Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2021eko ekainaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
3668

154/2021 DEKRETUA, ekainaren 22koa, zeinaren bidez ezartzen baita Elikagaiak Merkaturatzeko teknikariaren tituluari dagokion curriculuma.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsulta egin ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, Lanbide Heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, bai eta titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia Jasangarriaren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia Jasangarriaren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak –zeinaren bidez aldatzen baitira Lanbide Heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa– ekonomia lehiakorrago eta berritzaileago bat, produkzio-sektore tradizionalak berrituko dituena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarako bidea zabalduko duena, sustatzeko eta bizkortzeko behar ziren hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte.

Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da Lanbide Heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako jarraibideak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.

Titulu horien lanbide-profila errege-dekretu horren 7. artikuluan zehazten da, barnean sartzen direla konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak eta, hala behar denean, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-unitateak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat hartuko du barnean, gutxienez, helburua delarik Lanbide Heziketako tituluek eraginkortasunez erantzutea produkzio-sistemaren beharrei eta herritartasun demokratikoa gauzatzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei.

Bestalde, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren 2. apartatuan xedatzen da hezkuntza-administrazioek ezarriko dituztela Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak, errege-dekretu horretan bertan eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatzen direnak errespetatuz.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen da ezen, «Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko, irakaskuntza Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena dela, bere zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, kalterik egin gabe Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritakoari eta hura garatzen duten Lege Organikoei, eta haren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi-inspekzioari».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak hezkuntza-sistemaren barruan Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako. Eta 4/2018 Legea, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzkoa, bere helburua Lanbide Heziketako Euskal Sistema antolatzea eta arautzea dena.

Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da, Elikagaiak Merkaturatzeko teknikariaren tituluari Lanbide Heziketako irakaskuntzan dagokion curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, betiere apirilaren 6ko 189/2018 Errege Dekretuaren babesean, hark ezartzen baititu Elikagaiak Merkaturatzeko teknikariaren titulua eta curriculumaren oinarrizko alderdiak.

Elikagaiak Merkaturatzeko teknikariaren titulu honen curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila, hura osatzen duten kualifikazioak eta konpetentzia-unitateak, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak; eta, bestetik, titulu horren helburu orokorrak eta lanbide-moduluak ezartzen dituzten ikasgaiak, hala nola haietako bakoitzari dagozkien ikaskuntza-emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, barne direla horiek guztiak antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak.

Profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik eratorri diren helburu orokorrek ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dituzte, eta haiek dira lehenengo iturria eratortzeko heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleek bereganatu beharreko ikaskuntza-emaitzak.

Modulu bakoitzean adierazten diren edukiak dira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren euskarriak, eta horien bidez eskuratuko ditu ikasleak, bai trebetasun eta abilezia teknikoak, bai etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptu-oinarri zabala, eta, orobat, lortu nahi den kualifikazioarekin koherentea izango den nortasun profesionala islatuko duten portaerak.

Dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoa aintzat hartuta, eta Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2021eko ekainaren 22an egindako bilkuran eztabaidatu eta ontzat eman ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRA

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Dekretu honek Lanbide Heziketako irakaskuntzako Elikagaiak Merkaturatzeko teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegorako.

2.– Ikastetxeari dagokio, pedagogia zein antolamendu aldetik duen autonomiaren baitan, bere curriculum-proiektua ezartzea, eta proiektu horretan erabakiko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna, eta halaber, lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak.

3.– Ikastetxearen curriculum-proiektuaren markoan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari, eta zehazki irakasle bakoitzari, dagokie programazioak prestatzea, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan hartuta, lanbide-modulu bakoitzean jasotzen diren ikaskuntza-emaitzak eta edukiak errespetatuz, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profilaren euskarrian oinarrituta.

II. KAPITULUA
TITULUAREN IDENTIFIKAZIOA ETA LANBIDE-PROFILA

2. artikulua.– Tituluaren identifikazioa.

Elikagaiak Merkaturatzeko teknikariaren titulua osagai hauek identifikatzen dute:

– Izena: Elikagaiak Merkaturatzea.

– Maila: Erdi-mailako Lanbide Heziketa.

– Iraupena: 2.000 ordu.

– Lanbide-arloa: Merkataritza eta Marketina eta Ostalaritza eta Turismoa.

– Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-3b.

3. artikulua.– Lanbide-profila.

1.– Titulu honen konpetentzia orokorra da, funtsean, merkataritza-jarduerak aurrera eramatea, zuzeneko zein online elikagai-saltegietan, tartean direla merkataritza-planifikazioa, elikagaiak biltegiratu, banatu eta ondoren berriak ekartzeko logistikaren kudeaketa, elikagai galkorren eta ez-galkorren salmenta-sekzioen gainbegiraketa edota bezero edota hornitzaileekiko arreta komertziala, besteak beste; betiere kalitate-irizpideei jarraikiz, eta arriskuen prebentzioari, elikagaien segurtasunari eta kontsumitzailearen babesari buruzko araudia beteta.

2.– Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

Hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

a) Elikagai-saltegi txiki bat sortzeko eta abian jartzeko bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioaren azterketa egitea.

b) Ekintza administratiboak, komertzialak eta fiskalak gainbegiratzea, eta diruzaintza planifikatzea, elikagaien zuzeneko zein online saltegi txiki bat kudeatzeko indarreko araudiaren arabera.

c) Elikagai-saltegi txikien jarduketa komertzialaren ildo nagusia zehazteko negozio-planean ezarritako helburu estrategikoak aplikatzea eta protokoloak ezartzea.

d) Salmentak sustatzeko eta bezeroak fidelizatzeko, elikagai-saltegiaren marketin-planen estrategiak ezartzea.

e) Salmenta sustatzeko, salmenta puntuetan egiten diren apaingarri eta publizitate-euskarrien muntaketa eta elikagai galkorren eta ez-galkorren erakusketa gainbegiratzea.

f) Elikagaien zuzeneko zein online saltegien logistika kudeatzea, enpresa hornitzaileen koordinazioa eta elikagaien horniketa, izakinen kopurua eta banaketa egokiak bermatzeko.

g) Elikagaien manipulazioa eta kontserbazioa haien ezaugarrien arabera gainbegiratzea, baldintza higieniko-sanitarioak, laneko arriskuen prebentzioko baldintzak eta elikadura-segurtasuneko baldintzak bermatzeko.

h) Gainbegiratzea haragi-piezaren, sukaldaritzako erabileraren eta bezeroaren eskaeren arabera zatikatzen direla elikagai freskoak eta elaboratzen direla haragikiak eta arrainkiak, betiere elikagaien kalitate- eta segurtasun-baldintzei jarraikiz.

i) Produktu bakoitzaren ezaugarriei eta bezeroen beharrei egokituta, zuzeneko zein online bidezko arreta komertziala eta elikagaien salmenta gainbegiratzea, kontsumitzailearen babesari buruzko araudia aplikatuta.

j) Elikagaien online saltegi bat koordinatzea eta kudeatzea, marketin digitaleko planetan aurreikusten diren helburuak lortzeko.

k) Elikagaien zuzeneko zein online saltegi txiki baten jarduerari dagokion dokumentazioaren kudeaketa informatikoa, bezeroen beharrei eta eskaerei eta enpresaren helburuei erantzuteko.

l) Bezero, erabiltzaile edo kontsumitzaileekiko harremanak ingelesez kudeatzea eta eragiketen jarraipena egitea, emandako zerbitzuaren maila egokia ziurtatzeko.

m) Produkzio-prozesuen antolamenduaren zein teknologien aldaketen ondoriozko lan-egoera berrietara egokitzea, jakintzak eguneratuz, bizitza osoan ikasteko dauden baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabilita.

n) Dagokion konpetentziaren esparruan erantzukizunez eta autonomiaz jardutea, eta esleitutako lana antolatzea eta garatzea, lan-inguruneko beste profesional batzuekin lankidetzan edo talde-lanean jardunez.

ñ) Bere jarduerari dagozkion gertakariak arduraz konpontzea, horien sorburuak identifikatuz, bere gaitasunaren eta autonomiaren esparruan.

o) Eraginkortasunez komunikatzea, bere lanaren esparruan esku hartzen duten pertsonen autonomia eta konpetentzia errespetatuz.

p) Produkzio-prozesuan laneko arriskuen prebentziorako eta ingurumen-babeserako neurriak eta protokoloak aplikatzea, pertsonen, lan-ingurunearen eta ingurumenaren gaineko kalteak saihesteko.

q) Ekoizpenaren edo zerbitzuak emateko prozesuen barneko jarduera profesionaletan, kalitate-prozedurak, irisgarritasun unibertsalekoak eta «denontzako diseinuak» aplikatzea.

r) Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea.

s) Dagokion jarduera profesionalaren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarreko legerian ezarritakoaren arabera, eta aktiboki parte hartuz bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean.

t) Gizon-emakumeen arteko egiazko berdintasun eraginkorra sustatzea bere lanbidearen eta lanaren esparruan, genero-baldintzatzaileak saihestuz, ikasketa zein laneko ibilbidean.

3.– Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-unitateen zerrenda:

● Lanbide-kualifikazio osoa:

Saltoki txikiak kudeatzeko jarduerak. COM631_2 (889/2011 Errege Dekretua, ekainaren 24koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala osatzen duena, zenbait lanbide-kualifikazio ezarriz, Arte Grafikoetako eta Merkataritza eta Marketineko Lanbide Familiei dagokienez). Honako konpetentzia-unitate hauek hartzen ditu barnean:

UC0239_2: Produktuak eta/edo zerbitzuak merkaturatze-kanal ezberdinen bitartez saltzea.

UC1792_2: Negozio txikietako laneko arriskuen prebentzioa kudeatzea.

UC2105_2: Saltoki txiki bateko salmenta-puntua antolatzea eta animatzea.

UC2104_2: Kalitateko saltegi txiki bat bultzatzea eta negoziatzea.

UC2106_2: Saltoki txikien erantzun- eta hornikuntza-ahalmena bermatzea.

● Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:

a) Salmenta-jarduerak. COM085_2 (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean sartzen diren zenbait lanbide-kualifikazio ezartzen duena, hala nola haiei dagozkien heziketa-moduluak, Lanbide Heziketako Moduluen Katalogora eransten direnak; orobat, otsailaren 1eko 109/2008 Errege Dekretuan argitaratutako aldaketak; Errege Dekretu horren bidez lanbide-kualifikazioen katalogo nazionala osatu zen, zazpi lanbide-kualifikazio ezarriz Merkataritza eta Marketin Lanbide Familiarako):

UC0241_2: Bezero, kontsumitzaile edo erabiltzailearentzako arreta-zerbitzuaren ekintzak gauzatzea.

b) Biltegiak antolatzea eta kudeatzea. COM318_3 (109/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala osatzen duena, Merkataritza eta Marketin lanbide-familian zazpi lanbide-kualifikazio ezarriz):

UC1015_2: Biltegiko eragiketak kudeatzea eta koordinatzea.

c) Sukaldea. HOT093_2 (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean sartzen diren zenbait lanbide-kualifikazio ezartzen duena, hala nola haiei dagozkien heziketa-moduluak, Lanbide Heziketako Moduluen Katalogora eransten direnak; orobat, abenduaren 14ko 1700/2007 Errege Dekretuan argitaratutako aldaketak; errege-dekretu horren bidez lanbide-kualifikazioen katalogo nazionala osatu zen, hamahiru lanbide-kualifikazio ezarriz Ostalaritza eta Turismoa lanbide-familian):

UC0260_2: Era guztietako elikagaiak aurre-elaboratzea eta kontserbatzea.

4. artikulua.– Lanbide-ingurunea.

1.– Titulu hau lortzen duten pertsonek elikagaien merkataritzaren esparruan –zuzenekoa zein online– gauzatzen dute beren jarduera, edozein enpresa edo erakundetan, txikizkako elikagai-dendetan edo azalera handietako elikagaien departamentuetan; beren kontura zein besteren kontura.

2.– Hauek dira eginkizun eta lanpostu aipagarrienak:

– Elikagai-saltegien arduraduna.

– Elikagai-saltegiko sekzio/gela/departamentuko arduraduna.

– Elikagai-saltegi txikien kudeatzailea.

– Elikagaien online saltegien arduraduna.

– Elikagaien aholkulari komertziala.

– Elikagaien saltzailea.

III. KAPITULUA
HEZIKETA-ZIKLOAREN IRAKASGAIAK, ESPAZIOAK ETA EKIPAMENDUAK, ETA IRAKASLEAK

5. artikulua.– Heziketa-zikloaren irakasgaiak.

1.– Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

a) Enpresa-planak prestatzea elikagai-saltegi txikietarako, inguruak negoziorako eskaintzen dituen aukerak, finantzatzeko moduak eta galdatutako legezko eskakizunak balioetsiz, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa aztertzeko.

b) Elikagaien zuzeneko zein online saltegi txikiak kudeatzeko eragiketak egitea, enpresaren ezaugarrien araberako prozedurak aplikatuta eta indarreko araudia beteta, ekintza administratibo, komertzial eta fiskalak gainbegiratzeko eta diruzaintza planifikatzeko.

c) Elikagai-negozio txikiaren ildo komertziala zehaztea, eskaini beharreko produktuak, salmenta-prezioak, eta enpresa hornitzaileak aztertuz, protokoloak ezartzeko eta negozio-platean ezarritako helburuak aplikatzeko.

d) Elikagaien zuzeneko zein online saltegi txikien salmentak sustatzeko tresnak aztertzea, marketin-estrategiak aurrera eramateko.

e) Elikagaiak sustatzeko jarduerak zehaztea, bezeroak fidelizatzeko estrategiak ezartzeko.

f) Elikagai-saltegietan bai elikagaiak eta bai elementu erakargarriak eta publizitate-euskarriak antolatzeko estrategiak, salmenta-puntua antolatzeko eta dinamizatzeko.

g) Espazio erakargarriak sortzea, sustapen-jardueretan beharrezkoak diren sailen eta erakustaltzarien kokapena zehaztuta, salmenta-puntuen muntaketa gainbegiratzeko.

h) Elikagaien enpresa hornitzaileak sailkatu eta koordinatzea, eskaintza eta hornikuntzaren baldintzak negoziatuta.

i) Elikagaien horniketa, biltegiratzea eta kontserbazioa antolatzea, elikagaien zuzeneko zein online saltegien logistika kudeatzeko.

j) Elikagaien kalitate- eta segurtasun-arauak aplikatzeko, kontsumitzailea babesteko eta laneko arriskuen prebentzioko protokoloak zehaztea, elikagaiak manipulatzeko.

k) Sukaldaritzako erabileraren arabera haragi, arrain eta fruituak zatitzeko tekniken aplikazioa aztertzea eta gainbegiratzea.

l) Sukaldaritzako erabileraren arabera haragikiak elaboratzeko tekniken aplikazioa aztertzea eta gainbegiratzea.

m) Arrainkiak marinatu eta adobatzeko tekniken aplikazioa aztertzea eta gainbegiratzea, arrainkien elaborazioa gainbegiratzeko.

n) Elikagaien aholkularitzarako eta bezeroaren arretarako jarduketa-ildoak zehaztea, hainbat komunikazio-kanal erabilita, zuzenekoak zein online, arreta komertziala gainbegiratzeko.

ñ) Elikagaien online salmenta kudeatzea, bezeroei telematikoki erantzunda, web-orria mantenduta eta produktuen banaketa gainbegiratuta.

o) Elikagai-saltegien kudeaketa komertzialean eta administratiboan erabiltzen diren dokumentu komertzialak elaboratzea eta kudeatzea, emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten berariazko programak erabilita eta generoen rolak eta estereotipoak gainditzeko batzuen eta besteentzako erreferenteak ezarrita.

p) Ingelesezko adierazpenak eta komunikazio-arauak identifikatzea, ahoz zein idatziz, bezeroekiko, erabiltzaileekiko edo kontsumitzaileekiko harremanak ingelesez kudeatzeko.

q) Bizialdi osoko ikaskuntzarako dauden baliabideak eta komunikazio- eta informazio-teknologiak aztertzea eta erabiltzea, ikasteko eta ezagupenak eguneratzeko, hobekuntza profesional eta pertsonalerako aukerak ezagutzeko, eta lanbide zein laneko egoeretara egokitzeko.

r) Talde-lanak garatzea eta haien antolamendua balioestea, tolerantziaz eta errespetuz parte hartuz, eta erabaki kolektiboak edo bakarkakoak hartzea, erantzukizunez eta autonomiaz jarduteko.

s) Irtenbide kreatiboak hartzea eta balioestea lan-prozesuak garatzean sortzen diren arazo eta gorabeherei erantzuteko, dagokion jardueran izaten diren gertakariak erantzukizunez ebazteko.

t) Komunikazio-teknikak aplikatzea eta egokitzea zabaldu beharreko edukien arabera eta helburuen eta hartzaileen ezaugarrien arabera, prozesuaren eraginkortasuna ziurtatzeko.

u) Lanbide-jarduerarekin lotutako ingurumen- eta lan-arriskuak aztertzea eta haiek eragiten dituzten arrazoiekin lotzea, hartu beharreko prebentzio-neurriak oinarritzeko eta dagozkion protokoloak aplikatzeko, nork bere buruari, ondokoei, inguruneari eta ingurumenari kalterik ez egitearren.

v) Irisgarritasun unibertsalari eta «pertsona guztientzako diseinuari» erantzuteko beharrezkoak diren teknikak aplikatzea eta aztertzea.

w) Ikasteko prozesuan lanaren eta erreferentziako produkzio-sektorearen kalitate-prozedurak hobetzeko beharrezkoak diren teknikak aplikatzea eta aztertzea.

x) Ekintzailearen, enpresaren eta lanbide-ekimenaren kulturarekin lotutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.

y) Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan harturik, gizarteko eragile aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

z) Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza-eskubideak babestek dituen legeria eta haren ezarpena eta garapena bideratzen duen araudia ezagutzea.

2.– Honako hau da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

– Elikagai-negozio txikiak sortzea.

– Elikagai-saltegien marketina.

– Elikagai-saltegietako salmenta-puntua dinamizatzea.

– Arreta komertziala elikagai-negozioetan.

– Elikagaien segurtasuna eta kalitatea merkataritzan.

– Elikagai freskoak eta eraldatuak prestatzea eta egokitzea.

– Elikagaien logistika.

– Merkataritza elektronikoa elikagai-negozioetan.

– Bulegotika elikagai-saltegietan aplikatua.

– Elikagai-saltegi baten kudeaketa.

– Ingelesa.

– Laneko prestakuntza eta orientabidea.

– Lantokiko prestakuntza.

I. eranskinean zehazten da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta zer kurtsotan eman behar diren.

Hezkuntzaren alorrean eskumena duen sailak araututako heziketa-eskaintzaren arabera egokitu daiteke moduluen ordu-esleipena eta horren arabera zehaztu daiteke moduluak zer kurtsotan emango diren, dekretu honen 10. artikuluak arautzen duenarekin bat.

3.– Prestakuntzaldia amaitzean ikasleak lortu beharreko ezagutza, ulermena eta gaitasuna deskribatzen dituzten ikaskuntza-emaitzak ezartzen dira lanbide-modulu bakoitzerako, hala nola ebaluazio-irizpideak eta irakatsi beharreko edukiak. II. eranskinean ezarri da hori guztia.

4.– Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 12 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztietan ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 28. artikuluan arautzen da atzerriko hizkuntzak, batez ere ingelesa, Euskal Autonomia Erkidegoko prestakuntza-prozesuetara eramateko modua.

6. artikulua.– Espazioak eta ekipamenduak.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

7. artikulua.– Irakasleak.

1.– Heziketa-ziklo hau osatzen duten lanbide-moduluak honako irakaskuntza-kidego hauetako irakasleek emango dituzte: Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegoko irakasleek, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko irakasleek, eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleek, betiere dekretu honen IV. eranskineko 1. apartatuan ezarritako espezialitateen arabera.

2.– Aipatu irakaskuntza-kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien titulazioak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Izan ere, errege-dekretu horrek onartzen du Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta haiek eskuratzeko araudia, eta arautzen du lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Ondorio horietarako, aipatu titulazioen baliokideak, irakasleen espezialitateetarako, dekretu honen IV. eranskineko 2. apartatuan jasotakoak dira.

3.– Irakasle espezialistek eskumena izango dute dekretu honen IV. eranskineko 1. apartatuan zehaztutako lanbide-moduluak irakasteko.

4.– Irakasle espezialistek otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete behar dituzte, irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko. Izan ere, Errege dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta haiek eskuratzeko araudia, eta arautzen du lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako araubidea.

5.– Gainera, lanbide-modulua osatzen duten prozesuen beharrei erantzuten zaiela bermatzeko, irakasle espezialistek izendapen bakoitzaren hasieran egiaztatu beharko dute dagokien lan-esparruan lanbide-esperientzia aitortua dutela, behar bezala eguneratua, izendapenaren aurreko azken lau urteetan gutxienez bi urtez lanbide-jardunean aritu direla erakutsiz.

6.– Hezkuntzakoa ez diren beste administrazioen titulartasun pribatuko zein titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko behar diren titulazioak eta eskakizunak dekretu honen IV. eranskinaren 3. apartatuan eman dira aditzera. Nolanahi ere, aipatutako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek ikaskuntza-emaitzetan adierazten diren lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean jasota ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» baten bidez –ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak–.

Lan-esperientziaren bidez hartutako lanbide-konpetentziak egiaztatzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera justifikatuko da lan-esperientzia.

Ondorio horietarako, dekretu honen IV. eranskinaren 4. atalean jasotako titulazioak lanbide-moduluetarako gaituko dira.

7.– Dagokion sailaren ardura izango da lanbide-moduluak irakasten dituzten irakasleek zehaztutako eskakizunak beten dituztela ziurtatzea, irakaskuntza horien kalitatea bermatzeko.

IV. KAPITULUA
BESTE IKASKETA BATZUETARAKO SARBIDEAK ETA LOTURA. BALIOZKOTZEAK, SALBUESPENAK ETA KORRESPONDENTZIAK. BALIOKIDETASUNAK ETA ONDORIO AKADEMIKOAK ETA PROFESIONALAK. URRUTIKO ESKAINTZA ETA BESTELAKO MODALITATEAK

8. artikulua.– Bestelako ikasketetarako sarbideak eta loturak.

1.– Elikagaiak Merkaturatzeko teknikariaren tituluak aukera ematen du erdi-mailako zein goi-mailako beste heziketa-ziklo orotara sartzeko, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.2 eta 41.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.– Elikagaiak Merkaturatzeko Teknikariaren tituluak aukera emango du Batxilergo titulua lortzeko, batxilergoko helburu orokorrak lortzeko beharrezkoak diren irakasgaiak gaindituz gero, eta gobernuak zehaztuko ditu, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.– Baliozkotzeak, salbuespenak eta korrespondentziak.

1.– Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketa tituluen eta Elikagaiak Merkaturatzeko teknikariaren titulurako dekretu honetan ezartzen diren lanbide-moduluen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

2.– VI. eranskinean jasotzen da zer korrespondentzia dagoen Elikagaiak Merkaturatzeko teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-unitateen artean –horiek baliozkotzeko edo salbuesteko– eta orobat, titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-unitateen artean dagoen korrespondentzia, horiek egiaztatzeko.

3.– Heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetarako baliozkotzeak, salbuespenak eta korrespondentziak 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan biltzen dira (32/2008 Dekretua, otsailaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena, eta, halaber, ondorio horretarako betetzekoa den gainerako araudian.

4.– Tituluan barne hartutako konpetentzia-unitate guztiak Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez egiaztatu dituztenek Laneko Prestakuntza eta Orientabidea lanbide-modulua baliozkotzea eskatzeko aukera izango dute, baldin eta:

– Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

– Jarduera prebentiboaren oinarrizko eginkizunak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute –Prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria–.

5.– Era berean, kontuan hartu beharko da abenduaren 9ko 1085/2020 Errege Dekretua, Espainiako hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluetako lanbide-moduluen baliozkotzeak eta horiek aplikatzeko neurriak ezartzen dituena, eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretua, sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena, aldatzen duena.

10. artikulua.– Urrutiko eskaintza eta bestelako modalitateak.

Hezkuntza Sailak arautuko ditu ziklo honetako irakaskuntzak, eskaintzeko baimena eta haien oinarrizko alderdiak (moduluen iraupena eta sekuentziazioa, esaterako), araubide orokorrean ezarritakoa ez den eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitateetan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Titulazio baliokideak eta lanbide-gaikuntzekiko lotura.

1.– Laneko Prestakuntza eta Orientabidea lanbide-modulurako dekretu honetan xedatutako prestakuntzak gaitasuna ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako Prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutako lanbide-erantzukizunen baliokideak diren arduretan aritzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira.

2.– Dekretu honetan ezarritako heziketak, eskaintzen dituen lanbide-moduluetan, elikagaien manipulaziorako behar den ezagutza-maila bermatzen du.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Metodologia berriekin egindako proiektuak baimentzea.

Ikastetxeek aukera izango dute, beren autonomia pedagogikoaren markoan eta ikasketa-proiektuko aurreikuspenen arabera, dekretu honen eranskinetan lanbide-moduluentzat ezarritako iraupena nolabait aldatzea proposatzen duten proiektuak prestatzeko, heziketa-zikloak emateari buruzko estrategietan eta metodologietan oinarrituta, betiere, ez bada aldatzen moduluen banaketa kurtsoetan, eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzerako ezarri diren gutxieneko ordutegiak errespetatzen badira. Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren baimena beharko dute proiektu horiek.

AZKEN XEDAPENA.– Indarra hartzea.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko ekainaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala