Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2021eko ekainaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3354

AGINDUA, 2021eko ekainaren 2koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez Bilakatu COVID 19 programa arautzen baita, COVID-19aren eraginpean dauden eta negozio-, produktu-, zerbitzu- eta merkatu-lerroetan gaitasun berriak garatu eta dibertsifikazio- edo birlokalizazio-jarduerak egiten dituzten enpresei dirulaguntzak emateko.

Ustekabean COVID-19ak eragindako pandemiak alarma sanitarioko egoera ekarri du, pertsonen osasunari nabarmen erasaten ari zaiona, eta bide eman dio hedapenaren aurkako borroka etenik gabe bati.

Pandemia nabarmen eragiten ari da gure ekonomiaren ekoizpen-sektoreetan, ustekabean eta bortizki agertu delako, eta irauten ari denagatik, gainera, ekoizpen-sektore batzuetan, urtetarako kontua izan daiteke. Gure industria, Euskadirentzako enplegu- eta ongizate-iturri, ez da eraginetik libratu.

Pandemia agertu zenetik, enpresek, langileen osasuna lehenetsiz, hainbat motatako neurriak hartu dituzte merkatuko errealitate berrira egokitzeko, krisiaren eraginari aurre egiteko nahiz enpresen iraupenean sakontzeko.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak hainbat tresna eta neurri jarri ditu abian bere sailen bidez Hala, jarduera ekonomiko eta industrialari dagokionez, aipatzekoak dira honako hauek: COVID-19 lerrotik eratorritako finantzaketa, Ekonomia eta Ogasun Sailak abiarazia; Bideratu COVID-19 programa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatutakoa; bai eta sail horrek berak abian jarritako ekimenak ere, Gauzatu Industria edo Indarturen moduko laguntza-programei lotutako diru-sarrerak aurreratzeari eta ordainketak geroratzeari buruzkoak. Horren guztiaren xedea izan da enpresen likidezia handitzea.

Aurrekoari kalterik egin gabe, krisia gainditzen indar gehiago egiteko eta Euskadiko industria-sarea indartzeko, Eusko Jaurlaritzak, COVID-19ak eragin duen krisiak sortutako ondorio ekonomikoen aurkako borrokan egin diren ahaleginak laguntzeko, negozio-, produktu-, zerbitzu- eta merkatu-lerroetan gaitasun berriak garatuz dibertsifikazio-jardueren eta/edo garai batean beste eskualde edo herrialde batzuetara eramandako gaitasunak lokalizatzeko jardueren alde egiten duten enpresei lagundu nahi die. Izan ere, horrelako jarduerak lagungarriak izan daitezke pandemiaren ondorio ekonomiko larriei aurre egiteko eta enpresen iraupena indartzeko.

Europar Batasunak uste du nahasmendu ekonomiko handia eragin duela koronabirusaren agerraldiak EBn, eta koordinazio erabakigarria eskatzen duela. Horregatik, 2020ko martxoaren 19an komunikazio bat onetsi zuen (COM (2020) 1863 komunikazioa), COVID-19aren inpaktu ekonomikoa leuntzera bideratutako Europako Batzordearen berehalako erantzuna jasotzen duena. EBFTren 107.3.b) artikuluaren arabera, Batzordeak erabaki dezake «estatu kide baten nahasmendu ekonomiko larri bati konponbidea emateko» laguntzak barne-merkatuarekin bateragarriak direla.

Era berean, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.2.b) artikuluak eta COVID-19aren krisia dela eta ekonomia babesteko laguntzei buruzko Aldi Baterako Esparruak ezartzen dutenaren arabera, barne-merkatuarekin bateragarriak dira hondamendi naturalek edo salbuespenezko beste gertaera batzuek eragindako kalteak konpontzeko laguntzak.

EBren estatu-laguntzei buruzko arauei esker, estatu kideek neurri azkar eta eraginkorrak har ditzakete herritar eta enpresei laguntzeko, COVID-19 pandemiaren ondorioak pairatzen ari baitira. Aldi berean, estatuaren laguntza eraginkorra izango dela bermatzen dute, behar duten enpresetara iritsi dadin eta dirulaguntzak eskuratzeko lehia kaltegarriak saihestu daitezen, non eta diru gehien duten estatu kideek beren ondokoek baino gehiago gastatu dezaketen, EBren barneko kohesioaren kalterako. Estatu kideek laguntza-neurri zabalak diseina ditzakete, dituzten estatu-laguntzei buruzko arauekin bat datozenak.

