Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2021eko ekainaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3680

AGINDUA, 2021eko ekainaren 16koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena; horren bidez 2021eko ekitaldirako laguntza itzulgarriak deitzen eta arautzen dira oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko. Gauzatu-Industria programa.

Azken hamarkadetan, eraldaketa eta modernizazio sakona izan du euskal ekonomiak, eta EBko batezbestekotik gorakoak izan dira bertako ekonomiaren eta enpleguaren hazkunde-tasak. Horri esker, Administrazio Publikoak, EAEren garapen lehiakorrari ekiteko orduan, digitalizazioa lortzea eta bertako gaitasun teknologikoak bultzatzea nabarmendu ahal izan du, RIS3 estrategiaren barruan.

Baina COVID-19aren pandemiak eragindako krisiak markatzen du oraintsuko errealitatea. Ahalegin eta lan handia eskatzen ari zaigu suspertzeko, eta aurrerantzean ere halaxe izango da. Pandemia horrek EAEko ekonomian eta enpleguan eragin du, orobat, eta haren aurretiko mailak berreskuratu beharra dago, baina erronka berriei eta premia berriei egokituta.

Ildo horretatik, 2020-2024rako Gobernu Programa egin da. Planak enplegua eta susperraldi ekonomikoa du jarduteko lehentasunezko ardatzetako bat; hau da, susperraldi ekonomikoaren, enplegua berreskuratzearen eta horren kalitatea hobetzearen alde egitea, era horretan hazkundearen bideari berriz ekiteko, eta gure langabezia-tasa berriz egon dadin % 10etik behera. Industria aurreratuan, inbertsioan, berrikuntzan eta nazioartekotzean oinarritutako estrategia bat.

EAE industriaren eta teknologikoaren erreferente bihurtzeko abagunetzat hartu behar da krisialdi hau, eta aukera-hobi gisa heldu behar zaie erronka hauei: eraldaketa energetiko-ekologikoa eta eraldaketa digital-teknologikoa (adimen artifizial, big data, gauzen Internet, 5G, sistema ziberfisiko eta zibersegurtasunean aurrera egitea, besteak beste); gure industria- eta ekonomia-ehunaren erresilientzia indartzeko beharra; enpresa-kultura berria –inklusibo eta parte-hartzaileagoa– lantzen jarraitzea enpresen berrikuntza-faktore gisa, eta energia-trantsizioan sakontzea, ekonomiaren deskarbonizazioan aurrera egin ahal izan dezagun.

Hori guztia Europar Batasunaren lurralde- eta gizarte-kohesioaren arloko zuzentarauen arabera, gizarte-politiken aldeko apustu irmoa eginez eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politikak defendatuz, desorekak murrizte aldera (genero-arrakala eta soldata-arrakala, besteak beste).

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak enpresa txiki eta ertainei laguntzeko konpromisoa du, eta batez ere, finantzaketa eskura dezaten errazteko konpromisoa; izan ere, hori faktore bakarra ez bada ere, mugatzen die, halere, hazi ahal izateko aukera eta lehiakortasuna hobetzen dieten jarduerak abian jartzekoa, bai eta, halaber, ahalegina oinarri teknologikoa eta/edo berritzailea duten proiektuetan paratu dezaten ere.

Aurreko ekitaldietan, oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzea bultzatzeko laguntza itzulgarrien programa arautu du sail honek (Gauzatu-Industria programa), eta esperientzia positiboa izan denez, berriz arautu eta deitzea erabaki da 2021eko ekitaldi honetarako, eta horrela dago aurreikusita Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onetsian.

Agindu honi Europako Erkidegoko honako erregelamendu hauek aplikagarri zaizkio:

– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendua aplikatuko zaie (L 187 Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratu zen, 2014ko ekainaren 26an), horren arabera bateragarri jotzen dira zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua (ETEen aldeko inbertsiorako laguntzak), Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, Salbuespenen Erregelamendu Orokorra); haren aplikazioa 2023-12-31ra luzatu da.

– Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamendua. Erregelamendu horren bidez, bateragarri jotzen dira nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; haren aplikazioa 2022-12-31ra luzatu da.

– Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamendua. Erregelamendu horren bidez, bateragarri jotzen dira arrantzaren eta akuikulturaren produktuak sortu, eraldatu eta merkaturatzen dituzten enpresentzako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; haren aplikazioa 2022-12-31ra luzatu da.

Hala, araututako laguntzek erregelamendu horietan xedatutakoa betetzen badute, dagokien baimena lortzeko, Europako Batzordeari jakinarazteko betebeharretik salbuetsita geldituko dira, eta aski izango da kasu bakoitzean aurreikusitako epearen barruan jakinaraztea.

Jarraibide horien arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen IV. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean) eta 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, otsailaren 11ko 1/2021 Legeko (Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartu dituena) aurrekontu-kredituen kontura finantzatuko da deialdi hau.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2021eko ekitaldi honetarako arautu eta deitzea oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta garatzeko aurrerakin itzulgarriak.

Deialdi honen babesean 2021ean ematen diren laguntzei aplikatuko zaizkie agindu honetan jasotzen diren xedapenak, harik eta horiek erabat likidatu arte.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

Aurrerakin itzulgarriak izango dira laguntzak, eta ondoz ondoko lehia-prozeduraren bidez emango dira, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz.

3. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honen xede diren laguntzei honako hauei aplikatuko zaizkie:

1.– Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz (EBAO, L 187, 2014-06-26), aurrerantzean, Salbuespenen Erregelamendu Orokorra. ETEen aldeko inbertsio-laguntzei buruzko 17. artikuluan sartzen dira laguntza horiek.

Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez, bateragarritzat jotzen baitira nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (EBAO, L 193, 2014-07-01). Nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzearekin lotutako inbertsioetarako laguntzei buruzko 17. artikuluaren barruan daude laguntza horiek.

Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez bateragarritzat jotzen baitira nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. (EBAO, L 369 L, 2014-12-24). Arrantzaren eta akuikulturaren produktuak eraldatzeko laguntzei buruzko 42. artikuluan sartzen dira laguntza horiek.

2.– Subsidiarioki, laguntza sektorialei buruzko araudiaren mende egongo dira, Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 1. artikuluan adierazitako laguntza-kategorien esklusioa betetzen bada betiere.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoek Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean zehaztutako aurrekontu-kredituetan izango dute jatorria (28.000.000 euro zehazki).

Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriaz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz. Ez da laguntza berririk emango zenbateko hori agortzen denean, eta gertakari hori publiko egin ondoren jasotzen diren eskabideak ez dira onartuko.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak baliatu ahal izango dituzte honako hauek:

a) Enpresa txiki eta ertainek (ETEak), betiere erauzketako industriakoak, eraldatzaileak, produktiboak eta lotutako zerbitzuetakoak (industriako produktu-prozesuari lotuta) badira eta oinarri teknologikotzat eta/edo berritzailekotzat jotzen badira, bai eta jarduera nagusia industria-enpresetan (Zibersegurtasun Euskal Zentroa – BCSCren zibersegurtasuneko katalogoan erregistratutakoak) IT/ OT (Information Technology / Operational Technology) inguruneetarako zibererasoen aurrean babesteko sistemak bateratzea eta integratzea duten enpresak badira.

b) Enpresa-taldeetako enpresek, betiere haien arteko akzio-partaidetza % 100era iristen bada, eta aurreko lerrokadako ezaugarriak betetzen dituen jarduera egiten badute eta ETEak badira hurrengo apartatuaren definizioaren arabera.

Enpresa txikia eta ertainak (ETEak) honako hauek izango dira: 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

Enpresa txikitzat joko da 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez duena.

Enpresa elkartu edo lotuei dagokienez, langileak eta mugak zenbatzeko orduan, honako artikulu hauek beteko dira: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014, 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 eta 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 Erregelamenduetako (EB) bakoitzaren 4., 5. eta 6. artikuluak.

2.– Honako hauek ezin izango dituzte baliatu agindu honetan araututako laguntzak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-administrazioa eta sektore publikoa osatzen dituzten erakundeek, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 7. artikuluan zehaztutakoaren arabera.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren teknologia-ikerketako erakundeek.

c) Krisialdian dauden enpresek, betiere Krisialdian dauden enpresen salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutako definizioaren arabera (EBAO, C 249, 2014-07-31).

d) Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduan (EB) eta Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 Erregelamenduan (EB) zehaztutako sektoreetako enpresak, baldin eta haien inbertsioek dirulaguntza jasotzen badute nekazaritza eta elikagaigintzako produktuak eta arrantza eta akuikulturatik eratorritakoak eraldatu eta merkaturatzeko laguntza-programen barruan.

6. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– ETEek ekoizpen-zentro bat edo batzuk eduki beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, eta zentro horietan kokatuko dira laguntza jaso dezaketen inbertsioak; gutxienez hiru urtez atxikiko dituzte, halaber.

2.– Eskabidea eginez geroztik, Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak egunean eduki behar dituzte, baita dirulaguntzak itzultzeko obligazioen ordainketak ere.

3.– Nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izan behar dute, eta ez dute inolako debeku edo desgaikuntzarik izango dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin edo erakunde publikoekin kontratatzeko.

4.– Ez dute izan behar Dirulaguntzen gaineko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren) 13.2 artikuluak aurreikusitako beste debekurik.

5.– Ez dira egongo berreskuratze-aginduren baten zain, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legearen aurkakoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi ondoren.

6.– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez dute eduki behar, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoari jarraikiz, edo armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen jarduten delako, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Kartari buruzko Legean (abenduaren 28ko 14/2007 Legea) xedatutakoaren arabera.

Dirulaguntzaren indarraldi osoan eutsi beharko diete betekizun horiei.

7. artikulua.– Oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresak.

1.– Oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresen izaera balioesteko orduan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Irizpide teknologikoak.

• Goi-teknologiako industria-sektoreetan lan egitea. Enpresak zer sektoretan jarduten duen hartuko da kontuan, baita hari lotuta zer sektore dauden ere.

• I+G+B-n inbertsio-maila handia egina izatea. I+G+B-ra eta berrikuntza teknologikora bideratzen diren baliabideak hartuko dira kontuan (aurrekontua, lantaldea, eskarmentua, tresneria, eta abar).

• Jakintza teknologikoa merkaturatzeko moduko produktu edo prozesu berri bihurtzea. Bere sektoreko ezagutza teknologiko maila hartuko da kontuan.

• I+G+B-ko proiektuak ustiatzea. Bere I+G produktu edo prozesu berriak garatzera bideratuta egotea balioetsiko da.

• Teknologia propio babestuta edukitzea. Enpresak dituen patenteak, markak, erregistratutako modeloak eta Know-how izenekoa zehaztu behar dira.

• Teknologia-parkeetan edo enpresa- eta berrikuntza-zentroetan egotea kokatua. Berrikuntza teknologikoko profilaren arabera egokiak diren balioetsiko da.

• Euskal Autonomia Erkidegoko eta hemendik kanpoko eskaintza teknologikoarekin harremana eta horretarako sarbidea izatea (unibertsitate-sailak, teknologia-zentroak, laborategiak, etab.), bai eta lankidetza teknologikoko programak egitea (bezeroa, hornitzaileak, klusterrak).

b) Irizpide berritzaileak.

• Oro har, etengabeko prestakuntzaren, kudeaketako berrikuntzaren eta kalitate-ziurtagiriak lortzearen aldeko apustua. Abian jarritako apustuen deskribapena hartuko da kontuan.

• Enpleguan, esportazioetan, merkatu-kuotan, produktu berrien merkaturatzean eta abarretan kudeaketa egokia ezartzearen emaitza positiboen azterketa.

• Garatu nahi dituzten produktu berrien inbertsio-proiektuaren helburua edo dauden produktuen merkatu berriak adieraztea, berrikuntzaren aldeko apustuari lotuta.

• Nazioartekotze-plana izatea, zeinaren bidez enpresaren produktuak kanpoko merkatuetan sartzeko estrategia eta ekintzak zehazten diren, enpresari interesatzen zaizkion eremuak eta horien periodifikatzea adierazita.

• Berdintasun-plana izatea edo emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko erakunde kolaboratzaileen ziurtagiriak edukitzea, bai eta jazarpen sexistaren aurkako protokoloak, lan- eta familia-bizitza adiskidetzeko neurriak eta abarrak ere, betiere nahitaezkoak ez badira enpresaren ezaugarriak direla eta (hau da, 100 langiletik gorako enpresak, martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua).

• Enpresak bat egitea ingurumenaren, energia-efizientziaren, emisioen murrizketaren aldeko apustuarekin, eta Garapen jasangarrirako helburuak (GJH) betetzen laguntzea (Garapen Jasangarriari buruzko 2030 Agendan onetsi ziren).

• Jardunean honako enpresa- eta berrikuntza-zentro (EBZ) hauetakoren batek gidatuta eta/edo tutelatuta hasiak izatea: Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (BIC Araba), Ezkerraldeko Enpresa Garapeneko Zentroa (BIC Bizkaia Ezkerraldea), Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroa (BEAZ), Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (BIC Gipuzkoa).

• Enpresa-berrikuntzaren dimentsio globala kontuan izatea.

c) Beste irizpide batzuk:

• Informazioaren gizartean sartu eta hura garatzeko estrategia eta ekimena edukitzea, eta bereziki nabarmentzea informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sartzea enpresaren jardueran eta negozio-ereduan.

• Jatorria izatea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren programen barruko ikerketako eta/edo teknologia-garapeneko proiektuetan.

• Oinarri teknologikoa duela eta/edo berritzailea dela frogatzeko azterketan lagun dezakeen beste edozein irizpide azaltzea (ordura arte azaldu ez bada).

2.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakunde laguntzaileak aztertuko eta ebaluatuko du oinarri teknologikoko enpresa edo enpresa berritzailea ote den. Erakunde horrek txostena egingo du, eta organo kudeatzaileari aurkeztuko dio, Industriako eta Trantsizio Energetikoko zuzendariari.

8. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Agindu honi jarraikiz, erakunde laguntzailetzat hartzen dira SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia eta Finantzen Euskal Institutua; betiere, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean (azaroaren 17ko 38/2003 Legea), azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, eta Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Horrez gain, haren kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira, arau honetan jasotako zehaztasunekin, eta ondorio horietarako, lankidetza-hitzarmen egokia izenpetu beharko da.

2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak honako funtzio hauek izango ditu:

a) Hauek hartzea: laguntzaren eskabideak eta laguntzari uko egiteko idazkiak, egin beharreko jarduketak egiteko epearen luzapen-eskabideak eta inbertsioen aitorpena, ezarritako bitarteko telematikoen bidez. Halaber, beharrezkoa bada, hutsak zuzentzeko errekerimendua ere egin beharko da.

b) Dokumentazioa aztertzea eta inbertsioak sailkatzea.

c) Inbertsioen eta bideragarritasun-planaren analisi teknikoak eta ebaluazioa egitea.

d) Inbertsioen eta enpleguaren txosten teknikoa, eta txostena balioespen-batzordeari bidaltzea.

e) Laguntzak emateko eta ukatzeko behin-behineko proposamena.

f) Egiaztagiriak eta ikuskapen-errekerimenduak jasotzea.

g) Ordainketa-proposamena.

3.– Finantzen Euskal Institutuak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Beharrezkoa den finantzaketa ematea, Agindu honetan onartutako laguntza-neurriek eboluzio eta garapen egokia izan dezaten.

b) Erakunde onuradunei onartutako aurrerakin itzulgarriak ordaintzea, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak ordainketak baimentzeko emandako ebazpenetan adierazitako zehaztapenen eta baldintzen arabera, Agindu honen ordaintzeko ebazpenari buruzko 20. artikulua betez.

c) Aurrerakin itzulgarriei lotutako eragiketak espezifikoki kontabilizatzea.

d) Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari jakinaraztea laguntzen kudeaketari dagokionez egoki diren kontu guztiak, alderdiek sinatutako lankidetza-hitzarmenean zehaztutako kudeaketa-datu garrantzitsuenak, hiru hilean behin, bidaliz. Datu horien artean honako hauek egongo dira:

1) Eragiketa hauen balantzea, erregistro-eguna zehaztuta:

– Onuradunei egindako ordainketak.

– Eusko Jaurlaritzaren ordainketen kobrantzak.

– Onuradunen itzultzeen kobrantzak.

– Aurreko eragiketa bakoitzaren ondorengo saldoa.

2) Deialdiaren finantza-zorpetzearen bidez sortutako interesen likidazioaren kalkulua.

3) Deialdiaren kudeaketa dela-eta sortutako komisioen likidazioaren kalkulua.

4) Onuradun bakoitzeko, hauen erregistro banakatua: ordainketen, itzulketen eta gorabeheren datena, batez ere, onuradunek muga-egunaren ondoren amortizatu gabeko zenbatekoena.

e) Urtean behin likidazioa egitea, aurreko atalean adierazitako kudeaketa-datu garrantzitsuenak jasota.

f) Itzulitako zenbatekoak eta –hala dagokionean– haien interesak jasotzea, eta haiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira transferitzea urtero, Finantzen Euskal Institutuak Gauzatu-Industria 2021 programa gauzatzeko bere gain hartutako zorpetzea ezereztutakoan.

g) Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Eusko Jaurlaritzako organo egokiek (Ekonomia Kontroleko Bulegoa eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila) laguntzen kudeaketaren gainean egiaztapen-ekintzarik eginez gero, horiei men egitea.

4.– Agindu honetan arautzen diren laguntzak kudeatzen laguntzeko erakunde laguntzaileek ezinbestean bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 15. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko araudietan ezartzen zaizkien betebeharrak eta erantzukizunak.

9. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak dira:

1.– Emandako laguntza onartzea. Ildo horretatik, baldin eta enpresa onuradunek ez badiote horri berariaz, eta idatziz, uko egiten, onartutzat hartuko da; halere, laguntzari uko egin ahal izango diote inbertsioa amaitu aurreko edozein unetan, betiere Administrazioak ez badu oraindik ordainketarik egin.

2.– Eman duten xederako erabiltzea laguntza, eta hitzartutako inbertsioa eta enplegu-sorrera egin dela bete eta justifikatzea.

3.– Sortutako enpleguari eusteko eta inbertsioa exekutatzeko epearen barruan, eskatzen dien informazio osagarri oro igortzea organo kudeatzaileari, bai eta gertatzen diren aldaketak ere, Administrazioak inbertsioen garapen eta gauzatzeari dagokionez egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izan ditzan.

4.– Inbertsioei lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan edukitzea, bost urtez.

5.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, programa honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.

6.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

7.– Enpresak laguntza ilegitimorik badu, Europako Batzordeak dirulaguntza eman ostean erabaki negatiboa hartu duelako eta, ondorioz, itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez badu, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

8.– Beren gain hartzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten edo haren laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezarritako betebeharrak, bai eta honako hauek adierazitakoak ere: martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuak, enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presako neurrienak, eta urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuak, emakumeen eta gizonen arteko ordainsari-berdintasunari buruzkoak.

9.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia ematea, eta horretarako, ageriko toki batean diruz lagundutako inbertsioa dela aipatzea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren logo korporatiboa jasota.

10.– Eman den laguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, haien bidezkotasunari buruzko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

11.– Enpresak ez deslokalizatzea. Enpresa onuradunaren ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eramatea ulertuko da deslokalizazio gisa.

12.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

10. artikulua.– Zer inbertsio lagun daitezkeen diruz.

1.– Erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen barruan egindako inbertsioek jaso ahal izango dute laguntza, eskabidea eta/edo aurre-eskabidea egin ondorengo 24 hilabeteko epean, halakorik aurkeztuz gero.

2.– Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da enpresaren aktiborako aktibo finkoak eskuratzea, baldin eta honako betekizun hauek betetzen badira:

a) Kategoria hauetako bateko aktiboak izatea, Kontabilitate Plan Orokorreko (azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotakoa) epigrafe hauetako definizioaren arabera:

203. Jabetza industriala eta patenteak.

206. Informatika-aplikazioak.

210. Lurrak eta ondasun naturalak.

211. Eraikuntzak.

212. Instalazio teknikoak.

213. Makinak.

214. Tresneria.

215. Bestelako instalazioak.

217. Informazioa prozesatzeko ekipamenduak.

«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, dirulaguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehieneko zenbateko hori gaindituz gero, gehiegizko inbertsioa ez da diruz lagun daitekeen inbertsiotzat hartuko, baina bai inbertsio onartutzat, ordea, Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzeko.

Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren helburu soziala den jarduerarekiko.

Aktiboen preziotzat joko da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.

b) Lehendabizikoz erabiliak izatea edo jardueran hastea, lehendik erabilitako eraikinak eta bestelako eraikuntzak eskuratzeari dagokionez izan ezik, horiek berritzat hartuko dira eta.

Diruz laguntzeko modukotzat hartuko da, halaber, konkurtso-prozedura fasean dagoen establezimendu baten aktiboak eskuratzea, edo aktibo horiek eskuratu ez balira fase horretan sartuko zen establezimenduaren aktiboak eskuratzea. Loturarik gabeko hirugarren pertsonei eskuratuko zaizkie aktiboak, eta eragiketa merkatuko baldintzetan egingo da.

c) Gutxienez hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta gutxienez hiru urte irautea enpresaren aktiboan.

d) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak berariaz jaso dezala kontratua amaitzean hura erosteko aukera, dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat har dadin; baita kontratua gauzatzeko konpromisoa ere, bi alderdiek sinatua.

e) Aktiboak, oro har, ez egotea inori lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.

f) Oro har, enpresa eskatzaileak berak edo enpresa elkartuek zein lotuek egindakoak ez izatea, betiere Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera, zeina mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzeari buruzkoa baita (edonola ere, haien balioa ez da sekula izango hartzen dituzten kanpo-kontsumoena baino handiagoa).

g) Enpresa onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu behar dira dirulaguntza jaso dezaketen aktibo ez-materialak; aktiboaren elementu amortizagarritzat joko dira; hirugarren pertsona bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan, eta gutxienez hiru urtez egongo dira enpresaren aktiboan.

3.– Enpresa talde bateko enpresek (hau da, guztien artean akzioen % 100eko partaidetza duten enpresak) egindako inbertsioak, baldin eta beren prozesuak lotuta badaude industria-, erauzketa-, eraldaketa-, produkzio-jarduera berari eta horiei lotutako zerbitzuen jarduerari (industriako produktu-prozesuari lotuta).

4.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioen berri eman beharko zaio beren-beregi Industria Sailari, Batzordeak 2014ko ekainaren 17an Salbuespenei buruz emandako 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera (mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioei buruzkoa), eta, bestalde, kanpo-auditoretzetan oinarrituta baloratuko dira.

5.– Ez da diruz lagun daitekeen inbertsiotzat hartuko:

a) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenak.

b) Ordezkapen-inbertsioa.

6.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 31. artikuluan eta haren Erregelamenduko 83. artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi duena) xedatutakoaren mende egongo dira diruz lagun daitezkeen inbertsioetako gastuak. Haiek azpikontratatzen badira, Lege horren 29. artikuluan eta haren Erregelamenduaren 68. artikuluetan agindutakoaren arabera zuzenduko dira.

7.– Laguntza-eskabidea aurkeztu aurretik eginiko inbertsioak diruz laguntzeko modukotzat hartuko dira, baldin eta laguntzaren ondorio bultzatzailea bermatzen bada.

Horretarako, eskabidea aurkeztu aurretik egindako inbertsioak kontuan izango dira, baldin eta erakunde eskatzaileak, inbertsioak hasi aurretik, laguntzaren aurre-eskabide bat idatziz aurkeztu badu, Batzordearen salbuespenei buruzko erregelamendu orokor hauetako bakoitzaren 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera: 651/2014, 2014ko ekainaren 17koa; 702/2014, 2014ko ekainaren 25ekoa, eta 1388/2014, 2014ko abenduaren 16koa. Aurre-eskabideak honako informazio hau jasoko du:

a) Enpresaren izena eta neurria.

b) Egin beharreko inbertsioen deskribapena (hasi eta amaitzeko egunak barne), eta haien kokapena.

c) Proiektuaren kostuen zerrenda.

d) Eskatutako laguntza mota (aurrerakin itzulgarria).

e) Hura egiteko behar den finantza publikoaren zenbatekoa.

Kasu horretan, deialdiaren epea ireki ondoren, interesdunak behin betiko eskabidea aurkeztu beharko du agindu honen 16. artikuluan (eskabidea eta epea) eta 18. artikuluan (aurkeztu beharreko dokumentazioa) adierazten dena kontuan hartuta.

11. artikulua.– Kontuan hartu beharreko enplegua.

1.– Enplegua sortzeko konpromisoa eta, hala badagokio, hasierako plantillari eustea balio garbietan neurtuko dira, enpresak aurkeztutako kotizazioen likidazioaren ordainagiria aintzat hartuta.

2.– Ondorio horietarako, egun dauden enpresen kasuan, hasierako plantilla kalkulatzeko, honako aukera hauetatik handiena hartuko da abiapuntu gisa:

a) Deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteetako batez besteko aritmetikoa.

b) Deialdia argitaratu aurreko 36 hilabeteetan plantillak izan duen bilakaeratik ondorioztatzen den batez besteko aritmetikoa, behar bezala justifikatuta eta enplegu-galera esanguratsuak egiaztatzen badira.

3.– Hasierako plantillari eutsi izana eta/edo sortutako enplegua justifikatuko dituzte emateko ebazpenean ezarritako denbora-horizontea amaitzen denean eta/edo inbertsioen azken adierazpena aurkeztearekin batera.

4.– Enpresa taldeei dagokienez, hasierako plantillari eutsi izana edo, hala badagokio, sortutako enpleguaren justifikazioa eta jarraipena talde mailari buruzkoak izango dira, enpresa nagusia eta oinarri teknologia duten edo/eta berritzaileak diren taldeko enpresak baino ez dira kontuan hartuko, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta badaude eta proiektuan zehaztutako industria-jarduera bera egiten badute.

5.– Hasierako plantillari zein sortutako enpleguari eutsi egin beharko zaie enpresa onuradunean, gutxienez hiru urtez, enplegua sortu den egunetik edo denbora-horizontea (luzapenak barne) amaitzen denetik zenbatzen hasita.

Enplegua sortzeko hartutako konpromisoaren gaineko jarraipena eta, egoki bada, hasierako plantillari eusteko jarraipena batez besteko aritmetikoen bitartez justifikatu ahal izango dira, oinarritzat hiru urteko epea harturik, erakunde onuradunarekin betebeharrak eta eskubideak dauden bitartean.

12. artikulua.– Laguntza itzulgarrien ezaugarriak.

1.– Eskabidean, edo aurre-eskabidean, halakorik balego, adierazitako aldian egin beharreko inbertsioen araberako aurrerakin itzulgarriak izango dira laguntzak, betiere 2021eko deialdi honen urtean hasiak badira.

2.– Laguntzak oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresentzat badira, baldin eta 5. eta 7. artikuluetako betekizunak betetzen badituzte, eta, gutxienez, 120.000,00 euroko inbertsio onartua aurkezten badute (10.2 artikuluan ezarritako kontabilitate-epigrafeen arabera neurtuko da), eta inbertsio horrek, gainera, enpleguari eustea eta/edo enplegua sortzea badakar, 24 hilabeteko gehieneko aldian inbertsioak hasten direnetik.

3.– Laguntzak itzultzeari buruzko 21. artikuluan ezarritakoaren arabera itzuliko dituzte laguntzak.

4.– Eman beharreko aurrerakin itzulgarriak diruz lagun daitekeen inbertsioaren % 35 izango dira gehienez, 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Aurrerakinak 200.000,00 euro izango dira gehienez sortutako enpleguagatik, eta 150.000,00 euro gehienez enplegua eusteari dagokionez. Ezin izango dira, inola ere, 1.500.000,00 euro gainditu.

13. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak.

Erakunde onuradun bakoitzari eman beharreko laguntza itzulgarriak zehazteko, honako intentsitate hauek aplikatuko dira diruz lagun daitekeen inbertsioaren gainean (intentsitateak aldatuko dira enpresaren neurria zein den eta oinarri teknologikotzat eta/edo izaera berritzailekotzat hartzen den).

(Ikus .PDF)

14. artikulua.– Laguntzen bateragarritasunak eta laguntzak metatzea.

Deialdi honetan jasotzen diren laguntzak bateragarriak izango dira xede bererako beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek ematen dituztenekin, baldin eta laguntza guztiak batera ez badute gainditzen Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014, 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 eta 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 Erregelamendu Orokorren 8. artikuluan ezarritako muga. Laguntza horien berri eman beharko zaio Industria Garatzeko Zuzendaritzari.

15. artikulua.– Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabidea eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Enpresa taldeei dagokienez, enpresa nagusiak aurkeztuko du eskabidea, eta, enpresa bakoitzari dagokionez, inbertsioa eta sortu beharreko enplegua zehaztuko ditu, betiere Agindu honen 5. eta 11. artikuluen baldintzak betetzen badituzte.

2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, egoitza elektroniko honetara jo beharko da: https://www.euskadi.eus/servicios/0091209. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentuak aurkezteko eta eskabidearen osteko izapideak –jakinarazpenak barne– helbide berean egingo dira.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Eusko Jaurlaritzako ordezkarien erregistrora egoitza elektronikotik sar daiteke, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

3.– Behar bezala beteta aurkeztu beharko da eskabidea –bakarra izango da enpresak edo enpresa taldeak egitea aurreikusten dituen jarduketa guztietarako–, eta, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinaduraz gain, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

4.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, dirulaguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak badauzkan indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zein datatan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren.

6.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, programa horrek kudeatzen dituen organoak, salbu eta modu arrazoituan aurka agertzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean ezarritakoarekin bat etorriz, eta, orduan, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du.

7.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak beste edozein agiri eta/edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

8.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etan; amaitu, berriz, 2021eko urriaren 15eko 12:00etan amaituko da.

16. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Enpresa, edo enpresa talde, eskatzaileak eskabide bat bete beharko du bitarteko elektronikoak erabiliz laguntzaren aurre-eskabideaz gain, halakorik aurkeztu badu. Eskabide horrek, Agindu honen 10.7 artikuluaren arabera, honako hauek jasoko ditu:

a) Eskatzaileak edo, hala badagokio, enpresa taldeko enpresa bakoitzak egin beharreko inbertsioen memoria xehatua, eta bertan sartuko dira industria-plana, enpresaren plan ekonomiko-finantzarioa, lan-plana eta horretarako epeak. Era berean, enpresa oinarri teknologikokoa eta/edo berritzailea dela frogatzen duten agiriak erantsi beharko dira.

b) Enpresako plantillaren eboluzioa jasotzen duen azken hiru ekitaldi ekonomiko naturalei buruzko memoria zehatza, urteka zehaztuta eta sexua bereizita, eta deialdi hau argitaratu aurreko 12 hilabeteetako kotizazioen likidazioaren ordainagiria.

c) Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak, edo hala badagokio, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarenak, edo azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan aurkeztutako urteko kontuak eta agiri gehigarriak.

d) Eratzeko eskritura, enpresa sortu berria bada soilik, identifikazio fiskaleko txartela eta eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, betiere horiek ez badaude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esku eta aldaketarik ez bada egon (Ordezkari baten bidez elektronikoki izapidetuz gero, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako ordezkarien erregistroan inskribatu beharko da, honako helbide honen bitartez: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/).

e) Eskatzailea enpresa txiki edo ertaina dela frogatzen duten agiriak (Europar Batasuneko araudiaren araberako ETEaren kalifikazioari jarraikiz), hau da: enpresako eta, egoki bada, harekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako urteko enplegu-datuak, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Enpresa-taldearen datu orokorrak ere aurkeztu behar dira, eta horien barruan talde osoaren antolamendu-eskema bat egongo da, partaidetzak eta enplegu-datuak, ustiapen-zifra eta balantzea jasota (laguntza eskatu aurreko bi ekitaldietakoak).

f) Ekonomia-jardueren gaineko Zergan alta emanda egoteari buruzko dokumentua.

g) Erantzukizunpeko adierazpena –datu-faltsutzerik gertatuz gero, indarreko zehapen-araubidearen mende geratuko da, dela administratibo dela penal– alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:

• Enpresa eskatzaileak laguntzaren deialdi-aginduan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

• Enpresa ez dela ari armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen; betiere, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

• Inbertsio berberetarako, beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu zaizkien eta/edo haiengandik jaso diren laguntzak adierazi dituela.

• Enpresa eskatzaileak ez duela jaso dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik, eta ez duela horretarako desgaitzen duen legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

• Enpresa eskatzailea ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean.

• Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

• Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo duelako, eta ez dela krisialdian dagoen enpresa bat, finantzarioak ez diren enpresak laguntzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko erkidegoko jarraibideen arabera (EBAO, 2014/C 249/01).

• Enpresa eskatzaileak enpresaren deslokalizazioa ez egiteko konpromisoa hartzen duela, dirulaguntza ematen den datatik hura osorik itzuli arte.

• Enpresa eskatzaileak ez duela Dirulaguntzen gaineko Lege Orokorraren 13.2 artikuluak ezarritako beste debekurik.

17. artikulua.– Eskabideak aztertzea.

1.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, erakunde laguntzaileei buruzko 8. artikuluak esleitzen dizkion funtzioen arabera.

2.– Eskabidean akatsak badaude, behar bezala beteta ez badago edo harekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak enpresa interesdunari eskatuko dio 10 eguneko epean hutsak konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko dio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, aldez aurretik, Industriako sailburuordeak ebazpena emango du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legea) xedatutakoa betez.

3.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak honako hauek ebaluatuko ditu: egin beharreko inbertsioak eta enplegua, negozio-plana eta, egoki bada, oinarri teknologikokoa duen eta/edo berritzailea den.

4.– Eskabideak aztertu ondoren, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak txosten tekniko bat egingo du, honako hau barnean jasota: onartutako aurrekontua, egiteko epea eta oinarri teknologikoa duen eta/edo berritzailea den egindako balioespena, eta txosten hori laguntzak kudeatzen dituen organoari bidaliko dio. Azken horrek, txostena ikusita, dirulaguntza emateko proposamena egingo dio Industriako sailburuordeari.

18. artikulua.– Laguntzak emateari buruzko ebazpena.

1.– Eskabideek Aginduan eskatutako betekizunak betetzen dituztela egiaztatuta, hurrenkerari jarraikiz emango dira, espedienteak osatzen direnez geroztik. Ez da laguntza berririk emango 4. artikuluan adierazitako zenbateko hori agortzen denean, eta gertakari hori publiko egin ondoren jasotzen diren eskabideak ez dira onartuko.

2.– Industriako sailburuordea izango da betekizunak betetzen dituzten eskabideei laguntzak emateko ebazpenak emateko organo eskuduna, bai eta haiek urratzen dituztenak ukatzekoak ere.

3.– Dirulaguntzak emateko ebazpenean aurkeztutako inbertsioaren zenbatekoa, diruz lagun daitekeen inbertsioarena eta emandako laguntzaren zenbatekoa jasoko dira. Horri eranskin bat gehitu zaio, eta horren barruan berariaz jasoko dira aurkeztutako inbertsio-plana, onetsitako inbertsio-plana, diruz lagun daitekeen inbertsioa, sortu beharreko enplegua eta emandako laguntzaren zenbatekoa, bai eta Gauzatu-Industria 2021 programaren prozeduraren jarraibideak izeneko agiria ere.

Enpresa taldearen kasuan, administrazio-ebazpenak onartu den inbertsio-plana jasoko du; era berean, diruz lagun daitekeen inbertsioa eta emandako laguntza zehaztuko ditu, enpresa bakoitzaren kasuan. Enpleguaren sorrera edo hari eustea taldearen mailan neurtuko da, enpresa nagusia eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden taldeko enpresak aintzat hartuta, betiere oinarri berritzailea eta/edo teknologikoa badute eta haien prozesuak proiektuan zehaztutako industria-jarduera berari lotuta badaude.

Ukatuz gero, zergatik ukatu diren adierazi beharko da.

4.– Emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, hiru hileko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 121. eta 122. artikuluek xedatzen dutenarekin bat.

5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie enpresa interesdun bakoitzari, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalaren bitartez egingo da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian erakunde onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa argitaratuko dira urtean behin, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

6.– Enpresa onuradunei Agindu honetan araututako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako mota bereko laguntzekin edo dirulaguntzekin lotuta abian jarritako edozein itzultze- edo zigor-prozedura amaituta egotea.

7.– Ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, aldi baterako esparruak ezartzen duen bezala. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko dute enpresa interesdunek, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaz onartua) 51.9 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ezertan eragotzi gabe eskatutako laguntzari dagokionez administrazioak eman behar duen berariazko ebazpena.

19. artikulua.– Aurrerakin itzulgarria ordaintzeko ebazpena.

1.– Enpresa onuradunak honako dokumentu hauek bete eta aurkeztu beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» bidez (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/):

a) Egin diren inbertsioen aitorpena; horretan berariaz adieraziko da, halaber, laguntza eman ondoren, ez duela berreskuratzeko agindurik, laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazten duen Europar Batasuneko Batzordearen erabaki baten ondorioz.

b) Inbertsioen zerrenda sailkatua, eta bertan alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, zer datatan eman den, eta, hala badagokio, ordainketa-data.

c) EAEko Administrazioari ez bazaio baimentzen zuzenean eska diezaien kasuan kasuko organoei, enpresak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak:

• Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen agiria, digitalki sinatua.

• Zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria, digitalki sinatua.

d) Eskatzailea kooperatiba bat bada, Lagun Aro BGAErekin ordainketa egina duela egiaztatzen duen ziurtagiria eta mutualisten zerrenda.

e) Kotizazioen likidazioaren ordainagiri eguneratuak, laguntzaren ordainketa-eskaeraren datara.

f) Leasinga badago, kontratua, faktura eta bi alderdiek sinatutako erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa.

g) Sozietateen gaineko zerga edo PFEZ edo azken ekitaldiko urteko kontuak (halakorik ezean, auditoretza-txostena).

h) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza, haien zenbatekoa eta jatorria adierazita.

i) Itzultzeko betebeharra dela-eta egindako diru-sarreren ordainketa-gutuna, halakorik balego.

2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak aitortu eta aurkeztutako inbertsioak ikuskatzeko eskatuko die Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industria Administrazioko lurralde-ordezkaritzei.

Enpresa onuradunak honako hau jarriko du ikuskapen-zerbitzuaren esku:

• Egin eta aurkeztutako inbertsioak egiaztatzen dituzten jatorrizko fakturak, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gain, hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZ banakatua) eta ordaintzeko data adierazita.

• Leasinga badago, aurreko puntuan eskatutako agiriak: kontratua, faktura eta bi alderdiek sinatutako erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorreko (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 30. artikuluan eta hurrengoetan eta hura garatzeko araudietan xedatutakoa betetze aldera behar diren agiriak eta informazio osagarria eskatu ahal izango dira.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, ikuskapenaren ziurtagiria jasotakoan, enpresak aurreko puntuan aipatutako alderdiak betetzen dituela egiaztatuko du, aurrerakin itzulgarriaren ordainketa likidatzeko proposamenari buruzko txostena egingo du, eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari igorriko dio.

3.– Enpresa onuradunak hiru hilabete izango ditu inbertsioen azken aitorpena aurkezteko, inbertsioak egiteko ezarritako denbora-horizontearen epea amaitzen denetik hasita.

Epe hori amaitu ondoren, aitorpen hori aurkeztu ezean, ordura arte aitortu eta aurkeztutako inbertsioak ikuskatzeko eskatuko dio SPRIk Saileko dagokion Industria Administrazioaren lurralde-ordezkaritzari.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, ikuskapena egindakoan, dagokion lurralde-ordezkaritzak aurreko atalean aipatutako inbertsioak ikuskatuta, justifikatu eta ikuskatutako inbertsioei dagokien laguntza itzulgarriaren azken likidazioaren proposamen-txostena egingo du, eta organo kudeatzaileari igorriko dio.

4.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak, laguntzen organo kudeatzaile gisa, egokiak diren aurrerakin itzulgarriak (guztia edo zati bat) ordaintzeko ebazpenak emango ditu.

Aurrerakin itzulgarriak, oro har, urtean bitan ordainduko dira, justifikatutakoaren arabera, eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela eta ez duela itzultzeko ebazpen baten ondoriozko zorrik egiaztatu ondoren.

5.– Ebazpen hori Finantzen Euskal Institutuari igorriko zaio, azken horrek, Agindu honen 8. artikuluan esleituta dituen eginkizunen barruan, aurrerakin itzulgarriaren finantzaketa antola dezan eta bertan adierazitako zenbatekoa ordain dezan. Ebazpena enpresa onuradunari jakinaraziko zaio, halaber.

6.– Programa honen barruan emandako laguntzaren ordainketa ez da gauzatuko, baldin eta enpresak laguntza ilegitimorik badu, Europako Batzordeak dirulaguntza eman ostean erabaki negatiboa hartu duelako eta, ondorioz, itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez badu. Ez-betetzeari eta dagokion itzulketari buruzko espedientea hastea ekarriko du egoera horrek.

20. artikulua.– Laguntzen itzulketak.

1.– Aurrerakinen itzulketek izaera finkoa izango dute, eta aldian-aldian itzuliko dira Finantzen Euskal Institutuaren kontu batean, ondoz ondoko bost urtean.

2.– Itzulketak honela egingo dira:

a) Dirulaguntza emateko ebazpenean inbertsioak egiteko ezarritako denbora-horizontearen epea amaitu ondoren, urtebeteko gabealdia izango dute enpresek itzulketak egiten hasi aurretik.

b) Urtebeteko gabealdiaren ondoren egingo da lehen itzulketa; hau da, dirulaguntza emateko ebazpenean adierazitako denbora-horizontea amaitzen den ekitaldiaren ondorengo 2. urtean.

c) Gainerako itzulketak ondoz ondo egingo dira, bosgarren urtea bete arte.

3.– Jasotako laguntzaren bosten bat izango da urteko bakoitzean itzuli beharreko zenbatekoa, eta bi itzulketa egingo dira urteko bakoitzeko; alegia, zenbateko osoaren % 50 ordainduko da haietako bakoitzean, bata otsailean, eta bestea, uztailean.

4.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak likidazio-txosten bat egingo du urtero, ekitaldi bakoitza amaitzean, eta Administrazioaren alde edo kontra dauden aldeak jasoko ditu bertan, bai eta, hala badagokio, dagozkion interesak ere.

Sortutako hurrengo itzulketan erregularizatuko dira aldeak.

Azken likidazioan antzemandako aldeak sortzen den hurrengo itzulketak erregularizatuko dira.

Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) xedatutakoaren arabera.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak agindu honetan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan nahiz laguntzak emateko ebazpenean (hala badagokio) ezarritako baldintza eta beharkizunen bat betetzen ez badute, organo eskudunak, ez-betetzeari buruzko espedientea egin eta interesatuari entzun ondoren, interesdunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du administrazio-ebazpen bidez eta, hala badagokio, jasotako laguntzak itzuli beharko dizkio Finantzen Euskal Institutuari. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Laguntza ematea eragin zuten helburuak guztiz eta nabarmenki ez betetzeak –jarraipen– eta kontrol-baliabideen bidez zehaztuko da hori–, laguntza oso-osorik itzularazteko kausa izango da, eta horrela badagokio, jasotzeke dauden kopuruak kobratzeko eskubidea eta laguntzaren onuradun izaera bera ere galduko dira.

Ez-betetzeen artean honako hauek daude:

a) Ez gauzatzea agindu honetako 10. eta 11. artikuluetan ezarritako minimoak; enpleguari eta inbertsioei buruzkoak dira artikulua horiek.

b) Urteko bakoitzean sortutako itzulketak ez egitea.

c) Inbertsioak beste eraren batean desbideratzea, edo ez betetzea laguntzak emateko ebazpenean ezartzen den beste edozein betebehar.

d) Programa honek babestutako inbertsioen deslokalizazioa.

e) Laguntzen justifikazioari dagokion dokumentazioa ez aurkeztea.

3.– Laguntza ematea eragin zuten helburuak partzialki ez betetzeak dagokion dirulaguntzaren zatia itzularaztea eragingo du, interesak barne, baita jasotzeke dauden kopuruak kobratzeko eskubidea galtzea ere.

4.– Ez da ez-betetzeari buruzko espedienterik hasiko, baina aldatzeko espedientea bai, eta, egokia bada, dagokiona itzultzeko espedientea, honako kasu hauetan:

a) Inbertsioak egiten ari diren bitartean enpresak ETEa izateari uzten badio, likidazio bat egingo da, eta ETEa izateari utzi dion unera arteko inbertsioak baino ez ditu kontuan hartuko likidazio horrek. Une horretatik aurrera proiektua amaitutzat emango da, eta, hala badagokio, jasotako kopuruak itzultzeko prozedurak aplikatuko dira, laguntzak itzultzeari buruzko 21. artikuluan adierazitako eran.

b) Agindu honen babesean sortutako enpleguari 3 urtez eutsi ezean, deialdiaren dirulaguntza garbi baliokidea galtzea ekarriko du horrek, enplegu-sorrerari dagokion zatiari aplikatuta.

c) Hasierako plantillari eutsi ezean, dirulaguntza garbi baliokidea itzultzea eragingo du horrek. Aurreko artikuluan xedatutako azken itzulketaren ondoren egingo da itzulketa hori, seigarren urteko otsailaren azken eguna baino lehen beti.

5.– Jasotako zenbatekoak eta egoki diren berandutza-interesak itzuli behar izango dira, halaber, honako hauetan ezartzen diren kasuetan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 53. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko Legearen (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 37. artikulua.

6.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari dagokio ez-betetzeari buruzko espedientea hastea, eta Industriako sailburuordeari, hura ebaztea.

7.– Erakunde onuraduna konkurtso-prozedura batean baldin badago, Administrazioak lehentasuna izango du –kasuan kasu aplika daitezkeen xedapenek aitortzen diotena– eman dituen laguntza itzulgarriak berreskuratzeko.

22. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetako bat aldatzen bada, edota beste laguntza edo dirulaguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina horretarako, Agindu honek ezarritako betekizunak bete behar dira.

2.– Ondorio horietarako, aldaketak baimendu ahal izango ditu Industriako sailburuordeak, lortu nahi diren helburuak eta haien izaera alde batera utzi ezean betiere, baldin eta erakunde onuradunak aldaketa horiek Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari aurretik eskatu badizkio eta guztiz arrazoitu baditu gauzatzeko epea amaitu baino lehen.

Horretarako, Industriako sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako laguntzen zenbatekoak eta/edo epeak egokitzeko.

3.– Ildo horretatik, laguntzak eman zituen administrazio-organoak honako hau eman ahal izango du:

a) Egin beharreko inbertsioak gauzatzeko luzapena, enpresa onuradunak aurretik eskatu eta arrazoitu ondoren. Gauzatzeko epea, gehienez ere, gabealdiko urteko abenduaren 31ra arte luzatuko da, itzulketak hasi aurretik. Dagokion laguntzaren ordainketa atzeratzea ekarriko du horrek, betiere enpresak alegatutako arrazoiek horrela justifikatzen badute.

b) Enplegua sortzeko eta, hala badagokio, plantillari eusteko luzapena, enpresak proposatuta (ezarritako denbora-horizontea amaitu aurretik) edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta. Gauzatzeko epea, gehienez ere, itzulketen bigarren urteko abenduaren 31ra arte luzatuko da.

4.– Aldaketa horiek ez dute ekarriko, baina, emandako laguntza itzulgarriaren zenbatekoa handitzea, ezta laguntza emateko ebazpenean itzulketarako ezarri ziren baldintzak eta datak aldatzea ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 16a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala