Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2021eko ekainaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3423

32/2021 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Trenbide Sareari zenbait jarduera egiteko emandako gomendioa laugarrenez aldatzea baimentzeko erabakia, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpontzeko.

Gobernu Kontseiluak, 2021eko maiatzaren 25ean egindako bileran, erabaki du Euskal Trenbide Sareari emandako gomendioa laugarrenez aldatzea baimentzea, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpontzeko. Horrenbestez, erabaki horri publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea erabaki bat, zeinaren bidez baimentzen baita laugarrenez aldatzea Euskal Trenbide Sareari emandako gomendioa, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpontzeko. Erabakia honi atxikitako eranskinean jasotzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 10a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 10EKO 32/2021 EBAZPENARENA
ERABAKIA, GOBERNU KONTSEILUARENA, 2021EKO MAIATZAREN 25EKOA, ZEINAREN BIDEZ BAIMENTZEN BAITA EUSKAL TRENBIDE SAREARI EMANDAKO GOMENDIOA LAUGARRENEZ ALDATZEA, SANTURTZIKO ANTONIO ALZAGA KALEKO 2, 4 ETA 8 ZENBAKIETAKO ETXEETAN ETA LOKALETAN ERAGINDAKO KALTE GUZTIAK KONPONTZEKO

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 11. artikuluak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari esleitzen dizkio trenbideen gaineko egitekoak.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.d) artikuluak Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren esku uzten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Bilboko metropoli-trenbidearen inguruan dituen eskumenetan sartzen diren proiektuak, obrak eta gainerako jarduketak.

Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortu zen, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusten direnetakoa (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duena). Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren eskumena zabaltzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren eta enkargatzen zaizkion trenbide-azpiegitura guztietara (egungoak edo etorkizunean eraikiko direnak).

Gainera, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera erakundearen helburuetan sartzen da, halaber, Jaurlaritzak agintzen dion eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta, bereziki, hauek: azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak, eta trenbide-garraioko politikari, telekomunikazio-zerbitzuei eta gune publikoen erabilerari loturik dauden azpiegituren kudeaketarekin zerikusia dutenak, edozein dela ere kudeaketa horretarako erabiltzen den negozio juridikoa, betiere zuzenbidean onartzen direnetakoa bada.

2005eko uztailaren 19an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan trenbide-azpiegituren eskumena duen sailak Bilboko metropoli-trenbidearen 2. lineako Portugalete-Santurtzi tartea eraikitzeko obra-kontratua esleitu zion Santurtzi ABEEari, zeina Construcciones y Promociones Balzola SA, Nortunel SA eta Urazca Construcciones SA enpresek osatzen baitute.

Obra horien barruan, 1.744,41 metro lineako tunel eraiki ziren, errail bikoitzekoak eta 8,80 metroko zabalerakoak, eta bi geltoki hondeatu ziren, baita horiei dagozkien sarrera-kanoiak, larrialdietarako aireztapen-galeriak, nasa azpiko aireztapen-galeriak eta igogailua ere.

2005eko azaroaren 8an sinatu zen kontratua, eta zuinketa egiaztatzeko akta, berriz, 2005eko azaroaren 11n.

Kontuan hartu beharreko zenbait kalte atzeman ziren Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan. Horren ondorioz, Santurtziko Udalak hainbat erreklamazio egin zituen eta alderdiek zegozkien aditu-txostenak eman zituzten (bizilagun-erkidegoek, Santurtziko Udalak, Euskal Trenbide Sareak eta Portugalete-Santurtzi tarteko obren esleipendun izan zen ABEEak).

2012ko abenduaren 28an, Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako jabe-erkidegoek ondare-erantzukizuneko erreklamazioa egin zioten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, higiezinetan eragindako kalteengatik. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak 2014ko urriaren 9an emandako Aginduaren bidez ezetsi egin zen erreklamazio hori, eta kalkulatu zen higiezinek 75.168,67 euroko, 237.508,74 euroko eta 246.219,36 euroko kalteak zituztela, hurrenez hurren.

2017ko otsailaren 10ean, EA-NV, EH-Bildu, Elkarrekin-Podemos, ES-SV parlamentuko taldeek legez besteko proposamena aurkeztu zioten Eusko Legebiltzarreko Mahaiari. Proposamen horretan, hau zegoen jasota: «Eusko Legebiltzarrak eskatzen die administrazio eskudunei eta, zehazki, Bizkaiko Garraio Partzuergoari, Euskal Trenbide Sareari eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, berriro hel diezaiotela Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxebizitza eta lokalen espedientearen azterketari. Helburua da beharrezko neurriak hartzea, sortutako kalte guztiak konpondu eta horiei irtenbidea emateko. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako dagokion partidarekin ordainduko dira horren ondoriozko kostuak».

Legez besteko proposamen hori honela justifikatu zen:

«Iragan abenduaren 29an, Santurtziko Udalaren Osoko Bilkurak aho batez mozioa onartu zuen, Antonio Alzaga kaleko 2., 4. eta 8. zenbakietako etxebizitzen egoerari buruz.

Mozio horren zioen azalpenaren arabera, eraikinak egin zirenetik –duela 50 urte baino gehiago– lur-mota eta eraikinen eraikuntza-mota ez dira arazo izan, erabiltzeko moduan baitzeuden metroa egiteko lanak iritsi ziren arte.

Udalbatzak hiru puntu onartu zituen. Horietako bat zen Eusko Legebiltzarrari erabakia jakinaraztea, mozioaren helburua betetzeko behar diren ekimenak bultza ditzan.

Santurtziko Udalak Ganbera honi egindako eskariaren muina da Eusko Legebiltzarrak politikoki bultzatu dezala egoera hori konpontzeko eskumena duten administrazioen esku-hartzea. Zehazki, eskatzea Bizkaiko Garraio Partzuergoari, Euskal Trenbide Sareari eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari berriro hel diezaiotela Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8. zenbakietako etxe eta lokalen espedientearen azterketari. Helburua da beharrezko neurriak hartzea, sortutako kalte guztiak konpondu eta horiei irtenbidea emateko».

2017ko apirilaren 25eko bileran, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Batzordeak onartu egin zuen 51/2017 zenbakidun legez besteko proposamen hori, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxebizitzen eta lokalen egoerari buruzkoa (eta 2017ko maiatzaren 12ko Eusko Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, 28. zk.). Legez besteko proposamena Batzordean eztabaidatzeko aurkeztu zenaren baldintza beretan onartu zen.

Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxebizitzetan eta lokaletan eragindako kalteetan erantzukizunik zegoen zehazteko, Tecnaliako Azpiegiturak sailak 2018ko otsailean txosten hau eman zuen: «Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako eraikinak: Mugimenduak eta kalteak. Egoera, kausak eta eraginak aztertzeko txostena». Bertan, honako hau adierazi zuen: «Sestao-Portugalete eta Portugalete-Santurtzi tarteetako metro-tunelen obrak egiteko hondeaketa-lanetan, hiru haustura nabarmen zulatu zituzten arrokan, Antonio Alzaga kaleko eraikinen inguruetan. Haustura horietatik, ura drainatu da lurzorura, hein txikiagoan ala handiagoan. Drainatze horrek eraikinen azpiko lurzoruaren egoera eta propietateak aldatu ditu, eta haien zimenduen oreka ahula hautsi. Halaber, asentu bereizgarriak ere eragin ditu, eta horien ondorioz, larritasun-maila desberdinetako kalteak sortu zaizkie eraikinen egiturari eta itxiturei». Txostenak honako ondorio hau eman zuen: «horrenbestez, irizten zaio Sestao-Portugalete eta Portugalete-Santurtzi tarteetako metro-tunelen obrak egiteko hondeaketa-lanek erantzukizuna badutela Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako eraikinetan eragindako kalteetan».

Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako higiezinak konpontzeko lanen egikaritzapena, jarraipena eta kontrola gauzatzeko jarduketa materialei eta teknikoei eta zerbitzu-jarduketei dagokienez, arrazoi teknikoak eta materialak zirela medio, komenigarria zen jarduera horiek Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendatzea. Izan ere, erakunde hark zuzendu zituen Bilboko metropoli-trenbidearen Portugalete-Santurtzi tartea eraikitzeko lanak, eta, hain zuzen ere, lan horiek eragin dute Santurtziko Antonio Alzaga kaleko higiezinetan izandako kalteen gaineko erreklamazioa. Gomendio hori Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2018ko maiatzaren 15ean.

2019ko maiatzaren 14an, Gobernu Kontseiluak gomendio hori aldatzea onartu zuen, hasieran aurreikusitako aurrekontua 1.915.000 euroraino handitzeko eta aurrekontu-banaketa egin beharreko lanen exekuziora egokitzeko. Era berean, 2019ko azaroaren 19an eta 2020ko ekainaren 30ean, gomendioaren bigarren eta hirugarren aldaketak egin ziren, esleitutako kredituak birbanatzeko.

Red Ferroviaria Vasca/Euskal Trenbide Sarea erakundeak planteatutako jarraibideen arabera, beharrezkoa da bere garaian aldatu zen aurrekontu-banaketa berriro ere lanen exekuziora egokitzea, eta egin beharreko lanen zenbateko osoa murriztea.

Horrenbestez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta eta 2021eko maiatzaren 25ean egindako bilkuran gaia eztabaidatu ondoren, Gobernu Kontseiluak honako hau erabaki du:

ERABAKIA

Lehena.– Aldatzea Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari eginiko gomendioaren 6. puntua (Lanen balorazioa eta ordainketa), Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpontzeko. Gomendio hori 2018ko maiatzaren 15ean onartu zen, eta, geroago, 2019ko maiatzaren 14an eta azaroaren 19an eta 2020ko ekainaren 30ean aldatu zen.

Bigarrena.– Kudeaketa-gomendio hori burutzeko baldintza zehatzak aipatutako erabakiaren eranskinean daude jasota.

Hirugarrena.– Kudeaketa-gomendio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

ERABAKIAREN ERANSKINA

6.– LANEN BALORAZIOA ETA ORDAINKETA.

Gomendioan jasotako lanen zenbateko zenbatetsia milioi bat seiehun eta hirurogeita hamar mila berrehun eta hamaika euro eta hamar zentimokoa (1.670.211,10 EUR) da, BEZa barne, kontzeptu hauen arabera:

1.– Obra egikaritzea: zenbateko zenbatetsia 1.492.124,49 euro (BEZa barne).

2.– Obren zuzendaritza: zenbateko zenbatetsia 178.086,61 euro (BEZa barne).

Guztira: 1.670.211,10 euro. (BEZa barne)

Urteko ordainketa hauetan banatuta:

(Ikus .PDF)

Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere.

Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.


Azterketa dokumentala