Horiek horrela, EBFTren 107.3.b) artikuluan jasotzen diren laguntzei dagokienez –estatu kide baten nahasmendu ekonomiko larriei konponbidea ematea–, EBk birritan ebatzi du nahasmenduak kasuan kasuko estatu kidearen ekonomia osoari edo zati garrantzizko bati erasan behar diola, eta ez estatu horretako eskualde batenari edo batzuenari soilik. Horren aurrean –2009an bezala, krisi ekonomiko eta finantzarioko egungo testuinguruan finantzaketarako sarbidea errazteko estatu-laguntzen neurriei aplikatu beharreko aldi baterako esparrua aplikatuta–, Espainiako gobernuak aldi baterako esparru-araubide bat jakinarazi zuen 2020-03-27an, enpresa eta autonomoei laguntzeko neurri buruzkoa, COVID-19aren agerraldi honetan ekonomiari laguntzeko.

Estatuko araubide hori Europako Batzordeak baimendu zuen 2020ko apirilaren 2an, eta SA.56851 kodea dauka (2020/N). Horrenbestez, estatu-barneko administrazioek estatu-mailako araubide horren arabera ezartzen dituzten laguntza-lerro berriak ez zaizkio banaka jakinarazi behar Batzordeari; nahikoa da horien oinarri juridikoetan araubide horri atxikitzen zaizkiola adieraztea.

Aipatutako aldi baterako esparrua behin eta berriz eguneratu da 2020ko ekitaldian zehar. 2020ko apirilaren 3an, Batzordeak lehen aldaketa bat onartu zuen laguntzak baimentzeko, hau da, COVID-19arekin lotutako produktuen ikerketa, entsegua eta ekoizpena bizkortzera, enplegua babestera eta gaur egungo krisialdian ekonomia babesten jarraitzera bideratuak. 2020ko maiatzaren 8an, Batzordeak bigarren aldaketa bat onartu zuen, krisiak eragindako enpresei kapitala eta likidezia eskuratzeko erraztasun gehiago ematearren. 2020ko ekainaren 29an, hirugarren aldaketa bat adostu zuen mikroenpresei, enpresa txikiei eta enpresa sortu berriei gehiago laguntzeko, baita inbertsio pribatua sustatzeko ere. 2020ko urriaren 13an, Batzordeak, laugarren aldaketa batean, aldi baterako esparrua luzatu zuen (2021eko ekainaren 30era arte), eta aukera eman zuen laguntzaren bidez ordaintzeko krisiak eragindako enpresek ordaindu ezin dituzten kostu finkoen zati bat. Azken aldaketak, bosgarrenak (2021eko urtarrilaren 28koak) helburu hauek ditu: aldi baterako esparruan ezarritako neurriak 2021eko abenduaren 31ra luzatzea; neurri jakin batzuen gehieneko laguntza-mugak egokitzea, gaur egungo krisiaren luzaroko ondorio ekonomikoei aurre egiteko; eta aldi baterako estatu-laguntza jakin batzuk –Batzordearen iritzian Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren («Ebft») 107. artikuluko 3. apartatuko b) letrarekin bat datozenak– emateko baldintzak argitzea eta aldatzea, COVID-19aren pandemia dela eta. Halaber, komunikazio honen xedea arrisku negoziagarriak dituzten herrialdeen zerrenda aldatzea da. Zerrenda hori Batzordeak estatu kideei egindako komunikazioaren eranskinean ageri da –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak epe laburrerako esportaziorako kreditu-aseguruari (STEC) aplikatzeari buruzkoa–.

Agindu honek abian jartzen duen laguntza-araubidea bat dator COVID-19aren krisia dela eta ekonomia babesteko laguntzei buruzko aldi baterako esparruarekin, eta hura betetzen du –eta, ondorioz, COVID-19aren agerraldia dela eta, ekonomiaren mesedetan enpresei eta autonomoei laguntzeko neurrien estatuko aldi baterako esparrua ere bai–, eta Europako Batzordeak ezarritako laguntzen tipologiara eta laguntzak baimentzeko oinarrizko baldintzetara egokiturik dago.

Laguntzei buruzko agindu hori kontuan hartzen da Dirulaguntzei buruzko Plan Estrategikoan, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Jarraibide horien arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko printzipio arauemaileei buruzko Legearen IV. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean) eta 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, otsailaren 11ko 1/2021 Legeko (Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartu dituena) aurrekontu-kredituen kontura finantzatuko da deialdi hau.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da, 2021eko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoan jarraian adierazten diren jarduketak gauzatzen dituzten enpresentzako edo enpresa taldeentzako itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak arautzea eta horien deialdiak egitea (hurrengo artikuluetan jasotzen diren baldintzetan), COVID-19aren hedapen bizkor eta ustekabekoak eragindako pandemiaren ondorio larri aurre egitearren:

– Enpresaren jarduera negozio-, produktu-, zerbitzu- eta merkatu-lerro, berrietarantz dibertsifikatzeko inbertsio produktiboak.

– «Reshoring» prozesuarekin edo orain arte EAEtik kanpoko beste kokapen batzuetan deslokalizatuta zeuden gaitasunak berriro Euskadin lokalizatzearekin lotutako inbertsio produktiboak.

Dirulaguntza horiek Europako Batzordeak 2020ko martxoaren 19an onartutako Europako Aldi Baterako Esparruaren 22. paragrafoko 3. apartatuan xedatutakoaren barnean kokatzen dira; hau da, COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babestera bideratutako estatu-laguntzak. Araubide hori Europako Batzordearen 2020ko apirilaren 2ko C (2020) 2154 Erabakiaren bidez baimendu zen, eta kode hau dauka: SA.56851 (2020/N). Haren bidez , estatu-barneko administrazioek estatu-mailako araubide horren arabera ezartzen dituzten laguntza-lerro berriak ez zaizkio banaka jakinarazi behar Batzordeari; nahikoa da horien oinarri juridikoetan araubide horri atxikitzen zaizkiola adieraztea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2021eko ekitaldirako EAEko aurrekontu orokorrak onartzeko 2021eko otsailaren 11ko 1/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera, hizpide dugun dirulaguntza-deialdiak aurrekontu-estaldura nahikoa du; 1. artikuluaren xedea betetzeko, 11.000.000,00 euro bideratuko dira.

2.– Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz. Ebazteko dauden eskaerak ezetsi egingo dira aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortzen den unean, eta ez dira onartuko kreditua agortu dela argitaratu ondoren aurkeztutakoak.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzen onuradun izan daitezke enpresa handiak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE), baldin eta erauzketa, produkzio edo eraldaketako industria-enpresak badira edo zerbitzuak (produktu-prozesu industrialari lotuak) eskaintzen badituzte era horretako enpresentzat, betiere laguntza-gai diren inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatzen badira.

2.– Mikroenpresa, enpresa txikiak eta enpresa ertainak (ETEak) 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak dira, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

ETEen kategorian, enpresa txiki gisa definitzen dira 50 langile baino gutxiago dituztenak eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra gehienez ere 10 milioi eurokoa dutenak; bestalde, mikroenpresa gisa definitzen dira 10 enplegatu baino gutxiago dituztenak eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra 2 milioi eurokoa badute gehienez.

Beste batzuekin elkartuta edo lotuta dauden enpresen kasuan, enpresa taldeak bete beharko ditu baldintza horiek.

Adierazitakoaren beste interpretazio batzuetarako, hauek hartuko dira kontuan: 651/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko ekainaren 17koa; 702/2014, Batzordearena, 2014ko ekainaren 25ekoa; eta 1388/2014, Batzordearena, 2014ko abenduaren 16koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat, arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzekoa, edo horiek ordezkatzen edo aldatzen dituzten xedapenak.

3.– Enpresa taldeei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden taldeko enpresek egiten dituzten inbertsioak bakarrik hartuko dira kontuan, betiere haien prozesuak industria-jarduera berarekin eta industria-produktu eta -prozesuari loturiko zerbitzuekin lotuta badaude, memorian zehazten badira eta haien arteko akzio-partaidetza % 100ekoa bada.

4.– Agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzak Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ez ezik, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere eskaera egin duten unean ordainduta dauzkaten erakundeek soilik eskuratu ahal izango dituzte.

5.– Onuradun izateko baldintzak dirulaguntzaren indarraldi osoan bete beharko da.

4. artikulua.– Kanpoan utzitako erakundeak.

1.– Laguntza hauen onuradun izatetik baztertuta geratuko dira krisialdian dauden enpresak. Enpresa bat krisialdian egongo da, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01), gutxienez honako baldintza hauetako bat betetzen bada:

a) Erantzukizun mugatuko sozietate bat bada, harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da, metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino.

b) Sozietate batean gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea dutenean, kontabilitatean ageri diren euren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz.

c) Enpresa porrot- edo kaudimengabezia-prozeduran dagoenean edo bere zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak betetzen dituenean porrot- edo kaudimengabezia-prozedura baten pean jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta.

d) ETEa ez den enpresa bat bada, aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala ratioa 7,5etik gorakoa izan bada eta enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0tik behera egon bada.

Aldi baterako esparruak, 3.1.c eta c.bis) apartatuan, kanpoan uzten ditu 2019ko abenduaren 31n dagoeneko krisi-egoeran zeuden enpresak. Hala ere, 2019ko abenduaren 31n dagoeneko krisi-egoeran zeuden mikroenpresei eta enpresa txikiei dirulaguntzak eman ahal izango zaizkie konkurtso-prozedura batean sartuta ez badaude (dagokien zuzenbide nazionalarekin bat etorriz) eta berregituratzeko salbamendu-laguntzarik jaso ez badute.

2.– Ez zaizkie agindu honetan xedatzen diren dirulaguntzak emango erregelamendu hauei loturiko sektoreetako enpresei, beren inbertsioek nekazaritzako, elikagaigintzako eta arrantzatik zein akuikulturatik eratorritako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programen barneko dirulaguntzak jaso baditzakete: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamendua eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamendua.

3.– Kanpoan geratuko dira autonomia-erkidegoko erakunde-administrazioa osatzen duten erakundeak.

4.– Kanpoan geratuko dira, halaber, armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen dituzten erakundeak, eta berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

5.– Dirulaguntzen onuradun izateko, erakunde eskatzaileek ez dute zigor- eta administrazio-arloko zehapenik izan behar, horiek laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea eragin baitezakete, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne hartuta.

6.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan zehaztutako egoeraren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

5. artikulua.– Dirulaguntzak eskuratzeko irizpideak.

1.– Enpresa handiek, gutxienez, 1.500.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute; ETEek, aldiz, gutxienez 200.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute. Onartu egingo dira, halaber, aurreko lerrokadan adierazitako gutxieneko inbertsio onartura iritsi ez arren, gutxienez 25 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa handien kasuan) edota gutxienez 5 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa txiki eta ertainen kasuan) enpresen inbertsioak.

2.– Enpresaren baliabide propioak, dirulaguntzak kanpoan utzita, gutxienez laguntza jaso dezakeen inbertsioaren zenbatekoaren % 25 izan beharko dute.

3.– Kontuan hartu beharreko inbertsioak erakunde juridiko bakarrak egin beharko ditu eta, enpresa taldeen kasuan, % 100eko akzio-partaidetzarekin, zenbait produkzio-zentro badituzte, arau honetako irizpideak betetzen dituzten eta inbertsioen xede diren produkzio-zentroetan edo produkzio-zentroan baino ez.

4.– Erakunde eskatzaileek inbertsioen bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioa frogatu beharko dute, enpresari 12.1.a) artikuluan eskatzen zaion plan ekonomiko-finantzarioaren bitartez.

6. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.

1.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioak agindu honetan aurrez ikusitako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, inbertsioa 2021eko ekitaldian hasi beharko da (2021eko urtarrilaren 1etik aurrera) eta gehienez ere 2022ko abenduaren 31ra arte.

2.– Dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da enpresaren aktiboari gehituko zaizkion aktibo finkoak eskuratzeko inbertsioa, baldin eta, agindu honetan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoaz gain, baldintza hauek betetzen baditu:

a) Kategoria hauetako bateko aktiboak izatea, Kontabilitate Plan Orokorreko (azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotakoa) epigrafe hauetako definizioaren arabera:

– 203 Jabetza industriala eta patenteak.

– 206 Aplikazio informatikoak.

– 210 Lurrak eta ondasun naturalak.

– 211 Eraikuntzak.

– 212 Instalazio teknikoak.

– 213 Makineria.

– 214 Lanabesak.

– 215 Beste instalazio batzuk.

– 217 Informazio-prozesuetarako ekipamenduak.

«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, dirulaguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da dirulaguntza jaso dezakeen inbertsio gisa hartuko. Neurri bera aplikatuko zaie ezaugarri horietako inbertsioak egiten dituzten logistikako biltegiei.

Nolanahi ere, aktiboek lotura zuzena izan beharko dute gaitasun berriak garatzen dituzten dibertsifikazio- edo lokalizazio-jarduketekin, laguntza eskatzen den negozio-, produktu-, zerbitzu- eta merkatu-lerroei dagokienez.

Aktiboen preziotzat joko da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.

Reshoring- edo lokalizazio-eragiketen ondorioz enpresaren aktiboari gehitzen zaizkion makinak instalatzeko eta egokitzeko inbertsioak hartuko dira kontuan.

b) Lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea. Honako hauek ere laguntza jaso ahal izango dute: establezimendu baten aktiboak eskuratzea (establezimendu hori konkurtso-prozedura bidezko likidazioagatik itxita badago) edota establezimendu batetik datozen aktiboak eskuratzea (hirugarren batek merkatu-baldintzetan eskuratu izan ez balitu, establezimenduak ateak itxiko zituen). Erabilitako eraikin edo bestelako eraikuntzak eskuratzen badira, berriak balira bezala jokatuko da haiekin.

c) Enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte irautea. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.

d) Aktiboak, oro har, ez egotea inori lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.

e) Enpresa eskatzaileak berak fabrikatutakoak ez izatea (edonola ere, haien balioa ez da inoiz izango eragiten duten kanpo-kontsumoa baino handiagoa).

f) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek ezin izango dute laguntzarik jaso.

g) Finantza-errentamendu bidez finantzatzen den inbertsioaren barruan sartuta egotea, berariaz, errentamenduaren kontratua amaitzen denean erosteko aukera, dirulaguntza jaso dezakeen inbertsio gisa hartzeko xedez.

h) Ordezkapen-inbertsioa ez da ezein kasutan dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat hartuko.

i) Laguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, aldi hori hiru urtekoa izango da.

3.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioak berariaz adierazi beharko dira eskaeran, eta kanpo-kontroleko kontu-ikuskapenetan oinarrituta baloratuko dira.

Enpresa kidetu edo lotuaren ondoreetarako, hauek bete beharko dira: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeko 651/2014 Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren, 2014ko ekainaren 17koaren, I. eranskina (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26koa) eta 702/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko ekainaren 25ekoa (AO, L 193, 2014ko uztailaren 1ekoa) eta 1388/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 16koa (AO, L 369, 2014ko abenduaren 24koa), bi-biak ere Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dituztenak.

4.– 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren inbertsioak bakarrik onartuko dira –beraz, ez dira barne hartuko aurrez egindako inbertsioak–, eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen amaitzen direnak.

7. artikulua.– Enplegua.

1.– Enplegua sortzeko konpromisoa eta, hala badagokio, hasierako plantilla mantentzea termino garbietan neurtuko da, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ematen duen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua oinarritzat hartuta.

2.– Ondorio horietarako, lehendik dauden enpresen kasuan, honako hau hartuko da hasierako plantillatzat: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ematen duen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean agertzen dena.

3.– Enpresak enplegua sortu behar badu nahitaez, ez delako iristen gutxieneko inbertsio onartura, gehienez sei hilabete izango ditu sortzeko, denbora-horizonte onartua amaitzen denetik hasita. Sortutako enpleguari eutsi egin beharko zaio enpresa onuradunean, gutxienez hiru urtez, enplegua sortu den egunetik edo denbora-horizontea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Justifikatzeko, hiru urteko batezbesteko aritmetikoak kalkulatu ahalko dira.

4.– Enpresak hasierako plantillari eutsi behar badio nahitaez, gutxieneko inbertsio onartura iritsi delako, enpresa onuradunak hasierako plantillari gutxienez hiru urtez eutsi beharko dio, hasierako plantilla ezartzen den unetik aurrera; alegia, eskaera aurkeztu aurreko hilabetetik. Justifikatzeko, hiru urteko batezbesteko aritmetikoak kalkulatu ahalko dira.

5.– Enpresa taldeen kasuan, hasierako plantillari eustea edo, hala badagokio, sortutako enpleguaren justifikazioa eta enplegu horri eustearen betekizuna taldeko enpresa hauei dagokienez bakarrik bete beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden enpresak, proiektuan zehazten den industria-jarduerari lotuta dauden prozesuak dituztenak, eta elkarren artean % 100eko akzio-partaidetza dutenak.

6.– Plantilla murrizteko aukera kontuan hartuko da, baldin eta lan-hitzarmen bat formalizatzen bada denbora-horizontean, eta akordio horretan aurreikusitako langile kopurua erabiliko da erreferentziatzat hasierako plantillari eusten zaiola egiaztatzeko.

8. artikulua.– Dirulaguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Agindu honen esparruan eman beharreko dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira, eta honelakoak izango dira:

– Enpresa handien kasuan, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 10.

– ETEen kasuan, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 15.

Dirulaguntzek gehieneko muga izango dute; izan ere, ezin izango dira 1.000.000,00 eurotik gorakoak izan enpresa bakoitzeko edo enpresa talde bakoitzeko.

9. artikulua.– Dirulaguntzen metaketa eta mugak.

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarri izango dira beste erakunde edo administrazio publiko batzuek helburu berbererako emaniko beste laguntza batzuekin. Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira Europako Batzordearen 2020ko martxoaren 19ko komunikazioan onartutako gainerako laguntzekin; laguntza horiek COVID-19aren agerraldiari erantzun ekonomiko koordinatua emateko onartu ziren, eta Aginduak Estatuko Laguntzen Aldi Baterako Esparrua ezarri zuen.

Europako Batzordearen 2021eko urtarrilaren 28ko Komunikazioaren 22.a puntuan xedatutakoaren arabera, laguntza orokorra ez da 1.800.000 eurotik gorakoa izango enpresa bakoitzeko. Aldi baterako esparruan onartutako araubideekin bat etorriz emandako dirulaguntza guztien balio izenduna 1.800.000 euroko gehieneko muga globalaren azpitik mantendu beharko da enpresa bakoitzeko; erabilitako zifra guztiak zenbateko gordinak dira, hau da, kenkari fiskalak edo bestelakoak aplikatu aurrekoak.

Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak minimis erregelamenduen aplikazio-eremuan sartzen diren dirulaguntzekin meta daitezke, betiere erregelamendu horretan aurreikusitako metatze-arauak errespetatzen badira. Minimis laguntza diruz lagun daitezkeen gastu berberei badagokie, ezin izango da metatu, laguntzaren intentsitatea edo Europar Batasunaren Aldi Baterako Esparruan eta Aldi Baterako Esparru Nazionalean ezarritako laguntzaren gehieneko zenbatekoa gainditzen bada. Minimis dirulaguntzak diruz lagun daitezkeen kostu espezifikoei buruzkoak ez badira, dirulaguntzekin metatu ahal izango dira.

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak metatu egin daitezke kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorraren arabera salbuetsitako dirulaguntzekin, betiere diruz lagun daitezkeen kostu identifikagarri desberdinak badira. Laguntza horiek diruz lagun daitezkeen kostu berberei badagozkie, metatu egin ahal izango dira kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorrean adierazitako gehieneko intentsitateak edo zenbatekoak errespetatzen badira.

Azkenik, inbertsioaren finantzaketa publiko osoa (edozein administrazio eta/edo erakunde publikok emandako baliabide publikoen batura gisa zenbatuta) ezingo da izan agindu honen 6. artikuluaren arabera diruz lagun daitekeen inbertsio-proiektuaren aurrekontu osoaren % 75 baino gehiago.

10. artikulua.– Prozedura hastea.

1.– Dirulaguntzak publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraikiz emango dira, eta ebazpenak espedienteak osatu ahala emango dira.

2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea; 2021eko urriaren 15ean amaituko da, 12:00etan, edo, 2. artikuluan adierazten den moduan, eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean.

11. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabidea eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte.

2.– Izapide-jarraibideak eskura dauden eta eskaera-inprimakirako sarbidea dagoen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/

Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentuak aurkezteko, eta eskaeraren ondorengo izapideak egiteko –jakinarazpenak barne–, hau izango da bidea: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistrora egoitza elektronikotik sar daiteke, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Behar bezala beteta aurkeztu beharko da eskaera –bakarra izango da enpresak egitea aurreikusten dituen jarduketa guztietarako–, eta, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinaduraz gain, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa. Halaber, dirulaguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak badauzkan indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zein datatan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren.

6.– Laguntzarako eskabiderik aurkezten bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

12. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Enpresa eskatzaileak eskabide bat bete beharko du, eta, bertan, honako agiri hauek gehitu beharko ditu:

a) Egin beharreko inbertsioei buruzko memoria zehatza. Memoria horretan, honako hauek jasoko dira: industria-plana, enpresaren plan ekonomiko-finantzarioa, horrekin lotutako lan-plana eta horiek egiteko epeak. Era berean, memorian modu argian eta zehatzean azaldu beharko da COVID-19ak enpresan izan duen eragina, baita pandemiaren ondorio larriei aurre egiteko proposatutako inbertsio-planarekin (dibertsifikazio-estrategia, gaitasuna handitzea eta gaitasunak lokalizatzea) lor litezkeen onurak ere. Horrez gain, dauden negozio-, produktu-, zerbitzu- eta merkatu-lerroak, etab., identifikatuko ditu, eta termino horiekin lotuta egingo diren jarduketa berriak adieraziko ditu, horietarako eskatzen baita laguntza.

b) Eratze-eskritura (enpresa eratu berria denean bakarrik), identifikazio fiskaleko txartela, eta pertsona eskatzailearen ahalordea, agiri horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esku badaude eta enpresan aldaketarik izan ez bada salbu.

c) Urteko kontuak eta dokumentazio osagarriaren kopiak, Merkataritza Erregistroan azken bi ekitaldietan aurkeztuak; halakorik aurkeztu ezean, Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak edo, hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken bi aitorpenak. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa taldeari buruzkoa ere izan beharko du.

d) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ematen duen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostena, eskaera aurkeztu aurreko hilabetekoa. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa taldeari buruzkoa ere izan beharko du.

e) Erakundearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:

– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu eta/edo haiengandik jasotako dirulaguntzak, aurreko bi zerga-ekitaldietan eta uneko zerga-ekitaldian jasotako minimis laguntzak barne, minimis laguntzei buruzko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduari lotutakoak.

– Erakunde eskatzailea ez dela izan kondenatua laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, artean konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe dagoela.

– Ez duela administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu dutelarik.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

– Ez duela ebazpen irmo baten bidez jaso dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena.

– Dirulaguntzak jasotzeko debekurik jaso ez duela, halaber, honako enpresa hauei dagokienez: eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez, debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direlako susmoa eragiten duten enpresak, zuzendaritzan dauden pertsonak edo bestelako inguruabarrak direla eta.

– Berreskuratzeko agindu baten mende ez egotea, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz, eta krisialdian dagoen enpresa bat ez izatea.

2.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusten den moduan.

3.– Nolanahi ere, dirulaguntza hauen organo kudeatzaileak (Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

13. artikulua.– Dirulaguntzak ematea.

1.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak emango ditu dirulaguntza-programa honi dagozkion ebazpenak.

2.– Dirulaguntzen emakidari dagokionez, ebazpena ezezkoa bada, arrazoiak zehaztuko dira, eta, hala ez bada, ebazpenak honako alderdi hauek zehaztuko ditu:

a) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFZ edo NANa.

b) Diruz lagundutako inbertsioa, sortu beharreko enplegua eta neurriak gauzatzeko epea.

c) Laguntzaren zenbatekoa.

3.– Ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkeztu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, eta betiere 2021eko abenduaren 31 baino lehen, aldi baterako esparruak ezartzen duen bezala. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik ez badago, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dituzte eskaerak, 51.9 artikuluan xedatutakoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuak onartua), betiere administrazioak eskatutako laguntzari dagokionez eman behar duen berariazko ebazpenari kalterik egin gabe.

4.– Dirulaguntza emateko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

5.– Emateko edo ezesteko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Industriako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, hiru hileko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluek xedatzen dutenarekin bat etorriz.

6.– Laguntza emateko ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinarazteaz gain, onuradunen eta laguntzen zenbatekoen zerrenda ere argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak emateko, enpresa onuradunak honako apartatu hauek bete beharko ditu «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta:

– Dirulaguntzaren xede den enpresak gauzatutako inbertsioen adierazpena.

– Inbertsioaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatua (BEZa kanpo) barne hartuko duen fakturen koadroa.

– Deklarazio bat, zeinaren bidez adierazten baita onuraduna ez dagoela –laguntza jaso ondoren– berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.

– Enpresaren baliabide propioen prezioaren, jatorriaren eta aplikazioaren adierazpena, diruz laguntzeko moduko inbertsioaren zenbatekoaren % 25 edo gehiago badira.

Aitortutako inbertsioak, berriz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Industria Administrazioko lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituzte. Aurkeztutako fakturek bat egin beharko dute lehen aipatutako fakturen koadroan zehaztutakoekin. Fakturak ikuskatzaileen esku egon beharko dira, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gain, hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZ banakatua) eta ordaintzeko data adierazita. Horrez gain, beharrezkotzat jotzen den dokumentazio eta informazio osagarri guztia eskatu ahal izango da, adierazitakoa egiaztatzeko.

2.– Laguntza ordaindu baino lehen, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako langile teknikoek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu eta gero, Zuzendaritza horretako titularrak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, enpresa onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa (osoa edo partziala) adieraziko du. Dirulaguntzak, gehienez ere, urtean bi aldiz ordainduko dira. Ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izango da.

3.– Inbertsioak egiteko epea amaituta, enpresak bi hilabete izango ditu inbertsioei buruzko azken aitorpena aurkezteko. Epe hori igarota, egindako inbertsioak ebaluatuko dira, ordura arte aurkeztutako inbertsioen eta gastuen aitorpenetan oinarrituta. Dirulaguntzak kudeatzeko Zuzendaritzak laguntzaren azken likidazioaren txostena egingo du, justifikatutako inbertsioen partidari buruzkoa.

4.– Enpresa batek laguntza ez-legitimo bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordea kontrako erabakia hartu baitu, hura berreskuratzeko aginduarekin, eta laguntza hori itzulita ez badago, azken ordainketarako eskabidearekin batera aurkeztu beharko da hura ezeztatzeko justifikazioa. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez da ordainduko aipatutakoa justifikatu arte.

5.– Emandako laguntza ordaindu aurretik, enpresa onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordaindu dituela ere, eta ez da ordainketarik egingo betebehar horiek betetzen ez baditu.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Onuradunak, dirulaguntzaren ordainketa jaso aurretik, edozein momentutan uko egin ahal izango dio laguntzari, berariaz eta idatziz.

2.– Laguntza hori eman zen helbururako erabiltzea.

3.– Inbertsioa gauzatu dela eta hasierako enplegua eta, hala badagokio, sortutako enplegu berria mantendu dela justifikatzea, gutxienez hiru urtez.

4.– Enpresaren eta langileen artean plantilla murrizteko akordioa egitea, akordio horretan jasotzen den langile kopurua erabiliko baita plantilla mantentzen dela egiaztatzeko erreferentziatzat.

5.– Sortutako enpleguari eusteko eta inbertsioa exekutatzeko epearen barruan, organo kudeatzaileari eskatzen zaion informazio osagarri oro igortzea; hala, proiektua garatu eta exekutatzeari dagokienez, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu.

6.– Inbertsio-proiektuari lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan jartzea, bost urtez.

7.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.

8.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

9.– Enpresak laguntza ilegitimorik badu, Europako Batzordeak dirulaguntza eman ostean erabaki negatiboa hartu duelako eta, ondorioz, itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez badu, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

10.– Bere egitea Administrazioarekin kontratuak edo hitzarmenak egiten dituzten erakundeei edo Administraziotik dirulaguntzak jasotzen dituztenei Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta desberdintasunei zor zaien errespetua.

11.– Diruz lagun daitezkeen kontratuen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, hori islatzeko logotipoa jarrita, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.

12.– Eman den laguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

13.– 10 urteko epean enpresaren deslokalizaziorik ez izatea. Enpresa onuradunaren ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eramatea ulertuko da deslokalizazio gisa.

14.– Lagundutako inbertsioek, enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia izango dute, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte iraungo dute. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.

15.– Laguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, aldi hori hiru urtekoa izango da.

16.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

16. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, laguntzaren xedea beteta, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunen bat aldatzen bada, edota beste dirulaguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina, horretarako, agindu honetan onuradun izateko ezarritako betekizunak bete behar dira.

Ondorio horietarako, erakunde eskatzaileak inbertsioa egiteko aurreikusitako epeak nahitaezkoak izango dira. Hala ere, enpresa onuradunak aldez aurretik eskabidea egin eta justifikatuz gero, onetsitako denbora-horizontea amaitu baino lehen, dirulaguntzak eman zituen administrazio-organoak luzapen bat bakarrik eman ahal izango du –6 hilabetekoa gehienez– egin beharreko inbertsioak gauzatzeko, betiere alegatutako arrazoiek hori justifikatzen badute. Luzapen horrek, hala badagokio, ez du igoerarik eragingo emandako laguntzaren zenbatekoan.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak agindu honetan ezarritako betekizunak, aplikatu behar diren gainerako arauak eta dirulaguntzak emateko ebazpenean ezartzen direnak betetzen ez baditu, organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea egin eta interesdunari entzunaldia eman eta gero, laguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du. Horrek laguntza jasotzeko eskubidearen galera eragingo du eta, hala badagokio, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako dirulaguntzen printzipala eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharra ere, betiere honako arauetan ezarritako terminoetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onesteko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea, eta horiek garatzeko arauak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.

Halaber, jasotako kantitateak itzuliko dira eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesak eskatuko dira, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikulua, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 53.1 artikulua.

2.– Ez-betetzeen artean honako hauek daude:

a) Agindu honen 6.a) artikuluan inbertsioari dagokionez ezarritako gutxienekoak ez betetzea.

b) Enplegua ez mantentzea agindu honen 7. artikuluan zehaztutako baldintzen arabera.

c) Onartutako inbertsioak ez hastea 2021eko ekitaldian.

d) Aurkeztutako eskabidean inbertsioetarako aurreikusitako epeak ez betetzea, luzapenen kasuan salbu.

e) Enpresak deslokalizatzea. Enpresa onuradunaren ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eramatea ulertuko da deslokalizazio gisa (10 urteko aldian).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo honi, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ere aurkaratu ahal izango da, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 2a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala