Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2021eko ekainaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3328

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurrez ikusitako laguntzen 2021erako deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko maiatzaren 25eko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, onartu egin du Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurrez ikusitako laguntzen deialdia, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoaren arabera, organismo autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitaratzea Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurrez ikusitako laguntzen 2021erako deialdia. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2021eko maiatzaren 25eko bileran hartutako erabakiaren bidez onartu zen, eta ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 26a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
LAGUNTZEN 2021ERAKO DEIALDIA. LANERATZEKO ENPRESAK SORTZEKO ETA MANTENTZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN JUSTIZIA, LAN ETA GIZARTE SEGURANTZAKO SAILBURUAREN 2009KO MAIATZAREN 4KO AGINDUAN AURREZ IKUSITAKO LAGUNTZAK

2009ko maiatzaren 4ko Aginduaren bidez (2009ko maiatzaren 26ko EHAA, 98. zk.) arautzen dira laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko ematen dituen laguntzak. Laguntza horiek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailak abiarazi zituen, enpresa horiei laguntza emateko, betiere haien ezaugarri eta beharrei egokituta. Horren esparruan, dirulaguntzak aurreikusten dira laneratzeko enpresak sortzea sustatzen duten entitateentzat, bai eta laneratzeko enpresentzat beraientzat ere, manten daitezen.

2009ko maiatzaren 4ko aipatutako Aginduaren 17. artikuluak berariaz xedatzen du urtero egingo dela bertan aurreikusitako laguntzen deialdia, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak bertan adierazten du aurrekontua zenbatekoa den eta eskabideak aurkezteko epea. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6. artikuluan xedatzen denez, enpleguari buruzko politika gaur egun Lan eta Enplegu Sailari dagokio.

Bestalde, Lan eta Enplegu Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoari dagokio, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguko eta enpresen sorkuntzako programak kudeatzeko eskumena, indarrean dagoen urriaren 13ko 3/2011 Legean ezarritako moduan. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, 2011ko urtarrilaren 1ean martxan jarri zenez geroztik, bere gain hartu du laneko legedia betearazteko arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak kudeatzeko ardura, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan; eta bere gain hartu du, halaber, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak enplegu-politika aktiboen arloan betetzen zituen eginkizunen kudeaketa. Eginkizun horien artean dago 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntza-programa kudeatzea.

Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez onartutako Lanbideren estatutuen 3. artikuluko b) apartatuan xedatutakoarekin bat etorrita, enplegurako, enplegu-prestakuntzarako, autoenplegua sustatzeko eta enpresak sortzeko programen barruan sartzen da dirulaguntzetarako deialdiak onartzea ere, eta organismo autonomoaren Administrazio Kontseiluari dagokio funtzio hori, halaxe baitago ezarria aipatutako estatutuetako 7. artikuluko f) apartatuan.

Era berean, laguntzak kudeatzen dituen organoa aldatu denez, eta publikotasun-printzipioa eta segurtasun juridikoaren printzipioa errespetatze aldera, komenigarria da laguntzak jaso ditzaketenei jakinaraztea dirulaguntzak emateko prozeduraren xehetasunak eta betebeharrak, 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitakoarekin bat ez datozenak.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak hala proposatuta, organismo autonomo honen Administrazio Kontseiluak 2021eko maiatzaren 25eko saioan onartu du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako 2021erako laguntzen deialdia. Agindu horretan arautzen dira laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak, baldintza hauetan:

Lehenengoa.– Eskabideak aurkezteko epea.

Laguntza hauetarako eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2021eko irailaren 30era arte iraungo du.

Bigarrena.– Diru-baliabideak.

1.– Deialdi honen helburu diren laguntzak finantzatzeko diru-baliabideak honako hauek izango dira: guztira 10.520.000 euro; horietatik, 2.170.000 euro 2021eko ordainketa-kredituari dagozkio, 3.240.000 euro 2022ko konpromiso-kredituari, 3.240.000 euro 2023ko konpromiso-kredituari eta 1.870.000 euro 2024ko konpromiso-kredituari, 3211 programaren kargura –Enplegua, 41. sekzioa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua–.

Baliabide horien bidez estaliko dira 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzak, agindu horren 11. artikuluko a) apartatuan aurreikusitakoak izan ezik. Izan ere, lehen finkatutako 2021eko kredituko 300.000 euro jarriko dira 7. artikuluan aurreikusitako dirulaguntzetarako, eta 50.000 euro agindu horren II. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzetarako.

2.– 2021eko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatutako zenbatekoa, edo, indarreko legeen araberako aurrekontu-aldaketak onartuz gero, zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena. Eguneratzerik badago, horren berri eman beharko da. 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan araututako laguntzak estaltzeko diru-baliabideei buruzko gainerako aurreikuspenak agindu horren 23. artikuluan daude jasota.

Hirugarrena.– Dirulaguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak.

Laguntza horiek jasotzeko eta emateko baldintzak 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan daude azalduta.

Laugarrena.– Laguntzen prozedura, izapideak eta ebazpena, eta onuradunen betebeharrak.

Deialdiaren kudeaketa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan eskatutakoaren arabera izapidetu behar denez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartu duenez laguntzen kudeaketa, 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan jasotako arauek aldaketa hauek izan dituzte:

1.– Dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus), eta Lanbideren webgunean bertara heltzeko esteka bat egongo da erabilgarri.

Laneratzeko enpresak sortzeko laguntzen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetzeko jarraibideekin batera, hemen egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0136907 eta eskabide-eredua: https://www.lanbide.euskadi.eus/lanbide-hasiera/;

Laneratzeko enpresak mantentzeko laguntzen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetzeko jarraibideak adierazita, eta eskabide-inprimakia hemen daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0136908

Kasu bietan, eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza inskribatu ahal izango da Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak hartuko du bere gain eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura, eta Lanbide organismo autonomoaren zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.

3.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Laguntza hauek estaltzeko aurrekontu-kreditua eguneratu edo agortzen bada, horren berri emango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da.

5.– Entitate onuradunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote diruz lagundutako jardueren izaera edo helburua aldatzen duen gorabehera oro; eta, bestalde, organismo autonomo horrekin kolaboratu beharko dute aipatutako jarduerak egiaztatzeko, ikuskatzeko eta jarraipena eta kontrola egiteko.

6.– Dirulaguntza jasotzen duten eta hedatu, zabaldu eta, hala badagokio, argitaratzen diren jarduera guztietan, berariaz adierazi beharko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak babestutakoak direla.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana