntza-ekintza hasi ondoren.

Aurreratutako ordainketa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da aldez aurretik, EAEko Diruzaintza Nagusian aurreratzen den zenbatekoari dagokion bermea abala edo finantza aurkeztu izanarena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarriko du abal-eredua.

B) Bigarren ordainketa, 2022ko aurrekontuaren kargura, A blokearen % 50 gehi B blokearen % 50, egindako lehen blokea amaitu eta likidatu ondoren eta egin beharreko bigarren blokearen lehen ekintza hasi ondoren.

Aurreratutako ordainketa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da aldez aurretik, EAEko Diruzaintza Nagusian aurreratzen den zenbatekoari dagokion bermea abala edo finantza aurkeztu izanarena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarriko du abal-eredua.

c) Hirugarren ordainketa, 2023ko aurrekontuaren kargura, dagokion dirulaguntzaren gainerakoa, bigarren blokeko prestakuntza-ekintza guztiak 3.9 artikuluan aurreikusitako epeetan amaitu eta 18. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz justifikatu ondoren.

2.– Ordainketak egin aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak beteta daudela.

Erakunde onuraduna egiaztapen hori egitearen aurka agertzen bada, baldintza hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz. Helbide honetan eskuratuko da inprimaki hori: https://www.euskadi.eus/altaterceros. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan ere eskuratu ahal izango da.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Laguntzen likidazioa, prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten gazteen eta benetan egin dituzten eskola-orduen arabera egingo da, ezarritako modulu ekonomikoen arabera. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Likidazioa kalkulatzeko orduan, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epeetan dagokien lan-zentroan prestakuntza praktikoko modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza, ziurtagiriko gainerako prestakuntza-moduluak gainditu arren. Ikasleen % 70ek baino gehiagok dagozkien praktikak amaitu ez dituzten prestakuntza-ekintzetan, ez da zenbatekorik ordainduko.

3.– Likidazioa honela kalkulatuko da:

– A modulua 15 ikaslez biderkatuko da –baldin eta prestakuntza hasi zuten ikasleen kopurua 3.10 artikuluan aurreikusitako gutxieneko eta gehieneko mugen barruan badago–, eta emandako prestakuntza-orduez.

– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta ekintzak dituen ordu kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan –prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute–; eta B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle kopuru batentzat onartutakoa da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.

Ez da gehituko ekintza benetan amaitu duten ikasleen B moduluaren zenbatekoa, hau da, ekintzaren iraupenaren % 75era gutxienez joan direnena eta 16. artikuluan zehaztutako kalitatearen gaineko ebaluazioaren galdetegia bete ez dutenena. A).

– Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuei dagokiena.

4.– Dirulaguntza jasotzen duen erakundeak prestakuntza-ekintza egin dela justifikatzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LAN-F aplikazio telematikoaren bitartez, ekintza amaitu eta 15 eguneko epean:

– Erakunde onuradunaren ziurtagiria, laburpen-koadro batekin. Horretan jaso beharko dira ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta dagokien zenbatekoa, ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetako 1. puntuan aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortutakoa.

– Ikasleek sinatutako bertaratze-orriak, egotzitako orduen frogagiri gisa.

Ezarritako epeetan dagozkion agiriak aurkezten ez baditu, eskumeneko organoak 15 eguneko epe luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.

1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak ere.

2.– Zehazki, laguntzen onuradunek ondoren aipatzen diren erakundeen egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Lan eta Enplegu Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia. Halaber, erakunde horiei aukera emango diete lokal eta instalazioetara sartzeko, eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi dituzten beste pertsonekin harremana izateko.

EGFren kofinantzaketa duten prestakuntza-ekintzek Europako Erkidegoko araudiaren ondorioz Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte.

3.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

– Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta bidaltzea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunak laguntzarekin zerikusia duten transakzioak identifikatu beharko ditu, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.

6.– Erakunde onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko du, dirulaguntza onartzeko unean, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren erakunde onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

7.– Erakunde emaileak gela bat jarri beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleak adina ordenagailurekin, 16. artikuluan adierazitako inkesta telematikoa bete ahal izan dezaten. Halaber, erakundea edo enpresa bera izango da inkesta hori betetzen dela bermatzeaz arduratu beharko dena.

20. artikulua.– Lanbideren finantzaziotik eratorritako komunikazio-betebeharrak.

1.– Lanbideren finantzazioa jasotzen duten prestakuntza-ekintzen garapenari dagokionez, erakundeek berariaz aipatu beharko dute sortutako material didaktiko eta bestelakoetan Lanbide eta Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa/kofinantzaketa jaso izana, bai eta diruz lagundutako ekintzekin lotutako komunikazio, hedapen eta iragarki guztietan ere.

Halaber, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluaren 2. apartatuak arautzen duen zerrenda publikoan.

2.– Diruz lagundutako jarduketa guztiek bete beharko dituzte, bai eta horietatik eratorritako ekintzek ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan ezarritako eskakizunak. Eskuliburu hori LAN-F aplikazioaren bidez jarriko da erakunde onuradunen esku.

3.– Betebehar horiek betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua onartzen dituen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Era berean, ez-betetzeak dirulaguntza itzultzea ekarri ahalko du, deialdi honen 23. artikuluan xedatzen denaren arabera.

21. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen horrelako aldaketa baten ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen xede diren laguntzak bateragarriak izango dira xede bererako bestelako dirulaguntza edo laguntza ororekin; nolanahi ere, finantzaketa-iturri desberdinetatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

23. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako kopuru osoak edo horien zati bat itzuliko dira, eta dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera ezar daitezkeen berandutze-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusten diren kasuetan. Eta, bereziki, honako hauetan:

a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

b) Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.

c) Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Ez-betetze erabatekoa: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da. Era berean, osorik bete ez dela ulertuko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 35 lortzen ez badu, eta horiek honela neurtuko dira: prestakuntzaren ordu kopuruaren adierazlea bider ikasle parte-hartzaileak.

b) Ez-betetze partziala gertatzen bada: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo hein batean itzuliko da. Aurreko lerrokadan aipatutako adierazlea % 35 eta % 100 bitartean betetzen bada, emandako dirulaguntza 18. artikuluan aurreikusitako baldintzetan ordainduko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio pertsona onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egoki iritzitako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.

4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik aurrera gehienez 2 hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

24. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Bildutako datuak beharrezkoak dira Lanbidek egotziak dauzkan botere publikoak balia ditzan eta lege-betebeharrak bete ditzan; gainera, arloan eskumenak dituzten administrazio publikoei haien berri eman ahalko zaie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio xehe gehiago dago hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml%20/

25. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

1.– Dirulaguntza-programa honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua. Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak arautzen dituena.

2.– Deialdi honetan xedatu ez den guztian, lan arloan enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/15 Legea aplikatuko da. 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, lan-arloan enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/15 Legea garatzen duena, eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzekoa.

3.– Dirulaguntzek, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, bete egin beharko dituzte Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1303/2013 Erregelamendua (EB), eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1304/2013 Erregelamendua (EB), Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua (EE) indargabetzekoa.

I. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-IBILBIDE PROGRAMAGARRIAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
OINARRIZKO KONPETENTZIA PROGRAMAGARRIEI LOTUTAKO PRESTAKUNTZAKO PRESTAKUNTZA-ESPEZIALITATEEN KATALOGOA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
BALORAZIO-IRIZPIDEA (9.1.E1 art.)
SINTESI-ADIERAZLEA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
BALORAZIO-IRIZPIDEA (9.1.E2 art.)
ENPLEGAGARRITASUN-INDIZEA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-EKINTZAK BALIOESTEKO IRIZPIDEAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala