Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2021eko ekainaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3329

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 7koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak Hernani udalerriko Martindegi auzoko Telleri Zaharren sustatu duen nekazaritza-ereduan oinarritutako konpostatze-instalazio bat jartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2021eko martxoaren 1ean, Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari eskatu zion Hernani udalerriko Martindegi auzoko Telleri Zaharren nekazaritza-ereduan oinarritutako konpostatze-instalazio bat jartzeko proiektuaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren arabera.

21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2021eko martxoaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Kontsulten izapidearen ondorioz jasotako txostena aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie lege horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Hernani udalerriko Martindegi auzoko Telleri Zaharren nekazaritza-ereduan oinarritutako konpostatze-instalazio bat jartzeko proiektuari. Ondoren zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdietara egokitzen dela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua; Administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Hernaniko Martindegi auzoko Telleri Zaharren, Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak sustatuta, nekazaritza-ereduan oinarritutako konpostatze-instalazio bat jartzeko proiektuaren gainean, jarraian agertzen diren baldintzak betez:

A) Proiektuaren xedea da nekazaritzako konpostatze-instalazio bat jartzea, etxebizitzetan edo konpostatze-gune komunitarioetan konpostatzen ez diren hondakin organikoak tratatzeko.

B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Nekazaritzako konpostatze-instalazioak urtean 48 tona biohondakin tratatzeko ahalmena izango du (74 m3). Tratamendua egiteko 24 t material egituratzaile erabili beharko da eta material hori honako iturri hauetatik etorriko da:

• Udalerriko berdeguneen mantentzean sortutako kimatze berdeko hondakinak. Lorezaintza-lan horiek urteko garai jakin batekin lotuta daudenez, egituratzaile hori biltegiratu egin beharko da, instalazioa urte osoan hornitzeko. Biltegiratze hori udal-instalazioetan egingo da eta handik instalaziora garraiatuko da. Eskuragarritasuna bermatuta egongo da, aldiro Udal Brigadak egingo duen ekarpenaren bitartez.

• Udalerriko berdeguneetatik etorritako landare-egituratzaileaz gain, Telleri Zaharreko instalazioan baserritik etorritako ardien simaurra erabiliko da.

Urtean 27 tona konpost ekoitziko direla aurreikusi da (55 m3). Instalazioa urtean 6 hilabetez egongo da lanean, nahiz eta konpostatze-prozesua urte osora luzatu. Eskuratutako konposta instalazioaren kokalekua izango den nekazaritza-ustiategian erabiliko da, zeinak ekoitzitako konposta xurgatzeko adinako lursaila duen.

Hala, prozesuak honako fase hauek ditu:

1.– Txikituta iristen den biohondakina jasotzea eta aurre-tratamendua ematea, eta, instalazioan sartu bezain laster, egituratzailearekin nahastea, biltegiratzea saihesteko.

2.– Hartzitze- edo deskonposatze-fasea. 8 aste irauten du. Hezetasuna kontrolatzea, lixibiatuarekin berarekin ureztatuz eta estaliz (plastikozko olanaz edo berotegian), prezipitazioak sar ez daitezen.

3.– Heltze-fasea. Materiala 2 metro garai diren lautada trapezoidaletan metatzea. Hezetasuna emateko, ur garbia erabiliko da (ez du zertan edateko ura izan).

4.– Metatze- eta bahetze-fasea. Konpostaren helburuaren araberakoa izango da fase honen iraupena. Ez da bahetzerik aurreikusten, eta, beharrezkoa izanez gero, galbahea beste instalazio batetik ekarriko da.

5.– Lixibiatuak biltzea eta kudeatzea. Lixibiatuak dira usain txarren eragile nagusiak, beraz, ondo kudeatu behar dira. Hartzitze- eta heltze-guneak hormigoizko gainazal iragazgaiztu batean ezarri behar dira, lixibiatuak albo batean biltzeko malda bat jarrita. Horrela, lixibatuak elkarren artean konektatutako tanga prefabrikatuen sistema batera bideratuko dira. Sistema horri esker, euri-ura sartzea saihesten da, bai eta usain txarren eta intsektuak erakartzearen eragile diren substantzia gaseosoak kontrolik gabe askatzea ere; eta, diseinuaren bidez, lixibiatua kudeatzea errazten da, prozesuan ureztatzeko likido gisa birzirkulatuz, hartzidura-piloen hezetasuna areagotzeko.

Honako makina hauek beharko dira: pala kargatzailea edo palaz hornitutako traktorea, iraultzeko makina (gasolina eta ISO VG46 olio hidraulikoa erabiltzen ditu) hartzitze-eremurako, pala mekaniko bat heltze-eremurako, galbahea (noizean behin bakarrik eta beste instalazio batzuekin partekatuta) eta motoponpa bat lixibiatuek beheragoko mailan kokatutako tangetan birzirkulatzeko. Iraultzeko makina eta pala mekanikoa instalazioko harrerako eremuan garbituko dira, lixibiatuak biltzeko kutxatilaren ondoan.

Materialak eta horien trazabilitatea ondo kontrolatzeko, pisatu egin behar dira. Horregatik, kamioiak, biohondakina instalaziora garraiatu aurretik, Ibarluze industrialdeko udal-garbigunean kokatutako baskulara joango dira.

Bulegoetarako, komunetarako, aldageletarako eta makinak eta erremintak gordetzeko pabiloietarako baserriko instalazioak erabiliko dira.

Egituratzailearen biltegiari dagokionez, instalazioak ezin du urte osoan behar den guztia barne hartu; aitzitik, Hernaniko Udalak erabiltzen duen metaketa-eremutiko iritsiera erregulatu egin behar da. Instalazioaren barruan metatuz gero, hormigoizko zolataren gainean egingo da, olanaz estalita edo teilape batean.

Erabilitako abiapuntuko parametroen arabera, lixibiatu kopuru txikiak sortuko dira, 8 m3 baino gutxiago. Beraz, askotariko alternatiba sinpleak eta kostu txikikoak eduki daitezke, elkarren artean konektatutako tanga prefabrikatuak erabiliz, adibidez: 1 m3-ko tanga katigatuak. Diseinuaren bidez, lixibiatua kudeatzea errazten da, prozesuan ureztatzeko likido gisa birzirkulatuz, hartzitze-piloen hezetasuna areagotzeko.

2.– Proiektuaren kokapena.

Telleri Zaharreko instalazioa Martindegi landa-auzoan kokatuta dago, udalerriaren ipar-ekialdean eta gutxi gorabehera 150 bizilagun ditu. Jendea bizi den gune horietaz gain, Telleri Zaharren inguruan jendea bizi den baserri edo eremu batzuk daude; etxebizitza hurbilenak gutxi gorabehera 100 metroko distantziara daude (Urbieta, Senperenea, Bordaberri, Telleriberri) eta, gutxi gorabehera 300 metroko distantziako erradio batean, norabide guztietan, beste etxebizitza batzuk daude.

Aztergai dagoen esparruak 750 m2-ko lurzati bat barne hartzen du. Horren barruan, nekazaritzako konpostatze-proiektua ezarriko da, hormigoizko 300 m2-ko zolata baten gainean. Gainera, aztergai dagoen esparruan instalaziora iristeko eremua barne hartzen da; sarbideko azken 70 metroak. Esparru horretan dagoeneko zabalgune bat egin da.

Esparrua interes hidrogeologikoko kokalekuetatik kanpo dago eta, zehazki, akuiferoen kalteberatasun oso txikiko eremu batean.

Esparruaren barruan ez dago inolako ur-ibilgurik. Lurzatitik 17 m inguru mendebaldera, Juanantoneneko gainetik jaisten den ur-laster txiki bat igarotzen da. Aipatutako ur-ibilguak Urbietako errekara isurtzen ditu urak eta horrek, era berean, Urumea ibaira, Txalaka industrialdearen parean. Errekak harizti-hostotsu baso misto batez osatutako zuhaizti bat zeharkatzen du. Errekaren zati horretan, erriberako landaredia haritzez, lizarrez, gaztainondoz eta akazia faltsu eta platano ale batzuez osatuta dago.

Telleri Zaharrek herrigunetik ibilgailu-sarbide ona, erraza eta azkarra du, A2 Hernani-Astigarraga eta Donostia errepidetik eta, ondoren, Martindegi kaletik igota. Baserritik nekazaritzako konpostatze-instalazioa ezarri nahi den kokalekurako sarbidea belardi zapalduz eta hartxintxarrez osatutako eremu batean dago, eta arazorik sortzen bada, aurrerago egokituko da (gutxi gorabehera 70 m).

Eremuan haize leunak dira nagusi, urtean batez beste 9,2 km orduko abiadurakoak, hegoaldekoak (% 35) eta ia % 20 ipar-mendebaldekoak (2017. urteko txosten meteorologikoa). Euskalmet).

Eremu horretan, gaur egun, fruta-arbolak (sagarrondoak) eta belardiak daude. Belardi horietan lur-mugimenduak egin ziren gaur egungo zabalgunea lortzeko. Bertan, gaur egun, azienda bazkatzen da, nekazaritzako makinak igarotzen dira eta, ondorioz, lurzoruak zapalduta eta antropizatuta daude, landarerik gabe. Lurzatiaren ekialdean eta hego-ekialdean, nekazaritza-abeltzaintzako ustiategiko ardien artzaintzarako erabiltzen dituzten larre eta belardiak daude.

Esparrutik gertuen dagoen eremuaren ezaugarriak aintzat hartuz (landazabal-eremua, inguruan erreka txiki bat eta basoak daude), ingurumen-dokumentuak esparru horretan intereseko espeziak egoteko probabilitate txikia dagoela irizten dio.

Esparrua ez dago gune babestuetan edo igarobide ekologikoetan eta ez du kultura-ondareko elementurik. Soinu-kalitatearen ikuspegitik eremu oso lasaia da. Ingurumen-arrisku adierazgarririk ere ez da atzematen.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak:

Laburbilduz, honako hauek dira ingurumen-eraginen bat sor dezaketen nekazaritzako konpostatze-instalazioaren ezarpenetik eratorritako jarduerak:

– Hormigoizko zolata eta teilapea prestatzea (obra-fasea); dagoeneko egina.

– Instalaziora hondakin organikoak eta landare-egituratzailea eramatea.

– Konpostatze-prozesua bera (hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak sortzea, lixibiatuak, usain eta zarata posibleak).

– Makineria garbitzeko eta mantentzeko lanak.

– Konpostaren erabilera.

Kalte nagusiak ustiaketa-faseari lotuta daude. Alde batetik, prozesuan lixibiatuak sortzen dira; aipatu bezala, urtean 8 m3-ko bolumena izango dutela kalkulatu da. Instalazioaren eta harguneen zein ur-ibilguen arteko distantzia, lursailak lurpeko urak kutsatzeko arrisku txikia duela eta horiek birbideratu eta tanga itxietan biltegiratuko direla kontuan hartuta, ez da aurreikusten ur-masetan eta baliabide hidrikoetan ondorio nabarmenik izango denik.

Bestalde, baliteke konpostatze-jarduerak usain txarrak eta eragozpenak eragitea inguruko baserri eta hiriguneei. Jarduera CAPCA 09 10 05 01 kodearekin katalogatuta dago (B taldea: konposta ekoizteko instalazioak), Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren arabera.

Landa-bideetan kamioien joan-etorriak eragin ditzakeen eragozpenak puntualak izango dira, horien zirkulazioaren maiztasuna txikia izango baita. Halaber, pala kargatzailea eta iraultzeko makina ere zarata-iturri puntualak izan daitezke.

Jarduerak hondakin ez-arriskutsuak sorraraziko ditu, tratatuko diren nekazaritzako hondakinen inpropioak bereiztearen ondorioz, baita hondakin arriskutsuak ere (makineriaren mantentze-lanen ondoriozko olioak, adibidez). Ez da aurreikusten hondakin gisa kudeatu beharreko konpost soberakinik egongo denik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Telleri Zaharren nekazaritza-ereduan oinarritutako konpostatze-instalazio bat jartzeko proiektuan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Proiektua exekutatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gainera, honako baldintza hauek izan behar dira kontuan:

Ura eta lurzorua babestera bideratutako neurriak.

a) Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua eta lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea.

b) Instalazioan materiala eta makineria mugigarria jaso, biltegiratu, manipulatu eta mugitzera bideratutako gune guztietan zoladura iragazgaitza egon beharko da (tratamendu-prozesuaren etapa edozein delarik ere), eta ibilgailu eta makineriaren joan-etorria jasateko modukoa izan beharko du.

c) Konpostatze-piloen hezetasuna optimizatu egingo da, ahalik eta lixibiatu gutxien sortzeko.

d) Hondakin-piloetatik, euri-ur zikinetatik eta makineria garbitzeko uretatik ebakuatuko den isuri-bolumenaren araberakoa izan beharko du lixibiatuen putzuaren edukierak, eta kontuan hartu beharko da, gainera, plubiometriarako segurtasun-babesa izan beharko duela.

e) Putzuak zolata iragazgaitza izan beharko du. Geruza iragazgaitza izango da k = 1 × 10-7 m/s-ko iragazkortasun hidrauliko saturatua eta metro 1eko lodiera duen barrera geologiko bat edo babes baliokidea ematen duen beste material bateko geruza bat (adibidez, gutxienez 15 cm-ko hormigoi dardaratuzko zolata bat).

f) Urtero, lixibiatuen putzua hustutakoan, garbitu egin beharko da, haren ezaugarriak (iraunkorra eta iragazgaitza) hondatuko ez dituzten prozeduren bitartez; eta lohiak atera ondoren, hondakinen kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu.

g) Lixibiatuak biltegiratzeko bidoiak leku iragazgaitz eta estanko batean gordeko dira, ustekabeko isurketarik gerta ez dadin.

h) Mantentze-lanak edo erregaia transferitzeko lanak instalazioan horretarako egokitutako gunean egingo dira, lurrean olio- edo erregai-isuririk ez gertatzeko.

i) Instalazioan nahikoa material xurgatzaile egon beharko da, olio eta lubrifikatzaileen ustekabeko isurketarik badago horiek jasotzeko.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

a) Instalazioak atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako (AKJ) baimena izan beharko du, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituz. Hortaz, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako (AKJ) baimena eskatu beharko dute, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak jasotako eskakizunak betez.

b) Aire zabaleko tratamendu-faseetan atmosferarako usain, partikula eta bioaerosolen emisio lausoak murrizteko, konpostatze-pilo aktiboak mintz erdi-iragazgaitzez estaliko dira.

c) Eguraldi-baldintza txarretan (haize gogorrak edo prezipitazioak daudenean) edo haizeak hartzaile sentikorretarantz jotzen duenean, piloak osatzea edo iraultzea, hondakinak bahetzea eta birrintzea saihestu beharko da.

d) Piloak orientatzeko orduan, konpostatze-masaren ahalik eta zati txikiena utzi beharko da haize nagusiaren eraginpean, kutsatzaileen sakabanaketa ahalik eta txikiena izan dadin.

e) Instalazioaren titularrak usainek eragindako eragozpenak minimizatu beharko ditu. Hala badagokio, agintaritza eskudunak egoki iritzitako prozesuen emisioak biltzeko, kanalizatzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari, baita azterketa olfatometriko bat egiteko ere.

f) Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean neurriak hartu beharko dira, atmosferara partikularik ez igortzeko. Garraiatutako zama olanaz estali beharko da.

g) Sarbideek egoera egokian egon beharko dute une oro.

h) Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak minimizatzeko neurriak.

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan eta zarataren arloko gainerako arauetan xedatutako neurri aplikagarriei kalterik egin gabe, honako hauek hartuko dira aintzat:

Jarduketetan erabilitako makinek aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legeria bete behar dute, eta, bereziki, aplikatzekoa denean, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa eta gainerako arau osagarriak bete beharko dituzte. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza onenetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.

a) Hondakinen sorkuntza minimizatu egingo da, ahal den neurrian. Sortutako hondakinak Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatu egingo dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena eginik.

b) Hondakinak biltegiratzeko eremu egokiak gaitu beharko dira, tipologiaren, sailkapenaren eta bateragarritasunaren arabera. Hondakin arriskutsuak estalpean biltegiratuko dira, zolata iragazgaitz baten gainean, eta jarioak edo lixibiatu likidoak jasotzeko sistema batekin; halaber, biltegiratze mota horretarako preskripzio teknikoak bete beharko dira.

c) Berariaz debekatuta egongo da sortutako tipologia desberdineko hondakinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak baliatuko dira, hondakinak ez nahasteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzen ez badira.

d) Hondakin arriskutsuak biltegiratuz gero, beharrezkoak diren preskripzio teknikoei jarraituz egingo da, kudeatzaile baimendu batek bildu arte.

e) Baztertuko diren olioen hondakinak, bateriak, makinen mantentze-lanetako hondakin arriskutsuak eta, oro har, arriskutsutzat jotzen diren substantzien/prestakinen hondakinak, haiek barnean izan dituzten ontziak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkurio-lurrunezko lanparak eta abar, behar bezalako baldintzetan erretiratuko dira, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen, Gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta horiekin bat datorren hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

Instalazioaren diseinuari dagozkion neurriak.

Instalazioak inguruan itxitura bat izango du, tratamendu-instalaziora libreki sartzea saiheste aldera.

Jarduera eteteari dagozkion neurriak.

Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har, kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, dagokion tratamendua egin dezan, indarreko legediari jarraituz.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz bigarren puntuan ezarritakoek eta baimen sektorialetan zehazten diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Hernani udalerriko Martindegi auzoko Telleri Zaharren nekazaritza-ereduan oinarritutako konpostatze-instalazio bat jartzeko proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektua baimendu. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 7a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala