Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2021eko ekainaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3646

AGINDUA, 2021eko ekainaren 22koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez agindu hau bigarren aldiz aldatzen baita: Agindua, 2019ko uztailaren 30ekoa, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketetarako laguntzen deialdiaren oinarriak.

Industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoa lortzeko jarduketetarako laguntzen programa arautzen duen apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuak (2019ko apirilaren 13ko BOE, 89. zk.) honako hau arautzeko arau bereziak ezarri zituen: industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoaren hobekuntzaren bitartez karbono dioxidoaren emisioak eta azken energia-kontsumoa murrizteko jarduketak bultzatu eta sustatzeko laguntzak ematea.

Aipatutako arauaren bidez, autonomia-erkidegoei laguntzak zuzenean esleitzea erabaki zen, dagokien lurralde-eremuan programa hori abiaraz zezaten, eta Euskal Autonomia Erkidegoari 15.321.804,01 euroko zuzkidura eman zitzaion; Espainiako estatuak –zehazki, Trantsizio Ekologikorako Ministerioari atxikitako Energia Efizientziaren Funts Nazionalak– eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) 2014-2020 aldian batera finantzatutako Espainiako Eskualde Anitzetarako Programa Operatibotik dator arestian aipaturiko zenbateko hori.

263/2019 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko uztailaren 30eko Aginduak (2019ko abuztuaren 13ko EHAA, 152. zk.) onartu egin zituen, 2019. eta 2020. urteetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko enpresa txiki eta ertainetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoa lortzeko jarduketetarako laguntzen deialdiaren oinarriak, eta programa amaitzeko epea 2020ko abenduaren 31 izango dela jasotzen du.

Geroago, 2020ko abenduaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofizialean (340. zk.) argitaratu zen abenduaren 29ko 1186/2020 Errege Dekretua, apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretua aldatzen duena. 263/2019 Dekretuaren bidez, industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketetarako laguntzen programa arautzen da. 1186/2020 Errege Dekretuak programa horren indarraldia sei hilabete luzatzen du, 2021eko ekainaren 30era arte, hasiera batean aurreikusitako programaren jarduketa hautagarrien bolumena gauzatzen laguntze aldera, helburuak errazago beteko bailirateke horrela, eta, aldi berean, lagungarria izango litzateke ekonomia eta gizartea suspertzeko, beharrezkoa izanik COVID-19aren pandemiak eragindako osasun-krisiaren ondorioz.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua MP (IDAE) enpresa-entitate publikoak, 2021eko martxoaren 29ko Ebazpenaren bidez (2020ko apirilaren 20ko BOE, 94. zk.), 7.000.000 euro handitu du apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen zion aurrekontua; hala, apirilaren 12ko Errege Dekretuaren II. eranskinaren bidez hasiera batean EAEri esleitzen zitzaion aurrekontua 15.321.804,01 eurokoa izatetik 22.321.804,01 eurokoa izatera aldatzen da.

Abenduaren 29ko 1186/2020 Errege Dekretuak –2020ko abenduaren 31n hasi zenak indarrean– eta aurreko paragrafoan aipatutako 2021eko martxoaren 29ko Ebazpenak aldatu egiten dituzte Euskal Autonomia Erkidegoak egindako deialdiaren oinarri arautzaileak, eta zuzenean eragiten diote deialdi horri. Hori dela eta, ezinbestekoa da Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko uztailaren 30eko Agindua aldatzea (Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketetarako laguntzen oinarriak ezartzen zituen arestian aipatutako Aginduak), abenduaren 29ko 1186/2020 Errege Dekretuan aurreikusitako programaren indarraldiaren luzapenera eta adostutako aurrekontu-gehikuntzara egokitze aldera.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak ezertan eragotzi gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskumena izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Agindu hau aldatzea: Agindua, 2019ko uztailaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketetarako laguntzen deialdiaren oinarriak.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko uztailaren 30eko Agindua –zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketetarako laguntzen deialdiaren oinarriak– honela geratzen da aldatuta:

Bat.– Aldatu egiten da 6. oinarria:

«6. Oinarria.– Programaren indarraldia eta finantzaketa.

1.– Laguntza-programa honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta indarrean egongo da 2021eko ekainaren 30era arte, edo, bestela, aurrekontu erabilgarria agortu arte.

Behin deialdi honen indarraldia amaitzean, ez da eskabiderik onartuko.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, 22.321.804,01 euroko zenbatekoa bideratzen da; Espainiako estatuak –zehazki, Trantsizio Ekologikorako Ministerioari atxikitako Energia Efizientziaren Funts Nazionalak– eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) 2014-2020 aldian batera finantzatutako Espainiako Eskualde Anitzetarako Programa Operatibotik dator arestian aipaturiko zenbateko hori.

3.– Behin dagozkion zeharkako gastuak kenduta, apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuaren II. eranskinaren B letran ezarrita dagoen bezala, laguntzen onuradunentzat bideratutako gehieneko zenbatekoa 22.000.000 eurokoa izango da.

2020ko eta 2021eko ekitaldietan laguntzarik emango bada, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da 2020rako eta 2021erako aurrekontuetan, eta horretarako, aurrekontuetan dagokion aldaketak egitea proposatu beharko da (...)».

Bi.– Aldatu egiten da 8. oinarriaren 2. puntua:

«8. oinarria.– Programaren indarraldia, epea eta eskabideak aurkeztea.

1.– (....)

2.– Epe hori agindu honen 6. oinarrian bildutako funtsak erabat agortzen direnean amaituko da; bestela, 2021eko ekainaren 30era heldu baina eskuragarri den aurrekontua agortzeko behar adina eskabide bideratu ez badira ere amaituko da epe hori (...)».

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aurreko eskabideak izapidetzea.

2020ko abenduaren 31tik aurrera baina agindu hau indarrean hasi aurretik aurkeztutako laguntza-eskabideak abenduaren 29ko 1186/2020 Errege Dekretuak ezarritako programaren indarraldi berriari jarraikiz izapidetuko dira. 1186/2020 Errege Dekretuaren bidez, apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretua –industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketetarako laguntzen programa arautzen duena– aldatu zen (340. BOE, 2020ko abenduaren 30ekoa).

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 22a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala