Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2021eko ekainaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3274

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 6koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita «Elorrio ibaiaren larrialdi-irteera egokitzeko eraikuntza-proiektua (Bilbao-Donostia lineako 32+350 KP)» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda eta titularrei deialdia egiten baitzaie okupatu aurreko aktak egingo diren ekitaldirako.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2021eko martxoaren 2ko Ebazpenaren bidez, «Elorrio ibaiaren larrialdi-irteera egokitzeko eraikuntza-proiektua (Bilbao-Donostia lineako 32+350 KP)» proiektua onetsi zen.

Proiektuaren jatorria da linearen funtzionaltasuna berrikusteko eta egon zitezkeen gabeziak detektatzeko 2019ko azaroaren 26an Euskal Trenbide Sarearen (ETS) Bilbao-Donostia lineako Durangoko tunelean egin zen simulazioa.

Proiektuaren helburua da, ETSk simulakroaren ondoren egindako gomendioetan oinarrituta, Abadiñoko udalerriko Bilbao-Donostia linearen 32+500 KPan dagoen Elorrio ibaiaren larrialdi-irteeran egin beharreko jarduketak planifikatzea.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazio xehea biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2021eko martxoaren 3ko Ebazpenaren bidez, proiektua burutzeko behar ziren ondasunak eta eskubideak jabeei nahitaez kentzeko prozedura abiaraztea eta desjabetzeei buruzko eranskina jendaurrean jartzea erabaki zen. Interesdunei jakinarazi zitzaien, eta zenbait lekutan argitaratu zen 2021eko martxoaren 30ean; hain zuzen ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Correo Bizkaia eta Deia egunkarietan.

Era berean, aipatutako ondasunen eta eskubideen zerrenda Durangoko eta Abadiñoko udaletxeetako iragarki-oholean erakutsi zen jendaurrean.

Tramite horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloko jarduerak betearazteko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren-azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, eta horrek ahalmena ematen dio Administrazioari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako jardunbidera jotzeko eta, hortaz, proiektuaren eraginpeko lurrak okupatu edo ondasunak eskuratzeko; horretarako, lehenbizi, desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztu, titularrak identifikatu eta baloraziorako behar diren datu eta azalpenak jasoko dira aktan, eta perituak ezarritako diru kopurua ordaindu edo okupatu aurretiko gordailu gisa utzi beharko da, eta, bidezko bada, premiazkotasunak ekarritako kalteen ordaina ere eman beharko zaie.

Beraz, kontuan harturik aurrekariak, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluak, Nahitaezko Desjabetze Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56. artikulua, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharreko gainerako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Elorrio ibaiaren larrialdi-irteera egokitzeko eraikuntza-proiektua (Bilbao-Donostia lineako 32+350 KP)» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta okupatzeko beharra deklaratzea, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutako ondorioekin.

Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren ondasunen eta eskubideen titularrei dei egitea, bertan adierazitako egunean eta orduan Durangoko eta Abadiñoko udaletxeetara ager daitezen, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, eta, hala badagokio, ondasun eta eskubide horiek formalki okupatzeko. Beharrezkoa izanez gero, eta interesdunak hala eskatzen badu, lur eremura bertara joateko aukera ere izango da.

Ekintza horretara interesdunek berek joan beharko dute, edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek, eta ondasunen titular direla egiaztatzen duten agiriak (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroaren ziurtagiria edo informazio-oharrak, etab.) eta eskubideak egiaztatzen dituzten beste edozein agiri aurkeztu beharko dute. Nahi izanez gero, perituak eta notarioa ere eraman ahal izango dituzte, beren kontura.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetze Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56.2 artikuluan xedaturikoari jarraituz, interesdunek zerrendako okerrak zuzentzeko alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte okupatu aurreko aktak egiteko egunera arte. Alegazioak idatziz aurkeztu beharko dira Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1 - Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi (2) hileko epean, hargatik eragotzi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 6a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

ERANSKINA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala