Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2021eko ekainaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3217

144/2021 DEKRETUA, maiatzaren 25ekoa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Oñatin, GI-2630 Errepidean AU-II-12 Munazategirako sarbide biribilgune baten eraikuntza proiektuko (Oñati-Gipuzkoa) (2-I-19/2020) I eremua burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «GI-2630 Errepidean AU-II-12 Munazategirako sarbide biribilgune baten eraikuntza proiektuko (Oñati-Gipuzkoa) (2-I-19/2020) I eremua» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

Bide Azpiegituretako Departamentuko foru diputatuak 2020ko urriaren 18an emandako Foru Aginduaren bidez, honako hau ebatzi zen: nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hilabeteko epean, prentsan eta 2020ko urriaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (206. zk.). Geroago, 2021eko urtarrilaren 19an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta alegazio bat aurkeztu zen, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Oñatiko Arau Subsidiarioek GI-2630 errepidearekiko egungo lotura hobetzeko baldintza ezartzen diote AU-II-12 Munazategi industria sektoreari, horretarako itxarote-errei bat sortuta, eta errepide horretan dabiltzan ibilgailuen noranzkoa aldatzeko aukera eman behar duen konponbide baten bidez.

Plan Partzialak zehaztu zuen urbanizazio-proiektuak barne hartu behar zituela Bide Azpiegituretako Foru Sailak lotura hobetzeko ezarritako baldintza teknikoak, eta aurreko horri konponbidea ematea ezinbesteko baldintza dela eremu hori martxan jartzeko.

Hala, eremua garatuta dago partzialki, aipatutako Foru Departamentuak eskatuta honako hau jaso zuen urbanizazio-proiektu bati jarraituz: «Urbanizazio-proiektuaren ondorengo faseetan, GI-2630 sarbide-errepidearekiko egungo elkargunea hobetzea aurreikusten da, biribilgune bat eginez, trafikoaren ustezko gehikuntza hobeto kontrolatzeko». Hau da, errepideko trafikoaren hazkundearen ondorioz, bai eta ezarri beharreko industria-erabilerek eragindakoaren ondorioz, sarbidea hobetzeko eta noranzkoa aldatzeko hasierako eskakizun orokorra egitetik, biribilgune bat egiteko beharrera igaro zen.

Gaur egungo elkargunea gai da egungo erabilerei zerbitzua emateko, industria-langileen sarrerako eta irteerako puntako orduetan auto-ilarak detektatzen badira ere. Baditu, ordea, segurtasun-arazoak, autobus-geltokira iristeko galtzada gurutzatu behar duten inguruko bizilagunentzat, errepide honek jasaten duen trafiko handia saihestuz gurutzatu behar dute eta (gaur egun, eguneko batez besteko intentsitatea 10.921 ibilgailukoa da).

Azaldu den bezala, AU-II-12 Munazategi eremuaren garapena biribilgunea eraikitzearen mende dago. Hau da, eremu horretan aurreikusitako jarduera berriak abian jarri aurretik, ibilgailu arinen eta astunen zirkulazio-gehikuntzak xurgatzeko gai izango den elkargune bat eduki behar da martxan.

Proiektu honek konponbidea ematen dio behar horri, eta, bestalde, neurriak jasotzen ditu oinezkoak modu seguruan mugi daitezen, bai eta bidea modu seguruan gurutza dezaten ere.

Dagoeneko badaude inguruan Munazategi AU-II-12 eremuaren garapenean inbertsioa egiteko prest dauden enpresak; beraz, horien ezarpena ez atzeratzeko, ahalik eta azkarren gauzatu behar dira proiektuan aurreikusitako obrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2021eko maiatzaren 25eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «GI-2630 Errepidean AU-II-12 Munazategirako sarbide biribilgune baten eraikuntza proiektuko (Oñati-Gipuzkoa) (2-I-19/2020) I eremua» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko maiatzaren 25ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala